Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

18. zk., 2007ko urtarrilaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
508

AGINDUA, 2006ko abenduaren 29koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, lehentasunez erregimen orokorreko zein erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratutako lurzoru-ondare publikoak osatzeko lurzorua kostu bidez eskuratzeari dagozkion lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa.

Babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari, eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren 42. artikuluan ezarritakoaren arabera babespeko jarduntzat hartzen da, etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko gaiari dagokionez, Administrazio Publikoaren mendekoak izango diren lurzoru-ondare publikoak osatzeko lurzorua kostu bidez eskuratzea, betiere lehentasunez babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratuta.

Halaber, 42. artikuluan ezartzen denez, jardun horren araudia etxebizitza-arloan eskumenak dituen sailburuaren aginduz garatuko da.

2002ko abenduaren 30eko aurreko Aginduak etxebizitza babesturako lurzoruari buruzko udal-ondareen arloan jardunak sustatzeko zenbait diru-laguntza erantsi zituen, esate baterako itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak eta mailegu kualifikatuen interes-tasak subsidiatzea.

Egia esan, neurri horiek harrera eskasa izan dute Euskadiko herrietan, neurri batean merkatuko interes-tasak jaitsi egin direlako eta baita jardun horiek gauzatzeko epe laburrean hirigintzarako garapenik izango ez duten lurrak erreserbatzeko baliabideak berehala ordaindu behar direlako.

Nolanahi ere, 2006-2009 Etxebizitza Bideratzeko Plan berriaren arabera, jardun horiek oso interesgarriak dira udalerrietan ondo antolaturiko hirigintza-garapena izateko eta Lurzoruari buruzko 2/2006 Legeak eskatzen dituen lurzoruaren inguruko udal-ondareen lurzoru eta etxebizitza merkatua arautzeko oinarrizko helburuak lortzeko.

Hortaz, finantza-neurrietan jardun horiek erakargarriago egingo dituzten aldaketak egitea eskatzen da, jardun horien kopurua haztea bultzatzeko.

Era berean, urte hauetan metatutako esperientziak aurreko agindua idazterakoan zenbait hobekuntza egin daitezen eskatzen du.

Azkenik, Lurzoruari buruzko 2/2006 Legeak egindako aldaketak bildu behar dira lurzoruaren udal-ondareen araudian.

Horren arabera eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 15eko 373/2005 Dekretuaren 5. artikuluak ezarritako ahalmenei jarraiki, honako, hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuak, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoak, 42.1.e eta 43.1.b artikuluetan ezarritakoa garatzea. Artikulu horiek udalen lurzoru-ondareak osatzeko lurzorua kostu bidez eskuratzeari buruzkoak dira, betiere lehentasunez erregimen orokorreko zein bereziko babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratuta.

2. artikulua.– Jardun finantzagarrien eremua.

Agindu honi dagokionez jardun finantzagarritzat hartuko da lehentasunez erregimen orokorreko zein erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratutako lurzoru-ondare publikoak osatzeko lurzorua kostu bidez eskuratzea. Agindu honi dagokionez babes ofizialeko etxebizitzak (erregimen orokorrekoak zein erregimen berezikoak) sustatzeko lehentasuna izatea honako hau da: udal-ondarearen mugapenetan bildutako etxebizitzetarako hirigintzako eraikigarritasunaren % 50 baino gehiago horretarako erabiltzea.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Aurreko artikuluan zerrendaturiko jardunen onuradunak honako hauek izango dira: Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko udalak, baita tokiko organismo publikoak eta udal-sozietate publikoak ere, udal interesdunaren aurretiazko baimena jaso ondoren.

2.– Onuradunei diru-laguntzak eta laguntzaK eman eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitazioan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.

3.– Ezin dute deialdi honetan parte hartu, diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin penalki edo administratiboki zigortuta dauden edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekua duten –Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoaren arabera sexua dela-eta bereizkeriak eragindako debekua barne– tokiko erakunde publikoek eta udal-sozietate publikoek.

4. artikulua.– Jardun finantzagarrien baldintzak.

1.– Jardunaren xede den lurzoruak ekainaren 30eko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 119. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera formalizatutako erreserbako lurren mugaketan barne hartzeko modukoa eta gerora urbanizatzeko prozesura biltzeko egokia izan beharko du.

2.– Onuradunak edozein titulu juridikoren bitartez eskuratu ahal izango ditu ondasun higiezin horiek, baita nahitaezko desjabetze bidez ere, eta hirigintza-erregimenari eta balorazioei buruz aplikatzekoa den araudian adierazitakoa zorrotz betez tasatuko dira. Hortaz, eskuratze-kostua ezin izango da inolaz ere handiagoa izan.

3.– Hala eta guztiz ere, onuradunak berak erosteko aukera badu, adierazitako mugaketa ez da izapidetu beharko.

4.– Nolanahi ere, Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzak, bere zerbitzu teknikoen txostenaren bidez, lurzorua urbanizatzeko prozesura biltzeko legezko aukera materiala adieraziko du. Alderdi hori egiaztatutzat joko da mugaketa horrek jatorria dagokion Lurraldearen Zatiko Planean edo babespeko etxebizitzetarako bizitegi-lurzoruaren Lurraldearen Arloko Planean jasotako zehaztapenetan duenean.

5.– Jardunaren xede den lurzoru-erreserbaren erabilera nagusia erregimen orokorreko eta erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzen sustapena izango da, hau da, udal-ondasunen mugaketan bildutako bizitegitarako hirigintza eraikigarritasunaren erabileretako % 50 gutxienez erregimen orokorreko eta bereziko babes ofizialeko etxebizitzen sutapenerako izatea.

6.– Laguntza horiek jasotzeko aukera izateko babeseko etxebizitzen sustapena lurrazal-eskubidea errespetatuz egin beharko da.

5. artikulua.– Laguntza motak.

Agindu honen babespean honako bi laguntza mota hauek jaso daitezke: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak erabat edo zati batean mailegu kualifikatuak eta obra-ziurtagirien deskontuko eragiketak subsidiatzea, eta, bestetik, zuzeneko diru-laguntzak.

6. artikulua.– Finantzaketaren erregimena.

A) Interes-tasak subsidiatzea:

1.– Eman beharreko finantzaketa Etxebizitza sailburuordearen ebazpen bidez zehaztuko da. Aldeko ebazpenaren jakinarazpena jaso ondoren onuradunak kreditu-erakundera jo ahal izango du, finantzaketa formalizatzeko.

2.– Onuradunek mailegu kualifikatuak eskatu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin lankidetza-hitzarmenak sinatu dituzten kreditu-erakundeetan. Mailegu horiek honako ezaugarri hauek izango dituzte:

a) Mailegu kualifikatuaren gehieneko zenbatekoak ezin izango du gainditu babes daitekeen jardunaren aurrekontuaren guztizko kostua, proiektuaren bideragarritasun tekniko eta finantzarioari buruzko txostenean jasotakoa.

b) Amortizaziorako aldien eta, hala badagokio, gabealdiaren arteko batura gehienez ere hamabi urtekoa izango da.

Hipoteka-mailegua aldez aurretik mugaeguneratuko da eta jasotako laguntza guztiak eta horiei legez dagozkien interesak itzuli beharko dira mailegu-hartzaileak kostu bidezko tituluaren bidez eskualdatzen badu finantzaketaren helburu den lurzorua aipatutako epe horiek amaitu baino lehen.

Hala ere, ez da aldez aurretik mugaeguneratuko, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eskualdatzea baimendu ondoren, lurzoruaren eskuratzailea maileguan eta subsidiazioan subrogatzen denean, horretarako Etxebizitzako sailburuordeak emandako ebazpen berriaren arabera, betiere eskuratzaile berria agindu honetako 3. artikuluan adierazitako baldintzen arabera laguntzen onuradun izan badaiteke. Halaber, emandako mailegua aldez aurretik mugaeguneratuko da mailegu-hartzaileak, bere kabuz edo beste sustatzaileren batekin hitzartuta, egindako etxebizitzen sustapenerako beste mailegu bat lortzen duenean.

c) Maileguek kreditu-erakunde mailegu-emaileek beharrezko irizten dituzten bermeak izango dituzte.

d) Kreditu-erakundeekin sinatutako finantza-hitzarmenari jarraiki administrazio-baimenean zehaztutako interes-tasa berariaz mota horretarako finkatutakoa izango da. Interes-tasa hori Eusko Jaurlaritzak berariazko dekretuen bidez ezarriko du.

e) Mailegua eskuratzeko zatiak mailegu-hartzaileak finkatutakoak izango dira eta kreditu-erakundeak libratuko ditu inbertsioaren garapenaren arabera.

f) Kapitalaren amortizazioa eta kreditu-erakundeen interesak bilduko dituzten kuotak konstanteak izango dira eta sei hilabetean behin sortuko dira, horiek ordaintzeko era edozein delarik ere.

4.– Subsidiatutako interes-tasa, urteko interes-tasa efektiboaren % 0 izango da eragiketaren onuradunarentzat, maileguaren iraunaldi osoan.

B) Zuzeneko diru-laguntzak:

1.– Agindu honen babespean, onuradunak gehienez ere artikulu honetako 2.a) idatz-zatian adierazten den aurreikusitako kostuaren % 25eko diru-laguntza jaso dezake.

2.– Diru-laguntzaren baldintza zehatzak Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Etxebizitza sailburuordearen ebazpenean bilduko dira. Bertan, laguntza horren zenbatekoa eta araudi honetan alderdientzat aurreikusitako berariazko konpromisoak zehaztuko dira.

7. artikulua.– Finantzaketa-neurriak lortu ahal izateko baldintzak.

Onuradunak lurrak erosteko aukeren titularra izan beharko du edo lurzoruaren jabetza lortzea ahalbidetuko dion beste edozein titulu eduki.

Desjabetzearen bidez eskuratzen denean, ezinbestekoa izango da Udaletxeak, dagokion pertsonaren bitartez, udalaren lurzoru-ondarerako erreserbako lurrak mugatzeko prozedura hasteko erabakia hartu izana.

8. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea, tokia eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskaerak Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzara bidali beharko dira. Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Erregistro Orokorrean aurkez daitezke edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak zehaztutako moduetakoren batean aurkeztuko dira.

2.– Eskaerarekin batera, 7. artikuluko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriez gain, honako hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Lurzoru urbanizagarri programatu gabea edo sektorizatu gabea edo bere babes bereziaren arabera urbanizatzeko prozesura biltzeko baztertu gabeko lurzoru urbanizaezina dela baieztatuko duen udal-ziurtagiria, betiere urbanizatu eta eraikitzeko prozesura biltzen denean lehentasunez babespeko etxebizitzak eraikitzera zuzentzen bada.

b) Egin nahi den babespeko jardunaren ezaugarriak jasotzen dituen txostena.

c) Jardunaren bideragarritasun teknikoa eta hirigintzakoa justifikatzen duen txostena. Bertan honako hauek adieraziko dira: lurzorua eskuratzeko kostuak eta urbanizatzeko balioespenarenak, eskuratzearen, urbanizatzearen eta eraikitzearen aldian aldiko programazio xehatua, erregimen orokorreko eta bereziko babes ofizialeko etxebizitzen eta aurreikusitako lurzoruaren gainerako erabileren salmenta-prezioa eta eragiketaren finantza-garapena.

d) Lurrak erosteko aukerak bere izenean edo lurzoruaren jabetza lortzea ahalbidetuko dion beste edozein titulu.

e) Mugaketa-prozedura hastea erabaki eta jendaurrean jartzen duen udal-erabakia.

f) Horrez gain, lurren jabetza eskuratzen duen eskatzaileak honako konpromiso hauek izenpetu beharko ditu:

– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 119. artikuluan adierazitakoari jarraiki, udalaren lurzoru-ondarerako erreserbako lurrak mugatzeko proiektua behin betiko onartzea Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak aldeko ebazpena ematen duenetik hasi eta sei hilabeteko epean.

– Udalbatzak aurreko proiektuari behin betiko onarpena emateko erabakia hartzen duenetik hasi eta hiru hilabeteko epean lurrak eskuratzen hastea.

– Adierazitako lurrak legez ahal bezain laster biltzea urbanizatzeko prozesura.

– Eskuratutako lurren gaineko lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideak, Jabetza Erregistroan erregistratu beharko direnak, Euskal Autonomia Erkidegoaren edo eskubideak lagako dizkion erakunde publikoaren alde ematea, honako era honetan:

a.– Lehentasunez erosteko eskubidea, hamar urtean indarrean egongo dena. Eskubide hori hirurogei egun naturaleko epean erabili ahal izango da, saltzaileak aurreko paragrafoan aipatutako lehentasunez erosteko eskubidearen titularrari etxebizitza saltzeko, eskainitako prezioa, eskualdatzearen funtsezko baldintzak eta lurra eskuratu nahi duenaren izena, helbidea eta egoera bilduko dituen jakinarazpen frogagarria helarazten dionetik hasita.

b.– Atzera eskuratzeko eskubidea, hamar urteko epekoa, Kode Zibilaren 1507 artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoari jarraiki, aurreko paragrafoan aurreikusitako jakinarazpena egin ez denean, bertan eskatutako edozein baldintza bete ez denean edo eskualdatzearen benetako balioa txikiagoa denean edo horren gainerako baldintzak kostu gutxiagokoak direnean.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoren bati eraikiko diren babespeko etxebizitzen sustapenak kokatuko diren lursailei dagokien azalera-eskubidea dohainik emateko konpromisoa, edo, udalak berak bere esku gordetzea azalera-eskubide hori.

3.– Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzak aurkeztutako eskaeran zerbait falta dela edo gaizki adierazita dagoela edo aurkeztu beharreko agiriren bat falta dela atzematen badu, eskatzaileari jakinaraziko eta 10 eguneko epea emango dio arazoa konpontzeko edo falta dena aurkezteko eta hori egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela adieraziko dio, ebazpena —Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritako moduan idatzi beharrekoa— eman ondoren.

9. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Agindu honetan araututako erregimenaren bidez laguntzak eskatzen direnetik eman arte ahalik eta denbora gutxien igarotzea nahi da; hori dela-eta, espedienteak osatzen diren hurrenkeran esleituko dira, lehiaketa-sistemarik erabili gabe.

2.– Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren barruan eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ezin izango du gainditu dagokion esleipena edo hori eguneratzearen ondoriozkoa, indarrean dagoen legeria aplikagarriari jarraiki aurrekontu-aldaketak onartzen direnean. Hortaz, ez da laguntza berririk emango zenbateko hori agortu ondoren. Kreditua agortu izana Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindu bidez.

3.– Hala ere, araudi honetan bildutako arautzeari jarraiki baiezkoa jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten eta baliabide ekonomikorik ez izateagatik soilik ezesten diren diru-laguntza lortzeko eskaerak hurrengo ekitaldian ebatzi ahal izango dira, betiere eskatzaileak Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzara idazki bat bidaltzen badu eta bertan eskaera baldintza berberetan mantentzeko asmoa adierazten badu.

4.– Urtero, ekitaldi bakoitzeko lehen hiru hilabeteen barruan eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindu bidez, diru-laguntzen linea honetara zuzendutako laguntzak finantzatzeko esleitutako kredituen zenbatekoa argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

10. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa eta eskaeren ebazpena.

1.– Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzari dagokio agindu honetan ezarritako laguntzak kudeatzea.

2.– Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzak txostena egin ondoren, Etxebizitza sailburuordeak, eskaera aurkezten denetik hasi eta gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskatu diren laguntzak esleitu edo ukatzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori interesdunei jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuari, ebazpena jakinarazi den egunetik hasi eta hilabeteko epean.

3.– Ebazpena emateko epea amaitu, eta interesdunari ez bazaio horren berri eman, laguntza-eskaera ukatu egin dela ulertu beharko da.

11. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Agindu honen babespean emango diren laguntzak honela ordainduko dira:

a) Interes-tasak subsidiatzekoak:

Laguntza hauek zuzenean ordainduko dizkio onuradunak finantzatutako mailegu-eragiketa edo banku-deskontua berarekin formalizatu duen kreditu erakundeari, kreditu-erakunde mailegu-emaileek aurkeztu beharko dituzten interesen subsidiazioen sei hileko likidazioen bitartez, etxebizitza eta lurzoruaren arloan babes daitezkeen jardunetarako EAEn lanean diharduten kreditu-erakundeekin izenpetutako finantza-hitzarmenean indarrean dagoen prozeduraren arabera.

b) Diru-laguntzak ematekoak:

Diru-laguntza hauek zuzenean ordainduko zaizkio onuradunari, Etxebizitza sailburuordearen ebazpenen bidez, emandako laguntza osoa libramendu bakar batean ordainduz, onuradunak lurzoruaren titulartasunaz gain, agindu honen 8.2. artikuluan adierazitako lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea egiaztatzen duen erregistroaren ziurtagiria aurkeztu ondoren.

Ordainketa horren zenbatekoa honela kalkulatuko da: aurkeztutako ziurtagirien bidez egiaztatutako gastuagatik emango den ehunekoa izango da laguntza emateko kontuan hartu den aurrekontua dela-eta emandako diru-laguntzaren portzentaje bera.

12. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak izango dira xede berarekin eman daitezkeen bestelako laguntzekin.

2.– Bestelako diru-laguntzarik jasoz gero, diru-laguntza guztien zenbateko osoak ezin izango du diruz lagundutako jardunen kostua gainditu. Bestela, bidezko izapideak egin ondoren, emandako diru-laguntza dagokion kopuruan gutxituko da.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek, betiere, honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako laguntza onartzea. Diru-laguntza eman izana iragartzen duen jakinarazpena jasotzen duten egunetik hasi eta hilabeteko epean erakunde onuradunek 8.f) artikuluan adierazitako konpromisoak onartzen dituztela berariaz adierazten ez badute, diru-laguntzari uko egin diotela ulertuko da.

b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea eta zehazki, lurzoruak diruz lagundutako jardunaren memorian adierazitako xederako erabiltzea.

c) Diru-laguntza emateko bete beharreko betekizunak eta baldintzak bete direla egiaztatzea.

d) Helburu berarekin diru-laguntza edo laguntzak, diru-sarrera edo baliabideak jaso badira erakunde emaileari horien berri ematea.

e) Diru-laguntza ematen duen erakundeari diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein zirkunstantzia objektiboren zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea.

f) Euren funtzioen jardunean Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen duten informazioa ematea, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzen inguruan.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza aldatzeak eta, hala badagokio, beste edozein erakunde publiko zein pribatuk emandako bestelako laguntzak aldi berean jasotzeak laguntza emateko ebazpena ere aldatzea ekar dezake, baldin eta haren xedea betetzat hartzen bada. Horretarako, Etxebizitza sailburuordeak aldaketa egiteko bidezko ebazpena emango du eta bertan, hala badagokio, emandako diru-laguntzen zenbatekoak doitu egingo dira.

15. artikulua.– Baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Agindu honetan adierazitako baldintzak eta eskakizunak betetzen ez badira, eta administrazio-izapideak eginda, eten egingo da emandako subsidiazioa eta, horrez gain, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak subsidiazio edo diru-laguntza gisa une horretara arte ordaindutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, ordaindu zirenetik sortutako interesekin batera.

Ondorioak berdinak izango dira hasieran ezarritako programazioa Euskal Autonomia Erkidegoaren baimenik gabe aldatzen denean edo programazio hori betetzerakoan atzeratzeak (justifikatutako arrazoiak daudenean izan ezik) agindu honen 8.2.f) artikuluan lurzorua eskuratzeko eta urbanizatzeko ezarritako epeak betetzea ezinezkoa izango dela erakusten duenean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu hau indarrean jartzen denean, indarrik gabe geratuko dira Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2002ko abenduaren 30eko Agindua, lehentasunez babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratutako lurzoru-ondare publikoak osatzeko lurzorua kostu bidez eskuratzeari buruzko lurzoruaren eta urbanizazioaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa, eta agindu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten xedapen guztiak, horien babespean sortutako egoerei aplikatzen jarraitu ahal izatea aparte utzi gabe.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko abenduaren 29a.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.


Azterketa dokumentala