Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2004ko azaroaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
5944

198/2004 DEKRETUA, urriaren 13koa. Honen bidez, Arabako Foru Aldundiak, "A-3002 errepideko Ullibarri-Ganboako zeharbidea egokitzeko eta hobetzeko eraikuntza-proiektua" burutzeko jabetza nahitaez kentzeari begira beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak hartzea premiazkoa dela deklaratzen da.

Arabako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak 2002ko uztailaren 9an emandako Foru Aginduaren bidez, jendaurrean jarri ziren, hasteko, "A-3002 errepideko Ullibarri-Ganboako zeharbidea egokitzeko eta hobetzeko eraikuntza-proiektua" burutzeko jabetza nahitaez kentzeari begira beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak. Ondoren, 2004ko uztailaren 30ean egin zen bilkuran erabaki zen jabetza nahitaez kentzeari begirako ondasun eta eskubideak premiaz hartu beharrekoak direla deklaratzeko eskatzea Eusko Jaurlaritzari, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Premiaz hartu beharreko ondasun eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean hartarako jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezko datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian, hainbat arrazoi-idazki aurkeztu ziren eta administrazio-espedientean adierazten den moduan ebatzi ziren arrazoibide-idazki horiek.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

Ullibarri-Ganboa herria Ullibarriko urtegiaren bazterrean dago, eta Vitoria-Gasteiztik Landara doan A-3002 errepideak zeharkatzen du. Arabako beste urtegiekin alderatua, herrialdearen erdialdean dago, eta, hori dela-eta, jende ugari joaten da horra, gehienbat uda garaian. Ibilgailuak, oinezkoak eta ziklistak A-3002 errepidetik ibiltzen dira, han ez baitago oinezkoak ibiltzeko lekurik, ez eta ibiltarientzako bazterbiderik ere.

A-3002 errepideak Ullibarri-Ganboatik egiten duen bide-zatia oso bide arriskutsua da, batetik, zirkulazio handia dagoelako eta, bestetik, galtzada estu-estua delako, ez bazterbiderik ez espaloirik ez duelako, eta ibilbideak bihurgune ugari dituelako, itxitura-hormen eta eraikinen artean sartuta, eta, hartara, ikuspena urri-urria delako. Hortaz, bide-zati hori ez da batere segurua erabiltzaileentzat.

Beste alde batetik, Arabako Errepideen Plan Integralari jarraiki (1998-2009), ahal dela, A-3002 errepidea proiektu honek jasotako zatian egokitu eta hobetu beharko da, 2004-2006 hirurtekoan.

Horregatik, Arabako Foru Aldundiaren Herrilan eta Garraio Sailak erabaki du errepide-zati hori hobetzea, Arabako Errepideen Plan Integralak jasotakoaren arabera, ibilbidearen ezaugarri geometrikoei eta zeharkako sekzioari dagokionez. Hala, bada, aipatutako proiektua idatzi eta onetsi da. Horren bidez, errepide-zati horren ibilbidea hobetzeko eta egokitzeko, hauxe egin nahi da: zeharkako sekzioa, 7 metroko galtzada, 3,5 metroko bi erreikoa, metro bateko bazterbidea eta 2 metroko zabalerako espaloia ezkerraldean. Era horretan, bideak behar adinako edukiera izango du, bertatik ibiltzen den trafiko handia hartzeko, segurtasunez eta erosotasunez, eta, gainera, oinezkoak lasaiago ibili ahal izango dira, ibilgailuei traba gutxiago eginez.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak premiaz hartu beharrekoak direla adieraztea, jabetza nahitaez kentzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolamenduari dagozkion sistema orokorrak edo antolamendu horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2. artikuluan ezarritakoaren arabera, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko urriaren 13an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, "A-3002 errepideko Ullibarri-Ganboako zeharbidea egokitzeko eta hobetzeko eraikuntza-proiektua" burutzeko jabetza kentzeari begira beharrezko diren ondasun eta eskubideak Arabako Foru Aldundiak premiaz hartu beharrekoak direla adieraztea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banan banaka ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko urriaren 13an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MAKUARTU.

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala