Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

15. zk., 2004ko urtarrilaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Arbitraje Batzordea
417

3/2003 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Ebazpen Batzordearen Osoko Bilkurarena, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 29ko 256/2002 Dekretuari buruz Arabako Foru Aldundiak aurkeztutako eskumen-gatazka positiboaren gainean emandakoa.

Manuel Zorrilla presidenteak eta Iñaki Lasagabaster, Mario Fernández, Edorta Cobreros, Fernando Campo, Andrés Urrutia eta José Manuel Castells kideek osatzen duten Ebazpen Batzordeko Bilkurak, Gasteizen, 2003ko maiatzaren 15ean, eman du ondoko:

EBAZPENA

Arabako Foru Diputazioak Eusko Jaurlaritzaren 256/2002 Dekretuko, urriaren 29ko, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa ezartzen dueneko, 1. b) eta 10. g) eta h) artikuluei dagokienez planteatu duen eskumen-gatazka positiboaren gainean. Txostengilea José Manuel Castells Arteche jauna izan da, eta Ebazpen Batzordearen Osoko Bilkuraren iritzia adierazi du.

AURREKARIAK

1.– Euskal Herriko Ebazpen Batzordea Arautzeko Legean aurreikusitako epearen barruan, 2003ko urtarrilaren 21ean Arabako Foru Aldundiak eskumen-gatazka positiboa planteatu zuen urriaren 29ko Eusko Jaurlaritzaren 256/2002 Dekretuaren agindu jakin batzuen aurka (Euskal Herriko Agintaritza Aldizkaria, 215. zenbakia, 2002ko azaroaren 12koa), erakunde honek ez zuelako oso-osorik onartzen Ebazpen Batzordea Arautzeko 13/1994 Legearen 58. artikuluan aurreikusitako aurretiko errekerimendua; errekerimendua Arabako Foru Diputazioak aurkeztu zuen azaroaren 26ko Diputatuen Kontseiluaren 947/02 foru-dekretuan oinarrituta. Eusko Jaurlaritzak 2002ko abenduaren 30ean hala adostuta, zati batzuetan baino ez zen kontuan hartzen aipatutako errekerimendua eta ezetsi egiten zen aipatutako 256/2002 Dekretuko 1 b) eta 10 g) eta h) artikuluei zegokiena, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Arau antolatzaile honetan honako hau adierazten baitzen:

"1. Artikulua: Jarduera-arloak eta zereginak. Nekazaritza eta Arrantza Sailak.... honako gai hauetan gauzatuko ditu bere zereginak:

b) Nekazaritza, baso eta abeltzaintzaren antolamendua.

10. Artikulua: Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari dagokio... honako eskuduntza hauek gauzatzea... g) Basoen kudeaketa bultzatu jasangarritasun-irizpideak kontuan izanda.

h) Sailak baso-arloan dituen eskumenak koordinatu eta kudeatu, eta baita sektoreko profesionalen elkarteekiko harremanak ere". Gatazka baso-arloari buruzko arauei dagokien erreferentzien inguruan planteatzen da, eta oinarri gisa adierazten da aipatutako proiektuek "ez dute foru-diputazioei eta, zehatz-mehatz, Arabako Foru Diputazioari, dagozkien eskumenen berri".

2.– Horrela laburbilduta, Arabako Foru Diputazioaren asmoaren oinarri juridikoak, urtarrilaren 21eko idatzitik ondoriozta daitekeen bezala, estatutu-eskumenari (10.8 artikulua) eta 27/1983 Legearen bidez, Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanei buruzko legearen bidez, duen garapenean dagoenari zuzentzen zaizkie; izan ere, azken honek, 7. a) artikuluan honako hauek ezartzen ditu lurralde historikoen eskumen esklusiboen artean: "Mendi-basoak, ustiapenak, baso-zerbitzuak, abelbideak eta larreak Autonomia Estatutuaren 10.8 artikuluaren hitzetan; basozaintza eta nekazaritzako eta basoko lurzoruak zaintzea eta hobetzea". Eta artikulu bereko b) atalaren arabera (erakunde komunek emandako arauak garatzeko eta betearazteko eskumenak) honako hauek gaineratzen dira: "landare-osasuna, nekazaritza garapena eta erreforma, nekazaritza gaitasuna, sustapena eta hedapena; mahastizaintza eta enologia; landare-ekoizpena, haziak eta haztegietako landareak izan ezik".

Foru Diputazioaren abiapuntua, beraz, "mendiak" eta "nekazaritza eta abeltzaintza" argi eta garbi bereiztea da eta, ondorioz, "mendia" hitza basogintza-esparruan sartzean, historikoki foru-erakundeek gai horretan izan duten eskumen ukaezina aipatzen du. Basogintzaren antolamendua eta kudeaketa, 256/2002 Dekretuaren 1. eta 10. artikuluetako hitzetan, "mendiak, ustiapenak, baso-zerbitzuak, oihan-zaintza eta baso-zoruen zaintzari" buruzko foru-eskumenak gauzatzeko eta arauak ezartzeko jarduera orokorrak direla uste du, eta halaxe egiaztatuko luke uztailaren 4ko 13/1986 foru-arauaren edukiak, Arabako Lurralde Historikoko Mendien erregimena arautzen duenak.

Foru Diputazioaren idatziak ukatu egiten du Eusko Jaurlaritzak errekerimenduari erantzuteko adierazitako argudioa, mendiak nekazaritza-arloan sartzekoa, eta bereizketa egiteko eta ondorengo ondoriorako Estatuko Administrazioak hala eskatzen duten eskumenak Euskal Herriaren Kontseilu Nagusira eta, ondoren, Euskal Herriko Autonomia Erkidegora eskualdatzeko Errege Dekretuetan babesten da; eta, era berean, "Euskal Herriko jarduera ekonomikoaren planifikazioa", Estatutuaren 10.25 artikuluan jasotako eskumen autonomikoa den neurrian, baso kudeaketa, ustiapen eta antolamendu jardueran nekez egon zitekeela dioen ideiaren aurka agertzen da.

Azkenik, aurretiko datua aipatzen du, hau da, azaroaren 20ko 306/2001 Dekretuaren bidez Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren egitura finkatu zenean, Arabako Foru Diputazioak eskumenik ez izatearen errekerimendua gauzatu zuela aipatutako Dekretuaren 1. artikuluan agertzen zen "basozaintza eta natura babestea" esapidearen aurka. Eusko Jaurlaritzak onartu egin zuen errekerimendua "basozaintza" esapideari dagokionez, ulertu baitzuen zerbitzu hori eta zerbitzu horren kudeaketa Arabako Lurralde Historikoari eskualdatu zitzaiola martxoaren 5eko 34/1985 Dekretuaren bidez. Eta hortik ondorioztatzen du Foru Diputazioak Nekazaritza eta Arrantza Sailak ez duela eskumenik gai zehatz honetan, eta, horrenbestez, ezetsi egiten du organoen egituraketa arautzen duen Dekretu berrian aipatzea.

3.– Bestalde, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkaritzak, Arabako Foru Diputazioaren errekerimenduei erantzuteko argudio-bidearen zirriborroa egin ondoren eta 2002ko otsailaren 24an egin zuen bileran Ebazpen Batzordearen Bilkurak erabakita eskumen-gatazka positiboa tramitatzeko onartu ondoren, luze eta zabal erantzun zion Arabako Foru Diputazioari 2003ko apirilaren 3ko idatzi baten bidez.

Arabako Foru Diputazioak adierazitako asmoaren aurkako argudioak honako parametro hauetan laburbil daitezke:

a) Lehenik eta behin zalantzan jartzen da eskumen-gatazka organoen egitura arautzen duen Dekretu baten izaeratik. Eusko Jaurlaritzaren ustez Foru Diputazioak ez du Eusko Jaurlaritzaren egungo egiazko esku-sartze zehatzik arrazoitzen, baizik eta gerora begira eskumena urratzeko dagoen aukera bat adierazten du, antolamendu-arau baten arloari buruzko aipamen hutsean oinarritzen dena; eta, bere ustez, ez da ezartzen kontraesanik Eusko Jaurlaritzaren testu arau-emailearen eta Lurralde Historikoen Legearen artean.

Alde horretatik, oinarri gisa hartzen du gai berari buruz Administrazio publikoek eskumen-tituluak dituztela, eta dagokion azterketa egin beharko dela tituluak nola bateratzen diren finkatzeko, baso-arloari zehazki lotuta. Ildo horretatik, legedia bere koiuntura zehatzean interpretatu behar da; horrela, esanahi bat izan zezakeen 1983an, Lurralde Historikoen Legea aldarrikatu zenean, eta edukian aldaketak gertatu denbora igaro ahala. Basogintza-esparruari buruzko erreferentzia berri batean, edukiaren aldaketa mendiei eta basogintzari dagozkien alderdiekin zerikusi zuzena edo estua duten beste gai batzuek hartu duten dimentsio berrian dago, izan ere, erakunde komunen esku-hartze bideak areagotu dituzte euren eskumen-espaziokoak izateagatik.

b) Eusko Jaurlaritza bere idatzian batez ere basogintza-esparruaren funtzio anitzeko izaeran oinarritzen da, eta esparru horrek nekazaritzarekin, lurraldearen antolamenduarekin eta ingurumenarekin duen lotura estuan; guztiak ere erakunde komunei dagozkien esparruak dira. Baieztapen hori egiteko 1992ko ekainean Nazio Batuen Erakundeak Rio de Janeiron Ingurumenari eta Garapenari buruz egin zuen Biltzarreko adierazpenetan oinarritzen da, eta ingurumen orekatua lortzeko baso-sailei eta bertako basoari izendatzen dien egiteko garrantzitsuan; basogintzaren esparruak duen funtzio anitzeko izaeran eta Estatu baten barruan dauden gobernu zentralei eta tokian tokikoei berariaz izendatzen zaizkien eskumen-tituluetan. Basogintzaren Euskal Plana bide horretatik aurrera doa aurrekoaren egiaztapen gisa.

Nekazaritzari, basogintzari eta abeltzaintzari buruzko kontzeptuak birformulatzeko bidean, izan ere, ulertzen da nekazaritza-jarduerak hiru espazioak hartzen dituela bere baitan, idatzia hainbat xedapenetan oinarritzen da, eta tesi honen zerbitzura jarraian azalduko dira luze eta zabal.

c) Zehatz-mehatz Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura arautzen duen Dekretuari helduz, idatzian nabarmentzen da baso-antolamenduan honako alderdi hauek biltzen direla:

d) Estatutuaren arabera erakunde komunei izendatzen zaizkien hainbat alor; eskumenak zeharka tartean diren erakunde publikoen artean gauzatzea inplikatzen duten harremanak, eta horrek erakunde horien guztien arteko koordinazioa eta lankidetza eskatzen du. Horixe egiaztatzen du basozaintza-prestakuntzako, nekazaritzako lanbide prestakuntzako eta baso-ikerketarako hezkuntza-programak izateak, eta guztiak ere Eusko Jaurlaritzaren mende dauden zentroetan gauzatzen dira.

Horrenbestez, 256/2002 Dekretuak, baso-antolamendua aipatzean, berez Eusko Jaurlaritzak gauzatzen dituen eta zeharka basogintzaren esparruarekin zerikusia duten alorren eta zereginen barruko banaketa baino ez du egiten, eta horrek ez du eraginik eskumenen banaketari buruzko benetako erregimenean. Basogintzaren espazioan, halaxe nabarmendu eta islatu zen Saila egituratzeko aurreko dekretu guztietan, bereziki nekazaritzari buruzkoetan.

Eginkizun horiek era desegokian gauzatzeak eragin dezake eskumenak gainditzea, eta ez Sailaren egitura arautzen duen Dekretu sinple batek. Nolanahi ere, aitortzen da Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa ezartzen zuen 306/2001 Dekretuko "basozaintza-zerbitzuak" esapidea kendu egin zela Arabako Foru Diputazioak hala eskatu ondoren; izan ere, egia da Diputazioarenak ziren administrazio-zerbitzu zehatzak aipatzeko ager zitekeela, eta horrek, hain zuzen ere, erakunde komunei ez dagokien eskumen bat gauzatzea inplikatuko luke.

e) Alegazioak aurkeztean Eusko Jaurlaritza antolamenduari eta planifikazioari buruzko arau-adierazpenei buruzko aipamen oparoak egiten ahalegindu da, beti basogintzaren esparrura mugatuz, eta titulu eragileak egokitzen dituzte erakunde komunen alde.

Era horretara, 4/1990 Legea, maiatzaren 31koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzkoa, aipatzen da, lurraldea antolatzeko jarraibideetatik abiatuta duen planifikazio-maila anitza dela eta, eta aipamen zehatza egiten zaio Nekazaritza eta Basozaintzari eta Ingurune Naturalari buruzko Lurralde Planari, eta esan behar da aurreratuta dagoela eta talde tekniko bat sortu dela plana gauzatzeko eta talde horretan Administrazio Autonomikoak eta foru-administrazioek parte hartzen dutela.

– Eusko Legebiltzarraren 10/1998 Legea, apirilaren 8koa, Landa Ingurunearen Garapenari buruzkoa, Basogintzaren Euskal Legea eta Lurraldeko Nekazaritza eta Baso Plan Alorkakoa aurreikusten dituena, biak ere nekazaritza eta arrantza arloan eskumenak dituzten Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko sailek elkarrekin gauzatzekoak.

– Eusko Legebiltzarraren 16/1994 Legea, ekainaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesten duena, 2/1997 legeak, martxoaren 14koak, baliabide naturalak antolatzeko planak jasotzen dituenak, aldatu zuena.

– 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duena, eta landa-ingurunearen jasangarritasuna bermatzeko berariazko asmoa.

– 394/1985 Dekretua, abenduaren 30ekoa, Autonomia Erkidegoan Mendiko Nekazaritzaren Berariazko Erregimenari buruzkoa, Nekazaritza eta Arrantza Sailari izendatzen dizkiona bere garapen-arauak.

– Azkenik, aipamen berezia egiten zaio "Euskal Autonomia Erkidegoko Landa-ingurunearen estrategi planari", eta esan behar da ondorengo 1994 – 2030 Basogintzaren Planaren oinarria izan zela, eta, erakunde komunek eta foralek formulatu ondoren Eusko Legebiltzarrera igorri zela eta Eusko Legebiltzarrean onetsi zela zegozkion gomendioekin. Basogintzaren Plana "era guztietako jarduerak, araugileak, erregelamendugileak, betearazleak, planifikatzeko eta integratzeko tresna da, eta horiek arautzea eta ebaztea Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko erakunde komunei eta lurralde historikoetako foru-organoei dagokie 27/1983 legean, azaroaren 25ekoan, ezarritako eskumen-sistemaren arabera"; era horretara esparru orokorra eratzen da Euskadin basogintza-politikan jarduteko. Erabat koherentea izanik, Legebiltzarraren

"gomendioek" erakunde guztiak biltzen zituzten espazio honetan, baina bereziki Eusko Jaurlaritza jarduera zehatzen bidez.

f) Autonomia Erkidegoak Euskal Herriaren jarduera ekonomikoa planifikatzeko, ekonomikoki garatzeko eta sustatzeko esparruan duen eskumen esklusiboaren arabera (Estatutuaren 10.25 artikulua), erakunde komunak, hainbat baldintzaren menpe, baso eta mendien arloan jarduteko gaituta daude, sektore honen eragin ekonomikoaren, hiru alderdien (basogintza, olgeta eta ingurumena) eta kuantifikazio ekonomikoaren ikuspegitik; izan ere, Autonomia Erkidegoko azaleraren erdia baino gehiago zuhaitzez beteta dago.

g) Azkenik, Eusko Jaurlaritzak Lurralde Historikoen Legeko 2. artikuluan jasota dagoen koordinazio-printzipioari dei egiten dio erakundeen arteko elkartasun eta lankidetza printzipioekin batera, eta hirurek zuritzen dute basogintzaren esparruko Eusko Jaurlaritzaren jarduera.

Aurrez adierazitako arrazoi guztiengatik, Eusko Jaurlaritzaren idatziak beharrezko Ebazpena eskatzen du, adieraziz 256/2003 Dekretuak ez duela eraginik erakunde komunen eta Arabako Foru Diputazioaren arteko legezko eskumen-banaketan, ez duela aldatzen eta ez duela urratzen legezko eskumen-banaketa hori.

4.– Eskumen-gatazka positibo hau tramitatzeko onartu ondoren, 2003ko maiatzaren 15a ezarri zen Ebazpen hau eztabaidatu eta epaitzeko, eta halaxe egin zen egun horretan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Arabako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzaren 256/2002 Dekretuaz, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa ezartzen duenaz, ezarritako eskumen-gatazka positibo honek, Ebazpen Batzordeari eskatzen dio erabakitzeko zein erakunderi dagokion eskumen eztabaidatua (LCAren 68.1 artikulua).

Xede horretarako, aurretiko kontu bat aztertu behar da: era horretako Dekretu baten izaera, eskumenak mugatzera, batez ere barrukoak, mugatua, eta eskumen-gatazka baten xede zuzena izateko aukera; Eusko Jaurlaritzaren idatziak ukatu egiten du aukera hori, uste baitu barruko antolamendu-arau batean gai bati egiten zaion aipamena baino ez dela, eta horrekin ez dela eskurik sartzen besteren eskumenetan.

Hemen sortzen den galdera da eskumen-gatazka bat egon daitekeen ala ez Sail edo Kontseilaritza jakin batek bere burua antolatzeko ahalmena baliatzeko neurriari dagokionez; arau hori, edukiari dagokionez, eskumen orokor propio bat finkatzera mugatu behar da, eta, horrenbestez, beste maila batzuetara (Gobernua, beste sail batzuk) zuzendutako espazio pribatiboa mugatzen da eta, batez ere, eragiketa bera egiten da barrurantz Sail edo Kontseilaritza zehatz horretako organoei dagokienez; era horretara ahalmenak eta eskumenak sail-egitura horretako administrazio unitate eta organoen artean banatuz. Laburbilduz, Dekretu horiekin eduki generikoen zehaztasun abstraktuak adieraztea lortu nahi da, tituluetan oinarrituta, eta hauek ere orokorrak eta beti bere eskumen-zerrendakoak.

Arazoa aurrez Konstituzio Auzitegian planteatu zen Kataluniako Generalitatearen Merkataritza Saila berregituratzeko Dekretu jakin baten aurrean. 15/1997 Epaiak, urtarrilaren 15ekoak, norabide bikoitzeko erabakia hartuko du: "eskumen-gatazkaren zeregina ez da eskumenak mugatzen dituzten xedapenak ezarri behar dituztenek Konstituzioaren aurkakoak izan daitezkeen interpretazioei aurrea hartzea, baizik eta bakoitzaren eskumen-esparruen urraketa zehatzak eta eragingarriak baztertzea; bere zeregina, beraz, ez da aurrea hartzea, baizik eta egindakoa konpontzea". Lehenengo baieztapenak –aurretiko adierazpenik ez egitekoak- bigarren baieztapen bat du bidelagun: eskumenak gainditzen dituzten arauak ustez ezartzen direnean bakarrik planteatu ahal izango da, eta orduan bakarrik, eztabaidagai den titularitateari buruzko eskumen-gatazka.

Horrenbestez, hasiera batean gatazka oro har plantea daiteke berregituratze-arauan dagoen eskumen-esparrua garatzeko egoeretan, nahiz eta, era berean, gatazka dagoela onar daitekeen arau hori dela eta aurrez aurre eta zuzenean izendatzen direnean "eskumen zehatzak eta berariazkoak" –esate baterako, aipatutako Konstituzio Epaian, nazioarteko harremanak ziren–, izan ere, nolabait ere, Kataluniako Administrazio publikoarenak ziren Konstituzioak berariaz debekatuta.

Balio beza aipatutako adibideak Arabako Foru Diputazioaren esparruan, izan ere, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa arautzeko Dekretua zela eta (361/2001 Dekretua) "basozaintza-zerbitzuak" aipamena kendu egin zuen Eusko Jaurlaritzak, Diputazioak aurrez eskatuta, ulertu zuelako Lurralde Historikoen Legean zegoen aipamen berari gainjartzen zitzaiola lurraldeen eskumen esklusiboen esparruan. Era horretara, ulertu zen aipatutako zerbitzu partikular horren kudeaketa zela, administrazio-unitate gisa adierazita, eta kontraesanean zegoela zerbitzu bereko beste Administrazio Publiko batekiko berariazko eskuduntzarekin.

Ondorioz, ustezkoa edo birtuala ez den gatazka izan daiteke, beti ere propioak ez diren tituluetan eta zehaztasun normatiboekin kontraesan argian oinarrituta agertzen bada. Eta horrek aztertu dugun suposamenduan eskumen-gatazkarik ba ote den galderari erantzutera garamatza, eta positiboki –Konstituzio Auzitegiak azaldutako prebentzioekin–, eta aukera argia da maila ordinamentalean eskumena bera behar adina aitortuta ez badago.

2.– Bidezko galdera oinarrian dagoen benetako arazoari buruzkoa da: basoaren antolamendua eta kudeaketa Nekazaritza eta Arrantza Sailak bere eskumen gisa bere gain har ditzakeen eskumenak diren eta, ondorioz, egitura organikoa arautzen duen Dekretu batean jaso daitezkeen, kasu honetan 256/2002 Dekretuan.

Gauza jakina da Arabako Foru Aldundiak ukatu egiten diela aukera hori erakunde komunei, uste baitu basogintzaren arloa, "mendiak" hitza, Lurralde Historiko honen eskumen esklusiboa dela halaxe aitortzen duelako berariaz Lurralde Historikoen Legeak (7. a) 9 artikulua).

Horretaz gainera, eta aurretiaz, "mendiak eta baso ustiapenak eta zerbitzuak" Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa da –Estatutuaren bidez (10.8 artikulua)–, eta, esate baterako, era guztietako zeregin betearazleak, haziak ziurtatzeko jardueraren suposamenduak adierazten duen bezala (alde horretatik, hor dago, gai honi lotuta, Konstituzio Auzitegiaren 21/1999 Epaia, otsailaren 15ekoa), Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkio; dena den, zehaztasun hau ez da inolako eragozpen era berean aintzat hartzeko Estatuak mendiei eta baso-ustiapenei buruzko oinarrizko legedi bat ezartzeko eskumen esklusiboa duela (Konstituzioaren 149.1.23 artikulua).

Ederki, bada, Mendien lege zaharra kontuan hartuta (1957ko ekainaren 8koa), eta segur aski oinarrizkoa izango da hainbat alderditan, ikus daiteke (Konstituzio Auzitegiaren 21/1999 Epaiak dioen bezala), mendien arloa –edo baso-jabetzarena– bi esanguratakoa dela, izan ere, zehazten da oso hurbil dagoela edo parekotasun estuan dagoela "abeltzaintza" eta, batez ere, "nekazaritza" arloekin. Aipatutako Mendi legearen 1.2 artikuluan zehazten den bezala:

"basoa edo baso-jabetza zuhaitz, zuhaixka, sastraka edo belarkara espeziak hazten diren lurra da, berez nahiz hazia erein ondoren edo landatu ondoren, beti ere nekazaritza-labore bereziak ez badira edo nekazaritzarako ez badira. Dena den, kontzeptu honetan salbuetsita geratzen dira batez ere nekazaritza-esparruko lursail bateko zati izanik eta basoko zuhaitz edo zuhaixka espeziez estalita nabarmen ez dauden lursailak izanik nekazaritza-ustiaketako abereak mantentzeko komenigarriak liratekeenak, era horretako zuhaitzik gabe nabarmen dauden larreak eta Kantauri itsasertzeko probintzietan kokatuta dauden zelaiak".

Ez dago batere zehaztuta zer den basoa eta zer ez, lege-aurreikuspenaren arabera, eta zehaztasunik eza areagotu egiten da 1962ko otsailaren 22ko Araudiaren 4. artikuluaren enuntziatuan, izan ere, mendiaren edo araudian berdintsua den baso edo baso-jabetzaren, lege-kontzeptu bera zehazten du.

Nolanahi ere, agerikoa da kontzeptu honen eta nekazaritza eta abeltzaintza lursailen kontzeptuaren arteko hurbiltasuna, batzuetako eta besteetako berezko laboreen izaeraren alde labainaren arabera (Konstituzio Auzitegiaren 21/1999 Epaia), eta gatazka honen azpian dagoen egiazko arazoari egokiago heltzeko balio du.

3.– Arazo zehatza da baso antolamendu eta koordinazioaren eskumen generikoek, 256/2002 Dekretuan Nekazaritza eta Arrantza Sailari izendatzen zaizkionak, aipamen hori onartzeko adinako oinarria duten ala ez antolamendu juridikoan; ala, aitzitik, aipatze hutsarekin, gainditu egiten dituen guztiz arrotzak diren eskumen-esparruak. Beste era batera planteatzearren, ea ba ote den aldiberekotasun-espazioren bat, hasiera batean eta aurrerantzean gehiegizko ezarpenik egitetik salbu, Administrazio Autonomikoaren eta Foru Administrazioaren artean eskumen-dualtasun baterako aukera ematen duen aldiberekotasun-espazioren bat,

4.– mendien edo baso-jabetzaren arlo komunari dagokionez; eta, dualtasun hori baieztatuko balitz eta justifikatuko balitz, aipamena zilegituta geratuko litzateke gauza daitekeen eskumen gisa 256/2002 Dekretuaren bidez eta aipatutako Sailari lotuta.

Erantzuna aurreratu gabe eta erantzunera apurka-apurka hurbilduz, badirudi Lurralde Historikoen Legean "mendiak" kontzeptuaz egiten den aipamen orokorrak, hasiera batean, foru-organoentzat gordetako eskumen-maila aldarrikatzen zuela. Dena den, 1983an agerikoa eta erabakigarria zenak hala izateari utzi egin zion kualitatiboki, izan ere, bilakaera ordinamental ukaezina gertatu da, eta horrek benetako aldaketa eragin du "mendi" edo baso kontzeptuaren lege-edukian, eta esan behar da Lurralde Historikoen Legean dagoen aginduaren letra hertsia aldatzen ez badu ere, aldatu egiten duela eskumenaren eskuduntza, hain zuzen ere, hainbat gai liminaletan gertatu ohi den lege-hedapen ikaragarria dela eta –bereziki, lurralde-antolamenduan, nekazaritzan, natura-zaintzan eta, batez ere, ingurumenean– izan ere, mendietan intentsiboki jardunez berariazko eskumenak izendatzen zaizkio Administrazio autonomikoari, beti ere baso antolamenduaren eta kudeaketaren norabidetik.

Kanpoko eraginak direla-eta eduki-aldaketak, eta aipamenak balio beza zehatza ez den adibidetzat, foru-organoen garapenaren eta gauzatzearen barruan "ur kontinentalen polizia" aipamenaren suposamenduan (7.b.4 artikulua); eta ageriko aldaketa eta zentzu desberdina kontzeptu hori 1958ko Urei buruzko Erregelamenduan ezarri zenetik eta Erregelamenduan bertan izen zen ageriko aldaketa Uraren Legea (2001eko uztailaren 20ko Errege Dekretu Legea) aldarrikatu zenean; lehenengo xedapenean polizia honek zuen hedapena nabarmen murriztu zen bigarren aldaketan, eta tarteko arau bat, halaxe baita Lurralde Historikoen Legea, ezin zen hortik aldendu.

Arauketa-antolamendu global eta arrotz batek eragindako kontzeptu-aldaketak, eta horrek mendiei buruzko kontzeptu zaharra aldatzea eragiten du eta gai honetan ahalmenak izatearen sentikortasun intentsiboa adierazten du Autonomia Erkidegoko erakunde komunen alde, araudiaren jatorrian aurreikusi gabe egon arren.

5.– Erakunde komunek mendien jatorrizko esparruan esku hartzearen alde hedatutako araudia baiesteko egiaztapen hertsi gisa, nahiko adierazgarria da Eusko Jaurlaritzak bere idatzian eskuratutako zerrenda, zuzenean eta zeharka, mendien, basoen edo oihanen espazioa bideratzen duena; beti planifikazio, koordinazio eta lankidetza ahalmenak bere gain hartzeko ikuspegi bateratutik eginez erakunde komunen alde eta erakunde komunen eskura baso-arlotzat hartzen denaren eta "nekazaritza-jarduera" kontzeptu zabalaren barruan.

Araudi-osagai honetan beharrezkoa da berriro aipatzea, teknika zehatzetan sartu gabe, agerikoak eta ezagunak baitira, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendu Legea, Landa Ingurunea Garatzeko Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesteko Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko Legea, 394/1985 Dekretua, Mendiko Nekazaritzaren Erregimen Bereziari buruzkoa, Urdaibaiko Biosferaren Erreserba Babesteko eta Antolatzeko Legea...

Bere izaera bereziarengatik eta erakunde komunei basogintzaren esparruan ahalmenak gaitze horren egiaztapen irmoarengatik, eta espazio honetan bertan dagoen lankidetza eta harreman administratiboarengatik, 1994-2003 "Basogintzaren Euskal Plana" aipatu behar da, erakunde komunek Foru Diputazioekin batera gauzatutakoa eta Eusko Legebiltzarrak berretsitakoa. Basogintzaren Plana "era guztietako jarduerak, araugileak, erregelamendugileak, betearazleak, planifikatzeko eta integratzeko tresna da, eta horiek arautzea eta ebaztea Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko erakunde komunei eta lurralde historikoetako foru-organoei dagokie 27/1983 legean, azaroaren 25ekoan, ezarritako eskumen-sistemaren arabera" ( 91. orr.).

Basogintzaren Planeko II. tituluak luze eta zabal garatzen ditu bere helburuak, Administrazio Autonomikoaren eskumenaren eta foru-organoekiko adostasunaren ikuspegitik administrazio-koordinazioa argitzen dutenak; alde horretatik, lurzorua higaduraren aurka babestea, basoko genotipoak zaintzea, hondatutako baso-sistemak berreskuratzea, baso-sistemetako antolamendua, basoari eta bertako hazkuntzari buruzko antolamendua, basoko espezie nagusien oihan-kudeaketa, baso-funtsa, Basabideen Plan Orokorra, eta abar, eta abar aipatzen dira.

Gauza bera esan daiteke 2001. urteko Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basogintzari eta Ingurune Naturalari buruzko Lurralde Plan Alorkakoaren Aurrerapenari buruz, honako hau ezartzen baitu helburu gisa: "Gure ustez beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundietako nekazaritza sailetan lurzoruari ematen zaion erabilera antolatzea nekazaritza, baso-jarduera eta abeltzaintza gerora begira Euskal Herrian garatzen jarraitu ahal izateko" (3. orr.).

Halaxe da, azaldutako araudi orokorraz gainera, Eusko Jaurlaritzak emandako xedapen zehatzak daude, basogintzaren arloko alderdi jakinak arautzen dituena; horrela, 274/1989 Dekretua, abenduaren 29koa, aipatzen da, aparteko neurriak ezartzen dituena azkenaldian basoetan izandako suteak direla eta; 27/1992 Dekretua, otsailaren 11koa, Autonomia Erkidegoan erradiata pinuaren kalitatea hobetzeari buruzkoa; 310/1996 Dekretua, otsailaren 24koa, baso-inbentarioa eguneratzeari buruzkoa. Eusko Jaurlaritzak basogintzaren ikerketa eta hezkuntza arloan aitortuta dituen eskumenez gainera.

Arau horiek, eta normaltasun-egoeran, gatazkarik gabeko egoeran, hiru lurralde historikoetako foru-organoek emanda ere badaude, eta, hasteko, hor dago Arabako 13/1986 Foru Araua, uztailaren 4koa, Arabako Lurralde Historikoko Mendien Erregimena Arautzen duena.

Horrenbestez, badirudi badituztela, eta behin eta berriro gauzatzen dituztela, basoaren kudeaketa eta antolamenduari buruzko eskumenak Autonomia Erkidegoko erakunde komunek, foru-organoen esku dagoen espazio propio eta ukaezina mugatu gabe. Sistema horrek inolako arazorik gabe funtzionatu izan du –orain arte behintzat–, eta, era horretara, Administrazio publikoen arteko lankidetza-printzipioaren esanetara dago, Lurralde Historikoen Legeko 2. artikuluak eskatzen duen bezala.

5.– Euskal Herriko jarduera ekonomikoa planifikatzeari dagokionez (Autonomia Estatutuko 10.25 artikulua), egia da Konstituzio Auzitegiak erlatibizatu egin duela bere garrantzia sektore materialetan eskumenak izendatzeko argudio gisa. Dena den, eta beste arrazoi batzuen artean, abiapuntutzat hartuta Autonomia Erkidegoko azaleraren erdia baino gehiago sastraka-espeziez beteta dagoela, planifikazio ekonomiko hori beste arrazoi bat gehiago da administrazio-mailen artean eskumenak, eta, bereziki, erakunde komunek, azpisistemak multzo globalean integratu beharra gailenduz, espazio sektorialak koordinatzeko eskumena, aldi berean izateko.

6.– Konstituzio Auzitegiaren 15/1997 Epaian esandakoa berretsiz, espazio konpartitu horretatik, erakunde komunen antolamendurako, planifikaziorako eta koordinaziorako ageriko ahalmen ugari dituen espazio konpartitu horretatik, abiatuz, Ebazpen Batzorde honi ez dagokio sail bat berregituratzeko Dekretu apal batean egindako aipamen orokor sinple bat –baina bere garrantzia duena, hemen agerian jarri den bezala– besteren eskumenetan ustez sartu izanari buruzko erabakia ematea. Gatazka horri dagokionez, egun eskumenak gainditu direnik ez sumatzeak ez du esan nahi gerora begira eta basogintzari buruzko esparruaren garapenean, ezingo denik gertatu; baina hori beste gatazka bat izango da, ez da egungoa izango.

EPAITZA

Azaldutako guztia kontuan hartuta, Ebazpen Batzordearen Osoko Bilkurak

Ebatzi du

Gatazka eragin duten aginduetan jasotako eskumenak, 256/2002 Dekretuko 1. eta 10. artikuluetan aipatutakoak, Eusko Jaurlaritzari dagozkiola, aurreko oinarrietan emandako interpretazioaren arabera, eta, ondorioz, ez dutela eraginik Lurralde Historikoek mendiei eta baso-espazioei dagokienez dituzten eskumen pribatiboetan.

Ebazpen hau legeak agindu bezala jakinaraziko zaie aldeei, eta Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratuko da, eta azpian izenpetzen duten Batzordeko kideek adostu dute eta nik, idazkari naizenez, fede ematen dut.


Azterketa dokumentala