Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

18. zk., 2007ko urtarrilaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Indargabetutako xedapena

Xedapen Orokorrak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
510

AGINDUA, 2006ko abenduaren 29koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, etxebizitza birgaitzeko finantza-neurriei buruzkoa.

Ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jardun babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren 4. artikuluan xedatuta daude birgaitzeko jardun babestuak.

Babes ofizialeko etxebizitzen erregimen juridikoari, eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren 42. artikuluaren arabera, jarduera horren araudia Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren aginduaren bitartez garatuko da.

Etxebizitza birgaitzeko finantza-neurriei buruzko 2002ko abenduaren 30eko Aginduak finantza-neurri horiek garatu zituen eta tresna baliagarria izan zen urte horietan.

2006-2009 Etxebizitza Bideratzeko Plan berria Gobernu Kontseiluak onartu zuen, 2006ko urriaren 3an egindako bilkuran. Plan horren helburua, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren etxebizitzaren alorreko jardunetarako Jarraibideak ezartzea da adierazitako aldirako, estrategia-plangintzarako irizpideak, sustapena, eta estrategikoak ez diren baina etxebizitzaren alorrean agenteentzat eta babes publikoko etxebizitza behar duten herritarrentzat oso garrantzitsuak diren beste orientabide batzuk sartuz.

Etxebizitza Bideratzeko Plan horren jarduera-ardatz estrategikoetako bat etxebizitza birgaitzeko jardunak sustatzean datza.

Era berean, Lurzoruaren 2/2006 Legea indarrean sartzearekin batera Eraikinen Azterketa Teknikoak izeneko figura sortu da. Azterketa horiek egiteko zenbait kasutan diru-laguntzak emango dira.

Azkenik, urte hauetan metatutako esperientziak aurreko agindua idazterakoan zenbait hobekuntza egin daitezen eskatzen du, baita finantza-neurrien zenbatekoak eguneratzea ere.

Horri jarraiki eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 373/2005 Dekretuaren 5. artikuluak eta babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren lehen azken xedapenak xedatutakoaren arabera, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren 42.1.d) artikulua garatzea. Artikulu horrek ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko babesgarriak diren jardunak arautzen ditu.

2. artikulua.– Jardun babesgarriak.

1.– Etxebizitza izatea erabilera nagusitzat duten eraikuntza-unitateen inguruko birgaitzeko jardunak honako baldintza hauek egiaztatzen direnean bakarrik hartuko dira jardun babestutzat:

a) Birgaitu beharreko eraikin edo etxebizitzek 10 urte baino gehiago izatea. Horri dagokionez salbuespen izango dira:

– etxebizitzak minusbaliatuek erabiltzeko egokitzea,

– eraikinean eta etxebizitzetan gas naturala (edo gas naturalik ez duten udalerrietan hori bezain garbia den energia alternatibo primarioa) instalatzea,

– obrak beharrezkoak izatea instalazioak indarrean dagoen araudi tekniko berriari egokitzeko, obrak egiteko administrazio-agindua izanda.

b) Hirigintzara moldatuta ez dauden eraikuntza-unitateen edo egiturari edo eraikuntzari dagokionez moldatuta ez dauden eraikinen kasuan, ez dira babestuko aipatutako baldintzak lortzeko beharrezko lanak barnean hartzen ez dituzten obrak. Bereziki ez da diru-laguntzarik emango obrak egin beharreko eraikinak 50 urte edo gehiagoko antzinatasuna duenean, obra horiek ez badituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 200. artikuluan adierazten den beharrezko Eraikinaren Azterketa Teknikoa egin ondoren Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko 38/1988 Legearen arabera eskumeneko teknikariak idatzi beharreko txostenean eskatutako edo gomendatutako obrak biltzen, betiere onartzen diren eredu ofizialei jarriki.

Salbuetsita geratzen dira Ondare hiritu eta eraikia bereoneratzeko babespeko jarduerei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren 6.3 artikuluan jasotako kasuak.

c) Hirigintzara moldatzea eta eraikinen egitura eta eraikuntza moldatzea helburu duten birgaitzeko jardunetan eta etxebizitzek bizigarritasun-baldintzak betetzen ez dituztenean (baldintza horiek abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren IV. eranskinean eta Eraikuntza Antolatzeko Legearen 3. artikuluan jasota daude), eraikinak bizitzeko moldatzea bermatuko duten antolamendu espaziala eta ezaugarri konstruktiboa izatea eskatuko da.

Edozein kasutan, aipatutako bizigarritasun-baldintzak betetzen ez dituzten etxebizitzen kokaleku diren eraikinak hirigintzara moldatzeko eta/edo eraikinen egitura eta eraikuntza moldatzeko finantzazioa bi urteko epean aipatutako baldintza horiek lortzeko beharrezko obrei ekitearen menpekoa izango da.

d) Birgaitu beharreko eraikinak hirigintzara moldatutakoak izango dira eta ez dute izango aurreikusitako erabilera egitea edo udal-baimena lortzea eragotziko duen mugapenik, abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren 6.3 artikuluan jasotako kasuetan izan ezik.

e) Birgaitu beharreko eraikina ez da aurri-egoeran egongo edo partzialki erautsia edo ez du barnealdea hustuta izango, edo jardunek fatxadak eraistea edo guztiz hustea hartuko dituzte barnean.

Nolanahi ere, ondoren zehazten diren etxebizitzen eraikinetan husteko obrak barnean hartzen dituzten birgaitzeko jardunen titularrek arau honetan ezarritako finantza-neurriak eskuratu ahal izango dituzte honako kasu hauetan:

– eraikuntza tradizionalaren tipologia jarraitzen duten landa-inguruneko eraikinen kasuan,

– nekazaritza- edo landa-izaera izan duten edo gremioei lotutako herri-arkitekturako tipologia duten eraikuntza tradizionaleko eraikinen kasuan,

– Birgaitze Plan Bereziek ordezkatzeko edo berreraikitzeko obrak planteatzen dituzten Birgaitze Area Integratuetan kokaturiko eraikinak.

f) Eraikuntza berriko obren bidez bizitzeko egoki den etxebizitzaren espazioa zabaltzeko esku-hartzeak. Zabaltzeko esku-hartze horiek nahitaezko udal-baimena izan beharko dute eta horiek egin ostean lortuko diren etxebizitzek bizigarritasun-baldintzak bete beharko dituzte.

Esku-hartze horiek egin ondoren gehienez ere 90 m2-ko guztizko azalera erabilgarria edo eraiki ziren unean etxebizitza horiek izan zuten babes ofizialeko erregimenak ezarritako gehieneko azalera izango dute etxebizitzek, honako kasu hauetan izan ezik:

– eraikuntza tradizionalaren tipologia jarraitzen duten landa-inguruneko eraikinen kasuan,

– nekazaritza- edo landa-izaera izan duten edo gremioei lotutako herri-arkitekturako tipologia duten eraikuntza tradizionaleko eraikinen kasuan.

Terrazak ixteko jardunak ez dira babes daitezkeen birgaitzeko jarduntzat hartuko.

3.– Halaber, birgaitzeko jardun babestuen multzoak jardun bakoitzari dagokionez agindu honek xedatzen duena eta, hala badagokio, Birgaitze Plan Berezian eta indarrean dagoen legeria aplikagarrian erabakitakoa bete beharko du. Kasu guztietan beharrezkoa izango da obretarako dagokion udal-baimena lortzea.

4.– Lokala etxebizitza gisa gaitzeko jardunak babespeko jarduntzat hartuko dira, betiere dagokion udal-araudian horrela xedaturik badago eta lokal bakoitzeko etxebizitza bakarra egiten bada.

Gaitzeko obrak etxebizitzen bizigarritasu-baldintzak gaitzeko 2. motakotzat hartuko dira.

Kasu horretan, egiten diren etxebizitzek "babes publikoko etxebizitza" izena hartuko dute eta haien gehieneko salmenta-prezioak ez du erregimen orokorreko babes ofizialeko etxeen salmenta-prezioaren 1,7 gaindituko.

3. artikulua.– Jardunen eremua.

1.– Birgaitzeko jardun babestu baten titularrek agindu honetan ezarritako finantza-neurriak lortu ahal izango dituzte esku-hartzeak etxebizitza izatea xede nagusi duen eraikin batean egiten dituztenean. Mota horretako eraikintzat hartuko dira birgaitzeko jarduna egin ostean azalera erabilgarriaren bi heren (beheko solairua kontuan hartu gabe) etxebizitza gisa erabiltzera bideratuko dituztenak. Halaber, horrelakotzat hartuko dira aipatutako eraikinetan kokatutako etxebizitzetan egindako birgaitzeko esku-hartzeak.

Baldintza hori ez da eskatuko birgaitzeko jardunak hirigintza, egitura eta eraikuntzari dagokienez moldatutako eraikinetako etxebizitzen elementu pribatiboetako esku-hartzeak direnean.

2.– Finantzazio kualifikatua urbanizazioa moldatzera eta eraiki gabeko lurren –hots, xede nagusi gisa etxebizitza izatea duen eraikuntza duen eraikuntza-unitatea osatzen dutenen– akaberara hedatuko da, ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jarduera babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren 13.7 artikuluan xedaturikoaren arabera.

3.– Finantzazioa trasteleku eta garajeetara ere hedatuko da, betiere horiek jardunaren helburu diren etxebizitzei lotutakoak direnean. Lotutakotzat hartuko dira baldin eta Jabetza Erregistroan hala daudela egiaztatzen bada.

Erregistroan lotuta daudela azaltzen ez bada, finantzazioa garajeetara bakarrik hedatuko da eta betiere etxebizitzaren titularra garajearena dela, garajea etxebizitzaren inguruan dagoela eta garajearen erabilera bizikidetzako unitatekoren baten erabilerarako dela egiaztatuz gero.

4.– Merkataritzako lokalek ere izango dute finantzazio kualifikatua eta diru-laguntza, eraikuntzaren elementu komunetako esku-hartzeak direnean eta horiek ordaintzeko dagokien kuota beren gain hartzen dutenean.

Birgaitze Integratuko jardunetan aipatutako lokalen elementu pribatiboetako esku-hartzeak ere finantzatuko dira, lokalen xedea honako hauetako bat denean:

– Kulturala, asoziatiboa, laguntzazkoa, sanitarioa, erlijiosoa, kirol-arlokoa, administratibo-publikoa.

5.– Era berean, irabazi-asmorik gabeko eta erabilgarritasun publikoko erakunde baten berezko helburuetarako erabiltzen den lokalaren birgaitzea ere finantzatu eta diruz lagunduko da.

4. artikulua.– Babes daitezkeen obra-moten sailkapena.

1.– Finantza-neurriak emateari dagokionez, babes daitezkeen obrak lau motatan sailkatuko dira, honako koadro honen arabera:

(Ikus .PDF)

2.– Dekorazio-elementuei eta apaingarriei dagozkien obrak, edo altzariak, armairuak, ispiluak, halogenoak, etxetresna elektrikoak edo antzekoak instalatzeko egindakoak ez dira inoiz babesgarritzat hartuko.

5. artikulua.– Birgaitzeko jardun babestuen titularrak.

1.– Birgaitzeko jardun babestuak honako hauek egin ahal izango dituzte: jabe, errentari, usufruktudun edo birgaitu beharreko ondasun higiezinen gainean bestelako titulua duten pertsona fisiko edo juridikoek, pribatu edo publikoek. Horrela, izapidetzeari eta arau honetan ezarritako kualifikatutako finantzaketa jasotzeko aukerari dagokionez, pertsona horiek birgaitzearen titular izango dira.

Elementu komunak birgaitzen direnean, Jabekideen Komunitatea ordezkatzen duenak egin beharko ditu izapideak jabetza horizontalari buruzko Legeak xedaturikoari jarraiki.

Birgaitze jardunen titularra jabea ez denean jabearen baimena aurkeztu beharko da, baita birgaitze-obrak nork ordainduko dituen adierazten duen akordioa ere.

2.– Administrazio-ebazpena eman ondoren, birgaitzearen titularra ordezkatzeko, aurreko titularraren finantza-neurriak onartzen dituen ebazpena baliogabetu beharko da.

3.– Diru-sarrerei dagozkien betekizunak.

Birgaitzeko jardun babesgarrien titularrei banakako laguntzak emateko, elementu komunen birgaitzean (aurreko puntuaren bigarren paragrafoan ezarritakoa) zein elementu pribatiboen birgaitzean, haien diru-sarrerak hartuko dira kontuan, honako irizpide hauei jarraiki:

a) Oro har, babes ofizialeko etxebizitzen erregimena eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriak arautzen dituen indarreko dekretuan ezarritako irizpideak aplikatuko dira.

b) Birgaitu beharreko etxebizitza edo eraikinak hainbat jabe dituenean jabekide guztien diru-sarrera haztatuak hartuko dira kontuan. Birgaitzeko jardun babestuaren titulartzat hartuko dira horiek.

Hala ere, dagokion lurralde-ordezkaritzak alderdi hori aintzat ez hartzea erabaki dezake, justifikatzen duten egoera bereziak sortzen direnean. Hori aintzat ez hartzea interesdunek eskatu beharko dute eta birgaitzearen titularra zein izango den egiaztatu beharko dute. Adierazitakoa egitea ahalbidetzen duten egoeren artean ditugu etxebizitzak jabekideetako batek bakarrik erabiltzea, jabetza-kuoten tamaina edo hauteman daitekeen antzeko beste kasuren bat.

Haztatutako urteko diru-sarrerek 33.000,00 euroko muga gainditzen duten birgaitze-jardun babestuen titularrei ez zaie finantzaketa kualifikaturik emango, merkataritza-lokalen kasuan izan ezik, eta kasu horretan ez da diru-sarreren betekizuna eskatuko.

Nolanahi ere, higiezinen titularrak irabazi-asmorik gabeko erakundeak edo administrazio publikoak direnean, ez da eskatuko diru-sarrerak egiaztatzea.

4.– Nagusiki etxebizitza izatera bideratutako eraikinak birgaitzeko jardunen finantzazio kualifikatua etxebizitza bakar bat birgaitzeko lortuko dute jardunaren titularrek. Aipatutako etxebizitza horrek bizileku ohiko eta iraunkor izan behar du edo bizileku ohiko edo iraunkor bihurtu behar du gehienez ere hiru hilabeteko epean, obren amaierako egiaztagiria ematen denetik hasita.

5.– Ez zaie birgaitu beharreko etxebizitza bizileku ohiko eta iraunkor izateko baldintza eskatuko jabeei, birgaitzeko jardun babestuaren titular izango direnei, sustatzaile izan gabe etxebizitza alokairuan edo behin-behineko lagata dutenean, onura publikoko izendatutako irabazi-asmorik gabeko erakundeak edo administrazio publikoak direnean soilik.

Baldintza hori ere ez zaie eskatuko etxebizitza hutsik duten kasuan –etxebizitza hutsa arautzen duen araudiak ezarritakoaren arabera–, gutxienez 18.000 euroko aurrekontua duen birgaitzearen titular direnei beren gain hartzen dutenean "Bizigune, Etxebizitza Hutsaren Programa"ri atxikitzeko konpromisoa obren azken ziurtagiritik zenbatzen hasita gehieneko hiru hilabeteko epean. Kasu horietan, gauzatutako birgaitze-lanek etxebizitza "Bizigune, Etxebizitza Hutsaren Programa"ri atxikitzea ahalbidetu beharko dute, berritze-lanik edo obra osagarririk egin gabe. Etxebizitzak gutxienez 5 urtez egon beharko du "Bizigune, Etxebizitza Hutsaren Programa"n eta jabeak edo birgaitzearen titularrak jasoko duen errentak ez du gaindituko indarreko araudiak goiko tarteko erregimen orokorreko babes ofizialeko etxeen alokairuentzat ezarritako gehieneko errenta. Errenta hori etxebizitzak birgaitu ondoren duen azaleraren arabera kalkulatuko da.

Era berean, babestutako birgaitzeko jardunaren titularrek finantzazio kualifikatuaren eta zuzeneko diru-laguntzen onuradun izateko aukera izango dute.

6.– Zuzeneko diru-laguntzak lortzeko, aurreko zenbakietan adierazitakoaz gain, ezinbestekoa izango da:

a) Birgaitzearen titularra pertsona fisikoa, Administrazio publikoa edo erabilgarritasun publikoko deklaratutako irabazi-asmorik gabeko erakundeak izatea. Salbuespen izango da agindu honen 3.4 artikuluan adierazitako xedea izango duten merkataritzako lokalen birgaitzea.

b) Birgaitzearen titularrak 21.000 euro baino gutxiagoko urteko diru-sarrera haztatuak dituzten bizikidetzako unitateetako kide izatea. Salbuespen izango da agindu honen 3.4 artikuluan adierazitako xedea izango duten merkataritzako lokalen birgaitzea.

7.– Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zehatuta dauden pertsona fisikoek edo juridikoek ezin izango dute agindu honetan arauturiko laguntzen deialdian parte hartu, ezta hartarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) azken xedapenen arteko seigarrenean xedatutakoari jarraiki.

6. artikulua.– Babes daitekeen aurrekontua.

1.– Dagokion administrazio-ebazpenean berariaz adierazi beharko da babes daitekeen birgaitzeko jardunaren aurrekontua. Babes daitekeen aurrekontutzat hartuko da etxebizitza, merkataritzako lokal edo elementu komun bakoitzari dagokion jardunaren kostu erreala. Kostu horrek barnean hartuko ditu obrak egikaritzeko kontratuan adierazitako prezioa, laguntza teknikoko kontratuan adierazitako prezioa eta birgaitzeko jardun hori dela-eta ordaindu beharreko eskubide, tasa eta gainerako prezio publikoak, eta hala badagokio Eraikinen Azterketa Teknikoen borondatezkoak zein nahitaezkoak) txostena idazteagatiko ordainsariak. Ez du barnean hartuko dagokion Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

Babes daitekeen aurrekontutzat hartzeko, jardunaren kostuak 1.000 euroko muga gainditu beharko du etxebizitza bakoitzeko, 3. taldekoentzat izan ezik. Horientzat ez da mugarik ezarriko.

2.– Babes daitekeen aurrekontuaren gehieneko muga etxebizitza, trasteleku eta garajearen balioaren baliokidea izango da eta haien azalera erabilgarriari babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioak zehazteari buruzko Aginduaren I. eranskineko udalerrietako erregimen orokorreko etxebizitza babestuaren prezioa aplikatuko zaie, prezio hori kalkulua egiten den dataren arabera eguneratuko delarik.

Era berean, etxebizitza berarentzat 5 urtean egindako babes daitekeen gehieneko aurrekontuaren baturak ez du muga hori gaindituko.

3.– Babes daitekeen aurrekontuaren gehieneko muga zehazteko kontuan hartuko den gehieneko azalera etxebizitzako 90 m2 erabilgarri izango da, nahiz eta, hala badagokio, azalera erreala hori baino handiagoa izan. 5 kide edo gehiago dituzten familia ugarien edo bizikidetza-unitateen kasuan gehieneko azalera baliagarria 120 m2 izango da.

Etxebizitzei lotutako garaje eta trastelekuen azalera kontuan izango da babes daitekeen aurrekontuaren gehieneko muga zehazteko. Gehieneko azalera 30 m2 erabilgarri izango da.

Birgaitzeko jardun babestuak merkataritzako lokalen ingurukoak direnean edo horietan eragiten dutenean gehieneko aurrekontu babesgarria, haien azalera erabilgarria babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioak zehazteari buruzko Aginduaren I. eranskineko udalerrietako erregimen orokorreko etxebizitza babestuaren prezioarekin biderkatzearen emaitza izango da, prezio hori kalkulua egiten den dataren arabera eguneratuko delarik. Kasu horietan gehieneko azalera konputagarria 90 m2 izango da.

4.– Birgaitze Integratuko Eremuetan, ez da kontuan hartuko gehieneko azalera konputagarria, babes daitekeen aurrekontuaren gehieneko muga zehazteko. Hala ere, aurreko idatz-zatian ezarritakoa bete beharko da. Hori guztia dagokion Birgaitzeko Plan berezian ezarritakoa bazter utzi gabe.

7. artikulua.– Obren epea.

1.– Birgaitzeko jardun babestua osatuko duten obrei jardun babestua onartzeko administrazio-ebazpena jakinarazi edo behin-behineko kalifikazioa jakinarazi ondoren ekin beharko zaie, eta betiere hurrengo sei hilabeteetan. Obrak birgaitze-proiektuaren memoriak izango duen ezinbesteko eranskinean adieraziko den egutegian aurreikusitako epean egingo dira. Egikaritze-egutegirik ez duten espedienteen kasuan urtebetekoa izango da obrak egiteko gehieneko epea.

Salbuespen gisa titularrek administrazio-ebazpena jakinarazi baino lehenago ekin ahal izango diete obrei, behar bezala egiaztatutako eta azaldutako premiazko arrazoiak direla-eta dagokion lurralde-ordezkaritzako zerbitzu teknikoek baimena ematen dutenean, eta interesdunak edo Birgaitzeko Hirigintza Sozietateek hala eskaturik, eta Birgaitzeko Hirigintza Sozietateen Zerbitzu Teknikoek ikuskapena egin eta dagokion lurralde-ordezkaritzako euren homologoei jakinarazi ondoren.

Dagokion eskaera aurkeztu eta 30 egun igaro ondoren ebatzi ez bada, onetsitzat hartuko da.

2.– Obrak aurreikusitako epean hasten ez direnean edo lau hilabete baino gehiagoz geldirik egoten direnean, erabakia edo behin-behineko kalifikazioa eman zuen organo eskumendunak finantza-neurriak baliogabetu ahal izango ditu, ezinbesteko kasuetan edo onuradunari egotz ez dakizkiokeen arrazoiak direla-eta eten direnetan izan ezik. Halaber, obrak egiteko epea luzatu ahal izango da, interesdunak hala eskatuta, betiere arrazoia justifikatutakoa denean. Ezarritako gehieneko epearen herena luzatu ahal izango da gehienez ere.

3.– Obrak egiteko adierazitako epea amaitu eta hilabeteko epean titularrek obra hori egin dutela egiaztatu beharko dute erabakia hartu zuen edo behin-behineko kalifikazioa eman zuen lurralde-ordezkaritzan. Horretarako, obraren amaiera jakinarazteko inprimakia aurkeztu beharko dute. Bertan zehaztuko dira esku-hartzearen edo esku-hartzeen osagai diren kontzeptuen amaierako zenbatekoak eta horrekin batera dagozkien fakturak, egindako obraren koloretako argazkiak eta obren udal-baimena, laguntza teknikoa (egon bada) eta udal-tasak ere aurkeztuko dira. Era berean, instalazioak egin badira aurrekoaz gain berogailuaren, gasaren, aire egokituaren edo antzekoen instalatzailearen ziurtagiria aurkeztu beharko da. Igogailuak instalatzen badira, Industria Sailak zigilatutako zerbitzuan jartzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Gauzatutako obraren izaera dela-eta obra horren zuzendari izango den teknikaria kontratatu behar bada, dagokion Obraren Amaierako Ziurtagiria aurkeztu beharko da eta teknikari horri dagokion lanbide-elkargoaren bisa jarrita izan beharko du.

4.– Obretarako lizentzia aurkezten ez bada onartutako diru-laguntzak ezeztatu egingo dira.

8. artikulua.– Mailegua.

1.– Etxebizitzak eta merkataritzako lokalak birgaitzeko jardunen titularrek kreditu-establezimenduek emandako mailegu kualifikatuak lortu ahal izango dituzte, dagokion administrazio-organoaren ebazpenaren bidez hala onartu denean.

Ebazpenarekin batera, kreditu-establezimenduek egokitzat hartzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dituzte sustapenaren titularrek, batez ere bermeak ezartzeari dagokionez.

2.– Birgaitzeko mailegu kualifikatuek honako ezaugarri hauek izango dituzte:

a) Kredituaren zenbatekoa babes daitekeen aurrekontuaren guztizkoari dagokiona izan daiteke, hala badagokio, administrazio horrek edo besteren batek emandako itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen guztizkoa kenduko da.

b) Amortizazio-epea 5 urtetik 15 urtera bitartekoa izango da, eta nahitaezko gabezialdia gehienez ere 3 urtekoa.

Kreditu-establezimenduekin adostutako finantza-lankidetzako hitzarmenetan birgaitzeko jardun babestuak finantzatzeko ematen diren maileguen amortizazio-epeari eta gabezialdiari buruzko adostasunak ezarri ahal izango dira.

c) Mailegua hipoteka bidez bermatuko da eta/edo, hala badagokio, kreditu-entitateek mailegariari eskatutako bermeen bidez.

3.– Babestutako jarduna onartzeari buruzko administrazio-ebazpena jakinarazten denean onartu eta formalizatu ahal izango dira maileguak eta beti obra-amaieraren egiaztapenetik zenbatzen hasi eta sei hilabeteko gehieneko epearen barruan.

Formalizatzearekin batera, maileguaren % 50 jaso ahal izango da gehienez. Maileguaren gainerakoa obrak egiteko erritmoaren arabera egokituko da eta hori lortzeko kreditu-establezimenduan aurkeztu beharko dira dagozkion obra-egiaztagiriak, aurretiaz dagokion lurralde-ordezkaritzak adostu beharko dituenak.

Obrak burutu ondoren obra-amaierako ziurtagiria aurkeztu beharko da lurralde-ordezkaritzan. Ziurtagiri horren edukiaren arabera mailegua aldatu egin ahal izango da edo obrak egin ez direla egiaztatzen bada mailegua kendu egingo da.

Obrak egiten ez badira, edo laguntzak baliogabetzea eragiten duen betebeharrak ez betetzea gertatzen bada, mailegua onartu zenean hitzarmenaren arabera ezarritako hasierako interes-tasa efektiboa ez da aplikagarria izango eta kreditu-establezimenduek tasa hori aldatzeko eskubidea izango dute.

9. artikulua.– Diru-laguntzak.

1.– Eusko Jaurlaritzak, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren bidez, itzuli beharrik gabeko diru-laguntza pertsonala emango du birgaitzeko jardun babestuetarako, babes daitekeen aurrekontuaren, obraren motaren eta titularraren familia-osaketaren eta errentaren mailaren arabera. Horrez gain, diru-laguntzak birgaitze-motaren arabera zehaztuko dira, Birgaitze Integratukoa izatearen edo Birgaitze Isolatukoa izatearen arabera. Diru-laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko honako taula honetan zehaztutako aurrekontu babesgarriaren ehunekoa erabiliko da.

2.– Zenbateko orokorrak:

Sarrera haztatuak Kide kopurua 1. eta 2. obrak 3. obrak 4. obrak

9.000 eurora arte 3 edo gutxiago B. Integratua: % 35 B. Integratua: % 40 B. Integratua: % 15

B. Isolatua: % 20 B. Isolatua: % 25 B. Isolatua: % 7

3tik gora B. Integratua: % 40 B. Integratua: % 45 B. Integratua: % 20

B. Isolatua: % 25 B. Isolatua: % 30 B. Isolatua: % 10

9.001 eurotik 3 edo gutxiago B. Integratua: % 30 B. Integratua: % 35 B. Integratua: % 10

15.000 eurora bitarte B. Isolatua: % 15 B. Isolatua: % 20 B. Isolatua: % 5

3tik gora B. Integratua: % 35 B. Integratua: % 40 B. Integratua: % 15

B. Isolatua: % 20 B. Isolatua: % 25 B. Isolatua: % 7

15.001 eurotik 3 edo gutxiago B. Integratua: % 25 B. Integratua: % 30 B. Integratua: % 5

21.000 eurora bitarte B. Isolatua: % 10 B. Isolatua: % 15 B. Isolatua % 2

3tik gora B. Integratua: % 30 B. Integratua: % 35 B. Integratua: % 10

B. Isolatua: % 15 B. Isolatua: % 20 B. Isolatua: % 5

Birgaitze Integratuko 4. obretarako lortutako diru-laguntza beste kontzeptu batzuen truke lortutakoari gehituko zaio guztizko diru-laguntza balioesteko.

3.– Berariaz erabilgarritasun publikoko deklaraturiko irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat, administrazio publikoentzat edo Etxebizitza Hutsaren Programari atxikitakoentzat zenbatekoak, agindu honen 4.5 artikuluaren arabera:

1. eta 2. obrak 3. obrak 4. obrak

B. Integratua: % 35 B. Integratua: % 40 B. Integratua: % 15

B. Isolatua: % 20 B. Isolatua: % 25 B. Isolatua: % 7

4.– Gehieneko mugak edozein jardunentzat

1. eta 2. obrak 3. obrak 4. obrak

B. Integratua: 5.500 euro B. Integratua: 5.940 euro B. Integratua: 2.200 euro

B. Isolatua: 3.850 euro B. Isolatua: 4.180 euro B. Isolatua: 1.100 euro

5.– Artikulu honetan ezarritako diru-laguntzen ehunekoak % 5 igoko dira babestutako birgaitzeko jardunen titularrak 5 edo kide gehiagoko bizikidetzako unitateak edo familia ugariak direnean.

6.– Birgaitze Integratuko Eremuetan dauden Eusko Jaurlaritzak nagusiki etxebizitza izatera bideratutako eraikinetako lokalak birgaitzeko emandako diru-laguntzen zenbatekoa lortzeko babes daitekeen aurrekontuari (akaberak moldatzeko partidak barne hartu gabe) % 5 bidertuko zaio. Honako hau salbuespena izango da: diru-laguntzaren onuraduna berariaz erabilgarritasun publikoko deklaratutako irabazi-asmorik gabeko erakundea denean, betiere lokala berariaz erakundearen helburu sozialetarako erabiltzen bada. Kasu horretan, itzuli beharrik gabeko diru-laguntzaren zenbatekoa % 50era igoko da, eta akaberak moldatzeko partidak bilduko ditu, baldin eta 1., 2. eta 3. motetako obren erremate gisa egiten badira.

Aurreko kasu horietan gehieneko muga 12.000 euro izango da. Horrez gain, erakundeak bere izaera eta lokalaren erabilera egiaztatu beharko ditu, estatutuak, dagokion erregistroan erregistratuta dagoela egiaztatzen duen ebazpena eta lokalen erabilerari buruzko zinpeko adierazpena aurkeztuz.

7.– Higiezin bateko elementu komunen birgaitzeetan, Jabekideen Komunitateari zuzenean aurrekontu babesgarriaren gaineko % 5eko diru-laguntza emango zaio, 2.000 euroko gehieneko mugarekin, baldin eta agindu honen 9.2 artikuluan ezarritakoaren arabera 1., 2. eta 3. motetako obrak badira. Diru-laguntza % 10era iritsiko da, 3.00 euroko gehieneko mugarekin, baldin eta aurreko kasuak badira eta birgaitze integrala bada.

Jabekideen Komunitateari zuzenean emandako laguntzak bateragarriak izango dira jabekide edo titular bakoitzari beren diru-sarreren arabera eta artikulu honetan ezarritakoaren arabera jaso ditzaketenekin.

8.– Birgaitzearen titularrei ez zaie itzuli beharrik gabeko diru-laguntzarik emango 60,00 eurotik beherako zenbatekotan.

9.– Itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak, osorik nahiz zatika, kreditu-establezimenduren baten bidez jasoko dira dagokion administrazio-ebazpenean ezarritakoaren arabera egindako obraren ziurtagiriak, partzialak nahiz amaierakoak izan, kreditu-establezimendu horretan aurkeztuta. Kreditu-establezimenduak finantza-hitzarmena sinatuta izan beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin.

Obra-amaieraren ziurtagiria aztertu ondoren diru-laguntzak aldatu edo baliogabetu ahal izango dira obrak egin ez direla egiaztatzen bada.

10.– Birgaitzeko zuzeneko laguntza ekonomikoak jaso dituzten etxebizitzak eta lokalak ezin izango dira inter vivos era boluntarioan erabili obra-amaierako ziurtagiria ematen denetik zenbatzen hasi eta 5 urteko epearen barruan, ez bada aldez aurretik jasotako laguntzen itzulketa egiaztatzen, itzultzerakoan eguneratuta eta dagokion legezko interesarekin. Erabiltzeko mugatze horretatik salbu geratzen dira higiezinetako elementu komunak ukitzen dituzten birgaitzeak.

Era berean, eta arestian aipaturiko ondorioetarako, ez da transmisiotzat hartuko titularkideetako batek etxebizitza osoa besteari ematea banatzeak, dibortzioak, izatezko bikoteen hausteak edo bizikidetza unitatea hausteak (odolkidetasunezko lehenengo mailako loturen kasuan) eraginda.

11.– Zuzeneko laguntza ekonomikoen onuradunak horiek ematen dituen administrazio-ebazpena aurkeztu beharko du dagokion Jabetza Erregistroan, eta bertan, administrazio-dokumentu hori ikusi ondoren, hipoteka-legeriaren arabera bidezkoa den jabariaren erabilera-mugapenaren erregistroko inskripzioa praktikatuko da.

12.– Laguntza eman duen administrazioak laguntzak ematearen ebazpena Jabetzaren Erregistroan aurkeztu dela frogatzen duen dokumentua jasotzen duenean, itzuli beharrik gabeko diru-laguntzaren ordainketa egitea aginduko du. Era berean, mailegua eman behar duen Kreditu Establezimenduak kontratua sinatu ahal izango du administrazio-agiri hori aurkeztu ondoren..

Errentariak eginiko eta jabeak baimendutako birgaitze-obra berezien kasuan, lurralde historiko bakoitzeko Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren lurralde-ordezkaritzan obra-amaiera egiaztatu zen unetik zenbatzen hasita eta 5 urtez erabilera-mugapenaren erregistroko inskripzioa egiteko konpromisoa hartzen du jabeak. Hori betetzen ez badu jasotako laguntzak itzultzeko konpromisoa hartzen du, itzultzerakoan eguneratuta eta dagokion legezko interesarekin.

10. artikulua.– Espedientearen izapideak.

1.– Finantza-laguntzak emateko prozedura birgaitzeko jardunen titularrek, sustatzaile ez direnek, finantza-neurrien eskaera aurkeztuta hasiko da. Diru-laguntzen onuraduna izateko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak gehituko zaizkio eskaerari.

Lurralde historikoetako lurralde-ordezkaritzetan dagoen ereduari jarraituta egin ahal izango da aipatutako eskaera. Eredua interesatuek eskuratu ahal izango dute. Eredua, orobat, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren web gunean egongo da eskuragarri, www.etxebide.info atalean, edo haren ordezko beste edozeinetan.

Edozein kasutan egindako eskariaren inguruko erabakia hartzeko eta aurkeztutako dokumentuak zuzentzeko organo eskumendunak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri eskatu ahal izango da. Horretarako hamar egun emango dira.

2.– Eskaerak Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren dagokion lurralde-ordezkaritzan aurkeztuko dira. Ordezkaritzako Erregistro Orokorrean bertan aurkez daitezke edo bestela hara bidali Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako edozein modutan. Artikulu horrek arautuko ditu eskabideak, ondorio guztietarako.

Birgaitzeko hirigintza-sozietateren bat dagoen birgaitze integratuaren kasuan, eskaerak sozietate horretan aurkeztu beharko dira. Sozietateak egindako eskaeraren inguruko txostena egingo du eta espedientea dagokion lurralde-ordezkaritzara bidaliko du gehienez ere hilabeteko epean. Sozietateak, hala ezarrita badago, bere diru-laguntzak eman ahal izango ditu aldez aurretik.

Hitzarmenaren arabera, eskabideak beste erakunde batzuetan aurkeztu ahal izango dira, prozedura berari jarraituz.

Birgaitzeko Hirigintza Sozietateak espedientea dagokion lurralde ordezkaritzari berandu bidaltzen badio, ez dio inola ere kalterik ekarriko interesdunari.

3.– Obrek irauten duten bitartean eta jada aurrekontuan adierazitako kontzeptuen barnean, aldatu egiten bada partiden zenbatekoa, aldatu egingo da emandako ebazpena, honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Kostua handitzea, gutxienez hasierakoa baino % 10 gehiago izateraino.

b) Kostua txikitzea.

Obrek irauten duten bitartean kontzeptuak edo horien partidak aldatzen badira, eskatzaileek laguntza-eskaera berria izapidetu beharko dute.

4.– Elementu komunak birgaitzeko finantza-neurrien eskabideetan, jardun hori babestutzat hartzen duen administrazio-ebazpena eman ondoren, ebazpenari atxiki ez zaizkion higiezinaren beste jabe batzuk babeseko jardunaren titular gisa soilik atxiki ahal izango dira eta ez dute agindu honetan araututako finantza-neurriak baliatzeko eskubiderik izango.

11. artikulua.– Administrazio-ebazpena.

Aurkeztutako dokumentazioa azterturik, eta betiere guztia badago, dagokion lurralde-ordezkariak onesteko edo ezesteko ebazpena emango du, eskaera aurkeztu ondorengo sei hilabeteko epean. Ebazpena ezestekoa bada, ebazpen horretan, jardunak birgaitzeko jardun babestutzat hartuko dira eta bertan zehaztuko dira aipatutako birgaitzeko jardunen titularrek izango dituzten finantza-neurriak.

Aipatutako ebazpena interesatuei jakinarazi beharko zaie, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendariari. Horretarako epea hilabetekoa izango da, jakinarazpena egiten den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Eskaera aurkeztu eta sei hilabeteko epean dagokion lurralde-ordezkariaren berariazko erabakirik ez bada, onetsi egin dela ulertuko da.

12. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak izango dira xede berarekin eman daitezkeen bestelako laguntzekin.

2.– Bestelako diru-laguntzarik jasoz gero, diru-laguntza guztien zenbateko osoak ezin izango du diruz lagundutako jardunen kostua gainditu. Bestela, bidezko izapideak egin ondoren, emandako diru-laguntza dagokion kopuruan gutxituko da.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek, betiere, honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Diru-laguntza emateko bete beharreko betekizunak eta baldintzak bete direla egiaztatzea.

b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Helburu berarekin diru-laguntza edo laguntzak, diru-sarrera edo baliabideak jaso badira erakunde emaileari horien berri ematea.

d) Euren funtzioen jardunean Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen duten informazioa ematea, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzen inguruan.

e) Diru-laguntza ematen duen erakundeari diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein zirkunstantzia objektiboren zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza aldatzeak eta, hala badagokio, beste edozein erakunde publiko zein pribatuk emandako bestelako laguntzak aldi berean jasotzeak laguntza emateko ebazpena ere aldatzea ekar dezake, baldin eta haren xedea betetzat hartzen bada.

15. artikulua.– Baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Laguntzaren onuradunak agindu honetan bilduriko edozein baldintza eta eskakizun betetzen ez badu, edo azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuren batean baldin badago, emandako laguntzarako eskubidea galdu duela deklaratuko da (betiere aldez aurretik dagozkion administrazio-izapideak beteta), eta, hala badagokio, jasotako kopurua itzuli beharko du, diru-kopurua jaso zuenetik sortu diren atzerapen-interesak gehituta.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Urtero, ekitaldi bakoitzeko lehen hiru hilabeteen barruan eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindu bidez, diru-laguntzen linea honetara zuzendutako laguntzak finantzatzeko esleitutako kredituen zenbatekoa argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Bigarrena.– Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren barruan eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ezin izango du gainditu dagokion esleipena edo hori eguneratzearen ondoriozkoa, indarrean dagoen legeria aplikagarriari jarraiki aurrekontu-aldaketak onartzen direnean. Hortaz, ez da laguntza berririk emango zenbateko hori agortu ondoren. Kreditua agortu izana Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindu bidez.

Hirugarrena.– Hala ere, araudi honetan bildutako arautzeari jarraiki baiezkoa jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten eta baliabide ekonomikorik ez izateagatik soilik ezesten diren diru-laguntza lortzeko eskaerak hurrengo ekitaldian ebatzi ahal izango dira, betiere eskatzaileak dagokion lurralde-ordezkaritzara idazki bat bidaltzen badu eta bertan eskaera baldintza berberetan mantentzeko asmoa adierazten badu.

Laugarrena.– Lehentasunez etxebizitzatarako bideratu ez diren eraikinetako elementu komunetan eginiko birgaitze-jardunen titularrek lehentasunez etxebizitzatarako bideratutako eraikinetan egindako birgaitze-jardunei dagokien finantzazioa eduki ahal izango dute. Finantzazio horren zehazpenak eta zenbatekoa Birgaitzeko Hirigintza Sozietatearen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko berariazko Hitzarmenaren bitartez egingo dira. Birgaitze Isolatuko jardunetan birgaitzearen titularrek eta Eusko Jaurlaritzak sinatuko dute Hitzarmena, eta Udaletxe interesdunak ere parte hartu ahal izango du hitzarmen horretan.

Babes daitekeen aurrekontua zehazterakoan ez dira barnean hartuko eraikuntza-unitatea hirigintzara moldatzeari dagozkion partidak, horrek finantzazio publikoa izango baitu beti. Bere kostuaren % 50era arte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ordainduko du eta gainerako zatia Birgaitzeko Hirigintza Sozietateak, edo horrelakorik ez badago dagokion udalak ordainduko du, sailaren aldeko txostenaren bidez onartutako Birgaitze Plan Berezian ezarritakoari edo, hala badagokio, entitate publiko interesdunek sinatutako hitzarmenean dioenari jarraiki.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Indarrean jartzen denetik aurrera aurkeztutako eskari guztiei aplikatuko zaie agindu hau.

Ondorio guztietarako ere, aurreko araudiak arautuko ditu agindua indarrean jarri aurretik hasitako prozedura guztiak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu honek indargabetu egiten du etxebizitza birgaitzeko finantza-neurriei buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2002ko abenduaren 30eko Agindua.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko abenduaren 29a.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.


Azterketa dokumentala