Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

73. zk., 2005eko apirilaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
1979

58/2005 DEKRETUA, martxoaren 29koa, Euskadiko Kooperatiben Legearen Erregelamendua onartzen duena.

Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legearen bidez, aurrerapauso garrantzitsua eman zen ekonomia- eta gizarte-mailan kooperatibismo moderno eta aurrerakoi baterantz. Lege horrek kooperatibismoaren printzipioak enpresa-jarduera eraginkorrari lotu zizkion.

Legea, hainbat urtetan zehar aplikatu ondoren, enpresa-erakunde kooperatiboen erronka berrietara egokitu beharrean zegoen. Horregatik, Euskadiko Kooperatiben Legea aldatu zuen ekainaren 29ko 1/2000 Legeak erantzun egokia eta kooperatiboa eman zien euskal kooperatiba-mugimenduan sortutako premia berriei.

Egun indarrean dagoen Euskadiko Kooperatiben Legea Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak 1995eko Manchesterreko Batzar Nagusian onartu zuen Kooperatiba Nortasunari buruzko Deklarazioan definitu eta sartutako balore eta printzipioetan oinarrituta dago.

Euskal kooperatibismo indartsuak eta horrek ekonomian duen eragin handiak zera eskatzen du: eskumena duten botere publikoek Legeak jasotzen dituen printzipioak gara ditzatela, horrela, kooperatibek enpresa eta sozietate berezi legez egin ahal izango baitute aurrera.

Nazio Batuek, Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak edo Lanaren Nazioarteko Erakundeak ematen dituzten aholkuek botere publikoen araugintzako jarduera egoki bat eragingo dute; alegia, kooperatiba-mugimenduaren garapenean lagunduko duen eta segurtasun juridikoa emango duen jarduera bultzatuko dute.

Aipatutako horiei guztiei erantzun egoki bat emateko, ezinbestekoa zen erregelamendu bat garatzea; erregelamendu hori egiteko eta aldarrikatzeko legezko babesa 4/1993 Legearen azken xedapenetako bosgarrenean eta erregelamendu hori garatzea aurreikusten eta exijitzen duten 1/2000 Legeko arau batzuetan aurkitu behar da.

Ezinbestekoa da aipatzea Kooperatiben arloan Autonomia Estatutuaren 10.23 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dion eskumen esklusiboaren garrantzia.

Bistan da estatu mailako arauei dagozkien eremu guztiak errespetatu behar direla, eta kooperatiba-errealitatera egokitu behar direla. Dekretu honetako aipamenen bidez, arau horien aplikazio konkretua erraztu nahi zaio araudi hori interpretatu edo jaso behar duenari (kasu batzuetan, aplikatu beharreko legezko arauetan barreiaturik egoten baitira estatu mailako arauak), eta horrela, arauari izaera pedagogikoa ematen zaio.

Erregelamendu honen garapenean honako hauek nabarmendu behar dira: euskal kooperatiba modernoetan gero eta gehiago sartzen ari diren bazkide moten edo klaseen konfigurazio juridikoa, euren eskubide eta obligazioak behar bezala zehaztuta; araubide ekonomikoaren garapena, kooperatibek dituzten baliabideei dagokienez; eta legezko manu zenbaiten aplikazioaren azalpena.

Zehatzago esanda, Dekretu hau lau kapituluz eta berau indarrean sartzeari buruz diharduen azken xedapen batez osaturik dago.

I. kapitulua.– Xedapen orokorrak:

– Bazkideek jarraian adieraziko den moduan kooperatiban parte hartzeko aukera dutela aipatzen da: hasierako baltzuaren helburuari lotutako entitateetan parte hartuz, beti ere, aldi baterako parte-hartzea bada, eta kooperatibako bazkideen gutxiengo bati eragiten badio.

– Honako hau ere adierazten da: bazkideek zenbait urtetik behin parte hartuko dute kooperatibaren emaitzetan, urteroko egozte neurrigabeak sahiestu behar baitira; baina gehienez ere, bost urte igaroko dira.

– Bazkide mota eta klaseak ere sistematizatzen dira artikulu batean.

– Honako hau estatutuetan jasotzeko aukera arautzen da: Gizarte Segurantzaren kuotak kooperatibak berak ordaintzea.

– Honako betebehar hau ezartzen da: iraupen jakineko bazkidearen kontratuan behin betiko bazkide gisa kooperatiban sartzeko eskubidea izan dezakeela jaso behar da.

– Baltzuarekiko aldi baterako harremana amaitzen denean, automatikoki, Kooperatiben Legearen 27. artikuluko prozedura bete beharrik izan gabe, lotura hori bertan behera uzteko aukera aurreikusten da.

II. kapitulua.– Kooperatiben araubide ekonomikoa:

– Baltzu-kapitalaren osaera zehazten da.

– Ekarpenen eguneratzea, eta gainbalio edo erreserben erabilera arautzen da; hemen sartu behar da menpeko finantza-ekarpenen ordainketa, eta bereziki arautu eta garatu behar da finantza-ekarpen horiek aurrez jasotzeko modua; zorrak kobratzeko garaian hartzekodunei segurtasuna emango dien hainbat elementu sartu behar dira: batetik, kredituak ordaindu baino lehen ordainketa horren aurka agertzeko eskubidea ziurtatuko da, eta bestetik, kredituen epemugan kredituak ordainduko direla bermatuko duten baldintza batzuk ezarriko dira.

– Erreserba erabilgarriak zertan erabil daitezkeen aipatzen da.

– Soldatapekoek emaitzetan parte-hartzerakoan zenbat jaso dezaketen zehazten da.

– Heziketa eta Kooperatiba Sustapeneko Funtsa zertarako erabil daitekeen arautzen da: beste entitate batzuei, edo eta kooperatibarekin elkartutako entitateei zuzenduko zaie.

III. kapitulua.– Kooperatiben Organoen funtzionamenduarekin lotutako alderdiak.

– Bazkide klase edo motak zehazten dira.

– Kooperatibako organoetako ordezkariek euren presentzia egiaztatzea ahalbidetzen da; horien benetakotasuna bermatuko duen sistema bat erabiliko da horretarako.

– Sailak sortzeko irizpideak garatzen dira.

– Artezkaritza Kontseiluan erabakiak nola hartuko diren eta kontseilukideen abstentzioak zenbatu behar diren ala ez zehazten da.

– Zaintza Batzordearen egitekoak zehazten dira, kooperatiban ikuskatutako urteko kontuei dagokienez.

IV. kapitulua.– Kooperatiba-motak:

– Menpeko lantokien edo lantoki osagarrien kontzeptua garatzen da.

– Bitariko kooperatibak Euskadiko Kooperatiben Legean jasotako kooperatiba-motaren batean sartu behar direla zehazten da.

– Kooperatiba integrala arautzen da; hain zuzen ere, Euskadiko Kooperatiben Legean aurreikusten diren bi kooperatiba-moten edo gehiagoren ekintzak egiten dituen kooperatiba da kooperatiba integrala.

– Kooperatiba-taldeak garatzen dira.

Ondorioz, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenez, Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusiari eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari entzun ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko martxoaren 29an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Euskadiko Kooperatibei buruzko Legearen Erregelamendua onartzea.

1.– Euskadiko Kooperatibei buruzko Legearen Erregelamendua onartzen da; dekretu honen eranskinean dator Erregelamenduaren testua.

2.– Testuan zehar Legeari egiten zaion aipamen oro Euskadiko Kooperatibei buruzko Legeari buruzko aipamena izango da.

AZKEN XEDAPENA

Indarrean sartzea.– Onartu den Erregelamendua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko martxoaren 29an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZCÁRRAGA RODERO.

MARTXOAREN 29KO 58/2005 DEKRETUAREN ERANSKINA

EUSKADIKO KOOPERATIBEN LEGEAREN
ERREGELAMENDUA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Jarduera kooperatibizatuan parte hartzea.

1.– Bazkideek kooperatibaren jardueretan izango duten konpromisoa edo gutxieneko parte-hartzea Legearen 13.1 g artikuluaren babesean eska daiteke; zuzenean parte hartuko da kooperatibaren beraren jardueretan edo, estatutuetan jasota badator, kooperatibarekin lankidetzan diharduten nahiz harekin batera parte hartzen duten beste entitate batzuetan, baldin eta entitate horiek baltzuaren helburuari lotutako interes berezia badute. Entitate horietan parte hartzen duten bazkideak hasierako kooperatibako gutxiengo bat izango dira, non eta arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntza-mailakoak edo ekoizpen-mailakoak direla medio, enpresa krisian ez dagoen, edo eta ezinbesteko kasua ez den.

2.– Bazkideek jarduera kooperatibizatuan duten parte-hartzeari buruz Legeak egiten dituen aipamenek hainbat urtetarako balioa izan dezakete —gehienez, bost urte—, baldin eta estatutuek horretarako baimena ematen badute.

3.– Bazkide laguntzaileek, jarduera kooperatibizatuan duten parte-hartzearen arabera, kooperatibaren emaitzetan parte hartzeko eskubidea izango dute, baldin eta estatutuetan berariaz horrela jasotzen bada edo Artezkaritza Kontseiluak horrela erabakitzen badu. Nolanahi ere, emaitzetan duten partaidetza hori zenbatekoa den jakinaraziko zaio Batzar Orokorrari.

2. artikulua.– Bazkide motak.

1.– Kooperatibetako bazkideak honako modalitate hauetakoren batean sartuko dira: bazkide kooperatzaileak, jardunik gabeko bazkideak edo erabiltzaileak ez direnak, bazkide laguntzaileak, eta bitariko kooperatibetan, boto-eskubidea duten baltzu-zatien titular diren bazkideak.

2.– Bazkide kooperatzaileak honako hauek dira: kooperatibaren jardunean modu eraginkor batean parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridikoak —bai langile moduan, bai erabiltzaile moduan—.

Bazkide laguntzaileak bitariko kooperatibetan bakarrik hartuko dira bazkide kooperatzailetzat.

3.– Jardunik gabeko bazkideak edo erabiltzaileak ez direnak Legearen 30. artikuluan halakotzat jotzen direnak izango dira.

4.– Bazkide laguntzaileak Legearen 19.2 artikuluan halakotzat jotzen direnak izango dira.

5.– Boto-eskubidea duten baltzu-zatien titularrak Legearen 136. artikuluan araututako bitariko kooperatibetako bazkideen gutxiengoa osatzen dutenak izango dira.

Boto-eskubidea duten baltzu-zatien titular izateko, edozein bazkide mota edo klasetakoa izan daiteke. Boto-eskubidea duten baltzu-zatiak libreki negoziatu ahal izango dira merkatuan, baldin eta estatutuetan horrela jasotzen bada, eta artikulu honen 2., 3., 4. eta 5. paragrafoetan adierazten diren bazkide guztiek eskuratu ahal izango dituzte. Bazkide horiek lehentasunezko eskubidea izango dute zati horiek eskuratzerakoan, baldin eta estatutuek hala xedatzen badute.

6.– Edozein mota edo klaseko bazkideek edo, zehazki, lan-bazkideek kooperatibaren jardunean parte-hartzeari buruz, kooperatiben estatutuek honako hauek arautuko dituzte:

a) Kontaketa bereizia egiteko irizpideak.

b) Jarduera kooperatibizatua neurtzeko erabiliko diren irizpideak, bazkide klase edo mota bakoitza kontuan hartuta, gaindikin positiboen eta negatiboen banaketa egiterakoan. Behar izanez gero, estatutuetan ehunekotan zehaztuko da bazkide klase edo mota bakoitzaren arabera banatu beharrekoa.

3. artikulua.– Langile Autonomoen Erregimen Bereziari atxikitako bazkideak.

Bazkide langileen edo lan-bazkideen Gizarte Segurantzako Erregimenaren ondorioetarako, Langile Autonomoen Erregimen Bereziaren aldeko aukera egin duen kooperatibak, bere gain hartuko du lanean diharduten bazkideen kuotak eta obligazioak ordaintzea, baldin eta baltzu-estatutuek hala xedatzen badute. Horrek ez du esan nahi, ordea, erregimen horren araudi nagusia bete behar ez denik. Zenbatekoak ez dira ordainduko lansari-aurrerakin gisa, eta Legearen 66. artikuluan definitutako gaindikin garbia zehazterakoan, kontusail kengarritzat joko dira.

4. artikulua.– Iraupen mugagabeko bazkide langile edo lan-bazkide izateko aukera erabiltzea.

Iraupen jakineko kontratuak dituzten bazkide langileak edo lan-bazkideak, egoera horretan hiru urte egin badituzte, iraupen mugagabeko bazkide bihurtzeko aukeraz baliatuko dira, bost urte iragan baino lehen, beti ere baltzuarekin duen harremanak jarraitzen badu. Behin harreman hori eteten denean, ezingo dute aukera horretaz baliatu. Dena den, aukera horretaz baliatzeko eskubidea iraupen jakineko bazkide langilearen edo lan-bazkidearen sozietate-kontratuan jasoko da.

5. artikulua.– Baja ematea, baltzuarekiko aldi baterako harremana amaitzean.

Iraupen jakina duten sozietate-kontratuak amaitu egingo dira hitzartutako epea amaitzen denean, eta automatikoki, baja emango da entitatean; horretarako, inolako baldintza formalik bete beharrik ez da izango.

II. KAPITULUA
ARAUBIDE EKONOMIKOA

6. artikulua.– Baltzu-kapitala.

Baltzu-kapitala honako hauek osatuko dute:

a) Legearen 57.1 artikuluak adierazten duen baltzu-kapitalari egiten zaizkion ekarpenak.

b) Menpeko finantza-ekarpenak, Legearen 57.5 artikuluaren arabera, baltzu-kapitaltzat jo behar baitira.

c) Boto-eskubidea duten baltzu-zatiak, bitariko kooperatibetakoak (Legearen 136. artikuluan aipatzen dira).

7. artikulua.– Balantzea erregularizatu osteko erreserba baltzu-kapitalari gehitzea.

1.– Bazkideek baltzu-kapitalari egin behar dizkioten ekarpenak, —derrigorrezkoak edo borondatezkoak— eguneratu egingo dira, Batzar Orokorrean hartzen diren erabakiek zehazten duten heinean, eta beti ere, Legearen 61. artikuluan egiten diren aurreikuspenak errespetatzen badira. Estatutuetan zera ezarri ahal izango da: gainbalioak kapitalari gehitzea —osorik edo zati batean—, Legearen 57.5 artikuluko menpeko finantza-ekarpenen bidez egingo dela.

2.– Balantzearen erregularizazioa egin ostean sortutako gainbalioak —baltzu-kapitalari erantsiko zaizkionak— bazkideen artean banatzeko irizpideak Batzar Orokorrean onartuko dira, eta honako hauetakoren baten araberakoak izango dira: bazkide bakoitzak egin duen kapital-ekarpenaren zenbatekoaren araberakoa (benetan ordaindu duena), edo azken eguneratzetik aurrera jarduera kooperatibizatuan izan duen parte hartzearen araberakoa. Nolanahi ere, artikulu honen 3. paragrafoan egiten diren aurreikuspenak errespetatu beharko dira beti.

3.– Ekarpenen eguneratzea egiterakoan, sortzapen-eguna izango da Batzar Orokorrak balantzea erregularizatzeko erabakia hartu zuen eguna, edo Batzar Orokor horrek erregularizazioaren ondoriozko erreserben erabilgarritasunari buruzko erabakia hartu zuen eguna. Eguneratze horretarako eskubidea izango du aukeratutako sortzapen-egunean bazkide den orok, baita egun hori igaro ondoren bazkide gisa baja emango zaionak ere. Behin eguneratze-kontua erabilgarri dagoenean, Batzar Orokorrak erreserben erabilgarritasunari buruzko erabakia hartzen duen egunetik aurrera bakarrik erabili ahal izango da eskubide hori.

8. artikulua.– Ekarpenak itzultzea.

1.– Baltzu-kapitalari egindako ekarpenak (57.1 artikulua) kooperatibako bazkideei itzultzeko, kooperatibaren estatutuetan ezarritakoari jarraituko zaio; hona hemen horretarako arrazoiak: Batzar Orokorrak baltzu-kapitala murrizteko erabakia hartzea, bazkideen baja edo jarduera kooperatibizatuaren gutxitzea.

2.– Ordainketa hori bazkide baten bajaren ondoriozkoa bada, bazkideak baja hartu duen urteko kontuak onartu direnean ordaindu ahal izango da. Horrek ez du esan nahi ordainketa aurreratzerik izango ez denik; kooperatibak bazkidearen kontuan sartu duen aurrerapen bat dela ulertuko da.

Administratzaileek bazkide ohiaren ekarpenen ordainketa hori zenbatekoa izango den zehaztu beharko dute, gehienez ere, hiru hilabeteko epean, bazkideak baja ematen duen urteko kontuak onartzen direnetik kontatzen hasita; behar izanez gero, konpentsatu egingo dira bazkideak, harpidetutako kapitalari dagokionez, oraindik ordaindu gabe dituen zenbatekoak. Egotzi egingo zaizkio konpentsatu gabe dituen galerak —baja eman duen ekitaldikoak edo aurreko ekitaldietakoak—; egozte hori kooperatibaren estatutuetan eta Batzar Orokorrak hartutako erabakietan zehaztutakoaren arabera dagokiona izango da. Modu berean jokatuko da banatu beharreko gaindikinak badaude.

Halaber, administratzaileek zera adieraziko diote idatziz bazkide ohiari: funtsetan edo eguneratze-kontuetan partaidetza izango duela, baldin eta balantzeen erregularizazioa egin ostean, legezko xedapenek ezarritakoari jarraituz, horiek erabiltzerik ez badago; funts edo kontu horien banaketa —osorik edo zati batean— baltzu-kapitalari egin behar zaizkion ekarpenak eguneratzeko erabili behar denean bakarrik egin ahal izango da hori.

Baldin eta baltzu-estatutuetan, sozietate-kontratuan edo borondatezko ekarpenak jaulkitzeko Batzar Orokorrak hartutako erabaki batean berariaz aurreikusten bada, borondatezko ekarpenak egin dituzten bazkideek ekarpen horiek aurretiaz itzultzea eskatzeko eskubideari uko egiteko konpromisoa hartu dezakete, borondatezko ekarpen horiek itzultzeko ezarritako eguna baino lehen baja ematen badute.

3.– Edozein arrazoi dela medio, bazkideak jarduera kooperatibizatua murrizten badu, eta hala eta guztiz ere, bazkideari kooperatiban baja ematen ez bazaio, baltzu-kapitalari egindako ekarpenak zati batean itzultzeko eskubiderik ez da izango —nahiz eta murrizketa hori behin betikoa izan—; hori horrela izango da, estatutuetan horretarako ahalmenik ematen ez bada behintzat.

4.– Ordainketa Batzar Orokorrak baltzu-kapitala murrizteko hartutako erabakiaren ondoriozkoa bada, Legearen 57.5 artikuluan adierazten diren menpeko finantza-ekarpenak jasotzeko ezarritako egoerak aplikatu ahal izango dira.

9. artikulua.– Ekarpenen eskualdaketa.

Derrigorrezko eta borondatezko ekarpenak beste bazkide bati edo hirugarren bati eskualdatzen zaizkionean, ekarpen horiek Legearen 57.5 artikuluan jasotzen diren menpeko finantza-ekarpen bihur daitezke, baldin eta aurrez administratzaileek hala erabakitzen badute, eta baltzuaren estatutuek aukera hori arautzen badute. Halaber, administratzaileek modu orokor batean baimendu dezakete hori; baltzuaren estatutuetan jasotako araudiari jarraituz, horretarako baldintzak ezarriko dituzte.

10. artikulua.– Baltzu-kapitala osatzen duten menpeko finantza-ekarpenak.

1.– Baltzu-kapitala izango da Legearen 57.5 artikuluan adierazten diren baldintzak betetzen dituen finantza-ekarpen oro.

2.– Administratzaileek Legearen 57.5 artikuluan adierazten diren ekarpenak kontratatzea onar dezakete, betiere, ekarpen horiek seriean jaulkitzen ez badira, edo, baltzuaren estatutuen arabera, onarpen horrek egitura ekonomikoaren funtsezko aldaketa bat ez badakar.

3.– Legearen 57.5 artikuluan adierazten diren ekarpenak kontratatzeko edo jaulkitzeko erabakiak zehaztu egin beharko du nola gauzatuko den kooperatibako bazkide eta soldatapeko langileek lehentasunarekin harpidetzeko duten eskubidea. Lehentasunezko harpidetza-eskubidea honetan oinarrituko da, besteak beste: harpidetza egiteko lehentasunezko epeak ematea, alegia, 24 ordu baino gutxiago ez ematea; zatiak ezartzea, banaketa egiterakoan hainbanaketa-irizpideak erabiltzea, eta aipatutako lehentasun hori bermatuko duen beste edozein mekanismo.

4.– Kapitala osatzen duten menpeko finantza-ekarpenak kooperatibaren likidazioa egin aurretik ordaindu ahal izango dira, ekarpen horien jaulkipena edo kontratazioa onartu zuen organoaren erabakiaren bidez, organo horrek egiteko hori eskuordetu ez badu behintzat; eta hartzekodunek ordainketa horren aurka egiteko eskubidea izango dute.

Itzultzeko erabaki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta kooperatiba kokatuta dagoen lurralde historikoan oso zabaldurik dauden bi egunkaritan argitaratuko da, eta berariaz adieraziko da hartzekodunek aurka egiteko eskubidea dutela.

Ekarpenak ezingo dira itzuli azkeneko iragarkia argitaratu eta hilabete pasa arte, eta epe horretan kooperatibako hartzekodunen batek idatziz uko egiten badio ordainketa horri, ezingo da ordaindu, baldin eta bere kredituak erabat ordaintzen ez badira, edo kooperatibak berme nahikorik ez badu. Azken kasu horretan, hartzekodunek, nahiz eta kredituak ordaintzeko epea amaitu gabe egon, ezingo dute ordainketaren aurka egin.

Honako kasu hauetan kooperatibak nahikoa berme izango du eta hartzekodunek ezingo dute egin ordainketa horren aurka:

a) Erreserba bat sortzen denean gaindikinen edo erabilera librekoak diren borondatezko erreserben kargura; eta erreserba hori ekarpenak berreskuratu dituztenek jaso duten zenbatekoaren berdina denean. Erreserba hori ezingo da erabili sortu eta bost urtera arte; lehenago erabili ahal izango da baltzuak erreserba hori sortu aurretik zituen zor guztiak kitatu badira, edo hartzekodunek, paragrafo honetan adierazitako iragarkien argitalpena dela medio, aurka egiteko eskubiderik erabili ez badute.

b) Itzuli beharreko ekarpenak Legearen 57.5 artikuluko menpeko finantza-ekarpenen bidez konpentsatzen direnean.

c) Ordaindu beharreko ekarpenen balio nominala honako batura honen ondoriozko zenbatekoaren %10 baino handiagoa ez denean: baltzu-kapitala + kooperatiben derrigorrezko erreserba-funtsak.

d) Ekarpenen jaulkipen edo kontratazioko baldintzen arabera, ekarpen horiek itzuli zaizkien titularrak, euren artean eta kooperatibarekiko, baltzuaren zorren ordainketaren erantzule solidarioak direnean (titular bakoitza jaso duen kopuruaren erantzule izango da). Erantzukizun horrek iragarkiak azkeneko aldiz argitaratu eta bost urtera preskribatuko du.

e) Menpeko finantza-ekarpenak amortizatzen direnean, baltzuaren aktiboa dauden zorrak baino %50 handiagoa denean, baita zor horien ordainketa galdagarria ez denean ere.

5.– Kooperatibak karteran eskuratu ahal izango ditu baltzu-kapitala osatuko duten menpeko finantza-ekarpenak, ekarpen horiek jaulkitzea edo kontratatzea onartu zuen organoaren erabakiaren bitartez, baina gerta liteke organo horrek egiteko hori eskuordetu izana. Honako baldintza hauetakoren bat bete beharko da hori egin ahal izateko:

a) Balantzearen pasiboan erabiltzerik ez dagoen erreserba bat ezartzea; hain zuzen ere, aktiboan ageri diren eta oraindik banatu ez diren gaindikin metatuen edo erreserba erabilgarrien kargura eskuratu diren ekarpenen parekoa izango da erreserba hori. Erabiltzerik ez dagoen erreserba hori mantendu egin beharko da harik eta ekarpenak aurreko zenbakian ezarritako ordainketa-baldintza horiekin amortizatzen ez diren arte, edo eskualdatuak izaten ez diren arte.

b) Karteran eskuratu diren ekarpenak Legearen 57.5 artikuluko menpeko finantza-ekarpenen bidez konpentsatzen direnean.

Baina jarraian adierazten diren kasuetan ez da erabilgarria ez den erreserbarik sortu beharrik izango, ezta kapitalari ekarpen berriak egin beharrik ere:

a) Ekarpenak amortizatzeko eskuratzen direnean. Kasu horretan, hala ere, 4. paragrafoan araututakoa aplikatuko da.

b) Eskuratzen diren ekarpenak titulu unibertsalez eskuratutako ondare batekoak bihurtzen direnean.

c) Ekarpenak doan eskuratzen direnean.

d) Kooperatibak ekarpenen titularrarekiko duen kreditu bat ordaintzeko egindako esleipen judizial baten ondorioz eskuratzen direnean ekarpenak.

e) Kooperatibak eta bere filialek eskuratutako ekarpenen balio nominala honako batura honen ondoriozko zenbatekoa baino handiagoa ez denean: baltzu-kapitalaren %10 + kooperatiben derrigorrezko erreserba-funtsak.

f) Kooperatibak eta bere filialek karteran eskuratu dituzten ekarpenengatik ordaindu duten zenbatekoa murriztu ondoren, aktiboa dauden zorrak baino %50 handiagoa denean, baita zor horiek galdagarriak ez direnean ere.

6.– Bazkide kooperatzaileek egingo diote aurre —bazkide diren artean— kapitalari ekarpenak egin dizkioten titularrei egin beharreko ordainketak direla-eta, kooperatibaren baliabideak murriztu izanari. Bazkide bakoitzak, legearen arabera eta estatutuetan ezarritakoaren arabera, kooperatiban burutu dituen eragiketa, zerbitzu edo jardueren araberako erantzukizuna izango du. Eta ordaindu beharreko zenbatekoa izango da Legearen 57.5 artikuluan aurreikusitako prozeduretako edozein erabiliz ordaindu gabe utzi den hartzekodunen bermearen araberakoa. Kasu horretan, erantzukizuna 4. paragrafoan ezarritakoaren araberakoa izango da, non eta kooperatibaren baliabideak berreskuratzen ez diren, edo bermatu gabeko zenbatekoak ordaintzeko zuzkidura bat eratzen ez den.

11. artikulua.– Erreserba erabilgarriak zertarako erabil daitezkeen.

1.– Borondatezko erreserba-funtsak banaezinak edo bana daitezkeenak izango dira. Bana badaitezke, baltzuaren estatutuetan ezarriko dira erreserba horiek banatzeko irizpideak.

2.– Bana daitezkeen erreserba erabilgarriak zertarako erabili ahal izango diren kooperatibaren Batzar Orokorrak zehaztuko du:

a) Bazkideen aldeko kapitalizazioa edo monetarizazioa: erreserba horiek sortu ziren aldian bazkide bakoitzak burututako jarduera kooperatibizatuaren araberakoa edo erreserba horiek banatuko diren ekitaldi ekonomikoan bazkide bakoitzak burutu duen jarduera kooperatibizatuaren araberakoa izango da. Erreserba erabilgarriak horretarako erabiltzen badira, soldatapeko langileek izango duten parte-hartzea kooperatibaren estatutuetan edo Legearen 99.5 artikuluan ezarritakoa izango da.

b) Baltzu-kapitalari egindako ekarpenen ordainketa —derrigorrezkoak edo borondatezkoak—.

c) Derrigorrezko funtsak —Derrigorrezko Erreserba Funtsa, Heziketa eta Kooperatiba Sustapeneko Funtsa— edo banatu ezinezko erreserbak —estatutuek ezarritakoak edo borondatezkoak— gehitzea edo hobetzea.

d) Galerak zati batean edo osorik konpentsatzea, kooperatibaren estatutuetan zehaztutakoaren arabera.

e) Ekarpenak eguneratzea.

f) Aurreko paragrafoetan aurreikusi ez diren beste batzuk.

3.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako edozein erabilerak kontuan hartuko ditu legeetan, estatutuetan edo Batzar Orokorrak behar bezala hartutako erabakietan gai honen inguruan ezarri diren mugak.

12. artikulua.– Galeren egozpena.

1.– Legearen 69.2.c artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, bazkide kooperatzaileek, bazkide diren artean, bere gain hartuko dituzte sortu diren eta konpentsatu behar diren galerak; Legearen arabera eta estatutuetan ezarritakoaren arabera, kooperatiban burutu dituzten eragiketa, zerbitzu eta jardueren araberako erantzukizuna izango dute. Eta ez dute erantzukizun hori izango oraindik erabilgarriak ez diren eguneratzeko erreserba-funtsen kargura konpentsatu behar direnean galerak.

2.– Bazkideek bere gain hartu dituzten eta oraindik konpentsatu ez diren galerak kooperatibak bere alde duen kreditutzat joko dira, baita bazkideari borondatezko edo derrigorrezko baja eman bazaio ere kooperatiban.

13. artikulua.– Soldatapeko langileek emaitzetan parte hartzea.

1.– Kooperatibek, estatutuetan ezarritakoa beteaz, edo Legearen 99.5 artikuluaren arabera, soldatapeko langileei emaitzetan parte hartu dezaketela aitortzen dietenean, gaindikinak banatu aurreko gastutzat joko dute partaidetza hori, soldata izaera izango baitu. Hori guztia egin ahal izango da Batzar Orokorrak ekitaldi horri dagozkion urteko kontuak edo gaindikinen banaketa onartu gabe ere.

2.– Bazkide langileak edo lan-bazkideak izateko aukerarik ez duten edo aukera horretaz baliatu ezin diren soldatapekoei kooperatibaren emaitzetan izango duten partaidetza dela-eta aitortzen zaien kopurua, zenbateko oso bat izango da, eta zenbateko horretatik kenduko dira kooperatibak soldatapeko langileengatik egin behar dituen kotizazioak —sozialak, fiskalak edo bestelakoak—.

14. artikulua.– Heziketa eta Kooperatiba Sustapeneko Funtsa.

1.– Heziketa eta Kooperatiba Sustapeneko Funtsaren helburuak bete ahal izateko, beste sozietate eta entitate batzuekin lankidetzan aritu ahal izango da; entitate horiek funtsaren zuzkidura erabili ahal izango dute —osorik edo zati bat—, funts horretarako legez ezarritako helburuetako edozein betetzeko.

Zehazki, Heziketa eta Kooperatiba Sustapeneko Funtsa honako hauei zuzendu ahal izango zaie beren helburua bete dezaten: bigarren mailako edo maila txikiagoko kooperatibak, kooperatibekin elkartutako entitateak edo beste mota bateko entitateak. Honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Entrega bakar bakarrik egingo da entitate laguntzaileak ematen duen zenbatekoa Heziketa eta Kooperatiba Sustapeneko Funtserako legez ezarri diren helburuetara bideratuta badago.

b) Hitzartutako helburu horiek bat etorri behar dute baliabideak jartzen dituen entitate laguntzailearen estatutuetan jasota dauden helburuekin.

3.– Heziketa eta Kooperatiba Sustapeneko Funtsaren zati bat ekitaldi batean erabiltzen ez denean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Zor Publikoaren titulu bihurtzen denean, Legean aurreikusitako helburuetarako erabili beharko da, gehienez, bi ekitaldiren buruan, titulu bihurtzen denetik aurrera kontatzen hasita.

4.– Kudeaketa-txostenak, edo behar izanez gero, kooperatibaren memoriak funtsaren kontura emandako zenbatekoak jasoko ditu (funtsaren helburuak betetzeko eman zirenak), eta egindako lana zein izan den adieraziko du. Behar izanez gero, lehen paragrafoan adierazitako sozietate edo entitateak aipatuko dira; hain zuzen ere, funtsaren helburuak betetzeko xedearekin zenbatekoak eman zitzaizkien entitate edo sozietateak.

15. artikulua.– Sistema juridiko kooperatiboan bideratu ezinezkoak diren irtenbideak eskatzen dituzten premia enpresarialak.

Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusiak kooperatiba bat sozietate zibil edo merkataritzako sozietate bihurtzeko homologazio-erabakia hartzen duenean, zera frogatuko du: sistema juridiko kooperatiboan bideratu ezinezkoak diren irtenbideak eskatzen dituzten premia enpresarialak egoteko arrazoiak badaudela. Egoera horretara iristeko, kooperatibak honako egoera hauetakoren batean egon beharko du:

a) Kooperatibak kanpoko finantziazioaren beharra izatea, eta finantziazio hori egiten duenak sozietatearen kontrola izatea, jarri duen kapitalaren arabera; behar hori, dena den, egiaztatu egin beharko da.

b) Behar bezala egiaztatutako nazioartekotze-prozesuak, merkataritzako formulak erabiliz akzioak trukatzea eskatzen dutenak.

c) Kooperatiba baten estaldura juridikoaren babesean jarduera sozialak burutzea, baldin eta jarduera horiek Legearen 1. artikuluan ezarri bezala enpresa bat sortzea eragin ez badute.

d) Legeak eskatzen duen gutxieneko bazkide kopurua behin betiko murriztea, edo beste konfigurazio juridiko bateko bazkide batekin edo birekin negozioa edo jarduera bideragarria izan daitekeela egiaztatzea.

16. artikulua.– Lan-aurrerakinak.

Bazkide lankideen eta lan-bazkideen lan-aurrerakinak —Legearen 66.2 eta 99.6 artikuluetan aurreikusitakoak— honako hauek izango dira: aldian-aldian edo noizbehinka jasotako zenbatekoak, eta jardueraren eboluzioaren arabera, ekitaldi ekonomikoa ixtean jasotako zenbatekoak. Lan-aurrerakin horiek dirutan edo partaidetzen bitartez ordainduko dira; partaidetza horiek doan edo merkatuko prezioak baino merkeago emango dira, kooperatibaren ordainketa-politika nagusiaren barruan. Eta guztira ez da ordainduko kooperatiba kokatuta dagoen eremuan sektore horretarako ezarrita dauden ohiko zenbatekoak baino gehiago.

17. artikulua.– Likidazio-prozesuaren araubide ekonomikoa.

Kooperatiba desegiteko erabakia hartzen denetik aurrera, ez dira kontuan hartuko gaindikinak zehazterakoan eta banatzerakoan aplikatuko diren legezko eta estatutuetako arauak, ez eta galeren egozpenari dagozkion arauak ere. Halaber, aldi horretan gainbaliorik sortzen bada, gainbalio hori ez da bazkideen artean banatuko, eta ez da bideratuko derrigorrezko funtsetara; izan ere, gainbalio hori koooperatiban soberan dagoen dirutzat joko baita eta Legearen 94.2.d artikuluak ezartzen duen moduan erabiliko baita.

III. KAPITULUA
KOOPERATIBETAKO ORGANOEN
FUNTZIONAMENDUAREKIN ZERIKUSIA
DUTEN ALDERDIAK

18. artikulua.– Bazkide mota edo klase bakoitzari ematen zaion boto proportzionala.

Baltzu-estatutuek boto proportzional bat eman diezaiokete kooperatibako bazkide mota edo klase bakoitzari. Halaber, baltzu-estatutuek bazkide mota bakoitzari ehuneko bat esleituko diote gaindikinen banaketan; hain zuzen ere, jarduera kooperatibizatuan izan duen parte-hartzearekiko proportzionala izango da ehuneko hori.

19. artikulua.– Artezkaritza Kontseiluan erabakiak hartzeko modua.

1.– Kooperatibaren estatutuek zera ezarri ahal izango dute: geografikoki urruti dauden Artezkaritza Kontseiluko kideek erabakiak hartzeko unean parte hartzeko eta euren nahiak adierazteko modua izango dutela. Horretarako, bideokonferentzia edo beste antzeko sistemaren bat erabiliko da; hain zuzen ere, irudia eta soinua bi noranzkotan eta aldi berean komunikatzea eta ikusteko, entzuteko eta hitz egiteko interakzioa ahalbidetuko dute sistema horiek.

2.– Artezkaritza Kontseiluaren bileretan parte hartzen duen kideren batek 1. paragrafoan adierazitako moduan bilera egiteko nahia adierazten badu, idazkariak aktan jasoko du nork eskatu duen eta zein bitarteko erabili den, eta baita erabakiak modu egokian hartzeko zein baldintza bete behar izan diren.

3.– Artezkaritza Kontseiluan erabakiak hartzeko, bertaratutako administratzaileen botoen erdia baino gehiago eskatuko da. Administratzaileen abstentzioak ez dira kontatuko Artezkaritza Kontseiluaren erabakiak hartzeko eskatutako gehiengoak osatu behar direnean, baltzu-estatutuek kontrakoa ezartzen ez badute, behintzat.

20. artikulua.– Sailak.

1.– Baltzu-estatutuek kooperatibaren barruan Sailak sortzeko irizpideak arautu ahal izango dituzte.

2.– Baltzu-estatutuetan honako hauek zehaztuko dira:

a) Sailaren barruan sartu diren eremu edo jarduerak.

b) Sailaren funtzionamendu berezirako aurreikusi den denbora, baldin eta denbora hori mugatua bada.

c) Sail horri dagokion ondarea.

d) Behar izanez gero, kontaketa bereizia egiteko irizpideak.

e) Jarduera kooperatibizatua neurtzeko erabiliko diren irizpideak, Sail horretako gaindikin positibo eta negatiboen banaketa bereizia egin behar denean.

f) Sailaren araubide organikoa edo erabakiak hartzeko araubidea, eta kooperatibaren administratzaileekin izango den harremana; araubide hori horretarako berariaz egingo den bazkideen bilera edo batzar batean ezarri ahal izango da.

g) Dagokion Sailaren izenean Kooperatibak kanpora begira duen ordezkaritza- eta kontratazio-ahalmena.

3.– Behar izanez gero, estatutuetan ehunekotan zehaztuko dira Sailen arabera bereizi eta banatu beharreko gaindikinak.

4.– Sailak arautzerakoan politika berezi bat ezarri ahal izango da, kapital-interesei, aurrerakinei edo bazkideekin egindako eragiketen prezioei dagokienez.

5.– Sailak egoteak ez dakar administratzaileek dituzten ahalmenen erregimena aldatzea, baina sailaren barruan zuzendariak edo ahaldunak izendatu ahal izango dira, sail horren kudeaketaz arduratzeko. Kooperatibaren administratzaileek Sailean hartu diren erabakiak berehalakoan bertan behera uztea erabaki dezakete, Legearen 6.2 artikuluan sailen batzarretan hartzen diren erabakietarako ezarritakoaren arabera.

21. artikulua.– Zaintza Batzordeak kanpoko kontu-ikuskaritzak dituzten kooperatibetan dituen egitekoak.

1.– Kooperatibak finantza-egoerak ikuskatu behar dituenean, Zaintza Batzordeak kontabilitate-euskarriak aztertu ahal izango ditu —kideek komeni dela uste badute, behintzat—, eta, beharrezkoa bada, horiei buruzko txostena egin ahal izango du. Dena dela, txosten hori ez da derrigorrezkoa izango kooperatibaren urteko kontu ikuskatuak onartzeko.

2.– Era berean, Zaintza Batzordeak, urteko kontuak ikuskatu badira ere, txosten bat egin ahal izango du, gaindikinak banatzeko edo galerak egozteko proposamenari buruz.

3.– Aurreko bi paragrafoetan deskribatutako kasuetan, Zaintza Batzordeak zera jakinarazi beharko die administratzaileei: kooperatibaren urteko kontuei buruzko eta gaindikinak banatzeko edo galerak egozteko proposamenari buruzko txosten bat —derrigorrezkoa ez dena— aurkezteko asmoa duela, bazkideek txosten hori aztertzeko aukera izan dezaten, Ohiko Batzar Orokorraren deialdia argitaratzen den unean bertan.

IV. KAPITULUA
KOOPERATIBA MOTAK

22. artikulua.– Menpeko lantokia edo lantoki osagarria.

Legearen 99.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, menpeko lantokia edo lantoki osagarria izango da jarduera osagarriak burutzen dituena: biltegiratzea edo hornikuntza, logistika, laguntza teknikoa, merkataritza-laguntza eta kooperatiban landutako proiektuak gauzatzearekin zerikusia duten jarduerak.

23. artikulua.– Bitariko kooperatibak.

1.– Bitariko kooperatibak legez ezarritako kooperatiba motaren baten barruan sartu behar dira, eta kooperatiba mota horretako arau erregulatzaileak ezarriko zaizkie, bazkide kooperatzaileen, jardunik gabekoak edo ez-erabiltzaileak diren bazkideen edo bazkide laguntzaileen eskubide eta betebeharrei dagokienez.

2.– Estatutuek zera ezarri ahal izango dute: Legearen 136.4 artikuluan ezarritako gaindikinen banaketa egiterakoan, bazkide kooperatzaileei, itzulkinen ordainketaz gain, euren kapitalaren ordainketa egin ahal izango zaie.

3.– Bazkide kooperatzaileen modalitateei dagozkien eskubide eta betebeharrak bazkide kooperatzaileei guztira dagokien ehunekoa aintzat hartuta kalkulatuko dira, boto-eskubidea duten baltzu-zatien titularrak alde batera utzita.

24. artikulua.– Kooperatiba integralak.

1.– Kooperatiba integralak sozietate bereko hainbat kooperatiba motaren helburuak betetzen dituztenak izango dira, eta bazkide mota bakoitzak, gutxienez, botoen %10 izango du Batzar Orokorrean.

2.– Kooperatiba integralen bazkide mota bakoitzak sail bat osatu ahal izango du.

3.– Kooperatiba integraletako organoetan kooperatibako bazkide mota guztiak ordezkatuta egongo dira. Estatutuek bazkide mota jakin batentzat gorde ahal izango dute lehendakari edo lehendakariorde kargua.

4.– Lan elkartuko kooperatibak ere kooperatiba integraltzat joko dira, baldin eta, gehienez, bazkide erabiltzaileen %49k badu botoa emateko eskubidea.

25. artikulua.– Kooperatiba-taldeak.

1.– Integrazio ekonomikoaren mailaren arabera, kooperatiba-taldeak integrazio-talde kooperatiboak edo lankidetza-talde kooperatiboak izango dira.

2.– Dekretu honen ondorioetarako, integrazio-talde kooperatiboak honako betebehar hauek guztiak betetzen dituztenak izango dira:

a) Kooperatiba-taldeak zuzendaritza nagusi komun bat izatea.

b) Kudeaketa ekonomikorako ahalmenen zentralizazio-mailari esker, kooperatibek, nork bere nortasun juridikoa izan arren, benetako batasun ekonomiko bat lortzea.

Horrela ez bada, kooperatiba-multzoak lankidetza-talde bat osatuko du.

3.– Batasun ekonomikoa egoteko ez da nahikoa izango zuzendaritza nagusi komuna izatea; honako egoera hauetakoren bat ere gertatu beharko da:

a) Taldearen kooperatibetako baten menpe egotea eskatzen duten merkataritza-, finantza- edo ondare-harremanak izatea.

b) Taldeko kooperatibek hirugarrenekin zuzenean burutzen dituzten eragiketak direla-eta, erantzukizun solidarioko akordio bat izatea kanpoarekiko; eragiketa horiek iraunkorrak eta enpresa-jarduerarako beharrezkoak —ez osagarriak— izan behar dute.

c) Kooperatibaren emaitzen kontuaren arabera kalkulatutako baliabideen aldizkako ekarpena egiteko konpromisoa izatea, baldin eta ekarpen horien zenbatekoa kooperatiba bakoitzak aurrez dituen gaindikin garbien %50 baino gehiago bada.

d) Kooperatiba-taldeko bi sozietatek edo gehiagok euren artean harremanak izatea; Merkataritza Kodearen 42.1 eta 43. artikuluetan arautu bezala kontuak finkatzeko betebeharrari dagozkion baldintzak beteko dira harreman horietan.

Egoera hauetako edozein taldeko kooperatiba batzuei bakarrik badagokie, kooperatiba horiek bakarrik izango dira integrazio-talde kooperatibo batekoak.

4.– Legearen 135 bis artikuluan kooperatiba-taldeentzako ezarritako erregimena indarrean jarriko da artikulu horretan ezarritako betebeharrak betetzen diren unean. Kooperatiba-talde batekoa bihurtu izana edo kooperatiba-talde batetik banandu izana inskribatzeko, eskaera egin beharko du interesa duen kooperatibak. Eta inskribatzen ez bada ere, erabateko indarra eta eraginkortasuna izango dute 135 bis artikulu horretako xedapenek.


Azterketa dokumentala