Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2003ko abenduaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
6677

AGINDUA, 2003ko azaroaren 20koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena. Honen bidez, laneko istripuen eta gaixotasunen parteak aurkezteko eta telematikaren bidezko tramitazioa egiteko prozeduraren irizpide orokorrak ezarri dira.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoko (Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua) 12.2. artikuluak, Konstituzioko 149.1.7. artikuluarekin bat etorrita, estatuaren lan-arloko legeak betearazteko eskumena esleitzen dio Euskal Autonomia Erkidegoari, gaur egun estatuaren esku dauden ahalmenak eta eskumenak bere gain hartuta; baita ere, Estatuaren goi-mailako ikuskaritzapean, lan-arloko legeak betearazteko estatuak dituen zerbitzuak antolatzeko, zuzentzeko eta babesteko ahalmena, eta, horretarako, lan-baldintzak gizartearen garapenaren eta aurrerapenaren mailara egoki daitezen ahalegindu behar da, langileen gaikuntza eta prestakuntza integrala sustatzen, Konstituzioko 40.2. artikuluak herri agintari guztiei lanaren segurtasuna eta higienea zaintzeko zuzendutako agintearen ondorio gisa.

Laneko arriskuei aurre egiteko langileen bizia eta osotasuna era egokian eta eraginkorrean babesteko behar diren neurriak arautzeko oinarrizko zutabea da Laneko Arriskuak Prebenitzeko azaroaren 8ko 31/1995 Legea. Lege horren helburu orokorraren barruan, berebiziko garrantzia du organo tekniko-zientifikoaren eta lan-arloko agintaritzaren bidez langileek lantokietan duten segurtasuna eta osasuna babestera zuzendutako lan-baldintzen hobekuntzaren sustapenak.

Azaroaren 8ko Legeko 6.1 g) eta 23.3. artikuluetan oinarrituta, gure ordenamendu juridikoak lan-baldintzen hobekuntzaren politika horren helburuak lortzeko ezarritako neurrietariko bat da, hain zuzen, Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileek eta laguntzaileek laneko istripuei eta gaixotasunei buruzko datuak lan-agintariei jakinaraztea, eta jakinarazpen hori ez da estatistika-lanabesa hutsa, baizik eta laneko istripuen etiologiaren berri izateko funtsezko baliabidea, istripuei aurre egiteko politika eraginkorragoak ezartzea ahalbidetzen duena.

Ildo horretan, hona prozedura honen arau-eremua: 1973ko urtarrilaren 22ko Agindua, laneko gaixotasunen parteak arautzen dituena; eta Lan Ministerioaren 1987ko abenduaren 16ko Agindua, laneko istripuak jakinarazteko ereduak ezartzen dituena; azken hori aplikatzekotzat jo zen azaroaren 8ko 31/1995 Legeko xedapen indargabetzaile bakarraren d) idatz-zatiaren arabera, eta eguneratu abenduaren 19ko TAS/2926/2002 Aginduaren bidez, zeinak laneko istripuak jakinarazteko eredu berriak ezarri eta prozedura elektronikoaren bidez transmititzea ahalbidetu baitzuen.

Aurkeztu beharreko agirien euskarriari dagokionez, gizarte moderno aurreratuetan gero eta gehiago orokortzen ari den bitarteko informatikoen erabileraren isla da, tresna horiek izugarri arintzen baitituzte komunikazio eta harreman mota guztiak.

Azaroaren 26ko Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 45. artikuluaren arabera, administrazio moderno batek dagozkien ekintza-arlo eta tramiteei egokitutako teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera sustatu behar du.

Laneko istripuen eta gaixotasunen jakinarazpenak informazioaren joan-etorri handia sortzen du Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaile eta laguntzaileen eta lan-agintaritzaren artean, eta arlo horretan berebiziko zentzua hartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak egindako ahaleginak, bai baliabide informatiko egokiak ezartzeko, bai bere langileei, administrazioko barruko jarduerari begira, behar besteko prestakuntza emateko, baita, kanpora begira, baliatzen ditugun aurrerapenak herritarrekiko komunikazio telematiko egokiaren bidez proiektatzeko ere, betiere komunikazio-sistema horrek eskaintzen dituen arintasuna, azkartasuna eta eraginkortasuna Administrazio Publikoarekiko harremanetan ezinbestez eskatu beharreko berme juridikoekin elkartuta.

Lehen aipatutako 45. artikuluko 4. paragrafoak azpimarratzen duenez, beharrezkoa da administrazio publikoek erabili beharreko programa eta aplikazio elektronikoak organo eskudunak aldez aurretik onartzea, eta programa eta aplikazio horien ezaugarrien berri ematea; eta hori horrela egin da, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko eta Ogasun eta Herri Administrazio Saileko organo eskudunek emandako ebazpen banaren bitartez.

Dena den, teknika moderno horien erabilerak berarekin batera dakar tramiteak behar besteko bermeaz egin daitezen bereziki zaintzea; horretarako, agindu honen bidez arautzen den komunikazio telematikoko sistemak ziurtagiri elektroniko batean oinarritutako sinadura elektronikoa hartzen du, baita teknika telematikoak erabiltzeak bermeak eta aplikatzekoak diren betebeharrak kalte ez ditzan ezinbestekoak diren prozeduraren kontuak ere; zehazkiago, Administrazioaren aurrean dagozkion idazkiak eta jakinarazpenak aurkeztu izana ziurtatzen duen ordainagiriaren emate-prozesua, jakinarazpen telematikoaren jarduera, arautzen da, eta, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko (azaroaren 26ko 30/1992 Legeko) 38. artikuluan ezarritakoari jarraiki, erregistratzeko izapidea eta erregistro telematiko bat sortzeko obligazioa eskatzen duen komunikazio bat da parteen euskarri telematikoren bidezko aurkezpena.

Azaldutakoarengatik, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea eta ezarpen-esparrua.

1.– Agindu honen helburua da laneko istripuen eta laneko gaixotasunen parteak aurkezteko eta telematikaren bidez tramitatzeko irizpide orokorrak ezartzea. Lehenak 1987ko abenduaren 16ko Lan Ministerioaren Aginduak, lan-istripuak jakinarazteko ereduak ezartzen dituenak, eta azaroaren 19ko TAS/2926/2002 Aginduak, laneko istripuak jakinarazteko eredu berriak ezarri eta beroiek prozedura elektronikoaren bidez transmititzea ahalbidetzen dituenak arautzen dituzte, eta bigarrenak, berriz, 1973ko urtarrilaren 22ko Aginduak. Zehazkiago:

a) Laneko istripuaren partea, medikuak emandako baja eta guzti.

b) Laneko istripuaren partea, medikuak emandako bajarik gabe.

c) Laneko gaixotasunaren partea.

2.– Laneko Istripu eta Gaixotasun Parteen Tramitazio Telematikoa (IGATT) izeneko aplikazio informatikoan sartuta egingo dira tramite horiek. Aplikazio hori honako helbide honetan dago: http://www.ej-gv.es. Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko eta Ogasun eta Herri Administrazioko Saileko organo eskudunek onartuko dituzte aipatutako aplikazioaren ezaugarri teknikoak. Aipatutako aplikazio informatikoaren bidez transmisio telematikoa egiteko baldintzak agindu hau garatzen dituen arauen bidez ezarriko dira.

2. artikulua.– Prozeduraren kontu orokorrak.

1.– Parteak aurkezteko baimena duten Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileek edo laguntzaileek telematikaren bidez aurkeztu beharko dituzte, agindu honetan eta berori garatzeko arauetan ezarritakoaren arabera.

2.– Agindu honetan zehaztutakoaren arabera telematikaren bidez egin daitezkeen tramiteetan sinadura elektroniko aurreratua erabiliko da. Sinadura hori ziurtagiri elektroniko onartu batean oinarrituta egongo da, eta sinadura elektronikoa sortzeko mekanismo seguru batek sortuko du, gaiari buruzko indarreko arauek xedatzen dutenaren arabera. Era horretan sortutako sinadura elektronikoak izango du, elektronika bidez jasotako datuen aldean, paperean jasotzen direnetarako idatzizko sinadurak duen balio berbera.

3.– Aurreko idatz-zatian ezarritakoaren kalterik gabe, berariaz aurreikusten den kasuetan, Administrazioak izango du, era berean, ez onartutako ziurtagiri elektronikoak erabiltzea, sinadura elektroniko aurreratuaren sorrera automatizatua egitea egon dadin. Administrazio-agirien egiazkotasuna eta osotasuna bermatuko du horrela sortutako sinadurak.

4– Aplikazio informatikoaren erabilerari dagokionez ondorengoak bermatu beharko dira:

a) Baimendutako pertsonei baino ez zaizkie aplikazioa erabiltzen eta bertan jasotako datuak eta informazioak eskuratzen utziko.

b) Datuen eta informazioen aldaketen edo galeren eta komunikazioen intertzeptazioen prebentzioa.

c) Prozesu informatikoen babesa, baimendu gabeko manipulazioen aurka.

5.– Agindu honetan ezarritakoak ez du jarduera administratiboei aplikatu behar zaien erregimen juridikoa aldatzen, tramitazio telematikoari dagozkion berezitasunak salbu.

6.– Teknika horiek erabiltzeak ez du ekarriko, inola ere, edozein motatako murrizketak edo bazterketak egotea herritarrek zerbitzu publikoak edo beste edozein jarduera edo prozedura administratibo eskuratzeko aukeran.

3. artikulua- Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileek eta laguntzaileek tramitazio telematikoan sartzea.

1.– Parteak aurkezten dituzten erakunde kudeatzaileek eta laguntzaileek onartutako ziurtagiri elektronikoa izan beharko dute, horretarako agindu hau aplikatzean ezartzen denaren arabera.

2.– Gainera, aplikazioa erabiltzeko alta eman beharko dute, eta, horretarako, agindu honetako eranskina behar bezala beteta aurkeztu beharko dute, bere izenean jarduteko baimenduta dauden pertsonak izendatuta, agindu honetan ezarritako ondorioetarako.

4. artikulua– Baliabide telematikoen bidezko jakinarazpenak.

1.– Lan-administrazioko agintaritzak interesdunei jakinarazpenak egiteko bide moduan baliabide telematikoak erabiltzeak bermatuko du, edozein kasutan bermatu ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 58. eta 59. artikuluetan ezarritako betebeharrak betetzen direla.

2.– Azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 59.3. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, interesdunarentzat datu-basean jakinarazpena zer egunetan eta zer ordutan dagoen eskuragarri grabatuta geratuko da datu-basean, eta, hala balegokio, interesdunak zein egunetan eta zein ordutan sartu den barrukoa ikusteko ere bai.

3.– Helbide elektronikoan sartu aurretik interesdunak identifikatu beharko du bere burua, eta, horretarako, dagokion ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du.

5. artikulua.– Agirien erregistro telematikoa.

1.– Erregistro telematiko bat sortu da, agindu honetan araututakoaren arabera telematikaren bidez tramitatu behar diren eskabide, idazki eta jakinazpenei sarrera eta irteera emateko, eta, edozein kasutan ere, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluan ezarritako betebeharrak bermatuko dira.

2.– Erregistro telematikoari esker, idazkiak eta jakinarazpenak urteko egun guztietan, edozein ordutan, aurkeztu ahalko dira.

Egun baliodunetan ezarritako epeak zenbatze aldera, idazki edo jakinarazpen bat egun baliogabe batean jasotzen bada, biharamuneko 24:00:01ean egin dela ulertuko da.

3.– Erregistro telematikoan egindako oharpenak informatika bidez erregistro orokorrean jasoko direla bermatuko da, indarreko arauetan xedatutakoaren arabera.

6. artikulua– Idazkiak eta jakinarazpenak aurkeztea.

1.– Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileek edo laguntzaileek aurkeztutako idazkiak edo jakinarazpenak aplikazioaren bidez jasotzeak edo Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko dagokion lurralde-ordezkaritzak jasotzea balio bera izango du, otsailaren 12ko 44/2002 Dekretuko 22.1.m) artikuluak ezarritakoaren arabera (dekretu horren bidez, aipatutako sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen da), eta aipatutako erakundeek beren funtzioei eta jarduerei dagozkien agiriak eskuratzen dituztela bermatuko da.

2.– Jasotzen den unean aurkeztu izanaren ziurtagiria erakutsiko zaio igortzaileari, eta horrek berori deskargatzeko eta gordetzeko aukera izango du. Erreziboan, agindu hau garatzeko arauetan definitutako ezaugarriak dituen ziurtagiri onartuarekin edo ez onartuarekin batera elektronikoki sinatuan, honako datuok jasoko dira: nortzuk diren igorlea eta hartzailea; sarrera-erregistroko zenbakia; tramitearen izena; eta zein egunetan eta zein ordutan aurkeztu zen.

7. artikulua.– Agiriak artxibatzea eta zaintzea.

1.– Teknika telematikoen bidez egindako dokumentuak mota bereko euskarrietan kontserbatuko dira, agiria sortutako formatu berean, edo agiri horiek erreproduzitzeko behar den informazioaren berdintasuna eta osotasuna ziurtatzen duen beste edozein formatutan.

2.– Agiriak biltzeko erabiltzen diren bitartekoek edo euskarriek agirien osotasuna, egiazkotasuna, kalitatea, babesa eta kontserbazioa bermatzen dituzten segurtasun-neurriak izan beharko dituzte. Bereziki ziurtatuko dira erabiltzaileen identifikazioa eta sarreren kontrola.

3.– Interesdunek euskarri elektroniko, informatiko edo telematikoetan bildutako agirietan sartzeak azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 35. eta 37. artikuluetan ezarritakoa beteko du, edo, hala balegokio, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, datu pertsonalak babesteari buruzkoa.

4.– Artxiboan baliabide telematikoaren bidez sartzea aurreko idatz-zatian ezarri moduan ahalbidetuko da, eta aurretik dagokion ziurtagiri elektronikoaren bidez identifikatu beharko da, Euskal Administrazioaren Zerbitzu Atarian prestatutako helbide elektronikoan sartuta ( www. ej-gv.net).

5.– Aipatutako euskarrietan bildutako agiriak dagokion administrazio-espedientearen parte izango dira, espedienteko gainerako jarduerekin batera, erabilitako euskarria edozein izanda ere, alegia: fisikoa edo telematikoa.

8. artikulua.– Euskarri telematikoaren lehentasuna.

Agiriak, idazkiak edo jakinarazpenak euskarri elektroniko, informatiko edo telematikoan eta, aldi berean, paperezko euskarrian jasoz gero, bertsio elektroniko, informatiko edo telematikoa baino ez da kontuan hartuko.

9. artikulua.– Datuen babesa.

Administrazioak agindu honen eremuan teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen erabiltzeak ordenamendu juridikoak ezarritako mugak izango ditu, eta bereziki abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan, datu pertsonalen datuak babestekoan, ezarritakoaren erabateko birtualtasuna bermatuko du.

ALDI BATERAKO XEDAPENA

Bakarra.– euren azpiegitura moldatzeari ekiteko, parteak aurkezteko baimena duten Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileek edo laguntzaileek aukeran izango dute telematikaren bidez aurkeztea edo ohiko aurkezpena egitea, agindu hau indarrean hasten denetik 2003ko abenduaren 31 bitartean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Eskumena ematen zaio Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeari agindu hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren ebazpenak emateko.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko azaroaren 20a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO

ERANSKINA: LAN SAILAREN AURREAN LANEKO ISTRIPUEN ETA GAIXOTASUNEN PARTEAK

TELEMATIKAREN BIDEZ AURKEZTEKO ORDEZKARITZA DUELA EGIAZTATZEN DUEN AGIRIA

Izena:	

NAN: 	

Jakinarazpenetarako helbidea:

Erakundea: (2) 	

Notario ahalordea: 	

Nongo Notariotza: 	

Notarioaren izena:	

Notario ahalordearen protokolo zenbakia: 	

Nongo Merkataritzako Erregistroan inskribatuta: ……………… Liburukia: ........... Folioa: ............ Orri zk.: .....

Inskripzioa: ...........…….....................

(honi erantsita ahalorde horren kopia doa). Nik, ondoko datuak dituen pertsona 				

KREDITATZEN DUT:

Izena:

Helbidea:

Sindikatua: (4) ......................................, telematika bidez, enpresetako eta administrazio publikoetako langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeei buruzko dokumentazioa

diezaion lan-agintaritzari, ziurtagiri digitalak eta horretarako Eusko Jaurlaritzak jartzen dituen sistema informatikoak erabiliz.

..............................……(a)n, 200......(e)ko

Era berean, azaroaren 26ko Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/92 Legeko 59. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, baimena ematen dut lan agintaritzaren jakinarazpenak bide hori bera erabiliz egin daitezen, Euskal Administrazioaren Zerbitzu Atarian (www.ej-gv.net).

Kreditazio honek balioa izango du lan-agintaritzari errebokaziorik aurkezten ez zaion bitartean.

……………………………………………… (e)n, .............(e)ko

Ziurtagiriaren titularraren sinadura 	Ziurtatzen duen ahaldunaren sinadura

(1) Erakunde kudeatzaile edo laguntzailean betetzen duen kargua.

(2) Erakunde kudeatzaile edo laguntzailearen izena.

(3) Erakunde kudeatzaile edo laguntzailean betetzen duen kargua.

(4) Erakunde kudeatzaile edo laguntzailearen izena.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana