Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

130. zk., 2004ko uztailaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
3729

101/2004 DEKRETUA, ekainaren 1ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoan badira txakurrei buruzko hainbat alderdi arautzen dituzten zenbait arau edo xedapen.

Dekretu honekin zuzenean lotuta, eta animalien identifikazioari dagokionez, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 1993ko maiatzaren 5eko Agindua argitaratu zen, Euskal Autonomia Erkidegoan animaliak identifikatzeko metodo elektronikoen erabilera arautu zuena (1993ko maiatzaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 97 zk.); geroxeago, berriz, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 1993ko maiatzaren 25eko Agindua argitaratu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko txakurren identifikazioa arautu zuena (1993ko ekainaren 11ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 109 zk.).

Bestalde, Animaliak Babesteko urriaren 29ko 6/1993 Legeak arau-esparru orokorra eman zion Euskal Autonomia Erkidegoari, txakurrekin eta bestelako animaliekin zerikusia duten egoeretan ezartzeko arau-esparrua, alegia.

Aipaturiko xedapen horiek guztiak behin indarrean zeudela, itsu-txakurrei buruzko azaroaren 21eko 17/1997 Legea argitaratu zen. Lege horren helburua honako hau zen: ikusteko arazoak dituzten pertsonek —itsu nahiz bestelakoek—, itsu-txakurrez lagunduta, eta ezintasun hori ez duten pertsonen baldintza beretan, edozein leku publikotan edo erabilera publikoko edozein lekutan sartzeko duten eskubidea bermatzea.

Adierazitako arau-esparru horrekin guztiarekin, Eusko Legebiltzarrak, txakur jakin batzuekin gertatu diren gorabehera batzuk direla medio, gizarteak gero eta kezka handiagoa azaldu duela ikusirik, araudi bat egiteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari. Araudi horren bidez, batetik, aipaturiko animaliak eta animaliok hazi eta saltzeko establezimenduak nola kontrolatu arautuko zen, eta bestetik, gure autonomia erkidegoko txakurren liburu genealogikoak eta txakur-trebatzaileen errolda arautuko zen. Azken bi puntu horiek animaliak babesteko Legearen erreformarekin batera jorratzea erabaki zen; gainerakoetarako, berriz, apirilaren 4ko 66/2000 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeko arauak eman zituena, argitaratu zen.

Apirilaren 4ko 66/2000 Dekretuak osatu egin zuen herritarrei eta animaliei beraiei traba eta kalterik ez eragiteko eta arazo horiek kontrolatzeko emanda zegoen araudia. Araudi horren barruan, arreta berezia jarri zitzaien "animalia arriskugarriak" deiturikoei; izendapen hori aldatu egingo da xedapen honen bidez: "baldintza berezi batzuk betez eduki beharreko txakurrak" izango dira.

Bestalde, estatu mailan, eta segurtasun publikoari dagokionez, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuak honako hauek ezarri ditu: animalia arriskutsuen kategorian sartu behar diren txakurren katalogoa, dagokion lizentzia administratiboa lortzeko neurriak eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliak maneiatzeko eta zaintzeko gutxieneko neurriak.

Horregatik, eta gaiarekin lotutako araudiak aplikatu behar dituenak ahalik eta argitasun eta ziurtasun handienarekin joka dezan, xedapen orokor honen bidez, apirilaren 4ko 66/2000 Dekretua ordezkatu nahi da, txakurrak edukitzea zehaztasun handiagoarekin arautuko duen eta, bereziki, arriskutsuak izan daitezkeen txakurrei dagokienez, estatuko araudiaren oinarri diren segurtasun publikoari buruzko helburuak betetzen lagunduko duen beste Dekretu baten bidez. Horretarako, estatuko eta autonomia erkidegoko araudia testu bakar batean bildu beharra ikusi da; zenbait artikulu estatuko arauditik ekarri dira, eta beharrezkoa izan denean, araudi horretara bidali da.

Honela dago osatuta testua: zazpi kapitulu, hiru xedapen gehigarri, hiru xedapen iragankor, hiru xedapen indargabetzaile, azken xedapen bakarra eta bederatzi eranskin (0-VIII). I. eta II. eranskinak arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren I. eta II. Eranskinak izango dira.

Dekretu honen idazkuntzan Foru Aldundietako eta Euskal Udalerrien Elkarteko (EUDEL) ordezkariek parte hartu dute. Halaber, gaiarekin zuzeneko lotura duten erakunde eta sektore desberdinei kontsulta egin zaie, eta testua jendaurrean ipini da.

Horregatik guztiagatik, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren proposamenez, Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko ekainaren 1ean egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

1.– Dekretu honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak (canis familiaris) edukitzearekin loturiko hainbat alderdi arautzea da; baita arriskutsuak izan daitezkeen, eta segurtasun publikoari buruzko estatuko araudia aplikatu behar zaien txakurren arrazarekin, arraza–tipologiarekin eta arraza arteko gurutzatzearekin loturiko alderdiak ere. Dekretu honen ondorioetarako, arraza kontzeptuaren barruan arraza-tipologiak sartuko dira.

2.– Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoan dauden edo dabiltzan txakur guztiei aplikatuko zaie, baita itsu-txakurrei ere —itsu-txakurrei buruzko azaroaren 21eko 17/1997 Legean ezarritakoa kontuan hartuta—.

2. artikulua.– Identifikatzeko eta erregistratzeko prozedura.

1.– Txakurren jabeek —zeinahi delarik ere jabetza-titulua— identifikatuta eta ohiko bizilekua duten udalerriko udaletxean erroldatuta eduki beharko dituzte txakurrak; horretarako, hilabeteko epea izango dute, txakurrak jaiotzen direnetik edota eskuratzen dituztenetik kontatzen hasita. Betebehar hori Euskal Autonomia Erkidegoan modu iraunkorrean bizi diren edo hiru hilabete baino gehiago daramatzaten txakurren jabeek izango dute.

2.– Honela egingo da identifikazioa: txakurraren lepoaren ezkerraldean albaitari ofizial batek —forala edo udalerrikoa— edo horretarako gaitutako albaitari pribatu batek egindako mikrotxip edo elementu mikroelektroniko bat jarriko da.

Euskal Autonomia Erkidegoan animaliak identifikatzeko metodo elektronikoen erabilera arautu zuen Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 1993ko maiatzaren 5eko Aginduan ezarritakoari jarraituz egingo da identifikatze hori; halaber, Dekretu hau garatzerakoan ezar daitekeen beste edozein arau ere kontuan izan beharko da.

3.– Albaitari pribatu batek identifikatze-prozesuan parte hartu nahi badu, Foru Aldundiari eskatu beharko dio horretarako gaitu dezan; honako hauek guztiak betetzen dituela egiaztatu beharko du:

a) Albaitarien Elkargo Ofizialeko kide izatea.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea.

c) Identifikazioa egiteko ekipo homologatu egokia edukitzea.

Agiriak zuzen badaude, dagokion foru-organoak, gehienez, hiru hilabeteko epean ebatziko du; berariazko ebazpenik ematen ez bada, gaikuntza eman zaiola ulertuko da. Eman duen organoak zehaztuko du gaikuntza hori zenbat denborarako den, eta galdu egingo da baldin eta interesatuak berak eskatzen badu edo baldintzak ez badira betetzen.

Halaber, honako hauek egiteko gaitu ahal izango da albaitaria: osasun-egiaztagiri ofizialak, Dekretu honen eremuko egiaztagiriak eta/edo Txakurraren Kartilla Ofizialean egin beharreko oharrak. Txakurraren Kartilla Ofizialaren eredua Nekazaritza eta Arrantza sailburuak ezarriko du.

4.– Animalia identifikatzen ari den albaitari ofizialak edo gaituak Txakurraren Kartilla Ofiziala eta agiri bat beteko ditu. Agiri horren bidez, batetik, identifikatu egingo da txakurra; eta bestetik, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 1993ko maiatzaren 5eko Agindu baten ondorioz sortu zen EAEko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrean (aurrerantzean AIEO) animalia erregistratzeko eskabidea egingo da. Agiri hori —zenbakitua eta hiru aletan— eskuragarri izango dute interesatuek albaitari ofizialen edo gaituen bulegoetan; Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak banatuko du. Ale bat lanean diharduen albaitariaren eskuetan egongo da, eta beste bi aleak animaliaren jabeari emango zaizkio; aleetako bat Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailera bidali beharko dute NANaren fotokopiarekin batera, aipaturiko erregistroan datuak sartu ahal izateko. Halaber, albaitariek txakurren erroldako web-orrian sartu beharko dituzte agiri horretako datuak.

5.– AIEOko datuak, behin sartzen direnean, Udalek eta Foru Aldundiek hartuko dituzte, eta animalia dagokion udalerrian erroldatuta geldituko da. Hala ere, datu horien erabilerak eta tratamenduak bat etorri beharko du animaliak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoarekin.

6.– Ez erroldatzea, edo epez kanpo erroldatzea, arau-haustea izango da animaliak babesteari buruzko Legearen 27.1 a) artikuluan ezarritakoaren arabera.

3. artikulua.– Datuak aldatzeko eta erregistroan baja emateko prozedura.

1.– Animaliaren jabeak AIEOri jakinarazi behar dio erregistroko daturen bat aldatzen bada; zehazki, honako aldaketa hauen berri eman beharko du:

a) Jabeari eta/edo txakurrari buruzko datuak aldatzea.

b) Jabea aldatzea.

c) Txakurrari baja ematea, hil egin delako edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora eraman delako behin betiko.

d) Txakurra galtzea edo lapurtzea.

10 eguneko epean eman beharko da horren berri. Txakurra galtzen bada, edo norbaitek lapurtzen badu, ordea, epea 5 egunekoa izango da, galtze- edo salaketa-egunetik aurrera kontatzen hasita.

Aldaketa eskatzeko edo gertakaria jasotzeko, Udaletan, Foru Aldundietan edo gaitutako albaitarien bulegoetan eskuragarri egongo den agiri bat erabiliko da (NANaren kopia erantsi beharko zaio). Agiri horretako datuak txakurren erroldaren web-orrian sartu beharko dituzte Udalek, Foru Aldundiek eta albaitariek. a), c) eta d) puntuetan adierazten diren egoeretan, interesatuak dagokion alea bidali beharko du AIEOra; b) puntuan adierazitakoa gertatzen denean, berriz, hurrengo paragrafoan adierazi bezala jokatuko da.

2.– Salmenta, dohaintza edo indarrean dagoen legerian ezarritako beste moduren bat erabilita, eskualdatze bat egiten denean, parte hartzen duten aldeek aldaketa eskatzeko agiria bete beharko dute (agiri horrek zenbaki bat eramango du, eta lau ale bete beharko dira). Aurreko paragrafoan adierazitako erakundeetako batek edo albaitari gaitu batek Txakurraren Kartilla Ofizialean jaso eta ikus-onetsiko du eskualdatze hori, eta erabilitako agiriaren zenbakia ere adieraziko du. Ale bat parte hartu duen erakunde edo albaitariaren eskuetan geldituko da, beste ale bat animalia eskualdatu duenaren eskuetan, eta beste bi aleak, berriz, jabe berriak jasoko ditu. Jabe berri horrek, AIEOra bidali beharko du ale bat; hilabete izango du horretarako, eskualdatzea egiten denetik kontatzen hasita.

3.– Txakurra saldu edo eman ahal izateko betebeharra izango da jabe berriari behar bezala identifikatuta eta erroldatuta dagoen eta Txakurraren Kartilla Ofiziala eguneratuta duen txakurra entregatzea.

4.– Artikulu honetan adierazi diren erroldatzeari buruzko aldaketak Erregistroari ez jakinaraztea arau-haustea izango da animaliak babesteko Legearen 27.1 a) artikuluan ezarritakoaren arabera.

4. artikulua.– Jabearen edo edukitzailearen betebeharrak.

1.– Txakurrak eduki ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte jabeek: janaria, edaria eta osasun-asistentzia emango diete, eta txakurraren behar fisiologiko eta etologikoetara egokitutako instalazioak izango dituzte —bai espazioari dagokionez, bai higiene/osasunari dagokionez—, halaxe xedatzen baita animaliak babesteari buruzko urriaren 29ko 6/1993 Legearen 4. artikuluan.

Paragrafo honetan ezarritakoa ez betetzea arau-hauste larria izango da aipaturiko Legearen 27.2 a) artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Hiri barruko bide eta gune publikoetan, bai eta eraikin kolektiboen gune komunetan ere, txakurrak kontrolatuta eramango dira beraien ezaugarrietara egokitutako kate edo uhal bati lotuta —gehienez, 2 metrokoa—. Betebehar hori ez betetzea arau-hauste larria izango da animaliak babesteari buruzko Legearen 27.2 h) artikuluaren arabera.

Udalak, euren eskumenen eremuan, txakurren aisialdirako guneak prestatzen saiatuko dira.

3.– Debekatuta dago txakurren gorozkia bide eta plaza publikoetan, haur—parkeetan, lorategietan, eta oro har, apaindurarako eta/edo pertsonen pasadizorako den edozein lekutan uztea. Debeku horri jaramonik ez egitea, arau-hauste larria izango da Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legearen 34.4.c) artikuluaren arabera.

4.– Kode Zibilaren 1905. artikuluan ezarritakoaren arabera, txakurraren edukitzailea edo hartaz baliatzen ari dena izango da txakurrak sortzen dituen kalte, galera eta arazoen erantzulea; baita txakurrak alde egin badio edo galdu egin bazaio ere.

5.– Txakurren jabeak edo edukitzaileak behartuta daude eskumena duen organoak eskatzen dien informazioa eta datuak ematera.

5. artikulua.– Txakurrak edukitzeak dituen mugak.

1.– Oro har, eta etologia-arrazoiak direla medio, 40 metro karratuko, urtebetez gorako txakur bakar bat bizi ahal izango da, bai Jabetza Horizontalari buruzko Legearen menpe dauden eraikin kolektiboetan, bai, balkoi, garaje, pabilioi, ganbera, zabaltza, lorategi edo bestelako lokal edo hiri-lurretan. Ratio hori eskumena duen udal-organoak aldatu ahal izango du, Udaleko Zerbitzu Teknikoek baloratu ondoren.

2.– Debekatuta dago, oro har, honako hauek egitea:

a) Fabrikazio, salmenta, biltegiratze, garraio eta elikagai-maneiurako erabiltzen diren lokal edo ibilgailuetan txakurrak sartzea eta bertan edukitzea.

b) Ikuskizun publikoak dauden lokaletan txakurrak sartzea eta bertan edukitzea, baita igerileku publiko eta lokal sanitarioetan ere, baldin eta euren arau espezifikoek debekatzen badute.

3.– Aurreko paragrafoetan ezarritakoa ez betetzea arau-hauste larria izango da Animaliak Babesteari buruzko Legearen 27.2.a) artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Bigarren idatz-zatian adierazitakoetan sartzen ez diren eta herritarrentzako irekita dauden denda batzuen jabeek ere txakurrak euren dendetan sartzea eta bertan egotea debeka dezakete; debeku hori argi eta garbi adierazi beharko da dendaren sarreran.

5.– Txakurrak hondartzetan eta/edo inguruetan sartzeko debekua eskumena duen udal-organoak ezarriko du, eta zehaztu egin beharko du, baldin eta baimenik ematen badu, hondartza guztian, zati batean edota hondartzaren inguruetan ibiltzeko baimena den; horren berri eman egin beharko da hondartzaren sarreran.

6.– Gaixotasun zoonosikoak egon daitezkeenaren susmoa badago, udal- edo foru-aginteak pertsonak ez kutsatzeko beharrezko jotzen dituen neurri sanitarioak ezarriko ditu: albaitari-azterketak, tratamenduen egiaztatzea, berrogeialdia edo txakurraren konfiskazioa; osasun-agintearen epidemiologia-unitateari horren berri eman beharko zaio.

7.– Komunitate batenak diren leku pribatuetan —sozietate kulturalak, jolaserako sozietateak, auzo-komunitate baten gune komunak,…— txakurrak sartu eta bertan eduki ahal izango dira, baldin eta leku horretako arauek horretarako eskubidea aitortzen badute.

8.– Gune pribatu batean egon behar dutenean, itxitura perimetral osoa duen eta altuera eta material egokiak dituen esparru bat izango dute; gune horretan libreki ibiltzea eta erabilera komuneko gune publiko edo pribatuetara inolako kontrolik gabe eta eutsi gabe ateratzea ekidingo da horrekin.

9.– Igogailuetan txakurrak igotzea edo jaistea baimenduta badago ere, txakurrik gabe doazenek lehentasuna izango dute.

10.– Poliziaren edo militarren txakurrei eta behar bezala baimendutako segurtasun-enpresetako txakurrei ez zaie aplikatuko artikulu hau, baldin eta ezarritako mugek mota horretako txakurrek dituzten funtzioak betetzea eragozten badie —salbuespen hori funtzio horiek betetzen ari diren denborarako bakarrik izango da—.

6. artikulua.– Nola jardun txakurrak eraso egin badu.

1.– Txakur batek pertsona bat eraso izanaren salaketa jaso duen edo horren berri izan duen administrazio-erakundeak erasoa egin duen txakurra edo haren jabea indentifikatzen lagunduko duen datu oro bilduko du salatzailearengandik edo jakinarazpena egin duenarengandik. Eta berehala jarriko ditu datu horiek administrazio-espedienteaz arduratuko denaren eskuetan; alegia, txakurra erroldatuta dagoeneko, eta halakorik ezean, jabea bizi deneko udalerria arduratuko da hortaz, eta dokumentazio guztia udalerri horretara eramango da.

2.– Erasotzerakoan hozka egin badu eta horrek lesio bat sortu badu, eskumena duen erakundeak espedientea ireki dela jakinaraziko die Osasun Saileko Zaintza Epidemiologikoko Unitateari eta Foru Aldundietako Abere Osasuneko Zerbitzuei.

Lesioak sortu dituen txakurraren jabeak 24 ordu izango ditu txakurra berak aukeratutako albaitari ofizial edo gaitu batengana eramateko; txakurrak behaketan egon beharko du 14 egunez, baina egun-kopuru hori aldatu egin ahal izango da unean uneko baldintza epizootiologikoek hala gomendatzen badute, eta betiere, txosten tekniko bat ematen bada arrazoiak emanez. Epe hori igaro, eta jabeak txakurra albaitariarengana eraman ez badu, eskumena duen udal-organoak eraman dezan eskatuko dio, eta txakurra animaliak jasotzen dituen zentro batean sartzeko eta/edo isolatzeko agindu ahal izango du. Txosten edo egiaztagiririk ematen bada, txakurraren jabeak ordaindu beharko du. Txakurrak jabe edo edukitzaile jakinik ez balu, gertatutakoaren berri duen administrazioa izango da txakurra jaso eta behaketan jartzeko ardura izango duena. Espedientea izapidetzen ari den udalari jakinarazi egin beharko zaio txakurra behaketan dagoela; 72 ordu izango ditu horretarako, gertakaria jazotzen denetik aurrera.

Albaitariak behaketa egingo du zoonosia izateko arriskua dagoen ala ez ikusteko eta animaliaren izaera arriskutsua izan daitekeen ala ez ebaluatzeko; eta 0 eranskinean dagoen ereduari jarraituz, emaitzari buruzko egiaztagiria/txostena bidali beharko du. Jabeak, behin txakurrari behaketa egin zaionean, 48 ordu izango ditu albaitariaren egiaztagiria/ txostena espedientea izapidetzen ari den Udalari —lehen paragrafoan adierazitakoari— bidaltzeko, Udal horrek espedientean sar dezan. Udalak, dagokion Foru Aldundiko Abeltzaintza Zerbitzura eta Osasun Saileko Zaintza Epidemiologikoko Zerbitzura bidali beharko du kopia bat. Behaketa hori egin ondoren arrisku sanitarioa dagoela ikusten bada, horretan diharduen administrazioak txakurra zentro batean sartzeko eta/edo isolatzeko edo, egoera horretan egonez gero, berdin jarraitzeko agindua eman dezake.

3.– Erasotzerakoan hozkadarik egin ez bada, jabeak berak nahi duen albaitari ofizial edo gaitu batengana eraman beharko du txakurra; albaitariak animaliaren izaera arriskutsua den ala ez ebaluatuko du, eta egiaztagiri bat emango du. Jabeak espedientea izapidetuko duenari bidali beharko dio egiaztagiri hori

7. artikulua.– Baldintza berezi batzuk betez eduki behar diren txakurrak.

1.– Txakur baten baldintza etologikoek eskatzen badute, txakurra erroldatuta dagoeneko edo jabea bizi deneko udalerriko organo eskudunak baldintza berezi batzuk ezarriko ditu txakur hori edukitzeko. Ebazpen hori AIEOri jakinarazi beharko zaio, eta baldintza berezi horiek zeintzuk diren zehaztuta egongo da bertan; hala nola, muturrekoa eramatea, 2 metro baino gutxiagoko uhala erabiltzea, arnesik ez erabiltzea, ezaugarri berezi batzuk dituzten leku pribatuetan txakurrak ez edukitzea, edo eskumena duen erakundeak beharrezko jotzen duen beste edozein baldintza. Baldintza berezi horiek guztiak Txakurraren Kartilla Ofizialean jaso beharko dira. Aipatutako baldintza horiek ezartzen badira, jabeak erantzukizun zibileko aseguru bat egin beharko du, 12. artikuluan ezarritako moduan —arriskutsuak izan daitezkeen txakurren erantzukizun zibileko aseguruaz dihardu artikulu horrek—.

2.– Baldintza bereziak betez eduki beharreko txakurraren jabeak ezarritako baldintza berezi horiek kentzea eska dezake, aurreko paragrafoan adierazten den ebazpenaren jakinarazpena jaso, eta urtebeteko epean. Eskabidearekin batera albaitariaren edo 24. artikuluan ezarritakoaren arabera baimendutako trebatzailearen txosten arrazoitua aurkeztu beharko da. Eskabide hori txakurra baldintza berezi batzuk betez edukitzeko agindu zuen organoari berari aurkeztuko zaio.

3.– Baldintza bereziak betez eduki behar den txakurraren titular, jabe edo edukitzaileak baldintza horien berri eman beharko dio titular, jabe edo edukitzaile berriari, transferentzia egin aurretik.

4.– Ezarritako baldintza horiek ez betetzea arau-hauste larria izango da animaliak babesteari buruzko Legearen 27.2 h) artikuluaren arabera.

8. artikulua.– Txakurrak abandonatzea eta txakur horiek jasoko dituzten zentroak.

1.– Animaliak Babesteari buruzko Legearen 14. artikuluan ezarritakoaren arabera, abandonatutako txakurtzat hartuko da identifikatu gabe dagoen eta bakar-bakarrik dabilen txakurra; txakur abandonatua izango da, halaber, nahiz eta identifikatuta egon, jabeak edo baimendutako pertsonak galdu egin dela salatzen ez badu ezarritako epean.

2.– Eskumena duten Udalek eta Foru Aldundiek jasoko dituzte abandonatutako txakurrak, bai eta identifikatuta egon arren, jabearen inolako kontrolik gabe noraezean dabiltzan txakurrak ere. Txakur horiek erakunde horien eskuetan egongo dira, harik eta berreskuratzen, ematen edo hiltzen diren arte.

Horretarako, Udalek langile eta instalazio egokiak izan behar dituzte, edo bestela, hitzartu egingo dituzte zerbitzu horiek honako erakunde hauekin guztiekin: Administrazioarekin lankidetzan diharduten animaliak babesteko eta defendatzeko elkarteekin, udalaz gaindiko erakundeekin, Foru Aldundietako organo eskudunekin, edo gune zoologikoen baimen, erregistro eta kontrolari buruzko Dekretuaren arabera baimendutako txakurren nukleo zoologikoekin.

3.– Identifikatu gabe dagoen txakur bat, gutxienez, 30 egun eduki beharko da hartuta. Epe hori igaro eta txakurrarengatik inork galdetu ez badu, hil egingo da —aurrez identifikatuta—, norbaitek bere egingo du, edo hirugarren bati emango zaio.

Txakurra identifikatuta badago, jabeari jakinaraziko zaio froga eta guzti txakurra jaso edo hartu egin dela, eta jabeak 7 egun baliodun izango ditu txakurra berreskuratzeko; aurrez, txakurra zentro horretan edukitzeak sortu dituen gastuak ordaindu beharko ditu. Epe hori igaro eta jabeak txakurra berreskuratu ez badu, adierazitako hori egingo zaio txakurrari.

4.– Txakur bat abandonatzea arau-hauste oso larria izango da Animaliak Babesteari buruzko Legearen 27.3 b) artikuluaren arabera.

9. artikulua.– Hiltzea.

1.– Administrazioaren zehapen-prozedura baten ondorioz, arau-haustea eragin duen txakurra konfiskatzea erabakitzen bada, Udal Administrazioak txakurra hiltzea erabaki dezake, Animaliak Babesteari buruzko Legean edo segurtasun publikoari buruzko estatuko araudian ezarritakoaren arabera. Prozedura judiziala erabili behar denean, eskumena duen organo jurisdikzionalak xedatutakoari jarraituko zaio.

2.– Dagokion araudian ezarritako arrazoi sanitarioak eta segurtasun publikokoak alde batera utzita, Administrazio Publikoen eskuetan dauden animaliak kasu honetan bakarrik hil ahal izango dira: eska daitekeen guztia egin arren edukitzaile pribaturik aurkitzen ez denean, eta txakurrak jasotzeko instalazioetan denbora gehiago edukitzea ezinezkoa denean.

3.– Albaitari baten kontrolpean eta erantzukizunpean hil beharko da txakurra. Animalia hiltzeko erabiliko diren produktuek, lehenik eta behin, ahalik eta azkarrena anestesia-egoera sakon bat lortzea ahalbidetu beharko dute, txakurrak berehalakoan konortea galdu dezan eta hiltze-prozesu horretan batere sufri ez dezan.

Behin anestesi-egoera sakon hori lortu denean, animalia azkar hilko duen produktu bat erabiliko da; barbiturikoen dosi handiak eta/edo kurarearen eragina izango duten medikamentuak erabili ahal izango dira. Modu horretan txakurra hiltzeko medikamentu bakarra erabiltzea nahikoa ez bada, hainbat medikamentu konbinatu ahal izango dira.

4.– Txakurrak hiltzeko metodo eta prozedurak Euskal Autonomia Erkidegoko animaliak hiltzeko unean babesteari buruzko azaroaren 22ko 454/1994 Dekretuan ezarritakoaren araberakoak izango dira.

5.– Txakurren gorpuak hiri- edo udal-hondakintzat joko dira Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legearen 3.b) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta Lege horri jarraituko zaio gorpu horiek eliminatzeko; hori guztia gizakien kontsumorako ez diren animalien azpiproduktuentzako neurri sanitarioak ezartzeari buruz Europako Parlamentuko 1774/2002 Araudiko (EE) 24. artikuluan eta 2002ko urriaren 3ko Kontseiluan xedatutakoari jarraituz egingo da.

6.– Albaitariaren kontrolik gabe edo artikulu honetan ezarritakoa bete gabe txakurrak hiltzea arau-hauste larria izango da Animaliak Babesteari buruzko Legearen 27.2 b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

II. KAPITULUA
ARRISKUTSUAK IZAN DAITEZKEEN TXAKURRAK

10. artikulua.– Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak.

1.– Dekretu honi dagokionez, eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea garatu zuen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren 2. artikuluarekin bat etorriz, "arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak" izango dira jarraian adierazten diren egoeretakoren batean sar daitezkeen txakurrak:

a) Dekretu honen I. eranskinean adierazten diren arrazen, arraza-tipologien edo arraza arteko gurutzatzeen barruan sartzen direnak.

b) II. eranskinean ageri diren ezaugarri guztiekin edo gehienekin bat datozenak. Nekazaritza eta Arrantza sailburuak emango duen Agindua erabiliko da ezaugarri horiek baloratu eta aztertzeko, eta balorazio eta azterketa hori Euskal Autonomia Erkidegoan modu homogeneo batean ezartzea izango da helburua.

Txakurren jabe, hazle edo edukitzaileak ez badaude ziur txakurraren ezaugarriak II. eranskinean adierazitakoekin bat datozen ala ez, gaitutako albaitari bati eskatu ahal izango die argitzeko; albaitariak horri buruzko txostena eman beharko du.

c) Aurreko b) idatz-zatian sartuta egon ez arren, izaera benetan zakarra daukatenak edo eta pertsona edo beste animalia batzuei eraso egin dietenak. Txakurra erroldatuta dagoeneko udalerriko erakunde eskudunak emango duen ebazpen baten bidez aitortuko da txakurrak izan dezakeen arrisku-maila. Irizpide objektiboak erabiliz emango da ebazpen hori; bai ofizioz, bai jakinarazpen edo salaketa bat jaso delako, eta albaitari ofizial, gaitu edo dagokion udalerriak izendatutako batek txostena egin beharko du aurrez. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoaren ondorioetarako, izaera arriskutsua izan dezakeela edo ez dioen ebazpena jakinarazi egin beharko da, gehienez, sei hilabeteko epean.

Txakurren jabe, hazle edo edukitzaileek txakurrak eraso egin duela jakin badakite, edo txakurra arriskutsua izan daitekeela uste badute, bizi direneko udalari balorazio bat egiteko eskatu behar diote.

2.– II. kapituluan ezarritakoa ez zaie aplikatuko indar armatuei, estatuko segurtasunerako indarrei, Autonomia Erkidegoko poliziari, tokian tokiko poliziari eta baimen ofiziala duten segurtasun-enpresei.

3.– Txakur bat arriskutsuak izan daitezkeenen zerrendan sartu baino lehen, bere izaeran edo arestian egindako erasoetan oinarrituz, dagokion espedientea bideratu beharko da; honako hauek egin beharko dira:

a) Eskumena duen udal-erakundeak albaitari ofizial, gaitu edo baimendutako bati eskatuko dio txakurra arriskutsua izan daitekeen ala ez baloratuko duen txostena egiteko. Txosten hori egiteko eskatu duenak ordaindu beharko du; baina animalia arriskutsua izan daitekeela adierazten bada, txakurraren jabeak ordaindu beharko du. Txostena egiteko, eskumena duen erakundeak ezarritako jarraibideak eta prozedura erabiliko dira.

b) Instrukzioa eraso baten ondorioz hasi bada, erasoari buruzko beste txosten batek osatuko du aurreko txostena; hain zuzen ere, txosten horrek erasoa zein egoeratan gertatu zen baloratuko du, eskumena duen erakundeak ezarritako jarraibide eta prozeduretan oinarrituz.

c) Animaliaren titularrari espedienteari hasiera eman zaiola jakinaraztea, 10 eguneko epean beharrezko jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.

4.– Espediente horren gainean eman den ebazpenak, Identifikazioko Erregistro Nagusira bidali beharko denak, honako ondorio hauetakoren bat izango du:

a) Arriskutsua izan daitekeen txakurtzat jotzea.

b) Baldintza berezi batzuk betez eduki beharra, Dekretu honen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Arriskutsua izan daitekeen txakurtzat ez jotzea.

5.– Arriskutsua izan daitekeen txakurtzat edo baldintza berezi batzuk betez eduki beharreko txakurtzat jotzeak Euskal Autonomia Erkidego osoan izango du eragina behin AIEOn halaxe erregistratu denean.

11. artikulua.– "Arriskutsuak izan daitezkeen txakurren" jabeen edo edukitzaileen betebehar partikularrak.

1.– Arriskutsuak izan daitezkeen txakurren jabe, hazle edo edukitzaileek, 4. artikuluan adierazitako betebeharrez gain, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren 8. artikuluan adierazten direnak ere bete beharko dituzte:

a) Leku publiko batean arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak daramatzaten pertsonek aldean eraman beharko dituzte mota horretako txakurrak edukitzeko baimen administratiboa dutela eta txakurra Arriskutsuak izan daitezkeen Animalien Udal Erregistroan —Dekretu honen 20. artikuluan adierazitakoa— sartu dutela egiaztatzen duten agiriak.

b) Arriskutsuak izan daitezkeen txakur horiek euren tamaina eta arrazarentzako egokia den muturrekoarekin eraman behar dituzte; halaber, bi metro baino luzeagoa ez den eta luzatu ezinezkoa den kate edo uhal gogor bati loturik joan beharko dute; inolaz ere ez dira lotu gabe ibiliko, eta pertsona batek ezingo du txakur horietako bat baino gehiago eraman. Arnesak erabiltzea debekatuta dago.

c) Arriskutsuak izan daitezkeen txakurren hazle, trebatzaile edo salerosleek instalazio eta bitarteko egokiak izan beharko dituzte txakur horiek eduki ahal izateko.

2.– Abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera, jabeak zenbait betekizunetatik salbuetsi ahal izango dira, baldin eta inguruabarrak kontuan izanik, halaxe komeni bada. Honako kasu hauetan gerta daiteke hori:

a) Txakurrak funtzio sozial batekin erabiltzen dituzten erakunde publiko edo pribatuak direnean.

b) Ganadua zaintzeko, babesteko eta maneiatzeko, bai eta jarduera zinegetikoetarako ere, txakurrak erabiltzen dituzten nekazaritzako ustiategiak direnean. Txakur horiek ezingo dute arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeari buruzko araudian jasotako legez kontrako ekintzarik burutu.

c) Lan- eta kirol—probetan parte hartzeko aukeratu behar diren txakurrak direnean; erakunde eskudunak baimendu eta ikuskatuko ditu txakur horiek. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeari buruzko araudian ezarritakoaren arabera, ez dira onartuko borroka eta erasoetan parte hartu behar dutenak.

3.– "Arriskutsua izan daitekeen txakurra" dela jaso egin beharko da bai Txakurraren Kartilla Ofizialean, bai Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrean.

4.– Arriskutsua izan daitekeen txakur baten jabeak Dekretu honetan jasotzen diren neurriak betetzen ez baditu, udal-aginteak kautelazko neurriak ezarriko ditu, eta aurreikusita daukan zentro batera eramango du. Halaber, zehapen ekonomikoak ere ezarri ahal izango dira. Zehapen-prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean, behar izanez gero, indarrean dagoen araudian adierazten diren zehapen osagarriak ezarri ahal izango dira.

12. artikulua.– Erantzukizun zibileko asegurua.

1.– Arriskutsuak izan daitezkeen txakurren jabeak behartuta daude hirugarrenei eragindako kalteei aurre egiteko erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzera; aseguru horren estaldura, gutxienez, 120.000 eurokoa izango da. Animalia identifikatzen denetik aurrera, 10 eguneko epea izango dute horretarako, eta aurrez txakurra erregistroan sartuta eduki beharko dute.

2.– Aseguru hori beste aseguru baten barruan egon daiteke, baina egiaztatu egin beharko da hori; aseguru-etxeak egin beharko du egiaztagiria, III. eranskinean ageri den ereduari jarraituz. Egiaztagiri horretan berariaz adieraziko da, batetik, aseguruak bere gain hartzen duen txakurraren identifikazioa, eta bestetik, asegurua noiztik nora egongo den indarrean.

3.– Txakurraren titularraren ardura izango da txakurra, bere bizitza guztian zehar, indarrean dagoen erantzukizun zibileko aseguru baten bidez aseguratuta edukitzea; horretarako, beharrezko diren berriztapen guztiak egin beharko ditu garaia heltzen denean.

13. artikulua.– Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak edukitzeko lizentzia.

1.– Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak eduki ahal izateko, administrazio-lizentzia lortu behar da; horretarako, Dekretu honen IV. eranskinean datorren ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko da. Lizentzia hori eskatzailea bizi deneko udalak emango du, edo bestela, salerosketa edo txakurraren trebakuntza egin deneko udalak —eskabidean adierazi egin beharko da hori—; eta aurrez, artikulu honen 3. paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko da.

2.– Dekretu honen 10.1.c) artikuluan adierazitako txakurrei dagokienez, hilabeteko epean egin beharko da lizentzia lortzeko eskabidea, artikulu horretan adierazten den ebazpena jakinarazten den egunetik kontatzen hasita.

3.– Martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak edukitzeko lizentzia lortzeko edo berriztatzeko, honako baldintza hauek betetzen direla egiaztatu beharko da agiri eta guzti:

a) Adinez nagusi izatea.

b) Honako delitu hauengatik kondenatua ez izatea: hilketa, lesio edo torturengatik, askatasunaren edo osotasun moralaren, sexu-askatasunaren eta osasun-publikoaren aurka egiteagatik, talde armatu edo narkotrafikatzaile batekin lotura izateagatik; halaber, ebazpen judizial batek arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak edukitzeko eskubidea kendu ez izatea. Hori guztia Justizia Ministerioak zigor-aurrekariei buruz emango duen agiriaren bidez egiaztatuko da.

c) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 13.3 artikuluan adierazitako zehapen osagarririk jaso ez izana, arau-hauste larria edo oso larria burutu izanagatik. Interesatua bizi deneko udalak emandako egiaztagiriaren bidez egiaztatuko da hori, edo, halakorik egon ezean, interesatuaren zinpeko aitorpena onartuko da —V. eranskineko ereduaren arabera egindakoa—. Lizentzia denbora baterako kendu izanak ez du esan nahi, hala ere, lizentzia gehiago eskuratzerik edo berriztatzerik izango ez denik; hori bai, lizentzia eskatzerakoan, osorik beteta izan behar da aurreko zehapena, alegia, lizentziarik gabe egon beharreko aldiak bukatuta egon behar du.

d) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak eduki ahal izateko ahalmen fisikoa eta gaitasun psikologikoa izatea. Dekretu honetan ezarritakoari eta gaiarekin lotutako gainerako araudiari jarraituz lortutako ziurtagirien bidez egiaztatuko dira ahalmen fisikoa eta gaitasun psikologikoa.

e) Arriskutsuak izan daitezkeen txakurren jabeek hirugarrenei eragindako kalteei aurre egiteko erantzukizun zibileko aseguru bat izenpetu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute; aseguru horrek, gutxienez, ehun eta hogei mila euroko estaldura izan beharko du, eta Dekretu honen 12. artikuluan ezarritakoaren araberakoa izango da.

4.– Lizentzia bost urterako izango da, eta ondoren, eskatuz gero, berritu egin ahal izango da; beste bost urterako balioko du berritze bakoitzak. Lizentzian ageri diren datuetako edozein aldatzen bada, titularrak lizentzia eman zuen udal-erakundeari jakinarazi beharko dio; hamabost egun izango ditu horretarako, aldaketa gertatzen denetik kontatzen hasita. Halaber, udalak AIEOri jakinarazi beharko dizkio eman dituen lizentzia guztiak.

5.– Administrazio-lizentzia baliogabetu egingo da baldin eta lizentzia hori emateko bete beharreko baldintzak betetzen ez badira, eta gaiari buruz indarrean dagoen araudiko arau-hauste larri edo oso larri batengatik ezarritako zehapen osagarri batek hala xedatzen badu.

6.– Bide judiziala edo administratiboa erabiliz emandako administrazio-lizentzia bati kautelazko neurriak ezartzen bazaizkio edo lizentzia hori kentzen bada, ez da izango beste lizentzia berri bat ematerik edo lizentzia bera berritzerik, harik eta egoera hori aldatzen den arte.

7.– Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak lizentziarik gabe edukitzea arau-hauste oso larria izango da, abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 13.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

14. artikulua.– Lizentzia lortu izanaren egiaztagiria.

1.– Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak edukitzeko lizentzia ematen duen udal-organoak plastikozko egiaztagiri bat argitaratuko du, VI. eranskinean ageri den ereduaren eta ezaugarrien araberakoa.

2.– Lizentzia bat berritu behar denean, beste lizentzia bat argitaratuko da, erregistro-zenbaki bera duena eta iraungitze-data berria duena.

15. artikulua.– Ahalmen fisikoa egiaztatzea.

1.– Martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, arriskutsuak izan daitezkeen animalien titular izateko baldintza fisiko batzuk eduki behar dira; hain zuzen ere, 50/1999 Legearen 3.1.a) artikuluaren arabera, animalia behar bezala zaintzeko eta animalia modu egokian maneaitu, mantendu eta kontrolatzea bermatzeko beharrezkoak diren baldintza fisikoak eduki behar dira.

2.– Aurreko paragrafoan adierazten den gaitasun fisikoa egiaztatzeko, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko ahalmen fisikoaren ziurtagiria erabiliko da —VII. eranskineko eredua—; ziurtagiri hori azterketak egiteko zentro baimendu batek emango du, inolako gaixotasun edo urritasun organiko edo funtzionalik ez dagoela egiaztatzeko probak gainditu ondoren. Honako hauekin guztiekin lotutako ezgaitasun fisikorik ez dagoela egiaztatuko da:

a) Ikusmena.

b) Entzumena.

c) Lokomozio-sistema.

d) Neurologia-sistema.

e) Hautemateko/mugitzeko zailtasunak, erabakiak hartzeko zailtasunak.

f) Aurreko idatz-zatietan sartu ez den beste edozein gaitz edo arazo, animalia behar bezala kontrolatzeko ezgaitasun fisikotzat har daitekeena.

16. artikulua.– Gaitasun psikologikoa egiaztatzea.

Martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, 50/1999 Legearen 3.1.c) artikuluak adierazten duen gaitasun psikologikoaren ziurtagiria —arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak edukitzeko behar dena— azterketak egiteko zentro baimendu batek emango du —VII. eranskineko ereduari jarraituz—. Ziurtagiri hori inolako gaixotasun edo urritasunik ez dagoela egiaztatzeko probak gainditu ondoren emango da. Honako hauekin guztiekin lotutako ezgaitasun psikiko edo psikologikorik, edo bereiztea eragozten duen besterik ez dagoela egiaztatuko da:

a) Arazo mentalak eta portaerazkoak.

b) Aztertzeko, hautemateko eta erabakiak hartzeko zailtasun psikikoak eta pertsonalitate-arazoak.

c) Aurreko idatz-zatietan jaso ez diren gainerako gaixotasun edo arazoak, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko beharrezkoak diren buru-ahalmenak erabiltzea eragozten dutenak.

17. artikulua.– Ahalmen fisikoa eta gaitasun psikologikoa aztertzeko zentroak.

1.– Martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, ibilgailuen gidariek izan behar dituzten gaitasun psikofisikoak zehazten dituen eta gaitasun horiek egiaztatzen dituzten azterketa-zentroak arautzen dituen abenduaren 4ko 2272/1985 Errege Dekretuari eta gainerako xedapenei jarraituz behar bezala baimendutako azterketa-zentroek egingo dituzte aurreko artikuluetan adierazitako miaketak eta probak, eta oinarrizko espediente kliniko batera pasa beharko dituzte emaitzak. Espediente hori parte hartu duten medikuek sinatu beharko dute, eta dagokion zentroan gordeko da.

2.– Zentroko zuzendariak ahalmen fisikoari eta gaitasun psikologikoari buruzko egiaztagiria emango du —aldekoa edo kontrakoa, emaitzen arabera—. Egiaztagiri hori VII. eranskineko ereduen araberakoa izango da, eta interesatuaren argazki bat —berri samarra— eraman beharko du. Egiaztagiri horretan dagozkion oharrak egin ahal izango dira, eta behar izanez gero, zein ahalmen- eta gaitasun-maila eskatzen den azalduko da. Gaitasunik eza adierazten bada, egiaztagiriaren kopia bat bidaliko da interesatua bizi deneko udaletxera.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Psikologoen Elkargo Ofizialak urtero ezartzen dituen tarifak kobratuko dituzte artikulu honetan adierazten diren azterketa eta egiaztagiriak egingo dituzten azterketa-zentroek.

18. artikulua.– Ahalmen fisikoaren eta gaitasun psikologikoaren egiaztagiriak zenbat denbora egongo diren indarrean.

Martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, aurreko artikuluan adierazi diren egiaztagiriek urtebeteko balioa izango dute prozedura batean erabili ahal izateko. Epe horretan hasten den edozein administrazio-prozeduratan erabili ahal izango dira egiaztagiriak, kopia original, kopia konpultsatu edo ziurtagiri bidez.

19. artikulua.– Jabetza eskualdatzea.

1.– Arriskutsua izan daitekeen txakurraren titular, jabe edo edukitzaileak animaliaren katalogazioari buruzko informazioa eman beharko dio titular, jabe edo edukitzaile berriari transferentzia egin aurretik.

2.– Arriskutsua izan daitekeen txakurraren titularra aldatzeko —salerosketa, eskualdatze, dohaintza edo beste zerbait dela medio—, gutxienez, honako baldintza hauek bete direla frogatu beharko da:

a) Saltzaileak lizentzia indarrean edukitzea.

b) Erosleak aurrez lizentzia lortzea.

c) Osasun-kartilla eguneratuta edukitzea.

d) Dagokion erregistroan sartzea eskualdaketa hori, Dekretu honen hirugarren artikuluan ezarritako prozeduraren arabera.

3.– Arau-hauste oso larria izango da arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak lizentziarik gabe edukitzea eta txakur horiek lizentziarik izan gabe saltzea edo eskualdatzea —edozein delarik ere eskualdatzeko modua—; izan ere, halaxe dago xedatuta abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 13.1 artikuluaren b) eta c) artikuluetan —hurrenez hurren—.

III. KAPITULUA
ERREGISTROAK

20. artikulua.– Arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal-erregistroa.

1.– 13. artikuluan adierazten den lizentziaren titularrek —arriskutsuak izan daitezkeen txakurren jabeek— arriskutsuak izan daitezkeen txakurren udal-erregistroan —txakurra erroldatuta dagoen udalerrikoan— erregistratu behar dute. Erregistro hori udalerri guztietan ezarriko da, eta horrexetarako izango da. Lizentzia eskuratzen dutenetik kontatzen hasita, 15 egun emango dira erregistratzeko.

2.– Erregistro horrek, besteak beste, honako datu hauek izango ditu:

a) Identifikazio-kodea.

b) Edukitzailearen datuak: izena, ohiko helbidea, NANa eta harremanetarako telefonoa.

c) Animaliaren ezaugarriak, identifikatzen lagunduko dutenak: adina, arraza, sexua, jaioteguna.

d) Animaliaren ohiko helbidea.

e) Animaliaren funtzioa edo trebetasuna: konpainia, zaintza, babesa, ehiza,...

f) Lizentzia-zenbakia, noiz eman zen, noiz arte balioko duen, zein organok eman zuen.

3.– Udalek AIEOra —arriskutsuak izan daitezkeen txakurren Sailera— bidaliko dituzte datuak, bost eguneko epean, erregistratzen direnetik kontatzen hasita.

4.– Ez erregistratzea arau-hauste larria izango da abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 13.2.c) artikuluan ezarritakoaren arabera.

21. artikulua.– Erregistratu izanaren egiaztagiria.

Arriskutsuak izan daitezkeen txakurren udal-erregistroan txakur bat erregistratzen duen udal-organoak erregistratze horren egiaztagiri bat argitaratuko du, plastikozkoa, eta VIII. eranskinean ageri den ereduaren eta ezaugarrien araberakoa.

22. artikulua.– Arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal-erregistroari egin beharreko jakinarazpenak.

1.– Abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, arriskutsuak izan daitezkeen txakurren udal-erregistroan sartuta dagoen txakur baten daturen bat aldatzen bada, txakur horren jabeak jakinarazi egin beharko dio hori udal-erregistroari; bost eguneko epean egin beharko du hori. Txakurra norbaitek lapurtu badu edo galdu egin bada, erregistro horretako arduradunari jakinarazi beharko zaio, gertaera horren berri izan duenetik kontatzen hasita, berrogeita zortzi ordutan. Eraso bat gertatu bada, berehalakoan jakinazi beharko da. Jakinazteko modua Dekretu honen 3. artikuluan ezarritakoa izango da.

2.– Arriskutsua izan daitekeen animalia batek bere bizitzan zehar eragin dituen arazoak, baldin eta administrazio-aginteak edo aginte judizialak horien berri izan badu, animalia bakoitzaren erregistro-orrian jasoko dira; orri hori itxi egingo da eskumena duen albaitari edo organoak animalia hil edo akabatu egin dela ziurtatzen duenean.

3.– Animalia bakoitzaren erregistro-orrietan organo eskudunak emandako osasun-egiaztagiria jasoko da, eta bertan, animaliaren osasun-egoera zein den eta arriskutsua izan daitekeen txakurtzat jotzeko gaixotasun edo arazorik ba ote duen adieraziko da —urtero berrituko da informazio hori—.

4.– Arriskutsua izan daitekeen txakur bat Euskal Autonomia Erkidegora ekartzen bada —betiko edo hiru hilabete baino gehiagorako—, jabeak arriskutsuak izan daitezkeen txakurren udal-erregistroan sartu beharko du txakurra.

5.– Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrei asistentzia sanitarioa ematen dieten osasun-organo eta albaitariek, baldin eta txakurrak borroketan erabili direla uste badute, orbainak edo bestelako lesioak dituztela ikusten badute, edo eraso eta hozka egin duten txakurrak direla jakin badakite, txakurra erroldatuta dagoeneko udal-erregistroari jakinarazi beharko diote. Erregistro horrek, halaber, egoera hori baloratzeko, eta behar izanez gero, kautelazko eta prebentzioko neurriak hartzeko, eskumena duen organo administratibo edo judizialari jakinarazi beharko dio.

6.– Udalek EAEko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrera bidaliko dituzte datu horiek, Dekretu honen 20.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

7.– Gertatzen diren aldaketen berri udal-erregistroari ez jakinaraztea, edo ezarritako epean ez jakinaraztea, arau-hauste larria izango da, abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 13.2.c) artikuluan ezarritakoaren arabera.

23. artikulua.– Arriskutsuak izan daitezkeen txakurren sail espezifikoa.

AIEOn arriskutsuak izan daitezkeen txakurren saila sortu da. Sail horrek, udal-erregistroan jasotako informazioaz gain, honako hauek jaso beharko ditu gutxienez:

a) Arriskutsuak izan daitezkeen txakurren udal-erregistroan alta eman zeneko eguna, eta alta emateko arrazoiak.

b) Txakurra gizabanakoekin bizi den ala beste egiteko batzuk dituen (zaintzaile- edo babesle-lanak edo bestelakoak).

c) Egindako arau-hausteak, jarritako zehapenak, eta zehapena zein organok ezarri zuen.

d) Egindako erasoak, non egin ziren, eragindako lesioak, eta lesioen larritasun-maila.

IV. KAPITULUA
TREBATZEA

24. artikulua.– Trebatzeko gaitasunari buruzko egiaztagiria.

1.– Trebatzaileek, txakurrari zaintzaile eta babesle izaten irakatsi ahal izateko, Nekazaritza eta Arrantza Sailak emandako eta homologatutako egiaztagiria izan behar dute; egiaztagiri hori arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 7. artikuluan ezarrita dagoen bezala emango da.

2.– Egiaztagiria lortzeko edo homologatzeko egin beharreko lehenengo gauza, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariari eskabidea aurkeztea izango da. Eskabide hori zuzenean aurkeztu ahal izango da, edo bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38.4 artikuluan ezarritako moduan. Honako baldintza hauek betetzen direla egiaztatu beharko da:

a) Erakunde publikoetan edo pribatu homologatuetan jasotako irakaskuntza espezifikoa; zentro horiek emandako egiaztagiriaren edo diplomaren kopia konpultsatuaren bidez egiaztatuko da hori.

b) Trebatzaile moduan esperientzia izatea; curriculum vitaeak dioenaren gaineko zinpeko aitorpenaren bidez egiaztatuko da hori.

3.– Baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak aztertu ondoren, edo behar izanez gero, zuzenketak egin ondoren, Nekazaritza eta Arrantza Saileko albaitarien zerbitzu teknikoek ebatziko dute —arrazoiak emanez— eskatzaileek proba bat egin behar duten ala ez; eskatzaileen ezaguera teoriko eta praktikoak zeintzuk diren ikusteko egingo da proba hori. Proba gainditzea ezinbestekoa izango da gaikuntzaren egiaztagiria lortu ahal izateko.

4.– Gaikuntza-egiaztagiria lortu duten trebatzaileek, hiru hilabetean behin, AIEOri jakinarazi behar diote arriskutsua izan daitekeen txakur bat trebatzeko eskatu duten bezeroen zerrenda, eta bertan txakurra identifikatuta egon beharko da. Txakurraren erregistro-orrian jaso beharko da txakurra trebatua izan dela, eta zein motako trebakuntza jaso duen ere adieraziko da.

5.– Artikulu honetan adierazten den gaikuntza-egiaztagiririk izan gabe arriskutsua izan daitekeen txakur bat trebatzea arau-hauste oso larria izango da abenduren 23ko 50/1999 Legearen 13.1.e) artikuluan ezarritakoaren arabera.

25. artikulua.– Trebatzaileak prestatzeko ikastaroak homologatzea.

1.– Arriskutsuak izan daitezkeen txakurren trebatzaileak prestatzeko ikastaroak homologatzerakoan, kontuan izango da irakasleen prestakuntza profesionala eta esperientzia, bai eta emandako gaiak ere; Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saileko zerbitzu tekniko eskudunek esango dute horiek guztiak nahikoa diren ikastaroa homologatu ahal izateko.

2.– Prestakuntza-ikastaroak homologatu nahi dituzten erakunde publiko nahiz pribatuek eskabidea egin beharko dute. Eskabide hori onartu egin dela ulertuko da baldin eta sei hilabeteko epean berariazko ebazpenik ematen ez bada, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 43. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Erakundeak, homologazio-eskabidearekin batera, prestakuntzako programa espezifikoa ere aurkeztu beharko du. Honako hauek jasoko dira bertan:

– Ikastaroaren memoria.

– Emango den programa, honako hauek zehaztuz: unitate didaktikoak, irakastorduak, zein motako eskola teoriko eta praktikoak izango diren eta zenbateko iraupena izango duten. Eskola praktikoak nukleo zoologikoetan eman ahal izango dira, baina horretarako, nukleo horiek Nukleo Zoologikoen Erregistroan sartuta egon behar dute.

– Irakasle tituludunen eta esperientziadunen zerrenda.

– Ikastaroa noiz eta zein zentro edo egoitzatan eman zen.

4.– Aurreko paragrafoan ezarritakoari jarraituz ikastaro homologatuak antolatzen dituzten erakundeek prestakuntza-ikastaroa egin izanaren egiaztagiria emango diote parte hartu duen bakoitzari.

V. KAPITULUA
IKUSKAPENA ETA KONTROLA

26. artikulua.– Ikuskatzeko eta kontrolatzeko eskumena.

Dekretu honetan araututako gaiak ikuskatzeko eta kontrolatzeko eskumena honako hauek izango dute: Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak, Foru Aldundiek eta Udalek.

27. artikulua.– Ikuskatzea eta kontrolatzea.

Dekretu honetan araututako gaien ikuskapena eta kontrola poliziak edo beste funtzionario batzuk egin ahal izango dute; agintaritzaren agenteak izango dira, eta akta egin ahal izango dute (interesatuak bere desadostasuna adierazteko); akta hori interesatuari jakinaraziko zaio eta eskumena duen udal-organoari bidaliko zaio, beharrezko jotzen dituen neurriak har ditzan, eta behar izanez gero, zehapen-espedientea ireki dezan.

VI. KAPITULUA
ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

28. artikulua.– Arau-hausteak eta zehapenak.

Dekretu honetan ezarritakoa hausteagatik edo ez betetzeagatik ezarriko den zehapen-araubidea Animaliak Babesteari buruzko urriaren 29ko 6/1993 Legearen V. tituluan ezarritakoa izango da —segurtasun publikoari buruzko estatuko legerian bildutakoaz gain—.

29. artikulua.– Zehapen-prozedura.

1.– Zehatzeko ahalmenari buruzko printzipioen araberakoa izango da zehapen-prozedura; honako xedapen hauetan guztietan daude araututa printzipio horiek: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Zigor Ahalmena Erabiltzeko Araubidea onartu zuen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen zehatzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legea.

2.– Honako organo hauek erabili ahal izango dute zehatzeko ahalmena:

a) Animaliak babesteari buruzko urriaren 29ko 6/1993 Legean aurreikusitako arau-hausteak zehatzeko eskumena izango duten organoak, lege-xedapen horren 32. artikuluan ezarritakoak izango dira.

b) Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean aurreikusitako arau-hausteak zehatzeko eskumena honako organo hauek izango dute:

– Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak honako alor hauetan egindako arau-hausteetan du eskumena: trebatzeko gaitasunaren egiaztatzea eta trebatzaileak prestatzeko ikastaroen homologazioa.

– Udal-agintaritzak abenduaren 23ko 50/1999 Legean adierazten diren gainerako arau-hausteetan izango du eskumena. Arau-hausteak lurralde-eremua gainditzen badu, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak izango du eskumena.

Zehatzeko eskumena duten organoek AIEOra bidali beharko dute zehapen-prozedurari amaiera emango dion ebazpenaren kopia.

3.– Udal-aginteek zehapen-espedienteak bideratzeko betebeharrari uko egiten badiote, eskumena duten organo foral eta autonomikoek hartuko dute betebehar hori —ofizioz edo alde batek eskatuta—, eta kasu bakoitzean jarri beharreko zehapenak ezarriko dituzte.

VII. KAPITULUA
JARRAIPEN BATZORDEA

30. artikulua.– Sorrera, helburua eta osaera.

1.– Dekretu honetan ezarritakoa bete den ala ez ikusteko, Jarraipen Batzorde bat sortu da. Honako hauek osatuko dute batzorde hori:

a) Nekazaritza eta Arrantza Saileko ordezkari bat.

b) Foru Aldundietako ordezkari bana.

c) Euskal Udalen Elkarteko (EUDEL) hiru ordezkari.

d) Gaiak oso espezifikoak direla-eta, Batzordekoak ez diren teknikari espezialistak eta/edo gaiarekin zerikusia duten beste ordezkari batzuk behar direnean, batzordeburua izango da horiei dei egingo diena.

2.– Kide anitzeko organoei dagokienez, Jarraipen Batzordeak, oro har, berak ezarri dituen arauei jarraituko die, eta subsidiarioki, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraituko dio.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.– Dekretu honen Eranskinak Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren Agindu baten bidez aldatu ahal izango dira; horretaz gain, eguneratzeak ere egin beharko dira, I. eta II. eranskinei dagokienez, estatuko araudian egingo diren aldaketen ondorioz. Hala ere, I. eta II. eranskinen edukia minimoa izango da, eta eduki hori handitu behar denean bakarrik egingo da Eranskin horien aldaketa.

Bigarrena.– Txakurren jabe edo edukitzaileek, urtebete izango dute, Dekretu hau indarrean jartzen denetik kontatzen hasita, egungo osasun-kartilla 2. artikuluan ezarritako "Txakurren Kartilla Ofiziala"-ren eredura egokitzeko. Hala ere, egungo kartillan epe horretan aldaketaren bat egiten bada, Txakurren Kartilla Ofizial berria egingo da.

Hirugarrena.– Dekretu honetan estatuko araudiari buruz egiten diren aipamen zehatzak, aurrerantzean araudi hori ordezkatuko edo aldatuko duen araudiari buruzkoak ere izango dira. Halaber, Nekazaritza eta Arrantza Sailari eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari egiten zaizkion aipamenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Sailak sortu, kendu eta aldatzeko eta sail horien egitekoak eta jardute-eremuak zehazteko Dekretuari jarraiki, urriaren 29ko 6/1993 Legean adierazten diren animalien inguruko eskumenak izango dituen Sailari, eta egitura organiko eta funtzionalari buruzko Dekretuari jarraiki, eskumen horiek izango dituen Zuzendaritzari egiten zaizkionak izango dira.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.– Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzea arautzen duen apirilaren 4ko 66/2000 Dekretuak txakur arriskutsutzat jotzen dituen eta Dekretu honen I. Eranskinean sartu gabe dauden txakurrak katalogazio horretatik kanpora gera daitezke, baldin eta jabe/edukitzaileak hala eskatzen badu; horretarako, Dekretu hau indarrean jarri eta hamabost eguneko epea izango dute eta/edo katalogazioa egin zenetik edo baldintzak ezarri zirenetik urtebete igaro beharko da. Eskabidea katalogazioa egin zuen organoari berari aurkeztu beharko zaio, eta albaitari edo trebatzailearen txostena —aldekoa— ere aurkeztu beharko da.

Bigarrena.– Trebatzaileak prestatzeko ikastaroak homologatzen ez diren bitartean, ez da eskatuko 24.2.a) artikuluan ezarritako baldintza.

Hirugarrena.– Trebatzeko gaitasunaren egiaztagiriak egin gabe edo homologatu gabe badaude, albaitariaren aldeko txostena, 7. artikuluko bigarren paragrafoak adierazten duena, erantsi beharko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Lehena.– Indarrik gabe uzten da apirilaren 4ko 66/2000 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzea arautzen duena.

Bigarrena.– Indarrik gabe uzten da Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 1993ko maiatzaren 25eko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko txakurren identifikazioa arautzen duena.

Hirugarrena.– Indarrik gabe uzten dira maila bereko edo apalagoko xedapenak, baldin eta Dekretu honekin bat ez badatoz.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean Dekretu hau.

Gernika-Lumon, 2004ko ekainaren 1ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

101/2004 DEKRETUAREN 0 ERANSKINA
ANEXO 0 AL DECRETO 101/2004
ANIMALIA HOZKARIEI BURUZKO ALBAITARI TXOSTENA
INFORME VETERINARIO SOBRE ANIMALES MORDEDORES

Albaitaria / Veterinario: 	

Elk. Zk / N.º Col.: 	

Helbidea / Dirección: 	 Tel.:

ANIMALIAREN DATUAK / DATOS DEL ANIMAL

Jabea / Propietario			NA / D.N.I.

Helbidea / Domicilio		Herria / Municipio 	Tel.

Espeziea / Especie	Identifikazioa	Izena / Nombre	Arraza / Raza

	Identificación

Adina / Edad	Sexua / Sexo	Erantzukizun zibileko asegurua

		Seguro de responsabilidad civil

ZIURTAZEN DUT / CERTIFICO

Adierazitako animalia behaketa eta zaintzapean eduki ondoren, &#9

egunetan aztertu dudala eta ez diodala somatu gaitz zoonosiko baten inolako sintomarik eta beraz, behaketa eta zaintza aldia amaitutzat ematen dudala.

(Sinadura eta zigilua / Firma y sello)

Que el perro arriba mencionado ha sido sometido a vigilancia y observación y que habiéndolo examinado el/los día/s.….............., …...…..........................., no le he apreciado ningún síntoma que indique que pueda tener una enfermedad zoonósica, por lo que doy por finalizado el período de observación y vigilancia.

Tokia eta data / Lugar y fecha:
101/2004 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
ANEXO I AL DECRETO 101/2004
TXAKUR-ARRAZEN, ARRAZA-TIPOLOGIEN EDO ARRAZA ARTEKO GURUTZATZEEN ZERRENDA
RELACIÓN DE RAZAS CANINAS, TIPOLOGÍAS RACIALES O CRUCES INTERACIALES

Pit Bull Terrier.

Staffordshire Bull Terrier.

American Staffodshire Terrier.

Rottweiler.

Dogo Argentino.

Fila Brasileiro.

Tosa Inu.

Akita Inu

1001/2004 DEKRETUAREN II. ERANSKINA
ANEXO II AL DECRETO 101/2004

Xedapen honek eragiten dien txakurrek jarraian adierazten diren ezaugarri guztiak edo gehienak dituzte: / Los perros afectados por la presente disposición tienen todas o la mayoría de las características siguientes:

Muskulatura sendoa, itxura indartsua, irmoa, atleta-gorputza, bizkortasuna, kemena eta erresistentzia. / Fuerte musculatura, aspecto poderoso, robusto, configuración atlética, agilidad, vigor y resistencia.

Izaera nabarmena eta ausardia handia. / Marcado carácter y gran valor.

Ile motza. / Pelo corto.

60-80 zentimetroko perimetro torazikoa, 50-70 zentimetroko altuera (soingurutzetik), eta 20 kg baino gehiago. / Perímetro torácico comprendido entre 60 y 80 centímetros, altura a la cruz entre 50 y 70 centímetros y peso superior a 20 Kg.

Buru handia, kuboidea, sendoa, kraneo zabala eta masail handiak, gihartsuak eta irtenak. Masailezur handiak eta sendoak, aho mardula, zabala eta sakona. / Cabeza voluminosa, cuboide, robusta, con cráneo ancho y grande mejillas musculosas y abombadas. Mandíbulas grandes y fuertes, boca robusta, ancha y profunda.

Lepo zabala, gihartsua eta motza. / Cuello ancho, musculoso y corto.

Bular sendoa, zabala, handia, sahiets-hezur okerrak, bizkarralde gihartsua eta motza. / Pecho macizo, ancho, grande, profundo, costillas arqueadas y lomo musculado y corto.

Aurreko gorputz-adarrak: paraleloak, zuzenak eta sendoak; atzeko gorputz-adarrak: oso gihartsuak, hanka handi samarrak, angelu txikia osatzen dutenak. / Extremidades anteriores paralelas, rectas y robustas y extremidades posteriores muy musculosas, con patas relativamente largas formando un ángulo moderado.

101/2004 DEKRETUAREN III. ERANSKINA
ASEGURU-ZIURTAGIRIA

1.– Aseguru-etxeari buruzko datuak:

Izena: 	

Helbidea: 	

Telefonoa: 	 Faxa:

2.– Aseguru-hartzaileari buruzko datuak:

Izena:	

Helbidea 	 CP .....................

Udalerria:	 NAN: ..................... Telefonoa:

3.– Asegurua egin behar zaion animaliari buruzko datuak:

Espeziea: 	 Identifikazioa:

Izena: 	 Arraza:

Jaioteguna: 	 Sexua:

AA:&#9;<FONT FACE="Zapf Dingbats">n Bai&#9;Baldintza berezi batzuk bete behar dira:&#9;<FONT FACE="Zapf Dingbats">n Bai

&#9;<FONT FACE="Zapf Dingbats">n Ez&#9;&#9; <FONT FACE="Zapf Dingbats">n Ez

4.– Aseguru-polizari buruzko datuak:

Poliza-zenbakia: &#9;

Erantzukizun zibileko estaldura: &#9;

Noiztik egongo da indarrean? &#9; noiz arte?

Zenbat urtetik behin berrituko da?

Hirugarrenekiko erantzukizun zibilari dagokionez, frankiziarik ez; 120.000 eurotik gorako estaldura.

&#9; aseguru-etxeak honako hau

ZIURTATZEN DU:

Poliza honen bidez, asegurua egingo zaion animaliak hirugarrenei (pertsona, animalia edo gauzak) eragindako gorputz-lesioak eta/edo kalte materialak direla-eta, jabeak duen erantzukizun zibila bermatzen da. Lesio edo kalte horien erantzulea animaliaren jabea izango da, eta diruzko kalte-ordainak jasoko dira, Kode Zibilaren 1905. artikuluaren arabera. Txakurraren jabearen edo unean-uneko edukitzailearen erantzukizun zibila bere gain hartzen du aseguru honek.

Polizaren ordainagiri originala erantsi behar zaio ziurtagiri honi, balioa izan dezan.

Lekua eta eguna:

Zigilua/aseguru-etxearen sinadura

101/2004 DEKRETUAREN IV. ERANSKINA

ANEXO IV AL DECRETO 101/2004
ARRISKUTSUAK IZAN DAITEZKEEN ANIMALIAK EDUKITZEKO LIZENTZIA LORTZEKO ESKABIDEA
SOLICITUD DE LICENCIA PARA LA TENENCIA DE ANIMALES POTENCIALMENTE PELIGROSOS

Aurrealdea / Anverso:

Atzealdea / Reverso:

101/2004 DEKRETUAREN V. ERANSKINA
ANEXO V AL DECRETO 101/2004
ZINPEKO AITORPENA / DECLARACIÓN JURADA

Aitorlearen datuak / Datos de la persona declarante

Izen-abizenak

Nombre y apellidos

Helbidea

Domicilio

NA / DNI

ZINPEAN AITORTZEN DUT

ez dudala arriskutsuak izan daitezkeen animalien zuzenbide araudiari buruzko 1999ko abenduaren 23ko 50/1999 Legeko 13.3 artikuluan legehauste larri edo oso larrietarako aurreikusitako ondorengo zigorretatik bat bera ere jaso. Zigorrak: animalia konfiskatu, zikiratu edo hiltzea, establezimendua ixtea eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia edo trabatzaile gaituaren ziurtagiria aldi baterako edo behin betiko galtzea.

Eta zinpeko aitorpen hau egiten dut, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak izateko lizentzia eskatu nahian, martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuko 3.1.c artikuluarekin bat etorriz.

DECLARO BAJO JURAMENTO

no haber sido sancionado/a por infracción grave ni muy grave con algunas de las sanciones accesorias (confiscación, decomiso, esterilización o sacrificio, clausura de establecimiento y suspensión temporal o definitiva de la licencia para tenencia de animales potencialmente peligrosos o del certificado de capacitación de adiestrador) de las previstas en el apartado 3 del artículo 13 de la Ley 50/1999, de 23 de diciembre, sobre el régimen jurídico de la tenencia de animales potencialmente peligrosos.

Y realizo la presente declaración a los efectos de solicitar la licencia para tenencia de animales potencialmente peligrosos, conforme al artículo 3.1.c del Real Decreto 287/2002, de 22 de marzo.

(Eskatzailearen izenpea / Solicitante: firma)

101/2004 DEKRETUAREN VI. ERANSKINA
ANEXO VI AL DECRETO 101/2004
UDALAREN LIZENTZIA LORTU IZANAREN EGIAZTAGIRIA
DOCUMENTO ACREDITATIVO DE LA OBTENCIÓN DE LA LICENCIA MUNICIPAL

Agiri horrek erregistroko kode alfanumeriko bat izango du, marratxo bidez hiru bloketan banatuta egongo dena: / Este documento tendrá un código alfanumérico de registro separado en tres bloques por guiones, con la siguiente estructura:

a) Lehen blokea: / a) Primer bloque:

– &#9;Bi digitu, lurralde historikoa adierazteko: 01 (Araba); 48 (Bizkaia); 20 (Gipuzkoa). / Dos dígitos que identifican el Territorio Histórico: 01 (Araba); 48 (Bizkaia); 20 (Gipuzkoa)

–&#9;Hiru zenbaki, udalerria adierazteko —dagokion erakunde estadistikoaren kodifikazioaren arabera—. / Tres números que identifican al municipio, según la codificación del organismo estadístico correspondiente.

b) &#9;Bigarren blokea: bi digitu, lizentzia eman deneko urtearen azken bi zenbakiekin bat datozenak. / b) Segundo bloque: dos dígitos correspondientes a las dos últimas cifras del año en que se otorga la licencia.

c)&#9;Hirugarren blokea: lau digitu, udalerri bakoitzeko erregistroko zenbaki korrelatiboa adierazteko. Zenbaki hori ez da aldatuko urte batetik bestera. / c) Tercer bloque: cuatro números que correspondan al número correlativo de registro en cada municipio. Este número se continuará de un año al siguiente.

AURREALDEA / ANVERSO:

ATZEALDEA / REVERSO

101/2004 DEKRETUAREN VII. ERANSKINA
ANEXO VII AL DECRETO 101/2004
AHALMEN FISIKOARI ETA GAITASUN PSIKOLOGIKOARI BURUZKO EGIAZTAGIRIA
CERTIFICADO DE CAPACIDAD FÍSICA Y APTITUD PSICOLÓGICA

Aurrealdea / Anverso

Atzealdea / Reverso

101/2004 DEKRETUAREN VIII. ERANSKINA

ANEXO VIII AL DECRETO 101/2004
ARRISKUTSUAK IZAN DAITEZKEEN TXAKURRAK UDAL-ERREGISTROAN SARTU IZANAREN
EGIAZTAGIRIA.
DOCUMENTO ACREDITATIVO DE LA INSCRIPCIÓN EN EL REGISTRO MUNICIPAL DE PERROS
POTENCIALMENTE PELIGROSOS

Agiri horrek erregistroko kode alfanumeriko bat izango du, marratxo bidez lau bloketan banatuta egongo dena: / Este documento tendrá un código alfanumérico de registro separado en cuatro bloques por guiones, con la siguiente estructura:

a) Lehen blokea: / a) Primer bloque:

– &#9;Bi digitu, lurralde historikoa adierazteko: 01 (Araba); 48 (Bizkaia); 20 (Gipuzkoa). / Dos dígitos que identifican el Territorio Histórico: 01 (Araba); 48 (Bizkaia); 20 (Gipuzkoa)

– &#9;Hiru zenbaki, udalerria adierazteko —dagokion erakunde estadistikoaren kodifikazioaren arabera—. / Tres números que identifican al municipio, según la codificación del organismo estadístico correspondiente.

b)&#9;Bigarren blokea: bi digitu, txakurra dela adierazteko: 01 / b) Segundo bloque: dos dígitos correspondientes a la especie canina: 01.

c) &#9;Hirugarren blokea: bi digitu, animalia erregistroan sartu deneko urtearen azken bi zenbakiekin bat datozenak / c) Tercer bloque: dos dígitos correspondientes a las dos últimas cifras del año en que se registra el animal.

d) &#9;Laugarren blokea: lau digitu, udalerri bakoitzeko erregistroko zenbaki korrelatiboa adierazteko. Zenbaki hori ez da aldatuko urte batetik bestera. / d) Cuarto bloque: cuatro números que correspondan al número correlativo de registro en cada municipio. Este número se continuará de un año al siguiente.

AURREALDEA / ANVERSO:

ATZEALDEA / REVERSO


Azterketa dokumentala