Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

18. zk., 2007ko urtarrilaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
509

AGINDUA, 2006ko abenduaren 29koa, etxebizitza erosteko finantza-neurriei buruzkoa.

Abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren (Babes Ofizialeko Etxebizitzen Erregimenari eta Etxebizitzaren eta Lurzoruaren inguruko Finantza Neurriei buruzkoa) 42. artikuluak etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko jardun babestutzat hartzen du eskuratzaileak babes ofizialeko etxebizitzak edo ohiko bizileku iraunkor gisa erabiltzeko bestelako etxebizitzak eskuratzea. Horrez gain, adierazitako dekretuaren 43. artikuluak jardun babesgarriak egiteko finantza-neurri motak aipatzen ditu, finantziazio kualifikatua eta zuzeneko laguntza ekonomikoak, hain zuzen ere. Era berean, 42.2 artikuluak ezartzen duenez, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindu bidez garatuko da jardun hori.

2003ko uztailaren 30eko Aginduak, etxebizitza erosteko finantza-neurriei buruzkoak, aginduaz balia daitezkeen operazioen kopurua handitu zuen eta diru-laguntzen zenbatekoak eta etxebizitza libre erabilien prezioen mugak berriz definitu zituen, herri bakoitzeko etxebizitza libre erabiliaren merkatuko prezio baxuetara edo baxu-ertainetara hobeto egokituz. Halaber, espedienteak izapidetzeko moduari buruzko hainbat zehaztapen bildu zuen.

Gobernu Kontseiluak 2006-2009ko Etxebizitza Bideratzeko Plan berria onartu zuen, 2006ko urriaren 3an egindako bilkuran. Plan horren helburua Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak etxebizitzaren alorrean egiten dituen jardunetarako jarraibideak ezartzea da adierazitako aldirako, estrategia-plangintzarako irizpideak, sustapena, eta estrategikoak ez diren baina etxebizitzaren alorrean agenteentzat eta babes publikoko etxebizitza behar duten herritarrentzat oso garrantzitsuak diren beste orientabide batzuk sartuz.

Etxebizitza Bideratzeko Plan horren ardatz estrategikoen artean, etxebizitza libre erabiliarentzako laguntza-programen birdefinizioa bildu da, landa-ingurunean eta Birgaitze Integratuko Areetan etxebizitzak eskuratzeari lotu dakion.

Era berean, urteotan hartutako eskarmentua kontuan izanik, hainbat hobekuntza egin behar da aurreko aginduan, eta diru-laguntzen zenbatekoak nahiz salerosketa-prezioen mugak eguneratu behar dira.

Horiek horrela, eta 373/2005 Dekretuaren (azaroaren 15ekoa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) 5. artikuluan eta aipaturiko 315/2002 Dekretuaren (abenduaren 30ekoa, Babes Ofizialeko Etxebizitzen Erregimenari, eta Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Inguruko Finantza Neurriei buruzkoa) azken xedapenetako lehenengoan xedatutakoari jarraiki, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Honako hau da agindu honen xedea: 315/2002 Dekretuaren (abenduaren 30ekoa, Babes Ofizialeko Etxebizitzen Erregimenari, eta Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Inguruko Finantza Neurriei buruzkoa) 42. artikuluaren 1.b idatz-zatia garatzea. Jardun babesgarrien artean, babes publikoko etxebizitzak eta ohiko bizileku iraunkor gisa erabiltzeko etxebizitza libre erabiliak eskuratzea biltzen du.

2. artikulua.– Jardun babesgarriak.

Agindu honetan arauturiko finantza-neurriak honako jardun babestu hauetara bideratzen dira:

1.– Erregimen orokorreko eta erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitza erostera.

2.– Etxebizitza libre erabilia erostera.

3. artikulua.– Erregimen orokorreko eta erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitza erosteko finantza-neurriak.

1.– Lehen, bigarren eta ondorengo eskualdatzeetan, finantziazio kualifikatua eman ahal izango da erregimen orokorreko eta erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitza erosteko. Hain zuzen ere, hipoteka-mailegua emango da.

2.– Finantziazio kualifikatua lortzeko eskakizunak:

a) Erregimen orokorreko eta erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzaren onuraduna izateko ezarritako eskakizun guztiak eskatuko dira, indarrean dagoen araudiari jarraiki. Bigarren eta ondorengo eskualdaketetan, diru-sarrerak egiaztatzeko kontuan hartu beharreko zergaldia honako hau izango da: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena aurkezteko epea amaitutakoan, finantza-neurriak eskatutako egunaren aurreko zergaldia.

b) Kostu bidez etxebizitza bakarra eskuratzeko besterik ez da finantziazio kualifikatua lortuko, betiere etxebizitza hori ohiko bizileku iraunkor gisa erabiltzeko bada.

3.– Inor ezin izango da erregimen orokorreko eta erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko finantza-neurrien onuraduna izan azken hamar urteetan laguntza horien onuraduna izan bada.

4. artikulua.– Erregimen orokorreko eta erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitza erosteko maileguak.

1.– Maileguaren ezaugarriak.

a) Etxebizitzaren eta hari loturiko eranskinen salmenta-prezioa izango da maileguaren gehieneko zenbatekoa.

Erregimen orokorreko eta erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzari loturik ez dauden eranskinetarako, berriz, eranskin horien salmenta-prezioaren % 30eko mailegua emango da.

Garajeak eta/edo trastelekuak eskuratzen dituztenek ez dute finantziazio kualifikaturik jasoko, betiere eraikin, eraikuntza-unitate edo sustapen berean erregimen orokorreko edo erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzarik eskuratzen ez badute.

Eskatzailea beste etxebizitza baten titularra bada, Etxebizitza-premiari buruzko Aginduan ezarritakoari jarraiki, mailegu kualifikatuaren gehieneko zenbatekoa eskatutako finantza-neurrien xede den etxebizitzaren —eta, hala badagokio, haren eranskinen— prezioaren eta honako hauen arteko aldea izango da:

1.– hondamen-egoeran deklaratutako etxebizitzaren tasazio-balioa.

2.– desjabetze-espedientean erabakitako balio justuaren zenbatekoa.

3.– gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzen ez dituen etxebizitzaren tasazio-balioa.

4.– finantza-neurrien eskatzaileak jabetzan duen etxebizitzaren salmenta-prezioaren zenbatekoa, betiere eskatzaileen artean mugigarritasun urri iraunkorreko elbarria dela frogatzen duen bizikidetza-unitateko kideren bat baldin badago.

Etxebizitzaren jabari osoa eskuratzeko finantza-neurriak eskatzen direnean, betiere eskatzailea etxebizitza horren titularkidea bada, mailegu kualifikatuaren gehieneko zenbatekoa honako hau izango da: eskuratzen den etxebizitzaren —eta, hala badagokio, haren eranskinen— zatiaren salmenta-prezioa.

b) Maileguak honako kreditu-establezimendu hauekin hitzartuko dira: Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioarekin finantza-hitzarmen espezifikoa hitzartu duten eta, beraz, erakunde laguntzaileak diren kreditu-establezimenduekin.

c) Emango diren maileguen urteko hasierako interes-tasa efektiboa 250/2004 Dekretuan (abenduaren 14koa, Etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan kreditu-erakundeek eman ditzaketen mailegu kualifikatuen interes-tasa ezartzen duena) edo hura ordezten duen araudian ezarritakoa izango da.

d) Amortizazio-epea 20, 25, 30 edo 35 urtekoa izango da, 3 urteko aukerako gabealdia barne.

Amortizazio-kuoten ezaugarriak eta ordaintzeko modua 315/2002 Dekretuaren (abenduaren 30ekoa, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari, eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza neurriei buruzkoa) 44. artikuluan edo hura ordezten duen araudian ezarritakoak izango dira.

e) Mailegua hipoteka bidez bermatuko da, eta, hala badagokio, kreditu-establezimenduek mailegu-hartzaileari eskatzen dizkioten bermeen bidez.

2.– Subrogazioa edo zuzeneko mailegua.

1.– Eskuratzailearentzako mailegua zuzenean eman ahal izango da edo sustatzailearentzako mailegu kualifikatuaren hipoteka-kargaren ordainketan subrogatuta. Azken kasu horretan, kreditu-establezimenduek subrogatzeko baimena eskatuko diote Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioarekin hartarako izenpeturiko finantza-lankidetzarako hitzarmenean ezarritakoaren arabera.

2.– Subrogazio bidez eskuratzaileari mailegua emateak gabealdia eta aldi horri dagozkion interesen ordainketa eteten ditu, eraikuntza amaitutakoan eskuratzea salerosketako edo esleipeneko eskritura publikoaren bidez formalizatzen denean.

Subrogaturiko maileguen interes-tasa honako hau izango da: etxebizitza eskuratzailearen mailegurako baimena ematen denean indarrean dagoena.

Eskrituraren bidez, eskuratzaileak etxebizitzaren jabetza eskuratuko du, hipotekaren ondoriozko erantzukizunak barne, eta eskritura izenpetzen den egunetik hasi beharko du hipoteka-mailegua amortizatzen. Horretarako, kreditu-erakundeei eskrituraren berri emango zaie sustatzaileak ordaindu beharreko lehen kopiaren bidez.

Hipoteka Legearen 118. artikuluan xedatutakoari jarraiki eskuratzaileak hipoteka-erantzukizun horren subrogazioa ez ezik erantzukizun horren bidez bermaturiko obligazio pertsonalaren subrogazioa ere bere gain hartzen badu, obligazio horren subrogazioa hartuko du, kreditu-establezimenduak adostasuna ematen badu, esanbidez edo isilbidez.

3.– Mailegu kualifikatuak zuzenean emateko, honako eskakizun espezifiko hauek bete beharko dira:

a) Etxebizitzaren eskuratzailearen eta sustatzaile/saltzailearen arteko salerosketa-kontratua edo behar bezala ikus-onetsitako esleipen-dokumentua formalizatu izana.

b) Sustatzaile/saltzaileak etxebizitza bererako kreditu kualifikatua jasotzen duenean kreditu hori eskuratzailearentzako mailegua eman aurretik ezereztea.

c) Erregimen orokorreko eta erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzaren lehen eta bigarren edo ondorengo eskualdatzeetan, 6 hilabete ez igarotzea behin betiko kalifikazioa lortu denetik edo salerosketa-kontratua ikus-onetsi denetik —salerosketa-kontratua behin betiko kalifikazioaren ondorengoa bada— kreditu-erakundean mailegu kualifikatuaren eskaera formalizatu arte.

5. artikulua.– Etxebizitza libre erabilia erostea.

1.-Etxebizitza libre erabilia erosteko, itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak jaso ahal izango dira, betiere etxebizitza hori:

a) Agindu hau indarrean jartzen den egunean 3.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan baldin badago. Udalerri horien zerrenda agindu honen I. eranskinean bildu da.

b) 3.000 biztanle baino gehiago dituzten Birgaitze Integratuko Arearen batean (BIA) badago. Halakotzat hartuko dira hirigune historikoak eta esanbidez deklaratutako edo aintzat hartutako area degradatuak, betiere dagokion ebazpenean ezarritako muga zehatzak kontuan hartuta. Gaur egungo BIAk agindu honen II. eranskinean bildu dira. Agindu hau indarrean jarri ondoren birgaitze integratuko area gehiago deklaratzen edo aintzat hartzen badira, BIA berri horiek ere hartuko dituzte eraginpean agindu honetan aurreikusitako finantza-neurriek.

2.– Etxebizitza libre erabilitzat honako hau hartzen da: eskualdatzaile gisa sustatzaileaz bestelako pertsona bat duena edo, eskualdatzailea sustatzailea bera izanik ere, eraikuntza amaitu ondoren eta jabeak, gozamen-eskubide errealen titularrek edo erosteko aukerarik gabeko errentariek bi urteko epean etengabe erabili ondoren eskuratzen dena, betiere eskuratzailea adierazitako epean etxebizitza erabili duenaz bestelako pertsona bat bada.

Agindu honen ondorioetarako ez dira etxebizitza libre erabilitzat hartuko eskualdatzailea administrazio publiko edo administrazio instituzional bat denean, sozietate publikoak eta erakunde autonomoak edo aurrekoren bat partaide nagusitzat duten merkataritza-sozietateak barne.

3.– Itzuli beharrik gabeko diru-laguntza lortzeko baldintzak:

a) Erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzaren onuraduna izateko ezarritako eskakizun guztiak eskatuko dira, eta eskaeraren data hartuko da erreferentziatzat. Era berean, honako berezitasun hauek hartuko dira kontuan:

– Familia ugarien etxebizitza-gabezia egiaztatuta geratuko da etxebizitza bakarra bada eta etxebizitza horrek familia ugariko kide bakoitzeko gutxienez 15 m2-ko azalera erabilgarria ez badu. Kasu horretan, jatorrizko etxebizitza sailaren esku jarri beharko da, erregimen orokorreko eta erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzari buruzko araudian bilduriko baldintza orokorren arabera.

– Gutxienez urtean 3.000 euroko diru-sarrerak edukitzea frogatzeko eskatuko da.

b) Pertsona fisikoek ohiko bizileku iraunkor gisa erabiltzeko etxebizitza bakarra eta kostu bidez eskuratzeko edo eskatzailea titularretako bat den etxebizitzaren jabari osoa eskuratzeko soilik lortu ahal izango dituzte zuzeneko diru-laguntzak.

c) Tasazio-balioak eta gehieneko salmenta-prezioak:

Tasazio-balioa eta etxebizitzen nahiz haiei lotutako eranskinen salmenta-prezioa ezin izango dira honako zenbatekoetatik gorakoak izan:

– I. eranskinean aipaturiko udalerrietan: 1.985 euro/m2 erabilgarri, gehieneko prezioa 170.000,00 euro izanik.

– II. eranskinean aipaturiko areetan: 2.295 euro/m2 erabilgarri, gehieneko prezioa 210.335 euro izanik.

Etxebizitzari lotutako eranskinei dagokienez, salmenta-prezioa zein tasazio-balioa ezin izango dira ezein kasutan —eta edozein udalerritan daudela ere— zenbateko honetatik gorakoak izan: 536,00 euro/m2 erabilgarri.

Dagokion lurralde-ordezkaritzako zerbitzu teknikoek finkatuko dute tasazio-balioa; eskatzaileak, berriz, finantza-erakundeen tasazio-zerbitzuek edo horretarako sortutako erakunde espezializatuek egindako txostena aurkeztu beharko du, 2/1981 Legea (martxoaren 25ekoa, Hipoteka Merkatua Arautzen duena) garatzen duen martxoaren 17ko 685/1982 Errege Dekretuan adierazitakoari jarraiki. Lotutako eranskinak baldin baditu etxebizitzak, etxebizitzari eta eranskinei ezarritako balioak bereiziko ditu txostenak.

d) Etxebizitzari lotu gabeko eranskinak erosteko ez da itzuli beharrik gabeko diru-laguntzarik jasoko.

e) Ondare Urbanizatua eta Eraikia Birgaitzeko Jarduera Babestuei buruzko 317/2002 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako bizigarritasun-baldintzak betetzen ez dituzten etxebizitza libre erabiliak eskuratzeko diru-laguntzak ematea eskuratzaileak birgaitze-proiektua aurkeztearen baldintzapean geratuko da. Eskuratzaileak, horretarako, gehienez ere urtebeteko epea izango du, laguntzen emate-ebazpena ematen denetik kontatzen hasita. Proiektu horren gauzatzea ondare urbanizatu eta eraikiaren birgaitze-arloan ezarritako finantza-neurrien bitartez babestu ahal izango da.

Birgaitze-proiektu hori adierazitako epean ez aurkezteak edota obren amaierako ziurtagiria kontratua ikus-onetsi eta bi urteko epean ez aurkezteak jasotako onura ekonomiko guztiak itzuli beharra ekarriko du, dagozkien interesekin (indarrean dagoen legezko tasaren arabera).

f) Diru-laguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituzten etxebizitza libre erabilien azalera erabilgarria edozein izanik ere, etxebizitza libre erabilien edo haiei loturiko eranskinen azalera erabilgarriaren 90 m2-ko azalera eskuratzeko soilik emango da diru-laguntza, familia ugariek erosi beharreko etxebizitzetarako izan ezik. Kasu horretan, etxebizitzaren azalera erabilgarria 120 m2-koa izan daiteke, diruz laguntzeari dagokionez. Nolanahi ere, etxebizitzen salmenta-prezioak ezin izango ditu artikulu honen 3.c) idatz-zatian ezarritako gehieneko mugak gainditu.

Aurkeztutako dokumentuak bat ez badatoz, dagokion lurralde-ordezkaritzaren zerbitzu teknikoek balioetsitako txostenean adierazten den ziurtatutako azalera erabilgarria hartuko da kontuan etxebizitzen eta haiei lotutako eranskinen azalera finkatzeko.

4.– Hirigintzari dagokionez antolamenduz kanpoko gisa kalifikatuta (edozein modalitatetan dela ere) dauden etxebizitzak lortzeko eskaerek ez dute diru-laguntzarik jasoko, lurzoruari eta hiri-antolamenduari buruz indarrean dagoen araudian xedatutakoari jarraiki.

5.– Jasotako finantza-neurrien bidez eskuratzen diren etxebizitza libre erabiliak ezin izango dira inter vivos borondatez eskualdatu 10 urteko epean (salerosketa-eskritura publikoa formalizatzen den egunetik aurrera kontatzen hasita), aldez aurretik jasotako laguntza (itzultzen den unera eguneratua) eta horri dagozkion legezko interesak itzultzen ez bazaizkio Administrazioari. Horri dagokionez, ez da eskualdaketatzat hartuko honako kasu hauetan etxebizitza osoa titularkide bati esleitzea: ezkontza-banantzeen edo dibortzioen edo izatezko bikoteek harremana bertan behera uztearen eta lehen mailako odolkidetasuneko kideek bizikidetza-unitatea apurtzearen ondorioz.

6.– Diru-laguntzaren onuradunak, berriz, diru-laguntza emateko administrazio-ebazpena aurkeztu beharko du dagokion Jabetza Erregistroan; bertan, administrazio-dokumentu hori ikusi ondoren, hipoteka-legeriaren arabera bidezkoa den jabariaren erabilera-mugapenaren erregistro-idazpena egingo da.

7.– Diru-laguntza ematea dagokion administrazioak laguntzen emate-ebazpena Jabetza Erregistroan aurkeztu izana biltzen duen dokumentua jasotzen duenean, itzuli beharrik gabeko diru-laguntza ordaintzeko agindua emango da.

8.– Inor ezin izango da etxebizitza libre erabilia eskuratzeko finantza-neurrien onuraduna izan azken hamar urteetan finantza-laguntza horien onuraduna izan bada.

6. artikulua.– Etxebizitza libre erabilia erosteko itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen kopuruak.

1.– Itzuli beharrik gabeko diru-laguntzaren kopurua agindu honen 5. artikuluan adierazitako tasazio-balioaren arabera kalkulatuko da, salbu eta salmenta-prezioa baxuagoa bada, kasu horretan prezio horren arabera kalkulatuko baita. Ehunekoak honako hauek izango dira:

Oro har: % 5.

– Birgaitze Integratuko Areetan dauden etxebizitzen edo 35 urtetik beherakoez osatutako bizikidetza-unitateen kasuan: % 6.

– Familia ugarien kasuan: % 6, gehi 600 euro seme-alaba bakoitzeko (hirugarrenetik aurrera, hura barne).

Nolanahi ere, diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoak honako hauek izango dira, sarrera ponderatuen arabera:

Sarrera ponderatuak Gehieneko Kopurua, oro har Gehieneko kopurua, BIAetan dauden edo 35 urtetik beherakoen etxebizitzetarako Gehieneko kopurua familia ugarientzat

Gehienez 21.000 euro 7.935,00 euro 9.015,00 euro 10.098,00 euro

21.001etik 33.000 eurora 3.606,00 euro 4.329,00 euro 4.684,00 euro

2.– Eskatzaileek aurreko paragrafoan adierazitako hainbat ehunekoren onuradunak izateko beharrezkoak diren baldintzak betetzen badituzte, ehunekorik onuragarriena aplikatuko zaie soilik.

7. artikulua.– Espedientea izapidetzea.

1.– Finantza-neurriak emateko prozedura lurralde-ordezkaritzan eskaera eginez hasiko da. Eskaera horrekin batera, laguntzen onuraduna izateko bete beharreko baldintzak eta eskakizunak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuko da. Eskaera hori salerosketako eskritura publikoa formalizatu aurretik aurkeztu beharko da.

Aipaturiko eskaera lurralde historiko bakoitzaren lurralde-ordezkaritzetan hartarako duten eta interesdunei bertan emango dieten ereduaren arabera egin ahal izango da. Era berean, eredu hori Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren web orrian dago eskuragarri, etxebide.info atalean edo haren ordez ezartzen den atalean.

Nolanahi ere, egindako eskaera ebazteko organo eskudunaren iritziz beharrezkoa den beste edozein dokumentu eskatu ahal izango da.

2.– Eskabidearekin batera, salerosketa-kontratuak edo esleipen-dokumentuak aurkeztu beharko dira, eta, bertan, etxebizitzaren eskuratzaileak eta eskuratzailearen bizikidetza-unitateko guztiek ohiko bizileku iraunkor gisa erabiltzeko eta ematen zaienetik hiru hilabeteko epean bertan bizitzen hasteko konpromisoa hartzen dutela jasoaraziko da esanbidez eta nahitaezko klausula gisa. Gainera, bertan bizi direla egiaztatu beharko dute dagokion udal-ziurtagiriaren bidez. Egiaztagiri hori, berriz, adierazitako hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko da dagokion lurralde-ordezkaritzan. Era berean, agindu honen 5.5 artikuluan bildutako baldintza esanbidez jasoaraziko da, betiere nahitaezko klausula gisa. Betebehar horiek ez betetzeak jasotako laguntza galtzea eta, hala badagokio, kopurua itzuli beharra ekarriko du, betiere dagokion administrazio-espedientearen ondoren.

3.– Ez dira onartuko etxebizitza berbera eskuratzeko interesatuek aurkeztutako finantza-neurrien bigarren eskaerak edo hurrengoak.

4.– Aurkeztutako eskaeran lurralde-ordezkaritzak akatsen edo zehaztugabetasunen bat atzematen badu edo eskaeraren batera aurkeztu beharreko dokumenturen bat falta dela ikusten badu, horren berri emango dio eskatzaileari eta 10 eguneko epea emango dio akatsa zuzen dezan edo falta diren dokumentuak aurkez ditzan; era berean, hori egin ezean eskaerari uko egin diola adieraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 42. artikuluan aurreikusi bezala eman beharreko ebazpenaren bidez.

5.– Nolanahi ere, finantza-neurriak Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren dagokion lurralde historikoko Lurralde ordezkariak emandako administrazio-ebazpenaren bidez emango dira. Ebazpen hori gehienez ere sei hilabeteko epean emango da, eskaera osorik aurkezten denetik kontatzen hasita.

Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendariari, hilabeteko epean ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita.

Ebazpena emateko epea iragan eta interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskaera onartutzat emango da.

6.– Administrazio bidez onarturiko mailegua edo itzuli beharrik gabeko diru-laguntza jasotzeko, aldez aurretik eskritura publikoa egin beharko da. Era berean, mailegu eta diru-laguntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioarekin finantza-hitzarmen espezifikoa izenpetu duten kreditu-erakundeen bitartez bideratuko dira. Horretarako, honela jardungo da:

a) Erregimen orokorreko eta erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzen lehen eta bigarren edo ondorengo eskualdatzeetan, finantza-neurrien onuradunak laguntzen emate-ebazpena aurkeztu beharko du dagokion kreditu-establezimenduan 3 hilabeteko epean gehienez ere, behin betiko kalifikazioa ematen denetik edo salerosketa-kontratua ikus-onesten denetik (betiere behin betiko kalifikazioaren ondoren ikus-onesten bada) kontatzen hasita. Nolanahi ere, 4.3.c) artikuluan ezarritakoa hartuko da kontuan.

Era berean, onuradunak dagokion eskritura publikoa aurkeztu beharko du lurralde-ordezkaritzan, hiru hilabeteko epean, behin betiko kalifikazioa eman izana jakinarazten denetik edo salerosketa-kontratua ikus-onesten denetik (behin betiko kalifikazioaren ondoren ikus-onesten bada) kontatzen hasita.

b) Etxebizitza libre erabiliei dagokienez, finantza-neurrien onuradunak dagokion eskritura publikoa aurkeztu beharko du lurralde-ordezkaritzan, baita laguntzen emate-ebazpena Jabetza Erregistroan aurkeztu izanaren frogagiria ere, 3 hilabeteko epean, finantza-neurrien emate-ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita.

Finantza-neurriak eman dituen Administrazioak aipaturiko dokumentuak jaso ondoren, itzuli beharrik gabeko diru-laguntza ordaintzeko baimena emango da. Horretarako, laguntzak eskatu dituenak etxebizitzaren arloan EAEren Administrazioaren finantza-lankidetzarako hitzarmena izenpetu duten kreditu-establezimenduetako batera bertaratuko da, aipaturiko diru-laguntza kobratzeko izapideak egin diezazkion erakunde horrek.

7.– Eskritura publikoan adierazitako funtsezko daturen bat eskaeran edo salerosketa-kontratu pribatuan emandakoekin bat ez badator, onartutako laguntzak ezeztatu egingo dira.

8. artikulua.– Debekuak.

Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zehatuta dauden pertsona fisikoek ezin izango dute agindu honetan arauturiko laguntzen deialdian parte hartu, ezta hartarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) azken xedapenen arteko seigarrenean xedatutakoari jarraiki.

9. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako ematen den beste edozein laguntzarekin.

2.– Agindu honek xede dituen laguntzekin batera onuradunak bestelako laguntzak jasotzen baditu, laguntza guztien zenbatekoak ez du gaindituko diruz lagundutako jardunen kostua. Bestela, emandako laguntza dagokion kopuruan gutxituko da, aldez aurretik behar diren izapideak eginda.

10. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte beti:

a) Laguntza emateko ezarritako eskakizunak eta baldintzak betetzen dituztela justifikatzea.

b) Laguntza eman den xede jakinerako erabiltzea.

c) Laguntza eman duen erakundeari helburu bererako lortutako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiari, erakunde horiek beren eginkizunak betez eskatzen dieten informazioa ematea, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei dagokienez.

e) Laguntza eman duen erakundeari laguntza emateko kontuan hartutako edozein zirkunstantzia objektiboren zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea.

11. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Laguntza emateko kontuan harturiko edozein baldintzaren aldaketak —betiere laguntzaren helburua bete delakoan— edo administrazio publiko honek edo beste batek, edo beste erakunde publiko edo pribatuek emandako beste diru-laguntza edo laguntza batzuk aldi berean lortzeak laguntzen emate-ebazpena aldatu ahalko du.

12. artikulua.– Baldintzak ez betetzearen ondorioa.

Laguntzaren onuradunak agindu honetan bilduriko edozein baldintza eta eskakizun betetzen ez badu, edo azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuren batean baldin badago, emandako laguntzarako eskubidea galdu duela deklaratuko da (betiere aldez aurretik dagozkion administrazio-izapideak beteta), eta, hala badagokio, jasotako kopurua itzuli beharko du, diru-kopurua jaso zuenetik sortu diren atzerapen-interesak gehituta.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

1.– Urtero, ekitaldi bakoitzaren lehen hiru hilabeteen barruan eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindu bidez, etxebizitza libre erabilia eskuratzera bideratutako laguntzak finantzatzeko esleitutako kredituen zenbatekoa argitaratuko da "Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian".

2.– Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren barruan eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ezin izango du gainditu dagokion esleipena edo esleipen hori eguneratzearen ondoriozkoa, indarrean dagoen legeria aplikagarriari jarraiki aurrekontu-aldaketak onartzen direnean. Hortaz, ez da laguntza gehiagorik emango zenbateko hori agortu ondoren. Kreditua agortu izana "Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean" argitaratuko da Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindu bidez.

3.– Hala ere, 315/2002 Dekretuan (abenduaren 30ekoa, Babes Ofizialeko Etxebizitzen Erregimenari eta Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Inguruko Finantza Neurriei buruzkoa) eta agindu honetan bildutako erregulazioari jarraiki baiezkoa jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten eta baliabide ekonomikorik ez izateagatik soilik ezesten diren diru-laguntza lortzeko eskaerak hurrengo ekitaldi ekonomikoan ebatzi ahal izango dira, betiere eskatzaileak lurralde-ordezkaritzara idazki bat bidaltzen badu eta bertan eskaera baldintza berberetan mantentzeko asmoa adierazten badu.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu hau indarrean jartzen denean indargabetuta geratuko da bertan ezarritakoaren aurka dagoen maila bereko edo txikiagoko beste edozein xedapen eta, esanbidez, etxebizitza erosteko finantza-neurriei buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2003ko uztailaren 30eko Agindua (etxebizitza erosteko finantza-neurriei buruzkoa), agindu horren babesean sortutako egoerak salbuetsita.

Laguntzen eskaera agindu hau indarrean jarri baino lehen aurkeztu den kasuetan, aurreko araudiak ezarritakoaren arabera arautuko dira diru-laguntzei buruzko espedienteak.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko abenduaren 29a.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.

I. ERANSKINA / ANEXO I

3.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriak

Municipios con población inferior a 3.000 habitantes

ARABA/ÁLAVA

Alegría-Dulantzi

Añana

Aramaio

Armiñón

Arraia-Maeztu

Arrazua-Ubarrundia

Artziniega

Asparrena

Ayala

Baños de Ebro

Barrundia

Berantevilla

Bernedo

Campezo

Elburgo

Elciego

Elvillar

Valle de Arana

Iruña de Oca

Iruraiz-Gauna

Kripan

Kuartango

Labastida

Lagrán

Laguardia

Lanciego

Lantarón

Lapuebla de Labarca

Legutiano

Leza

Moreda de Álava

Navaridas

Okondo

Oyón-Oion

Peñacerrada-Urizaharra

Ribera Alta

Ribera Baja

Samaniego

San Millán

Urkabustaiz

Valdegovía

Villabuena de Álava

Yécora

Zalduondo

Zambrana

Zigoitia

Zuia

BIZKAIA

Ajangiz

Alonsotegi

Amoroto

Arakaldo

Arantzazu

Areatza

Arrankudiaga

Arratzu

Arrieta

Artea

Artzentales

Atxondo

Aulesti

Bakio

Barrika

Bedia

Berriatua

Busturia

Dima

Ea

Elantxobe

Ereño

Errigoiti

Etxebarria

Forua

Fruiz

Galdames

Gamiz-Fika

Garai

Gatika

Gautegiz Arteaga

Gizaburuaga

Gordexola

Ibarrangelu

Ispaster

Izurtza

Valle de Carranza

Kortezubi

Lanestosa

Larrabetzu

Laukiz

Lemoa

Lemoiz

Lezama

Loiu

Mallabia

Mañaria

Maruri-Jatabe

Mendata

Mendexa

Meñaka

Morga

Mundaka

Munitibar-Arbatzegi Gerrikaitz

Murueta

Muxika

Nabarniz

Orozko

Otxandio

Sopuerta

Sukarrieta

Trucios-Turtzioz

Ubide

Zaldibar

Zaratamo

Zeanuri

Zeberio

Zierbena

Ziortza-bolibar

GIPUZKOA

Abaltzisketa

Aduna

Aia

Aizarnazabal

Albiztur

Alegia

Alkiza

Altzaga

Altzo

Amezketa

Anoeta

Antzuola

Arama

Asteasu

Ataun

Baliarrain

Beizama

Belauntza

Berastegi

Berrobi

Bidegoian

Elduain

Elgeta

Errezil

Ezkio-itsaso

Gabiria

Gaintza

Gaztelu

Getaria

Hernialde

Idiazabal

Ikaztegieta

Irura

Itsasondo

Larraul

Leaburu

Legorreta

Leintz-gatzaga

Lizartza

Mendaro

Mutiloa

Olaberria

Orendain

Orexa

Ormaiztegi

Segura

Zaldibia

Zegama

Zerain

Zizurkil

II. ERANSKINA

Esanbidez deklaratutako edo aintzat hartutako Birgaitze Integraleko Areak (Hirigune Historikoak eta Area Degradatuak) eta 3.000 biztanletik gorako udalerriak

ARABA

Agurain (Hirigune Historikoa)

Harana (Hirigune Historikoa, Done Bikendi Harana)

Vitoria-Gasteiz (Hirigune Historikoa)

BIZKAIA

Hemen Elorrio eta Plentziako areak kendu eta Etxebarri sartu behar da (San Antonio auzoa)

Barakaldo (San Luis Auzoa)

Balmaseda (Hirigune Historikoa)

Bermeo (Hirigune Historikoa)

Berriz (Errotatxo Auzoa)

Bilbao (Hirigune Historikoa)

Bilbao (Zaharra)

Bilbao (Irala Auzoa)

Bilbao (Trenbideetako Langileen Etxeak/Zabala)

Bilbao (Artatzu Behekoa)

Durango (Hirigune Historikoa)

Ermua (Hirigune Historikoa)

Ermua (Gurpil Bideak eta Trenbidea)

Ermua (San Lorentzo Auzoa)

Etxebarri (San Antonio Auzoa)

Leioa (Lamiako-Txopoeta Auzoa)

Lekeitio (Hirigune Historikoa)

Urduña-Orduña (Hirigune Historikoa)

Portugalete (Hirigune Historikoa)

Sestao (Txabarri-El Sol Auzoa)

Trapagaran (Hirigune Historikoa, La Arboleda Auzoa)

GIPUZKOA

Andoain (Etxeberrieta Auzoa)

Aretxabaleta (Hirigune Historikoa)

Aretxabaleta (Bedarretako San Migel Auzoa)

Arrasate (Hirigune Historikoa eta Errebalak)

Arrasate (San Andres Auzoa, A-7 eta A-11 Areak)

Astigarraga (Hirigune Historikoa)

Azkoitia (Hirigune Historikoa)

Azpeitia (Hirigune Historikoa)

Bergara (Hirigune Historikoa)

Deba (Hirigune Historikoa)

Deba (Itziar, Hirigune Historikoa)

Donostia-San Sebastián (Hirigune Historikoa, Alde Zaharra)

Donostia-San Sebastián (Sagues Area)

Donostia-San Sebastián (Amara Zaharra Area)

Elgoibar (Hirigune Historikoa)

Elgoibar (Olasogain 1)

Elgoibar (Alzola Auzoa)

Errenteria (Hirigune Historikoa)

Errenteria (Gaztaño Auzoa)

Errenteria (Iztieta Auzoa)

Errenteria (Galtzaraborda Auzoa)

Eskoriatza (Hirigune Historikoa)

Hernani (Hirigune Historikoa)

Hondarribia (Hirigune Historikoa)

Irun (Hirigune Historikoa)

Legazpi (San Martin, San Inazio, Arantzazu, San Jose Auzoak)

Lezo (Hirigune Historikoa)

Mutriku (Hirigune Historikoa)

Oiartzun (Hirigune Historikoa, Elizalde Auzoa)

Oñati (Hirigune Historikoa)

Ordizia (Hirigune Historikoa)

Orio (Hirigune Historikoa)

Pasaia (Pablo Enea)

Pasaia (San Pedro eta Donibane, Hirigune Historikoa)

Pasaia (Trintxer-Azkuene)

Soraluze-Placencia de las Armas (Hirigune Historikoa)

Soraluze-Placencia de las Armas (Asilu, Altzuri, Zubia)

Soraluze-Placencia de las Armas (Loralde)

Soraluze-Placencia de las Armas (Ezozia-Gabolatz-Arraikua Area)

Tolosa (RC2)

Tolosa (RC5)

Tolosa (Hirigune Historikoa)

Urretxu (Hirigune Historikoa)

Zestoa (Hirigune Historikoa)

Zumaia (Hirigune Historikoa)


Azterketa dokumentala