Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

196. zk., 2005eko urriaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Euskal Herriko Unibertsitatea
5066

EBAZPENA, 2005eko irailaren 12koa, Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena. Honen bidez agindua ematen da lege zerbitzuaren arautegia argitaratzeko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

EHUko Estatutuen 258. artikuluaren 2. puntuan aurreikusten da, EHUko legelariak haien Lege Zerbitzuaren kide izan daitezela eta EHUko organoek eskatutakoaz arduratu daitezela, idazkari nagusiaren zuzendaritzapean.

Unibertsitateko organoei eskainitako zerbitzua eraginkorragoa izan dadin, Gobernu Kontseiluari proposamena aurkeztu zitzaion, aurretik estatutuen garapenerako batzorde ordezkariak aldeko iritzia eman ostean. Proposamena Lege Zerbitzuaren Arautegian zetzan, non zerbitzuaren funtzionamendua zehazteaz gain, kontsultek nahiz auzi jarduerek izan beharreko prozedura azaltzen zen, Idazkaritza Nagusira iristen direnetik bertatik. Aldi berean, arautegi horretan ere, betebehar juridikoak dituzten zerbitzuen arteko koordinazioaren beharra azpimarratzen da. Azkenik, Lege Zerbitzuak lan egiteko erabiltzen dituen irizpideak azaltzen dira arautegian bertan.

2005eko maiatzaren 26an EHUko Gobernu Kontseiluak erabaki zuen Lege Zerbitzuaren Arautegia onartzea, eranskinean jasotzen den moduan.

Azkenik, EHUko Estatutuetako 258.1. d) artikuluak dio idazkari nagusiak bermatu behar duela EHUko erabakiak argitaratzea, eta gauza bera agintzen du Euskal Unibertsitate Sistemaren Legeak ere (otsailaren 25eko 3/2004 Legea).

Horregatik guztiagatik,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Lege zerbitzuaren Arautegia Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratzeko agintzea, eranskinean ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– Arautegia indarrean sartuko da argitaratzen den egunenaren hurrengo egunean.

Hirugarrena.– Ebazpen hau irmoa da, eta haren kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa baino ezin daiteke aurkeztu, eta hilabeteko epea dago horretarako, ebazpen hau eman duen organo berberaren aurrean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke administrazioarekiko auzietako Bilboko epaitegien aurrean, bi hilabeteko epean.

Leioa, 2005eko irailaren 12a.

Idazkari nagusia,

IÑAKI ESPARZA LEIBAR.

ERANSKINA
LEGE ZERBITZUAREN ARAUTEGIA

Lehenengo artikulua.– helburuak eta egitura.

1.– Idazkari nagusiaren zuzendaritzapean, unibertsitateko Lege Zerbitzuak laguntza eta aholku emango die zuzenbidearen arloan unibertsitateko organoei. Era berean, EHUren ordezkari eta interesen defendatzaile izango da edozein motatako pertsona eta erakunderen (pribatu zein publikoren) aurrean, bai eta jurisdikzioko organoen aurrean ere. Hala ere, ordezkari lana kasuan kasuko epaitegiko prokuradorearen esku utzi ahal izango du.

2.– EHUko Lege Zerbitzuko kide izango dira zerbitzuko burua eta langileen lanpostuen zerrendaren arabera zerbitzuari atxikita dauden legelari guztiak. Unibertsitateko gainontzeko zerbitzu edo ataletan lan egiten duten teknikari legelariek edo baldintza bereziei jarraituz Zuzenbidean lizentziatu izan beharra duten goi mailako teknikariek Lege Zerbitzuarekin koordinatuta egingo dute lan.

3.– Lege Zerbitzuko buruak laguntza emango dio idazkari nagusiari goiko zenbakietan adierazitako zereginetan eta haren irizpideei jarraituz.

4.– Errektoreak edo idazkari nagusiak Lege Zerbitzukoak ez diren legelarien esku utz dezake unibertsitateari aholku ematea edo lege defentsa egitea, baina, edozelan ere, Lege Zerbitzukoek jarraipena edo koordinazio lana egin ahal izango dute. Lege arloko lanak kanpoko zerbitzuen esku utzi ahal izateko, errektorearen edo idazkari nagusiaren beren-beregiko baimena beharko da.

Bigarren artikulua.– Laguntza eta aholku ematea.

1.– Lege Zerbitzuaren lana izango da txostenak egitea eta lege agirietarako proposamenak egitea eta agiriak idaztea araudiari jarraituz beharrezko den guztietan eta beste egoera hauetan:

a) Legezko txostena egin beharko dute:

– Arautegi orokorrean edo unibertsitatearen arautegian zehaztuta dagoen guztietan.

– Gobernu Kontseiluak onartu behar dituen arautegi proposamenak egin behar direnean, baldin eta eskaria egiten bazaio.

– Unibertsitateko organoek eskatzen dioten guztietan, arautegi honetan zehaztutakoari jarraituz.

b) Arautegi, hitzarmen eta erabaki proposamenak eta beste agiri batzuk egitea, kasuan kasuko administrazio edo zerbitzu atalak legelaririk ez daukanean eta unibertsitateko organoak eskaria egiten dionean arautegi honi jarraituz.

c) Erreklamazioak, errekurtsoak eta beste agiri batzuk egitea aurreko puntuko baldintza beretan. Egin beharreko idatziek epea baldin badute ezarrita (idatzi judizial edo antzekoetan), jakinarazpena hartu aurretik egin beharko da eskaria, eta hori posible ez bada, epeko lehen egunean, beharrezko izanez gero baliabide telematikoak erabilita.

2.– Lege Zerbitzuak, bestalde, agintzen zaizkion beste jarduera batzuk ere egingo ditu arloan ezar daitekeen araudiari jarraituz. Zuzendaritza Kontseiluko kideek agindutako gestioak ere egingo ditu, gaiak izaera juridikoa badauka.

3.– Hauteskunde arloko laguntza unibertsitateko Hauteskunde Batzorde Nagusiaren, errektorearen edo Idazkaritza Nagusiaren aginduaren babesean baino ez dute emango.

Hirugarren artikulua.– Prozedura.

1.– Txostenak edo proposamenak egiteko eskaria errektoreak, Zuzendaritza Kontseiluko kideek, ikastegietako dekano edo zuzendariek edo sail edo institutuetako zuzendariek egin beharko dute, bai beren izenean bai administrazioko beste arduradun edo organoen izenean.

Eskaria Idazkaritza Nagusira bidali beharko da, eta eskariarekin batera egoera argitu, zehaztu eta tramitatzeko beharrezko diren txosten, agiri eta datuak.

Txostenak eta proposamenak eskatzerakoan, gaiari buruzko laburpen txiki bat egin beharko da.

Idazkari Nagusiak eskarietako ereduak ezarri ahal izango ditu prozedura errazteko.

2.– Egin beharreko jarduerak gastua dakarrenean, eskari egileak egiaztagiria aurkeztu beharko du kreditu nahikoa duela frogatzeko, Gerentziak edo programaren arduradunak egindakoa.

3.– Eginkizunak betetzeko, Lege Zerbitzukoek unibertsitateko gainontzeko organo, egitura eta langileen laguntza izango dute.

4.– Errektoreak eta Zuzendaritza Kontseiluko gainontzeko kideek ahozko kontsultak egin ahal izango dituzte prozedura bete barik.

5.– Lege Zerbitzuak, bere kabuz, proposamenak egin edo aholkuak eman ahal izango dizkie unibertsitateko beste organoei, aldez aurretik Idazkaritza Nagusiak onespena emanda.

Laugarren artikulua.– Beste zerbitzu batzuekin koordinazioa.

Arautegiko 1.2. artikuluan zehaztutakoaren babesean, EHUko beste zerbitzu batzuetan lanean dauden teknikari legelarien edo Zuzenbidean lizentziatu direnentzako gordetako lanpostuetan ari direnen jarduerak Lege Zerbitzukoek egindako jardueren pareko izango dira, betiere, Lege Zerbitzuko buruaren oniritziarekin egindakoak badira.

Bosgarren artikulua.– Funtzionamendua.

1.– Lege Zerbitzuak unibertsitatea bere jardueretan legearekin bat ari dela zainduko du, eta bere zereginak eraginkortasuna eta azkartasuna kontuan hartuta beteko ditu.

2.– Txostenak edo proposamenak bidali aurretik, eta zerbitzuaren ustez tramiteak arintzeko egoki bada, harremanetan jarriko dira eskaria egin duen organorekin honakoetarako:

a) Nahitaezko txostenak eskatzeko bai organo eskari egileari bai eragindako beste organo batzuei, betiere kasuan kasuko organoen funtzioei buruzkoak badira.

b) Idazkera aldatzeko, helburua kontuan hartuta idatzia argiagoa izan dadin.

c) Legearekin bat ez datozen jarduerei buruzko informazioa emateko eta horiek zuzentzeko.

d) Prozedura azkartu eta hobetze aldera egoki diren beste jarduera batzuk egiteko.

Edozelan ere, azken agiriak bat etorri beharko du kasuan kasuko eskariarekin, eta eskaria egin duen organoari bidaliko zaio.

3.– Legezkotasun txostenak bi eratakoak izan daitezke: aukerako gaiei buruzkoak, eta, beraz, ez direnak gaiaren tramiteetarako oztopo izango, eta legea betetzearekin lotura zuzena duenak. Bigarren kasuan adierazi egin beharko da zein neurri hartu behar diren legea betetzeko.

4.– Lege Zerbitzuko langileek isilpean gordeko dituzte zerbitzuan aztertzen diren gaiak, batez ere EHUren kontrako interesak izan ditzaketen pertsonekin.

Seigarren artikulua.– EHUren auzi jarduerak.

1.– EHUri eragiten dioten auzi idatziak jasotzeko eskumena Idazkaritza Nagusiak dauka, Erregistro Orokorraren bidez hartuko ditu.

2.– EHUri egindako jakinarazpenak, auzitarako deiak, epe-jartzeak eta auzi jurisdikzioko organoetako beste edozein jakinarazpen Lege Zerbitzuari helaraziko zaizkio egunean bertan, behar izanez gero baliabide telematikoak erabilita.

3.– Auziaren eraginez EHUk erantzukizunik izan balezake, Lege Zerbitzuak epaileen aurrean eta auzitegietan unibertsitateko organo eta zerbitzuek egin beharreko jarduerak koordinatu eta gainbegiratuko ditu. Gai horiek direla eta, unibertsitateko kideek Lege Zerbitzuaren laguntza izan dezakete, baldin eta txostenak egin behar badituzte edo lekuko izan behar badira, bai auzi organoak eskatuta bai alderdiek eskaria egin dutelako. Horrelakoetan, Lege Zerbitzuak informazioa eman eta eskubideak bermatuko dizkie.

4.– Lege Zerbitzuak arazoen berri eta nondik norakoen berri emango die arazoak zuzenean eragindako unibertsitateko organo edo zerbitzuei.

5.– EHUk auzi prozesuren batean parte hartzen duenean, unibertsitateko agintari eta langileak behartuta daude Lege Zerbitzuak EHUren defentsarako eskatzen dien laguntasun guztia ematera.

6.– Auzibiderako idatziak kasuan kasuko errektoreordetza, ikastegiko dekanotza edo zuzendaritza, sail edo institutura bidaliko dira jakitun egon daitezen eta, behar izanez gero, txostena egin dezaten.

Zazpigarren artikulua.– EHUren eta bere zerbitzura lan egiten dutenen defentsa.

1.– Lege Zerbitzuko legelariek EHU defendatzeko ardura izango dute edo EHUren ordezkari izango dira auzi organoen aurrean, betiere lehenengo artikuluko 4 zenbakian zehaztutakoari kalterik egin gabe.

2.– Idazkaritza Nagusiak zehaztuko du EHUren zerbitzura lanean ari direnen defentsa Lege Zerbitzuaren ardurapean egitea, bai bertako langileen esku utzita zein kanpoko zerbitzuak kontratatuta. Hori horrela egingo da, betiere, erantzukizuna langileak bere funtzioak betetzearen ondorio bada.

Zortzigarren artikulua.– Jardueretarako irizpideak.

1.– Auzi jartzaile izanik egin beharreko auzi jarduerak egiteko edo transakzioetarako, amore emateko edo atzera egiteko, Errektoregoaren edo Idazkaritza Nagusiaren beren-beregiko erabakia beharko da.

2.– Epaiak Zuzendaritza Kontseiluko kideei jakinarazi beharko zaizkie, gaia kontuan izanda hala dagokionari. Errekurtsoa jartzeko erabakia, oinarri juridiko nahikoa izanda, Errektoregoak edo Idazkaritza Nagusiak hartu behar du edo, bestela, Lege Zerbitzuko buruak, kontuan hartuta kasuan kasuko errektoreordetzaren iritzia edo Gerentziarena.

3.– Jakinarazpena hartzen denetik hilabeteko epean, eskudun organoak epaia ezarri beharko du epaitzari buruzko erabakia emanda edo/eta bertan adierazitako neurriak ezarrita. Horri buruzko agiri guztiak Lege Zerbitzura bidali beharko dira.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Arautegi honetan "Lege Zerbitzu" dioenean "Lege Aholkularitza" ulertuko dugu, zerbitzu horren izenari buruzko behin betiko erabakirik hartu bitartean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabe geratuko da arautegi honekin bat ez datorren edozein arautegi, zirkular edo zuzentarau.

AZKEN XEDAPENA

Arautegia indarrean sartuko da EHAAn argitaratu eta biharamunean.


Azterketa dokumentala