Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

3. zk., 2007ko urtarrilaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
38

251/2006 DEKRETUA, abenduaren 12koa, Osalan, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko teknikariek enpresetan eta lantokietan segurtasun- eta osasun-baldintzak egiaztatzeko lanak egiteko gaikuntza- eta antolaketa-baldintzak eta prozedura arautzen dituena.

Laneko segurtasuna eta higienea zaintzeko konstituzio-agindua betez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarentzat lehentasunezkoa da langileei bizitzeko eta segurtasuna eta osasuna izateko eskubidea bermatzen dieten jardunak garatzea eta eskura dauden bitarteko guztiak gaur egun lanean gertatzen den ezbehar-kopuruari aurre egiteko erabiltzea.

54/2003 Legeak, laneko arriskuen prebentzioari buruzko arau-esparrua aldatzen duenak, beste betebehar batzuk ezartzen dizkie Erkidegoko administrazio publikoen menpe dauden eta laneko arriskuen prebentzioaren arloan zeregin teknikoak burutzen dituzten funtzionarioei, laneko arriskuen prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen gizarte-esparruko arau-hausteei eta zigorrei buruzko Legearen testu bateginean jasotzen dena azpimarratuz.

Arautegi hori garatzearren, ekainaren 10eko 689/2005 Errege Dekretuaren bidez bi erregelamendu aldatu dira, laneko arriskuen prebentzioan gaitutako teknikarien jarduera arautze aldera: bata, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamendua eta, bestea, gizarte-arloko arau-hausteengatik zigorrak ezartzeko prozedurak eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuoten espediente likidatzaileak arautzeko Erregelamendu Orokorra. Autonomia-erkidegoetako administrazioetan egiaztatze jarduerak burutzeko gaikuntza eskuratzen duten funtzionario publikoek, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin batera, gauzatu beharko dituzten egiaztatze lan horiek arautzea, horixe da aldaketa horren xedea.

Dekretu honek autonomia-erkidego honetan laneko arriskuen prebentzioaren arloan diharduten teknikarien gaikuntza arautzen du eta, era horretara, gorago aipatutako arautegia osatzen du.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 12.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, autonomia-erkidego honi dagokio lan arloko Estatuko legeria betearaztea. Eskumen hori eta laneko arriskuei aurrea hartzekoa Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari dagozkio, ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuaren 8. artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, hain zuzen ere, Dekretu horren bitartez sortu, desegin eta aldatzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak, eta Dekretu beraren bitartez zehazten baitira horien funtzioak eta jarduteko arloak. Era berean, Osalan, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzen duen abenduaren 21eko 7/1993 Legearen bidez, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari atxikita sortu zen erakunde autonomo hori, autonomia-erkidegoko botere publikoek lan-inguruari dagozkion berezko arriskuen arrazoiak errotik ezabatzeko edo murrizteko laneko segurtasun, higiene, ingurune eta osasunaren arloan ezartzen dituzten politikak kudeatze aldera.

Ondorioz, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko abenduaren 12an egin zuen bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honek abenduaren 12ko 54/2003 Legeak aldatu zuen azaroaren 8ko 31/1995 Legeko aurreikuspenak arautzen eta garatzen ditu, baita ekainaren 10eko 689/2005 Errege Dekretukoak ere, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin elkarlanean aritzeari dagozkionak, laneko arriskuen prebentzioaren arloan eginkizun teknikoak burutzen dituzten funtzionarioen gaikuntza eta horretarako baldintzak eta araubidea antolatzeko zereginen inguruko alderdietan.

2. artikulua.– Gaikuntzaren xedeak eta edukia.

1.– Osalan, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzen duen eta ekainaren 27ko 10/1997 Legeak aldatu zuen abenduaren 21eko 7/1993 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Osalanen xedea da autonomia-erkidegoko botere publikoek lan-inguruari dagozkion berezko arriskuen arrazoiak errotik ezabatzeko edo murrizteko laneko segurtasun, higiene, ingurune eta osasunaren arloan ezartzen dituzten politikak kudeatzea.

2.– Ondorio hauetarako, enpresetan eta lantokietan segurtasun- eta osasun-baldintzak egiaztatzeko lanetan Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin batera jardutea, horixe izango da Osalan, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundean gaitzen diren funtzionarioen zeregina.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden enpresetan eta lantokietan egin beharreko egiaztatze- eta kontrol-lanak segurtasunari eta osasunari lotutako lan-baldintza materialei eta teknikoei dagozkie, azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 9.3 artikuluarekin bat etorriz. Hona hemen baldintzok:

a) Lokalen eta instalazioen ezaugarriak, baita lantokian dauden ekipamenduen, erreminten, produktuen edo gaien ezaugarriak ere.

b) Lan-ingurunean dauden agente fisiko, kimiko eta biologikoen izaera eta kasuan kasuko intentsitateak, kontzentrazioak edo agerpen-mailak.

c) Aurretik aipatutako agenteak erabiltzeko prozedurak, betiere, langileen segurtasunerako edo osasunerako arriskuren bat badakarte.

d) Babes-ekipamenduen ezaugarriak eta erabilerak, nola taldearenak hala banakoenak.

e) Azterketa medikoak eta osasuna zaintzeko osasun-protokolo espezifikoekiko egokitzapena (protokolo horiek urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren bidez onartu zen prebentzio-zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 37.3.c artikuluan ezartzen dira).

f) Lanpostuak eskakizun ergonomikoetara egokitzea.

4.– Lankidetza-lan horretan, gaitutako teknikari funtzionarioek antzemandako gabeziak zuzentzeko eskatu ahal izango diote enpresaburuari, ekainaren 10eko 689/2005 Errege Dekretuko aurreikuspenekin bat etorriz.

3. artikulua.– Eginkizunak betetzea.

1.– Enpresetan eta lantokietan segurtasun- eta osasun-baldintzak egiaztatzeko lana Osalan, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakunde autonomoari atxikitako funtzionarioek egiten dute, zehatzago esanda, bakoitzak bere espezialitatearen arabera, laneko arriskuen prebentzioaren arloan zeregin teknikoak burutzen dituztenek.

2.– Dagokion gaikuntza eskuratu duten funtzionarioek egingo dituzte segurtasun- eta osasun-baldintzak egiaztatzeko lanak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-esparru osoko enpresetan eta lantokietan.

3.– Gaitutako teknikariek laneko arriskuen prebentzioa sustatzeko eta aholkularitza eta laguntza teknikoa, informazioa eta prestakuntza eskaintzeko lanak ere egin ditzakete, laneko arriskuen prebentzioko teknikari gisa hala baitagozkie.

II. KAPITULUA
GAIKUNTZA

4. artikulua.– Gaikuntza lortzeko baldintzak.

Enpresetan eta lantokietan dauden segurtasuneko eta osasuneko lan-baldintza materialak edo teknikoak egiaztatzeko lanak egiteko gaikuntza jaso ahal izateko, beharrezkoa da honako baldintzok betetzea:

a) Funtzionario publikoa izatea, A edo B taldeko kidegokoa izatea eta Osalan, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari atxikita egotea.

b) Urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak onartutako Prebentzio Zerbitzuei buruzko Erregelamenduari jarraituz, langileek onetsita dituzten eta erregelamenduan aipatzen diren prebentziozko espezialitateetan eta diziplinetan goi-mailako eginkizunak garatu ahal izateko, Erregelamenduaren 37. artikuluko 2. eta 3. paragrafoen araberako unibertsitateko titulazioa eta gutxieneko prestakuntza izatea, edo goi-mailako eginkizun horietarako baliozkotuta egotea, erregelamendu horretako bosgarren xedapen gehigarriarekin edo 1997ko ekainaren 27ko Aginduaren 12. artikuluarekin bat etorrita.

c) Arlo honetarako gaikuntza eskuratzeko berariaz ezarritako prestakuntza-ikastaro espezifikoa gaindituta izatea.

d) Osalanen laneko arriskuen prebentzioaren arloan eginkizun teknikoak burutzen gutxienez bi urteko esperientzia duela ziurtatzea.

5. artikulua.– Gaikuntza lortzeko prozedura.

1.– Osalan, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak gaikuntza-prozeduraren deialdia egingo du, 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten teknikariek parte hartu ahal izan dezaten. Deialdi horrek baloratu beharreko irizpideak arautuko ditu, baita gaikuntza eskuratzeko prozeduraren izapideak ere.

2.– Osalan, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak gaikuntza-prozeduran parte hartu duten teknikariak gaituko ditu, deialdian ezarritako irizpideekin bat etorriz.

3.– Salbuespen gisa eta interes orokorreko arrazoiak direla medio, Osalan, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak agindu-indarrez gaitu ahal izango ditu erakunde autonomo horretako teknikari jakin batzuk egiaztatze- eta kontrol-lanak egin ahal izan ditzaten.

4.– Halaber, Osalan, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak kasuan kasuko identifikazio-egiaztagiria edo -txartela emango du, dekretu honen eranskinean jasotako ereduaren arabera. Horrek gaikuntza ziurtatzeko balio du eta, bertan, "gaitutako teknikaria (azaroaren 8ko 31/1995 Legeko 9.2 eta 3 artikulua eta hamabosgarren xedapen gehigarria)" izendapena jasoko da. Segurtasun-baldintzak egiaztatu eta kontrolatzearren lantegietara eta lantokietara egiten diren bisitetan erakutsiko da agiri edo txartel hori.

6. artikulua.– Gaikuntzaren iraupena.

Gaikuntzak hasieran bi urteko iraupena izango du eta urtez urte luzatu ahal izango da. Luzapena aplikatzeko, beharrezkoa da gaitutako pertsonak Osalan, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari eskaera egitea, gaikuntzaren indarraldia amaitu baino, gutxienez, bi hilabete lehenago. Zuzendariak, gaikuntzarako beharrezko betekizunek, baldintzek eta gaitasunek bere horretan dirautela egiaztatu ondoren, dagokiona ebatziko du.

7. artikulua.– Ordainsaria.

Dekretu honetan araututako prozeduran gaitu diren teknikariek gaikuntza horri dagozkion eginkizunak burutzeagatik jasoko du ordainsaria, betiere, funtzio publikoaren arloko organo eskudunak ezartzen duenarekin bat etorriz.

8. artikulua.– Lanaldia eta lan-ordutegia.

Gaitutako teknikariek burutzen dituzten eginkizunek ezaugarri bereziak dituztela kontuan hartuta, lanaldia eta lan-ordutegia malguak izango dira, eskainitako zerbitzuak behar bezala ematen direla bermatze aldera.

9. artikulua.– Gaikuntza aldi baterako ezeztatzea eta etetea.

1.– Gaikuntza, nolanahi den ere, ezeztatu egingo da, baldin eta hori lortzeko beharrezko diren betekizunak eta gaitasuna desagertu edo aldatu badira, edo, bestela, Laneko eta Gizarte eta Segurantzako Ikuskatzailetzaren Antolaketari eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamenduaren 63. artikuluak ekainaren 10eko 689/2005 Errege Dekretuan jasotako idazketari jarraiki ezartzen dituen betebeharrak betetzen ez badira.

2.– Gaikuntza hori honako kasu hauetan ere galduko da:

a) Gaikuntzari esker gauza ditzakeen eginkizunak betetzean alderdiren bat bete ez bada edo zabarkeriaz jardun bada. Kasu honetan, kontuan hartuko da hutsegitea behin eta berriro egin ote den, larria ote den, kalterik eragin ote den edo aurretik beste eteterik egon ote den.

b) Gaitutako pertsonak modu arrazoituan gaikuntzari uko egiten badio.

c) Ezarritako indarraldia igaro bada.

d) Agintari eskudunak hala erabakitzen badu, behar bezala arrazoitu ondoren.

3.– Gaikuntza ezeztatzeko, Osalan, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak ebazpena eman behar du, interesdunari entzunaldia eskaini ondoren. Ezeztapen-ebazpena ematean, automatikoki itzuli behar da gaitutako teknikari gisa aritzea ahalbidetzen duen identifikazio-egiaztagiria edo -txartela.

10. artikulua.– Bateraezintasunak, abstentzioa eta errefusatzea.

1.– Gaitutako teknikariak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langileei dagokien bateraezintasunen araubidearen pean daude, Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean ezartzen denari jarraiki; beraz, ezin lagun diezaieke ikuskari-lanen pean dauden pertsona fisiko edo juridiko partikularrei, ezta horiek babestu ere.

2.– Gaitutako teknikariek ezin dezakete ez zuzeneko ez zeharkako interesik izan beren jardueraren xede diren enpresetan edo enpresa-taldeetan; horrez gainera, egiaztatze-jardueretan esku hartzeari uko egingo diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. artikuluko arrazoietakoren bat antzematen bada. Errefusatzea azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 29. artikuluarekin bat etorrita ebatzi behar da.

III. KAPITULUA
JARDUEREN PROGRAMAZIOA

11. artikulua.– Jardueren programazioa.

Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan eta lantokietan segurtasun- eta osasun-baldintza materialak edo teknikoak egiaztatu eta kontrolatzeko lanak egiteko gaitutako teknikarien jarduera Osalan, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak agintzen du, betiere, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzako Lurralde Batzordeak Euskal Autonomia Erkidegorako hartutako akordioen esparruan.

12. artikulua.– Bisita-liburuko izapideak.

Gaitutako teknikariek, lantoki bakoitzean egon behar duen bisita-liburuan, jardueraren izapideak adieraziko dituzte, zehazki, honako datu hauek jasota: izen-abizenak, gaitutako teknikaria den adierazpena eta sinadura.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Dekretu honetan aurreikusten ez denerako, ekainaren 10eko 689/2005 Errege Dekretua aplikatuko da.

Bigarrena.– Osalan, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren arau guztiak emateko.

Hirugarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2006ko abenduaren 12an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZCÁRRAGA RODERO.

ERANSKINA, ABENDUAREN 12ko 251/2006 DEKRETUARENA

Gaitutako teknikarien identifikazio-egiaztagiriari edo -txartelari lotutako argibideak.

Aurrealdea:

Izen-abizenak:

IFZ:

Ziurtagiri honen titularra Osalan, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko funtzionarioa da eta gaitutako teknikaria da, laneko arriskuen prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak, ekainaren 10eko 689/2005 Errege Dekretuak eta aplikatu beharreko gainerako xedapenek ematen dizkioten ahalmen eta eskumenekin.

Barakaldon, (e)ko aren (e)(a)n
Osalaneko zuzendari nagusia

Atzealdea:

Aplikagarri diren xedapenen laburpena:

Laneko arriskuen prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 9.2, 9.3 eta 43.3 artikuluak eta hamabosgarren xedapen gehigarria.

Gaitutako teknikari izaera duten funtzionarioek segurtasun- eta osasun-baldintzen inguruko aholkularitza, informazioa eta egiaztapena eskaintzen dituzte enpresetan eta lantokietan; errekerimenduak eta txostenak egiteko ahalmena dute. Egindako errekerimenduak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren bisita-liburuan jaso behar dira.

Otsailaren 4ko 138/2000 Errege Dekretuaren 61.1 eta 65. artikuluak, ekainaren 10eko 689/2005 Errege Dekretuaren idazketari jarraiki.

Gaitutako teknikariek, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren laguntzaile direnez gero, eskubidea dute egiaztatu beharreko enpresetan eta lantokietan trabarik gabe eta aurretik horren berri eman gabe sartzeko, bertan egoteko, probak egiteko eta egoki ikusten duten informazioa eskatzeko.

Gaitutako teknikariek, egiaztatze-lanak egiterakoan eragozpen edo oztoporen bat aurkitzen badute, antzemandako eragozpenaren berri emango dute prestatzen duen txostenean.

Maiatzaren 14ko 928/1998 Errege Dekretuaren 41. artikulua, ekainaren 10eko 689/2005 Errege Dekretuaren idazketari jarraiki.

Arau-hausteei buruz, 40. artikuluan ezarritako eskakizunei jarraituz, formalizatu diren aktek ziurtasun-presuntzioa izango dute, bertan jasotako gertakariei dagokienez. Gertakari horiek, ezarritakoari jarraiki, gaitutako teknikariek egindako txostenean jasota eta adierazita daudenekin bat etorri behar dute, aurkako frogarik aurkeztu ezean.


Azterketa dokumentala