Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2006ko ekainaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
3361

AGINDUA, 2006ko maiatzaren 30ekoa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen lanpostuak zerbitzu-eginkizunen bitartez betetzeko prozedura arautzen duena.

Euskal herri administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzeko den urriaren 13ko 190/2004 Dekretuak bere X. kapituluan zerbitzu-eginkizunak arautzen ditu eta bere lehenengo, bigarren eta hirugarren xedapen gehigarrietan zehazten du horiek erabakitzeko zein den aplikatu beharreko arau-esparrua. 190/2004 Dekretuaren 1. artikuluan eta 4. xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta bere erakunde autonomoak izango dira agindu honen eraginpeko eremua eta berariaz salbuetsita geratzen dira Ertzaintzako langileak, irakasle diren funtzionarioak, osasun-erakundetako funtzionario eta estatutuetako langileak eta Justizia Administraziokoak.

Dena den, aipaturiko xedapen gehigarrien edukiak berez ez dakarte erabateko ezer berririk EAEko Administrazio Orokorraren eremuari dagokionez. Izan ere, Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan-baldintzak arautzeko Hitzarmenak, maiatzaren 2ko 74/2001 Dekretuak onartu zuenak, alegia, irudi horiek arautu zituen eta Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2002ko otsailaren 26ko Aginduak arautze hori garatu zuen eta ondorioz prozedurari eta materialei dagozkien nondik norakoak are gehiago zehaztu ziren.

Azken urteotako esperientziak erakutsi du hobekuntza sortu beharra dagoela baita prozeduraren inguruabar batzuk zehaztu eta zerbitzu-eginkizuni buruz aipaturiko arauen edukietako batzuk garatu ere.

Hain zuzen ere, bi zio hauengatik, alegia, Lanpostuak Betetzeko Araudia onartu ondoren arauak aldatu direlako eta halaber aipaturiko Aginduan ikusitako hobetu beharra dela eta, EAEko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen baitan arautze berri bati ekiteari dagokio.

Jokabide-elkarrizketa egituratua da erantzukizuneko lanpostuak hautatzeko xedez erabiltzen den teknika. Teknika hori aplikatzeak eskatzen du langileek prestakuntza espezializatua eduki dezatela, eta horretarako administrazioak gaikuntzarako hainbat ikastaro antolatu du. Agindu honetan langile horien ezaugarriak eta eginkizunak zehaztu dira.

Halaber, Ebaluaketa Batzordearen kideen ezaugarriak eta profilak aldatu dira nolabait bermatzeko Ebaluaketa Batzorde hori hautaketa tekniketan adituez nahiz deitutako lanposturako trebezietan eta ezagupenetan ere adituez osatuta egongo dela.

Agindu honetan prozedurari dagokionez beste gai batzuk ere zehaztu dira, hala nola: salbuespenak; deialdietako gutxieneko edukiak; zer eta nola alegatu eta egiaztatu; berdinketak hausteko irizpide berri gehiago; hizkuntzei buruz titulazioen artean dauden baliokidetasunak.

II. eta III. kapituluek bi irudi arautzen dituzte, egitasmoak martxan ipintzeko zerbitzu-eginkizunak eta eginkizunak behin-behinean esleitzea, alegia. Irudi horiek 2002ko otsailaren 26ko Aginduan sartuta ez zeuden eta Lanpostuak Betetzeko Araudiaren bigarren eta hirugarren xedapen gehigarrietan xedatzen dena garatzen dute.

Hori dela eta Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa den uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 6.1.a) artikuluari jarraituz, 190/2004 Dekretuaren 1. azken xedapenarekin bat etorriz eta langileen ordezkariekin negoziatu ondoren honako hau

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
HUTSIK DAUDELAKO EDO TITULARRA

EZ EGOTEAGATIK LANPOSTUAK ALDI BATERAKO BETETZEA

LEHENENGO ATALA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen lanpostuak zerbitzu-eginkizunen bitartez aldi baterako betetzeko, kapitulu honetan ezartzen den prozedurari jarraitu beharko zaio.

2. artikulua.– Eremu objektiboa.

1.– Sail edo erakunde autonomo bakoitzak du bere gain atxikita dituen lanpostuetan inork ez badihardu horiek aldi baterako betetzea egokia den ala ez erabakitzeko ardura.

2.– Sailek kapitulu honetan araututako deialdiaren bitartez ezinbestez hautatu beharko dute pertsona baldin eta honako baldintzak ageri badira:

a) Lanpostua urtebetez baino gehiagoz inork ez duela beteko aurreikusten bada.

b) Lanpostuak maila honetakoak izatea:

1) A taldekoentzat I, II eta III-A koadratze-mailak.

2) B taldekoentzat, II eta III koadratze-mailak.

3) C taldekoentzat, V koadratze-maila.

4) D taldekoentzat, VI koadratze-maila.

5) E taldekoentzat VII eta VIII-A koadratze-mailak.

6) Aurrekoak baino maila bat apalagoko berariazko osagarria daukaten lanpostu haiek, Bizkaian edo Gipuzkoan edo Arabako Lurralde Historikoan kokaturik badaude, Gasteizen kokaturik daudenak salbuetsita.

7) Talde bati baino gehiagori irekita dauden lanpostuetan erreferentziatzat beheko taldekoa hartuko da.

3.– Aurreko atalean aurreikusitako baldintzak ematen ez badira, sailek honako hau egin dezakete:

– Hain zuzen ere 2.b) atalean sartuta ez dauden lanpostuak aldi baterako betetzea agindu honetan jasotako aurreikuspenei jarraituz edo, ezarritako irizpideekin bat etorriz, hutsik geratuko dela espero den denbora edozein izanda ere.

– Baldin eta urtebete baino gutxiago inork beteko ez dituela aurreikusten bada, 2.b) atalean adierazitako mailetako lanpostuak aldi baterako betetzea edo kapitulu honetan arautzen den prozeduraren bidez, edo zerbitzu-eginkizunetan lanpostu horiek salbuespenez esleituz edo ezarritako irizpideen arabera lan-poltsetatik langileak hautatuz.

Beti Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak baimendu beharko ditu salbuespenezko esleipenak eta berorrek arrazoituta egon behar du. Hain zuzen, emango zaio lanpostuaren eskakizun guztiak betetzen dituen karrerako funtzionarioari, atal administratiboari atxikita egon dadinari edo lanpostuan jardunean lortutako esperientziaren ondorioz lanpostuaren eginkizunak egoki betetzeko gai den hari. Lanpostuak betetzen dituztelarik eginkizunak benetan betetzeko gai direnen artean interesaturik eta atalari atxikita funtzionario bat baino gehiago badago, eginkizun horiek betetzean esperientziarik handiena egiaztatzen duena izango da proposatuko dena.

3. artikulua.– Salbuespenak.

1.– Sailak hala proposatzen badu eta doakionaren adostasuna eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzaren baimena bitarteko, honako kasuak salbuetsi daitezke:

a) Osasun -arrazoiak bitarteko lanpostu jakin bati esleitzen bazaio funtzionarioak aldi baterako lanpostu bat betetzea. Lanpostu betetze hori hartarako ezar dadin prozedurarekin bat etorriz egingo da.

b) Zerbitzu-eginkizun batzuen esleipendunak horiei uko egiten dien kasua, betiere kapitulu honek zerbitzu-eginkizunen bitartez betetzeko aurreikusten duen prozeduraren ebazpenetik hiru hilabete baino gehiago igaro ez bada. Kasu horretan aukera egongo da aipaturiko prozesuan puntuaziorik onena lortu duen hurrengo izangaiari esleitzeko.

c) Bertako titularra edo lanpostua gordetzeko eskubidea duen funtzionarioa itzuli delako karrerako funtzionario batek zerbitzu-eginkizunak uzten baditu eta 3 hilabete igaro baino lehenago ez egote berri bat gertatzen da. Halako batean lanpostua utzi duenari berriro esleitu ahalko zaio.

d) Lanpostuaren ezaugarriengatik edo aurreko hautaketa-prozesuen emaitzengatik aurreikusten bada litekeena dela deialdia inori eman gabe geratzea Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak izango du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen lan-poltsetan sartuta dauden artean hautaketaegiteko ahalmena.

2.– Egin daitezen salbuespeneko baimenak langileen ordezkariei jakinaraziko zaizkie arrazoitzen dituzten zioak adieraziz.

4. artikulua.– Hutsik geratzen den lanpostua betetzea.

Prozedura honen bitartez hautatzen direnek hutsik uzten dituzten lanpostuak aldi baterako beteko dira kapitulu honetan ezartzen diren irizpideei jarraituz.

5. artikulua.– Irizpideak.

2. artikuluaren ondorioetarako, lanpostu hutsari aurreikusten zaion iraupena lanpostu hutsaren zergatiaren arabera zehaztuko da honako baldintza hauek kontuan hartuta:

a) Lanpostu hutsak betetzea: hautaketa-prozesu bat deituta badago, karrerako funtzio berriek jabetza har dezaten aurreikusten diren daten arabera.

b) Titularra denaren zerbitzu-eginkizunak: zerbitzu-eginkizunak ekarri dituen zergatiari aurreikusitako iraupena.

c) Aldi baterako ezintasuna, mediku-zerbitzuaren aurreikuspenekin bat etorriz.

d) Lizentziak eta baimenak: baimendutako aldirako.

e) Zerbitzu bereziak: ordezkatzen den funtzionarioaren agintaldi edo izendapenari aurreikusitako iraupena.

f) Familiarrak zaintzeagatiko lan-utzialdia: ordezkatzen den funtzionarioak eskatutakoaren arabera.

6. artikulua.– Eremu subjektiboa.

Lanpostuak zerbitzu-eginkizunetan aldi baterako betetzean parte hartu ahal izateko, karrerako funtzionario izan behar da eta deitutako lanpostuaren eskakizun guztiak bete gainera. Langile horiek halaber, deialdia argitaratzen den egunerako honako irizpideak bete beharko dituzte:

a) Jarduneko egoeran egotea edo bestela berekin lanpostua gordetzea dakarren edozeinetan egitekoez gabetua egotekoa salbu.

b) Deialdia argitaratzen den egunarekiko urtebetez lehenago zerbitzu-eginkizunetan izendapenik eduki ez izana.

Denboran ezarritako muga hori ez da aplikagarria izango honako kasu hauetan:

1.– Zerbitzu-eginkizunetan esleitutako lanpostua kendu bada edo lanpostu hori kentzeko prozedurari hasiera ema zaiolarik Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman badu.

2.– Titularra itzuli bada edo itzulketa horretarako izapideari hasiera eman zaionean.

3.– Funtzionarioa izendatu bada edo nahitaezko zerbitzu-eginkizunetan edo 3.1.c) artikuluan jasotako aurreikuspenari jarraituz emandako batean.

7. artikulua.– Bete gabeko deialdia.

Zerbitzu-eginkizunetako deialdia bete gabe geratuko balitz, lanpostua atxikita duen sailak aukera bikoitza du: alde batetik, aldi baterako bete dezake lanpostua bitarteko funtzionario bat izendatuz; eta bestetik, zerbitzu-eginkizunetarako beste deialdi bat atera dezake.

BIGARREN ATALA
PROZEDURA OROKORRA

8. artikulua.– Prozedura hastea.

Lanpostua zerbitzu-eginkizunen nahiz bitarteko funtzionarioen bidez aldi baterako betetzeko deialdia egiteko erabaki arrazoitua hartu eta gero, deituriko lanpostua atxikita duen sailean edo erakunde autonomoan langileei buruzko gaietan aginpidea duen organoak hasiera emango dio hartarako aurreikusita dagoen prozedurari.

9. artikulua.– Langileen ordezkariei jakinaraztea.

Langileen ordezkariei jakinaraziko zaizkie deialdiak.

Deialdi haietan non berez dakarten deitutako lanpostuak eskatutako gaitasunak jokabide-elkarrizketa egituratu baten bidez edo froga idatzi baten bitartez baloratzea, langileen ordezkariek bost eguneko epea izango dute egoki deritzen alegazioak egiteko. Gainerako deialdietan, alegazioak egiteko epea bi egunekoa izango da.

10. artikulua.– Deialdiaren edukia eta argitalpena.

Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Funtzio Publikoak aldeko txostenak eman ondoren, eta hala badagokio, langileen ordezkariek aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, deialdia iragartzeari ekingo zaio. Iragarki horrek beti jasoko du lanpostuaren izena, eta halaber lanpostu-zerrendetan ageri diren eskakizun administratiboak eta baita hautaketan balora daitezkeen osagaiak ere.

Iragarkiak argitaratuko dira sailek, lurralde ordezkaritzek eta erakunde autonomoek hartarako dauzkaten iragarki-tauletan eta halaber eskuragarri dauden baliabide telematikoetan.

Sailek bere menpeko lan-zentro guztietan iragarkiak ezagutarazteko ardura izango dute.

11. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdietan esku hartzeko eskabideak, iragarkia argitaratzen denetik kontatzen hasita bost egun balioduneko epean, zuzendu behar zaizkie deialdia egin duen sailean edo erakunde autonomoan langileen gaiei buruz eskumena duten zuzendaritzei.

Eskabide bezala erabil daiteke Aaindu honekin batera joango den I. eranskineko eredua, edo bestela bete daiteke baliabide telematiko eskuragarrien bidez.

Halaber, eskatzaileek deialdia egiten duen zerbitzu zuzendaritzara bidali beharko dituzte merituak egiaztatzeko berorren langileen erroldan egon ez daitezen agiri guztiak, 13. artikuluan ezarritako irizpideen arabera. Aipaturiko agiri horiek eskabideari erantsi beharko zaizkio edo baliabide telematikoak jaulkitako inprimakiaren kopiari bestela. Kasu horretan agiriak aurkezten diren egunaren data izango da eskabidea epe barruan aurkeztu den ala ez erabakitzeko hartuko dena.

2.– Deitutako lanpostua betetzeko eskakizunak betetzen dituzten eskatzaileak onartuko dira.

3.– Kanpoan geratzen diren eskatzaileei jakinaraziko zaie bai kanpoan geratu direla bai zergatik izan den.

12. artikulua.– Berariazko ezagutzak egiaztatzea.

Lanpostu-zerrendek lanpostua betetzeko baldintza bezala berariazko ezagutza batzuk ezartzen badituzte, deialdia egiten duen sailak ezagutza horiek egiaztatzeko froga bat egiteko eskatu ahal izango du. Dena den, salbuetsita geratzen dira hizkuntzak bezalako kasuak non ezagupenak egiaztatu behar diren beste erakunde batek nahitaez eman behar duen titulu edo ziurtagiri baten bitartez.

13. artikulua.– Merituak baloratzea.

1.– Bakarrik balora daitezke parte-hartzaileek adierazitako eta egiaztatutako merituak, administrazio honek dagoeneko bere kabuz aitortu dituenei uko egin gabe. Bakarrik balora daitezke deialdia argitaratu den egunera arte hobeturiko merituak.

2.– Agindu hau garatzeko arauetan ezarritako baremoei jarraituz, eskatzaile bakoitzak adierazitako merituak baloratuko dira, betiere lanpostuan jarduteko eskakizunak ez badira.

3.– Merituak honela adierazi eta egiaztatuko dira:

a) Administrazio honek aitortutako antzinatasuna ofizioz baloratuko da. EAEko Administrazio Orokorrak aitortzen ez duen antzinatasuna adierazi beharko da. Honelakoetan, eskaerarekin batera beteriko zerbitzuei buruzko jatorrizko ziurtagiria aurkeztuko da.

b) EAEko Administrazio Orokorrak aitortutako norberaren gradua ofizioz baloratuko da.

c) Balora daitezen nahi diren titulu ofizial guztiak alegatu behar dira. Bakarrik egiaztatu behar dira Langileen Erroldan ageri ez daitezen titulu ofizial haiek. Titulu ofizialak egiaztatu ahal izateko eskaerarekin batera alegatutako tituluaren kopia konpultsatua aurkeztuko da.

Unibertsitatetako berezko masterrak, diplomak eta tituluak direnean, haien balorazioa errazteko helburuz, tituluaren kopiarekin batera ikastaroaren eduki nagusia osatzen duten gaien aurkibide idatzia aurkeztuko da. Eskatzaileari informazio gehigarria eskatu ahalko zaio.

d) Balora daitezen nahi diren ikastaro guztiak alegatu behar dira. Oro har baloratu behar dira eta kasuan kasuko baremoan adierazitako puntuazioaz, erakunde publikoek edo aitorturiko ospeko erakundeek deitu edo homologatu dituzten hobekuntza ikastaroak, betiere lanpostuaren eginkizunekin zerikusirik badute eta bertan jarduteko interesgarriak izateaz gain hamar urteotan eginikoak badira.

Baloragarria den titulu bat lortzeko ikasketa programaren osagai diren hobekuntza-ikastaroak ez dira baloratuko.

Bakarrik egiaztatu behar dira Langileen Erroldan ageri ez daitezen hobekuntza-ikastaro haiek. Ikastaro horiek egiaztatuko dira ikastaroari buruzko ziurtagiriaren kopia konpultsatu baten bitartez. Kopia horrek ikastaroari buruz amaiera-eguna nahiz ordu kopurua adierazi beharko du. Eskatzaileari informazio gehigarria eskatu ahalko zaio.

Informatika-ikastaroak bakarrik baloratuko dira baldin eta deialdian agerian aipatzen badira.

e) Baloratua izan dadin azken hamar urteotan irakaskuntzan jardun izana alegatu eta egiaztatu behako da. Jardun hori egiaztatzeko ikastaroari buruzko ziurtagiriaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko da non adieraziko den ikastaroa noiz amaitu den eta eman den ordu kopurua. Horrez gain, adierazi beharko du, halaber, emandako ikastaroan eduki nagusia osatzen duten gaien aurkibide idatzi bat. Eskatzaileari informazio gehigarria eskatu ahalko zaio.

f) Ikerlana alegatu eta egiaztatu beharko da ikerlanak helburu dituen gaiak baloratzeko baliagarriak diren ziurtagirien eta dokumentuen kopia konpultsatuaren bitartez. Bakarrik baloratuko da azken hamar urteotan eginiko ikerlana. Eskatzaileari informazio gehigarria eskatu ahalko zaio.

g) Lanpostuan aritu izana ofizioz baloratuko da.

Bakarrik alegatuko da EAEko Administrazio Orokorrekoak ez diren lanpostuetan aritu izana. Esperientzia horrek deialdia argitaratu denetik azken bost (5) urteetan lortutakoa behar du izan. Honelakoetan, beteriko zerbitzuei buruzko jatorrizko ziurtagiriaz egiaztatuko da. Bete diren eginkizunak ageri beharko dira ziurtagiri horretan.

Lan-utzialdian emandako denbora ez da kontuan hartuko esperientzia bezala baloratzeko, seme-alabak eta familiarrak zaintzeko lan-utzialdi kasuetan salbu. Azken kasu honetan lanean aritutako azken lanpostuan zenbatuko da denbora.

h) Euskara. Administrazioak bere kabuz aintzat hartuko ditu Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak egiaztatu edo homologaturiko hizkuntza-eskakizunak.

Bakarrik aldez aurretik Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak homologatu ez baditu alegatu beharko du doakionak ikastaroak gainditu dituela edo jarraian adierazitako tituluen edo egiaztagirien jabea dela. Aipaturiko tituluak edo egiaztagiriak honako hauek dira:

– Hezkuntzako 1. HE.

– Hizkuntza Eskola Ofizialeko euskararen 4. maila.

– Hezkuntzako 2. HE.

– EGA eta horren ziurtagiri eta diploma baliokideak.

Bai Hizkuntza Eskola Ofizialak emandako ziurtagiriaz edo hizkuntza-eskakizuna egiazta dezan administrazioak emandakoaz, bai titulu edo diplomaren kopia konpultsatu baten bitartez egiaztatu beharko da.

i) Hizkuntzak. Alegatuko da bai Hizkuntza Eskola Ofizialeko ingeles, frantses edo/eta aleman hizkuntzen 3. eta 4. mailak gaindituta izatea baita beste titulu batzuk edukitzea ere, baldin eta jotzen bada titulu hauek aurrekoen baliokideak direla edo aipaturiko mailen pareko ezagutza eskatzen badute. Hizkuntza Eskola Ofizialeko jatorrizko ziurtagiriaz edo/eta tituluaren kopia konpultsatuaren bitartez egiaztatuko da.

Baita ere, zein prozesutatik eratorriak adieraziz maila horiek alegatu beharko dira baldin eta bai lekualdatzeko bai funtzio publikoan sartzeko bai lan-poltsak sortzeko helburuz EAEko Administrazio Orokorrak antolatu dituen probetan lorturikoak badira.

Gainera, titulu hauek ere baloratuko dira:

a) Ingeles, frantses, eta aleman filologian lizentziaturak baloratuko dira eta puntuaziorik handienarekin betiere horiek ez badira, hain zuzen ere, lehian parte hartzen ari diren kidegoan sartzeko eskatzen den titulazioa.

b) Honako titulu hauek hizkuntza eskola ofizialetako goi-zikloko gaitasun-agiriaren baliokidetzat hartuko dira:

b.1.– Ingelesa:

(1) Certificate of Proficiency in English, Cambridgeko Unibertsitatekoa.

(2) Passed Grade Twelve, Trinity Collegekoa.

(3) Higher Level, Oxfordeko Unibertsitatekoa.

(4) TOEFL ohiko azterketan 600 pultsazio baino handiagoko puntuazioak edo 250 ordenagailuaren bitartez eginiko azterketan.

b.2.– Frantsesa:

(1) Alliance Française-ren Diplôme d`Hautes Etudes Françaises.

(2) Diplôme Approfondi de Langue Française (DALF).

(3) Alliance Française-ren Diplôme Superieur Études.

(4) Alliance Française-ren Diplôme de Langue.

b.3.– Alemana (Goethe Institutuarena):

(1) Grosses Deutsches Sprachdiplom (GDS).

(2) Zentrale Oberstufenprufung (ZOP).

(3) Kleines Deutsches Sprachdiplom (KDS).

(4) Prüfung Wirtschaftsdeutsch.

c) Hizkuntza Eskola Ofizialeko 4. mailaren baliokidetzat honako titulu hauek hartuko dira:

c.1.– Ingelesa:

(1) Certificate in Advanced English – Cambridge.

(2) Trinity Collegeko Grade 11.

c.4.– Frantsesa:

(1) Diplôme d’Études en Langue Française (2. maila DELF).

(2) DL Diplome de Langue - Alliance Française (B2).

c.3.– Alemana: Zentrale Mittelstufenprüfung (ZMP) – Goethe Institutua.

d) Hizkuntza Eskola Ofizialeko 3. mailaren baliokidetzat honako titulu hauek hartuko dira:

d.1.– Ingelesa:

(1) First Certificate of English – Cambridge.

(2) Trinity Collegeko Grade 9.

(3) TOEFL. 310 baino handiagoko puntuazioak ohiko azterketan.

d.2.– Alemana:

(1) Zertifikat Deutsch für den Beruf – Goethe Institutua.

(2) Alemana: ZAP - Zertifikat Deutsch als Fremdsprache–Goethe Institutua.

d.3.– Frantsesa:

(1) Diplôme d’Études en Langue Française (2. maila DELF).

(2) Alliance Française-ren Certificat d’Études de Français pratique 2 (B1).

14. artikulua.– Hautaketa.

1.– Betiere hala dagokionean lanpostua betetzeko eskatzen den gutxienezko puntuazioa gainditzen badu, puntuaziorik handiena lortzen duen funtzionarioa hautatuko da. Halere hautaketa prozeduran zehar kapitulu honetan arautzen den prozeduraren bitartez aldi baterako beste lanpostu bat esleitu zaion funtzionarioa ezingo da hautatua izan esleipen berriak oraindik ere ondoriorik eduki ez baditu ere.

Hala ere, prozeduraren ebazpenaren ondoren lanpostuan zinez sartzeko ezintasuna duen hautagaia ez hartzeko aukera izango du sailak, nahiz eta hautagaien artean puntuaziorik gorena izan. Halakoetan puntuaziorik handiena duen hurrengoa hautatuko da.

2.– Hautatutako pertsona jarduneko ez den beste egoera batean badago, zerbitzu-eginkizunen esleipena bera itzultzeko baldintzapean geratuko da. Itzulketa hori berehala izan beharko da eta harekin batera zerbitzu-eginkizunak esleituko zaizkio. Hala jokatzen ez badu bere eskubidea gain behera etorriko da eta puntuaziorik handiena duten hurrengoa hautatuko da.

3.– Lanpostuak baldin badauka derrigorrezko 4. hizkuntza-eskakizuna eta eskatzaileen artean ez badago lanpostua betetzeko eskakizun guztiak dituenik, orduan 3. hizkuntza-eskakizuna duenetako bat hautatuko da.

Aurrekoaren kalterik gabe, baldin eta lanpostuak badira TG (Teknikari Gaitua) gakoaz identifikaturikoak, alegia, garatu beharreko zereginei eta eginkizunei dagokienez euskara bera berariazko eduki daukatenak, orduan lanpostu horietan ezingo da hautatu 4. hizkuntza-eskakizuna ez duen inor.

4.– Berdinketarik balego emakumezkoak lehenetsiko dira baldin eta dagokion kidegoan, aukeran edo eskalan eta koadratze-mailan emakumezkoen ehunekoa

% 40 baino txikiagoa bada. Beste edozein kasutan erabakitzeko, baremo desberdinen arabera adierazitako hurrenkerari jarraituz meritu bakoitzean lortutako puntuazioari begiratuko zaio. Berdinketak jarraituko balu, hurrenkera honen arabera honako irizpide hauek erabiliko dira: antzinatasun handiena karrerako funtzionario bezala doakionari parte hartzeko aukera eman dion kidegoan, antzinatasun handiena karrerako funtzionario bezala, antzinatasun handiena behin betiko azken lanpostuan eta antzinatasun handiena aministrazioan.

5.– Hautagai batek eskakizun guztiak betetzen baditu, lanpostua betetzeko eskatzen den gutxienezko puntuazioa barne, zerbitzu-eginkizunetako deialdia ezingo da bete gabetzat jo. Halere 15. artikuluaren 3. atalean ezarritakoa ere beteko da.

6.– Hautapen-proposamenaren alde edo, hala dagokionean, zerbitzu-eginkizunen deialdia bete gabe geratu delako adierazpenaren alde, Funtzio Publikoak eman beharko du bere oniritzia.

15. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.

1.– Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren, hamar eguneko epean eta langileen gaietan eskumena duen zuzendaritzaren ebazpenaren bitartez, hautatzen denari lanpostua esleituko zaio bertan aldi baterako jardun dezan edo deialdia bete gabe geratu adieraziko da, bestela.

2.– Ebazpen honetan sartuko da hautaketa-prozesuan hautagaiek jaso duten balorazioa. Parte hartzen ari diren guztiei jakinaraziko zaie eta prozedura amaitutzat joko da.

3.– Bai antolaketa-zergatiak direla eta, bai legezko arrazoiak, bai epaiak gauzatzetik eratorritako zioak direla eta, zerbitzu-eginkizunen bidez betetzeko asmoz deitua izan den lanpostu bati karrerako funtzionario bat aldi baterako esleitzea beharrezkoa bada, Funtzio Publikoaren Zuzendariaren ebazpenaren bidez indarrik gabe utzi liteke deialdia eta langileen ordezkariei jakinaraziko zaie.

Deialdia ezeztatzen duen ebazpena beti egin beharko da Funtzio Publikoaren Zuzendaritzaren txostena (14.6 artikuluan aipatutakoa) baino lehenago.

4.– Zerbitzu-eginkizunen bitartez lanpostuak betetzeko prozedurak langileen ordezkarien eskura egongo dira, eta ordezkari horiek badute ebazpenaren kopia lortzerik.

16. artikulua.– Harreman juridikoa.

Deialdia egin duen sailean edo erakunde autonomoan langile gaietan eskumena duen zuzendaritzaren ebazpenaren bitartez hauta dadin pertsona deitutako lanpostuari zerbitzu-eginkizunetan atxikiko zaio bertan jardun dezan. Aipaturiko ebazpenak funtzionarioa benetan lanpostuan hasten denetik aurrera ondorio ekonomikoak eta administratiboak izango ditu.

17. artikulua.– Indarraldia.

Euskal herri administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudiaren (urriaren 13ko 190/2004 Dekretuak onartutakoa) 49. artikuluan aurreikusitako baldintzetan, zerbitzu-eginkizunek bere indarrari eutsiko diote, baina dena den, edonoiz atzera botatzeko aukera dago. Azken kasu honetan espediente bat bideratu beharko da non ageri beharko diren atzera botatze hori ekarri duten zioak baita, hala dagokionean, doakionaren alegazioak ere.

HIRUGARREN ATALA
ZERBITZU-EGINKIZUNETARAKO BERARIAZKO

PROZEDURA I ETA II KOADRE MAILETAKO A EDO

A/AB TALDEKO LANPOSTUETARAKO

18. artikulua.– Ebaluatzeko Batzordea.

Ebaluatzeko batzorde batek baloratuko ditu merituak. Hartarako, deialdia egin duen saileko edo erakundeko zerbitzu zuzendariak izendatuko du aipatutako ebaluatzeko batzordea. Izendatzeko garaian, batzordekideak egokiak eta gaituak izan daitezen zaindu beharko da. Batzordearen kideak honako hauek izango dira:

Batzordeburua: lanpostua atxikita duen zuzendaritzaren ordezkari bat.

Kidea: deialdia egin duen sailak edo erakundeak izendaturiko ordezkari bat, beti deitutako lanpostuan aditua izan beharko dena.

Kidea: Funtzio Publikoaren Sailburuordetzak izendatutako ordezkari bat.

Idazkaria, elkarrizketa bat egiteko eskatzen duten deialdietan sailak izendatutako kidea izango dena, eta proba eskatzen duten deialdietan, ordea, Funtzio Publikoaren Sailburuordetzak izendatutako kidea.

Idazkari ari denak botoaz eta hitzaz jardungo du. Edonola ere, bere eginkizunetan jarduteko laguntza bat izango du, deialdia egin duen saileko zerbitzu zuzendaritzarena, alegia.

19. artikulua.– Ebaluatzeko Batzordearen bilera.

Prozedurari hasiera emateko erabakia hartu eta gero, sailak ebaluatzeko batzordeari deia egingo dio eta beronek, deitutako lanpostua aztertu ondoren, deialdiaren oinarriak taxutzeko bilera bat egingo du.

20. artikulua.– Deialdiaren iragarkia.

10. artikuluan xedatutakoaz gain, deialdiaren iragarkian honako hauek sartuko dira: ebaluatzeko batzordeko kideen izen-izendapena; jakintza-arloak; lanpostuan jarduteko xedea eta egitekoak eta, hala badagokio, proba edo egitasmoaren ezaugarriak, hori guztia hurrengo artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

21. artikulua.– Elkarrizketa eta proba edo egitasmoa egitea.

1.– Baldin eta lanpostuen deialdiek berez eskatzen badute jokabide-elkarrizketa egituratua egiteko, hautagaiei jakinaraziko zaie zein egunetan eta zein ordutan izango den. Jakinarazpen hori gutxienez hiru egun natural lehenago egin beharko da.

2.– Berez egitasmo bat aurkezteko eskatzen duten deialdietan behinik behin ageri beharko dira egitasmoaren edukia (garatu beharreko zatiak), eta baloratzeko irizpideak (ezagupen eta trebetasun baloragarriak). Aurkezteko aurreikusten den aldia ere zehaztuko da.

Batzordeak proba bat egitea erabaki badu deialdian honako hauek zehaztuko dira: hala badagokio, probaren jakintza-arloak, erreferentziako bibliografia, proba-mota (testak, kasuei erantzuna ematea, gai bat garatzea, eta abar…), proban materialik erabilgarri dagoen ala ez.

Bi kasuotan hautagaiei jakinaraziko zaie zein egunetan eta zein ordutan egingo den proba edo, hala badagokio, beren egitasmoaren defentsa. Jakinarazpen hori egin behar da gutxienez hiru egun natural lehenago.

3.– Egin beharreko elkarrizketan, proban edo egitasmoan lanpostuan egoki jarduteko behar diren gaitasunak baloratuko dira. Elkarrizketa eta probak ezarritako baremoaren arabera balioetsiko dira.

22. artikulua.– Elkarrizketariak.

1.– Elkarrizketariak dira, hain zuzen ere, lanpostuak aldi baterako betetzeko prozeduretan baloratzeko organoetan Funtzio Publikoaren Sailburuordetzaren ordezkari gisa dihardutela, Jokabide-elkarrizketa egituratuak egiten dituztenak.

2.– Jokabide-elkarrizketa egituratu gaian IVAPek antolaturiko edo homologaturiko ikastaro bat gainditu dutenak bakarrik sartu ahal izango dira izendagaien zerrendetan.

3.– Betetzen ari diren lanpostuagatik egoki dakien atxikipen organikoaren kalterik gabe, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzaren menpeko funtzionalaz dihardute elkarrizketariek eginkizun hauek garatzen dituztenean.

4.– Elkarrizketarien eginkizunak.

Elkarrizketarien eginkizunak honako hauek dira:

a) Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak erabakitako metodologiaren bidez lanpostuan egoki jarduteko ezagupenei eta trebetasunei buruzko argibideak adituengandik biltzea.

b) Lanpostuak zein dimentsio garrantzitsu daukan zehaztea.

c) Elkarrizketa eta ebaluatzeko irizpideak diseinatzea.

d) Ebaluatzeko irizpideak Batzordeko gainerako kideei azaldu baita irizpide horietan prestatu ere.

e) Elkarrizketak egin eta ebaluatzea.

f) Baliagarritasun eta fidagarritasunari buruz ezarritako adierazleak lortzea.

g) Elkarrizketen grabaketak Funtzio Publikoaren Zuzendaritzara bidaltzea eta halaber elkarrizketa diseinatu eta ebaluatzeko xedez bildu eta presta daitezen datuak hartarako prestatutako datu basean sartzea: gertakari kritikoak, dimentsioak, galderak, ainguratzeak.

5.– Izangaiek emandako informazioa erabiltzeari eta gordaileatzari dagokienez, datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren aurreikuspenen menpe jardun beharko du Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak.

23. artikulua.– Hautagaien hautaketa.

Ezarritako baremoaren arabera balorazio-aldia amaitu ondoren ebaluatzeko batzordeak elkarrizketan, edo hartarako izandako proban eskatzen zen % 50eko puntuazioa lortu dutenen artean hautagai bat proposatuko dio deialdia egin duen organoari. Batzordeko kide bakoitzak emandako puntuaketetan handien eta txikienaren artean dagoen aldea % 25ekoa baino handiagoa bada, batzordeak egin den balorazioa ikuskatu beharko du aldea % 25 baino txikiagoa izan arte.

Berdinketarik balego, agindu honen 14.4 artikuluan ezarritako irizpidetara joko da berdinketa hausteko.

Eskakizunak edo/eta gutxieneko puntuazioa betetzen duen eskatzailerik ez badago, ebaluaketa batzordeak deialdia bete gabetzat jotzea proposatuko du.

II. KAPITULUA
EGITASMOAK MARTXAN IPINTZEKO ALDI BATERAKO BETETZEA

24. artikulua.– Eremua.

Kapitulu honetan ezarritakoarekin bat etorriz esleituko dira jarduteko ildo berriak, planak edo egitasmoak martxan ipintzeko laguntza eman dezaten eginkizunak betetzeko beharrezko langileak.

25. artikulua.– Prozedura.

1.– Planek edo egitasmoek eskatuko dute lehenago Jaurlaritzaren Kontseiluak oniritzia eman dezala. Onartu aurretik, sailak Aurrekontu Zuzendaritzaren eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzaren aldeko txostena eskatuko du, non, eginkizunen izaera aztertu ondoren, ordainsariak eta betetzeko eskakizunak zehaztuko baitira. Txosten horiek lotesle-izaera izango dute. Halaber, langileen ordezkariei helaraziko zaie.

2.– Langileak, oro har, agindu honetan aurreikusitako prozedurarekin bat etorriz esleituko dira.

3.– Aurreko paragrafoan ezarritako gorabehera, sailak hala proposatzen badu eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren, egitasmoaren erredaktoreak zuzentzeko interesa duen kasuetan, aipaturiko eginkizunak egitasmoaren arduradunari esleitu ahal zaizkio.

4.– Eginkizun hauetan jardun dezaten karrerako funtzionarioak esleitzeko, funtzionario horiek zerbitzu-eginkizunetan izendatuko dira.

Agindutako eginkizunak amaitu arte iraungo dute zerbitzu-eginkizunek, gehienez bi urtebeteko muga dutelarik. Zerbitzu-eginkizun horien luzapena behin batez eta gehienez bi urtebetez onar daiteke eta hartako, luzapena zuritzeko memoria bat prestatuko da baita langileen ordezkariei ezagutarazi ere.

5.– Agindutako eginkizunetan jarduteagatik, egitasmoa onartzeko helburuz Jaurlaritzaren Kontseiluak har dezan akordioan ezar ditzanak, izango dira, hain zuzen ere, karrerako funtzionarioek jasoko dituzten ordainsariak.

III. KAPITULUA
EGINKIZUNAK BEHIN-BEHINEAN ESLEITZEA

26. artikulua.– Eremua.

Egoerak hala saihesten duelako bere gain hartuta daukanak lanpostua ezin badu bete, funtsezko eginkizunak esleituko dira kapitulu honetan ezarrita dauden aurreikuspenei jarraituz.

27. artikulua.– Betekizunak.

Dagokion sailak esleituko ditu eginkizunak, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman eta gero eta doakionaren adostasunaren ondoren. Aldia seihilekoa baino luzeagoa ez da izango eta beste sei hilabetez luza daiteke, baina behin bakarrik.

28. artikulua.– Prozedura.

Kidego eta titulazioari buruz egon daitezen eskakizunak bete egiten dituzten funtzionarioei emango zaizkie eginkizunak.

Edonola ere, langile hauek benetan lanpostuaren atal administratiboari atxikita egon behar dute edo, bestela, antzeko eginkizunetan eta zereginetan arituak behar dute izan. Gainera langile horiek gai izan behar dute lanpostuaren eginkizun nagusiak benetan egoki betetzeko. Lanpostuak betetzen dituztelarik eginkizunak benetan betetzeko gai direnen artean interesaturik eta atalari atxikita funtzionario bat baino gehiago badago, eginkizun horiek betetzean esperientziarik handiena egiaztatzen duena izango da proposatuko dena.

29. artikulua.– Ondorioak.

1.– Izenda dadin langileak lanpostuaren eginkizunak beteko ditu eta gainera beste lanpostu batenak, baldin eta horrenak beharrezkoak eta presaz bete beharrekoak direla jotzen bada.

2.– Baldin eta esleitutako ordainsariak ordainsari handiagoak dituen lanpostu bati badagozkio, doakionak orduan berezko duen lanpostuaren ordainsariak gehi konpentsazio bat jasoko ditu. Konpentsazio hori bi lanpostuen ordainsarien arteko aldea bestekoa izango da. Esleitutako eginkizunen maila eta berezko duen lanpostuarena berdinak badira, eskuratuko duen osagarria goitik hurren duen berariazko osagarriarekiko aldea bestekoa izango da.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Merituen baremoa.

Agindu honen 13.2 artikuluak aipatzen dituen baremoak arautzen ez diren artean, I. kapituluari jarraituz egin daitezen deialdiak merituak baloratzeari dagokionez Funtzio Publikoaren sailburuordearen 2002ko otsailaren 26ko Ebazpenean (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen lanpostuak zerbitzu-eginkizunen bitartez nahiz bitarteko funtzionarioen bidez aldi baterako betetzeko prozedura jarraitu beharreko baremoak ezartzen dituena) jasotzen diren aurreikuspenei lotu beharko zaizkie.

Bigarrena.– Analisi funtzionalak ezartzetik eratorritako lanpostu-zerrenda berriak argitaratzen ez diren artean, agindu honen 2. artikuluan aurreikusitako sailkapena honako maila hauekin bat etorriko da:

1.– A taldekoentzat I, II, III koadratze-mailak, 28, 27, 26 eta 25 mailen baliokideak.

2.– B taldekoentzat II, III koadratze-mailak, 27, 26, 25, 24 eta 23 mailen baliokideak.

3.– C taldekoentzat, V koadratze-maila, 20, 19 eta 18 mailen baliokideak.

4.– D taldekoentzat, VI koadratze-maila, 18, 17 eta 16 mailen baliokidea.

5.– E taldekoentzat, VII eta VIII-A koadratze-mailak, 16, 15, 14 eta 13 mailen baliokideak.

Hirugarrena.– 2000 urteko Enplegu Publikoaren Eskaintza ebaztea.

EPE 2000 delakoa ebatzi ondoren karrerako funtzionario izaera bereganatzen duten funtzionarioek zerbitzu-eginkizunen bitartez lehenago betetzen ari ziren lanpostuari eutsi ahal izango diote baldin eta lanean jarraitu nahi den sailean ados badaude.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2002ko otsailaren 26ko Agindua, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen lanpostuak zerbitzu-eginkizunen bitartez nahiz bitarteko funtzionarioen bidez aldi baterako betetzeko prozedura arautzen duena.

AZKEN XEDAPENA

Lehenengoa.– Agindu honen garapena.

Funtzio Publikoaren sailburuordeari ahalmena ematen zaio agindu hau eraginkor izateko beharrezkoak izan litezkeen alderdi osagarrien garapena egin dezan.

Bigarrena.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko maiatzaren 30a.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.


Azterketa dokumentala