Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

18. zk., 2007ko urtarrilaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
517

EBAZPENA, 2006ko abenduaren 1ekoa, Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrol zuzendariarena, 2005eko irailaren 22ko Ebazpenaren bidez Gikesa entsegu laborategiari emandako kreditazioa aldatzeko baimena ematekoa. Baimen hori arlo hauetan kalitatea kontrolatzeko eman zen: "hormigoiaren eta haren osagaien, eta altzairuzko armaduren kontrola", 10005EHA05 kodearekin b oinarrizko entsegu talderako eta c entsegu osagarrien talderako (2, 3, 5, 6, eta 7), eta "bideetako zoruak, harrixkak, nahastura bituminosoak eta haien osagaiak", 10005VSG05 kodearekin, b oinarrizko entseguen talderako eta c entsegu osagarrien talderako (10, 11).

AURREKARIAK:

Lehenengoa.– Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrol zuzendariaren 2005eko irailaren 22ko Ebazpenaren arabera, Gikesari kreditazioa eman zitzaion eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko honako arlo hauetan: "hormigoiaren eta haren osagaien, eta altzairuzko armaduren kontrola" eta "bideetako zoruak, harrixkak, nahastura bituminosoak eta haien osagaiak".

Kreditazio horrek bost urteko baliozkotasun aldia zuen, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, hots, 2005eko urriaren 21etik aurrera, egun horretako 201. zenbakiko EHAAn argitaratu baitzen.

Bigarrena.– Erakunde horrek 2006ko ekainaren 8an aurkeztu zuen idazkia eta dokumentazioa 2005. urtean lortutako arlo beretarako kreditazioa eskatzeko, kokapen berrirako, hots, Donostiako Fernando Mugica kaleko 11. zenbakirako.

Erakunde eskatzaileak aurkezturiko dokumentazioa aztertu ondoren, zenbait hutsune atzeman ziren, eta, hortaz, erakunde eskatzaileari honako dokumentazio hau eskatu zitzaion:

1.– Eraikinaren Lehen Erabilerako Lizentzia lortu izanaren kreditazio-dokumentuak, besteak beste Donostiako Udaleko Ingurumeneko zinegotzi delegatuaren 2005eko azaroaren 11ko Ebazpenaren bidez eskaturiko baldintza baitzen hori, entsegu-laborategien jarduera abiarazteko betiere.

2.– Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren baimena lortu izanaren kreditazio-dokumentua enpresak daukan instalazio erradioaktiboaren kokapena aldatzeko, instalazio nuklear erradioaktiboei buruzko Erregelamenduaren 40. artikuluak eskaturikoaren arabera (Industria eta Energia Ministerioaren 1999ko abenduaren 3ko 1836/1999 Errege Dekretuak onartu zuen).

3.– Sozietatearen estatutuetan egoitza soziala aldatzeko aukera biltzen duen kreditazio-dokumentazioa (estatutuak aldatu izanari buruzko eskritura publikoa edo erakundearen egoitza aldatzeko harturiko erabaki soziala).

Erakundeak arestian eskaturiko dokumentazio guztia igorri du 2006ko urriaren 31ko idazkiaren bidez.

Hirugarrena.– Azkenik, 2006ko abuztuaren 2an Eraikuntzaren Kalitatea Kontrolatzeko Laborategiko bi teknikarik beste ikuskapen-bisita bat egin zuten aztergai dugun laborategian, eta kreditazio-baldintzak bete egiten zirela egiaztatu zuten, eta, ondorioz, dagokion aldeko akta jaso da.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK:

Lehenengoa.– Apirilaren 20ko 69/2004 Dekretuaren bidez (2004ko maiatzaren 4ko 82. zenbakiko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen) arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoan eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko entsegu-laborategien kreditazioa lortzeko prozedura.

Adierazitako arauaren 10. artikuluko azkenaurreko paragrafoak aurreikusten duenez, "kreditaturiko laborategiak erakunde kreditatzaileari jakinaraziko dio kreditazioaren hasierako baldintzen edozein aldaketa".

2006ko ekainaren 8ko idazkian jakinarazten da erakundearen egoitza-aldaketa, eta kreditazioa eskatzen da. Dena den, ez da egokitzat jo beste kreditaziorik ematea, gertaturikoa zera izan baita, 2005eko irailaren 22an emandako kreditazioaren baldintzen aldaketa, eta horren ondorioz hasierako kreditazio hori aldatu egin da, gainerakoan oso-osorik atxikiko bada ere.

Bigarrena.– Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrol zuzendaria da organo eskuduna ebazpen hau hartzeko, apirilaren 20ko adierazitako 69/2004 Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena.– Apirilaren 20ko 69/2004 Dekretuaren 6. artikuluak adierazten ditu kreditazioaren baldintza teknikoak, eta arau beraren 8. artikuluak adierazten du laborategian ikuskapen-bisita bat egin beharra baldintza horiek betetzen direla egiaztatzeko.

Espediente honetan egiaztatu denez, emandako kreditazioa atxikitzeko eskakizun guztiak betetzen dira.

Orain arte azaldutakoa aintzat hartuta, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– 2005eko irailaren 22ko Ebazpenaren bidez Gikesa entsegu-laborategiari emandako kreditazioaren aldaketa baimentzea. Honako arlo hauek biltzen ditu kreditazio horrek: "hormigoiaren eta haren osagaien, eta altzairuzko armaduren kontrola", 10005EHA05 kodearekin b oinarrizko entsegu talderako eta c entsegu osagarrien talderako (2, 3, 5, 6, eta 7), eta "bideetako zoruak, harrixkak, nahastura bituminosoak eta haien osagaiak", 10005VSG05 kodearekin, b oinarrizko entseguen talderako eta c entsegu osagarrien talderako (10, 11)], eta erakundearen egoitza berria honako hau izango dela zehaztea: Fernando Mugica kaleko 11. zenbakia, behea, 20018, Donostia.

Bigarrena.– Baimentzen den aldaketaren kreditazioak hasieran esleituriko hedadura atxikiko du eta bost urteko baliotasun aldia izaten jarraituko du. Kontuan hartu beharrekoa da aldi hori 2005eko urriaren 22tik aurrera hasiko dela zenbatzen, hots, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian hasierako emate-ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera (2005eko urriaren 21eko 201. zenbakiko EHAAn argitaratu zen).

Hirugarrena.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Etxebizitza sailburuordeari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasi eta hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 114. artikuluari eta hurrengoei jarraiki.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko abenduaren 1a.

Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrol zuzendaria,

SONIA SAMANIEGO SOTO.


Azterketa dokumentala