Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2006ko martxoaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Euskal Herriko Unibertsitatea
1156

EBAZPENA, 2006ko otsailaren 7koa, Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena. honen bidez agindua ematen da EHUko ikastetxe nagusi eta unibertsitate egoitzen oinarrizko arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Argitaratzeko.

AURREKARIAK:

EHUko Estatutuetako 300. artikuluan jasota dago Gobernu Kontseiluak Ikastetxe Nagusien oinarrizko arautegia onartuko duela eta, bertan jasota egongo dela ikastetxe horiek sortzeko eta horien funtzionamendurako jarraitu beharreko irizpide orokorrak.

Era berean, unibertsitateko kideentzako egoitzak sortzerik ere badagoenez, oinarrizko arautegi honetan zehaztuta dago egoitza horiek sortzeko eta atxikitzeko prozedura, bai eta horren ondorioak ere. Hori guztia, Estatutuetako 301. artikuluari jarraituz, Gobernu Kontseiluak onartu behar du.

Gobernu Kontseiluak 2004ko uztailaren 22an egindako bileran, Estatutuak garatzeko prozedura ezarri zuen, eta 2005eko abenduaren 22an, organo berak, EHUko Ikastetxe Nagusien Oinarrizko Arautegia onartu zuen, eranskinean jasotako moduan.

Azkenik, EHUko Estatutuetako 258.1. d) atalak dio, idazkari nagusiak bermatu behar duela EHUko ebazpenak argitaratzea; eta, bestalde, otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemaren buruzkoak, dio ebazpenak oso-osorik argitaratu behar direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Horregatik guztiagatik, honakoa

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Agindua ematea EHUko Ikastetxe Nagusien Oinarrizko Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, eranskinean ageri den moduan.

Bigarrena.– Arautegia indarrean sartuko da argitaratzen den egunean bertan.

Hirugarrena.– Ebazpen hau behin betikoa da eta administrazio bidea agortzen du. Haren kontra aukerako berraztertze errekurtsoa aurkez daiteke, eta hilabeteko epea dago horretarako, ebazpen hau eman duen organo berberaren aurrean. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke administrazioarekiko auzietako Bilboko epaitegien aurrean, bi hilabeteko epean.

Leioa, 2006ko otsailaren 7a.

Idazkari nagusia,

IÑAKI ESPARZA LEIBAR.

ATARIKOA

EHUren estatutuen 300. artikuluak xedatzen duenez, Gobernu Kontseiluak ikastetxe nagusien oinarrizko arautegi bat onartuko du, eta, bertan, gutxienez, printzipio orokorrak ezarriko dira, ikastetxe horien sorrera eta funtzionamendua arautzeko.

Era berean, unibertsitate egoitzak ere izango zirela erabaki zenez, oinarrizko arautegi honetan jaso dira horiek sortu eta atxikitzeko prozedura, baita ondorioak ere; Gobernu Kontseiluak onartu behar ditu, EHUren estatuen 301. artikuluak adierazten duenez.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua.– Definizioak.

1.– Ikastetxe nagusiak EHUn txertatutako unibertsitate ikastegiak dira, ikasleei ostatua ematen dietenak eta bertan bizi direnen kultur eta zientzi prestakuntzak sustatzen dituztenak; ikastetxe nagusiek, gainera, unibertsitate osora hedatzen dute beren jarduna.

2.– Unibertsitate egoitzak dira ikasleei edo, bestela, irakasle, ikertzaile eta administrazio eta zerbitzuetako langileei ostatua ematen dieten entitateak, eta, aipatu helburu izaki, EHUren aitorpena dutenak.

3.– Ikastetxe nagusi eta unibertsitate egoitzek beren jarduera orotan agertu beharko dute EHUrekin duten lotura, baita berorren irudi korporatiboa errespetatu ere.

LEHENENGO TITULUA
IKASTETXE NAGUSIAK
LEHENENGO KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

2. artikulua.– Sailkapena eta izaera.

1.– Ikastetxe nagusiak EHUrenak berarenak edo hari atxikitakoak izan daitezke.

2.– EHUren berezko ikastetxe nagusiak dira hark, ezaugarri horrekin, modu esklusiboan edo beste erakunde nahiz beste unibertsitate batzuekin sortutakoak.

3.– EHUk modu esklusiboan sortutako berezko ikastetxe nagusiek ez dute unibertsitatetik aparteko bere-berea den nortasun juridikorik. Organo deszentralizatu gisa jokatzen dute, gestio funtzionalerako askatasunik nahikoa edukita, eta EHUren unibertsitateko kideen zerbitzuan daude, batik bat, baita gizartearenean ere, oro har.

Titulartasun mistoko ikastetxe nagusiak dira EHUk hitzarmen bat dela medio beste unibertsitate edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuekin lankidetzan sortutakoak. Delako hitzarmenean jasoko dira erakundeen elkarrekiko mendekotasuna eta ikastetxe nagusiaren arautegia.

Unibertsitate arteko ikastetxe nagusiak deituko diegu EHUk beste unibertsitate batzuekin lankidetzan sortutako tilulartasuneko ikastetxe nagusiei.

4.– Ikastetxe nagusi atxikiak izango dira beste erakunde publiko edo pribatuen mendean daudenak, baldin eta EHUrekin lankidetza hitzarmena sinatu badute.

3. artikulua.– Helburuak.

Hauek dira ikastetxe nagusien helburuak:

a) Ikasleen prestakuntza integralerako giro egokia eskaintzen duen ostatu duina ematea, askatasunez eta ardura espirituaz zipriztindutako ingurunean, ikasleengan honakoak bultzaturik: elkartasuna, ingurumenarekiko begirunea, eta justizia eta askatasun balioen arloan analisia eta kritika eraikitzailea egiteko gaitasuna.

b) Ikasleei osagarrizko prestakuntza akademikoa ahalbidetzea, baita indarreko legeriarekin bat datozen beste ikasketa batzuk ematea ere.

c) Curriculuma hautatu eta lanbidean jarduteko orientazio lanetan laguntzea.

d) Laguntzea unibertsitateko ikasleak gizartean sustatu eta integratzeko, baita ikasleak lan munduan txertatzeko ere.

e) EHUk, beste erakunde laguntzaile batzuek edo ikasleek berek antolatutako ikasketa, kultur eta kirol jarduerak babestu eta sustatzea.

f) Egonaldi baterako plazak eskaintzea EHUko, Estatuko nahiz atzerriko unibertsitateetako eta ikerketa zentroetako kideei.

g) Unibertsitateko kideei eskaintzea haren instalazioak eta guneak.

4. artikulua.– Araubide juridikoa.

1.– Araubide juridikoari dagokionez, ikastetxe nagusiek men egingo diote EHUren estatuek, oinarrizko arautegi honek eta haien barne arautegiek ezarritakoei, baita ere, egonez gero, dagokien sortu eta atxikitzeko hitzarmenei eta aplika dakizkiekeen beste araudi batzuei.

2.– Gobernu Kontseiluari dagokio ikastetxe nagusi bakoitzaren arautegia onartzea, nahitaezko legezkotasun txostena egin eta gero.

3.– Hauek agertuko dira ikastetxe nagusi bakoitzaren arautegian:

a) Izen ofiziala eta egoitza.

b) Haren anagrama, ikastetxe nagusiak EHUren anagramarekin batera erabil dezakeena.

c) Sarrerako araubidea.

d) Ikasleen eskubideak eta betebeharrak.

e) Ohoreak ematea.

f) Ikastetxearen antolamenduaren egitura eta zer-nolako zerbitzuak eskaintzen dituen.

4.– Era berean, ikastetxearen arautegian zehaztuko da ikasleek nola helaraziko dizkioten azkar beren kexak, erreklamazioak eta iradokizunak Zuzendaritzari, bai eta nola bideratu eta ebatziko diren ere. Arautegian jasoko dira, halaber, nola jakinaraziko den hartutako erabakia eta, beharrezkoa izanez gero, zein izan diren erabakia hartzeko arrazoiak.

5.– Titulartasun mistoko ikastetxe nagusien eta atxikien kasuan, arautegiak zehaztuko du beren nortasun juridikoa, baita hirugarrenen aurrean nork duen legezko ordezkaritza ere.

5. artikulua.– Bizitza akademikoan parte hartzea.

Ikastetxe nagusiek sustatu eta babestutako akademi, kultur eta kirol jarduerak, EHUk berak bultzatutakoen artean sartuko dira, baldin eta aplikatu beharreko unibertsitate arauen arabera garatu badira, eta EHUko jardueren tratamendu berbera izango dute. Edonola ere, EHUren estatuen 214.3. artikuluak ezarritakoa errespetatu beharko da bere osotasunean.

6. artikulua.– Erabiltzaileekiko harremanak.

Titulartasun publikoko ikastetxe nagusietako erabiltzaileek EHUrekin izango duten harreman juridikoa ez da errentamenduari dagokion irudi juridikoa; aipatu harremana hiri errentamenduen legeriatik kanpo dago eta administrazio harreman berezia izango da, EHUren estatuen, arautegi honen eta, kasuan kasuko barne arautegien mendean egongo dena.

BIGARREN KAPITULUA
BEREZKO IKASTETXE NAGUSIAK
LEHENENGO ATALA
GOBERNU, ORDEZKARITZA ETA ADMINISTRAZIO
ORGANOAK

7. artikulua.– 1.– Zuzendaritza, Administrazioa eta Ikastetxeko Kontseilua dira ikastetxe nagusi bateko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak.

2.– Ikastetxe nagusiaren arautegian jaso daitezke bestelako gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak, erabakiak hartzeko ahalmena izango dutenak, beren helburuak hobeto betetzeko. Dena dela, honako hauek arautu beharko dira beren-beregi:

a) Organo horiei esleitutako eginkizunak.

b) Organoaren osaera.

BIGARREN ATALA
IKASTETXEKO KONTSEILUA

8. artikulua.– Osaera.

1.– Ikastetxeko Kontseilua ikasleen parte hartzeko organoa da, ikastetxe nagusiaren helburuak lortze aldera.

2.– Hauek izango dira kideak: zuzendaria, Ikastetxeko Kontseiluko buru izango dena; zuzendariordeak, horrelakorik balego; administratzailea eta, ikastetxe nagusiaren barne araubideak ezarritakoaren arabera, ikasleek aske aukeratutako ordezkariak.

3.– Zuzendariak deitu eta bera buru duten bilerak hiruhilekoan behin egingo dira, nahiz eta egoki jotzen duenean biltzera deitzeko ahalmena duen. Ikastetxeko Kontseilua bilduko da halaber, kideen % 25ak hala eskatzen duenean.

4.– Erabakiak hartzeko, emandako botoen gehiengoa lortu beharko da. Berdinketa izanez gero, zuzendariaren kalitatezko botoak ebatziko du.

9. artikulua.– Ordezkariak aukeratzeko.

1.– Zuzendariak urtero deituko du kontseilukideak aukeratzeko hauteskundeetara, ikasturte bakoitzeko lehen hiruhilekoan, EHUren Hauteskunde Arautegi Orokorrean ezarritako prozeduraren arabera.

2.– Ordezkarien agintaldiak ikasturtearen iraupena izango du.

10. artikulua.– Eginkizunak.

Hauek izango dira Ikastetxeko Kontseiluaren eginkizunak:

a) Zuzendaritzari laguntzea ikastetxeko bizitzarekin zerikusia duten gaietan, baita bertan antzemandako beharrei erantzutea ere.

b) Ikastetxe nagusiaren arautegi proposamena prestatzea, edo erreformarena, Gobernu Kontseiluak onartu behar dituenak, dagokion campuseko batzarri entzun ondoren.

c) Ikastetxearen jarduera programa onartzea.

d) Zuzendaritzari proposatzea batzordeak sor ditzan.

e) Entzuna izatea ikastetxe nagusietan bizi direnei zigor larriak jarri zaizkienean.

f) Ezartzea nolako orientazio sistema erabiliko den lehen mailako ikasleei curriculumaren hautatzea errazteko.

g) Ohoreak eta sariak emateko irizpide orokorrak onartzea, eta horiek aplikatzerakoan entzuna izatea.

h) Errektoretzari proposatzea, kasuaren arabera, gehiengo absolutuaz, ikastetxe nagusiko zuzendariaren edo administratzailearen kargu uztea.

i) Ikasleak onartu eta ikastetxearen guneak erabiltzeko irizpide orokorrak onartzea, aplikatu baino lehenago jendaurrean adierazi beharko direnak.

j) Beka eta diru laguntzetarako araubidea antolatzeko irizpide orokorrak onartzea.

k) Errektoreordeak, zuzen-zuzenean edo ikastetxe nagusi bakoitzeko arautegiaren bidez, eskuordetzen dizkionak.

3.– Ikastetxeko Kontseiluak urteko txostena eta ikastetxearen jarduera plana eztabaidatu eta onartuko ditu ohiko bileran, kasuan kasuko campuseko batzarrari bidaliko zaizkionak.

HIRUGARREN ATALA
ZUZENDARITZA

11. artikulua.– Zuzendaria.

1.– Errektoreak izendatuko du berezko ikastetxe nagusiko zuzendaria arduraldi osoa duten unibertsitateko irakasle doktoreen artetik. Gobernu Kontseiluari emango zaio izendapenaren eta kargu uztearen berri.

2.– Zuzendariak bere gain hartzen ditu, errektoreordeak eskuordetuta, ikastetxearen jarduera eta funtzionamenduaren ardura, baita ikastetxearen akademi ordezkapena ere.

12. artikulua.– Zuzendariaren kargu uztea.

1.– Zuzendariek arrazoi hauengatik utziko dute kargua:

a) Errektoretzaren erabakia.

b) Heriotza.

c) Legezko ezintasuna.

d) Dimisioa.

e) EHUkoa izateari uztea.

2.– Ahal denean, zuzendariak jardunean jarraituko du zuzendari berria izendatu arte.

3.– Gaixotasunagatik edo kanpoan izateagatik, berariazko izendapenean aukeratutako zuzendariordeak ordezkatuko du zuzendaria. Horrelakorik egon ezean, Errektoretzak hartuko ditu beharrezko erabakiak ikastetxe nagusiaren gobernagarritasuna bermatzeko.

13. artikulua.– Irakats betebeharretatik salbuestea.

1.– Errektoretzak salbuets ditzake zuzendariak beren irakats beharretatik, neurri batean edo erabat.

2.– Agintaldia amaituta, eskubidea izango dute irakats betebeharretatik beste urtebetez salbuetsita egoteko, irakaskuntza eta ikerketa arloetan eguneratze aldera. Horretarako, hiru urtez, gutxienez, iraun behar dute karguan.

14. artikulua.– Zuzendariaren eginkizunak.

Hauek izango dira zuzendariaren eginkizunak:

a) Ikastetxeko ordezkaria izatea eta ikastetxeari atxikitako langile guztien zuzendaritza funtzionala izatea.

b) Ikastetxeko jarduera guztiak gidatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

c) Ikastetxeko kide anitzeko organoak deitu eta haien buru izatea.

d) Zaintzea EHUren, arautegi honen eta bere ikastetxe nagusiko arautegiaren xedapenak bete daitezen, baita haien garapenerako behar beste agindu ematea ere.

e) Ikastetxeko Kontseiluaren, gobernu organo orokorren eta campus bakoitzeko organoen jarraibideak aplikatu eta haien erabakiak betetzea.

f) Errektoretzari proposatzea bere eskumeneko izendapenak.

g) Aurkeztea dagokion campuseko batzarrari ikastetxe nagusian egin beharreko kultur eta prestakuntza jardueren plana, behin betiko onespena eman dezan, baita ikasturtean egindako jardueren txostena ere.

h) Zaintzea, dagozkion zerbitzu teknikoekin koordinaturik, higiene eta segurtasun araudia bete dadin, horretarako behar diren neurriak hartuz.

i) Ikastetxeko kideen eskaerak eta iradokizunak bideratzea, eta ikasleei erantzutea aurkezten dizkioten kexak konpontzeko, baita ikastetxeko nagusiko egonaldiari eragiten dioten gaiei buruzko argibideak ematea ere.

j) Ikastetxearen ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza bultzatzea.

k) Zein ikasle onartu eta haien diziplina araubideaz erabakitzea.

l) Ikasleei guneak eskaintzea, Ikastetxeko Kontseiluak onartutako irizpideen arabera. Halaber, ikastetxeko azpiegiturak erabiltzeari buruz, zuzendariak erabakiko du zein diren lehentasunak.

m) Lankidetza eta koordinazio programak adostea, unibertsitateko egiturekin batera, ikasketa, kultur eta kirol gaietan.

n) Errektoretzari lankidetza bekak sortu eta amaitzeko proposamena egitea, jarduerak antolatzeko, baita ikastetxea hobetu edo antolatzeko bestelako proposamenak ere.

ñ) Langile nahiz baliabideen beharren memoriak aurkeztea unibertsitate organo eskudunei, ikastetxe nagusiko helburuak bete daitezen.

o) Baimena ematea gastuak egin eta aurrez ezarritako aurrekontuak gauzatzeko eta aurrekontuen kontrola bermatzeko, baita ere, ekonomi, administrazio eta finantziazio bestelako gestioak egiteko, betiere unibertsitate araudiarekin bat etorrita.

p) Gainerako gobernu organoek eskuordetzen dizkioten gainerako eginkizunak, edo unibertsitateari buruzko legeriak, estatutuek edo beroriek garatzen dituzten arauek esleitzen dizkiotenak eta beren-beregi beste organo batzuei esleituta egon barik, ikastetxearekin zerikusia daukatenak.

2.– Era berean, ikastetxeko zuzendariak sinatuko ditu lankidetza hitzarmenak, Gobernu Kontseiluak emandako jarraibideei eutsiz.

15. artikulua.– Zuzendariordeak.

1.– Zuzendariordeek zuzendariak dituen eginkizunetan laguntzen diote, eta, zuzendaria kanpoan egonez gero, huraxe ordezkatzen dute. Errektoretzak izendatzen ditu, EHUko unibertsitateko kideen artetik, zuzendariak proposatuta.

2.– Zuzendariordeek zuzendariak eskuordetzen dizkien lanak egingo dituzte, eta beren izendapenean aipatutako arloen zuzendaritza hartuko dute.

3.– Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoiak: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, EHUko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.

4.– EHUko Errektoretzak zehaztuko du, izendapenean, zein unibertsitate betebehar salbuets dakizkiekeen berezko ikastetxe nagusietako zuzendariorde bihurtzen diren EHUko langileei, eta Gobernu Kontseiluari jakinarazi beharko dio.

16. artikulua.– Ikastetxe nagusiko administrazioa.

1.– Administratzailea izango da ikastetxe nagusiko zerbitzu ekonomiko eta administratiboen burua.

2.– Administratzaileak zuzendariarekiko mendekotasun funtzionala izango du, eta ikastetxe nagusiko administrazio eta zerbitzuetako langileak zuzendu eta koordinatzeko lanak beteko ditu. Horretaz gainera, ikastetxe nagusiko organoen erabakiak betearaziko ditu berari dagokion eremuan, eta aipatutako zerbitzuen funtzionamenduaz ere arduratuko da.

3.– Administratzaileak eguneratuta izango du ikastetxe nagusiari atxikitako ondasunen zerrenda, eta urtero aurkeztu beharko dio Ikastetxeko Kontseiluari, ontzat eman eta EHUko Gerentziara bidal dezan.

LAUGARREN ATALA
BEREZKO IKASTETXE NAGUSIAK SORTU, ALDATU
EDO KENTZEA

17. artikulua.– Sortzea.

1.– Berezko ikastetxe nagusi bat sortzeko proposamena horretarako arrazoiak agertzen dituen memoriak osatu behar du. Aplikatu beharreko legediak xedatutako baldintzez gainera, alderdi hauek ere zehaztu behar dira gutxienez:

a) Ikastetxe nagusiaren izena eta helbidea.

b) Haren helburuak, premia eta garrantzi soziala.

c) Ikasleei eskainiko zaion unibertsitateko berariazko ikasketen osagarrizko prestakuntza akademikoaren programa, orobat indarreko legediarekin bat etorrita irakatsiko zaizkionak.

d) Behar diren langile eta baliabideen balioespen ekonomikoa eta funtzionamenduaren diru sarreren zein gastuen kalkulua.

e) Ikastetxe nagusiaren behin-behineko arautegia, oinarrizko arautegi honek jasotako alderdi guztiak garatuko dituena.

2.– Gobernu Kontseiluak onetsi behar du, hasiera batean, berezko ikastetxe nagusia sortzeko proposamena, dagokion campuseko batzarrak aldeko txostena egin ostean.

3.– Erabakia bete egin beharko da behin Gizarte Kontseiluak ikastetxearen urte anitzetarako finantziazio plana, kanpoko diruaz nahiz EHUren aurrekontuez, onetsi ostean. Eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarira igorriko da bertan argitara dadin.

18. artikulua.– Aldatu eta kentzea.

1.– Gobernu Kontseiluak erabaki behar du berezko ikastetxe nagusi bat aldatu edo sortzea, dagokion campuseko batzarrak txostena egin eta ikastetxeari entzun ostean.

2.– Proposamena horretarako arrazoiak agertzen dituen memoriak osatu behar du, eta alderdi hauek zehaztu beharko ditu:

a) Aldatu edo kentzeko arrazoia.

b) Aldatu edo kentzeak izango lituzkeen ondorioen azterketa.

c) Azken bost urteetako ekonomi balantze osoa.

d) Kendu beharreko ikastetxeko langileak eta baliabideak berriro atxikitzeko programa.

3.– Zuzendaritza Kontseiluari dagokio ikastetxe nagusi bat kentzeko dosierrari ekitea, eta beharrezko diren behin-behineko neurriak hartu beharko ditu betiko kendu arte.

BOSGARREN ATALA
IKASLEAREN ESTATUTUAK

19. artikulua.– Motak.

1.– Ikastetxe nagusiko arautegiak hainbat ikasle mota ezar ditzake, baita aplikatu beharreko ohoreak eta sariak ere.

2.– Ikastetxe nagusian bizi ez diren pertsonei, bertako arautegiak ezarritakoaren arabera, ikasle gisa aitortutako eskubideak eta betebeharrak gainerako ikasleen berberak dira, salbu eta ostatu emateari eta ohiko bizitokiari dagozkionak.

20. artikulua.– Eskubideak.

1.– Hauek dira ikasleen eskubideak:

a) Ostatua, ikasturteak iraun bitartean, baldintza duin eta egokietan izatea, betiere unibertsitate egoerarekin bat etorrita.

b) Ostatua eman zaion ikastetxe nagusiko guztientzako zerbitzu, instalazio eta ekipamenduak erabiltzea, ikastetxeko arautegiak jasotako baldintzak betez.

c) Ikasleak bizi den ikastetxeak bultzatutako gizarte, kultur eta kirol jardueretan ekimena izan, parte hartu eta agertzea.

d) Ikastetxeko Kontseiluko kidea izatea, arautegi honetako xedapenekin bat etorrita.

e) Ikastetxe nagusiko egonaldiarekin zerikusia duten gaiei buruzko argibideak jasotzea.

f) Zuzendari edo aldezleari ikasleak egoki jotzen dituen ekimen, iradokizun edo erreklamazioak egitea.

g) Haren ikastetxe nagusiko arautegiak jasota dituenak, baldin eta EHUren estatutuek eta oinarrizko arautegi honek xedatutakoa betetzen bada.

2.– Ikastetxe nagusiko Zuzendaritza ikasle ezinduen eskubideak bermatzeaz arduratuko da.

21. artikulua.– Betebeharrak.

Hauek dira ikasleen betebeharrak:

a) Errespetatzea unibertsitate legedia eta ikastetxeko arautegia, baita berori aplikatzeko ikastetxe nagusiko eta EHUko organo eskudunek ezarritako jarraibideak ere.

b) Ikastetxeko prestakuntza jardueretan nahiz gainerako bizitza ekintzetan esku hartzea.

c) Lagun hurkoaren eskubideak errespetatu, zuzen jokatu, guztientzako guneetan bereziki, eta ikastetxe nagusiarekin zerikusia duten pertsonak behar bezala tratatzea.

d) Emandako tokian eskuarki bizi eta logela eta bertako altzariak egoera onean mantentzea.

e) Eskainitako gela ez aldatzea bere kabuz, zuzendariak edo berorrek eskuordetutako pertsonak baimendu ezik.

f) Ikastetxe nagusiko guztientzako instalazio, altzari, material eta ekipamenduak errespetatu eta egoera onean mantentzea.

g) Lokalen erabilerari eta ordutegiari buruzko arauak betetzea, batik bat ikasleen atsedena hartu eta ikasteko eskubidea bermatzeko.

h) Dagozkien ordainketak garaiz egitea.

22. artikulua.– Bisitariak.

Ikastetxeko nagusiko arautegiak edo, berori aplikatuz gero, bertako Zuzendaritzak ezarriko ditu kanpokoak diren pertsonek, bertako guneetan ibili eta egoteko, errespetatu beharko dituzten arauak.

23. artikulua.– Ez ordaintzea.

1.– Ikastetxe nagusiko arautegiak edo Zuzendaritzak horren garapenerako arauek xedatutako moduan, inolako arrazoirik gabe ordaindu ez izanak edo kuotak ordaintzeko behin baino gehiagotan atzeratu izanak ikastetxe nagusiaren zerbitzua bertan behera gelditzea ekarriko dute, eta, horren ondorioz, ikaslea izateari utziko dio automatikoki aipatukoaren berri jakin bezain laster.

2.– Sartzeko eskaerak aurkezteko epea zabaltzen denean, ikastetxe nagusiarekin zorren bat duten ikasleak baliteke onartuak ez izatea.

24. artikulua.– Ikastetxeko barne diziplina.

1.– Ikastetxeko barne diziplina ez betetzea oinarrizko arautegi honetan ezarritakoaren arabera zuzendu daiteke.

2.– Hutsegiteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke. Erantzun bat edo beste emateko, kontuan hartuko da zein izan den hutsegitea egin duenaren asmoa, ikastetxeko bizitzan nolako nahastea sortu duen, kaltea zein izan den eta araua behin eta berriro hautsi duen.

25. artikulua.– Hutsegiteak.

1.– Ikastetxeko arautegiak zehaztuko du hutsegite arinen zerrenda, baita artikulu honetan jasotako hutsegite larriena eta oso larriena ere.

2.– Hutsegite arintzat joko dira logelari eta zerbitzuari buruzko arauak behin hautsi badira, halaber ikastetxe nagusiko bizikidetza nahasten duten jarduerak antolatu edo horietan parte hartzea.

3.– Hauek izango dira hutsegite larriak:

a) Ikastetxeko edo unibertsitateko organoen agindu, jarraibide edo erabakiak era larri eta nabarmenean haustea.

b) Ez bizitzea eskuarki eta inolako arrazoirik gabe emandako tokian, hilabetetik gorako epeetan.

c) Logelak neurri batean edo erabat uztea ikastetxean plaza izateko eskubiderik ez duten pertsonei.

d) Gainerako ikasle eta ikastetxean bizi diren lagun eta bertako langileei errespetu falta larria agertzea, baita ikastetxearekin lotuta egon edo bertan daudenei ere.

e) Harena ez den logela batera sartu eta bertan egotea, han eskuarki bizi den ikaslearen baimena izan gabe.

f) Logela bakoitzeko guztientzako edo norberaren ondasun higiezin, higigarri edo tresnak nahita apurtu edo hondatzea.

g) Ikastetxea edo ondasun higigarri eta higiezinak erabiltzea arautegiak jasota ez dituen beste helburu batzuetarako.

h) Ikastetxeko langileen lanak eragotzi edo ikastetxearekin lotuta dauden pertsonei eskubideak mugatzea.

i) Ikasleak ikasten edo atsedena hartzen ari direnean modu nabarmenean oztopatzea, orobat gaueko isiltasuna behin eta berriro apurtzen duen beste egoera larriren bat sortzea.

j) Egitea diziplina araubideko arau orokorrek falta larritzat jotzen duten edozein egintza, edo baldin eta egintza horiek zigor zuzenbideko edo herritarren segurtasunaren aurkako arau hausteak badira.

k) Hiru hutsegite arin edo hutsegite arin bera behin eta berriro egitea ikasturte berean.

4.– Hauek izango dira oso hutsegite larriak:

a) Ikasturte berean bi hutsegite larri edo gehiago egitea.

b) Delitu larritzat edo ez hain delitu larritzat jotzen den egintza egitea.

c) Unibertsitatetik botatzera daraman unibertsitate diziplinako arau bat haustea.

26. artikulua.– Zigorrak eta ondorioak.

1.– Ikasleek egindako hutsegiteek honakoak ekar ditzakete:

a) Ohartarazpena.

b) Guztientzako zerbitzuren bat erabiltzeko eskubidea aldi baterako bertan behera geratzea, eta, gainera, ordaindutako diruak galtzea.

2.– Hutsegite larriak egiteak honakoak ekar ditzake:

a) Guztientzako zerbitzuen erabilera aldi baterako bertan behera gelditu eta ordaindutako diruak galtzea.

b) Ikastetxetik denboraldi jakin baterako kaleratzea, bertako arautegiak xedatzen duenez, ordaindutako diruak berreskuratzeko eskubiderik gabe.

3.– Oso hutsegite larriek, beste arlo batzuetan eragin ditzaketen ondorioak albo batera utzita, ikastetxe nagusitik kaleratzea ekarriko dute, ordaindutako diruak berreskuratzeko eskubiderik izan gabe. Kaleratzea behin betikoa bada, arau hausleak ez du EHUko beste ikastetxe nagusietan sartzeko eskubiderik izango.

27. artikulua.– Prozedura.

1.– Hutsegite arinen kasuan, ikastetxeko Zuzendaritzak, interesdunari entzun ondoren, zein zigor jarri erabakiko du, baita hari jakinarazi ere.

2.– Hutsegite larria edo oso larria egin bada, ikastetxeko Zuzendaritzak instrukzio egile bat izendatuko du, eta horrek egintzak aztertu eta Zuzendaritzari beharrezkoak diren aldi baterako neurriak proposatuko dizkio, ikastetxeko bizikidetza eta azken erabakiaren eraginkortasuna bermatze aldera.

3.– Instrukzio egileak jarduketak artxibatzeko eska dezake, baldin eta hutsegite bat egin dela egiaztatzeko behar adina froga ez badago. Instrukzioa amaituta, entzunaldia izango du interesdunak bere burua defendatu eta eskubidez komeni zaiona alega dezan.

Jarduketak bukatu ondoren ikastetxeko Zuzendaritzara igorriko dira erabakia eman dezan, Ikastetxeko Kontseiluari entzun ondoren. Zuzendaria lekukoa izan edo instrukzioarekin nolabaiteko lotura badu, erabaki proposamena campuseko errektoreordeari bidaliko zaio.

4.– Zigor erabaki ororen aurka gorako errekurtsoa aukez dakioke errektoreari, eta errekurtsoari buruzko erabakiak agortuko du administrazio bidea. Errektoreordetzak aurkako berariazko erabakia eman ezean, errekurtsoa aurkezteak ez du eragotziko zigorra bete dadin.

SEIGARREN ATALA
EKONOMI ETA ADMINISTRAZIO ARAUBIDEA

28. artikulua.– Autonomia.

Ikastetxe nagusiak behar beste langile izango ditu helburuak bete eta berezko dituen jarduerak gauzatzeko. EHUren aurrekontu orokorrean partida bereziak izango ditu, eta autonomiaz gestionatuko ditu.

29. artikulua.– Aurrekontua.

Ikastetxe nagusiaren aurrekontuak EHUk urtero zehaztutako diru partida orokorretik jasoko du, eta honakoek ere osatuko dute aurrekontu hori:

a) Antolatzen dituen jarduerengatik dagozkion etekinak.

b) Ematen zaizkion diru laguntzak, kasuan kasuko diru laguntzetarako zehaztuta dauden baldintzen arabera.

c) Beren-beregi egiten dizkioten dohaintza eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.

30. artikulua.– Ekonomi eta administrazio gestioa.

1.– Ikastetxe nagusiko jardun ekonomikoek EHUko sarreren eta gastuen aurrekontuak eta aurrekontuak betetzeko arauek xedatutakoarekin bat etorri behar dute.

2.– EHUren aurrekontu orokorreko baliabideez gainera, bestelakoak izanez gero, Gerentziaren aldeko txostena edukita, Zuzendaritzak baliabide horiek ikastetxe nagusiko aurrekontuan txertatu eta gastatzeko proiektua onartuko du.

ZAZPIGARREN ATALA
ARAUTEGIAREN ERREFORMA

31. artikulua.– Arautegia aldatzeko prozedura.

Ikastetxe nagusiaren arautegiak beraren erreforma egiteko prozedura ezarriko du, eta beren-beregi zehaztuko ditu prozedura horri hasiera eta amaiera emateko baldintzak.

ZORTZIGARREN ATALA
TITULARTASUN MISTOKO IKASTETXE NAGUSIAK

32. artikulua.– Araubide juridikoa.

1.– Titulartasun mistoko ikastetxe nagusiak sortu, aldatu edo kentzeko, oinarrizko arautegi honetako 17. eta 18. artikuluek xedatutakoa bete beharko da.

2.– Ikastetxe nagusia sortzeko hitzarmenak haren araubide juridikoa eta funtzionamendua arautuko ditu; horrela gertatu ezean, kapitulu honetako aurreko ataletan ezarritakoetara jo beharko da.

3.– Edonola ere, bosgarren ataleko edukia errespetatu beharko du (ikaslearen estatutuak), beharrezkoak diren zehaztapenak kontuan hartuta.

HIRUGARREN KAPITULUA
IKASTETXE NAGUSI ATXIKIAK

33. artikulua.– Atxiki, aldatu eta kentzea.

1.– Ikastetxeko Kontseiluari dagokio, Gobernu Kontseiluak proposatuta, unibertsitateko zerbitzu eskudunek eta dagokion campuseko batzarrak txostena egindakoan, erakunde publiko nahiz pribatuek sustatutako ikastetxe nagusiak atxiki, aldatu edo ken daitezen onartzea. Erabakia autonomia erkidegoari igorriko zaio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko eta bestelako ondorioetarako.

2.– Atxikitzeko proposamenak honakoak jaso beharko ditu: oinarrizko arautegi honetako 17. artikuluko edukia daraman memoria, Gobernu Kontseiluak onartutako atxikipen hitzarmena, dagokion campuseko batzarra horren alde agertu ondoren, eta ikastetxe nagusiaren hasierako oinarrizko funtzionamendua finantzatuko duen bermea.

3.– Ikastetxe nagusi atxiki bat aldatu edo kentzeko proposamenak haren hitzarmenean agertutako prozedura jarraituko du, edo, halakorik ez badago, oinarrizko arautegi honek berezko ikastetxe nagusietarako xedatutakoa.

4.– Jardunean hasi ondoren ikastetxe nagusi atxikiak legeriak eskatzen dituen baldintzak edo atxikitze hitzarmenean hartutako konpromisoak betetzeari utziko balio, edo EHUren eginkizun instituzionaletatik urrunduko balitz, egoera hori berehala konpontzeko eskatuko litzaioke. Epea amaituta egoera konpondu ez balitz, ikastetxe nagusiari entzun ondoren, Zuzendaritza Kontseiluak atxikipena deuseztatzeko dosierrari ekingo lioke.

34. artikulua.– Atxikitzeko hitzarmenak.

1.– Ikastetxe nagusiak atxikitzeko hitzarmenak haien izaera juridikoak eskatutako formalitateak bete beharko ditu. Hitzarmenak ikastetxe nagusiaren gobernua eta funtzionamendua arautuko ditu, —alde bakoitzak egin ditzakeen kontrol eta egiaztatze lanak azalduta—, baita EHUren helburuak betetzeko ikastetxe nagusi atxikiak nola lagundu dezakeen ere.

2.– Hitzarmenek azalpen memoriako gutxieneko edukitzat xedatutako puntu guztiak, oinarrizko arautegiko 17. artikuluan jasotakoak, hartu behar dituzte kontuan, eta, gainera, alderdi hauek ere arautu behar dituzte:

a) Ikastetxearen izena eta hura sustatzen duen erakunde laguntzailea.

b) Ikastetxe nagusi atxikiaren izaera, helburuak eta nortasun juridikoa.

c) Elkarri nahiz beste erakunde batzuei ekonomikoki eta teknikoki laguntzeko moduak; halaber, zuzendu, koordinatu eta ebaluatzeko egiturak, eta horietan EHUren esku hartzea bermatu beharko da.

d) Aurrekontuari buruzko alderdiak, batez ere finantziazio araubideari eta salneurrien politikari buruzkoak, eta unibertsitatearen horien nondik norakoak kontrolatzeko moduak.

e) Honakoak bermatu behar dituzte haien eskumenen eremuan: euskararen erabileraren normalizazioa, ezinduen integrazioa ikastetxeko kideen artean, eta kide guztien berdintasuna batetik, eta bereizkeriarik eza bestetik.

f) Ikastetxe nagusiaren kokapena, giza baliabideak eta azpiegiturak, orobat zerbitzu kalitatearen bermeak.

g) Hitzarmenaren iraupena eta hitzarmena deuseztatzeko baldintzak.

3.– Dena dela, hitzarmenean finkatuko da hitzarmenarekin zerikusia duen alderdi oro EHUk ikuskatzeko izango duen ahalmena; era berean, aldezlearen parte hartzea, ikastetxe nagusian bizi diren ikasle kexak bideratzeko. Horretarako, ikastetxe nagusi atxikiko Zuzendaritzak EHUri helarazi beharko dio Euskal Herriko Unibertsitateak eskatzen dion informazio guzti-guztia.

4.– Atxikitzeko hitzarmenak prestatzeko, oinarrizko hitzarmeneko testuaren arabera egin beharko da, estatuen 300.2. artikuluak aipatu eta arautegi honetako eranskin gisa jasotzen dena.

35. artikulua.– Arauen garatzea.

1.– Ikastetxe nagusi atxikiek beren hitzarmeneko xedapenak garatuko dituzte kasuan kasuko arautegien bidez. Arautegi horiek erreformatzeko beharrezkoa da EHUk onar ditzan. Dena dela, arautegiak bosgarren ataleko edukia (ikaslearen estatutuak) agertu beharko du, eta beharrezko zehaztapenak ere egin daitezke.

2.– Oinarrizko arautegi honetako xedapenak garatzen dituen ikastetxe nagusiko arautegiko testua kasuan kasuko hitzarmenean jaso da eranskin gisa.

36. artikulua.– Gobernu organoak.

1.– Ikastetxe nagusi atxiki bakoitzak atxikipen hitzarmenean xedatutako gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak izan behar ditu, hala kide anitzekoak, nola kide bakarrekoak. Organo horiek arautzeko, ikastetxeetako arautegietan jasotako funtzionamendu arauak aplikatu behar dira, eta, halakorik izan ezean, oinarrizko arautegiak berezko ikastetxe nagusietarako xedatutakoak.

2.– Unibertsitateko kideek ikastetxe nagusi atxikietako gobernu organoetan parte hartzen dutenean, errektoreari jakinaraziko zaio. Errektoreak baimendu beharko du, kide bakarreko organo batean jarduteko denean.

BIGARREN TITULUA
UNIBERTSITATE EGOITZAK

37. artikulua.– Berezko unibertsitate egoitzak sortu, aldatu eta kentzea.

1.– Berezko unibertsitate egoitza bat sortzeko proposamena horretarako arrazoiak agertzen dituen memoriak osatu behar du, eta, gutxienez, alderdi hauek zehaztu beharko dira:

a) Egoitzaren izena eta helbidea.

b) Haren helburuak, premia eta garrantzi soziala.

c) Beharrezkoak diren langileak eta baliabideak, eta diru sarreren zein funtzionamendu gastuen kalkulua.

d) Gestio araubidea eta zerbitzuen balizko gastua.

e) Unibertsitate egoitzaren funtzionamendu arauak.

2.– Unibertsitate egoitza bat sortzeko proposamena Gobernu Kontseiluak onetsi behar du, dagokion campuseko batzarrak aldeko txostena egin ostean.

3.– Unibertsitateak unibertsitate egoitzaren gestioa bere gain hartuz gero, erabakia bete egin beharko da behin Gizarte Kontseiluak egoitzaren urte anitzetarako finantziazio plana, kanpoko diruaz nahiz EHUren aurrekontuez, onetsi ondoren.

4.– Berezko unibertsitate egoitza bat aldatu edo kentzeko, oinarrizko arautegi honetan berezko ikastetxe nagusietarako ezarritako prozedura jarraitu beharko da.

38. artikulua.– Unibertsitate atxikiak.

1.– Gobernu Kontseiluak kanpo ekimenez sortutako unibertsitate egoitzen atxikitze hitzarmenak sinatzeko erabakia hartuko du.

2.– Proposamenak hauek jaso beharko ditu: a), b), d) eta, behar izanez gero, aurreko artikuluko e) atalak jasotzen dituen memoria bat, eta unibertsitatearen hasierako oinarrizko funtzionamendua finantzatzeko bermeak.

3.– Unibertsitate egoitza atxiki bat aldatu edo kentzeko proposamenak haren hitzarmenean xedatutako prozedura jarraituko du, edo, halakorik ez badago, oinarrizko arautegi honek berezko ikastetxe nagusietarako xedatutakoa.

4.– Jardunean hasi ondoren unibertsitate egoitza atxikiak legeriak eskatzen dituen baldintzak edo atxikitze edo sortze hitzarmenean hartutako konpromisoak betetzeari utziko balio, egoera hori berehala konpontzeko eskatuko litzaioke. Epea amaitua egoera konpondu ez balitz, unibertsitate egoitzari entzun ondoren, atxikipena deuseztatzeko dosierrari ekingo litzaioke.

39. artikulua.– Atxikitzeko hitzarmenak eta arautegiak.

1.– Unibertsitate egoitzak atxikitzeko hitzarmenak eskatutako baldintzak bete beharko ditu. Hitzarmenak unibertsitate egoitzaren gobernua eta funtzionamendua arautuko ditu, baita EHUk egin ditzakeen kontrol eta egiaztatze lanak ere.

2.– Hitzarmenek, gutxienez, alderdi hauek hartuko dituzte kontuan:

a) Unibertsitate egoitzaren izena, izaera eta nortasun juridikoa.

b) Elkarri nahiz beste erakunde batzuei ekonomikoki eta teknikoki laguntzeko moduak; halaber, zuzendu, koordinatu eta ebaluatzeko egitura mistoak.

c) Aurrekontuari buruzko alderdiak, batez ere finantziazio araubideari eta salneurrien politikari buruzkoak, eta unibertsitatearen horien nondik norakoak kontrolatzeko moduak.

d) Honakoak bermatu behar dituzte haien eskumenen eremuan: euskararen erabileraren normalizazioa, ezinduen integrazioa ikastetxeko kideen artean, eta kide guztien berdintasuna batetik, eta bereizkeriarik eza bestetik.

e) Unibertsitate egoitzaren kokapena, azpiegitura materiala eta langileak.

f) Hitzarmenaren iraupena eta hitzarmena deuseztatzeko baldintzak.

3.– Hitzarmenak jasoko du EHUk hitzarmenarekin zerikusia duen alderdi oro ikuskatzeko ahalmena izango duela, aldezleak parte har dezakeela egoitzetan bizi diren ikasleek egiten dizkioten kexuak bideratzeko. Horretarako, egoitza atxikiko Zuzendaritzak EHUri helarazi beharko dio Euskal Herriko Unibertsitateak eskatzen dion informazio guzti-guztia.

4.– Unibertsitate egoitza atxikiek beren hitzarmeneko xedapenak gara ditzakete kasuan kasuko arautegien bidez, eta horiek hitzarmenean jasoko dira eranskin gisa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

"Bidealde” Ikastetxe Nagusiarekin egindako atxikipen hitzarmena aldatu egin daiteke, baldin eta, oraingo ikasturtea bukatu baino lehen, aipatuak Ikastetxe Nagusi Mistoa bihurtzeko konpromisoa agertzen badu.

Edonola ere, aldaketa eraginkorra izango da 2008-2009 ikasturte hasieran.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Arautegiaren onespena proposatzeko epea.

1.– EHUko ikastetxe nagusiek 12 hilabete izango dituzte, gehienez, oinarrizko arautegi honetara egokitutako arautegi proposamena Gobernu Kontseiluari bidaltzeko.

2.– Epe horretan proposamenik bidaliko ez balute, unibertsitateko Idazkaritza Nagusiak egingo du arautegia eta Gobernu Kontseiluari aurkeztu onar dezan.

3.– Zuzendaritza Kontseiluak beharrezkoak diren gestioak egingo ditu atxikitzeko hitzarmenen berriztapena, urtebeteko epean gehienez, bermatzeko, hitzarmen horien xedapenak oinarrizko arautegi honetan ezarritakora egokitu daitezen.

AZKEN XEDAPENA

Oinarrizko arautegi honek eta onartuko diren ikastetxe nagusien arautegi berriek EHAAn argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.

ERANSKINA
IKASTETXE NAGUSIAK ATXIKITZEKO OINARRIZKO HITZARMENA

………………………………(e)n, …………(e)ko ………………………………aren ………(e)an.

(tokia eta eguna)

AGERTU DIRA:

Batetik, ……………………………………… ……………… jauna/andrea (izena eta bi abizen), Euskal Herriko Unibertsitateko campuseko errektorea/errektoreordea, EHUren izenean eta berorren ordezkari gisa.

Eta, bestetik, ………………………………………. jauna/andrea (legezko ordezkariaren izena eta bi abizen, kargua) eta (atxikitzen den ikastetxe nagusia sustatu duen erakunde publiko edo pribatuaren izen ofiziala) berorren izenean eta ordezkari gisa.

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Ikastetxe nagusia atxikitzeko hitzarmen hau EHUren estatutuek, 2004ko urtarrilaren 12ko EHAAn argitaratuak, eta ikastetxe nagusien oinarrizko arautegiak, (eguna) EHAAn argitaratua, arautzen dute, baita beste honek ere (azaldu beste erakunde publikoari edo pribatuari aplika dakiokeen berariazko arautegia). Arautegi horiek elkarren arteko kontraesanik izanez gero, unibertsitate araudian ezarritakoa nagusituko da.

Bigarrena.– ………………………..Campuseko Batzarrari (jarri ikastetxe nagusia zer campusetan dagoen), ………………………………(e)ko bileran (eguna) entzun ondoren, ……………………….(e)an (eguna) bildutako EHUko Gobernu Kontseiluak, aurkeztu den justifikazio memoria eta …………………. ikastetxe nagusia (atxiki den ikastetxe nagusiaren izen ofiziala) abiatzeko finantziazio bermea dagoela ikusita, EHUri atxikitzeko proposamena aurkeztu zuen, Gizarte Kontseiluak onartu ……………………… ………….(e)an, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu …………………………… ……….(e)an (data).

Hirugarrena.– Horren ondorioz, ………………… …… ……… ……ikastetxe nagusia (atxiki den ikastetxe nagusiaren izen ofiziala) EHUri atxikitzeko hitzarmen hau sinatzen da, kontuan hartuta ondorengo

KLAUSULAK:

Lehenengoa.– ……………………………… helbidea eduki (herria eta posta helbidea), ……………… ………………… erakundeak sustatu (erakunde laguntzailea) eta atxiki den …………………. (izena) ikastetxe nagusiak atxikitzeari dagozkion eskubide eta betebehar guztiak izango ditu, eta, bereziki, EHUko unibertsitateentzat, abenduaren 21eko 6/2001 Legearen 80.4. artikuluak jasotzen dituen zerga onurak eta zerga salbuespenak.

Bigarrena.– Atxiki den …………………… ………(izena) ikastetxe nagusiak …………………… ……… ……………………… …(erakunde izaera eta nortasun juridikoa) gisa sortu da, helburu hauek betetzeko:

a) Ikasleen prestakuntza integralerako giro egokia duen ostatu duina ematea.

b) Curriculuma hautatu eta lanbidean jarduteko orientazio lanetan laguntzea.

c) Ikasleei osagarrizko prestakuntza akademikoa ahalbidetzea, baita indarreko legeriarekin bat datozen beste ikasketa batzuk ematea ere.

d) Laguntzea unibertsitateko ikasleak gizartean sustatu eta integratze aldera.

e) EHUk edo beste erakunde laguntzaile batzuek antolatutako ikasketa, kultur eta kirol jarduerak babestu eta sustatzea.

f) Estatuko nahiz atzerriko unibertsitateetako kideei aldi baterako egonaldirako plazak eskaintzea, hainbat programa eta hitzarmen bitartez EHUra jotzen dutenean.

g) Unibertsitateko kideei eskaintzea haren instalazioak eta guneak.

(nahi izanez gero, espezifikoagoak diren beste helburu batzuk ere sar daitezke, betiere aipatutakoen aurka joan gabe)

Hirugarrena.– Atxiki den ……………………… ikastetxe nagusia (izena) era honetara egituratuko da:

(Zuzendu, koordinatu eta ebaluatzeko kide bakarreko organoak)

(Zuzendu, koordinatu eta ebaluatzeko kide anitzeko organoak)

Atxiki den ……………………………….. ikastetxe nagusia (izena) bere arautegiak arautuko du, hitzarmen honetan eranskin gisa datorrena.

Laugarrena.– EHUk ikastetxe nagusi atxikiko Zuzendaritzan izango duen parte hartzea honela bideratuko da: (azaldu hartutako formula: adibidez, Errektoretzak zuzendaria izendatzea, ikastetxe nagusian Errektoretzaren ordezkari bat izendatzea, Zuzendaritza Kontseiluko edo EHUko ordezkariek esku hartzea kide anitzeko organoetan; edo beste formula batzuk…)

Dena dela, ……………………………… ikastetxe nagusi atxikiak (izena) EHUko Errektoretza informatuko du haren Zuzendaritza organoetan unibertsitate erkidegoko kideen parte hartzeaz, eta baimena eskatuko kide bakarreko organo batean jarduteko denean.

Bosgarrena.– ………………. ikastetxe nagusi atxikia (izena) lankidetzan ariko da EHUrekin (gehitu, egonez gero, parte hartzen duten beste erakunde batzuk) modu honetan: (azaldu lankidetza ekonomiko eta teknikoetarako erak).

Seigarrena.– Ikastetxe nagusi atxikiak urtero informatuko du kasuan kasuko campuseko Errektoreordetza ikasleei eskainiko zaien unibertsitateko berariazko ikasketen osagarrizko prestakuntza akademikoaren programaz eta indarreko legeriarekin bat etorrita emango diren ikasketez.

Zazpigarrena.– …………………………………. ikastetxe nagusi atxikiak (izena) sustatu eta babestutako akademi, kultur eta kirol jarduerak, EHUk berak bultzatutakoen artean sartuko dira, baldin eta aplikatu beharreko unibertsitate arauen arabera garatu badira, eta EHUko jardueren tratamendu berbera izango dute. Edonola ere, EHUren estatuen 214.3. artikuluak ezarritakoa errespetatu beharko da bere osotasunean.

Zortzigarrena.– …………………. ikastetxe nagusi atxikiak (izena) euskararen erabilera normalizatzeko konpromisoa hartzen du hauen bidez: (azaldu neurriak).

Halaber, haren eskumenen eremuan, konpromisoa hartzen du ezinduen integrazioa, kide guztien berdintasuna eta bazterkeriarik eza bermatzeko.

Bederatzigarrena.– …………………………….. ikastetxe nagusi atxikiak (izena) urtero jakinaraziko dio kasuan kasuko campuseko Errektoreordetzari eta jendaurrean azalduko izan diren plazak banatzeko irizpideak, eta horietan ikasketa espedienteak eta EHUkoa izateak izango dute lehentasuna.

Hamargarrena.– ………………………….. ikastetxe nagusi atxikiak (izena) bere jarduera guztietan agertuko du EHUri atxikitako ikastetxe nagusia dela, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen irudi korporatiboa errespetatzeko konpromisoa hartzen du.

Hamaikagarrena.– Hitzarmena betetzeari buruz, ……………………………. ikastetxe nagusi atxikiak (izena) EHUren ikuskatzeko ahalmena onartzen du eta aldezlearen parte hartzea ahalbidetuko du ikastetxean bizi diren ikasleen kexak, haren eskumenekin zerikusia dutenean, bideratzeko. Horretarako, ikastetxe nagusi atxikiko Zuzendaritzak EHUri helarazi beharko dio Euskal Herriko Unibertsitateak eskatzen dion informazio guzti-guztia.

Hamabigarrena.– Hitzarmen honek ……………………. iraupena du (zehaztu), eta besterik gabe luzatuko da bi urtez, salbu eta aldeetako batek ez luzatzeko asmoa jakinarazten badu dagokion ikasturtea bukatu baino sei hilabete lehenago.

Hitzarmena berritu ez bada, eta hitzarmen berri batek ordezkatzen ez badu, EHUko Zuzendaritza Kontseiluak atxikipena deuseztatzeko prozedurari ekingo dio.

(sartu, kasuaren arabera, hitzarmena aldatzeko prozedura edo atxikipena kentzekoa)

Hamahirugarrena.– Hitzarmen hau egokiro betetzen dela bermatzeko jarraipen batzorde bat eratuko da. Campuseko errektoreordea izango da batzordeburu eta kide kopuru beraz osatuko da (azaldu zenbat diren Jarraipen Batzordeko kideak). Halaber, eskumena izango dute sortzen diren arazoak aztertzeko. Adostasunik lortu ezean, EHUko Errektoretzak erabaki beharko du, administrazio bidea agortuko duena.

GEHIGARRIA:

(Ikastetxe nagusi atxikiaren arautegia)


Azterketa dokumentala