Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

31. zk., 2006ko otsailaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Kultura Saila
767

16/2006 DEKRETUA, urtarrilaren 31koa, Euskadiko Kirol Federazioena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Autonomia Estatutuko 10.36 artikuluari jarraikiz, eskumen esklusiboa du kirolaren gaian. Eskumen hori erabiliz, Eusko Legebiltzarrak 14/1998 Legeak onartu zuen (1998ko ekainaren 11koa, Euskadiko Kirolarena).

Dekretu honek 14/1998 Lege hori garatzen du federazioen arloan, eta hala, bada, indarrean den 265/1990 Dekretua (1990eko urriaren 9koa, kirol federazioen eraketa eta funtzionamendua arautzen dituena) ordezkatzen du. Izan ere, azken dekretu hori dagoeneko indargabeturik dagoen 5/1988 Legean oinarri hartuta onartu zen.

Xedapen honen bidez 14/1998 Legean ezarritako federazio eredua garatu nahi da, eta, era berean, egun arte indarrean den dekretua aplikatzean sorturiko arazoei irtenbidea eman nahi zaie.

Dekretuak xehetasunez arautzen ditu kirol federazioen funtzio publikoak. Dekretuak —abiapuntu gisa, kirol federazio bakoitzak bere burua antolatzearen printzipioa erabat errespetatzen duela— arautze osoa egin asmo du federazioek eskuordetuta dituzten administrazio funtzio publikoei lotutako alderdiei buruz. Arautze hori erabat justifikatzen du federazioek Administrazioaren agente laguntzaile gisa dihardutenean izaten diren interes publikoak babestu beharrak. Kirol federazioen artean sorturiko auzi ugarien ondoren, Euskadiko federazioek eta lurraldeko federazioek bete beharreko funtzioak banatzeko erregimena argitzea erabaki da. Halaber, zuhurtziazko neurriak hartzeari buruzko erregimena landu da, funtzio publikoak egoki betetzen direla bermatzearren. Gainera, hainbat mekanismo ezarri da kirol federazioen arteko auziak ebazteko.

Dekretuan, ahalegina egin da federazio lizentzien inguruan: argitu egin dira lurraldeko eta Euskadiko federazioen funtzioak, lizentziak ematean eta izapidetzean; ezarri egin da lizentziak, nahitaez, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan idatzita eman behar direla; jaso egin da egungo formatuak gutxika aldatu beharko direla eta, haien ordez, informazioaren teknologiek eskaintzen dituzten aukera apartei egokituriko beste formatu batzuk erabili beharko direla.

Dekretu honen asmoa da lehiaketa ofizialak, federazio egutegiak, Euskadiko selekzioak eta antzeko gaiak arautzea. Orain indarrean den dekretuan, nolabait, ez ziren kontuan hartu gai horiek, eta arautu egin behar ziren, egun arte agertu diren akatsak eta dudak gainditzearren. Kirol federazioen egutegi ofizialak onartzeari dagozkion gaiek, bai eta horien ondorioek ere, berezko araudia dute. Halaber, kirol lehiaketetan asko agertzen den egoera hau arautu dela nabarmendu behar da: lehiaketa mistoak, federatutako zein federatu gabeko parte-hartzaileak dituztenak, alegia. Indarrean den dekretuaren hutsuneak betetzeko asmo berari jarraituz, dekretu berriak lehiaketen piramide egiturari dagozkion alderdiak arautu ditu.

Dekretuak oinarrizko irizpideak ematen ditu kirol modalitate eta diziplinak onartzeko, eta federazio bakartasunaren erregimena ezarriko du kirol modalitate bakoitzerako. Haren berritasunetako bat da federazio batek kirol modalitate bat baino gehiago barne hartu ahal izango duela, interes publikoko arrazoiak daudenean.

Xedapen berri honetan, lehen aldiz ezarri dira kirol modalitateak eta diziplinak onartzeko irizpideak; horretarako, erreferentziatzat hartu dira autonomia erkidegoan, Estatuan zein nazioartean badiren arauzko testuak eta proposamenak. Kirol antolatua ez da bere ingurunetik bakartuta eduki behar. Horrekin batera, dekretuak badakar kirol modalitateen eta diziplinen katalogoa duen eranskina.

Lehendabiziko aldiz berariaz arautzen dira zenbait federazio errealitate, hala nola fusio bidez federazioak eratzea, bai eta federazioak zatituz edo xurgatuz eratzea ere. Orobat, kirol federazioen eratzeari administrazio onespena ematearen erregimena egokitu egin zaio 14/1998 Legeak Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien artean egiten duen eskumen banaketari.

Dekretuak lantzen duen beste gai bat federazio estatutuak dagokion aldizkari ofizialean argitaratzearen ondorioena da. Horretarako, kirol munduan ahaztuxea dagoen oinarrizko printzipio juridiko bat hartzen da abiaburu: arauen publizitatea haien izatearen eta ondorioen funtsezko betekizuna da. Arauzkotasunaren arlo horretan, aipatzekoa da federazioen zirkularren ezaugarri juridikoen arazoa arautzen saiatzen dela. Izan ere, aurre egiten dio figura hori iruzurrez erabilita benetako arautegiak estaltzeko arautegiari (iruzur horren bidez, administrazio onespenaren izapidea saihesten da).

Egitura organikoaren gaian, ekarpen nabarmenetariko bat Zuzendaritza Batzordeko kideen eta lehendakarien agintaldiak mugatzea da. Mugatze hori kirol federazioen euren estatutu edo arautegietan agertu beharko da. Horretarako, Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia izan da kontuan, federazio antolakundearen dinamismoa eta eraginkortasuna bermatzea helburu duen mugatze horren aukerari abala ematen baitio. Federazioko agintari berriak etorrita, ideiak berritzea eta kirolaren antolamenduan haratagoko mugak lortzea ahalbidetzen du; eta, halaber, ohikeriaren eta berezko immobilismo eta nekearen joera saihestea du helburu.

Xedapen hau oso sentibera da kirol federazioen baitan kirol boluntarioek duten funtsezko rolari dagokionez, eta, bereziki, haren zuzendaritzako langileen rolari dagokionez. Dekretu hau aukera aparta da, zuzendarien eta federazioen arteko harremanak definitzeko, haien eskubide eta betebeharrak lantzeko, edota, adibidez, haien erantzukizun erregimena zehazteko.

Dekretu honen ekarpenetako bat da kirol federazioen onarpen ofiziala ezeztatzeari buruzko guztia arautzea. Ezeztatze hori 14/1998 Legeko 35. artikuluan jasota dago. Berebat, kirol federazioak desegitearen, likidatzearen eta iraungitzearen gai korapilatsuak, orain arte, artikulu bakarra besterik ez du izan, eta nahasmen argia izan du kontzeptu horien eta desegitearen kausa eta moduen artean. Aipamen berezia merezi du federazioen likidazioko fasearen erregimenak; aurrerantzean, beharrezko xedapenak izango ditu.

Kirolaren Euskal Planean bildutako diagnostikoa eta proposamenak aintzat hartuz, dekretuak titulu oso bat du Euskadiko kirol federazioen baitako hizkuntza normalizazioari buruz. Euskara, autonomia erkidegoko hizkuntz ofizial gisa, pixkanaka-pixkanaka ohiko komunikazio tresna bihurtu behar da Euskadiko kirol federatuaren esparruan. Horregatik, xedapen honekin, helburu hori erdiesteko esparru juridikoa sortu nahi da; betiere, egun, kirol federazioetan dagoen egoera soziolinguistikoa abiapuntu hartuta.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeentzako Ekintza Positiboetarako III. Plana. Generoaren ikuspegia politika publikoetan deritzon dokumentua (Eusko Jaurlaritzak 1999ko abenduaren 21ean onartu zuen) aintzat hartu da, eta dekretuan zehar, kirol federazio eta babes administrazio publikoentzako jardun printzipio gidariak sartu dira, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorra erdieste aldera. Artikuluetan xedatutakoaz gain, dekretuak titulu oso bat du Euskadiko kirol federazioen baitan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunari buruz.

Hitz batean, dekretu honekin, egun, Euskal Autonomia Erkidegoko kirol egituraren oinarrizko zutabeetako bat arautu nahi da.

Horregatik guztiagatik, Kultura sailburuak hala proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari entzunda, eta 2006ko urtarrilaren 31n egindako bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren,

XEDATU DUT:
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Dekretuaren xedea eta aplikazio eremua.

1.– Dekretu honen xedea da Euskadiko kirol federazioen erregimena arautzea.

2.– Dekretua ez zaie aplikatuko autonomia erkidegoaz gaindiko eremua hartzen duten kirol federazioei, egoitza soziala Euskadin izanda ere.

2. artikulua.– Definizioa.

1.– Dekretu honen ondorioetarako, kirol federazioak dira irabazteko asmorik gabeko eta nortasun juridiko propioa duten erakunde pribatuak, euren eskudantziez gain, administrazio funtzio publikoak betetzen dituztenak, eta euren lurralde eremuko kirolariak, teknikariak, epaileak, klubak, kirol elkarteak, edo kirola —modalitate batean edo gehiagotan— egiten edo bultzatzen aritzen diren beste talde batzuk barne hartzen dituztenak.

2.– Kirol federazioa izendapena dekretu honetan halaxe izendatzen diren erakundeei baino ez zaie emango. Debekaturik dago izendapen horixe edo nahastea sor dezakeen antzeko izendapenik erabiltzea.

3. artikulua.– Erregimen juridikoa.

Honako hauek arautzen dituzte kirol federazioak: 1998ko ekainaren 11ko 14/1998 Legeak, Kirolaren Legeak; dekretu honek eta garatuko duten xedapenek; federazio bakoitzaren estatutuek eta arautegiek, eta federazio bakoitzeko organoek balioz hartutako erabakiek.

4. artikulua.– Oinarrizko antolamendua eta lurralde eremua.

1.– Euskadiko kirol federazioak lurraldeko federaziotan eta Euskadiko federaziotan antolatuta daude.

2.– Lurraldeko federazio bakoitzaren oinarrizko jardun eremua dagokion lurralde historikoa da, nahiz eta hortik kanpo ere jarduerak egin ditzakeen.

3.– Euskadiko federazioen oinarrizko jardun eremua Euskal Autonomia Erkidegoa da, nahiz eta hortik kanpo ere jarduerak egin ditzaketen.

5. artikulua.– Jardun printzipio gidariak.

Kirol federazioek honako printzipio hauek betez jardungo dute: eraginkortasuna, koordinazioa, deszentralizazioa, elkarren arteko lankidetza eta Euskadiko administrazioekiko lankidetza.

6. artikulua.– Administrazio publikoen babesa eta laguntza.

1.– Dekretu honen arabera eratuko diren Euskadiko kirol federazioek babes eta laguntza berezia jasoko dute Euskadiko administrazioen eskutik.

2.– Euskadiko administrazioek kirol federazioei bakoitzaren jarduera aurrera eramateko behar dituzten laguntza ekonomikoa eta teknikoa emango dizkiete; betiere, administraziook euren aurrekontuetan xedatutako horniduren arabera eta dituzten giza baliabideen eta baliabide materialen arabera.

3.– Euskadiko administrazioek laguntza eta berme berezia eman beharko diete kirol federazioei, bertako kirolak sustatzearren.

4.– Euskadiko administrazioek laguntza eta berme berezia eman beharko diete kirol federazioei, kirol guztietan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna sustatzearren.

7. artikulua.– Araubide juridikoa betetzea.

1.– Kirol federazioek euren jarduera beti araubide juridikoa, euren estatutuak eta euren arautegiak betez eraman beharko dute aurrera.

2.– Administrazio publikoak bertan behera utzi edo baliogabetu ahal izango ditu kirol federazioek, administrazio funtzio publikoak betetzean, hartutako erabakiak eta adostutako egintzak, baldin araubide juridikoaren kontrakoak edo haien estatutuen eta arautegien kontrakoak badira. Horretan, administrazio publikoak legeetan eta arautegietan horretarako xedatuta dauden kasuak eta prozedurak aintzat hartuko dituzte. Aurrekoa gorabehera, agintari judizial aginpidedunek ere federazioen erabakiak eta egintzak bertan behera utzi eta baliogabetu ahal izango dituzte.

II. TITULUA
KIROL FEDERAZIOEN FUNTZIOAK

8. artikulua.– Lurraldeko federazioak.

Lurraldeko federazioek euren kirol modalitateari dagozkion lurralde eremuko kirol jarduera eta lehiaketak bultzatzen, kalifikatzen, baimentzen, arautzen eta antolatzen dituzte.

9. artikulua.– Euskadiko federazioak.

Euskadiko federazioek euren kirol modalitateari dagozkion autonomia erkidegoko eremuko kirol jarduera eta lehiaketak bultzatzen, kalifikatzen, baimentzen, arautzen eta antolatzen dituzte.

10. artikulua.– Euskadiko kirolaren ordezkaritza.

1.– Euskadiko federazioek Euskadiko kirol federatua ordezkatzen dute Estatuan eta nazioartean.

2.– Lurraldeko federazio guztiek euren kirol modalitateari dagokion Euskadiko federazioaren barruan egon beharko dute.

11. artikulua.– Lurraldeko federaziorik edo Euskadiko federaziorik ez egotea.

1.– Lurralde historiko batean ez badago kirol modalitate baterako lurraldeko federaziorik, Euskadiko federazioak hartuko ditu bere gain lurraldeko federazioei dagozkien funtzio guztiak, eta bete egin beharko ditu. Euskadiko federaziorik egon ezean, Foru Aldundiak kirol erakunde bat gaitu ahal izango du, berrizta daitekeen bi urteko gehieneko epe baterako, lurraldeko federazioari dagozkion funtzio publikoak bete ditzan.

2.– Kirol modalitate jakin batean Euskadiko federaziorik egon ezean, Eusko Jaurlaritzak lurraldeko federazio bat —edo, bestela, beste edozein kirol erakunde— gaitu ahal izango du, berrizta daitekeen bi urteko gehieneko epe baterako, Euskadiko federazioari dagozkion funtzio publikoak bete ditzan.

3.– Administrazio funtzio publikoak bete ditzan, kirol erakunde bat gaitu baino lehen, Euskadiko Kirol Kontseiluak txostena egin beharko du, bere Batzorde Iraunkorraren bidez.

12. artikulua.– Lurraldeko federazioen funtzioak.

Lurraldeko federazioek honako funtzio hauek dituzte:

a) Kirol jarduera federatua antolatzea euren lurralde eremuan.

b) Lehiaketa eta jarduera ofizialak antolatzea euren lurralde historikoan, euren kirol modalitateari dagozkion kirol diziplina guztietarako.

c) Parte hartzeko eta lehiatzeko euren arauak ezartzea; betiere, haien eremuaz gaindiko lurralde eremua duten federazioek ezarritako arauak betez, hala dagokionean.

d) Euren kirol modalitatea ordezkatzea autonomia erkidegoko eremuan, eta baliabideak jartzea euren estamentu guztiek eremu horretako lehiaketetan parte har dezaten.

e) Euren kirol modalitateari dagozkion federazio lizentziak izapidetzea, Euskadiko federazioek horiek eman ditzaten, azken horiek ezarritako baldintzekin eta prozedurarekin bat.

f) Euren jarduera aurrera eramatean sortutako kirol arazoez arduratzea eta horiek konpontzea, organo judizialek eta kirol epaileen organoek ere euren aginpideak dituztela kontuan izanik.

g) Euren arautegiak bete daitezen zaintzea, eta arau horien arabera duten diziplina ahalmena betetzea.

h) Euskadiko federazioari laguntzea kirolean debekatuta dauden substantziak, talde farmakologikoak eta arauz kanpoko metodoak erabil daitezen prebenitzen, kontrolatzen eta zigortzen, horretarako xedatuta dagoen araudiarekin bat.

i) Euskadiko federazioei laguntzea dagokien kirol modalitatean aritzen diren teknikariak eta epaileak prestatzen.

j) Euren baliabide ekonomikoen helburua zehaztea eta baliabideok esleitzea, beste erakunde batzuek euren jarduerarako transferitzen dizkieten baliabideak kudeatzea, eta euren baliabide guztiak ongi erabiltzen direla kontrolatzea.

k) Lurraldeko federazioen barruan diren klub eta elkarteentzako diru laguntzak esleitzea, eta aplikatzen direla kontrolatzea.

l) Euskadiko administrazioei laguntzea kirola sustatzeko helburuetan, eta, bereziki, legeak federazioei zuzenean ematen dizkien lankidetzako eta aholkularitzako funtzio jakinetan.

m) Euren estatutuak eta arautegiak egitea.

n) Dagozkien kirol modalitatean eta lurralde eremuan, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna sustatzea eta, ahal den heinean, bermatzea.

o) Eta, oro har, dagokien kirol modalitatearen jarduera sustatzeko eta hobetzeko komeni den guztia xedatzea.

13. artikulua.– Euskadiko federazioen funtzioak.

1.– Euskadiko federazioek honako funtzioak hauek dituzte:

a) Dagokien kirol modalitatea ordezkatzea Estatuan eta nazioartean, eta, hala dagokionean, euren federazioa beste erakunde batzuei atxikitzeko era zehaztea.

b) Dagozkien lurraldeko federazioen jarduera koordinatzea.

c) Lehiaketa eta jarduera ofizialak antolatzea autonomia erkidegoko eremuan, euren kirol modalitateari dagozkion kirol diziplina guztietarako.

d) Parte hartzeko eta lehiatzeko euren arauak ezartzea; betiere, haien eremuaz gaindiko lurralde eremua duten federazioek ezarritako arauak betez, hala dagokionean.

e) Baliabideak jartzea euren estamentu guztiek Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan parte har dezaten.

f) Dagokien kirol modalitatearen federazio lizentziak ematea.

g) Euren jarduera aurrera eramatean sortutako arazoez arduratzea eta horiek konpontzea, organo judizialek eta kirol epaileen organoek ere euren aginpideak dituztela kontuan izanik.

h) Euren arautegiak bete daitezen zaintzea, eta arau horien arabera duten diziplina ahalmena betetzea.

i) Euskal administrazioari laguntzea kirolean debekatuta dauden substantziak, talde farmakologikoak eta arauz kanpoko metodoak erabil daitezen prebenitzen, kontrolatzen eta zigortzen, horretarako xedatuta dagoen araudiarekin bat.

j) Dagokien kirol modalitateko teknikariak eta epaileak prestatzea, horretarako ezarriko den araudiarekin bat.

k) Euren baliabide ekonomikoen helburua zehaztea eta baliabideok esleitzea, beste erakunde batzuek euren jarduerarako transferitzen dizkieten baliabideak kudeatzea, eta euren baliabide guztiak ongi erabiltzen direla kontrolatzea.

l) Lurraldeko federazioentzako, eta, hala dagokionean, kirol klub eta elkarteentzako diru laguntzak esleitzea, eta aplikatzen direla kontrolatzea.

m) Euskadiko administrazioei laguntzea kirola sustatzeko helburuetan, eta, bereziki, legeak federazioei zuzenean ematen dizkien lankidetzako eta aholkularitzako funtzio jakinetan.

n) Euren estatutuak eta arautegiak egitea.

o) Dagozkien kirol modalitatean eta lurralde eremuan, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna sustatzea eta, ahal den heinean, bermatzea.

p) Eta, oro har, dagokien kirol modalitatearen jarduera sustatzeko eta hobetzeko komeni den guztia xedatzea.

2.– Euskadiko federazioek lurraldeko federazioen jarduera koordinatzeko beharrezko diren neurri organiko eta funtzionalak hartuko dituzte, bateratuak ez diren jarduerak saihestearren, ahaleginak optimizatzearren, eta euren kirol modalitaterako Euskadiko federazio sisteman ekintza batasuna lortzearren.

3.– Koordinazio funtzioak subsidiarioki beteko dira, funtzio horien helburuak lankidetzaren edo partaidetzaren bidez ezin lor daitezkeenean.

14. artikulua.– Administrazio funtzio publikoak.

1.– Beste funtzio batzuez gain, Euskadiko federazioek eta lurraldeko federazioek administrazio funtzio publikoak betetzen dituzte, eta, halakoetan, dagokion administrazioaren agente laguntzaile gisa jarduten dute.

2.– Dagokion administrazioaren irizpidearen, babesaren eta kontrolaren pean, kirol federazio horiek honako administrazio funtzio publiko hauek betetzen dituzte, eskuordetzan:

a) Lehiaketa ofizialak kalifikatzea, arautzea, antolatzea eta baimentzea.

b) Euskadiko kirolak Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan izango duen ordezkaritza arautzea.

c) Federazio lizentzia ematea eta izapidetzea.

d) Kirol jardueretako indarkeria prebenitzea, kontrolatzea eta zigortzea.

e) Dopatzea prebenitzea, kontrolatzea eta zigortzea.

f) Kirolean duten diziplina ahalmena baliatzea.

g) Kirol Justiziako Euskal Batzordearen ebazpenak gauzatzea.

h) Euren estatutuak eta arautegiak onartzea.

i) Administrazio publikoari laguntzea haren kirol programetan, eta haietan parte hartzea, bereziki honako hauetan: goi mailako kirolarientzako programetan; eskola kiroleko programetan; emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna sustatzeko programetan; eta administrazio publikoak antolatzen dituen eta interes orokorrekoak diren programetan.

j) Federazioetako hauteskundeak kontrolatzea.

3.– Kirol federazioek eskuordeturiko administrazio funtzio publikoak betetzean xedatutako egintzek bat etorri beharko dute administrazio prozedura erkidea arautzen duten arauei dagozkien printzipio gidariekin.

4.– Aurreko idatz-zatian zehazturiko egintzen kontrako errekurtsoak jarri ahal izango dira dagokien lurralde historikoko edo Eusko Jaurlaritzako organoaren aurrean; errekurtso horien inguruko ebazpenekin amaituko da administrazio bidea. Errekurtso horien erregimena izango da 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak gora jotzeko errekurtsoetarako ezarritako erregimen bera, Kirol Justiziako Euskal Batzordeak ebatzi beharreko errekurtsoen kasuan izan ezik.

5.– Kirol administrazioak bere esku dagoen aholkularitza teknikoa eskainiko die kirol federazioei, funtzio publikoak egoki bete ditzaten.

15. artikulua.– Funtzioak eskuordetzea.

1.– Kirol federazioek ezin izango dute inola ere eskuordetu, dagokion administrazio baimena gabe, haiei eskuordetu zaizkien funtzio publikoak betetzea. Dituzten ezaugarriengatik eskuorde daitezkeen funtzioetarako baino ez da emango baimen hori.

2.– Euskadiko federazioek eta lurraldeko federazioek eskuordetu ahal izango diete funtzio publikoak betetzea, aurretik aipaturiko administrazio baimena dutela, dagozkien lurraldeko federazioak edo Euskadiko federazioak ordezkatzen dituzten elkarteei.

16. artikulua.– Lankidetzako eta partaidetzako hitzarmenak. Programa-kontratua.

1.– Lurraldeko federazioek eta Euskadiko federazioek euren funtzioak, hurrenez hurren, lurralde historikoetako foru organoekiko eta Eusko Jaurlaritzako organikoekiko lankidetzan beteko dituzte. Horretarako, elkarrekin lankidetza hitzarmenak egin ahal izango dituzte, helburuak, kirol programak, aurrekontuak eta eskuordeturiko funtzio publikoei zuzenean loturiko gainerako alderdiak zehazteko. Hitzarmen horien izaera juridiko administratiboa izango da.

2.– Kirol federazioek, era berean, programa-kontratuak egin ahal izango dituzte dagokien administrazioekin. Programa-kontratu horietan honako hauek sartuko dira, gutxienez: federazioek eginiko aurrekontu aurreikuspenak; lortu beharreko helburu zehatzak edo kuantifikagarriak; eta helburuok balioztatzeko nahiz haien kontuak ikuskatzeko mekanismoak.

3.– Kirol federazioek, euren funtzioen alorrean, lankidetza eta partaidetza hitzarmenak egin ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko zein kanpoko kirol erakunde publiko eta pribatuekin, kirol jarduera eta lehiaketak batera aurrera eramatearren. Bereziki, Euskal Herriko bertako kirolak garatzea eta haietan jardutea bultzatzen duten beste euskal lurralde edo erkidego batzuetako erakundeekin lankidetzan aritzeko formulak sustatu ahal izango dituzte kirol federazioek.

4.– Lurraldeko federazioek eta Euskadiko federazioek laguntza eman beharko diete ezgaitasunen bat (fisikoa, psikikoa, sentsoriala, edo mistoa) duten herritarren kirol jardueraz arduratzen diren kirol federazioei, herritar horiek erabat gizartera daitezen laguntzearren eta behar duten laguntza teknikoa ematearren.

5.– Lurralde historiko bereko hainbat kirol modalitatetako lurraldeko federazioek, bai eta Euskadiko federazioek ere, lankidetza hitzarmenak egin ahal izango dituzte, baterako programak aurrera eramatearren.

17. artikulua.– Jardueren ardura hirugarren pertsonei edo erakundeei ematea.

1.– Kirol federazioek funtzio publikoak betetzeari loturiko jarduera material, jarduera tekniko edo zerbitzu jardueren ardura hirugarren pertsona edo erakunde batzuei eman ahal izango diete, eraginkortasun arrazoiengatik, edota jarduera horiek aurrera eramateko baliabiderik egokienak izan ezean.

2.– Kudeatzeko gomendio horrek ez du berekin ekarriko administrazio funtzio publikoak lagatzea edo eskuordetzea.

18. artikulua.– Zuhurtziazko neurriak.

1.– Euskadiko federazioei eta lurraldeko federazioei ematen zaizkien funtzio publikoak bete egiten direla bermatzeko, Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek honako jarduera hauek aurrera eraman ahalko dituzte, bakoitzak dituen eskumenen barruan eta zigortzeko helbururik gabe:

a) Federazioen liburuak eta agiriak ikuskatzea.

b) Kide anitzeko organoei dei egitea eskuordetutako funtzio publikoak betetzearekin zuzenean edo zeharka zerikusia duten gai guztiak eztabaidatzeko eta ebazteko, baldin organo horiei aurretik dei egin ez bazaie.

c) Zuhurtziaz kargutik kentzea federazioko lehendakaria eta organoetako gainerako kideak, arrazoiak emanez, diziplina espedientea irekitzen zaienean, ustez larriak edo oso larriak diren administrazioko edo diziplinako arau-hausteengatik, azken horiek eskuordeturiko funtzio publikoekin zuzeneko edo zeharkako lotura dutenean.

d) Zuhurtziaz kargutik kentzea federazioko lehendakaria eta gobernu organoetako gainerako kideak, arrazoiak emanez, eskuordeturiko funtzio publikoak bertan behera uzten diren kasuetan.

e) Kontabilitateari eta kudeaketari kontu ikuskapenak eta bestelako kontrol batzuk egin dakizkiela eskatzea.

f) Lege honetan arauturiko beste kirol erakunde batzuk behin behinekoz gaitzea administrazio funtzio publiko jakin batzuk bete ditzaten, baldin aparteko behar larria badago, funtzio publiko horiek betetzen direla bermatzearren.

g) Eskuordeturiko funtzio publikoak egoki betetzen direla bermatze aldera, beharrezko diren gainerako zuhurtziazko neurri guztiak hartzea.

2.– Kirol federazioko lehendakaria eta kide anitzeko organoetako gainerako kideak kargutik kentzen direnean, Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek kontu-hartzaileak eta administratzaileak izendatu ahal izango dituzte behin-behinean.

19. artikulua.– Zuhurtziazko administrazio kontu-hartzea.

1.– Administrazio funtzio publikoak egoki ez betetzeko arrisku larria dagoenean, eta bestelako neurri batzuk eraginkorrak ez direnean, Eusko Jaurlaritza eta foru aldundiek dagokion kirol federazioan administrazio kontu-hartzea egitea erabaki ahal izango dute.

2.– Kontu-hartzea erabatekoa edo zati batekoa izan ahalko da. Halaber, kontu-hartze hori kontrola edo fiskalizazioa izan daiteke, baina, orobat, ezgaitu den organoaren funtzioek beregana dezake kontu-hartze horrek.

3.– Aipatutako administrazio publikoetako batek irregulartasun handiren bat atzematen badu federazio baten kudeaketan, ekonomiaren, administrazioaren, zein kirolaren aldetik, hau da, administrazio funtzio publikoak egoki betetzea arriskuan jartzen duen irregulartasuna, federazioko administrazio organoari deituko zaio, eta, hura entzun ondoren, kontu-hartze erregimen egokia erabakiko da, funtzio publikoak betetzen direla bermatzearren. Premiazko kasuetan ez da beharrezkoa izango entzunaldiaren izapidea.

4.– Kargua egoki betetzeko gaitasuna duten pertsona fisiko edo juridiko guztiak izendatu ahal izango dira kontu-hartzaile.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan erregistratu beharko dira kontu-hartzailearen izendapena, haren eskumenak, haren agintaldiaren iraupena, eta gainerako datu garrantzitsuak.

6.– Kontu-hartzaileek, hasiera batean, ordezkatzen dituzten federazio organoaren eskumen berberak izango dituzte.

7.– Epea igarotzen denean, kontu-hartzea bertan behera geldituko da automatikoki, baldin ez bada epe hori luzatzea erabaki. Kontu-hartzea ezin izango da urtebetekoa baino gehiagokoa izan. Epe horretan, federazioari dagozkion organoak eman beharko zaizkio, edo, hala badagokio, federazioa desegiteari eta likidatzeari ekingo zaio.

8.– Kontu-hartzaileek ordainsari bat jasotzeko eskubidea izango dute, federazioaren baliabideen kargura, edo, hala badagokio, eurak izendatu dituen administrazioaren kargura. Kontu-hartzaileak izendatzeko erabakian zehaztuko da ordainsari hori, eta kasuan kasuko federazioaren diru baliabideen araberakoa izan dadin saiatuko da.

9.– Kontu hartzeko prozeduraren edozein alditan ahal izango du kontu-hartzearen erregimena aldatu kontu-hartze hori erabaki zuen administrazio organoak.

10.– Behar adinako arretaz beteko dute kontu-hartzaileek euren kargua, eta erantzungo dute Administrazioaren Publikoaren aurrean, federazioaren aurrean, federazioko kideen aurrean eta hirugarren pertsonen eta erakundeen aurrean, legez kontra edo arreta faltaz egindakoengatik eta bete gabe utzitakoengatik,

11.– Kontu-hartzaileen erabakiak agirietan jasoko dira, eta behar bezala izapideturiko liburu batean transkribatuko dira.

20. artikulua.– Goragokoak eskumena bereganatzea.

1.– Kirol federazioak kontrolatzea, babestea, eta fiskalizatzea dagokien administrazio organoek gai jakin baten gaineko eskumena beregana dezakete, nahiz eta, araudiaren arabera eskuordetutako funtzio publiko batengatik, gai hori kirol federazioaren eskumenekoa izan, baldin eta, arrazoi teknikoak, ekonomikoak, sozialak, juridikoak edo lurraldearen inguruko arrazoiak direla medio, hori komeni bada.

2.– Dena dela, goragokoak eskumenak bereganatu aurretik, entzunaldia egin beharko da, arrazoiak azaltzen dituen erabaki baten bidez. Erabaki hori interesdunei, baldin badago, jakinaraziko zaie.

3.– Ezin izango da errekurtsorik jarri goragokoak eskumena bereganatzeko erabakiaren kontra; hala ere, aurka egin ahalko zaio dagokion prozeduraren ebazpenaren kontra jarritako errekurtsoan, baldin errekurtso hori jartzen bada.

21. artikulua.– Kirol federazioen arteko auziak ebaztea.

1.– Kirol federazioen artean, 14/1998 Legeak eta Dekretu honek ematen dizkien funtzioak betetzean, sortzen diren auziak Kirol Justiziako Euskal Batzordeak ebatziko ditu.

2.– Kirol federazioen artean eskuordeturiko funtzio publikoak betetzeari loturiko auziren bat sortzen denean, interesa duen kirol federazioak Kirol Justiziako Euskal Batzordeari eskatu beharko dio auzia ebatz dezan.

3.– Interesa duen edozein federaziok eman ahal izango dio eskumena duen organoari auziaren berri, eskaerari dagozkion agiriak gehituta.

22. artikulua.– Funtzio publikoak eta sinbolo ofizialak.

1.– Euskadiko kirol federazioek Euskadiko himnoa eta ikurrina erabili ahal izango dituzte euren euskal selekzioek parte hartzen duten lehiaketetan.

2.– Autonomia Erkidegoko beste sinbolo ofizial batzuk erabili nahi dituzten Euskadiko federazioek Eusko Jaurlaritzaren administrazio baimena beharko dute.

3.– Euren lurralde historikoko sinbolo ofizialak erabili nahi dituzten lurraldeko federazioek aplikagarriak diren foru xedapenei jarraituko diete.

III. TITULUA
FEDERAZIOKO KIDE EGITEA. LIZENTZIAK

23. artikulua.– Federazio lizentzien izaera eta ondorioak.

1.– Federazio lizentzia agiri pertsonala eta besterenezina da, bere titularrari federazio bateko kide izaera ematen dio, eta lehiaketa ofizialetan parte hartzeko gaitzen du; betiere, lehiaketa bakoitzean diren arauei jarraituz.

2.– Federazio lizentzia bakarra izango da, eta, horren bidez, titularra kirol modalitate bateko bai lurraldeko federazioari bai Euskadiko federazioari atxikita egongo da.

3.– Pertsona fisikoak eta juridikoak kirol federazioetako kide egiteko bidea dagokien lizentzia ematea izango da.

4.– Lurraldeko federazioek eta Euskadiko federazioek, adostasunez, aisialdiko edo zerbitzuetako txartel bakarra sortu ahal izango dute, ofiziala izango ez dena eta borondatezko harpidetza izango duena. Txartel horrek ez du titularra dagokion federazioko kide egingo, eta kirol jarduera batzuetan parte hartzea edo zerbitzu jakin batzuk jasotzea baino ez du ahalbidetuko. Hala eta guztiz ere, argi adierazita egon beharko du agiri hori ez dela federazio lizentzia eta, ondorioz, ez duela ematen lehiaketa ofizialetan parte hartzeko eskubiderik.

5.– Aurreko idatz-zatian jasotako berariazko gaikuntzak ezin izango du berekin ekarri beste kirol modalitate bati dagozkion aisialdiko zerbitzuak edo antzekoak ematea, ez eta beste federazio batzuen funtzioak arriskuan jartzea ere.

6.– Euskadiko federazioek emandako lizentziek euren titularrak autonomia erkidegoaz gaindiko eremuko lehiaketetan parte hartzeko gaituko ditu, dagokion araudiak ezarritako kasu eta baldintzetan.

24. artikulua.– Federazio lizentziak izapidetzea eta ematea.

1.– Autonomia erkidegoan, Euskadiko federazioek eta lurraldeko federazioek dute eskumena federazio lizentziak emateko eta izapidetzeko, hurrenez hurren.

2.– Euskadiko kirol federazioak dira federazio lizentzien erregimena —agirien, kirolaren nahiz diruaren aldetik— ezartzeko eskumena duten erakundeak, eta, hortaz, honako hauek ezarriko dituzte: eskubideak eta betebeharrak; iraupena; indarrean sartzeko data; kategoriak; kuotak; prozedura; formatua, eta antzeko gainerako alderdiak. Funtzio horrek barne hartuko du, orobat, nahitaezko arrisku estaldura bermatzeko aseguru kolektiboak kontratatzea.

3.– Euskadiko kirol federazioek eta lurraldeko kirol federazioek borondatezko kuota gehigarria jaso ahal izango dute federatuengandik, federazio horien zerbitzuak eta jarduerak finantzatzeko, baina lurraldeko federazioek ezin izango dituzte lizentzien izapideak kargatu dekretu honetako 25.3. artikuluan xedatutakoak ez diren kuota gehigarriekin.

4.– Lurraldeko kirol federazioak dira lizentziak izapidetzeko eskumenak dituzten erakundeak, eta funtzio publiko horretan honako hauek bete beharko dituzte, besteak beste:

a) Federatu nahi dutenei argibideak ematea federazio lizentzien baldintzei eta ondorioei buruz.

b) Federazioko kide egiteko beharrezkoak diren agiriak eta datuak jasotzea.

c) Lizentzien zenbateko osoa kobratzea, eta zenbateko hori likidatzea dekretu honetan ezarritakoaren arabera nahiz dekretua garatzeko xedapenetan ezarritakoaren arabera.

5.– Euskadiko federazioek euren Batzar Nagusian onartutako moduan banatuko dute lizentzia bakoitzaren zenbateko garbia. Honela lortuko da zenbateko garbi hori: zenbateko gordinari 25. artikuluko 3. idatz-zatiko a) eta d) letretan ezarritako zenbatekoak kenduko zaizkio. Lurraldeko federazioek edo Euskadiko federazioek jasoko duten zenbatekoa ezingo da izan, inola ere, lehen aipatutako zenbateko garbiaren % 35a baino txikiagoa.

25. artikulua.– Lizentzien formatua eta edukia.

1.– Euskadiko kirol federazioek onartuko dituzte lizentzien formatua eta edukia, eta lizentziotan, halabeharrez, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dira.

2.– Lizentzien euskarriak komunikazioaren teknologiak egoki aprobetxatzeko moduko baldintza teknikoak izango ditu. Kiroletan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak onartuko ditu euskarri horien ezaugarri teknikoak.

3.– Lizentziaren agirian argi jasoko dira honako kontzeptu ekonomiko hauek:

a) Nahitaezko aseguruen kuota: titularraren osasun arriskuak estaltzen dituen osasun laguntzako aseguruaren, erantzukizun zibileko aseguruaren eta heriotzagatiko eta galera anatomiko eta funtzionalengatiko kalte ordainen aseguruaren kuota, hain zuzen.

b) Euskadiko kirol federazioaren egitura eta funtzionamendua finantzatzeko kuota.

c) Lurraldeko kirol federazioaren egitura eta funtzionamendua finantzatzeko kuota.

d) Federazioen eremuaz gaindiko lehiaketa ofizialetan parte hartzeko kuota, hala badagokio.

4.– Lizentziaren agirian, halaber, argi jasoko dira honako eduki hauek:

a) Lizentzia ematen duen federazioa.

b) Lizentziaren iraupena.

c) Titularraren izena eta abizenak.

d) Titularraren jaioteguna.

e) Kirol diziplina edo kirol diziplinak.

f) Hala badagokio, titularra kide den kirol erakundea.

g) Kategoria eta estamentua.

h) Lizentzia ematen duen federazioko lehendakariaren sinadura, edo hark berariaz eskuordetutako pertsonarena.

i) Lizentzia ematen duen federazioaren zigilua.

26. artikulua.– Pertsona fisikoentzako arrisku estaldura.

1.– Pertsona fisikoen federazio lizentzia bakoitzak arrisku hauek, gutxienez, estaltzea bermatzen duen asegurua ekarriko du berekin:

a) Erantzukizun zibila.

b) Galera anatomiko edo funtzionalengatiko edo heriotzarengatiko kalte ordainak.

c) Osasun laguntza, osasun sistema publikoak doaneko estaldurarik ematen ez duen kasu eta esparruetarako, titularrari arrisku horiek beste aseguru batek estaltzen ez dizkionean.

2.– Aurreko idatz-zatian aipaturiko aseguruaren prestazioak izango dira, gutxienez, 1993ko ekainaren 4ko 849/1993 Errege Dekretuak, Estatuko lehiaketa federatuetarako nahitaezko kirol aseguruaren gutxieneko prestazioak ezartzen dituenak, ezarritakoak edo dekretu hau garatzean ezarriko direnak.

3.– Kirol denboraldi bakoitzaren hasieran, Euskadiko kirol federazioek Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzari eginiko aseguruen zerrenda bidaliko diote, haren berri izan dezan eta dagozkion ondorioetarako, bai eta, bermatuta dauden estaldurak eta prestazioak zehazturik, aseguru horiek dituzten baldintzen kopia ere.

27. artikulua.– Iraupena.

1.– Federazio lizentziek, hasiera batean, urtebeteko iraupena izango dute. Eusko Jaurlaritzek, salbuespen gisa, iraupen luzeagoa baimenduko du, baldin interes orokorreko arrazoiak badaude.

2.– Kirol federazioek iraupen laburragoko lizentziak eman ahal izango dituzte, baina, halakoetan, aldi baterako lizentzia horiek ez diete hauteskunde eskubiderik emango titularrei.

28. artikulua.– Lizentzien bateragarritasuna.

1.– Pertsona berak honako hauek bateratu ahal izango ditu:

a) Hainbat kirol modalitatetako federazioei dagozkien lizentziak.

b) Estamentu desberdinetakoak diren federazio bereko lizentziak.

c) Kirol diziplina desberdinetakoak diren federazio bereko lizentziak.

2.– Ez da inola ere onartuko pertsona berak kirol modalitate bereko, kirol diziplina bereko edo estamentu bereko lizentziak izatea lurralde historiko batean baino gehiagotan.

3.– Euskadiko kirol federazioek arautu egin beharko dituzte lizentzien bateragarritasunaren gaineko baldintzak eta ondorioak.

29. artikulua.– Aldez aurreko osasun azterketa.

Aurkeztu beharko da, arautegian hala xedatuta duten kirol modalitateetan, eta xedapen horietan ezarritako baldintzekin bat. Xedapen horietan osasun azterketak kirolaren, kategoriaren, adinaren eta antzeko beste baldintza batzuen arabera ezarri beharko dira.

30. artikulua.– Izaera arautua.

Lizentziak emateak izaera arautua izango du, eta, beraz, ezin izango da lizentzia ematea ukatu eskatzaileak lizentzia eskuratzeko beharrezko baldintzak betetzen dituenean.

31. artikulua.– Lizentziak izapidetzeko eta emateko betebeharra.

1.– Lurraldeko eta Euskadiko federazioek lizentziak izapidetzeko eta emateko, edo ukatzeko, betebeharra dute, gehienez hilabeteko epean, behar bezala formalizaturiko eskaera aurkeztu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.– Lizentzia emateko eskatu eta gero, baldin lehen zehaztu den gehieneko epearen barruan ez bada espresuki ebazpena jakinarazten, lizentzia eman egin dela ulertuko da.

3.– Aurreko idatz-zatietan aipaturiko lizentziak izapidetzea edo ematea ukatzen dela espresuki jakinarazten denean (arrazoiak emanez ukatu beharko da), edota lizentzia egiaztatzen duen agiria eskuratzea ukatzen denean, errekurtsoa jarri ahal izango da —dagokion foru aldundian edo Eusko Jaurlaritzan— kiroletan eskumenak dituen zuzendaritzaren aurrean, zazpi egun naturaleko epean. Horretarako, 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legean gora jotzeko errekurtsoetarako ezarritako erregimenari jarraituko zaio.

4.– Dagokion Euskadiko kirol federazioko zuzendaritzako kideek erantzun egin beharko dute, baldin aurreko idatz-zatietan aipaturiko federazio lizentziak ematea arrazoitu gabe ukatzen badute, berariaz eskaerei buruzko ebazpenak epearen barruan ematen ez badituzte, edo lizentziak iruzurrez —espresuki edo ustez— ematen badituzte. Halakorik gertatzen bada, sor daitekeen erantzukizun zibilaz edo penalaz gain, zuzendaritzako kide horiei horren araberako zigorra jarri ahal izango zaie. Halaber, lurraldeko federazioetako zuzendaritzako kideek erantzun egin beharko dute, baldin, arrazoitu gabe, uko egiten badiote lizentziak izapidetzeari.

32. artikulua.– Administrazio publiko eskumendunei lizentzien berri ematea.

1.– Eusko Jaurlaritzak zuzenean eta etengabe izango ditu eskuragarri, komunikazioaren teknologia berrien bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko federazioek emandako lizentziak. Foru aldundiek euren lurralde historikoari dagozkion lizentziak baino ez dituzte eskuragarri izango. Komunikazio horren baldintza teknikoak eta haren edukia arautegien bidez xedatuko dira.

2.– Federazio lizentzietako datu pertsonalak biltzean, tratatzean, uztean nahiz datu horiekin antzekorik egitean, datu pertsonalak babesteko indarrean diren xedapenak bete beharko dira.

33. artikulua.– Federazioetako kideen eskubideak.

Federazioko estamentuetako kideek honako eskubide hauek izango dituzte, gutxienez:

a) Federazioko organoetan ordezkaritza izatea eta haietako kide izatea, aplikagarria den araudiaren arabera ezarritako eran, baldintzetan eta proportzioan.

b) Federazioak antolaturiko jarduera guztietan parte hartzea, federazioak horren gainean dituen arauen arabera.

c) Kide diren federazioari buruzko eskatu bezainbesteko informazioa jasotzea, indarrean den legediarekin bat.

d) Federazioko organo eskumendunetara jotzea, federazioko arauak bete daitezela eskatzeko.

e) Egoki iruditzen zaizkien kontsultak eta erreklamazioak egitea, federazioko arauekin bat.

f) Federazio lizentzia egiaztatzen duen agiria izatea.

34. artikulua.– Federazioetako kideen betebeharrak.

Federazioko estamentuetako kideek honako betebehar hauek izango dituzte, estatutuetan gehi daitezkeen betebeharrez gain:

a) Ezarritako kuotak ordaintzea.

b) Federazioko organoetan onartutako erabakiak betetzea, horretarako eskumena duen organoak baliogabetzen edo bertan behera uzten ez dituen bitartean.

c) Federazioaren helburuak lortzen era aktiboan parte hartzea.

d) Hala dagokionean, dituzten karguei atxikitako betebeharrak leialki betetzea.

e) Euskadiko selekzioek eta lurraldeko selekzioek kirol-lehiaketetan parte hartzeko edo horiek prestatzeko egiten dituzten deialdietara joatea.

35. artikulua.– Informazioa jasotzeko eskubidearen nondik norakoak.

1.– Federazio lizentziak honako hauei buruz informazioa jasotzeko eskubidea ematen du: federazioko organoen osaerari buruz; horien kontabilitate egoerari buruz, eta federazioaren edozein jarduerari eta agiriri buruz.

2.– Informazio hori jasotzeko ez da beharrezkoa izango Batzar Nagusiko edo Zuzendaritza Batzordeko kide izatea.

3.– Informazioa jasotzeko eskubideak barne hartzen du 132. artikuluan zehaztutako dokumentazioa era zuzen eta pertsonalean eskuragarri izateko eskubidea. Dokumentazioa eskuragarri izateko eskubidearen arabera, kide den pertsonak interesatzen zaizkion alderdien kopia edo fotokopia lortu ahal izango du, betiere horren gastuak ordainduta eta datu pertsonalak babesteko legediak baimentzen duenaren barruan.

4.– Federazioko organoek, salbuespenezko egoera jakin batzuetan, ukatu ahal izango dute informazioa ematea, horrek federazioaren interesak larri kalte ditzakeenean. Salbuespen hori ez da bidezkoa izango eskaerari euren babesa ematen diotenean Batzar Nagusiaren laurden bat, gutxienez, ordezkatzen duten batzarkideek.

5.– Halaber, federazioko organoek informazioa emateari uko egin ahal izango diote eskubide abusu argia gertatuz gero. Besteak beste, eskubide abusutzat joko da informazioa era masiboan eta bereizi gabe eskatzea.

6.– Dena dela, informazioa ematea ukatzen bada, behar bezala arrazoitu beharko da, eta kasu murritzetan baino ez da ukatu beharko.

7.– Informazioa jasotzeko eskubidea estatutuetan edo arautegietan arau daiteke, eskubidea gauzatzeko lekuari, denborari eta erari dagokienez.

8.– Informazioa emateko murriztapenak ezin izango zaizkio ezarri Eusko Jaurlaritzako edo foru aldundiko dagokion organoari, horrek babestu behar dituen administrazio funtzio publikoei dagokienez.

IV. TITULUA
LEHIAKETA FEDERATUAK ETA SELEKZIOAK

36. artikulua.– Lehiaketa ofizialak antolatzea eta baimentzea.

1.– Indarrean den araudiaren arabera eraturiko kirol federazioek baino ez dute eskumena izango lehiaketa ofizialak arautu, kalifikatu eta baimentzeko, eta dagozkien titulu ofizialak emateko; beti ere, euren lurralde eremutik atera gabe.

2.– Dekretu honen ondorioetarako, lehiaketa ofizialak izango dira dagokien federazioak ofizialtzat kalifikatzen dituenak.

3.– Lurraldearen eremuko lehiaketa ofizialak antolatzea lurraldeko federazioen eskumena izango da. Halakoak izango dira lurraldeko federazioek euren egutegi ofizialean jarri, eta dagokien lurraldean egiten direnak. Lehiaketa horietan lurralde horretako federazioko lizentzia duten kirolariek baino ezin izango dute parte hartu. Beste federazio batzuetako lizentzia duten kirolariek ere parte hartu ahal izango dute, baina eskubide guztiak izan gabe, eta kirol modalitate horretako Euskadiko federazioak baimentzen duenean baino ez.

4.– Eremutzat autonomia erkidegoa duten lehiaketa ofizialek autonomia erkidegoan lehiaketek duten piramide egitura errespetatu beharko dute, Euskadiko federazioen eskumenekoak izango dira, eta ez da beharrezkoa izango egiten diren lurraldeko federazioak baimena eman dezan. Halakoak izango dira Euskadiko federazioek euren egutegi ofizialean jarri, eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean egiten direnak. Lehiaketa horietan dagokien Euskadiko federazioko lizentzia duten kirolariek baino ezin izango dute parte hartu, eskubide guztiekin.

5.– Ezin izango da titulu ofizialik eman, lehiaketa ofizial baten ondorioz baldin ez bada.

6.– Edozein pertsona fisiko edo juridiko, publiko zein pribatu, arduratu ahal izango da lehiaketa ofizialen antolaketa fisikoaz, aldez aurretik dagokion federazioak baimena emanik.

7.– Lehiaketa ofizialak dagokion federazioaren eremutik kanpo egiteko, beharrezkoa izango da egoera berezia gertatzea, bai eta aldez aurretik administrazio jakinarazpena egitea ere.

37. artikulua.– Lehiaketa egutegiak.

1.– Kirol federazioek euren lehiaketa ofizialen egutegi berezia izan beharko dute.

2.– Kirol federazioek euren lurralde eremuan egingo den edozein lehiaketa, ofiziala izan zein ez, sartu ahal izango dute euren egutegi orokorretan.

3.– Federazio antolatzaileko lizentziaren titularrek baino ezin izango dute parte hartu eskubide eta betebehar guztiekin lehiaketa ofizialetan. Gainerako kirolariek gonbidapenez parte hartuko dute, eta, hala badagokio, kirol horretako Euskadiko federazioaren baimenarekin, titulu ofizialak lortzeko eskubiderik gabe.

4.– Lurraldeko federazioen egutegi ofizialak onartu baino lehen, Euskadiko federazioenak onartu beharko dira. Euskadiko federazioen egutegi ofiziala egiteko, lurraldeko federazio guztiei entzungo zaie. Euskadiko federazio bat bere egutegi ofiziala onartzen luzatzen bada, lurraldeko federazioek kiroletan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzari eskatu ahal izango diote beharrezko neurriak har ditzala.

5.– Euskadiko federazioek bermatu beharko dute autonomia erkidego osoko lehiaketetan aintzat hartuko direla, parte-hartzeari dagokionez, lurraldeko kirol federazioen lehiaketa ofizialen emaitzak.

6.– Euskadiko federazioek eta lurraldeko federazioek euren funtzioak koordinatu beharko dituzte, kirol lehiaketen piramide egitura egokia bermatzearren.

38. artikulua.– Lehiaketak edo probak baimentzea.

1.– Hala dagokionean, baimendu beharreko lehiaketa edo proba ofizialak kirol federazioek luza ezin daitekeen hamar eguneko epean baimendu beharko dituzte. Eskaera jaso eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen epea.

2.– Federazioak ez badu epe horretan bere ebazpena ematen, eskaturiko baimena ematen duela ulertuko da.

3.– Federazioak lehiaketa edo proba baterako baimena espresuki ukatzen badu, arrazoiak emanez betiere, errekurtsoa jarri ahal izango da Kirol Justiziako Euskadiko Batzordearen aurrean.

4.– Ofizialak ez diren jarduera edo lehiaketetarako ez da beharrezkoa izango kirol federazioen baimena, federazioko lizentzia duten kirolariek parte hartu arren. Kirol federazioek ez dute eskumena dagokien lurralde eremuko euren kirol modalitateko lehiaketa edo jarduera guztien gainean.

39. artikulua.– Lehiaketa mistoak.

1.– Kirol federazioek lehiaketa mistoak antolatu eta baimendu ahal izango dituzte, hots, federazio horietako kirolariek nahiz beste federazio batzuetakoek parte hartuko dituzten lehiaketak.

2.– Lehiaketa horiek izaera ofiziala izan ahal izango dute, lehiaketak antolatzen edo baimentzen dituzten federazio horietako kirolari federatuen parte-hartzeari dagokionez, eta azken horiexek izango dute titulu ofizialak eskuratzeko eskubidea.

3.– Gainerako parte-hartzaileei dagokienez, federazioak izango du lehiaketak zuzentzeko eta kontrolatzeko eskumena, bere epaileen bidez, baina lehiaketa gainditzen duen diziplina ahalmenik ez du izango.

40. artikulua.– Izena.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren eta ofizialak ez diren lehiaketen izena ezingo da izan Euskadiko federazioek eta lurraldeko federazioek antolaturiko lehiaketa ofizialen izen bera, ez eta azken horiekin nahasteko moduko antzeko izena ere.

2.– Euskadin egiten diren eta ofizialak ez diren lehiaketak iragartzeko karteletan eta gainerako agirietan argi adierazi beharko da ez direla lehiaketa ofizialak.

3.– Kiroletan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzari jakinarazi behar zaio kirol lehiaketen izenetan «País Vasco», «Euskadi», «Euskal Herria», «vasco», «vasca», «autonómico» eta nahasmena sor daitekeen antzeko beste edozein hitzen erabilera.

4.– Lurralde historikoetako foru organoek kontrolatuko dute izenen erabilera euren lurraldeetako lehiaketetan.

41. artikulua.– Bereizkeria debekatzea.

1.– Lehiaketek irekiak izan beharko dute lizentzia duten pertsona fisiko eta juridiko guztientzako, inolako bereizkeriarik onartu gabe. Parte-hartzaileen baldintza fisikoetan edo teknikaren aldetiko kirol baldintzetan oinarrituriko banaketak baino ezin izango dira ezarri.

2.– Atzerritarrek kirol lehiaketetan parte hartzea murrizteko, federazioen estatutuetan edo arautegietan ezarritako mugek atzerritarren inguruko araubide juridikoa errespetatu beharko dute. Halaber, kirol federazioek, euren arauen bidez, babes berezia eman beharko diete autonomia erkidegoan administrazio egoitza duten atzerritar adingabeei, eta beti ahalbidetu behar dute kirol lehiaketen bidez gizartera daitezen.

42. artikulua.– Arriskuak estaltzea.

Kirol federazioek antolaturiko edo baimenduriko lehiaketek, ofizialak izan zein ez, erantzukizun zibileko asegurua izan beharko dute. Aseguru horrek jendaurreko ikuskizunei eta jolas jarduerei buruz indarrean den araudiak xedaturiko ezaugarriak izango ditu. Araudi horrek agindu bidez moldatu ahal izango zaie zenbait kirol lehiaketaren ezaugarriei.

43. artikulua.– Selekzioak.

1.– Dekretu honen ondorioetarako, Euskadiko selekzioak dira autonomia erkidegoaz gaindiko eremuko kirol jarduera eta lehiaketetan parte hartzeko izendatzen diren kirolari eta teknikarien zerrendak, dagokion Euskadiko federazioa ordezkatu behar dutenean.

2.– Dekretu honen ondorioetarako, lurraldeko selekzioak dira autonomia erkidegoaren eremuko kirol jarduera eta lehiaketetan parte hartzeko izendatzen diren kirolari eta teknikarien zerrendak, dagokion lurraldeko federazioa ordezkatu behar dutenean. Autonomia erkidegoaz gaindiko eremuko lehiaketetan parte hartzeko, dagokion Euskadiko federazioaren baimena behar izango dute.

3.– Kirolari eta teknikari federatuek selekzio horien deialdietara joan behar dute, ezinbestez. Hautaturiko kirolariak deialdietara joan daitezen lagundu beharko dute klubek.

4.– Kirol federazioek dagokien administrazio organoei aditzera eman beharko diete kirol selekzioek zein lehiaketatan parte hartuko duten.

44. artikulua.– Autonomia erkidegoaz gaindiko federazioetako kide egitea.

Euskadiko federazioek eskatu ahal izango dute dagozkien eta autonomia erkidegoaz gaindiko lurralde eremua duten federazioetako eta beste erakunde batzuetako kide egiteko, eremu horietako kirol jardueretan parte hartzeko nahiz eremu horretan kirol jarduerak aurrera eramateko eta antolatzeko, estatutuek eta arautegiek xedatutako moduan.

V. TITULUA
KIROL FEDERAZIOAK ERATZEA
I. KAPITULUA
KIROL MODALITATEAK, KIROL DIZIPLINAK ETA PROBAK

45. artikulua.– Federazio bakartasuna.

1.– Kirol modalitate bakoitzerako, lurraldeko federazio bakarra eratu ahal izango da lurralde historiko bakoitzean, eta Euskadiko federazio bakarra, autonomia erkidegoan.

2.– Arau orokor horretan salbuespena dira ezgaitasun fisikoak, psikikoak, sentsorialak eta mistoak dituzten kirolariak biltzen dituzten kirol anitzeko federazio hauek:

– Ezinduentzako Kirolen Arabako Lurralde Federazioa.

– Ezinduentzako Kirolen Bizkaiko Lurralde Federazioa.

– Ezinduentzako Kirolen Gipuzkoako Lurralde Federazioa.

– Ezinduentzako Kirolen Euskadiko Federazioa.

3.– Interes publikoagatik, kirol federazio batean kirol modalitate bat baino gehiago hartzea baimendu ahal izango da. Halakoetan, dagokion federazioak bermatu beharko du federazioko kirol modalitate eta kirol diziplina guztiak sustatuko dituela, bereizkeriarik gabe.

46. artikulua.– Kirol modalitatearen izaera.

Dekretu honen ondorioetarako, kirol modalitatea izango da kirol diziplina multzoa, gutxieneko arau berezi eta finkatuak eta behar bezala bereiziak dituena, eta, hortaz, beste kirol modalitate batzuen aldean, autonomia maila handia duena.

47. artikulua.– Kirol modalitateak onartzeko irizpideak.

1.– Jarduera bat kirol modalitate gisa onartzeko, kiroletan eskumena duen sailak honako baldintza hauek batera betetzea izango du kontuan:

a) Lehia izaera nabarmena.

b) Lehiatzeko arauak izatea.

c) Autonomia erkidegoan oso zabalduta egotea.

d) Kirol errendimendua optimizatzeko, entrenamendu sistematiko eta jarraitua beharrezkoa izatea.

e) Ahalegin fisikoa edo mugimendu konplexuak egitea beharrezkoa duen ekintzari loturik egotea.

f) Jarduera gizakiek zuzenean egin behar izatea.

g) Animaliarik egonez gero, gizakien jarduera, heziera bera kontuan hartu gabe, beharrezkoa eta garrantzitsua izatea.

h) Kirol modalitatea nazioartean onartua egotea, bertako kirolen kasuan izan ezik.

2.– Honako hauek ez dira kirol modalitatetzat joko: zorizko jokoetan oinarrituriko jarduerak; jatorriz lehian oinarritzen ez diren jokoak; estrategia jokoak edo eskuen edo buruaren trebetasun hutsean oinarritzen diren jokoak; edo, berez, egoneko jokoak direnak.

3.– Era berean, ez dira kirol modalitatetzat onartuko aurretik onartuta zegoen beste kirol modalitate edo diziplina batekin bat-etortze nabariak dituzten jarduerak.

48. artikulua.– Kirol diziplinak eta probak.

1.– Dekretu honen ondorioetarako, kirol diziplina da kirol modalitate bati loturiko kirol jarduera, gutxieneko arau berezi eta finkatuak dituena, eta, hortaz, beste kirol diziplina batzuen aldean, nahiko autonomia maila duena.

2.– Kirol diziplinak, era berean, hainbat probak osatuta egon ahal izango dira.

49. artikulua.– Kirol modalitateen eta diziplinen katalogoa.

1.– Dekretu honen eranskinean dago Eusko Jaurlaritzak onartzen dituen kirol modalitateen eta diziplinen hasierako zerrenda. Kultura sailburuaren aginduaren bidez eguneratu ahal izango da eranskin hori. Agindu horretan kirol diziplinei dagozkien probak sartu ahal izango dira.

2.– Kirol modalitateak, diziplinak eta probak onartzeko, honako prozedura hau beteko da:

a) Kirolari, klub edo kirol elkarte multzo nabarmenak kirol modalitatea edo diziplina ofizialki onartzearen bidezkotasuna egiaztatzen duten agiriak aurkeztu ahal izango dizkio kiroletan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzari.

b) Organo horrek igorritako agiriak nahikoak ez direla edo zuzenak ez direla erabakitzen badu, eskatzaileei jakinaraziko dio, atzemandako akatsak zuzen ditzaten. Halaber, ohartarazi egingo zaie, baldin hamar eguneko epean ez badute eskatutako zuzenketa egiten, espedientea behin betiko artxibatuko dela.

c) Eusko Jaurlaritzako aipatu zuzendaritzak Euskadiko Kirol Kontseiluari helaraziko dio espedientea, hango Batzorde Iraunkorrak arauzko txostena egin dezan.

d) Txosten hori aztertuta, Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak kirol modalitate edo diziplina berria onartzea ala ez erabakiko du, arrazoiak emanez. Hala badagokio, kirol modalitateen eta diziplinen katalogoaren aldaketa argitaratzeko aginduko du.

50. artikulua.– Kirol diziplina bat kirol modalitate bati edo besteari dagokion auzian denean.

Kirol diziplina jakin bat kirol modalitate bati edo besteari dagokion auzian dagoenean, auzi hori honela bideratuko da:

a) Federazio interesdunak edo interesdunek, edo, bestela, kirolari, klub edo kirol elkarte multzo nabarmenak, auzian den kirol diziplina onartuta dauden kirol modalitateetako batean sartzeko eskatu ahal izango dute, dagozkion egiaztagiriak aurkeztuz eta hori justifikatzeko egoki deritzeten arrazoiak emanez.

b) Kiroletan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak zerikusia duten kirol federazioei helaraziko die eskaera hori, hari buruzko iritzia eman dezaten.

c) Jarraian, Eusko Jaurlaritzako zuzendaritza horrek Euskadiko Kirol Kontseiluari helaraziko dizkio eskaera eta, hala badagokio, galdeturiko federazioek eginiko txostenak, Batzorde Iraunkorraren bidez, txostena egin dezan.

d) Kirolean eskumena duen sailak arrazoiak emanez erabakiko du kirol diziplina hori dagokion kirol modalitatean sartzea. Kirol modalitatea interesdunek eskaturikoa ez den beste bat izan daiteke.

II. KAPITULUA
ERATZEA

51. artikulua.– Kirol federazio berriak eratzea.

1.– Hona hemen kirol federazio bat onartzeko bideak:

a) Federazio berria sortzea.

b) Beste federazio batetik bereiziz beste federazio bat sortzea.

c) Aurretik baziren beste bi federaziok edo gehiagok bat egitea.

2.– Euskadiko eta lurraldeko federazio berriak eratzeko, Eusko Jaurlaritzaren eta lurralde historikoetako foru organoen administrazio onarpena beharko da. Honako irizpideak kontuan izanik emango edo ukatuko dute onarpen hori:

a) Jardueraren interes publikoa.

b) Jarduera nahiko zabalduta egotea.

c) Ofizialki onartutako kirol modalitatea existitzea.

d) Federazio berriaren bideragarritasun ekonomikoa.

e) Federazio berriaren antolatzeko gaitasuna.

3.– Kirol federazioari dagokion kirola nahiko zabalduta dagoela erabakitzeko irizpideak Euskadiko Kirol Kontseiluak ezarriko ditu, agindu bidez.

4.– Hala eta guztiz ere, ezinbesteko baldintza izango da kirol modalitatea aldez aurretik onartuta egotea, ezgaitasun fisikoak, psikikoak, sentsorialak eta mistoak dituzten kirolariak biltzen dituzten kirol anitzeko federazioak onartzeko izan ezik.

52. artikulua.– Lurraldeko federazioak ex novo eratzea.

Lurraldeko federazioa eratzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Lurralde historikoko dagokion organoan eratze agiria aurkeztea, estatutuekin. Kirol modalitate horri dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan erregistratuta dauden lurralde horretako kluben edo kirol elkarteen erdiak eta batek gutxienez notario aurrean sinatuta egon beharko du, edo, bestela, lurralde horretako kirol horretan federatuta dauden kirolarien erdiak eta batek gutxienez notario aurrean sinatuta egon beharko du.

b) Euskadiko Kirol Kontseiluaren txostena.

c) Dagokion Foru Aldundiaren onarpena.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan erregistratzea.

53. artikulua.– Euskadiko federazioak ex novo eratzea.

Euskadiko federazioa eratzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzaren aurrean eratze agiria aurkeztea, estatutuekin. Lurraldeko bi federaziok gutxienez notario aurrean sinatuta egon beharko du, edo, bestela, halakorik ez badago, kirol modalitate horretako kluben edo kirol elkarteen erdiak eta batek gutxienez notario aurrean sinatuta egon beharko du. Lurraldeko federazio edo klub edo kirol elkarte horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan erregistratuta egon beharko dute.

b) Euskadiko Kirol Kontseiluaren txostena.

c) Eusko Jaurlaritzaren onarpena.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan erregistratzea.

54. artikulua.– Beste federazio batetik bereiziz eratzea.

1.– Aurretik dagoen beste kirol federazio batetik bereiziz eratu nahi duen kirol federazioak behar du jatorriko federazioko Batzorde Nagusiak gehiengo osoarekin bereizteko proiektua onar dezan, bai eta bere kirol modalitateak aldez aurretik administrazio onarpena izan dezan ere.

2.– Federazio berriaren eraketa notario eskritura bidez formalizatu beharko da, eta federazio bat ex novo sortzean bete behar diren baldintza berak bete beharko dira.

3.– Federazio berria eratzearen ondorioz, horri eskualdatuko zaizkio aurreko federaziotik bereizteko proiektuan zehazturiko eskubideak eta betebeharrak. Halakoetan, eratze eskriturari erantsiko zaio aditu independenteek eskualdatze horri buruz eginiko txostena.

55. artikulua.– Aurretik baziren beste bi federaziok edo gehiagok bat eginez eratzea.

1.– Bat egiten duten federazioetako zuzendaritza batzordeek edo lehendakariek bat egiteko proiektua sinatu beharko dute, federazio bakoitzeko Batzorde Nagusietan eztabaidatu baino lehen. Proiektu horretan honako hauek aipatu beharko dira, gutxienez:

a) Bat egiten duten federazioen izena, helbidea eta identifikatzeko gainerako datuak.

b) Kirol federazio berriaren estatutuak.

c) Aditu independenteek federazio bakoitzak dakartzan aktibo eta pasibo globalei buruz eginiko txostena.

2.– Federazio berri batean bat egin nahi duten kirol federazioek bat egiteko proiektua, Batzorde Nagusiek gehiengo kualifikatuz onartuta, dagokion administrazio onarpena jaso dezan aurkeztu beharko dute.

3.– Bat-egitea notario eskritura bidez formalizatu beharko da, eta, gainera, federazio bat ex novo sortzean egin behar diren izapide berak egin beharko dira.

4.– Kirol federazioek federazio berrian bat egitearen ondorioz, aurreko federazio guztiak iraungi egingo dira, eta haien aktiboak eta pasiboak oinordetzaz haien eskubideak eta betebeharrak jasoko dituen erakunde berriari eskualdatuko zaizkio.

56. artikulua.– Xurgapenez bat egitea.

1.– Bat egiten duten federazioetako zuzendaritza batzordeek edo lehendakariek xurgapen txostena taxutu eta sinatu beharko dute. Proiektu horretan, gutxienez, xurgatutako federazioak dakarren ondareari buruz aditu independenteek eginiko txostenak egon beharko du.

2.– Xurgapenez bat egin nahi duten kirol federazioek bat egiteko proiektua, Batzorde Nagusiek gehiengo kualifikatuz onartuta, dagokion administrazio onarpena jaso dezan aurkeztu beharko dute.

3.– Xurgapenezko bat-egitea eskritura publikoaren bidez formalizatu beharko da, eta aurreko artikuluetan xedaturiko izapideak egin beharko dira administrazio onarpena jasotzeko eta erregistroan erregistratzeko.

4.– Xurgapenezko bat-egitearen ondorioz, federazio xurgatuaren ondarea osorik eskualdatuko zaio oinordetza unibertsalez haren eskubideak eta betebeharrak jasoko dituen federazio xurgatzaileari.

57. artikulua.– Akatsak edo hutsak egotea.

1.– Helarazitako agirietan akatsak edo hutsak daudela atzematen badu organo eskumendunak, akats edo huts horiek daudela jakinaraziko zaie interesdunei. Halaber, ohartarazi egingo zaie, baldin hamar eguneko epean ez badute eskatutako zuzenketa egiten, erregistratzea ukatuko zaiela eta espedientea behin betiko artxibatuko dela.

2.– Jakinarazpen horrek erregistratze epea etengo du, eskatutako zuzenketa egin arte.

58. artikulua.– Espedientea Euskadiko Kirol Kontseiluari helaraztea.

Organo eskumendunak, bere esku agiri guztiak era egokian dituenean, agiri horien kopia helaraziko dio Euskadiko Kirol Kontseiluari, hango Batzorde Iraunkorrak arauzko txostena egin dezan.

59. artikulua.– Txostena egitea.

Euskadiko Kirol Kontseiluak aurkezturiko eskaerari buruzko txostena egingo du. Txostena hogeita hamar eguneko gehieneko epean egin beharko du, txostena eskatzen den egunetik bertatik zenbatzen hasita. Txostena ez bada egiten adierazitako epean, atzeratzearen arduradunak izango duen erantzukizuna gorabehera, hurrengo izapideak egiten jarraitu ahal izango da.

60. artikulua.– Onartze epea eta isiltasun positiboa.

1.– Eusko Jaurlaritzako eta foru aldundietako organo eskumendunek, hiru hilabeteko epea izango dute, eskaera erregistroan sartu zen egunetik zenbatzen hasita, eskaera onartzeko eta kirol federazio berria Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan erregistratzeko.

2.– Dagokion organoak eratze agirian edo estatutuetan araubide juridikoari aurka egiten dion arau-hausteren bati antzemanez gero, eskatutako onarpena eta erregistroa ukatuko ditu.

3.– Artikulu honetako lehen paragrafoan aurreikusitako hiru hilabeteak igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, administrazio onarpena eman dela ulertuko da. Hala, bada, ofizioz, edota alde interesdunak hala eskatuta, kirol federazio berria Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan erregistratuko da.

61. artikulua.– Erregistro inskripzioaren izaera eratzailea eta eginbeharrak.

1.– Euskadiko Federazioak eta lurraldeetako federazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan erregistratzeak izaera eratzailea izango du.

2.– Erregistro prozesuan diren kirol federazioetako sustatzaileek, pertsonalki eta era solidarioan erantzungo dute, hirugarren pertsonekin eta erakundeekin euren gain hartutako eginbeharrei dagokienez.

62. artikulua.– Hasierako batzorde kudeatzailea.

1.– Dekretu honetan xedatutako federazioko organoak aukeratu baino lehen, dagokion federaziaren sustatzaileek batzorde kudeatzailea izendatuko dute. Batzorde horrek federazioari dagozkion gobernu eta administrazio lanak bere gain hartuko ditu, eta hauteskunde prozesuari hasiera emango dio sei hilabeteko epean, federazioa erregistroan erregistratu zen egunetik zenbatzen hasita.

2.– Batzorde kudeatzaileak lehendakaria izango du, eta federazioaren behin-behineko ordezkari gisa jardungo du.

63. artikulua.– Administrazio-bidea agortzea.

Kiroletan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak eta kapitulu honetan jorratutako gaien gainean eskumena duten foru organoek emandako ebazpenekin amaituko da administrazio bidea.

III. KAPITULUA
ESTATUTUAK ETA ARAUTEGIAK

64. artikulua.– Kirol federazioen estatutuen gutxieneko edukia.

Euskadiko eta lurraldeko federazioen estatutuek honako hauek arautu behar dituzte, gutxienez:

a) Izena, xedea eta helburuak.

b) Kirol modalitatea eta ofizialki onartuta dauden diziplinak.

c) Egoitza soziala.

d) Gobernu, administrazio eta ordezkaritza organoak: osaketa, funtzioak, hautaketa sistemak eta funtzionamendua.

e) Federazioa osatzen duten estamentuak. Dagokien ordezkaritza. Eskubideak eta betebeharrak.

f) Ekonomia eta finantza erregimena.

g) Agiri erregimena.

h) Kirol diziplinako organoak eta diziplina erregimeneko printzipio orokorrak.

i) Estatutuak aldatzeko, arautegiak onartzeko eta erabakiak hartzeko prozedura.

j) Federazioa desegiteko kausak eta likidatzeko prozedura.

k) Federazioaren baitan sortzen diren auziak judizioz kanpo ebazteko formulak.

65. artikulua.– Estatutuen administrazio onarpena, argitalpena eta indarraldia.

1.– Euskadiko federazioen estatutuak kirol gaietan eskumena duen sailari aurkeztuko zaizkio, onar ditzan, hirurogei egun naturaleko epean, federazioko batzar nagusian onartzen diren unetik zenbatzen hasita.

2.– Lurraldeko federazioen estatutuak foru aldundiko dagokion organoari aurkeztuko zaizkio, onar ditzan, hirurogei egun naturaleko epean, federazioko batzar nagusian onartzen diren unetik zenbatzen hasita.

3.– Estatutu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroak eskatzen duen euskarri informatikoan.

4.– Eskumena duen organoak estatutuen gaineko dagokion ebazpena emango du bi hilabeteko epean, eskaera erregistroan sartzen den unetik zenbatzen hasita.

5.– Euskadiko kirol federazioen estatutuak, nahiz horien aldaketak, Euskal Herriko Agintaritzen Aldizkarian argitaratuko dira, behin administrazioaren aldetik onartu direnean.

6.– Lurraldeko federazioen estatutuak nahiz horien aldaketak dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean argitaratuko dira, behin administrazioaren aldetik onartu direnean.

7.– Federazio estatutuak indarrean sartzeko, onartu egin beharko dira, eta dagokion aldizkari ofizialean osorik argitaratu beharko dira. Estatutu horiek argitaratu eta hurrengo egunetik egongo dira indarrean, bai federatuentzat, bai hirugarren pertsona eta erakundeentzat.

66. artikulua.– Kirol federazioen estatutu egoitza.

1.– Euskadiko federazioen estatutuek Euskal Autonomia Erkidegoan ezarriko dute egoitza soziala, eta lurraldeko federazioen estatutuek, berriz, dagokion lurralde historikoan ezarriko dute.

2.– Posta kutxatilak eta helbide elektronikoak ez dira onartuko estatutu egoitza sozial gisa.

3.– Ez da onartuko federazioen egoitza soziala aldatzea federazio bateko lehendakari hautetsia inguruan bizi izateagatik.

67. artikulua.– Kirol federazioen estatutu izena.

1.– Euskadiko eta lurraldeko kirol federazioa izendapena Dekretu honetan halaxe izendatzen diren erakundeei baino ez zaie emango, ondorio guztietarako. Ez da onartuko hirugarren pertsonek akatsak edo nahasmena sor dezaketen izenak erabiltzea.

2.– Kirol federazioen izenak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan egon beharko du idatzita.

68. artikulua.– Kirol federazioen gutxieneko arautegiak.

Kirol federazioek honako hauek arautu behar dituzte, gutxienez:

a) Lehiaketa ofizialak antolatzeko eta garatzeko erregimena.

b) Diziplina erregimena.

c) Hauteskunde erregimena.

d) Auziak judizioz kanpo ebazteko erregimena.

e) Lizentzien erregimena, Euskadiko federazioen kasuan.

69. artikulua.– Arautegien administrazio onarpena, erregistratzea eta indarraldia.

1.– Euskadiko federazioen arautegiak kiroletan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzari aurkeztuko zaizkio, onar ditzan, hirurogei egun naturaleko epean, federazioko batzar nagusian onartzen diren unetik zenbatzen hasita.

2.– Lurraldeko federazioen arautegiak Foru Aldundiko dagokion organoari onar ditzan aurkeztuko zaizkio, hirurogei eguneko epean, federazioko batzar nagusian onartzen diren unetik zenbatzen hasita.

3.– Arautegi horiek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan aurkeztu beharko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroak eskatzen duen euskarri informatikoan.

4.– Eskumena duen organoak arautegien administrazio onarpena emango du bi hilabeteko epean, eskaera erregistroan sartzen den unetik zenbatzen hasita.

5.– Euskadiko eta lurraldeko federazioen arautegiak nahiz horien aldaketak Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan erregistratuko dira, behin administrazioaren aldetik onartu direnean.

6.– Federazio estatutuak indarrean sartzeko, onartu egin beharko dira eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan erregistratu beharko dira. Arautegi horiek erregistratzen diren unetik egongo dira indarrean, bai federatuentzat, bai hirugarren pertsona eta erakundeentzat. Administrazio onarpena eman bitartean, federazioko arautegiak inongo eraginkortasunik gabeko proiektuak dira.

70. artikulua.– Estatutuak eta arautegiak onartzea eta aldatzea.

1.– Estatutuak onartu eta aldatu ahal izateko, beharrezkoa da horretarako deitutako Batzar Nagusira bertaratzen diren kideen bi herenek horren aldeko botoa ematea.

2.– Arautegiak onartu eta aldatu ahal izateko, beharrezkoa da horretarako deitutako batzar nagusira bertaratzen diren kideen gehiengoak horren aldeko botoa ematea.

71. artikulua.– Federazioaren zirkularrak.

1.– Federazioaren zirkularrak estatutuen eta arautegien indarraldia, ezarpena, interpretazioa nahiz federazioari dagozkion bestelako gaiak ezagutarazteko erabiliko dira, baina ez dute berezko arau izaerarik izango.

2.– Federazioaren zirkularrek ez dute aldez aurretik administrazio onarpenik izan behar.

72. artikulua.– Autonomia Erkidegoaz gaindiko kirol federazioen estatutuak eta arautegiak.

1.– Lurralde eremu handiagoko kirol federazioen estatutuak eta arautegiak Euskadiko federazioei eta horietako kideei aplika dakizkieke soilik baldin eta haietako kide badira, eta erkidegoaz gaindiko kirol federazioek eskumena duten gaien inguruan baino ez. Kasu horietan, Euskadiko kirol federazioek arau horiek itzuli eta behar adina zabaldu beharko dituzte, Euskadiko talde federatuek behar bezala ezagut ditzaten.

2.– Erkidegoez gaindiko kirol federazioen gainerako arautegiak ez zaizkie zuzenean aplikatuko Euskadiko federazioei eta horietako kideei. Euskadiko federazioen antolamenduan sartu ahal izateko, federazioaren eta administrazioaren onarpena beharko da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan erregistratzea beharrezkoa izango da.

3.– Erkidegoaz gaindiko kirol federazioen arautegiak ezin izango dira era osagarrian aplikatu Euskadiko eta lurraldeko kirol federazioetan. Hala ere, Euskadiko federazioek arau horiek era osagarrian aplikatu ahal izango dituzte, baldin eta euren arautegietan berariaz hala ezartzen bada, federatuei arau horiek egoki itzulita eskaintzen bazaizkie eta behar bezala ezagutarazten badira.

VI. TITULUA
ERREGIMEN ORGANIKOA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

73. artikulua.– Gutxieneko antolamendua.

1.– Euskadiko kirol federazioetan honako organo hauek egongo dira, gutxienez:

a) Gobernu organoa, hots, Batzar Nagusia.

b) Administrazio organoa. Lurraldeko federazioetan pertsona bakarra izan daiteke, eta ordezkaritza organoarekin edo kide anitzeko organoarekin bat etorri; kasu horretan, Zuzendaritza Batzordea deituko zaio.

c) Ordezkaritza organoa. Titularra federazioko lehendakaria izango da.

2.– Halaber, Euskadiko kirol federazio guztiek federazioaren kirol zuzendaritzaz eta zuzendaritza teknikoaz arduratzen den organoa behar dute. Dagokion babes administrazioak horretarako baimentzen dituen kirol federazioek baino ezin izango dute betebehar hori bete gabe utzi, eta salbuespenetan, betiere.

3.– Kirol federazio bakoitzean beharrezkotzat jotzen diren batzordeak eta gainerako organo osagarriak era daitezke, bai kirol jardueraren sektore bat garatzeko, bai federazioko kide diren taldeen edo estamentuen funtzionamendurako.

II. KAPITULUA
BATZAR NAGUSIA

74. artikulua.– Batzar Nagusiaren funtzioak.

Batzar Nagusia federazioen gobernu organo nagusia da, eta honako funtzio hauek bete behar ditu, gutxienez:

a) Lehendakaria, eta, hala badagokio, Zuzendaritza Batzordea aukeratzea.

b) Federazioko kontuak eta aurrekontuak onartzea.

c) Federazioa desegin dadin erabakitzea.

d) Lehendakariaren aurkako eta, hala badagokio, Zuzendaritza Batzordearen aurkako zentsura mozioa onartzea.

e) Lehiaketa ofizialen egutegia onartzea.

f) Federazioaren jarduera plana onartzea.

g) Federazioaren estatutuak eta arautegiak onartzea eta aldatzea.

h) Ondasun higiezinak izatea, besterentzea eta zergapetzea; maileguak adostea; eta zorraren edo ondare parte alikuotaren titulu ordezkatzaileak jaulkitzea.

i) Eragin handia izateagatik, Batzar Nagusian onar dadin eskatzen duen guztia.

75. artikulua.– Hauteskunde prozesua gauzatzeko aldia.

1.– Batzar Nagusia lau urtean behin aukeratuko da, boto librea, zuzena, berdina eta sekretua oinarri hartuta, eta dagokion kirol modalitateko Joko Olinpikoak egiten diren urteetan.

2.– Joko Olinpikoetan parte hartzen ez duten modalitateei dagozkien federazioetako hauteskundeak udako Joko Olinpikoak egiten diren urteetan egingo dira.

3.– Salbuespen gisa, eta administrazioak berariaz hala baimenduta, hauteskunde prozesuak aurreratu edo atzeratu egin daitezke, baldin eta hauteskundeak hasteko ezarrita zegoen datan ezinezkoa bada. Berariazko baimena izateko, dagokien federazioei eta administrazio organoei entzunaldia egingo zaie.

76. artikulua.– Batzarraren osaketa orokorra.

1.– Kirol federazioetako Batzar Nagusia honako hauek osatuko dute, hasiera batean:

a) Lurraldeko federazioetan, estamentuen ordezkariek osatuko dute Batzar Nagusia, aurretik hauteskunde prozesua burututa.

b) Euskadiko federazioetan, lurraldeko federazioetako estamentuen ordezkariek osatuko dute Batzar Nagusia, aldez aurretik lurraldeko federazioetako batzarretan hauteskunde prozesua burututa.

2.– Batzar Nagusiko kide ez diren Zuzendaritza Batzordeko kideak Batzar Nagusira bertara daitezke, eta ahotsa izango dute, baina botorik ez.

77. artikulua.– Estamentuen ordezkarien ehunekoak.

1.– Lurraldeko eta Euskadiko federazioetako Batzar Nagusian honako proportzio honetan egongo dira kluben, kirol elkarteen, kirolarien, teknikarien eta epaileen estamentuen ordezkariak:

a) Kluben eta kirol elkarte atxikien estamentuaren ordezkariak batzarreko kide guztien % 70 eta % 90 bitartean ezarritako ehunekoan egongo dira.

b) Kirolarien estamentuaren ordezkariak batzarreko kide guztien % 5 eta % 15 bitartean ezarritako ehunekoan egongo dira.

c) Teknikarien eta epaileen estamentuen ordezkariak batzarreko kideen % 5 eta % 15 bitartean ezarritako ehunekoan egongo dira.

2.– Estatutuetan finkatuko da estamentu bakoitzari dagokion proportzio zehatza.

3.– Kirolari federatu gehienak klubetan edo kirol elkarteetan ez dauden kirol federazioen kasuan, kirolarien ordezkaritza % 60raino handituko da, gutxienez. Kluben eta kirol elkarteen estamentuaren ordezkaritza

% 20 izango da, gutxienez, Batzar Nagusian.

4.– 14/1998 Legeko 15.1. artikuluan jasota dauden beste taldeek federazio estatutuetan zehazten den ordezkaritza izango dute Batzar Nagusian.

78. artikulua.– Estamenturik ez egotea.

Baldin eta federazio batean jakineko estamentu bat ez badago, gainerako estamentuek proportzioan handituko dute Batzar Nagusian duten ordezkaritza.

79. artikulua.– Estamentuen ordezkariak aukeratzea.

1.– Lurraldeko Batzar Nagusian klub eta kirol elkarteek dituzten ordezkariak aukeratzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan erregistratuta dauden eta dagokion federazioko kide diren kluben eta kirol elkarteen ordezkariak hartuko dira aintzat, baldin eta klub eta kirol elkarte horiek kirol jarduera esanguratsua izan badute hauteskundeak egin diren denboraldian nahiz aurrekoan, betiere. Kirol jarduera esanguratsutzat zer jotzen den erabakitzeko, arautegi bidez zehaztuko dira hartarako irizpideak. Nolanahi ere, baldintza hori betetzeko jardunean diren kirolarien gutxieneko lizentzia kopurua izatea eskatuko da. Kopuru hori federazio bakoitzak zehaztuko du, arautegietan zehaztuko diren irizpideekin bat.

2.– Estatutuek eskala bidez zehaztuko dute klub edo kirol elkarte bakoitzari ematea dagokion boto kopurua, dagokion kirol modalitatean federatuta dauden pertsona kopurua oinarri hartuta.

3.– Batzar Nagusian kirolarien estamentua ordezkatzen duten pertsonak hemezortzi urtetik gorako kirolariak izango dira, hauteskundeak egingo diren denboraldirako lizentzia indarrean dutenak, eta aurreko denboraldian ere lizentzia indarrean izan dutenak. Lehen azaldutako baldintzak betetzen dituzten hamasei urtetik gorako kirolariek aukeratuko dituzte ordezkariok.

4.– Teknikarien eta epaileen estamentua ordezkatzen duten pertsonek hauteskundeak egingo diren denboraldirako lizentzia indarrean izan behar dute, eta aurreko denboraldian ere lizentzia indarrean izan behar zuten, lizentziaren kategoria edozein izanik ere.

5.– Lurraldeko federazioen estatutuetan beste hainbat baldintza gehitu ahal izango da, baldin eta gehitutako baldintzak ez badute bereizkeriarik sortzen eta justifikatuta badaude, dagokien kirol modalitatearen berezitasunak direla medio.

80. artikulua.– Lurraldeko federazioen ordezkariak Euskadiko federazioan.

Euskadiko federazioko Batzar Nagusia eratzerakoan, lurraldeko federazio bakoitzari ordezkari kopuru bat egokitzeko, lurraldeko federazioek estamentu bakoitzean dituzten kideen kopurua Euskadiko federazioan dauden kide guztien kopuruarekin alderatuko da, eta kopuru proportzionala emango zaie.

81. artikulua.– Lurraldeko federaziorik ez egotea.

Euskadiko federazio bat klubek eta kirol elkarteek osatzen badute soilik, Batzar Nagusia lurraldeko federazioetarako zehaztuta dagoenaren arabera aukeratuko da.

82. artikulua.– Ohiko eta ohiz kanpoko bilerak.

1.– Euskadiko eta lurraldeko batzar nagusiak ohiko eta ohiz kanpoko bileretan biltzen dira.

2.– Batzar Nagusiaren ohiko bilera urtean behin egingo da gutxienez, urteko lehen sei hilabeteetan, kontuen eta aurrekontuen egoera onartzeko. Egutegi ofiziala denboraldia hasi baino lehen onartu beharko da.

3.– Batzar Nagusia ohiz kanpoko saioan bilduko da honako gai hauek jorratzeko:

a) Hauteskundeak egitea.

b) Zentsura mozioa.

c) Estatutuak eta arautegiak onartzea.

d) Federazioa desegitea.

83. artikulua.– Deialdia.

1.– Ohiko eta ohiz kanpoko batzar nagusia biltzeko deia egitea federazioko Lehendakaritzari dagokio ofizioz; bestela, Zuzendaritza Batzordeak hala eskatzen duenean edota Batzar Nagusiko kideen % 5ek, gutxienez, eskatzen duenean deituko da. Hori ez bada posible, eta Lehendakaritzak ez badu betetzen Batzar Nagusia biltzeko deia egiteko betebeharra, Zuzendaritza Batzordeak edota Batzar Nagusiko kideen % 5, gutxienez, ordezkatzen dituen kide talde batek deialdia egin ahal izango dute.

2.– Estatutuetan besterik jasota egon ezean, eskaera egin eta hamabost egun naturaleko epean deituko du lehendakariak Batzar Nagusia biltzeko.

84. artikulua.– Gai zerrenda.

Batzar Nagusiko kideek lehendakariari eskatu ahal izango diote haien ustez interesekoak diren gaiak gai zerrendan sar daitezen, estatutuetan edo arautegietan zehaztuta dagoen prozedurarekin bat, betiere.

85. artikulua.– Eratzea.

Batzar Nagusia, ohikoa nahiz ohiz kanpokoa, balioz eratuta geratuko da lehen deialdira kideen erdia eta bat bertaratzen direnean. Bigarren deialdian, bertaratutakoen edozein kopuru aski izango da.

86. artikulua.– Botoa eskuordetzeko debekua.

Batzar Nagusian ez da onartuko botoa eskuordetzea.

87. artikulua.– Hauteskunde prozesuaren hasiera.

1.– Batzar Nagusia aukeratzen denetik lau urte igaro baino lehen, federazioko administrazio organoak Hauteskunde Batzordeari deituko dio bil dadin, hauteskunde prozesuari hasiera eman diezaion.

2.– Ezinezkoa izatekotan, federazioko Batzar Nagusiko kide guztien % 5a ordezkatzen duen edozein kide taldek Hauteskunde Batzordeari deitu ahal izango dio.

III. KAPITULUA
ZUZENDARITZA BATZORDEA

88. artikulua.– Administrazio organoa.

Zuzendaritza Batzordea federazioko administrazio organoa da, estatutuetan hala jasota egoteagatik lehendakariak —Dekretu honetako 73. artikuluan jasota dagoenarekin bat— federazioko administrazio funtzio guztiak bere gain hartu baditu izan ezik.

89. artikulua.– Funtzioak.

Zuzendaritza Batzordeak federazioko gaien kudeaketa administratiboko eta ekonomikoko funtzioen ardura izango du, eta horiek Batzar Nagusiaren irizpideen arabera bete beharko ditu.

90. artikulua.– Osaketa.

1.– Zuzendaritza Batzordeen kide kopurua bakoitia izango da.

2.– Euskadiko federazioko Zuzendaritza Batzordeko eskubide osoko kide izango dira kirol modalitate bereko lurraldeko federazioetako lehendakariak.

3.– Zuzendaritza Batzordean lehendakariordea egongo da, eta horrek bere gain hartuko ditu Lehendakaritzaren funtzioak kargua hutsik dagoenean, titularra ez dagoenean edota titularra gaixorik dagoenean.

91. artikulua.– Aukeratzea.

1.– Estatutuetan, lehendakariak zuzenean aukeratu ahal izatea onartuta dagoenean izan ezik, Zuzendaritza Batzordeko kideak lau urtean behin aukeratuko dira, behin Batzar Nagusia berritutakoan. Botoen gehiengoa behar izango da, eta batzarreko kideen boto libreak, berdinak, zuzenak eta sekretuak erabiliko dira, estatutuetan jasota dagoen prozedurarekin bat. Hautagai bakarra egonez gero, ez da bozketarik egingo.

2.– Estatutuetan edo arautegietan lehendakarien eta Zuzendaritza Batzordeko kideen gehieneko agintaldi kopurua zehaztuta egongo da.

92. artikulua.– Deialdia.

1.– Federazioko lehendakariari, edota, hori ez egotekotan, Zuzendaritza Batzordeko kideen % 25i, egokituko zaio federazioko bileretara deitzea.

2.– Deialdiarekin batera gai zerrenda aurkeztu beharko da, eta hor jorratu behar diren gaiak eta horien gaineko dokumentazioa adierazi beharko dira.

3.– Gai zerrenda hori Zuzendaritza Batzordeko kideei jakinarazi egingo zaie, federazioaren estatutuetan edo arautegietan horren harira zehazten denaren arabera, eta, nolanahi ere, bilera egin baino gutxienez bi egun lehenago, behar bezala justifikatutako premiazkotasuna dagoenetan salbu.

93. artikulua.– Eraketa arrunta.

1.– Zuzendaritza Batzordea balioz eratuta geratuko da lehen deialdira kideen erdia eta bat bertaratzen direnean, eta, bigarren deialdira gutxienez kideen % 25 bertaratzen direnean. Nolanahi ere, federazioko lehendakariak edo lehendakariordeak ere bertaratu behar du.

2.– Federazioko lehendakaria, edo, hori egon ezean, lehendakariordea, Zuzendaritza Batzordeko bileretako buru izango da, eta horren jarduera zuzendu eta koordinatu egingo ditu.

94. artikulua.– Zuzendaritza Batzorde Unibertsala.

Zuzendaritza Batzordea balioz eratu dela ulertuko da baldin kide guztiak bertaratzen badira eta hori erabakitzen badute, nahiz eta aurretiko deialdirik ez egon.

95. artikulua.– Premiazko erabakiak hartzea.

Betiere kide guztiek berariaz onartzen dutenean, Zuzendaritza Batzordeak posta elektronikoz, faxez, bideokonferentziaz eta antzeko baliabide teknikoak baliatuz hartu ahal izango ditu bere erabakiak. Kasu horietan, dagokion aktarekin batera faxaren, mezu elektronikoen eta dagozkien euskarrien ziurtagiriak ere aurkeztu beharko dira.

96. artikulua.– Funtzioak eskuordetzea.

1.– Bere baitan izendatutako Batzorde Betearazleari funtzio guztiak edo funtzioetako batzuk eskuordetu ahal izango dizkio Zuzendaritza Batzordeak. Euskadiko federazioetako Batzorde Betearazlean lurraldeko federazioetako lehendakariek egon beharko dute, hala nahi badute.

2.– Estatutuetan edo arautegietan jaso beharko dira eskuorde litezkeen funtzioak, bai eta batzorde horretarako funtzionamendu erregimena eta erabakiak hartzeko erregimena ere.

97. artikulua.– Zuzendaritza Batzordeak kargua uztea.

1.– Zuzendaritza Batzordeak, lehendakariak barne, honako arrazoi hauetako bat gertatzen denean utziko du kargua:

a) Kideen % 50 baino gehiago hiltzea, edo horiek dimisioa aurkeztea.

b) Hurrengo artikuluan zehaztuko den zentsura mozioa onartzea.

c) Kideen % 50 baino gehiago gaitasunik gabe uztea edo ezgaitzea.

d) Estatutuetan jasotako gainerako kausak.

2.– Zuzendaritza Batzordeko kideek banaka utziko dute kargua, baldin aurreko puntuko a), c) eta d) ataletan zehaztu diren kausa berak gertatzen bazaizkie.

3.– Lehendakariak kargua uzten badu, lehendakariordea jarriko da haren ordez. Hori ez bada posible, estatutuetan baimendu ahal izango da Zuzendaritza Batzordeak kideen artean lehendakari berria aukera dezan.

4.– Zuzendaritza Batzordeko gainerako kideek banaka uzten badute kargua, estatutuetan baimendu ahal izango da haiek ordeztea, Zuzendaritza Batzordeko gainerako kideek ordezkariak aukeratuta.

5.– Artikulu honetako 3. eta 4. zenbakietan jasota dauden kasuetarako, aukeraketa berretsi egin beharko da Batzorde Nagusiak egiten duen lehen bileran.

98. artikulua.– Zuzendaritza Batzordearen aurkako zentsura mozioa.

1.– Batzar Nagusiak erantzukizuna eskatu ahal izango dio Zuzendaritza Batzordeari. Horretarako, zentsura mozioa onartu beharko du, Batzar Nagusira bertaratzen diren kideen gehiengo osoz, helburu horrekin deitzen den bileran.

2.– Zentsura mozioa onartzen denean, Zuzendaritza Batzordeko kideek kargua utzi beharko dute, federazioko lehendakariak barne.

3.– Estatutuetan arautu ahal izango da Zuzendaritza Batzordea zentsura mozioa onartuz kargutik kentzea nahiz Zuzendaritza Batzorde berria izendatzea. Zentsura mozioak barne hartu ahal izango du Zuzendaritza Batzorde berria aukeratzeko proposamena. Kargu hautetsi berrien agintaldiak aurreko agintaldia bete bitartean iraungo du.

99. artikulua.– Hauteskunde Batzordea bilerara deitzea.

1.– Zuzendaritza Batzordea kargutik kentzen denean, jardunean jarraituko du, eta Hauteskunde Batzordeari bilerara deituko dio, gehienez hilabeteko epean, hauteskunde prozesuari hasiera eman diezaion.

2.– Ezinezkoa bada, federazioko Batzar Nagusiko kide guztien % 5a ordezkatzen duen edozein kide taldek Hauteskunde Batzordeari deitu ahal izango dio.

IV. KAPITULUA
LEHENDAKARITZA

100. artikulua.– Lehendakaritzaren funtzioak.

Federazioko Lehendakaritzaren titularrak federazioaren legezko ordezkaritza bere gain hartuko du, eta Batzar Nagusian, edota, hala badagokio, Zuzendaritza Batzordean, onartutako erabakiak gauzatuko ditu. Horietan bietan egiten diren bileretako buru izango da, eta zuzendu egingo ditu. Berdinketa gertatuz gero, erabaki ere egingo du, kalitateko botoaz baliatuz.

101. artikulua.– Ordezkaritza eta administrazio organoa.

Lurraldeko federazioetan, lehendakaria izan ahal izango da, halaber, pertsona bakarreko administrazio organoa federazioan, eta, ondorioz, federazioaren gaien kudeaketa administratibo eta ekonomikoaz arduratu ahal izango da.

102. artikulua.– Aukeratzea.

1.– Batzar Nagusiak lau urtetik behin lehendakaria aukeratuko du kideen artean, horretarako deitzen den bileran boto libreaz, zuzenaz, berdinaz eta sekretuaz baliatuz. Hautagai bakarra egotekotan, ez da bozketarik egingo.

2.– Estatutuetan edo arautegietan zehaztuta egongo da lehendakariaren gehieneko agintaldi kopurua.

103. artikulua.– Kargua uzteko kausak.

Lehendakariak honako arrazoi hauetako bat gertatzen denean utziko du kargua:

a) Dimisioa aurkeztea edo hiltzea.

b) Hurrengo artikuluan zehaztuko den zentsura mozioa onartzea.

c) Gaitasunik gabe uztea edo ezgaitzea.

d) Estatutuetan jasotako gainerako kausak.

104. artikulua.– Lehendakariaren aurkako zentsura mozioa.

1.– Batzar Nagusiak erantzukizuna eskatu ahal izango dio Lehendakariari. Horretarako, zentsura mozioa onartu beharko du, Batzar Nagusira bertaratzen diren kideen gehiengo soilaz, helburu horrekin deitutako bileran, eta baldin eta Batzar Nagusia osatzen duten kideen erdia eta bat bertaratzen badira, betiere.

2.– Zentsura mozioa onartzen bada, lehendakariak eta, hala badagokio, Zuzendaritza Batzordeak kargua utziko dute.

3.– Estatutuetan arautu beharko da lehendakaria zentsura mozioa onartuz kargutik kentzeko eta lehendakari berria izendatzeko aukera. Zentsura mozioak barne hartu beharko du lehendakaritzaren titular berria aukeratzeko proposamena.

4.– Kargutik kendu den lehendakariaren agintaldia bete bitartean iraungo du lehendakari berriaren agintaldiak.

105. artikulua.– Lehendakaria kargutik kentzea eta Hauteskunde Batzordeari deitzea.

1.– Lehendakaria kargutik kentzean, jardunean jarraituko du eta Hauteskunde Batzordeari bilerara deituko dio, gehienez hilabeteko epean, hauteskunde prozesuari hasiera eman diezaion.

2.– Aurreko paragrafoan aipatu den epea igaro bada eta Lehendakaritzak ez badio Hauteskunde Batzordeari bilerara deitu, federazioko Batzar Nagusiko kide guztien % 5a ordezkatzen duen edozein kide taldek deitu ahal izango dio bilerara Hauteskunde Batzordeari.

V. KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK

106. artikulua.– Organo berria karguaz jabetu artean funtzioak betetzea.

Dekretu honetako 73. artikuluan jasota dauden organoetako kideek euren funtzioak betetzen jarraituko dute ondorengoek karguaz jabetu arte.

107. artikulua.– Gehiengo soila.

Euskadiko kirol federazioetako kide anitzeko organoen erabakiak bertaratutako kideen gehiengo soilaz hartuko dira, lege edo estatutu xedapenek gehiengo kualifikatua eskatzen duten kasuetan izan ezik.

108. artikulua.– Organoetako kide izateko baldintzak.

Federazio bateko edozein organotako kide izateko, Dekretu honetan eta estatutuetan ezarritako baldintzez gain, honako hauek bete behar dira:

a) Adin nagusikoa izatea.

b) Egoitza federazioaren jarduera eremuan izatea. Salbuespenez, batzar orokorrak baldintza hori dispentsa dezake.

c) Karguak edo funtzioak betetzeko gaitasuna kentzen duen diziplinazko zigor irmorik bete behar ez izatea.

d) Epai judizial irmoaz kargu publikoak betetzeko gaitasuna baliogabetzen duen zigorrik ez izatea.

e) Erabaki judizial irmoz ezgai deklaratu ez izana.

109. artikulua.– Saioetako aktak.

1.– Federazioko organoek hartzen dituzten erabaki guztien akta egin behar du idazkariak. Aktan honako hauek jaso behar dira gutxienez: bertaratutako pertsonen izena; bilera noiz eta non egin den; eztabaidatu diren puntu nagusiak; botazioaren era eta emaitza; eta erabakien edukia.

2.– Onartutako erabakiaren aurkako botoek kide anitzeko organoen erabakietatik ondoriozta daitezkeen erantzukizunez salbuets dezakete.

3.– Euskadiko eta lurraldeko federazioek Eusko Jaurlaritzari eta dagozkion foru aldundiei, hurrenez hurren, bidali beharko dizkiete Batzar Nagusietako aktak, batzarra egin eta lau hilabeteko epean.

VI. KAPITULUA
ZUZENDARIEN ESTATUTUA

110. artikulua.– Zuzendari kontzeptua.

1.– Dekretu honetan, zuzendaritzat jotzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan erregistratutako kirol federazioetako gobernu, administrazio eta ordezkatze organoetako kideak.

2.– Ez dira zuzendaritzat hartzen gerenteak, zuzendari nagusiak eta kudeaketaz edo zuzendaritzaz arduratzen diren pertsonak, baldin eta kirol federazioari lan-harremanaz lotuta badaude, harreman hori arrunta edo berezia, edota bestelako kontratu izaerakoa izanik ere.

111. artikulua.– Federazioarekiko harreman juridikoa.

Dekretu honen aplikazio esparruan sartzen diren zuzendariak ez dira egongo izaera arrunteko edo bereziko lan kontratuz lotuta kirol federazioei. Zuzendariek kirol erakundeekin izango duten harremana organikoa izango da, eta ez kontratuzkoa, nahiz eta tartean ordainsariak egon.

112. artikulua.– Zuzendarien eskubideak.

Kirol federazioetako zuzendariek honako eskubide hauek izango dituzte:

a) Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek federazioetako zuzendarien etengabeko prestakuntza sustatzea, bai eta doako aholkularitza teknikoa ere, euren funtzioak behar bezala bete ditzaten.

b) Kirol federazioen bitartez, euren funtzioak gauzatzeak eragiten dizkieten gastuen dirua itzultzea, aurretik federazioetan beretan zehazturiko mugen barruan.

c) Kirol federazioen bitartez, borondatezko jardueratik ondoriozta daitezkeen istripu arriskuetarako eta erantzukizun zibilerako asegurua izatea.

d) Jarduera baldintza egokietan egitea duintasunaren, segurtasunaren eta higienearen aldetik, zereginaren izaera eta ezaugarriak aintzat hartuta, betiere.

e) Zuzendariak direla egiaztatzen duen akreditazioa izatea.

f) Kirolaren esparruan egindako gizarte ekarpenarengatik erakundeen errespetua eta esker ona jasotzea.

g) Kirol federazioko zuzendaritza organoetan parte hartzeko informazio eta dokumentazio guztia eskura izatea.

h) Egozten zaizkion funtzioak behar bezala betetzeko behar diren baliabide materialak era iraunkorrean jasotzea.

i) Dagokion kirol federazioaren estatutuetako edo arautegietako arauetan jasota dauden bestelako eskubideak.

113. artikulua.– Zuzendarien betebeharrak.

Zuzendariek honako betebehar hauek dituzte:

a) Euren betebeharrak gauzatzean jasotzen eta ezagutzen duten informazioaren gaineko konfidentzialtasuna gordetzea, hala badagokionean. Konfidentzialtasuna gordetzeko betebeharrak iraun egingo du kargua uzten dutenean ere.

b) Funtzioak betetzean behar bezalako arduraz jokatzea, hots, uneoro federazioaren estatutuetako helburuen arabera jokatzea.

c) Dagozkien kirol federazioek eskuratzen dizkieten baliabide materialak errespetatzea eta zaintzea.

d) Zuzendaritza funtzioak betetzen dituzten kirol federazioei dagokienez, euren gain hartutako ardurak betetzea.

e) Funtzioak behar bezala bete daitezen antolatzen diren prestakuntza jardueretan parte hartzea.

f) Dekretu honetan debekatuta dauden bestelako ordain ekonomikoei uko egitea.

g) Funtzioak betetzen jarraitzea, harik eta ondorengoek kargua hartzen duten arte, ezinbestean utzi behar izatekotan salbu.

h) Organo eskumendunek onartzen dituzten erabakiak eta ebazpenak ontzat hartzea.

i) Kargua uzten duten zuzendarien ordezkoei behar den dokumentazio eta informazio guztia eskuratzea.

j) Euren interes pertsonalekin zerikusia duten gaiei buruzko deliberamenduetan ez parte hartzea. Interes pertsonala egongo da, baldin eta gaiak zuzendariaren ezkontideari edota antzeko afektibitate harremana duten pertsonei, bai eta haren ondorengoei edo aurrekoei ere, eragiten badie, edota zuzendaritzako kargua nahiz neurri bateko partaidetza duen sozietateari eragiten dio.

k) Kide den organoen bileretara joatea, eta parte hartze aktiboa izatea deliberamenduetan, haren irizpideak erabaki egokiak hartzen lagun dezan.

l) Eskuratzen zaion akreditazioa behar bezala erabiltzea.

m) Hala badagokio, federazioak onartzen duen kode etikoa betetzea.

n) Dagokion kirol federazioaren estatutuetako edo arautegietako arauetan jasota dauden bestelako betebeharrak.

114. artikulua.– Zuzendarien jarduera printzipioak.

Honako hauek dira zuzendarien jarduera printzipio nagusiak:

a) Kirol federazioaren alde ematen den zerbitzua doakoa da, ardura mailak ordain ekonomikoa, Batzar Nagusian onartua, beharrezkoa den kasuetan izan ezik.

b) Betetzen den zuzendaritza karguari dagozkion ardurak libreki eta hala nahita onartzea.

115. artikulua.– Zuzendarien ordainsariak.

1.– Kirol federazioetako zuzendariek ordainsariak jaso ahal izango dituzte federazioan ardura handiak izateagatik, baldin eta estatutuetan hala jasota badago, euren funtzioak betetzearen ordainetan.

2.– Ordainsari horiek ezin izango dira diru laguntza publikoekin ordaindu, eta kirol erakundeak berezko finantzaketa duen kasuetan baino ezin izango dira eman. Kirol federazio bakoitzeko zuzendarien ordainsariek hainbat irizpideren araberakoak izan beharko dute, alegia, neurritsuak eta gardenak izan beharko dute.

3.– Kargu hautetsien ordainsariak Batzar Nagusian onartu beharko dira, eta aurrekontuetan bereizita adierazi beharko dira. Ordainsariak, gehienez, agintaldia bukatu arte emango dira, eta zuzendariek ez dute kalte ordain ekonomikorik jasotzeko eskubiderik izango.

116. artikulua.– Bateraezintasunak.

1.– Kirol federazio bateko lehendakari kargua bateraezina izango da beste kirol federazio bateko lehendakari karguarekin, beste kirol modalitate bateko federazioa izan arren.

2.– Kirol federazio bateko lehendakari kargua bateraezina da federazio horren baitako klub edo kirol elkarte bateko lehendakari karguarekin. Lehendakaritzaren titular den pertsonak, hain zuzen, klub edo kirol elkarte bateko ordezkari gisa batzarrean egoteagatik aukeratzen badute, federazioko edo klubeko kargua aukeratu beharko du, eta ulertuko da klubeko karguari uko egiten diola, baldin eta ez badu berariaz bietako bat aukeratzen.

3.– Kirol federazio bateko lehendakaritza bateraezina izango da Foru Administrazioaren edota Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren baitan federazioei zuzenean lotuta dauden kargu publikoekin.

4.– Kirol federazio bateko zuzendaritza kargua bateraezina da erakunde bereko kontseilari edo aholkulari profesional izatearekin. Halaber, kirol federazio bateko zuzendaritza kargua bateraezina da kirol erakunde berean zerbitzu profesionalak eskaintzearekin lan harremanaren, harreman zibilaren edo merkataritza harremanaren bidez.

5.– Kirol erakundeetako zuzendariek erakunde horien estatutuetan edo arautegietan jasotako bateraezintasunak ere izango dituzte.

117. artikulua.– Debekuak.

Kirol federazioetako zuzendariek debekatuta dituzte honako hauek:

a) Kargua utzi edo dimisioa aurkeztu eta gero kalte ordainak jasotzea.

b) Hirugarren pertsonengandik edo erakundeengandik komisioak edo antzeko mozkinak jasotzea, kirol erakundeak ondasunak edo zerbitzuak kontratatzearen truke.

c) Kirol helburuak edo helburu ekonomikoak lortzeagatik pizgarriak jasotzea.

d) Enpresen bitartez edo hirugarren pertsonen edo erakundeen bitartez kontratatuak egitea eurek zuzentzen duten kirol federazioarekin berarekin. Autokontratatzeko debekuak ezkontideen, antzeko afektibitate harremanaz lotutako pertsonen eta ondorengoen nahiz aurrekoen enpresei eragiten die.

e) Kirol federazioaren ondarea erabiltzea edo federazioaren barruan duen postua ondareei loturiko abantailak lortzeko erabiltzea.

f) Dagokion kirol federazioaren estatutuetako edo arautegietako arauetan jasota dauden bestelako debekuak.

118. artikulua.– Gobernu organoen, administrazioaren eta ordezkarien erantzukizuna.

1.– Kirol federazioetako gobernu, administrazio eta ordezkaritza organoetako kideek edo titularrek, bai eta haien izenean eta haiek ordezkatzen jarduten duten pertsonek ere, engainuzko ekintzek edo arduragabekeria larriak eragindako kalteengatik eta zorrengatik baino ez dute erantzungo kirol federazioen, federatuen eta hirugarren pertsonen edo erakundeen aurrean.

2.– Erantzukizuna ezin bazaio gobernu, administrazio edo ordezkaritza organoko kideetako edo titularretako bati egotzi, kideek era solidarioan erantzungo dute lehen deskribatutako ekintzengatik eta hutsengatik, baldin eta ez badute egiaztatzen ez dutela horiek onartzen edo gauzatzen parte hartu, edota frogatzen badute berariaz aurka egin zutela.

VII. TITULUA
HAUTESKUNDE ERREGIMENA

119. artikulua.– Arau esparrua.

Kirol federazioetako hauteskunde erregimena Dekretu honetan, horren garapeneko xedapenetan nahiz estatutuetan eta hauteskunde arautegietan xedatutakoaren araberakoa izango da.

120. artikulua.– Lurraldeko federazioko Batzar Nagusia aukeratzeko hautesleak.

Lurraldeko federazioko Batzar Nagusia aukeratzeko, hasiera batean, honako hauek izango dira hautesleak: klub eta kirol talde guztietako ordezkariak, kirolariak, teknikariak, eta epaileak; betiere, garapen xedapenetan eta federazioaren estatutuetan eta arautegietan jasota dagoenarekin bat.

121. artikulua.– Euskadiko federazioko Batzar Nagusia aukeratzeko hautesleak.

Euskadiko federazioko Batzar Nagusia aukeratzeko hautesleak Euskadiko federazioa osatzen duten lurraldeko federazioetako batzar nagusietako kideak izango dira. Aukeraketak ez ditu izango hauteskunde prozesuaren ezaugarriak, estatutuetan hala jasota dagoenetan izan ezik. Lurraldeko Batzar Nagusien baitan bozkatuko da, berritu eta gero deitzen den lehen bileran.

122. artikulua.– Zuzendaritza Batzordea eta Lehendakaria aukeratzeko hautesleak.

Batzar Nagusiko kideek aukeratuko dute kirol federazio bateko Zuzendaritza Batzordea, edota, hala badagokio, lurraldeko federazioetako lehendakaria.

123. artikulua.– Euskadiko federazioaren ordezkariak izendatzeko hautesleak.

Euskadiko federazioak beste erakundeetan izango dituen ordezkariak aukeratzea Euskadiko federazio bakoitzeko Batzar Nagusiko kideei dagokie.

124. artikulua.– Hauteskunde Batzordea izateko beharra.

Kirol Federazio guztiek Hauteskunde Batzordea izan behar dute. Batzorde hori hauteskunde prozesua bultzatzeko eta behar bezala gauza dadin bermatzeko kide anitzeko organoa da.

125. artikulua.– Hauteskunde Batzordea osatzea eta izendatzea.

1.– Hauteskunde Batzordea kide kopuru bakoitiaz egongo da osatuta. Ez da bost kide baino gehiago egongo, eta kide bakarra egon daiteke. Kide anitzeko organoa izatekotan, lehendakaria eta idazkaria izango dira, eta, estatutuetan zehazturik ez badago, adin handienekoa eta txikienekoa izango dira, hurrenez hurren.

2.– Hauteskunde Batzordea osatzen duten pertsonak, eta ordezkoen kopuru berbera, izendatuko dira estatutuetan edo federazioko arautegietan ezarritako prozeduraren bitartez. Aipatu diren estatutuetan edo federazioko arautegietan ez badago jasota, pertsona horiek zozketa publikoz izendatuko dira hautagai izango ez direnen artean. Estatutuetan edo arautegietan inolaz ere ezin da onartu Zuzendaritza Batzordeak edo Lehendakaritzak zuzenean izendatzea.

126. artikulua.– Hauteskunde Batzordearen funtzioak.

1.– Hauteskunde Batzordeak honako funtzio hauek izango ditu, besteak beste:

a) Hautesleen errolda eta hauteskundeetako egutegia onartzea.

b) Aurkezten diren hautagaiak aldarrikatzea eta argitaratzea.

c) Hauteskunde Mahaia izendatzea.

d) Hautetsiak zein diren aldarrikatzea.

e) Aurkezten diren inpugnazioak, erreklamazioak eta eskaerak ebaztea, bai eta Hauteskunde Mahaiaren erabakien aurka jartzen diren errekurtsoak ere.

f) Hauteskundeak egiteari eta hauteskundeko emaitzei zuzenean eragiten dien edozein gai.

2.– Hauteskunde Batzordearen erabakien aurka egin ahal izango da Kirol Justiziako Euskadiko Batzordearen aurrean.

127. artikulua.– Hauteskunde Batzordearen agintaldiaren iraupena.

1.– Hauteskunde Batzordeko agintaldiak lau urte irauten du, baina Batzar Orokorrak, edo, hala badagokio, estatutuetan jasota dagoen erakundeak edo dagokion kirol federazioak kargutik kendu ahal izango du, bai eta beste bat izendatu ere aldi hori amaitu baino lehen.

2.– Kargua uzten duen Hauteskunde Batzordeak bere jarduerarekin jarraituko du Hauteskunde Batzorde berria izendatzen den arte.

128. artikulua.– Hauteskunde Mahaia izendatzea.

Hauteskunde Batzordeak, hautesleen artean zozketa eginda, Hauteskunde Mahaia izendatuko du. Mahaia pertsona bakarraz osatuta egon daiteke, eta kideak beste ordezko egongo da.

129. artikulua.– Hauteskunde Mahaiaren funtzioak.

1.– Hauteskunde Mahaiak honako funtzio hauek izango ditu:

a) Bozketa behar bezala egin dadin bermatzea.

b) Bozkatzen duten pertsonen identitatea eta hautesle izaera egiaztatzea.

c) Ematen diren botoak baliozkoak diren erabakitzea.

d) Behin bozkatutakoan, botoak zenbatzea.

e) Bozketari dagokion beste edozein gairi buruz erabakitzea.

2.– Hauteskunde Mahaiko erabakien aurka egin ahal izango da Hauteskunde Batzordearen aurrean.

VIII. TITULUA
DIZIPLINA ERREGIMENA

130. artikulua.– Arautzea.

Euskadiko kirol federazioetako kirol diziplinako erregimena 1998ko ekainaren 11ko 14/1998 Legeko X. tituluan jasota dagoenaren arabera arautuko da, bai eta hori garatzeko xedapenen eta dagokion federazioaren estatutuen eta arautegien arabera ere.

131. artikulua.– Diziplina ahalmena.

1.– Euskadiko kirol federazioek euren organo egiturako kide diren pertsonen gainean eta federazio horietako kide diren pertsona fisikoen eta juridikoen gainean baino ez dute izango diziplina ahalmena.

2.– Euskadin dauden Euskadiko eta lurraldeko federazioek ezin izango dute diziplina ahalmena erabili kirol modalitate bereko beste lurralde eremuetako federazioetako kideen kasuan, kirol jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan badute ere. Hala ere, pertsona horiei federazio antolatzailearen joko edo lehiaketa arauak aplikatuko zaizkie.

IX. TITULUA
AGIRI ERREGIMENA

132. artikulua.– Nahitaezko liburuak.

1.– Federazioetako agiri erregimena osatzen duten liburuak honako hauek izango dira, gutxienez:

a) Federazioko estamentuen liburua, bost ataletan banatuta: klubak eta kirol talde atxikiak; kirolariak; teknikariak; epaileak; eta bestelako kolektiboak. Atal horiek eguneratuta egongo dira, eta federazioan sartu diren data nahiz federaziotik atera diren data azalduko dira.

b) Federazioko akten liburua; federazioko organoek hartzen dituzten erabakiak azalduko dira.

c) Kontabilitate liburuak.

d) Hala badagokio, zor tituluen edo ondare parte alikuotaren erregistro liburua.

2.– Aurreko liburuez arduratzeko beharra egongo da, bestelako xedapenetatik ondorioztatzen diren betebeharrak gorabehera.

133. artikulua.– Liburuak legeztatzea.

Kirol gaietan eskumena duen organoak legeztatuko ditu liburuak, Euskadiko Kirol Erakundeen Erregistroko arauekin bat, betiere.

X. TITULUA
EKONOMIA ETA ONDARE ERREGIMENA

134. artikulua.– Berezko aurrekontua eta ondarea.

Kirol federazioek berezko aurrekontu eta ondare erregimena dituzte.

135. artikulua.– Erantzukizun ekonomikoak.

Kirol federazioek betebeharrei dirutan erantzungo diete, une horretan eta etorkizunean dituzten ondare guztiez baliatuz.

136. artikulua.– Federazioen ondarearen osaketa.

1.– Kirol federazioen ondarea osatzen dute federazio horiek titular gisa dituzten ondasun guztiek.

2.– Kirol federazioek honako baliabide hauek izaten dituzte:

a) Federatuen kuotak.

b) Erakunde publikoek edo pribatuek emandako diru laguntzak.

c) Dohaintzak, herentziak, legatuak eta sariak.

d) Publizitate laguntzekin lortzen dituzten mozkinak, emankizunengatiko eskubideak eta, oro har, antolatzen diren kirol jardueretan eta lehiaketetan ateratako mozkinak.

e) Industria eta merkataritza jardueratik, profesionalen

jardueratik nahiz eskaintzen diren zerbitzuetatik ateratako mozkinak.

f) Euren ondarearen fruituak eta ondarea besterentzetik edo zergapetzetik ateratzen dena.

g) Lortzen dituzten maileguetatik edo kredituetatik ateratako mozkinak.

h) Euren jarduera egitea lor dezaketen beste edozein.

137. artikulua.– Sarreren xedea.

1.– Federazioko diru sarrera guztiak —kirol jardueretan lortutako mozkinak eta sariak nahiz industria, merkataritza, zerbitzu izaerako edo izaera profesionaleko jardueretatik atera daitezkeenak— sozietate xedea garatzeko erabiliko dira osorik.

2.– Mozkinak ezin izango dira inolaz ere federazioetako kideen artean banatu.

138. artikulua.– Ondasunen antolamendua.

1.– Federazioek ondasun higiezinak zergapetu edo besterendu egin ditzakete, dirua har dezakete maileguan eta zorraren edo ondare parte alikuotaren titulu ordezkatzaileak jaulki ditzakete, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte, betiere:

a) Ekintza horiek ez dute federazioaren ondarea edo helburu soziala era itzulezinean arriskuan jarri behar. Hori eskumena duen profesional baten irizpenarekin arrazoitu ahal izango da.

b) Ekintza horiek Batzar Nagusira bertaratutako kideen bi herenek baimendu behar dituzte.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioetako funtsekin guztiz edo zati batean finantzatu diren federazioen ondasun higiezinak eta higigarriak zergapetzeko edo besterentzeko, nahitaez izan behar da dagokion kirol administrazioaren baimena Batzar Nagusian aurkeztu baino lehen.

139. artikulua.– Maileguak eta zorraren edo ondare parte alikuotaren titulu ordezkatzaileak jaulkitzea.

1.– Halaber, dirua maileguan hartzeko edo zorraren titulu ordezkatzaileak federazioaren urteko aurrekontuaren % 25az gaindi jaulkitzeko, nahitaez behar da dagokion kirol administrazioaren baimena Batzar Nagusian aurkeztu baino lehen.

2.– Dagokion kirol administrazioak kirol federazioen zorraren edo ondare parte alikuotaren titulu ordezkatzaileak jaulkitzeko baldintzak ikuskatuko ditu Batzar Nagusian onar dadin aurkeztu baino lehen. Baldin eta, jaulkipenaren baldintzak aztertutakoan, indarrean den legedia hautsi dela ulertzen bada, dagokion administrazioak jaulkipen proposamena itzuli egingo dio federazioari. Arau-haustea zuzendutakoan, berriro aurkeztu beharko da, onar dadin.

3.– Zorraren edo ondare parte alikuotaren titulu ordezkatzaileak federazioko kideek baino ezin izango dituzte harpidetu, eta titulu horiek izateak ez die eskubide berezirik emango, indarrean diren legeetan kide horientzat jasota dauden interesak jasotzea salbu.

4.– Zorraren edo ondare parte alikuotaren titulu ordezkatzaileak transmititu ahal izateko Batzar Nagusiak ezarriko dituen baldintzak bete beharko dira.

140. artikulua.– Goi zuzendaritzako kontratua.

Kirol federazioek goi zuzendaritzako lan kontratuak izenpetu ahal izango dituzte, baldin eta erabakia eta ordainsaria zein kontratuko bestelako baldintzak gehiengo osoz onartzen badira Batzar Nagusian, eta baldin eta dagokion kirol administrazioak aldez aurretik baimentzen badu. Kontratu horiek inolaz ere ezin izango dute izan batzar nagusiaren agintaldiak baino iraupen luzeagoa.

141. artikulua.– Aurrekontua eta likidazioa onartzea.

1.– Kirol federazioek urtero onartuko dituzte ekitaldiko aurrekontua eta likidazioa.

2.– Administrazio organoaren ardura da urtero aurrekontuen proiektua gauzatzea, eta Batzar Nagusiari dagokio onartzea.

3.– Aurrekontuan federazioek gehienez onar ditzaketen betebeharrak adierazi beharko dira (zifraz horniturik, era bateratuan eta sistematikoki), bai eta dagokion ekitaldian likidatuko dituzten eskubideak ere. Era berean, kirol modalitate horretan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna sustatzeari lotutako betebeharrak ere aurrekontuan adierazi beharko dira.

4.– Aurrekontu bakarra egongo da, eta federazioetako gastu eta diru sarrera guztiak barne hartuko ditu, organo osagarrienak eta horien tresna erakundeenak barne. Kudeaketako edo antolamenduko beharrek hala eskatzen dutenetan, kirol federazioek kontabilitateko azpierakundeak sortu ahal izango dituzte, sistema zentralean behar bezala integratuta egongo direnak.

5.– Aurrekontu orekatuak onartuko dira, eta inolaz ere ez da onartuko defizita sortzen duen aurrekonturik aldez aurretik dagokion kirol administrazioaren baimena eskuratu gabe.

6.– Behin Batzar Nagusiaren onarpena lortutakoan, aurreko ekitaldiko aurrekontua eta likidazioa kirol gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako edo foru aldundietako organoari helaraziko zaizkio.

7.– Artikulu honetan jasota dagoenaren arabera onartzen den urteko aurrekontua aurkeztea ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek ematen dituzten diru laguntzak eskuratu ahal izateko.

8.– Federazio bakoitzeko Zuzendaritza Batzordeak aurrekontua aldatu ahal izango du, estatutuen arabera horretarako eskumena duen kasuetan, estatutuetan bertan zehazten diren mugekin bat, betiere.

9.– Guztizko aurrekontuaren % 20 gainditzen duten programen arteko kreditu transferentzietarako, Eusko Jaurlaritzako edo foru aldundietako dagokion organoaren baimena behar izango da.

142. artikulua.– Urteko kontuak.

1.– Ekitaldi bakoitza itxi eta hiru hilabete geroago, federazioetako administrazio organoak dagokien Batzar Nagusietan aurkeztu beharko ditu erakundearen urteko kontuak. Kontuetan honako hauek hartu behar dira barne: galeren eta irabazien balantzea eta memoria ekonomikoa.

2.– Zuzendaritza batzordeek egiten dituzten urteko kontuak lehendakariak izenpetu beharko ditu, bai eta, hala badagokio, diruzainak ere.

143. artikulua.– Kontabilitateko Plan Orokorra.

Kirol federazioetako urteko kontuen egitura bat etorriko da Kontabilitateko Plan Orokorreko egokitze arauekin; azken horiek, erakunde horien berezitasunak direla medio, arautegietan xedatuko dira.

144. artikulua.– Kontuak ikuskatzeari men egiteko betebeharra.

Kirol federazioek men egin beharko diote finantzen eta kudeaketaren kontu ikuskaritzari, arautegietan xedatzen den gisara.

145. artikulua.– Kontu ikuskaritza egingo zaien federazioak aukeratzea.

Eusko Jaurlaritzan eta foru aldundietan kirol gaietan eskumena duen organoak urtero zehaztuko du zer kirol federaziori ikuskatuko zaizkien finantza eta kontabilitate egoerak.

146. artikulua.– Kontuak ikuskatzea.

Eusko Jaurlaritzan edo dagokion foru aldundian kontrol ekonomikoa egiteko eskumena duen organoak ikuskatuko ditu kontuak, baina posible da erakunde pribatuei ere ardura hori egoztea.

147. artikulua.– Laguntzeko betebeharra.

1.– Aukeratzen diren kirol federazioek behar den laguntza guztia eskaini behar dute agindu diren kontu ikuskaritzak egiteko orduan.

2.– Kontuak ikuskatzeari uko egiten dioten kirol federazioak, kontu ikuskatzaileei behar beste laguntzen ez dietenak nahiz horretan ardura duten pertsona fisikoak, 1998ko ekainaren 11ko 14/1998 Legean (Euskadiko Kirolaren legea) xedatutako zigor araubidearen mende geratuko dira.

148. artikulua.– Kaudimen gabezia.

Kirol federazio batean kaudimen gabeziarik gertatzekotan, administrazio organoak edo, hala badagokio, likidatzaileek eskumena duen epailearen aurrean dagokion lehiaketa prozedura sustatu beharko dute.

XI. TITULUA
ONARPEN OFIZIALA BALIOGABETZEA

149. artikulua.– Kausak.

1.– Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek, hurrenez hurren, onarpena baliogabetu egin beharko dute, baldin eta Euskadiko edo lurraldeko federazioek dekretu honetan onarpen ofiziala izateko zehazten diren baldintzak betetzeari uzten badiote.

2.– Aurreko idatz-zatian adierazten den egoerak ekitaldi bat baino gehiago iraun behar du.

150. artikulua.– Prozedura.

1.– Euskadiko eta lurraldeetako federazioen onarpena baliogabetzeko, Euskadiko Kirol Kontseiluaren txostena beharko da.

2.– Baliogabetzeko prozedura ofizioz has daiteke, edota alde interesdunak hala eskatuta; betiere, eragiten zaien federazioei entzunaldia bermatu behar zaie.

151. artikulua.– Baliogabetzearen ondorioak.

1.– Kirol federazioak baliogabetuz gero, honako hauek gertatuko dira:

a) Federazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistrotik ofizioz kentzea.

b) 14/1998 Legeak eta Dekretu honek kirol federazioei eskuratzen dieten eskubide eta funtzio guztien titulartasuna galtzea.

c) Federazioa desegiteko betebeharra.

2.– Ebazpenak beste federazio batean sartzea ere erabaki dezake, federazio hori aurretik ados egonda. Hartara, federazio horrek estatutuak aldatu beharko ditu.

3.– Kirol federazioa desegiteko betebeharra ez bada betetzen, eta ez bada erregimen orokorreko elkarte bihurtzen, erantzukizun pertsonalak eskatuko dira; horrez gain, dagokion administrazio organoak desegite judiziala eskatzeko eskubidea izango du.

XII. TITULUA
FEDERAZIOA DESEGITEA ETA LIKIDATZEA

152. artikulua.– Federazioak desegiteko erak.

Kirol federazioak desegin egiten dira Batzar Nagusiak hala erabakitzen dutenean (dekretu honetan ezartzen diren baldintzen arabera eta gehiengoz, betiere), edota horretarako erabaki judiziala ematen denean. Batzar Nagusiaren erabakiaren aurretik ez da ondorengo artikuluan zehazturik dagoen kausarik gertatu behar.

153. artikulua.– Desegiteko kausak.

Kirol federazioak desegin egin behar dira honako hauetako bat gertatzekotan:

a) Federazioaren onarpen ofiziala baliogabetzea, federazioa erregimen orokorreko elkarte bihurtzen bada izan ezik.

b) Administrazio funtzio publikoak behar bezala betetzea guztiz ezinezkoa izatea.

c) Federazioko organoak gelditzea, eta, ondorioz, funtziona dezaten ezinezkoa izatea.

d) Eskuordetzen zaizkien funtzio publikoak ez betetzea.

e) Beste kirol federazio batekin bat egitea.

f) Beste kirol federazio batean sartzea.

g) Indarrean diren legeetan jasota dagoen beste edozein arrazoi gertatzea.

154. artikulua.– Federazioa desegitea eta likidatzea erabakitzeko prozedura.

1.– Lehendakariak Batzar Nagusiari deituko dio, dagokion desegiteko erabakia har dezan. Erabakia bi hilabeteko epean hartu behar da, desegitea eragiten duen kausa ezagutzen den unetik zenbatzen hasita.

2.– Pertsona federatuek eta eskumena duen kirol administrazioak berak ere lehendakariari eskatu ahal izango diote Batzar Nagusiari dei diezaion, baldin eta, haien ustez, aurreko artikuluan zehaztuta dauden kausetako bat gertatzen bada.

3.– Baldin Batzar Nagusiari ez bazaio deitzen, baldin ezin bada adostasuna lortu, edo ez desegitea adosten bada, edozein federatuk edo eskumena duen kirol administrazioak berak federazioaren desegite judiziala eskatu ahal izango du.

4.– Federazioko administrazio organoa bera behartuta dago desegite judiziala eskatzera, federazioaren erabakia desegitearen aurkakoa baldin bada, edo ezin bada desegitea lortu.

5.– Desegitea adoste aldera, era solidarioan erantzungo dute bi hilabeteko epean Batzar Nagusiari deitzeko betebeharra bete ez duen administrazio organoko kideek, bai eta bi hilabeteko epean desegite judiziala eskatzen ez dutenek ere. Epe hori Batzar Nagusia egin behar zen datatik (baldin eta ez bada egin) edo ez desegitea adosten den unetik hasi behar da zenbatzen.

155. artikulua.– Likidazioaren hasiera.

Federazioa desegindakoan, likidatzeko aldia hasten da, bat-egiteak edo desegiten den federazioko aktiboen eta pasiboen lagapen globala gertatzen denetan izan ezik.

156. artikulua.– Likidatzen ari den federazioa.

Kirol federazioak nortasun juridikoa gordetzen du likidatzen ari den bitartean. Aldi horretan «likidatzen» hitza gehitu beharko dio bere izenari.

157. artikulua.– Administrazio organoaren funtzioak bertan behera uztea.

Federazioak likidatzen ari dela adierazten duen unean, administrazio organoak bere funtzioak bertan behera utziko ditu, eta likidatzaileek euren gain hartuko dituzte funtziook. Hala ere, administrazio organoko kideek parte hartu beharko dute likidazio eragiketak gauzatzen.

158. artikulua.– Likidatzaileak izendatzea.

1.– Federazioen estatutuetan ez bada likidatzaileak izendatzeko araurik zehaztu, Batzar Nagusiari dagokio haiek izendatzea.

2.– Likidatzaileen kopurua beti bakoitia izango da.

3.– Bai likidatzaileak izendatzen direnean bai kargutik kentzen direnean, Kirol Erakundeen Euskadiko Erregistroan jaso beharko da.

159. artikulua.– Esku-hartze publikoa likidazioan.

1.– Eskumena duen kirol administrazioak likidazioa kontrolatzeko ardura izango duten pertsonak izendatu ahal izango ditu, indarrean diren legeak bete daitezen bermatze aldera.

2.– Federazioan ez badago administrazio organorik, edota administrazio organoak bere funtzioak bertan behera utzi baditu, dagokion kirol administrazioak likidatzaileak izendatu ahal izango ditu.

160. artikulua.– Likidatzaileen betebeharrak.

1.– Honako hauek dira federazioko likidatzaileen ardura:

a) Administrazio organoarekin batera, euren funtzioetan hastean federazioak duen hasierako balantzea onartzea.

b) Federazioko liburuez eta korrespondentziaz arduratzea eta horiek zaintzea, bai eta federazioaren ondarearen segurtasuna bermatzea ere.

c) Federazioa likidatzeko egiteke dauden eragiketak nahiz eragiketa berriak gauzatzea.

d) Federazioen ondasunak eta eskubideak besterentzea. Ondasun higiezinak enkante publikoan salduko dira nahitaez. Eskumena duen kirol administrazioak baimentzen duen kasuetan baino ezin izango dira zuzeneko salmentak egin.

e) Transakzioak eta arbitrajeak adostea, federazioaren interesei hala komeni zaienean.

f) Hartzekodunei ordaintzea.

g) Federazioaren ordezkari izatea.

2.– Federazioaren, federazioko kideen eta hirugarren pertsonen edo erakundeen aurrean izango dira erantzule likidatzaileak, euren karguaren funtzioak betetzean, doluz edo arduragabekeria larriz, sorturiko kalteengatik.

161. artikulua.– Azken balantzea.

Likidazioa amaitutakoan, likidatzaileek azken balantzea egingo dute. Balantzea Batzar Nagusian aurkeztuko da, eta eskumena duen kirol administrazioari bidaliko zaio.

162. artikulua.– Likidatzaileek kargua uztea.

Honako hauek dira likidatzaileen jarduera amaitzeko arrazoiak:

a) Likidazioa burutzea.

b) Batzar Nagusiak emandako ahalordeak baliogabetzea.

c) Dagokion kirol administrazioak ahalordeak baliogabetzea edo gaitasunik gabe uztea.

d) Erabaki judiziala.

163. artikulua.– Likidatzen ari den federazioak kaudimenik ez izatea.

Baldin eta federazioak ez badu kaudimenik, likidatzaileek berehala eskatu behar dute dagokion lehiaketa adierazpena.

164. artikulua.– Ondarearen erabilera.

1.– Euskadiko kirol federazioren bat desegiten bada, kirol gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak, lehentasunez, dagokion kirol modalitatea sustatzen eta dagozkion jardueretan erabiliko du likidaziotik ateratzen den ondare gordina.

2.– Lurraldeko federazioa baldin bada, lurralde historikoetako dagokien organoek erabakiko dute ateratzen den ondare gordina zertarako erabiliko den, aurreko idatz-zatian zehaztutako helburuekin bat, betiere.

XIII. TITULUA
HIZKUNTZA NORMALIZAZIOA

165. artikulua.– Kirol federazioen hizkuntza ofizialak.

Euskadiko kirol federazioen hizkuntza ofizialak euskara eta gaztelania dira.

166. artikulua.– Dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan.

1.– Dekretu honetako aldi baterako hirugarren xedapenean zehazturik dagoenaz gain, kirol federazioek nahitaez errespetatu behar dute Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzea, gutxienez, honako dokumentu hauetan:

a) Federazio lizentzietan.

b) Txarteletan, agirietan eta ematen diren antzeko agirietan.

c) Estatutuetan, arautegietan eta zirkularretan.

d) Lehiaketak iragartzeko karteletan.

e) Federazioko organoen deialdietan.

2.– Ziurtagiriak bi hizkuntzetan edota Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean eman ahal izango dira, interesdunak berariaz hala adierazten badu.

167. artikulua.– Hizkuntza normalizaziorako plana.

Kirol federazioek dagozkien babes administrazioek ezartzen dituzten epeetan eta baldintzetan beharko dituzte hizkuntza normalizaziorako planak taxutu, onartu eta gauzatu, gutxika federazioaren baitan euskara arruntki erabil dadin bermatze aldera. Betebehar hori ez betetzeak diru laguntzak jasotzeko aukera galtzea ekarriko du.

168. artikulua.– Administrazio publikoaren laguntza.

Eusko Jaurlaritzak eta lurralde historikoetako foru organoek dagozkien kirol federazioei behar bezalako laguntza teknikoa eta beharrezko baliabideak eskuratu beharko dizkiete, Euskadiko kirol federazioen baitan hizkuntza normaliza dadin lortzeko helburu komuna lortzearren.

XIV. TITULUA
EMAKUMEZKOEN ETA GIZONEZKOEN

ARTEKO BERDINTASUNA

169. artikulua.– Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren aldeko ekintza positiboen plana.

Kirol federazioek dagozkien babes administrazioek ezartzen dituzten epeetan eta baldintzetan beharko dituzte emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren aldeko ekintza positiboen planak taxutu, onartu eta gauzatu, federazioaren kudeaketan bertan eta kirol modalitate bakoitzean, gutxika, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna bermatze aldera.

170. artikulua.– Administrazio publikoen laguntza.

Eusko Jaurlaritzak eta lurralde historikoetako foru organoek dagozkien kirol federazioei behar bezalako laguntza teknikoa eta beharrezko baliabideak eskuratu beharko dizkiete, Euskadiko kirol federazioen baitan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzeko helburu komuna lortzearren.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Federazioen arautegien berri zabaltzea.

Administrazioaren bidetik onartu diren federazioetako arautegien berri zabaltze aldera, kirol gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak beharrezko diren neurriak hartu beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan erregistratuta diren federazioen arautegien berri bere osotasunean emateko, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien bidez.

Bigarrena.– Baliabide teknikoak erabiltzea.

Euskadiko eta lurraldeko federazioek, euren jarduera aurrera eramateko, teknika eta baliabide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzea eta aplikatzea bultzatuko dute. Horretarako, aipatutako teknika eta baliabideen erabilpena bereganatzeko edo hobetzeko planak onartuko dituzte.

Hirugarrena.– Kirol federazioetako zuzendarien kode etikoa.

Kirol gaietan eskumena duten Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak eta foru aldundietako organoek, Euskal Kirol Federazioen Batasunarekin lankidetzan, kirol federazioetako zuzendarientzako kode etikoa onartzea eta, gero, Euskadiko eta lurraldeko federazioak hari atxikitzea sustatuko dute.

Laugarrena.– Kirol federazioen borondatezko lana sustatzea.

Kirol federazioen borondatezko lana sustatze eta errazte aldera, Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiekin bat, honako neurri hauek sustatuko ditu, dagozkion eskumenen barruan:

a) Zuzendarien eta beste boluntario guztien aldeko ohorezko neurriak ezartzea, kirolaren alde egindako lana publikoki aitortzeko.

b) Kirol federazioen borondatezko lana garatzea erraztuko duen arau esparrua bultzatzea.

c) Kirol federazioetako borondatezko lanaren inguruan informatzeko eta hura sustatzeko kanpainak antolatzea.

d) Boluntarioentzako dokumentazio, informazio, aholkularitza eta laguntza zerbitzuak sortzea.

e) Lankidetza hitzarmenak sinatzea, kirol federazioetako borondatezko lana sustatze aldera.

f) Boluntarioen aldeko konpentsazio ez-ekonomikoak sustatzea.

Bosgarrena.– Berariazko kirol federazioa izan duten kirol modalitateak kirol modalitateen eta diziplinen katalogoan sartzea.

Dekretu hau indarrean sartzen den unean, Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan erregistratua den kirol federazioa duen kirol modalitate oro kirol modalitateen eta diziplinen katalogoan mantenduko da.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Estatutuak eta arautegiak egokitzea.

1.– Kirol federazioek dekretu honetan xedatutakoarekin bat etortzeko egokituko dituzte euren estatutuak eta arautegiak. Horretarako, urtebeteko epea izango dute, dekretua indarrean sartzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita. Epe hori amaitu baino lehen, estatutu eta arautegi berriak dagokion kirol administrazioari aurkeztuko dizkiote, hark onar ditzan.

2.– Aipatutako egokitzapena gauzatu bitartean, kirol federazioek 14/1998 Legean eta dekretu honetan xedatutakoaren arabera eta euren estatutuetan eta arautegietan —aipatu legeari eta dekretu honi aurka egiten ez dietenean— xedatutakoaren arabera jardungo dute.

Bigarrena.– Pertsona federatuen erantzukizun zibilaren asegurua.

Dekretu hau federatuen erantzukizun zibileko nahitaezko aseguruari dagokionez garatzen ez den bitartean, kirol federazioei dagokie gutxieneko kapitala, frankiziak eta aseguruen gainerako edukiak modu librean zehaztea.

Hirugarrena.– Hizkuntza normalizazioa.

Kirol federazioek hizkuntza normalizatzeko duten betebeharrari pixkanaka erantzungo diote. Estatutuetako eta arautegietako xedapenek, zirkularrek, ziurtagiriek, lizentziek eta txartelek edota gisa bereko agiriek, federazio organoen deialdiek eta kirol federazioen lehiaketen kartelek, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan idatzita egon beharko dute dekretu hau indarrean sartu eta hurrengo denboralditik aurrera, salbu eta dekretua hau indarrean sartu eta sei hilabete igaro baino lehenago hasten bada denboraldi hori. Premiazko kasuetan baino ez da onartuko agiri horiek Euskal Autonomia Erkidego bi hizkuntza ofizialetan ez izatea.

Laugarrena.– Osasun azterketen edukia.

Eusko Jaurlaritzak federazio lizentziak izapidetu aurretiko osasun azterketen edukia onartu arte, Euskadiko federazioek erabakiko dute eduki hori.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Berariaz indargabetuta geratzen da 1990eko urriaren 9ko 265/1990 Dekretua (kirol federazioen eraketa eta funtzionamendua arautzen dituena) eta dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapenak oro.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2006ko urtarrilaren 31n.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.

URTARRILAREN 31KO 16/2006 DEKRETUAREN ERANSKINA

ANEXO AL DECRETO 16/2006, DE 31 DE ENERO
KIROL MODALITATEEN ETA DIZIPLINEN KATALOGOA
CATÁLOGO DE MODALIDADES Y DISCIPLINAS

1	Urpeko jarduerak	Actividades subacuaticas

	– Urpeko arrantza	– Pesca submarina

	– Kirol urpekaritza	– Buceo deportivo

	– Hegats igeriketa	– Natación con aletas

	– Apnea	– Apnea

	– Urpeko hockeya	– Hockey subacuático

	– Urpeko tiro jaurtiketa	– Tiro subacuático

	– Urpeko orientazioa	– Orientación subacuática

	– Urpeko argazkilaritza	– Imagen subacuatica

	– Apnea argazkilaritza	– Caza fotográfica en apnea

	– Urpeko bideogintza	– Videosub

2	Xakea	Ajedrez

3	Atletismoa	Atletismo

	– Atari zabaleko pistan	– Pista aire libre

	– Krosa	– Campo a través

	– Errepideko lasterketa	– Ruta

	– Pista estalia	– Pista cubierta

4	Automobilismoa	Automovilismo

	– Mendia	– Montaña

	– Rallyak	– Rallys

	– Zirkuitua	– Circuito

	– Autokrosa	– Autocross

	– Kartinga	– Karting

	– Slaloma	– Slalom

	– Klasikoak	– Clásicos

5	Badmintona	Badminton

6	Saskibaloia	Baloncesto

7	Eskubaloia	Balonmano

	– Eskubaloia	– Balonmano

	– Hondartzako eskubaloia	– Balonmano playa

8	Beisbola eta softballa	Beisbol y Sófbol

	– Beisbola	– Beisbol

	– Softballa	– Sofbol

	– Aretoko softballa	– Sofbol sala.

9	Billarra	Billar

	– Billarra	– Billar

	– Poola	– Pool

	– Snookerra	– Snooker

10	Bola Jokoa	Bolos

	– Bowlinga	– Bowling

	– Palmako bola jokoa	– Bolo palma

	– Palentziako bola jokoa	– Bolo palentino

	– Burgosko bola jokoa	– Bolo burgalés

	– Gesaltzako bola jokoa	– Bolo salinero

	– Leongo bola jokoa	– Bolo leonés

	– Bolatokia	– Bolatoki

	– Arabako bola jokoa	– Bolo alavés

	– Hiru Olako bola jokoa	– Tres tablones

	– Toka	– Toka

	– Pasaboloa	– Pasabolo

	– Hiru txirlo	– Hiru txirlo

	– Calva	– Calva

11	Boxeoa	Boxeo

	– Boxeoa	– Boxeo

	– Kickboxinga	– Kickboxing

	– Full contacta	– Full contact

	– Thaiboxinga	– Thi-Boxing

	– Aiki Wudoa	– Aiki-Budo

12	Ehiza	Caza

	– Erakustxakurrak	– Perros de muestra

	– Arrasto txakurrak	– Perros de rastro

	– Eskuz botatako usoak	– Palomas a brazo

	– Usakumea kaiola eran	– Pichón a jaula

	– Colombaire usakumea	– Pichón colombaire

	– Ibilbidea	– Recorrido

	– Ehiza larriko ibilbidea	– Recorrido de caza mayor

	– Txakurrarekiko ehiza xehea	– Caza Menor con perro

	– Oilagor ehiza	– Caza de becadas

	– Falkoneria	– Cetrería

	– Apeu Bidezko eper ehiza	– Caza de perdiz con reclamo

	– Galeperra kaiola eran	– Codorniz a jaula

	– Colombaire galeperra	– Codorniz colombaire

	– San Hunberto	– San Humberto

	– Arkuarekiko ehiza	– Caza con arco

	– Compak sportinga	– Compak sporting

	– Hegazti kantarien harrapaketa	– Silvestrismo

	– Altuera handiko falkoneria	– Altanería

	

13	Txirrindularitza	Ciclismo

	– Ziklo krosa	– Ciclo-cros

	– Trialsina	– Trialsin

	– Mendiko bizikleta	– Montain bike

	– Pista	– Pista

	– Errepideko lasterketa	– Ruta

	– BMX	– BMX

	– Gimnasioko txirrindularitza	– Ciclismo gimnasio

14	Aireko kirolak	Deportes aéreos

	– Parapentea	– Parapente

	– Delta hegala: Hegaldi librea	– Ala delta-Vuelo libre

	– Paraxutismoa	– Paracaidismo

	– Motordun hegaldia	– Vuelo a motor

	– Beladun hegaldia	– Vuelo a vela

	– Hegaldi akrobatikoa	– Vuelo acrobático

	– Aerostatika	– Aerostación

	– Aeromodelismoa	– Aeromodelismo

15	Neguko kirolak	Deportes de invierno

	– Eski alpetarra	– Esquí alpino

	– Iraupen eskia	– Esquí de fondo

	– Eski jauziak	– Saltos de esquí

	– Eski artistikoa eta akrobatikoa	– Esquí artístico y acrobático

	– Snowboarda	– Snowboard

	– Telemarka	– Telemark

	– Mushinga: Txakurrarekiko lera	– Mushing-Trineo con perro

	– Curlinga	– Curling

	– Izotz gaineko lasterketak	– Carreras sobre hielo

	– Skyboba	– Skybob

	– Izotz hockeya	– Hockey hielo

	– Izotz patinaje artistikoa	– Patinaje artístico sobre hielo

	– Biatloia	– Biathlon

	– Bosleigha	– Bosleigh

	– Lugea	– Luge

16	Eskrima	Esgrima

	– Ezpata	– Espada

	– Floretea	– Florete

	– Sablea	– Sable

17	Uretako eskia eta motonautika[	Esquí náutico y motonáutica

	– Uretako Eskia	– Esquí náutico

	– Motonautika	– Motonáutica

18	Futbola	Fútbol

	– Futbola	– Fútbol

	– Hondartzako futbola	– Fútbol playa

19	Areto futbola	Fútbol sala

20	Gimnasia	Gimnasia

	– Gimnasia orokorra	– Gimnasia general

	– Gimnasia akrobatikoa	– Gimnasia acrobática.

	– Gimnasia artistikoa	– Artística

	– Gimnasia erritmikoa	– Rítmica

	– Ohol jauziak	– Trampolín

	– Kirol aerobica	– Aerobic deportivo

21	Golfa	Golf

22	Halterofilia	Halterofilia

23	Herri kirolak

	– Sokatira

	– Harri jasotzea

	– Trontza

	– Aizkora

	– Idi probak

	– Zaldi probak

	– Asto probak

	– Sega

	– Lokotx apustua

	– Txinga eroatea

	– Ingude altxatzea

	– Orga Joko

	– Zaku lasterketa

	– Lasto jasotzea

	– Ontzi eroatea

	– Lasto botatzea

	– Harri zulatzaileak

	– Giza probak

24	Hipika	Hípica

	– Oztopo jauziak	– Saltos de obstáculos

	– Lehiaketa osoa	– Concurso completo

	– Heziera klasikoa	– Doma clásica

	– Behi zaldien heziera	– Doma vaquera

	– Raida	– Raid

	– Martxa erregulatua	– Marcha regulada

	– Horseballa	– Horseball

	– Zalgurdiak	– Enganches

	– Zaldi gaineko iraulketa. Jazartzea eta uzkailtzea	– Volteo. Acoso y derribo

	– Poneyak	– Ponis

	– Reininga	– Reining

	– Treca	– Trec

	– Hunterra	– Hunter

	– Zaldi berria	– Zaldi berri

25	Hockeya	Hockey

	– Aretokoa	– Sala

	– Belarretakoa	– Hierba

26	Judoa	Judo

	– Judoa	– Judo

	– Kendoa	– Kendo

	– Aikidoa	– Aikido

	– Wu-Shua	– Wu-Shu

	– Jiu-Jitsua	– Jiu-Jitsu

	– Defentsa pertsonala	– Defensa personal

27	Karatea	Karate

	– Karate-Kumitea	– Karate-Kumite

	– Karate-Katak	– Karate-Katas

	– Kenpoa	– Kenpo

	– Kung-Fua	– Kung-Fu

	– Tai-Jitsua	– Tai-Jitsu

	– Tai-Txia	– Tai-Chi

	– Penckat-Silata	– Penckat-Silat

28	Borroka eta sanboa	Lucha y Sambo

	– Borroka	– Lucha

	– Sanboa	– Sambo

29	Mendia	Montaña

	– Orientazioa	– Orientación

	– Mendiko eskia	– Esquí de travesía

	– Mendi lasterketak	– Carreras de montaña

	– Eskalada haitzetan	– Escalada en roca

	– Kirol eskalada	– Escalada deportiva

	– Alpinismoa	– Alpinismo

	– Mendiko ibilaldiak	– Senderismo

	– Martxak	– Marchas

	– Amildegi jaitsiera	– Descenso de barrancos

	– Espeleologia	– Espeleología

30	Motoziklismoa	Motociclismo

	– Triala	– Trial

	– Moto txikiak	– Minimotos

	– Motokrosa	– Motocross

	– Enduroa	– Enduro

	– Abiadura	– Velocidad

	– Stadium motokrosa	– Stadium motocros

	– Turismoa	– Turismo

	– Quadak	– Quads

	– Promobikerrak	– Promobikers

	– Trial-indoorra	– Trial-indoor

	– Super-krosa	– Super-cross

	– Super-motarda	– Super-motard

	– Moto-balla	– Moto-ball

31	Igeriketa	Natacion

	– Igeriketa igerilekuan	– Natación piscina

	– Waterpoloa	– Waterpolo

	– Sinkronizatua	– Sincronizada

	– Distantzia handikoa	– Larga distancia

	– Jauziak	– Saltos

	– Aquagima	– Aquagim

	– Salbamendua eta sorospena	– Salvamento y socorrismo

32	Padela	Padel

33	Patinajea	Patinaje	

	– Patin hockeya	– Hockey patines

	– Patineko hockeya: linea	– Hockey línea

	– Lasterketak	– Carreras

	– Artistikoa	– Artístico

	– Lerroan	– En línea

	– Skate boarda	– Skate board

34	Pilota	Pelota vasca

	– Plaza librea	– Frontón de plaza libre

	– Trinketa	– Trinquete

	– Ezkerreko hormako frontoia	– Fronton de pared izquierda

	– Frontenisa	– Frontenis

35	Arrantza	Pesca

	– Kontinentala	– Continental

	– Itsasokoa	– Marítima

	– Castinga	– Casting

36	Petanka	Petanca

	– Petanka	– Petanca

	– Botxak	– Bochas

37	Piraguismoa	Piragüismo

	– Ur lasaietakoa	– Aguas tranquilas

	– Ur amiletakoa	– Aguas bravas

	– Kayak surfa	– Kayak surf

	– Kayak poloa	– Kayak polo

	– Pista	– Pista

	– Slaloma	– Slalom

38	Arraunketa	Remo

	– Eserleku finkoa	– Banco fijo

	– Eserleku mugikorra	– Banco móvil

	– Arraunergometroa	– Remoergómetro

39	Errugbia	Rugby

	– Errugbia	– Rugby

	– 7ko errugbia	– Rugby a7

40	Squasha	Squash

41	Surfa	Surf

	– Bodyboarda	– Bodyboard

	– Surfboarda	– Surfboard

	– Kneeboarda	– Kneeboard

	– Longboarda	– Longboard

42	Taekwondoa	Taekwondo

	– Taekwondo-Kyorugia	– Taekwondo-Kyorugui

	– Taekwondo-Pumsea	– Taekwondo-Pumse

	– Hapkidoa	– Hapkido

43	Tenisa	Tenis

44	Mahai tenisa	Tenis de mesa

45	Arku tiroa	Tiro con arco

	– Arku tiroa aire zabalean	– Tiro con arco diana al aire libre

	– Arku tiroa aretoan	– Tiro con Arco en sala

	– Landa zabaleko ibilbidea	– Recorrido de campo

	– Basoko ibilbidea	– Recorrido de bosque

	– Lur gainean	– Sobre Suelo

	– Eskietan	– Sobre Esquí

	– Distantzia handikoa	– Larga distancia

	– Akademikoa	– Académica

	– Arku lasterketa (Run-Archery)	– Carrera-Arco

(Run-Archery)

46	Tiroa	Tiro

	– Zehaztasuneko tiro olinpikoa	– Tiro olímpico precisión

	– Plater tiro olinpikoa	– Tiro olimpico plato

	– Uso tiroa	– Tiro pichon

	– Helize tiroa	– Tiro hélice

47	Triatloia	Triatlon

	– Triatloia	– Triathlon

	– Neguko triatloia	– Triathlon invierno

	– Duatloia	– Duathlon

48	Bela	Vela

	– Gurutze ontziak	– Cruceros

	– Irrati kontrola	– Radio control

	– Bela arina	– Vela ligera

	– TDV	– TDV

49	Boleibola	Voleibol

	– Aretokoa	– Sala

	– Hondartzakoa	– Playa


Azterketa dokumentala