Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2006ko apirilaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
1973

AGINDUA, 2006ko martxoaren 28koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, euskarazko ikus-entzunezko ikasmaterial eta hezkuntza-software hoberenak saritzeko (2006ko "Migel Altzo" lehiaketa).

Ikus-entzunezko ikasmaterialek eta hezkuntza-softwareek irakasmunduan gero eta eragin zabalagoa dutela ikusirik, material horien kalitatea bultzatzeko asmoz eta Euskararen Erabilera Normaltzeko Legeak eta bere ondoriozkoek diotena zuzen bete nahirik, honako hau

EBATZI DUT:
I. KAPITULUA
DEIALDIAREN XEDEA

1. artikulua.– Euskaraz produzitu eta banaturiko ikus-entzunezko ikasmaterialen eta hezkuntza-softwareen artean hoberenak edota egokienak aukeratu eta saritzeko, 2006. urteari dagokion "Migel Altzo" lehiaketarako deia egitea.

2. artikulua.– Lehiaketa honetan parte hartzeak, deialdi honetan esaten direnak bere horretan onartu beharra dakar.

II. KAPITULUA
LEHIAKETARA BIL DAITEZKEENAK

3. artikulua.– Euskal ikus-entzunezko ikasmaterialgintzan edota hezkuntza-softwaregintzan diharduten eta beharrezko lege-nortasunez horniturik dauden produktoreak soilik izan daitezke parte-hartzaile.

Hala ere, ezingo dute deialdi honetan parte hartu Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluko 5. paragrafoak, Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatuak, ezarritako arrazoiren baten eraginpean daudenek. Honen haritik, Lege horrek aipatu artikuluan ezarritako arrazoiren baten eraginpean ez dagoela egiaztatzen duen zinpeko aitormena egin beharko du eskatzaileak.

4. artikulua.– Lehiaketa honek unibertsitate aurreko irakasmailetan erabiltzekoak diren euskarazko ikasmaterialok hartuko ditu kontuan:

a) Bideo-euskarria dutenak.

b) Audio-euskarria dutenak.

c) Hezkuntza-softwareak (CD-ROMak eta software arruntak)

5. artikulua.– 1.– 2005eko urtarrilaren 1etik 2005eko abenduaren 31ra arte produzitu eta banaturiko ikus-entzunezko ikasmaterialak eta 2005eko urtarrilaren 1etik 2005eko abenduaren 31ra arte produzitu eta banaturiko hezkuntza-softwareak bildu ahal izango dira deialdi honetara.

2.– Produkzio-datatzat lege-gordailuaren data hartuko da EIMA laguntza-deialdietara aurkeztu ez diren ikasmaterialen kasuan. Aldiz, EIMA II edo EIMA III deialdiaren laguntza jaso duten ikasmaterialen kasuan Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Euskara Zerbitzuan edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak bere 38.4 artikuluan zehazten duen beste edozein bulegotan ikasmaterialaren tirada entregatu zeneko data hartuko da kontuan.

III. KAPITULUA
BAZTER UTZIKO DIRENAK

6. artikulua.– Deialdi honetara ezin bildu ahal izango dira ondoko ezaugarri hauetariko bat (edo gehiago) duten ikus-entzunezko ikasmaterialak zein hezkuntza-softwareak:

a) Goian aipaturiko baldintzetariko edozein betetzen ez duten ikus-entzunezko ikasmaterialak edo hezkuntza-softwareak.

b) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren onespena ez duten ikus-entzunezko ikasmaterialak edo hezkuntza-softwareak.

c) Aurreko urteetan produzituriko ikus-entzunezko ikasmaterialen edo hezkuntza-softwareen berrargitalpen edo moldaketak.

IV. KAPITULUA
SARIEN ZENBATEKOA

7. artikulua.– 1.– Agindu honen diru-laguntzetarako hamazortzi mila seiehun eta laurogeita hamasei (18.696) euroko zenbatekoa erabiliko da 2006ko ekitaldian, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kontura. Lehiaketa honek sari hauek banatuko ditu:

Bideo-euskarrian,

a) Bideorik hoberena: 5.778 euro.

Audio-euskarrian,

b) Audiorik hoberena: 3.570 euro.

Hezkuntza-softwarean,

c) software arruntik hoberena: 3.570 euro.

d) multimedia-softwarerik hoberena: 5.778 euro.

Sari bakoitzaren zenbatekoarekin batera, oroigarri bana eskainiko da.

2.– Lehiaketara aurkezturiko ikasmaterialek beharrezko kalitaterik ez badute, sariak banatu gabe utzi ahal izango dira. Sari hauetariko edozein, bestalde, epaimahaiak hala erabakiko balu ex-aequo moduan eman ahal izango da. Epaimahaiaren erabakiz sari bat eman gabe geldituko balitz, diru-kopuru horrekin aipamen berezi bat (edo gehiago) egin ahal izango da. Banatu gabe geratu den sari horretara aurkeztutako ikasmaterialen artean, edota beste sari batera aurkeztu eta behar adinako kalitatea izanik saririk jaso gabe geratu den ikasmaterialen artean, banatu ahal izango ditu epaimahaiak aipamen berezi horiek. Edozein kasutan ere, aipamen berezi horien baturak ez du eman gabeko sariari dagokion diru-kopurua gaindituko eta diru-kopuru hori berdina izango da aipamen berezi guztientzat, halakoak bat baino gehiago badira.

V. KAPITULUA
ESKABIDE-AURKEZPENA

8. artikulua.– 1.– Lehiaketa honetan parte hartu nahi duen orok Agindu honi eransten zaion eskabide-orria bete beharko du. Eskabide-orriarekin batera ikasmaterialaren zazpina ale aurkeztuko dira: VHS edo DVD euskarrian, bideo-euskarriaren kasuan; zazpi kasete edota zazpi CD, audio-euskarriaren kasuan eta hezkuntza-softwareen kasuan 7 diskete edo CD-ROM. Ikasmaterialaren kopia bakoitza bere gida didaktikoarekin aurkeztuko da.

2.– Ikasmaterialak, saritutakoak izan ezik, nork berea idatziz eskatzen badu atzera bueltatuko dira, sarien berri eman eta handik bi hilabeteko epean.

3.– Aurkezpena egiteko epea, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen egunaren hurrengotik hasi eta hilabetekoa izango da.

4.– Eskabideak Hezkuntza Sailaren Euskara Zerbitzura bidaliko dira, EIMA II eta III programetara. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak bere 38.4 artikuluan adierazten duen beste edozein lekutan ere aurkez daitezke, halere.

VI. KAPITULUA
EPAIMAHAIA

9. artikulua.– Hezkuntza sailburuordea izango da sarien erabaki-proposamena egiteko epaimahaiaren buru, edota bere ordezkoa.

Gainerako mahaikideak, bestalde, honako hauek izango dira:

a) Bideo-, audio-munduan ezagunak diren hizkuntza zein teknika aldetiko 2 aditu, Hezkuntza sailburuordeak izendatuak.

b) Hezkuntza-softwaregintzan ezagunak diren hizkuntza zein teknika aldetiko 2 aditu, Hezkuntza sailburuordeak izendatuak.

c) Ikasketen Antolamendurako Zerbitzuko kide bat, Hezkuntza sailburuordeak izendatua.

d) Euskara Zerbitzuko EIMA II eta EIMA III programen teknikaria (hizpidez eta botorik gabe). Berau izango da Batzorde honen idazkari.

VII. KAPITULUA
HAUTAPEN-BIDEA

10. artikulua.– 1.– Sarituen hautapena, hartarako izendatutako epaimahaiak eginkizun horretarako antolatutako lan-bilera(k) eginaz eta botazio zuzenez egingo da. Epaimahaiak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari aurkeztuko dio erabaki-proposamena.

2.– Ikasmaterial desberdinen artean saridun nor gertatuko den jakiteko, honako irizpideok hartuko dira kontuan:

a) Hizkuntzazko egokitasuna: ahoskatzea (abiadura, isiluneak, euskararen fonetika-legeak eta ebakera-arauak, azentua, naturaltasuna edota enfasia, ikasmaterialak hala eskatzen duenean), errotuluen eta gida didaktikoaren hizkuntzazko kalitatea, ikaslearen hizkuntzarako egokia izatea, terminologiaren zehaztasuna eta egokitasuna.

b) Planteamendu didaktiko egokia: planteamendu didaktikoaren egokitasuna ikasleen adinari edota irakasmailari dagokionez, curriculumean zein gradutan txertatzen den, gida didaktikoaren egokitasuna, helburu eta eduki desberdinen egokitasuna, irakasle eta ikasleei zuzenduriko erabilerarako gomendioen, argibideen eta laguntzen egokitasuna.

c) Egokitasun teknikoa: aukera teknikoen erabilera, laguntza grafikoen erabilera, errealizazio-lanaren egokitasuna, musika/audioaren kalitatea, pantaila desberdinen erabilera eta erritmo egokia (softwarean).

d) Berrikuntza: berritasuna, erakargarritasuna, ekarpen-maila, abiadura/erritmoa, diseinua, grafikoak, motibazioa eta erabiltzeko erraztasuna.

Saritutako ikasmaterialek osabeteak izan behar dute aurreko pasartean aztertutako puntu horietan. Ondorioz, gutxieneko kalitate-maila bat izan beharko dute gorago aipaturiko puntu guztietan, eskola-mundurako egingo diren produkzioetarako eredugarri izan daitezen.

11. artikulua.– 1.– Epaimahaiaren proposamena ikusirik Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak lehiaketa hau erabakiko du. Ebazpena EHAAn argitaratuko da, arlo bakoitzean sariduna zein gertatu den adieraziz, Agindu hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, gehienez.

2.– Adierazitako epean Ebazpen zehatzik ematen ez bada, eskabidea ez dela saritu ulertuko da.

VIII. KAPITULUA
ORDAINBIDEA

12. artikulua.– Sarien banaketa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak berariaz antolatuko duen ekitaldi ofizialean egingo da.

IX. KAPITULUA
ERABILERA PUBLIZITARIOAZ

13. artikulua.– Saritutako ikasmaterialek jasotako sariaren aipamena egin ahal izango dute. Publizitatea egiteko ere erabil dezakete aipamen hori, beti ere zein motatan sarituak izan diren adieraziz.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honetako euskal eta erdal idazkien artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik hura hartuko litzateke korapiloa askatzeko gidari.

Bigarrena.– Administrazio-bidea agortzen duen Agindu honen aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari. Errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita. Interesdunek, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute zuzen-zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietako Aretoan, agindua EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera bi hilabeteko epean.

Hirugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da Agindu hau indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko martxoaren 28a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

ERANSKINA
EIMA PROGRAMA 2006KO "MIGEL ALTZO" LEHIAKETA

ESKABIDE-ORRIA	

Ordezkaria	

	

Izen-abizenak:	NAN:	

	

Produkzio-etxearen izena:

	

Produkzio-etxearen helbidea:	Telefonoa:

	

Lehiaketara aurkezten den ikasmateriala	

Izenburua:

	

Irakasmaila:

	

Jakintzagaia:

	

Ikasmaterial-mota:

Bideo:

Audio:

Software (esan zein mota):	

	

Kredituak:

	

Lege-gordailua:	Onespen-data:

	

Adierazpena

Unibertsitateaz azpitiko irakasmailetan erabiltzeko asmoz argitaraturiko euskal ikus-entzunezko ikasmaterial edo hezkuntza-software hoberenak aukeratu eta 2006ko "Migel Altzo" izeneko lehiaketaren arauak kontuan izanik, goian adierazitako ikasmaterialaren zazpi ale aurkezten dituela, esandako lehiaketan parte hartzeko onartua izan dadin.

	

Zinpeko aitormena	

Eskabide hau sinatzen dugunok zera aitortzen dugu: sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik ez dugula zigor administratibo edo penalik jaso, ez eta Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako Legea dela bide inolako debekurik ere.	

Eskabidea	

Goian zehaztutako ikasmateriala onartua eta erroldatua izateaz gainera, lehiaketa horretan kontuan hartua izan dadila.

...................(e)n, 2006ko ............aren

Migel Altzo lehiaketa. EIMA programa.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila. Gasteiz.


Azterketa dokumentala