Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2004ko azaroaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
5942

195/2004 DEKRETUA, urriaren 13koa. Honen bidez, Bermeoko Udalak "San Andres errekastoa desbideratzeko proiektua" burutzeko jabetza nahitaez kentzeari begira beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak hartzea premiazkoa dela deklaratzen da.

Bermeoko Udalak, 2004ko martxoaren 29an egindako osoko bilkuran, jabetza nahitaez kentzeko espedientea irekitzea erabaki zuen eta jendaurrean jarri ziren, hasteko, "San Andres errekastoa desbideratzeko proiektua" burutzeko jabetza nahitaez kentzeari begira beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak. Ondoren, 2004ko abuztuaren 3ean egin zen bilkuran, erabaki zuen jabetza nahitaez kentzeari begirako ondasun eta eskubideak premiaz hartu beharrekoak direla deklaratzeko eskatzea Eusko Jaurlaritzari, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Premiaz hartu beharreko ondasun eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean hartarako jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezko datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian, hainbat arrazoi-idazki aurkeztu ziren eta administrazio-espedientean adierazten den moduan ebatzi ziren arrazoibide-idazki horiek.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

Aipatutako Proiektua garatzeko oinarri hartu da "Bermeoko Saneamendu Sarearen alternatibei buruzko azterlana", eta San Andres errekastoa desbideratzeko egin beharreko obrak definitzen ditu. Gaur egun, San Martín eta San Andres errekastoak Bermeoko herrigunea zeharkatzeko galerien bidez bideratuta daude, eta gainera, udalerriko zati baten ur beltzen eta euri-uren sareek galeria horietara isurtzen dute. Aipatutako azterlanean errekasto biak herrigunera sartu baino lehen beste isurketa-gune batera desbideratzea planteatzen da; horrela, oraingo galeriak, egokitu ostean, hiriko hondakin-uren kolektore gisa erabiliko lirateke. Horren bidez saihestu nahi dira eremu horretan etengabe gertatu diren uholdeak.

Proiektua burutzeak berekin dakar eragindako lur-zati guztien gainean zortasun iraunkorra ezartzea; horregatik, Udala jabeekin harremanetan jarri da, beharrezko lurzoruak erabili ahal izateko, eta jabe horietako askorekin ados jarri da. Bestalde, Proiektuak Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzaketa du, eta hain zuzen ere, Aldundiak jada obrak adjudikatu ditu. Horregatik guztiagatik, beharreko eta premiazkotzat jo da bideratze-obrak lehenbailehen egitea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak premiaz hartu beharrekoak direla adieraztea, jabetza nahitaez kentzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolamenduari dagozkion sistema orokorrak edo antolamendu horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2. artikuluan ezarritakoaren arabera, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko urriaren 13an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, "San Andres errekastoa desbideratzeko proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Bermeoko Udalak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea, desjabetzearen ondoreetarako. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta.ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko urriaren 13an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala