Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2006ko uztailaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
3597

AGINDUA, 2006ko ekainaren 15ekoa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, substantzia arriskutsuek esku hartzen duten istripu larrien prebentzioarekin zerikusia duten dokumentazioari, ebaluazioari eta ikuskatzeei buruzkoa.

Substantzia arriskutsuek esku hartzen duten istripu larrien berezko arriskuak kontrolatzeko neurriak onartu zituen uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuak (1999-07-20ko BOE) 1996/82/EE Zuzentarauaren transposizioa ekarri zuen, aurrez ezarritako araudia aldatuz.

Enpresek horrelako istripuak prebenitzeko politikei dagokienez bete beharrekoak ezarri zituen Errege Dekretu horrek. Hala, enpresek segurtasun-txostena aurkeztu beharko diote eskumeneko administrazioari, establezimenduek izan dezaketen arriskuaren araberako dokumentazioa barne.

Otsailaren 20ko 34/2001 Dekretuak aipatutako Errege Dekretuari dagokionez Autonomia Erkidego honen eskumeneko organoak zein diren zehaztu zuen, eta Eusko Jaurlaritzaren sailek alor horretan zer eginkizun dituzten ezarri.

Irailaren 19ko 1196/2003 Errege Dekretua argitaratzearekin batera, babes zibileko oinarrizko jarraibide berria onartu zen, substantzia arriskutsuek esku hartzen duten istripu larrien arriskua kontrolatu eta planifikatzeko, eta, hori ez ezik, irizpide tekniko berriak ezarri ziren 1254/1999 Errege Dekretuaren eraginpeko establezimenduekin zerikusia duen dokumentazioari dagokionez. Orobat, otsailaren 4ko 119/2005 Errege Dekretuaren bitartez aipatutako Zuzentarauaren transposizioa aldatu izanak (2005-02-11ko BOE) eta 948/2005 Errege Dekretuaren bidezko 2003/105/EE Zuzentarauaren transposizio berriak (2005-07-30eko BOE) jarraibide berriaren alderdi batzuk zuzendu dituzte, eta jarraibidearen irizpide berriak ekarri.

Istripu larriei buruzko 886/1988 Errege Dekretuaren eraginpeko enpresek aurkeztu zuten dokumentazioa berraztertzeko epea 2006ko uztailaren 21ean amaitzen da, eta 1254/1999 Errege Dekretuaren 9. artikuluaren eraginpeko gainerako enpresetarako epea, berriz, 2007ko uztailaren 21ean. Hori aintzat hartuta, kontuan hartu beharreko irizpideak ezarri behar dira, eraginpeko industriek aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez.

Bestetik, egin beharreko azterketen konplexutasuna kontuan hartuta, komenigarria litzateke erakunde ebaluatzaileen esku-hartzea eskatzea, goi-mailaren eraginpeko enpresek aurkeztu beharreko segurtasun-txostenen egokitasun teknikoa egiaztatzeko.

Orobat, instalazioen ikuskatzeekin zerikusia duten egiaztatzeak zehaztu behar dira. Hala, istripu larriei buruzko araudia zenbateraino betetzen den egiaztatuko da, baita horrelako establezimenduak eraginpean hartzen dituzten industria-segurtasuneko bestelako araudiak zenbateraino betetzen diren ere.

Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Industriaren azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 2. artikuluan eta azken xedapenetariko bigarrenean, eta substantzia arriskutsuek esku hartzen duten istripu larrien berezko arriskuak kontrolatzeko neurriei dagokienez Autonomia Erkidegoaren eskumeneko organoak zein diren zehazten duen otsailaren 20ko 34/2001 Dekretuaren azken xedapen lehenean ezarritakoa betez, honako hau

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
ALDERDI OROKORRAK

1. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Substantzia arriskutsuek esku hartzen duten istripu larrien berezko arriskuak kontrolatzeko neurriak onartu zituen uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuan adierazitako dokumentazioa Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren dagokion lurralde bulegoan aurkeztuko da, eraginpeko instalazioaren kokalekuaren arabera.

Dokumentazio osoaren ale bat paperean aurkeztuko da, eta beste bat artxibo informatikoan.

2.– Eraginpeko establezimenduen titularrek segurtasuna kudeatzeko sistemari dagokion dokumentazioa eduki beharko dute eskura, istripu larriak prebenitzeko politika barne, eta dokumentazio hori egokituko dute, unean uneko aldaketen arabera.

3.– Uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren 6. artikuluan adierazitako jakinarazpena agindu honen eranskinean adierazitako dokumentuan egingo da.

4.– Aipatutako errege dekretua betetzen dela egiaztatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, eragin-mailaren arabera:

a) Goi-mailako eraginpeko establezimenduak (1254/1999 Errege Dekretuaren 9. artikulua):

– Substantzia arriskutsuen eraginpeko instalazioaren jakinarazpena.

– Autobabeserako plana (Barneko larrialdi-plana).

– Segurtasun-txostena.

– Arrisku-azterketa kuantitatiboa, eskatzen bada.

– Baimendutako erakundeak emandako segurtasun-txostenaren aldeko ebaluazio-irizpena.

% 1eko hilgarritasun-atalaseak establezimenduaren mugak gainditzen dituen eta elementu kaltebera bati eragin diezaiokeen establezimendu guztietan, arriskuen azterketa kuantitatiboa aurkeztu beharko da. Orobat, Lurralde Bulegoak azterketa hori eskatu ahal izango du, ingurunearen berariazko ezaugarrien, prozesuen, instalazioen edo substantzia arriskutsuen arabera, behar bezala justifikatzen bada.

b) Behe-mailaren eraginpeko establezimenduak (aurreko "a" atalean sartu ez direnak):

– Substantzia arriskutsuen eraginpeko instalazioaren jakinarazpena.

– Autobabeserako plana (Barneko larrialdi-plana).

4.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa osatzeko, substantzia arriskutsuek esku hartzen duten istripu larrien arriskua kontrolatu eta planifikatzeko babes zibileko oinarrizko jarraibideari buruzko irailaren 19ko 1196/2003 Errege Dekretuan ezarritako irizpideak baliatuko dira.

2. artikulua.– Establezimendu berriak.

1.– Uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuari jarraiki ezarri nahi diren establezimendu berriek aurreko artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, jarduerak hasi baino 6 hilabete lehenago.

2.– Jarduera hasi ondoko 6 hilabeteko epean, baimendutako kontrol-erakunde baten ikuskatze-txostena aurkeztu beharko dute, 7. artikuluan adierazitakoaren arabera.

3. artikulua.– Dauden establezimenduak aldatzea.

1.– Uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuari dagokionez, eraginpeko establezimenduei buruz aurkeztutako datuak edo arriskua aldatzen badira, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren dagokion Lurralde Bulegoari jakinaraziko zaio.

2.– Honako hauek jotzen dira aldaketatzat:

a) Goi-mailaren eraginpean dauden enpresek ekarritako eta onartutako "Kanpoko larrialdi-planetan" ageri diren datuak aldatzea, honako hauei dagokienez:

– Identifikazioa eta datu orokorrak (establezimenduaren izena, helbidea, jardueraren arduraduna eta harremanetan jartzeko moduak).

– Instalazio eta prozesuen deskribapena.

– Substantzia arriskutsuak biltegiratzea.

– Babesteko baliabide eta instalazioak.

– Enpresaren antolaketa (segurtasun-antolaketa).

– Planta-planoa (kokapen-planoa).

b) Uztailaren 29ko 948/2005 Errege Dekretuaren I. eranskinean adierazitako kategorien —948/2005 Errege Dekretuaren I. eranskinaren 2. zutabearen atalase-balioa gainditzen duten substantziak— multzo bereko substantzia bat edo substantzia batzuen batuketa haztatua % 25ean handitu edo murriztea.

c) Substantzia bat erabiltzerakoan, haren egoera fisikoa aldatzea, baldin eta, baldintza jakin batzuetan, substantzia horrek materia edo energia eska badezake, eta horrek istripu larriaren arriskua eragin.

3.– Honako hauek joko dira garrantzizko aldaketatzat:

a) Establezimenduaren eragin-maila aldatzea, behe-mailatik goi-mailara igarotzea, alegia.

b) Eraginpeko establezimenduetan dauden substantzien kantitateak handitzea, baldin eta:

– Handitutako kantitateak 948/2005 Errege Dekretuaren I. eranskinaren 2. zutabearen atalase-balioaren baliokideak edo handiagoak badira.

– 2. zutabearen atalase-balioei dagokienez, uztailaren 29ko 948/2005 Errege Dekretuaren I. eranskinean adierazitako kategorien multzo bereko substantzia batzuen handitutako kantitateen batuketa haztatua 1 edo 1etik gorakoa bada.

– 948/2005 Errege Dekretuaren I. eranskinaren 3. zutabearen atalase-balioa gainditzen duten handitutako kantitateak % 25etik gorakoak badira.

– 3. zutabearen atalase-balioei dagokienez, 2. zutabearen atalase-balioa gainditzen duten substantzia batzuen handitutako kantitateen batuketa haztatua 0,25 edo 0,25etik gorakoa bada.

c) Erasandako establezimenduetan substantzia berriak erabiltzea, 948/2005 Errege Dekretuaren I. eranskinaren 2. zutabearen atalase-balioa gainditzen duten kantitatetan.

d) Bakarka hartuta garrantzizkotzat jotzen ez badira ere, oro har hartuta aurreko baldintzak betetzen dituzten aldaketak.

4.– Honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Aldaketak garrantzizkoak badira, "1.4.a" edo "1.4.b" artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, establezimenduaren eragin-mailaren arabera.

Dokumentazioak aldatutako zatia bilduko du, eta aurrez aurkeztutako dokumentazioan zer atal aldatu diren adieraziko da.

Arriskuen azterketa kuantitatiboa ere aurkeztu beharko da, baldin eta aldaketaren eraginpeko tokietako baten % 1eko hilgarritasun-atalaseak establezimenduaren mugak gainditzen baditu, eta elementu kaltebera bati erasan badiezaioke.

b) Aldaketak garrantzizkotzat jotzen ez badira, nahikoa izango da egindako aldaketaren berri ematea.

5.– Hona hemen dokumentazioa aurkezteko epeak:

a) Establezimenduak aldatzea:

– Aldaketak garrantzizkotzat jotzen badira, ezarri baino 3 hilabete lehenago.

– Aldaketak garrantzizkotzat jotzen ez badira, ezarri baino hilabete 1 lehenago.

b) Establezimendu bat aldi baterako edo behin betiko ixten bada, horren berri eman beharko da, gehienez hilabete bateko epean ixtea gertatzen den unetik zenbatzen hasita.

4. artikulua.– Dokumentazioa berraztertzea.

1.– Establezimenduaren titularrak aldian behin berraztertuko du dokumentazioa une oro eguneratua egon dadin. Halaber, dokumentuen edizio berriak egingo ditu, baldin eta, aurreko artikuluaren arabera, aldaketak gertatu direla aintzat hartzeko zirkunstantziak gertatzen badira.

2.– Gainera, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak dokumentazio osoa edo horren zati bat berraztertzeko agindua eman ahal izango du, baldin eta instalazioak edo ingurunearen baldintzak aldatzen badira.

3.– Aurreko idatz-zatietan adierazitakoa alde batera utzita, dokumentuen berraztertzea aurkeztu beharko da, 1254/1999 Errege Dekretuak ezarritako gehienezko epeetan.

II. KAPITULUA
EBALUAZIOA

5. artikulua.– Segurtasun-txostenen ebaluazioa.

1.– 1254/1999 Errege Dekretuaren 9.4. artikuluaren arabera, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak baimendutako erakundeek ebaluatu beharko dituzte segurtasun-txostenak, baita, hala badagokio, arriskuen azterketa kuantitatiboak ere.

2.– Baimendutako erakunde ebaluatzaileak irizpen bat eman beharko du establezimenduak 1254/1999 Errege Dekretuari loturik aurkeztuko dion dokumentazioaren egokitasunari buruz.

6. artikulua.– Erakunde ebaluatzaileak.

1.– Erakunde ebaluatzaileek, baimenduak izateko, honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Europar Batasuneko edozein estatutan egoitza soziala izatea.

b) Profesionalen kopuru egokia izatea, ebaluazio-jarduera egiteko adinako gaitasun eta esperientziarekin. Horren haritik, establezimendu bati dagozkion dokumentuen ebaluazio osoa egiteko epeak hiru hilabete iraungo du gehienez, dokumentazio osoa aurkeztuko den unetik zenbatzen hasita.

c) Baliabide material egokiak eskura izatea, baita jarduera egiteko beharrezkoak diren informatika-euskarriak ere.

d) Erakunde ebaluatzaileetako zuzendari eta langileek ezin izango dute istripu larriei buruzko azterketarik edo proiekturik egin Autonomia Erkidego honetan kokatutako establezimenduentzat, ezta horrelako instalazioak gauzatzeko lanak zuzentzea ere. Orobat, ezin izango dute interes komertzialik, finantzariorik edo bestelakorik eduki, horrek eragin negatiboa izan baitezake ebaluazio objektiboak egiteko independentziako, inpartzialtasuneko eta osotasuneko irizpideetan.

2.– Autonomia Erkidego honetan erakunde ebaluatzailea izateko baimena eskatzeko, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dizkio Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzari:

a) Aurreko idatz-zatian adierazitako betebeharrak betetzen direla eta erakundeak alor horretan duen esperientzia zehaztuko duen memoria.

b) Profesional bakoitzaren curriculumaren berri —titulazio akademikoa, espezialitateak eta esperientzia— emango duen laburpen-fitxa.

c) Eskuragarri dauden baliabide materialen eta informatika-euskarrien zerrenda, horien guztien berariazko ezaugarrien berri emanez.

d) Langileek aurreko idatz-zatiaren d) puntuan adierazitako bateraezintasunak betetzen dituztelako deklarazioa.

e) Istripu larrien ebaluazioei dagokienez erakundeak edo langileek duten esperientziaren edo profesionaltasunaren berri ematen duen beste edozein dokumentu.

3.– Aurkeztutako dokumentazioa aintzat hartuta, Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzak beharrezko betebeharrak betetzeko egokitzat joko dituen egiaztatzeak egin ahal izango ditu.

4.– Emango diren baimenek 3 urteko balioa izango dute; nolanahi ere, epemugaren aurretik berritu ahal izango dira, beharrezko betebeharrak betetzen direla egiaztatuko duen dokumentazioa aurkeztu ondoren.

5.– Aurreko 1. idatz-zatian adierazitako betebeharrak aldatzen badira, baimendutako erakunde ebaluatzaileek eman beharko dute horren berri, c) puntuan adierazitakoa alde batera utzita.

Erakunde ebaluatzaileak adierazitako betebeharretako bat betetzen ez badu, ezin izango da jarduera horretan aritu.

III. KAPITULUA
IKUSKATZEAK

7. artikulua.– Establezimenduak ikuskatzea.

1.– Eraginpeko establezimenduek beren instalazioak ikuskatzeko eskaera egin beharko dute aldian behin, gehienez urtebeteko epean goi-mailaren eraginpean badaude, eta 3 urteko epean behe-mailaren eraginpean badaude. Egindako azken ikuskatzetik aurrera zenbatuko dira epe horiek.

Orobat, ikuskatze-txostenaren kopia aurkeztu beharko diote Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren dagokion Lurralde Bulegoari. Hala badagokio, detektatutako akatsak konpontzeko ezarriko diren neurri zuzentzaileak ere adieraziko dira.

2.– Abenduaren 28ko 2200/1995 Errege Dekretuaren arabera arau-alor horretan baimenduta dauden kontrol-erakundeek beren gain hartuko dute establezimenduen ikuskatzeen ardura.

Aurrekoa gorabehera, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak aukera izango du 1254/1999 Errege Dekretua betetzen dela egiaztatzeko beharrezkotzat joko dituen ikuskatze guztiak egiteko.

8. artikulua.– Ikuskatzearen norainokoa.

1.– Ikuskatzeetan egiaztatuko da 1254/1999 Errege Dekretuaren baldintzak betetzen diren, baita establezimenduari dagozkion industria-segurtasuneko araudiak betetzen diren ere.

Zehazkiago, honako hauek egiaztatuko dira:

a) Istripu larriak prebenitzeko beharrezko neurriak betetzea, honako hauei dagokienez:

– Istripu larriak prebenitzeko politika.

– Segurtasuna kudeatzeko sistema ezartzea.

– Substantzia arriskutsuak jakinaraztea.

– Aipatutako ekipo eta segurtasun-elementuen egoera.

b) Substantzia arriskutsuen instalazioekin zerikusia duten industria-segurtasuneko arautegien dokumentu-betetzea.

2.– Ikuskatzearen ondorio gisa, kontrol-erakundeak ikuskatze-txostena emango du, eta, bertan, aurreko idatz-zatian adierazitako betebeharrak betetzen direla adieraziko da, edo, hala badagokio, detektatutako ez-betetzeak.

Txostenean detektatutako akatsak eta akats horien kalifikazioa adieraziko dira, baita dagokion Lurralde Bulegoan akats horiek konpondu direla egiaztatzeko gehienezko epea ere. Orobat, beharrezkotzat joko diren oharrak adieraziko dira.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Dokumentazioa 1196/2003 Errege Dekretuaren irizpideei jarraiki aurkeztuko duten eraginpeko establezimenduek 6 hilabeteko epea izango dute segurtasun-txostenaren aldeko irizpena aurkezteko.

Bigarrena.– Dokumentazioa 1196/2003 Errege Dekretuaren irizpideei jarraiki aurkeztuko ez duten eraginpeko establezimenduek honako epe hauek izango dituzte dokumentazioaren berraztertzea aurkezteko:

a) Istripu larriei buruzko 886/1988 Errege Dekretuaren eraginpean egon ziren establezimenduek, 2007ko martxoaren 30ra arte.

b) 1254/1999 Errege Dekretuaren 9. artikuluaren eraginpeko gainerako establezimenduek, 2007ko abenduaren 31ra arte.

Hirugarrena.– Ikuskatzerik egin ez duten behe-mailaren eraginpeko establezimenduek 2007ko uztailaren 31 baino lehen egin beharko dute lehen ikuskatzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Kontsumo eta Industria Segurtasuneko zuzendariari eskumena ematen zaio agindu honetan aurreikusitakoa gauzatu eta aplikatzeko beharrezkotzat joko dituen jarraibide guztiak eman ditzan.

Bigarrena.– Xedapen hau indarrean hasiko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 30 egun igaro ostean.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko ekainaren 15a.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.

SUBSTANTZIA ARRISKUTSUEN ERAGINPEKO INSTALAZIOAREN JAKINARAZPENA
(ISTRIPU LARRIAK - 1254/1999, 119/2005 eta 948/2005 Errege Dekretuak)

Establezimenduaren titularraren datuak

Establezimenduaren izena		Erregistro Industrial. Zenbakia

Kokalekua	Helbide osoa:	Tel.– zk.

		Fax.– zk.:

		E-maila:

Jardueraren arduraduna (1)	Izena:	Kargua:

	Lokalizazio-helbide osoa:	Tel.– zk.:

		Fax.-z k.:

		E-maila:

	Lokalizazioa 24 h:

Helbide soziala	Helbide osoa:	Tel.– zk.:

		Fax.– zk.:

		E-maila:

(1) Establezimenduaren arduraduna istripu edo gertakizunetan jarduteko.

Kokalekuaren datuak

Jarduera		EJSN:

UTM koordenatuak

Kokalekuaren eremua&#9; <FONT FACE="Zapf Dingbats,Times New Roman" n Industriala&#9; <FONT FACE="Zapf Dingbats,Times New Roman" n Hirikoa&#9; <FONT FACE="Zapf Dingbats,Times New Roman" n Landakoa

Azalera osoa&#9;Orubeak (m2):&#9;&#9;Eraikinak (m2):

Eraikin mota&#9; <FONT FACE="Zapf Dingbats,Times New Roman" n Beste industria-eraik. ondoan dago&#9;<FONT FACE="Zapf Dingbats,Times New Roman" n Bakartua, beste eraik. &lt; 500 m-tara

&#9;<FONT FACE="Zapf Dingbats,Times New Roman" n Etxebizitzen ondoan dago&#9;&#9;<FONT FACE="Zapf Dingbats,Times New Roman" n Bakartua, beste eraik. &gt; 500 m-tara

Gertuko ingurunea

Kokalekuaren langileak&#9;– Plantilla osoa&#9;&#9;– Eraginpeko inst. lang. kop.:

&#9;– Txandako lang. kop.: &#9;&#9;– Eraginpeko inst. txandako lang. kop.:

Substantzia arriskutsuak (1)

Substantzia mota(2)&#9;NBE zk. eta CAS zk. (3)&#9; Substantziaren izena (4)&#9;Gehien. kant. &#9;Ratioa (6)

&#9;&#9;&#9;(tonak) (5)

&#9;&#9;&#9;&#9;2. Zut&#9;3. Zut

<FONT FACE="Zapf Dingbats,Times New Roman" <P ALIGN="JUSTIFY"> n Eranskinaren

1. zatia, edo

<FONT FACE="Zapf Dingbats,Times New Roman" <P ALIGN="JUSTIFY"> n Eranskinaren 2.

zatiaren kategoria:

– 1 Oso toxikoa

– 2 Toxikoa

– 3 Erregarria

– 4 Leherkorra (a)

– 5 Leherkorra (b)

– 6 Sukoia

– 7.a Oso sukoia

–7.b Oso likido sukoia

– 8 Izugarri

sukoia

– 9i R50

– 9ii R51 eta R53

– 10i R14 edo R14/15

– 10ii R29

&#9;Substantzien ratioa (7)

Toxikoak (kategoriak: 1, 2)&#9;2. zutabeari dagokionez:&#9; 3. zutabeari dagokionez:

Ekotoxikoak (9. kategoria)&#9;2. zutabeari dagokionez:&#9;3. zutabeari dagokionez:

Sukoiak (kategoriak. 3, 4, 5, 6, 7a, 7b, 8)&#9;2. zutabeari dagokionez:&#9;3. zutabeari dagokionez:

(1) &#9;2. zutabearen atalase-balioen % 2 gainditzen duten substantzia guztien (lehengaiak, bitarteko edo amaitutako produktuak, azpiproduktuak, hondakinak, edo kontrola galduz gero sor daitezkeenak) zerrenda.

(2) &#9;Adierazi:"1. zatia", I. eranskinaren zati horretan badago, edo 2. zatiaren substantziaren kategoria. 1. zatian sartu ez diren substantziei dagokienez, 2. zatian egonik aplika dakizkiekeen kategoria guztien erreferentziak adierazi beharko dira.

(3) &#9;NBE zenbakia: merkantzia arriskutsuen garraioari aplikatutako sailkapena. CAS zenbakia: "Chemical Abstract Service" zerbitzuaren erregistro-zenbakia, produktu bakoitza identifikatzeko balio duena.

(4) &#9;Substantziaren izendapen teknikoa.

(5) &#9;Egoerarik okerrenean egon daitekeen gehienezko kantitatea.

(6) &#9;qx/Qx balio haztatua (qx = substantzia arriskutsu baten gehienezko kantitatea, eta Qx = substantzia horrek 2. edo 3. zutabean duen atalase-kantitatea).

(7) &#9;I. eranskinaren atalase-balioetara iristen ez diren kantitateen batuketa haztatua: q1/Q1+ q2/Q2+... (q = substantzia arriskutsuaren gehienezko kantitatea, eta Q = 2. edo 3. zutabearen atalase-kantitatea).

Prozesu teknologikoen deskribapen laburra (1)

(1) 1254/1999 Errege Dekretuaren eraginpeko prozesuen deskribapena

Erantsitako dokumentazioa:

<FONT FACE="Zapf Dingbats,Times New Roman" <P ALIGN="JUSTIFY"> n Enpresaren edo establezimenduaren kokapen-planoa; gutxi gorabeherako eskala: 1:25.000 (1)

<FONT FACE="Zapf Dingbats,Times New Roman" <P ALIGN="JUSTIFY"> n Kokapen-planoa; gutxi gorabeherako eskala: 1:1.000 – 1:5.000 (2)

<FONT FACE="Zapf Dingbats,Times New Roman" <P ALIGN="JUSTIFY"> n Kokalekuaren planoa; gutxi gorabeherako eskala: 1:200

<FONT FACE="Zapf Dingbats,Times New Roman" <P ALIGN="JUSTIFY"> n Bestelako dokumentuak:

Oharra: Lauki batean edo bestean nahikoa tokirik ez badago, zenbakidun orri zuri osagarriak erabil daitezke.

(1) &#9;Kokapen planoan honako hauek zehaztu behar dira, betiere enpresa edo establezimenduaren lurren mugatik 2.000 metro baino gutxiagora badaude: establezimendurako sarbideak eta herriguneak, komunikazio-bideak, ur-korronteak eta baso-eremuak.

(2) &#9;Jarduerak eraikin bat baino gehiago biltzen baditu, establezimendu osoaren planoa ere aurkeztuko da. Hartan, biltegia eta enpresaren bestelako jarduerak zehaztuko dira, betiere jarduera nagusiaren mugetatik 500 metro baino gutxiagora badaude.

DEKLARAZIOA:

Uztailaren 16ko Errege Dekretuan eta haren ondorengo aldaketetan aurreikusitako ondorioetarako, orri hauetan adierazi diren datuak eta deskribatutako instalazioari dagozkionak berberak direla aitortzen dut.

&#9;, ……..ko ………........-aren ..............-(a)

Enpresaren edo establezimenduaren arduraduna

Sin.: &#9;

NAN: &#9;


Azterketa dokumentala