Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

18. zk., 2005eko urtarrilaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
401

AGINDUA, 2005eko urtarrilaren 10ekoa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basogintzaren Lurraldeko Arlo Plana hasieran onesten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldea Antolatzeko Jarraibideek (otsailaren 11ko 28/1997 Dekretu bidez behin betiko onetsitakoek) Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basogintzaren Lurraldeko Arlo Plana idatzi behar dela diote ingurune fisikoa antolatzeari buruzko zortzigarren kapituluan.

1998ko uztailaren 15ean, lankidetza-hitzarmena izenpetu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek, batera eta era koordinatuan Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basogintzaren eta Natura Ingurunearen Lurraldeko Arlo Plana egiteaz arduratuko zirela ezartzeko.

Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza Sailaren 2002-2005eko Ekintza Politikoaren Esparru Orokorrak helburu estrategikoen artean aipatzen du nekazaritzako inguruak eta arrantzaren mendekoak modu iraunkorrean garatu behar direla. Jarduteko ildoetako bat, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-lurra eta ingurunea babestea izango da eta, horretarako, hainbat proiektu abiaraziko dira, besteak beste, Nekazaritza eta Basogintzaren Lurraldeko Arlo Plana onestea.

Lurraldeko Arlo Plan horren aurrerakina egin ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko 4/1990 Legeak –azken xedapenetako lehenengoaren arabera aplikatu beharrekoak– 13.4 artikuluan aurreikusten duen prozedurari jarraiki, 2001eko irailaren 18an plan horretan interesa zuten lurralde-administrazio publiko guztiei igorri zitzaien, bi hilabeteko epean egoki irizten zituzten oharrak, iradokizunak, aukerak eta proposamenak egin zitzaten.

Izapide horretan zehar aurkeztu diren hogeita hamabost iradokizunak aztertu ondoren, tresna horren behin betiko agiria idatzi zen.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko 4/1990 Legearen 13.5 artikuluan aurreikusitako izapideari jarraituz, Euskal Herriko Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak agiriaren aldeko txostena egin zuen uztailaren 24an egin zen 5/2003 bilkuran, dagoeneko testuan barneratu diren zenbait zuzenketa proposatu ondoren.

Euskal Herriko Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak 5/2003 bilkuran hartutako erabakiaren ziurtagiriarekin baterako I. eta II. eranskin gisa, Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzak eta Osasun Publikoko Zuzendaritzak egindako txostenak igorri dira Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza Sailera, Biodibertsitatearen Zuzendaritzak egindakoarekin batera.

2003ko irailaren 4an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 183/2003 Dekretua, uztailaren 22koa, Eusko Jaurlaritzarena, ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazio-prozedura arautzen duena. Azalpen-zatian ezartzen duen bezala, Dekretu horren helburua Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean jasotako berariazko agindua betetzeko beharrari erantzutea da. Horren arabera, arauz garatu behar dira bere 43.a, 46 eta 50. artikuluetan eta bosgarren xedapen iragankorrean aurreikusitako ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazioaren prozedura egoki aplikatzeko beharrezkoak diren zenbait alderdi. Dekretu horretako 46.1 artikuluarekin bat etorriz, 3/1998 Legearen I. eranskineko A) atalari dagokionez, lurraldeko arlo-planak egiteaz arduratzen den organoak ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazioko azterlana egingo du plana onetsi aurretik; Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak, bestalde, ingurumen-inpaktuko aurre-txostena egingo du.

Ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazioaren prozedura hori aplikagarri zaio baita ere Nekazaritza eta Basogintzaren Lurraldeko Arlo Planari, 183/2003 Dekretuaren bigarren xedapen iragankorraren bidez, indarrean sartu zenean oraindik ez baitzegoen behin-behinean onetsia. Hori guztia dela eta, ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazioko azterlana egin zen eta, horretan oinarrituta, 2004ko martxoaren 15ean Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari (alegia, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailburuordetzari) lehen aipatu dugun ingurumen-inpaktuaren aurre-txostena eskatu zitzaion, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 20ko 306/2001 Dekretuarekin bat etorriz. Txosten hori 2004ko maiatzaren 26an egin zuen sailburuordetzak, ebazpen bidez.

Halaber, 2004ko ekainaren 18an bidezko txostenak egin zitzaten eskatu zitzaien Defentsa Ministerioari, Hegazkintza Zibileko Zuzendaritza Orokorrari, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Itsasertzen Mugapeei, halaxe ezarrita baitago Lurzoruaren eta Balorazioen Erregimenari buruzko apirilaren 13ko 6/1998 Legearen lehenengo xedapen gehigarrian, Interes Orokorreko Aireportuak eta dagozkien Zerbitzuguneak Antolatzeari buruzko abenduaren 4ko 2591/1998 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian, eta Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen 112 eta 117.1 artikuluetan.

Defentsa Ministerioak eskatutako txostena bidali du 2005eko urtarrilaren 3an.

Bestalde, Kostaldeen Zuzendaritza Orokorrak abuztuaren 13an bidali zuen bere txostena, eta honen bidez, jada testuan barneratu diren zenbait zuzenketa proposatu ziren.

Halaber, 2004ko irailaren 15ean heldu zen Nekazaritza eta Arrantza Sail honetara Hegazkintza Zibileko Zuzendaritza Orokorraren txostena; eta bertan testuari buruz esandakoak ere kontuan hartu dira.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basogintzaren Lurraldeko Arlo Plana egiteko sinatu zuten lankidetza-hitzarmeneko zazpigarren klausulan ezarritakoa betetze aldera, bai Plana idazteaz arduratuko den zuzendaritza-batzordeak bai foru-aldundiek plana hasieran onestearen aldeko txostena egin zuten 2004ko urriaren 28ko bileran.

Azkenik, 2004ko azaroaren 30ean, Landaberrik aldeko txostena eman zuen Landa Ingurunearen Garapenari buruzko apirilaren 8ko 10/1998 Legeko 10.b artikuluan ezartzen den bezala.

Erreferentziako Lurraldeko Arlo Planaren edukia egokitzat jotzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldea Antolatzeko Jarraibideek zehazten duten lurralde-esparruan eta, zehaztapenak emateaz gain, Lurraldeko Arlo Plana egiteko beharrezko agiriak ere adierazten ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basogintzaren Lurraldeko Arlo Planak oinarrizko tresna orohartzaile eta dinamikoa izan nahi du; beraren bidez, batetik, nekazaritza eta basogintzako erabilerak planifikatzera eta kudeatzera bideratutako jarduerak proposatu eta bideratuko dira eta lurraldearen plangintza orokorreko esparruan barneratuko dira; eta, bestetik, nekazaritzako interesak beste erabilera-mota batzuen gainetik babestuko dira.

Sail honi dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basogintzaren Lurraldeko Arlo Planaren agiria hasieran onesteko eskumena, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko 4/1990 Legeak –lehenengo xedapen gehigarriaren arabera aplikatu beharrekoak– 13.3 artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz, eta Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen dituen urriaren 29ko 256/2002 Dekretuan egindako eskumen-banaketari jarraiki.

Hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basogintzaren Lurraldeko Arlo Plana egiteko fasea amaituta, bidezkoa da hasieran onestea eta espedientea izapidetzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legean lurraldeko arlo-planak onesteko aurreikusten den prozedurari jarraiki.

Aplikatu beharreko legeria aztertu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Lehenengoa.– Hasieran onestea Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basogintzaren Lurraldeko Arlo Plana, zenbait aldaketa egin ondoren Euskal Herriko Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak egindako txostenean, Ingurumen-inpaktuaren Baterako Ebaluazioari buruzkoan, eta Kostaldeen Zuzendaritza Orokorrak eta Hegazkintza Zibileko Zuzendaritza Orokorrak egindakoetan adierazitako oharrak oinarri hartuta. Txosten horiek guztiak Agindu honekin batera datoz, eranskin modura.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoan gehien saltzen diren egunkarietatik bitan argitaratzea.

Hirugarrena.– Lurraldeko Arlo Plan hau jendaurreko erakustaldiaren izapidean jartzea, bi hilabetez, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik zenbatzen hasita.

Epe horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basogintzaren Lurraldeko Arlo Planaren agiria eta Ingurumen-inpaktuaren Baterako Ebaluazioaren Azterlana honako leku hauetan egongo da ikusgai, aztertu ahal izateko:

• Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saila.	

Nekazaritza, Arrantza eta Elikaduraren Ikerketa Zuzendaritza.	

Donostia kalea, 1.	

01010 Vitoria-Gasteiz.	

• Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Saila.	

Probintzia plaza, z/g.	

01001 Vitoria-Gasteiz.	

• Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Saila.	

Madariaga etorbidea, 1 – 5.	

48014 Bilbao.	

• Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentua.	

Gipuzkoa plaza, z/g.	

20004 Donostia.	

Halaber, www.nekanet.net helbidean ere kontsultatu ahal izango da.

Laugarrena.– Lurraldeko Arlo Plan hau entzunaldiaren izapidean jartzea interesatuta dauden lurralde-administrazio publiko guztientzat, Plana jasotzen dutenetik zenbatzen hasi eta hilabeteko epean, oharrak eta iradokizunak egin ditzaten.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko urtarrilaren 10a.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

ERANSKINA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILBURUAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO NEKAZARITZA ETA BASOGINTZAREN

LURRALDEKO ARLO PLANA HASIERAN
ONESTEKO 2005EKO URTARRILAREN 10EAN EMAN ZUEN AGINDUARENA

Nahitaezko txostenetan planteatutako oharrak kontuan hartuta, honako aldaketa hauek egin dira Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basogintzaren Lurraldeko Arlo Planaren testuan:

I.– Euskal Herriko Lurraldearen Antolamendurako Batzordearen ekimenez:

– "Justifikazioa" izeneko II. agirian, "Sektorearen testuingurua" epigrafean, Basogintzako Ziurtagiriaren kontzeptua garatzen duen paragrafoa gehitu da.

– "Antolamenduaren oinarriak" izeneko III. agirian, "1. eta 2. kategoriako industria-erabilera isolatuari" buruzko erreferentziak ezabatu dira.

– "Jarraibideak eta arautzeak" izeneko IV. agirian, "Antolamendu-kategorietan aplikatu beharreko arau espezifikoak" epigrafean eta erabilerak eta jarduerak arautzeko matrizeari dagokionez, industria-erabilera isolatuari buruzko arau zehatzak ezabatu dira eta, beraz, erabilera hori hirigintza-hazkundeei buruzko kontzeptuaren barruan tratatuko da.

Halaber, "Larre menditarrak" kategorian ezabatu egin da lehendik zeuden guneetan oinarritutako hirigintza-hazkundeak egiteko debekua, eta Erabilerak eta Jarduerak Arautzeko Matrizearen "3" digitua, "3a" izango da. Hala, beraz, erabilera horiek Lurraldeko Arlo Plan honek eta dagokion Lurraldeko Zati Planak ezartzen dituzten baldintzetan bakarrik onartuko dira.

– Lurraldea Antolatzeko Jarraibideetan definitutako kategoriekin bat etorriz, "Hiri-inguruko parkeak" eta "Landa-nukleoak" izeneko kategoriak ezabatu dira eta "Baso barbana" eta "Harkaitzak" kategoriei "Basokoa-Baso barbana" eta "Larre menditarrak-Harkaitzak" izenak jarri zaizkie, hurrenez hurren.

– "LAP aplikatzeko arauak" izeneko VI. agirian, "Nekazaritza eta Basogintzaren LAParen zehaztapenei lotzea" epigrafean, LAP eta sektore-arauak kontraesanean egon daitezkeela aipatzen den zatian, "nekazaritzako edo basogintzako" esaldia gehitu da; horrela, Plana arau horietan nekazaritzarekin edo basogintzarekin erlazionatutako alderdiei baino ezingo zaie aplikatu.

Lurraldeko Zati Planekin duen koordinazioari dagokionez, honako hau gehitu da: "Nolanahi ere, LZPek, behin betiko onesten direnean, lurzoru babestuari buruzko kategoria izango dute eta Nekazaritza eta Basogintzaren LAPak halaxe jasoko du, haiek lehentasuna baitute legearen aurrean".

II.– Kostaldeen Zuzendaritza Orokorraren ekimenez:

– "Justificación" izeneko II. agirian, "Esparru juridikoa" epigrafean, "Kostaldeei buruzko Legea" izenburua duen idatz-zatia erantsi da. Horren arabera, "Nekazaritza eta Basogintzaren LAPak antolatzen duen eremuak jabari publiko itsas-lehortarrari dagozkion lurrak eta babes-sortasunaren eraginpean dauden aldeak hartzen ditu bere baitan; horietan, bereziki Kostaldeei buruzko Legeko zehaztapenak hartuko dira kontuan".

– "Lurraldeko Arlo Plana aplikatzeko arauak" izeneko VI. agirian, "Nekazaritza eta Basogintzaren LAPko zehaztapenei lotzea" epigrafean, honako paragrafo hau gehitu da: "Kosta-zerrendan, jabari publiko itsas-lehortarreko erabilerak Kostaldeei buruzko Legearen 31 eta 32. artikuluen bidez arautuko dira eta babes-sortasuneko erabilerak, berriz, lege-testu horretako 24 eta 25. artikuluetan ezarritakoaren bidez".

– "Legeria" izeneko II. eranskinean, "Estatuko legeria" idatz-zatia gehitu da eta bertan, honako hauek ere aipatu dira: "1/2001 Legegintzako Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Uren Legearen testu bategina onesten duena" eta "1471/1989 Errege Dekretua, 1989ko abenduaren 1ekoa, Kostaldeei buruzko Legearen arauak onesten dituena (BOE, 297. zk., 1989ko abenduaren 12koa)".

III.– Hegazkintza Zibileko Zuzendaritza Orokorraren ekimenez:

– "Lurraldeko Arlo Plana aplikatzeko arauak" izeneko VI. agirian, "Nekazaritza eta Basogintzaren LAPko zehaztapenei lotzea" epigrafean, honako paragrafo hau gehitu da: "Halaber, Bilbo, Donostia eta Gasteizko aireportuetako eta zuhurtziako aldeetako aireportu-sistema orokorraren esparruan, aireportuen plangintzan aurreikusitako erabilerak eta, oro har, aireportua ustiatzeko beharrezkoak direnak onartuko dira. Era berean, Nekazaritza eta Basogintzaren LAPak aztertutako zenbait lur aireportu horiei dagozkien zarataren eragineko eremuetan edo sortasun aeronautikoko aldeetan badaude, lur horietan eragin horiekin bateragarriak diren erabilerei buruzko arauak aplikatuko dira".

– "Legeria" izeneko II. eranskinean, "Estatuko Legeriari" buruzko idatz-zatia gehitu da eta, bertan, honako arau hauek aipatu dira: "13/1996 Legea, abenduaren 30ekoa, Neurri Fiskalei, Administratiboei eta Gizarte-arlokoei buruzkoa (BOE, 315. zk., abenduaren 31koa)"; "2591/1998 Errege Dekretua, abenduaren 4koa, Interes Orokorreko Aireportuak eta dagozkien Zerbitzuguneak antolatzekoa (BOE, 292. zk., abenduaren 7koa)", "Bilboko Aireportuko Plan Zuzentzailea, Sustapen Ministerioak 2001eko uztailaren 17an emandako Aginduaren bidez onetsia (BOE, 188. zk., abuztuaren 7koa)", "Donostiako Aireportuko Plan Zuzentzailea, Sustapen Ministerioak 2001eko uztailaren 17an emandako Aginduaren bidez onetsia (BOE, 188. zk., abuztuaren 7koa)" eta "Gasteizko Aireportuko Plan Zuzentzailea, Sustapen Ministerioak 2001eko uztailaren 17an emandako Agindu bidez onetsia (BOE, 188. zk., abuztuaren 7koa)".

IV.– Ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazioari buruzko prozedura dela eta:

– "Euskal Herriko landa-eremuen egoera" izeneko I. agirian, "Landa-ingurunea euskarri fisiko eta kontzeptu sozioekonomiko gisa" epigrafean, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko ekainean hartutako erabakiaren bidez egin ziren aldaketak kontuan hartuta, eguneratu egin dira Natura 2000 sarean sartzea ahalbidetzen duten garrantzi komunitarioko lekuak, baita hegaztientzako babes bereziko aldeen zerrenda osagarria ere.

– "Justifikazioa" izeneko II. agirian, "Sektorearen testuingurua" epigrafean, honako paragrafo hau gehitu da: "Estatuan, orain dela gutxi 43/2003 Legea onetsi da, azaroaren 21ekoa, basoei buruzkoa. Lege horrek baso-plangintzarako tresna berria ezartzen du lurralde-antolamenduaren esparruan: Baso-baliabideen Antolamendurako Planak (PORF). Horien lurralde-eremua ezaugarri geografiko, sozioekonomiko, kultural edo paisajistiko homogeneoak dituzten eta eskualde batean edo gune baliokidean kokatuta dauden baso-eremuak izango dira. Plan horietan jasotzen dena nahitaez adierazi behar da legeak arautzen dituen arloetan".

– "Antolamendurako oinarriak" izeneko III. agirian, "Gainjarritako baldintzak" epigrafeak gaur egun Natur Gune Babestuen Sarearen barruan kokatutako lur-eremuak aipatzen dituen zatian, Arabako Lurralde Historikoan dagoen "Arreo-Caicedo Yusoko biotopo babestua (aurreikusia)" erantsi da; kontserbazio-zona berezien zerrenda, hegaztientzako kontserbazio-zona bereziena eta, oro har, Lurraldea Antolatzeko Jarraibideek EAEko interes handiko alde gisa sailkatzen dituzten lekuena eguneratu dira.

– "Jarduteko tresnak" izeneko V. agirian, "Sektorea antolatzeko indarreko tresnak" deitutako beste epigrafe bat erantsi da, honako edukiarekin: "Nekazaritza eta Basogintzaren LAParen justifikazioari dagokion kapituluan eta, are zehatzago, horrek sektorean duen testuinguruaz hitz egiterakoan, egun indarrean dauden plangintza-agiri batzuk aipatzen dira. LAPak agiri horietan agertzen diren irizpideak eta helburuak garatzen ditu eta, hortaz, jarduteko darabiltzan tresna gisa har litezke. Zehazki, honako hauek dira: EAEko Landa Garapen Iraunkorreko Plana (2000-2006); Euskal Baso Plana (1994-2030); Landa Garapen eta Baso Kudeaketa Iraunkorreko Eskualde Planak; eta Baso-baliabideen Antolamendurako Planak (PORF). Orain arte, ez da bat bera ere garatu".

Halaber, honako aldaketa hauek ere egin dira testua eguneratzeko:

– "Justifikazioa" izeneko II. agirian, "Sektorearen testuingurua" epigrafean, honako paragrafo hau gehitu da: "Bestalde, EAEko Landa Ingurunearen Garapenari buruzko 10/1998 Legea aplikatzearen ondorioz, dagoeneko onetsi dira 22/2003 Dekretuaren bidez Arabako Mendialdeko, Arabako Lautadako, Kantauri Arabarreko, Gorbeialdeko, Arabako Errioxako, Arabako Haranetako, Enkarterrietako, Arratia-Nerbioiko, Toloserriko eta Urola-Kostako Landa Garapenerako Programak. Programa horietan zehatz-mehatz deskribatzen dira landa-eremuak garatzera bideratutako politikak: hasteko, horien diagnostikoa egiten da, lortu beharreko helburu espezifikoak ezartzen dira, eta horretarako beharrezkoak diren jardun zehatzen programazioa eta finantzaketa-aurreikuspenak egiten dira".

– "Jarduteko tresnak" izeneko V. agirian, "Planak aplikatu eta obrak edo jarduerak egitearen ondorioz nekazaritzaren sektoreak jasandako eraginaren ebaluazioa" epigrafean, honako paragrafo hau erantsi da: "Ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazioa, plan edo programaren bat aplikatzeak ingurumenean dituen ondorioak baloratzeko. Ebaluazio hori uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan garatu zen (Dekretu horren bidez, ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazioaren prozedura arautzen da)."

Azkenik, kartografian honako aldaketa hauek egin dira:

– Udalplan izenekoa eguneratu da, 2004ko bertsioa oinarri gisa hartuta.

– Natura 2000 eguneratu da, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko ekaineko erabakian onetsi zuenarekin bat etorriz.

– Itsaso eta lehorraren arteko muga ezarri da, Kostaldeen Zuzendaritza Orokorrak aurkeztutako alegazioari jarraiki.

– Nekazaritza eta Basogintzaren LAParen antolamendu-eremutik kanpo utzi da Bilboko, Gasteizko eta Donostiako aireportuetako sistema orokorrei dagokien eremu osoa, baita horietako zuhurtziako aldeak ere, Hegazkintza Zibileko Zuzendaritza Orokorrak aurkeztutako alegazioari jarraiki.

– LAParen antolamendu-eremutik kanpo utzi da baita ere Arreo-Caicedo Yusoko lakuak osatutako eremua eta Inurritzako biotopo babestuaren luzapena, agindu bidez horiei dagozkien NBAP idazten hasteko adierazi baita.


Azterketa dokumentala