Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2004ko ekainaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
2916

96/2004 DEKRETUA, maiatzaren 25ekoa; honen bidez deklaratzen da Bizkaiko Foru Aldundiak, nahitaezko desjabetzea egiteko, "Uribe-Kostako saihesbideko Mimenaga-Sopelana arteko zatiaren proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela.

Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio eta Herri Lan Sailaren 2004ko martxoaren 4ko Foru Aginduaren bidez, jendaurrean jarri ziren "Uribe-Kostako saihesbideko Mimenaga-Sopelana arteko zatiaren proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak, jabetza nahitaez kentzearen ondorioetarako. Bilera berean erabaki zen Eusko Jaurlaritzari eskatzea nahitaezko desjabetzea egiteko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzeko, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasunak eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian; zenbait arrazoibide-idazki aurkeztu zitzaizkion eta administrazio-espedientean adierazten den moduan ebatzi ziren idazkiok.

Zerbitzu teknikoek adierazi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko hirigintza-arloko inolako oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

Bizkaiko Errepideetako Lurraldeko Plan Sektorialean aurreikusita dagoen proiektu horren xedea da edukiera handikoa den Uribe-Kostako saihesbideari jarraipena ematea, saihesbide horren aurreneko bi zatiek mugikortasuneko tasarik altuenak baitituzte, metropoli-aldearen eta lurraldearen ipar-ekialdeko hondartzen arteko trafikoari dagokionez, eta, gainera, tasa hori goraka baitoa; horrenbestez, gaur egun izaten diren auto-ilarak eta trafiko itoa saihestu nahi dira eta, era berean, Unbeko saihesbiderako by-pass konexioa egin nahi da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: egikaripen-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2. artikuluan ezarritakoaren arabera, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea.

Hori dela bide, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuak proposatuta eta Gobernu Kontseiluak 2004ko maiatzaren 25ean egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, "Uribe-Kostako saihesbideko Mimenaga-Sopelana arteko zatia egiteko proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak Bizkaiko Foru Aldundiak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzen da. Berariaz izapidetutako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko maiatzaren 25a.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu

eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala