Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2006ko apirilaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
1967

EBAZPENA, 2006ko martxoaren 10ekoa, Kontsumo eta Industria Segurtasuneko zuzendariarena, igogailuak zerbitzuan jartzeko prozedura telematikoa arautzen duen Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2006ko martxoaren 9ko Aginduak aipatzen dituen ziurtagirien izapidetzearen eta eskakizunen ezaugarriak zehazten dituena.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2006ko martxoaren 9ko Aginduak ezarri zituen igogailuak zerbitzuan jartzeko prozedura telematikoaren irizpide orokorrak, eremu horretan herritarrei Administrazioarekin bitarteko telematikoen bidez harremanak izateko aukera emateko, eta Administrazioari, aldiz, bitarteko horiek batez ere administrazio-izapideetan kanpo-eraginkortasunez erabiltzeko aukera emateko.

Arestian adierazitako aginduan ezarritako izapidetze-prozedura Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren organo eskudunak emandako ebazpenek onarturiko aplikazio informatikoak erabilita garatzen da.

Agindu horretako azken xedapenen artean lehenak ahalmena ematen dio Kontsumo eta Industria Segurtasuneko zuzendariari agindua garatu eta aplikatzeko beharrezko ebazpenak emateko.

Horregatik, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Igogailuak zerbitzuan jartzeko prozedura telematikoa arautzen duen Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2006ko martxoaren 9ko Aginduak aipatzen dituen ziurtagirien izapidetzearen eta eskakizunen ezaugarriak zehaztea da ebazpen honen xedea.

2. artikulua.– Izapidetze telematikoaren prozedura.

Igogailuak zerbitzuan jartzeko prozedura telematikoa arautzen duen Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2006ko martxoaren 9ko Aginduan aurreikusitako izapideren bat egiteko interesdunak honako jardun hauek egin beharko ditu:

a) www.euskadi.net/industria helbidean sartuko da interesduna.

b) Txartel-irakurgailuan sartuko du txartela, PINa tekleatuko du erabiltzailea eskuesteko eta aplikazioan sartzea onartuko du.

c) Aktibaturiko prozeduraren bat hautatuko du, izapidetze telematikoaren altan aldez aurretik definituriko profilaren arabera, eta formularioen datuak bete eta dagozkion fitxategiak erantsiko ditu.

d) Administrazio-tasa telematikoki ordainduko da saltokiko terminalaren bidez.

e) Aplikazioak formulario edo fitxategi baten sinadura elektronikoa eskatzen badu, erabiltzaileak sinatuko du ziurtagiri elektroniko aitortuak biltzen duen txartel kriptografikoa erabilita eta dagokion PINa

tekleatuta.

f) Eskaera jasotzerakoan aurkezpen-ordainagiria erakutsiko zaio igorleari, eta hark inprimatu eta deskargatzeko, eta beretzat gordetzeko aukera izango du. Ordainagirian —ziurtagiri elektroniko batean oinarrituriko sinadura elektronikoa erabiliko da ordainagiria sortzeko—, igorlearen eta jasotzailearen identifikazioa jasoko da, baita sarrera-erregistroaren zenbakia, izapidearen izena, eta zer egunetan eta ordutan aurkeztu den ere.

3. artikulua.– Aplikazioa erabiltzeko baldintza orokorrak.

1.– Ebazpen honek aipatzen duen aginduan aurreikusitako izapide telematikoak egiteko, Ziurtagiri Elektroniko aitortua eduki beharko da honako baldintza hauetan:

– UIT X. 509. V. edo goragoko mailako gomendioa betetzen duen ziurtagiria izango da, Izenpe SA Ziurtapen Zerbitzuen Emailearen "Herritarraren Ziurtagiri Elektroniko aitortua" deituriko motakoa.

2.– Era berean, enpresa baimenduen kasuan beharrezkoa izango da beren izenean izapidetu nahi duten lagunek alta hartzea izapidetze telematikoan, eta horretarako arestian adierazitako aginduan bilduriko eranskina bete beharko da.

3.– Erabiltzailearen ordenagailu pertsonalean erabili beharreko softwarea une oro Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzak ezarritako estandarrei egokituko zaie.

4. artikulua.– Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde bulegoek sinadura sortzeko erabilitako ziurtagirien baldintzak.

1.– Administrazioak aurrera eramaten dituen jardunetan, "erakunde publikoen zerbitzurako langileak" deituriko ziurtagiri aitortutik abiatuta sortuko da sinadura elektroniko aitortua; ziurtagiri horrek UIT X. 509.V. edo maila goragoko gomendioa beteko du, eta Izenpe SA Ziurtapen Zerbitzuen Emaileak emango du.

2.– 2006ko martxoaren 9ko Aginduaren 10. eta 11. artikuluetan aurreikusitako erabileretarako "aplikazio-ziurtagiria" baliatuko da; Izenpe SA Ziurtapen Zerbitzuaren Emailearena da eta UIT X. 509.V. edo goragoko mailako gomendioa beteko du.

Aplikazioak berak sinaturiko mezu edo fitxategien egiazkotasuna eta osotasuna ziurtatzeko aplikazio informatiko batek erabilitako ziurtagiria da, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren dagokion Lurralde Bulegoa identifikatuko du aplikazio informatikoa erabiltzen duen organo gisa.

5. artikulua.– Ziurtagiri elektronikoak eskatzea, kudeatzea eta ematea.

1.– Nor diren egiaztatzeko, administrazio-ahalmenak baliatzen dituen Erakunde Publikoren bateko zerbitzuen langileen aurrera bertaratu beharko dira, eta beren NANa erakutsi beharko diete. Europar Batasuneko Estatukideetako edo Europako Espazio Ekonomikoan dauden Estatuetako herritar atzerritarren kasuan, AIZ bat eskatu ahal izango zaie, indarrean dagoen nortasun-agiriarekin batera. Erkidegoaz kanpoko herritarrak badira, Bizileku Txartela eskatu ahal izango zaie.

Bulegoen zerrenda eguneratua eta horien ordutegia honako helbide honetan kontsultatu ahal izango da: http:// www.euskadi.net/industria.

2.– Ziurtagiriak eskatu, kudeatu, eman eta baliogabetzeko baldintza tekniko, operatibo eta segurtasun-arlokoak Izenperen Ziurtapen Praktiken Aitorpeneko dokumentuan daude deskribatuta, honako helbide honetan argitaraturikoan: www.izenpe.com/pki.

AZKEN XEDAPENAK

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita jarriko da ebazpen hau indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko martxoaren 10a.

Kontsumo eta Industria Segurtasuneko zuzendaria,

RUBEN MENDIOLA ERKOREKA.


Azterketa dokumentala