Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

207. zk., 2003ko urriaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
5714

240/2003 DEKRETUA, urriaren 14koa, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki-kutxena.

Autonomia Estatutuko 10.26 artikuluarekin bat etorriz, kredituaren eta bankuen antolaketari buruzko oinarrien esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du aurrezki-kutxen arloan.

Eskumen horretaz baliatuz, bai eta kredituaren eta bankuen antolaketaren inguruan legeak garatu eta Estatuaren oinarriak exekutatzeko Euskal Autonomia Estatutuak aurreikusten duen Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki-kutxei buruzko 3/1991 Legea aldarrikatu zen, gero maiatzaren 7ko 3/2003 Legearen bidez aldatu zena.

3/2003 Legearen bidez egindako aldaketen ondorioz, eta Legeak berak garapena aurreikusten duenez, araua behar bezala aplika dadin, behar-beharrezkoa araua garatzea. Eta horixe da, beraz, Dekretu honen xedea.

Dekretuak 61 artikulu ditu honela banatuak: bost titulu, hiru xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bat.

I. tituluak hiru kapitulu ditu. Horietan aurrezki-kutxak sortzeari, bat egiteari, desegiteari eta likidatzeari buruzko alderdiak lantzen dira; era berean, baimen-araubidea ezartzen eta baimena eskuratzeko baldintzak ere zehazten dira.

II. tituluak bi kapitulu ditu. Hauek, hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxen Erregistroko egitura eta edukia eta Goi Karguen Erregistrokoak arautzen dituzte.

III. titulua hiru kapitulutan banatzen da. Horietatik lehenak administrazioaren baimena edo jakinarazpena behar duten kutxa-eragiketa zehatzak arautzen ditu. Bigarrenak emaitzen banaketari buruz dihardu eta, batik bat, ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obra aipatzen du. Hau dela eta, jarduera honen inguruko zuzentarauak ezartzea Eusko Jaurlaritzari dagokiola dio eta baimen-araubidea eta kudeatzeko moduak ezartzen ditu. Hirugarren kapituluan aurrezki-kutxek Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo eskudunari igorri behar dioten finantza- eta kudeaketa-informazioa biltzen da.

IV. tituluak, gobernu-organoei buruzkoak, lau kapitulu ditu. Lehenengoan hauteskunde-prozesuetan aplikatu beharreko printzipio orokorrak jasotzen dira, besteak beste, prozesuen hasiera eta iraupena, hauteskunde-batzordeari aplikatu beharreko araubidea eta hauteskunde-prozesuen babesa. Titulu honetako gainerako kapituluek Batzar Nagusia, Administrazio Kontseilua eta Kontrol Batzordea aztertzen dituzte, hurrenez hurren, eta horien xedea aurrezki-kutxetako gobernu-organoak hautatzerakoan zein horien jardueran gardentasun, demokratizazio eta independentziaren printzipioak betetzen direla bermatzea da.

Azkenik, V. tituluak bi kapitulu ditu. Lehenengoan dieta eta ordainsarien inguruko zenbait alderdi arautzen dira eta bigarrenean aurrezki-kutxen publizitateari buruzko kontrol- eta baimen-araubidea ezartzen da, bezeroen eskubide eta interesak babeste aldera.

Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren proposamenez, Aholku Batzorde Juridikoari entzunda eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko urriaren 14an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua. Dekretuaren xedea

Dekretu honen xedea azaroaren 8ko 3/1991 Legea garatzea da, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki-kutxei buruzkoa.

I. TITULUA.– SORTZEA, BAT-EGITEA, DESEGITEA ETA LIKIDATZEA
I. KAPITULUA.– SORTZEA

2. artikulua. Baimena

1. 3/1991 Legeko 4. artikuluko 1. idatz-zatian aipatzen den baimen-eskaerarekin batera honako agiriak aurkeztu behar dira:

a) Estatutuen eta hauteskunde-prozedurari buruzko erregelamenduaren proiektua.

b) Proiektuaren bideragarritasun-azterlana. Bertan honakoak zehaztuko dira: egin nahi den eragiketa-mota, administrazio- eta kontabilitate-antolaketa, barne-kontrolerako prozedurak eta kutxaren baliabide materialak eta giza-baliabideak.

c) Fundatzaileen identifikazioa eta horien inguruabar pertsonalak, bai eta hasierako patronatua eratuko duten kideenak ere.

d) Fundazio-kapitala dela eta, legez ezarritako gutxieneko zuzkidura-funtsa eratu izanaren egiaztapena. Bertan ekarritako ondasun eta eskubideak, horien balioaren justifikazioa eta ekarpenaren jabetzaren titulua, kargak eta izaera deskribatuko dira.

2. Ebazpenaren berri emateko epea sei hilabetekoa izango da gehienez.

3. Ebazpena arrazoitua izango da.

4. Ematen diren baimenak ezingo dira eskualdatu edo lagatu.

5. Baimena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean eta egoitza soziala kokatuko den lurralde historikoan gehien hedatuta dauden egunkarietan argitaratuko da.

3. artikulua. Estatutuen proiektua

Dekretu honetako 2. artikuluan, 1. idatz-zatiko a) letran aipatzen den estatutuen proiektuak, gutxienez, honako alderdiak jasoko ditu:

a) Kutxaren izendapena eta izaera.

b) Egoitza soziala eta jarduketa-eremua.

c) 3/1991 Legean 1. artikuluko 2. idatz-zatiak eta 2. artikuluko 1. idatz-zatiak aurrezki-kutxei ematen dizkieten xedeak eta helburua.

d) Gobernu-organoen egitura eta osaera, batez ere kide-kopuruari dagokionez; horiek hautatu eta izendatzeko, plaza hutsak betetzeko, organoak berritzeko zein kargutik kentzeko prozeduraren arauak.

e) Gobernu-organoen eta horiek eskuordetutako batzordeen zereginak eta funtzionamendua, batez ere, deialdiak egiteko baldintzak, bertaratze-quoruma eta erabakiak hartzeko beharrezko gehiengoak.

f) Lehendakaria hautatu, berritu nahiz kargutik kentzeko modua, bai eta horren eta zuzendari nagusiaren zereginak ere.

g) Ekonomi ekitaldiaren itxiera-eguna.

h) Gaindikinen aplikazioa edo erabilera.

i) Likidatuz gero, gerakinaren aplikazioa edo erabilera.

4. artikulua. Fundazio-eskritura

1. Estatutuak eta erregelamenduak onetsi eta baimena eman ondoren, fundazio-eskritura emango da. Bertan honakoak jasoko dira gutxienez:

a) Fundatzaileen identifikazio-datuak eta inguruabar pertsonalak.

b) Aurrezki-kutxa indarreko xedapenekin bat etorriz eratzen dutelako berariazko adierazpena.

c) Kutxa eraenduko duten estatutuak. Hauetan, gutxienez, estatutuen proiektuko alderdi berak eta hauteskunde-prozedurari buruzko erregelamendua jasoko dira.

d) Hasierako zuzkidura-funtsa. Era berean, hori osatzen duten ondasun eta eskubideak, horien jabetza-titulua, kargak eta ekarpenaren izaera ere deskribatuko dira.

e) Fundazioaren hasierako patronatua osatuko duten pertsonak eta patronatu horrek izendatutako administrari orokorra.

2. Fundazio-eskritura eta aurrezki-kutxaren eraketa Merkataritza Erregistroan inskribatu izanaren egiaztagiria Ogasun eta Herri Administrazio Sailean aurkeztu beharko dira gehienez ere sei hilabeteko epean, baimena jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita. Aurrezki-kutxa baimenean ezarritako baldintzetara egokitzen dela egiaztatu ondoren, ofizioz Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxen Erregistroan inskribatuko da.

3. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxen Erregistroan inskribatzen den unetik kutxak nortasun juridikoa izango du eta bere jarduerei ekin ahal izango die.

5. artikulua. Baimena iraungi eta baliogabetzea

1. Baimena iraungi egingo da horren berri izan eta hurrengo hamabi hilabeteetan sozietatearen helburu diren jarduera zehatzei ekiten ez bazaie.

2. Aurrezki-kutxa bati ematen zaion baimena honako kasuetan baliogabetu ahal izango da:

a) Baimenari berariaz uko egiten bazaio;

b) Sei hilabetetan zehar helburu dituen jarduera zehatzak izatez eteten baditu;

c) Baimena adierazpen faltsuen bidez edo, dagokion administrazio-prozedura edo prozedura judizialak halaxe egiaztatuta, arauz kontrakoa den beste bitartekoren bat erabiliz lortu bada;

d) Baimenean jasota dauden baldintzak betetzen ez badira.

e) Funts propio nahikoak ez baditu edo hartzekodunekiko dituen betebeharrak bete ahal izateko bermerik ematen ez badu; eta, zehazki, bere esku utzi diren funtsen segurtasuna bermatzen ez badu; eta

f) Indarreko araudian oso larritzat jotzen diren arau-hausteetan erortzearen ondorio zehapena jaso badu.

II. KAPITULUA.– BAT-EGITEA

6. artikulua. Bat-egite proiektua

Bat egin nahi duten aurrezki-kutxa bakoitzeko administrazio-kontseiluak bat-egite proiektua onetsi beharko du. Bertan honako alderdiak zehaztuko dira gutxienez:

a) Parte hartzen duen kutxa bakoitzaren izendapena, egoitza eta Merkataritza Erregistroan nahiz dagozkien administrazio-erregistroetan inskribatu izanari buruzko datuak, bai eta bat-egitearen ondorioz sortutako kutxaren izendapena eta helbidea ere.

b) Kutxa berriaren fundazio-eskritura prestatzeko proiektua. Bertan estatutuen eta hauteskunde-prozedurari buruzko erregelamenduaren proiektuak jasoko dira; xurgapena bada, ordea, kutxa xurgatzailearen estatutuetan eta hauteskunde-prozedurari buruzko erregelamenduan egingo diren aldaketen testu osoa bilduko da.

c) Parte hartzen duen kutxa bakoitzeko administrazio-kontseiluaren txostena. Bertan honakoen berri emango da: bat-egitearen justifikazio ekonomikoa; izan duen partaidetza; proiektuaren bideragarritasuna; egitura tekniko, finantzario eta administratibo berria; sortuko den kutxaren estrategia-programa berria; laneko plantillen integrazioa; eta ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obren jarraipena.

d) Bat-egite prozesua koordinatzeko izendatzen diren organoen osaera eta funtzionamendu-araubidea, eta zeregin horretan horiei nahiz pertsonei ematen zaizkien ahalmenak.

e) Bat-egitearen ondorioz sortutako kutxako gobernu-organoen osaera 3/1991 Legeko 9. artikuluan, 2. idatz-zatian, ezartzen den igaroaldirako.

f) Kutxa bakoitzaren bat-egite balantzeak eta bat-egitearen ziozko balantzea guztira. Era berean, onetsi eta ikuskatu zen azken balantzearekiko sortu ahal izan diren balio-diferentziak adierazi eta justifikatuko dira.

g) Desagertzen diren kutxetako eragiketak zein egunetik aurrera jotzen diren ondarearen jabe berria izango den kutxaren ardurapekoak.

h) Bat-egite akordioaren proiektua; dagokion batzar nagusiaren onespena jaso beharko du.

7. artikulua. Baimena

1. 3/1991 Legeko 7.1 artikuluan aipatzen den baimena eskuratzeko, bat egitea helburu duten kutxek honako agiriak aurkeztu beharko dituzte beren eskabidearekin batera:

a) Bat-egitean parte hartzen duen kutxa bakoitzeko batzar nagusiaren akordioa.

b) Bat-egite proiektua.

c) Parte hartzen duen kutxa bakoitzean indarrean diren estatutuak eta hauteskunde-prozedurari buruzko erregelamenduak; era berean, azken hiru urteetako urteko kontuak eta kudeaketa-txostenak, kontu-ikuskariek egindako txostenekin batera.

d) Merkataritza-erregistradoreak izendatzen dituen bi aditu edo gehiagok egindako txostena, bat-egite proiektuari eta bat egiten duten kutxek ekarritako ondareari buruzkoa.

2. Ebazpenaren berri emateko epea sei hilabetekoa izango da gehienez.

3. Ebazpena arrazoitua izango da.

4. Baimena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Lurralde Historikoetako aldizkari ofizialetan eta euren egoitza soziala duten lurralde historikoetan gehien hedatutako egunkarietan argitaratuko da.

III. KAPITULUA.– DESEGITEA ETA LIKIDATZEA

8. artikulua. Desegitearen arrazoiak

Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten aurrezki-kutxak honako arrazoiak direla medio desegingo dira:

a) Batzar Nagusiak hala erabakitzen badu.

b) Baimena iraungi edo baliogabetzen bada.

c) Estatutu edo legeek ezartzen dituzten beste arrazoi batzuek eraginda.

9. artikulua. Desegite- eta likidatze-akordioen berrespena

1. Aurrezki-kutxak desegin eta likidatzeko akordioak berreste aldera, desegin nahi duen kutxak eskabidearekin batera honako agiriak aurkeztu beharko ditu:

a) Desegite hori erabaki duen Batzar Nagusiaren akta.

b) Erabaki hori hartu aurreko hilabeteari dagozkion kontabilitate-egoerak.

2. Ebazpenaren berri emateko epea sei hilabetekoa izango da gehienez.

3. Gerakina kutxako estatutuek xedatzen dutenari egokituta emango da; edonola ere, kutxari dagozkion ongintzarako eta gizarte-ekintzetarako obrak mantentzen direla bermatuko da.

4. Aurrezki-kutxak desegin eta likidatzeko akordioen berrespena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Estatuko Aldizkari Ofizialean, dagokion Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean eta sozietateak egoitza duen lurralde historikoan gehien hedatuta dauden egunkarietan argitaratuko da.

II. TITULUA.– ERREGISTROAK
I. KAPITULUA.– EUSKAL AUTONOMIA

ERKIDEGOKO AURREZKI KUTXEN ERREGISTROA

10. artikulua. Egitura

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxen Erregistroa bi ataletan banatuko da:

a) Lehenengo atala: egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten aurrezki-kutxak inskribatuko dira bertan. Era berean, garatzen duten ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obra guztiz edo partzialki kudeatzen duten erakundeen izenak.

b) Bigarren atala: egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo izanik, bertan bulegoak dituzten aurrezki-kutxen datuak jasoko dira.

11. artikulua. Edukia

1. Lehenengo atalean 3/1991 Legeko 11. artikuluan, 1. idatz-zatian, aipatzen diren datuak jasoko dira, bai eta kutxak ireki edo isten dituen bulego eta agentziei buruzkoak ere. Era berean, bere ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obra guztiz edo partzialki kudeatzen lagundu eta egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten aurrezki-kutxen erakundeak aipatuko dira.

1.1. Estatutu eta erregelamenduetako aldaketak erregistroan inskribatzeko honakoak ekarri beharko dira:

a) Aldaketa egitea erabaki den batzarreko akta.

b) Estatutu eta erregelamendu berriak, hala badagokio, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak agindutako aldaketekin.

1.2. Bat-egite baimenak erregistroan inskribatzeko honakoak ekarri beharko dira:

a) Bat-egite akordioa eta eskritura.

b) Emaitzazko kutxaren estatutuak eta erregelamenduak.

1.3. Desegite- eta likidatze-berrespenak erregistroan inskribatzeko honakoak ekarri beharko dira:

a) Jarduera etetea erabaki den batzarreko akta.

b) Likidatze-batzarreko kideen identifikazioa.

c) Azken likidazio-balantzea.

1.4. Ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obra guztiz edo partzialki kudeatzen duten erakundeak inskribatzeko honakoak ekarri beharko dira:

a) Erakundearen izendapena.

b) Egoitza soziala.

c) Fundatzaileen identitatea.

d) Fundazio-eskritura publikoa eta horren aldaketak Fundazioen Erregistroan inskribatu izanari buruzko egiaztagiria.

e) Gobernu-organoa osatzen duten kideen zerrenda, horiek izendatu zireneko eguna eta kargua utzi behar dutenekoa.

f) Gerentea edo antzekoa eta ahaldunak izendatu zireneko eguna eta horiek kargua utzi behar dutenekoa; eman zaizkien ahalmenak ere zehaztuko dira.

1.5. Zehapenak inskribatzeko honakoak ekarri beharko dira:

a) Zehapen hori jarri duen administrazio-ebazpeneko xedapenen zatia.

b) Zehapena jarri duen agintaritza.

c) Jarri den eguna.

2. Bigarren atalean, honakoak jasoko dira:

a) Kutxaren izendapena.

b) Egoitza soziala.

c) Estatutuak eta hauteskunde-prozedurari buruzko erregelamendua eta hauetan egindako aldaketak.

d) Euskal Autonomia Erkidegoan ireki eta itxi diren bulego eta agentziei buruzko datuak.

e) Kutxari jarri zaizkion zehapenak, aurreko 1.5 idatz-zatian aipatutako baldintza berdinetan.

II. KAPITULUA. – GOI-KARGUEN ERREGISTROA

12. artikulua. Egitura

Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten Aurrezki Kutxetako Goi Karguen Erregistroak inskripzio-liburu bat izango du kutxa bakoitzerako. Liburu bakoitza lau ataletan banatuko da eta hauetan honakoa jasoko da, hurrenez hurren: Batzar Nagusian, Administrazio Kontseiluan, Kontrol Batzordean eta Zuzendaritza Nagusian karguren bat duten pertsonei buruzko informazioa.

13. artikulua. Edukia

Goi Karguen Erregistroan honako informazio hau jasoko da, gutxienez:

a) Kutxetako gobernu-kontseiluan karguren bat duten pertsonen zerrenda, bai eta Zuzendari Nagusi edo antzekoaren kargua dutenena ere.

b) Aurrezki-kutxaren egiaztagiria, kargurako betekizunak betetzen direla eta bateraezintasun edo mugapenik ez duela agertzen duena.

c) Administrazioko arau-hausteak egin dituztenei jarritako zehapenak.

III. TITULUA.– INBERTSIOAK ETA HEDAPENA, EMAITZEN ETA INFORMAZIOAREN BANAKETA
I. KAPITULUA.– INBERTSIOAK ETA HEDAPENA

14. artikulua. Eragiketak baimentzea

1. Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten aurrezki-kutxak ezer egiten hasi aurretik Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren baimena behar dute, honakoak garatzeko:

a) Beste erakunde batzuen kapitalean zuzenean nahiz zeharka parte hartzeko, edota beste aurrezki-kutxa batzuen partaidetza-kuotak harpidetzea, baldin eta, aurkeztutako azken aitorpenaren arabera, banaka nahiz guztiz kutxako baliabide konputagarrien %5 gainditzen badute.

b) Beste erakunde batzuen kapitalean zuzenean nahiz zeharka parte hartzea, baldin eta partaidetutako baltzuari dagokion kapital sozialaren %50 gainditzen badute edo, muga hori gainditu ez arren, kutxak administrazio-organoari dagozkion boto-eskubide gehienak izatea badakarte.

c) Administrazio Kontseiluko mahaikideei nahiz hauen ezkontide edo izatezko bikoteei eta odol-ahaidetasunezko bigarren mailara arteko aurreko edo ondorengo ahaideei kreditu, abal edo bermeak emateko; halaber, banaka edo batera pertsona horiek kapitalaren partaide nagusi diren sozietateei edo lehendakari, kontseilari, gerente, zuzendari nagusi edo antzeko karguren bat duten sozietateei kreditu, abal edo bermeak emateko.

Berme erreal nahikoa aurkeztuz gero, ez da baimenik eskatu beharko etxebizitza eskuratzera bideratzen diren kreditu, abal eta bermeak emateko. Langileen ordezkariei ere ez zaie alderdi hau aplikatuko; izan ere, hauek lan-hitzarmenetan ezarritakoari jarraiki eskuratu ahal izango dituzte kredituak, Kontrol Batzordeak txostena egin ondoren.

d) Kutxak eta aurreko c) idatz-zatian aipatzen diren pertsona edo sozietateek beren jabetzakoak diren edo horiek jaulkitzen dituzten ondasun edo baloreak salerosteko; halaber, aurreko c) idatz-zatian aipatutako pertsonak kapitalean partaide nagusi diren sozietateekin obra-, zerbitzu- edo hornidura-kontratuak formalizatzeko.

e) Pertsona edo talde ekonomikoren bati kredituak edo beste mota bateko arriskuak emateko, kutxarekiko duen arrisku-bolumenak kutxako baliabide propio konputagarrien %20 gainditzen duenean.

2. Ebazpenaren berri emateko epea hamabost egunekoa izango da gehienez.

15. artikulua. Bulegoak ireki eta istea

1. Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten aurrezki-kutxek hamabost eguneko epea izango dute bulegoak ireki eta itxi izanaren berri emateko.

2. Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo duten aurrezki-kutxek hamabost eguneko epea izango dute Ogasun eta Herri Administrazio Sailari Euskal Autonomia Erkidegoan bulegoak ireki eta itxi izanaren berri emateko.

3. Jakinarazpena jaso ondoren, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxen Erregistroan barneratuko ditu datu horiek.

4. Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten aurrezki kutxek bostehun biztanle baino gutxiago dituzten herrigune edo udalerrietan bulegoak ireki edo itxi nahi izanez gero, aurretik Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren txostena beharko dute. Bulego horiek itxi ahal izateko, lehendik Batzar Nagusiaren berariazko onespena beharko da.

II. KAPITULUA.– EMAITZEN BANAKETA

16. artikulua. Emaitzen banaketa eta ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obra

1. Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten aurrezki-kutxek erreserbak eratu, ongintzarako eta gizate-ekintzarako obrak egin eta, hala badagokio, partaidetza-kuotak ordaintzeko erabiliko dituzten xedapen libreko gaindikinak.

2. Jarraian datorren 3. idatz-zatian aipatzen den Batzar Nagusia ospatu baino hamabost egun lehenago, egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten aurrezki-kutxek Ogasun eta Herri Administrazio Sailari jada Administrazio Kontseiluak onartu dituen agiri hauek igorriko dizkiote: aurreko ekitaldiko emaitzak banatzeari buruzko proposamena, ekitaldi honetako ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obraren aurrekontu-proiektua eta aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazio-proposamena, bai eta, hala badagokio, obra kudeatzen duten erakundeena ere. Agiri hauek Batzar Nagusian aurkeztuko dira ondoren, ones ditzan.

3. Emaitzak banatzeko proposamena, ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obraren aurrekontua eta aurreko ekitaldiari dagokion aurrekontuaren likidazioa onesten dituen Batzar Nagusia ospatu eta hurrengo hamabost egunen buruan, aurrezki-kutxek erabaki horiek onesteko eskatuko diote Ogasun eta Herri Administrazio Sailari. Ebazpenaren berri emateko epea hilabetekoa izango da gehienez.

Lehen atala.– Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten aurrezki-kutxen ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obra

17. artikulua. Ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obraren inguruko gida-ildoak

Eusko Jaurlaritzak, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak hala eskatuta eta aurrezki-kutxak entzun ondoren, ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obraren inguruko ildoak ezarriko ditu. Bertan gabeziak eta lehentasunak aipatuko ditu, betiere aurrezki-kutxei askatasuna emanez zein jarduera abiarazi erabakitzeko.

18. artikulua. Ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obra-motak

1. Aurrezki-kutxek bakarka nahiz beste erakunde batzuekin lankidetzan garatuko dute ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obra.

2. Ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obra propioa izango da aurrezki-kutxak soilik kudeatu eta finantzatzen duen jarduera-multzoa.

3. Lankidetzan garatzen den ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obra izango da beste erakunde edo pertsona fisiko zein juridikoekin batera egiten den jarduera-multzoa. Jarduera hauetan kutxak modu ezberdinetan har dezake parte, alegia, ondasun edo eskubideak ekarriz, zerbitzuak eskainiz, inbertsioak eginez edo higiezinak lagaz.

19. artikulua. Kudeaketa-moduak

1. Aurrezki-kutxek ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obra zuzenean nahiz zeharka (horretarako sortutako fundazioen bidez) egin dezakete. Aurrezki-kutxek ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obra kudeatu eta administratzeko bakarka nahiz erakunde laguntzaileekin batera era ditzaketen fundazio edo patronatuen estatutuek, eta hauetan egindako aldaketek, Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren baimena beharko dute aldez aurretik.

2. Aurrezki-kutxek bakarka nahiz beste erakunde batzuekin lankidetzan garatuko dute ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obra.

3. Lankidetzan garatzen den ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obra helburu horrekin sinatutako hitzarmen zehatzen bidez formalizatuko da. Hitzarmen horiek, batetik, aurrezki-kutxek edo ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obra kudeatzen duten erakundeek sinatuko dute, eta, bestetik, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek.

20. artikulua. Ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obraren aurrekontua

1. Administrazio Kontseiluak, edo hala badagokio ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obra kudeatzen duen erakundeak, urtero ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obraren aurrekontua prestatuko du. Aurrekontu hori Batzar Orokorraren onespena izan duten urte anitzeko plan estrategikoen barruan koka daiteke.

2. Ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obraren aurrekontuan ekitaldi bakoitzean aurreikusten diren sarrerak eta gastuak adieraziko dira bereiz.

3. Sarreren aurrekontuan, batetik, aurreko ekitaldikoak jarriko dira eta, bestetik, ekitaldi horretakoak. Era berean, azken hauen artean zuzkiduretatik datozenak, ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obraren aktibo edo jardueretatik datozenak eta hirugarrenen diru-laguntza edo ekarpenetatik etorritakoak bereiziko dira.

4. Ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obraren gastuei buruzko urteko aurrekontuan, lehenik, abian diren proiektuak aipatuko dira eta, ondoren, ekitaldian zehar hasiko diren gainerako proiektuak.

Aurrekontuan barneratzen den proiektu berri bakoitzarekin batera proiektuaren interes eta gizarte-onurei buruzko adierazpen-memoria aurkeztu beharko da. Memoria honetan, gutxienez, honako datuak jasoko dira:

a) Proiektuaren identifikazioa, gastuaren izaera eta xedeari jarraiki.

b) Proiektuaren gastua urteko bakarrari edo segidako urteko ezberdinei ote dagokien, edota aldi baterako gastu mugagabea den zehaztuko da.

Baliabideak erabiltzearen eta horien emaitzen eraginkortasuna ikusten uzten diguten adierazleak.

Proiektua propioa edo lankidetzan egindakoa ote den.

Gastuen aurrekontuan, batetik, ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obra administratzeko eta, bestetik, berau kudeatzeko direnak bereiziko dira.

5. Ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obra kudeatzen duten erakundeen urteko aurrekontua prestatu duen aurrezki-kutxako Administrazio Kontseiluari igorriko zaio. Hala badagokio, Batzar Nagusiak onetsi egingo du eta erakundea mantentzeko beharrezko zuzkidura finkatuko du.

21. artikulua. Aurrekontu-aldaketak

1. Batzar Nagusiak, zuzenean nahiz erakunde baten bidez kudeatutako ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obraren urteko aurrekontua onesten duenean, Administrazio Kontseiluari baimena eman ahal izango dio aurrekontua gauzatzerakoan partidak birbanatzeko, obren inbertsioak edo mantentze-gastuak baloratzeko aurreikuspenetan aldaketak gertatzen badira. Aldaketa hauek ezingo dute urteko aurrekontuaren %10 gainditu.

2. Era berean, Batzar Nagusiak, zuzenean nahiz erakunde baten bidez kudeatutako ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obraren urteko aurrekontua onesten duenean, Administrazio Kontseiluari baimena eman ahal izango dio aurrekontua gauzatzerakoan bertan adierazten ez den beste obra edo jardueraren bat egiteko. Edonola ere, obra edo jarduera hauen kopuruak ezingo du urteko aurrekontuaren %10 gainditu.

22. artikulua. Ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obrari dagokion aurrekontuaren likidazioa

1. Administrazio Kontseiluak ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obraren aurrekontua gauzatzearen berri emango du. Bertan ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obraren txostena barneratuko da, bai eta aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazio-proposamena ere, Batzar Nagusiak eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailak onetsi beharko dutena.

2. Ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obra kudeatzeari buruz Administrazio Kontseiluak egindako txostenean jardueraren bilakaera eta egoera fidelki agertu beharko ditu. Era berean, ekitaldia itxi ondoren ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obran izan diren gertaera esanguratsuenen berri emango du, bai eta obrak ustez izango duen bilakaeraren berri ere.

3. Likidazioan gastu eta sarrera guztiak proiektuka eta ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obra kudeatu eta administratzeko moduaren arabera banakatuko dira eta gertatutako desbiderapenak aztertuko dira.

4. Ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obra kudeatzen duten erakundeei dagokien urteko aurrekontuaren likidazioa obra hori garatzen duen aurrezki-kutxako Administrazio Kontseiluari igorriko zaio, bertako Batzar Nagusiak beraren berri izan eta, hala badagokio, ones dezan.

23. artikulua. Gerakina

Gerakina izango da ongintzarako eta gizarte-ekintzarako aurrekontuari dagokion konprometitu gabeko zatia. Gerakinaren zenbatekoak guztira ezingo du ekitaldiari dagokion urteko aurrekontuaren %20 gainditu, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak berariazko baimena eman ezean.

Bigarren atala.– Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo duten aurrezki-kutxen ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obra

24. artikulua. Kuantifikazioa eta informazioa

Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo izan arren bertan jarduten duten aurrezki-kutxek Autonomia Erkidegoan bertan garatzen duten ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obrari dagozkion gastu eta inbertsioak egingo dituzte. Hauen zenbatekoa ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obrari dagokion aurrekontuaren zati bat izango da, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoan kutxako guztizkoarekiko eskuratu dituzten besteren baliabideen araberakoa.

Aurrezki-kutxa horiek urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan honako informazioaren berri eman beharko diote Ogasun eta Herri Administrazio Sailari:

a) Kutxan dauden besteren baliabide guztien urteko bolumena.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan eskuratu dituen besteren baliabideen urteko bolumena.

c) Urte bakoitzean ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obrari dagokion urteko aurrekontu guztiaren zenbatekoa.

d) Euskal Autonomia Erkidegoan egin beharreko ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obrari dagokion urteko aurrekontu guztiaren zenbatekoa.

e) Euskal Autonomia Erkidegoan egin beharreko ongintzarako eta gizarte-ekintzarako obrari dagokion aurrekontuaren likidazioa, aurreko ekitaldikoa.

III. KAPITULUA.– INFORMAZIOA

25. artikulua.– Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten aurrezki-kutxek igorri beharreko informazioa

1. Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten aurrezki-kutxek epe eta baldintza berak izango dituzte Ogasun eta Herri Administrazio Sailari honakoak helarazteko: Espainiako Bankura nahitaez igorri beharreko informazioa eta Sail horrek beren jarduera, kudeaketa eta egoera ekonomikoari buruz eskatzen dizkien beste informazio eta agiri.

2. Seihileko natural bakoitza amaitu eta hurrengo hilean aurrezki-kutxek Kontrol Batzordearen bidez Ogasun eta Herri Administrazio Sailera kutxa kudeatzeari buruzko txostena igorriko dute eta bertan 3/1991 Legeko 17. artikuluak ezartzen dituen helmen-eremua eta gutxieneko edukia adierazi beharko dira. Ogasun eta Herri Administrazio Sailak kudeaketa-txosten horren helmen-eremua eta edukia zehaztu ahal izango ditu.

3. Urtero, aurrezki-kutxek kutxaren gobernu-txostena egingo dute eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailak urteko lehen hiruhilekoan izango du honen berri. Txosten honek kutxako gobernu-sistemaren egitura eta praktikan duen funtzionamendua zehatz-mehatz agertuko ditu.

Edonola ere, gobernu-txostenak gutxienez honakoak jasoko ditu:

a) Kutxaren administrazio-egitura;

b) Zergapeko eragiketak eta taldebarneko eragiketak;

c) Arriskuak kontrolatzeko sistema; eta

d) Gobernu-organoen funtzionamendua.

Txostena argitaratu egingo da eta Batzar Nagusian ordezkari diren guztien eskura egongo da.

Ogasun eta Herri Administrazio Sailak gobernu-txostenaren helmen-eremua eta edukia zehaztu ahal izango ditu.

26. artikulua.– Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo duten aurrezki-kutxek igorri beharreko informazioa

Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo izan arren bertan bulegoak dituzten aurrezki-kutxek Autonomia Erkidegoan garatzen dituzten jarduera eta eragiketei buruz eskatzen zaien beste informazio igorri beharko dute Ogasun eta Herri Administrazio Sailera.

IV. TITULUA.– GOBERNU-ORGANOAK ETA

HAUTESKUNDE-PROZESUAK

I. KAPITULUA.– PRINTZIPIO OROKORRAK

27. artikulua. Hauteskunde-prozesuen hasiera

1. Administrazio Kontseiluak erabakiko du gobernu-organoetako kideak hautatu eta izendatzeko prozesuak noiz hasiko diren. Erabakia Kontrol Batzordeko lehendakariari eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailari jakinaraziko zaie, hartu eta hurrengo hiru egunen barruan.

2. Aurreko idatz-zatian aurreikusitakoa beteko ez balitz, Kontrol Batzordeak dagozkion betebeharrak bete ditzala eskatuko dio Administrazio Kontseiluari eta honen berri emango dio Ogasun eta Herri Administrazio Sailari.

3. Hauteskunde-prozesua hasteko erabakia Administrazio Kontseiluari jakinarazi ondoren, Kontrol Batzordeak hamar eguneko epea izango du bilkura egin eta Hauteskunde Batzorde gisa eratzeko. Egun horretatik aurrera hasiko da gobernu-organoetako kideak hautatu eta izendatzeko prozesua. Bilkura horretan hauteskunde-egutegia onetsiko da.

4. Egutegi honetan hauteskunde-prozesuetako ekintza guztiak zehaztuko dira eta erreklamazio posibleak egiteko epean aurreikusiko dira. Hauteskunde-prozesua hasten den egunetik amaitzen denera bitartean gehienez ere lau hilabeteko epea egongo da. Batzar Nagusiak kargua utzi behar dutenen agintaldia amaitzean ospatuko du gobernu-organoetako kide berriak izendatzeko bilkura.

5. Hauteskunde Batzordeari dagokio hauteskunde-egutegian ezarritako epeak betetze aldera hauteskunde-prozedurako fase ezberdinak behar bezala egiten direla zaintzea, bai eta hauteskunde-prozesuak erregulatzen dituen araudia betetzen dela zaintzea ere.

28. artikulua. Hauteskunde-prozesua babestea

1. Ogasun eta Herri Administrazio Sailak hauteskunde-prozesuari buruzko oinarrizko agiriak egoki eginda daudela egiaztatuko du eta 3/1991 Legean, dekretu honetan eta estatutuetan zein hauteskunde-prozesuari buruzko erregelamenduetan aurreikusten diren hauteskunde-prozesuko arauak betetzen dira zainduko du. Hala badagokio, arlo honetan indarreko arautegian ezartzen diren zehapenak jarriko ditu, zehapen oso larriak izan ezik, hauek Gobernu Kontseiluari baitagozkio.

2. Hauteskunde Batzordeko lehendakariak Ogasun eta Herri Administrazio Sailari jakinaraziko dizkio hauteskunde eta izendapenen emaitzak. Halaber, aplikatzen den arautegiarekin bat etorriz beharrezkoak diren bestelako jakinarazpenak ere egingo ditu, hamar eguneko epean, sortzen diren egunaren biharamunetik zenbatzen hasita. Epe berean, gobernu-organoetan gerta daitezkeen kargu-uzte eta ordezkapenen berri ere emango du.

3. Ogasun eta Herri Administrazio Sailak, Hauteskunde Batzordeak hala proposatuta, hauteskunde-prozesua hastea, bertan behera uztea edota guztiz zein partzialki etetea erabaki dezake aplikagarria den arautegia betetzen ez dela edo hauteskunde-prozesuaren garapenean eragina duten bestelako gorabeherak daudela antzematen badu.

4. Hauteskunde Batzordeak ebatziko ditu gobernu-organoetako hauteskunde-prozesuekin erlazionatutako erreklamazioak.

II. KAPITULUA.– BATZAR NAGUSIA

Lehen atala.– Xedapen orokorrak

29. artikulua. Prozesuetako oinarrizko dokumentazioa eta erreferentzi datak

1. Aurrezki-kutxek hauteskunde-prozesuetako oinarrizko dokumentazioa prestatuko dute. Honakoa izango da: 3/1991 Legean eta dekretu honetan aipatu bezala, ezarle, bulego eta udalerrien zerrendak, gordailuak, biztanle kopurua eta mugapeak; bai eta hauteskunde-prozesua behar bezala gara dadin beharrezkoa den beste edozein datu ere. Datu hauek hauteskunde-prozesua hasi aurreko hilaren azken egunekoak izango dira.

2. Ezarleen zerrenda kontu-zerrendan oinarrituz prestatuko da. Ezarleak behin baino ez dira agertuko, titulartzat dituzten kontuen kopurua edozein dela ere. Ezarleen zerrendan hautagarritasun-betekizunak betetzen dituzten eta, indarreko arautegiaren arabera, bateraezintasun-egoeran ez dauden ezarleak aipatuko dira. Ezarleen zerrenda probintzi, lurralde historiko, eskualde edo hiriburu-barrutika egingo da, edota estatutuek zein hauteskunde-prozedurari buruzko erregelamenduek zehazten dituzten beste mugape batzuen arabera.

3. Bulegoen zerrenda udalerrika egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxen Erregistroan ziurtagiria eskatuko da. Era berean, zerrenda horretan udalerri bakoitzean dauden bulego guztietako ezarleen kopurua adieraziko da. Hauteskunde-prozesua hasi eta hamar eguneko epean, bulegoen zerrenda udalerrika bertan aipatzen diren udal-korporazio guztiei helaraziko zaie, 3/1991 Legeko 38. artikuluan, 4. idatz-zatiko a) letraren lehen paragrafoko azken intzisoak aurreikusten duen taldekatzeko aukeraren ondoreetarako.

4. Aurrezki-kutxetako gordailuak onetsitako azken balantzekoak izango dira eta autonomia-erkidego bakoitzari bere lurralde-eremuan dauden bulegoei dagozkienak emango zaizkio.

5. Autonomia-erkidegoetako biztanleen kopurua eskura dagoen azken errolda ofizialekoa izango da, Estatistikako Institutu Nazionalak prestatua.

6. Aurrezki-kutxek aurreko idatz-zatietan aipatzen den oinarrizko dokumentazioa helaraziko dioten Hauteskunde Batzordeari hau eratzen den egunean.

30. artikulua. Hautaketak eta zozketak

1. Ezarle eta langileen ordezkaritzan jardungo duten kontseilari orokorrak lau urtean behin hautatuko dira.

2. Lau urtean behin zehaztuko dira 3/1991 Legeko 38. artikuluan, 4. idatz-zatiko a) letran, aipatzen diren kontseilari orokorrak izendatuko dituzten udalerriak, eta udalerri edo udalerri-multzo bakoitzak izendatu beharreko kontseilu orokorren kopurua eta ordena.

3. Lau urtean behin zehaztuko dira, baita ere, 3/1991 Legeko 38. artikuluan, 4. idatz-zatiko b) letran, aipatzen diren kontseilari orokorrak izendatzeko udalerriak eta horiek izendatzeko ordena.

4. Batzar Nagusia osatuko duten kideak zehazteko zozketak notario aurrean ospatuko dira.

31. artikulua. Agintaldiaren iraupena eta berrautapena

Kontseilari orokorren agintaldiak lau urte iraungo ditu eta 3/1991 Legeko 41. artikuluko 1. eta 4. idatz-zatiek ezartzen dituzten baldintzetan berrautatu ahal izango dira.

32. artikulua. Errebokaezintasuna

Kontseilari orokorren izendapena ezeztaezina izango da, 3/1991 Legeko 41. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatiek aurreikusitako kasuetan izan ezik.

33. artikulua. Batzar Nagusia berritzea

1. Kontseilari orokorrak bi urtean behin berrituko dira, lehendabizi erdia eta gero beste erdia, 3/1991 Legeko 34. artikuluan aurreikusten diren ordezkaritzen proportzionaltasuna errespetatuz.

2. 3/1991 Legeko 34.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, erakunde fundatzaileetakoak diren kontseilari orokorrak bi urtean behin eta erakunde horiek izendatu ondoren Batzar Nagusian izango dira, lehendabizi erdia eta ondoren beste erdia.

3. Ezarle eta langileen ordezkaritzan diharduten kontseilari orokorrak bi urtean behin Batzar Nagusian izango dira, lehendabizi erdia eta gero beste erdia, horiek hautatzeko ordenari jarraiki.

4. Lege horretako 30. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan eta dekretu honetako 44. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, udal-korporazio jakinen ordezkaritzan diharduten kontseilari orokorrak bi urtean behin Batzar Nagusian izango dira, lehendabizi erdia eta ondoren beste erdia, ezarri den izendapen-ordenari jarraiki.

34. artikulua.– Plaza hutsak

1. Kontseilari orokorrek beren agintaldia baino lehen hutsik uzten dituzten plazak aurrezki-kutxen estatutu eta erregelamenduetan ezartzen diren era eta baldintzetan beteko dira, 3/1991 Legean eta dekretu honetan xedatzen denarekin bat etorriz.

2. Kontseilari orokorrak agintaldia amaitu baino lehen kargua uzten badu edo horretatik aldetzen bada, dagokion ordezkoak hartuko du horren lekua. Ondore hauetarako, zenbat titular hainbat ordezko hautatu edo izendatuko dira.

3. Hutsik geratzen diren plazak gehienez ere hilabeteko epean bete beharko dira, kargua uzten denetik zenbatzen hasita.

4. Plaza hutsak betetzen ditzuten kontseilari orokor berriak aurrekoen agintaldiaren gainerako denboraldirako izendatuko dira eta agintaldia amaitzean utzi beharko dute kargua.

Bigarren atala.– Erakunde fundatzaileen ordezkaritzan jardungo duten kontseilari orokorrak

35. artikulua. Izendapena

1. Erakunde fundatzaileen ordezkaritzan jardungo duten kontseilari orokorrak erakunde horiek berak izendatuko dituzte zuzenean. Izendapen hau erakunde horri dagozkion barneko funtzionamendu-arauekin bat etorriz egingo da.

Ondore horietarako, Hauteskunde Batzordeko lehendakaria erakunde fundatzaileekin harremanetan jarriko da ordezkari horiek kide izango dituen Batzar Nagusia ospatu baino, gutxienez, bi hilabete lehenago eta izendatu behar dituzten kontseilari orokorren kopurua adieraziko die.

2. Aurrezki-kutxak erakunde fundatzaile asko balitu, hauetako bakoitzak izenda ditzakeen kontseilari orokorren kopurua fundazio-itunetan xedatutakoarekin bat etorriz zehaztuko da, edo, itunik ez balego, euren artean adostu beharko dute. Adostasunik ez balego, banaketa parekidea egingo da.

36. artikulua. Izendapena jakinaraztea

1. Erakunde fundatzaileek Hauteskunde Batzordeko lehendakariari kontseilari orokorren izendapena jakinaraziko diote horiek parte hartuko duten Batzar Nagusia ospatu baino gutxienez hamabost egun lehenago. Jakinarazpenarekin batera, honakoak aurkeztuko dira: akordioaren egiaztagiria, izendatutakoen onarpena eta kontseilari orokor izateko legez ezartzen diren betekizunak betetzen dituztela eta karguan jarduteko indarreko legerian ezartzen diren baterazintasun-egoeretan ez daudela zehazten duten adierazpenak.

2. Epe hori betetzen ez bada, izendatutakoak Batzar Nagusitik kanpo geratuko dira eta, ondorioz, baita Administrazio Kontseiluko mahaikideak eta Kontrol Batzordeko kideak aukeratzeko hautagai-zerrendetatik ere. Kontseilari orokor berriak erakunde fundatzaileek izendatu dituztela jakinarazten dutenetik izango dira Batzar Nagusiaren parte. Agintaldiaren iraupenari dagokionez, hasierako data parte hartu beharko luketen Batzarra ospatzen den eguna izango da.

Hirugarren atala.– Ezarleen ordezkaritzan jardungo duten kontseilari orokorrak

37. artikulua. Esleipena autonomia-erkidegoka.

3/1991 Legeko 36. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritakoaren ondoreetarako, idatz-zati horretan aipatzen den kalkulua egin ondoren, autonomia-erkidego bakoitzari dagokion kontseilari orokorren kopurua honela esleituko da:

a) Autonomia-erkidegoak handienetik txikienera ordenatuko dira, ezarritako banaketa proportzionaletik lortzen den emaitzaren arabera.

b) Autonomia-erkidego bakoitzari hasieran ordezkarien kopuru bat emango zaio, emaitza horren zati osoari dagokiona, eta banatu beharreko kopurua osatu arteko gainerakoak, berriz, emaitzaren zati hamartarra izango dira, orden beherakorrean

38. artikulua. Konpromisarioak hautatzea

1. Autonomia-erkidego bakoitzari dagozkion ezarleen ordezkaritzan jardungo duten kontseilari orokorrak konpromisarioek hautatuko dituzte. Horretarako, talde horrek aukeratu beharreko kontseilari orokor bakoitzeko hogei konpromisario hautatuko dira.

2. Hauteskunde-prozeduraren estatutuek edo arautegiek irizpideak jaso beharko dituzte gordailuen titulartasun anizkoitzeko edo banatuko egoerak ebazteko, kontu bakoitzeko ezarle bakarra izendatze aldera. Era berean, jaso beharko dituzte bulego batean edo batzuetan hainbat kontu irekitzen direneko egoera, ezarle bakoitzak kontu bakar batengatik parte har dezan hauteskunde-prozesuetan.

3. Hauteskunde-prozeduraren estatutuek edo arautegiek ezarleen zerrendaren argitalpena emateko epea eta prozedura finkatuko dute, eta erreklamazioen araubidea arautuko dute.

4. Konpromisarioak notario aurrean eta jendaurrean egindako zozketaren bidez hautatuko dira, barruti bakoitzeko ezarle-kopuruaren arabera.

5. Hauteskunde Batzordeak konpromisario bakoitzari jakinaraziko dio hautatua izan dela, eta, horrek berariaz uko egiten ez badio, hautapena onartzen duela joko da. Batzorde horrek, egin beharreko ordezkapenak egin ondoren, eta ondorio horretarako hauteskunde-prozeduraren estatutuetan edo arautegietan ezarritako irizpideei jarraiki, konpromisarioen zerrenda prestatuko du. Zerrenda hori behin betikoa dela joko da erreklamazioen gaineko ebazpena eman ondoren –baldin eta erreklamaziorik aurkezten bada–.

39. artikulua. Hautagai-zerrendak

1. Konpromisarioak izendatu ondoren, Hauteskunde Batzordeak ezarleen ordezkaritzan jardungo duten kontseilari orokorrak hautatzeko bilkurarako dei egingo du. Hauteskundeak egin baino hamabost egun lehenago gutxienez, Hauteskunde Batzordeak ezarleen zerrenda jarriko du kutxako bulegoetan, hautagai-zerrendak aurkeztu dituzten pertsonen eskura, eta konpromisarioen behin betiko zerrenda emango die, hauteskunde-prozeduraren arautegiek ezarritako eran. Konpromisarioen zerrendan, honakoak baizik ez dira jasoko: konpromisarioen izena, abizenak, Nortasun Agiriaren Txartela eta helbidea.

2. Hauteskunde-prozeduraren estatutuek edo arautegiek ezar dezakete hautagai-zerrendak probintzien, lurralde historikoen, eskualdeen, hiriburu-barrutien edo beste barruti batzuen arabera aurkezteko aukera; horien bidez hautatuko dira ezarleen kopuruaren arabera tokatzen zaizkien kontseilari orokorrak.

3. Hautatuak izateko baldintzak betetzen dituzten ezarleak, bateraezintasunerako egoeretan sartuta ez badaude eta dagokion barrutian badute ohiko bizitokia, kontseilari orokorren hauteskundeetara aurkeztu ahal izango dira.

4. Zerrendaburu agertzen den pertsonak aurkeztuko dizkio hautagai-zerrendak Hauteskunde Batzordeari, hauteskunde-prozeduraren arautegiak ezarritako lekuan eta epean. Hautagai-zerrenda bakoitzaren aldamenean, hautesleen onarpena jaso beharko da. Halaber, jaso beharko da hautesleak beste hautagai-zerrenda batean parte hartzen ez duela, eta ezarleen ordezkaritzan jardungo duen kontseilari orokorra izateko legeak eskatzen dituen baldintza guztiak ezagutzen eta betetzen dituela dioen adierazpena. Hautagai-zerrendak zerrenda itxietan aurkeztuko dira, eta zerrenda horietako hautagai titularren eta ordezkoen kopuruak barruti bakoitzak duen kopuruaren parekoa izan beharko du.

5. Hauteskunde Batzordeak akatsen edo okerren bat antzematen badu hautagai-zerrenda batean, zerrendaburuari jakinaraziko dio, eta, horrek, akatsa zuzendu beharko du, hauteskunde-prozeduraren arautegiak ezarritako gehienezko epean. Epe horretan zuzentzen ez badu, hautagai-zerrenda deuseztatuko da. Hautagai-zerrendak baliogabetzeko deuseztatze arrazoitua beharko da, eta Batzar Orkoorrari horren berri eman beharko zaio.

40. artikulua. Kontseilari orokorrak hautatzea

1. Kontseilari orokorrak eta kopuru bereko ordezkoak ekintza bakar batean hautatuko dira, konpromisarioen bozketa pertsonalaren eta isilpekoaren bidez. Bozketa hori hautatuak suertatzen direnen lehen erdiak osatu behar duen Batzar Orokorra egin baino hamabost egun lehenago egin beharko da gutxienez.

2. Kontseilari orokorrei hautagai-zerrenda bakoitzak jasotako boto-kopuruaren arabera esleituko zaie postua barruti bakoitzean. Emandako boto baliodunen ehuneko bosta gutxienez lortzen ez duten hautagai-zerrendak ez dira aintzat hartuko. Hauteskunde-prozeduraren arautegiek biribiltze-arauak, eta hautatutako hautagaiak zehazteko eta zein hurrenkeran izan diren hautatuak finkatzeko irizpideak jaso beharko dituzte.

Laugarren atala.– Enplegatuen ordezkaritzan jardungo duten kontseilari orokorrak.

41. artikulua. Hautatzea

Enplegatuen ordezkaritzan jardungo duten kontseilari oorkorrak enplegatuen legezko ordekariek hautatuko dituzte sistema proportzionalaren bidez. Hauteskunde-prozesua hasten den egunean, kontseilari orokorrek hiru urteko antzinatasuna izan beharko dute gutxienez kutxako plantillan. Horretarako, Hauteskuden Batzordeko lehendakaria enplegatuen legezko ordezkariei zuzenduko zaie eta hautatu behar dituzten kontseilari nagusien kopurua adieraziko die. Hautatuak suertatzen direnen lehen erdiak osatu behar duen Batzar Orokorra egin baino bi hilabete lehenago gutxienez adierazi beharko die hori.

42. artikulua. Hautaketa jakinaraztea

1. Langileen ordezkaritzan jardungo duten kontseilari orokorren hautaketa Hauteskunde Batzordeko lehendakariari jakianarazi beharko zaio, hautatutakoek osatu behar duten Batzar Orokorra egin baino gutxienez hamabost egun lehenago. Jakinarazpen horrekin batera jaso beharko dituzte hautaketen emaitzak, hautatutakoen onarpena, eta, halaber, legeak kontseilari orokor izateko eskatutako baldintzak betetzen dituztela eta, orobat, karguan aritzeko indarreko legeriak jasotako bateraezintasuneko egoeretan sartuta ez daudela dioen adierazpena.

2. Epe hori bete ezik, hautatutakoak ezin izango dira Batzar Orokorrean sartu, eta, hortaz, ezta Administrazio Kontseiluko kideen eta Kontrolerako Batzordeko kideen hautaketarako hautagai-zerrendan ere. Enplegatuen legezko ordezkariek hautatutakoari aukeratu dutela jakiarazten dion momentutik, hautatua Batzar Orokorrean sartuko da. Agintaldiaren iraupenaren ondorioetarako, hautatuek osatu behar duten Batzarra egiten den eguna izango da hasierako eguna.

Bosgarren atala.– Udal korporazioen ordezkari diren kontseilari nagusiak.

43. artikulua. Autonomi erkidegoen araberako banaketa.

3/1991 Legearen 38. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritakoaren ondorioetarako, autonomi erkidego bakoitzari dagozkion kontseilari nagusiak honela banatuko dira, aipatutako idatz-zatian azaltzen den kalkulua egin ondoren:

a) Autonomi erkidegoak goitik behera ordenatuko dira, banaketa proportzionalaren emaitzaren arabera.

b) Aipatutako emaitzaren zati osoari dagokion ordezkari kopurua emango zaio autonomi erkidego bakoitzari. Gainerako ordezkariak, banatu beharreko kopurura iritsi arte, emaitza horren zati dezimalaren arabera banatuko dira, goitik beherako ordenan.

44 artikulua. Udal korporazioen izendapena

Autonomi erkidego bakoitzerako, kontseilari nagusiak izendatzeko eskubidea duten udal korporazioak, hautapen bakoitzean, honela banatuko dira:

a) Kontseilari nagusien %50 udalerri bakoitzean irekita dauden bulego kopuruarekiko proportzioan banatuko da. Ondorio horietarako, udalerri bati baino gehiagori dagozkien bulegoak elkartu daitezke. Banaketa hau honela egingo da:

Kalkulu hau egin behar da:

Ai

Xi= --------- x R, izanik:

A

Xi: i udalerriari eman beharreko ordezkari kopurua.

Ai: kutxak i udalerrian irekita daukan bulego kopurua.

A: banaketa honetan sar daitezkeen udalerrietan aurrezki kutxak irekita daukan bulego kopurua.

R: izendatu beharreko ordezkari kopurua, banaketa honen arabera.

Udal korporazio bakoitzari, hasiera batean, Xi-ren zati osoari dagokion ordezkari kopuru berbera emango zaio.

%50 honetako gainerako ordezkariak, banatu beharreko kopurua osatzeraino, Xi-ren zati dezimalaren arabera banatuko da, beheranzko ordenan. Udalerri biri edo gehiagori zati dezimal berbera badagokie, beheranzko ordena horretan udalerri bakoitzak duen tokia udalerri bakoitzaren (edo udalerri talde bakoitzaren) ezarle kopuruaren arabera erabakiko da, goitik beherako ordenan.

b) Kontseilari nagusien gainerako %50 txandaren hurrenkeraz banatuko dira hautapen bakoitzean, honako prozedura hau betez:

Kutxak bulegorik irekita daukan udalerrien zerrenda egingo da.

Udalerrien zerrenda hau udal mugarte bakoitzean irekita dagoen bulego kopuruaren arabera ordenatuko da, goitik behera. Bi udalerritan kopurua berbera bada, ezarle kopuruaren arabera ordenatuko da.

Aurreko bi lerrokadetan azaldu den udalerri zerrenda horretan oinarriturik, ordezkaria izendatzeko eskubidea daukaten udalerriak erabakiko dira, zerrendako lehenengo udalerritik hasita.

Udal korporazio bakoitzak ordezkari bakarra izendatuko du.

Geroko hautapenetan, udalerrien zerrendan oinarriturik, ordezkaria izendatzeko eskubidea daukaten udalerriak izendatuko dira, ordezkaririk izendatu ez duen zerrendako lehenengo udalerritik hasita.

Geroko hautapenetan, aurreko lerrokadetan ezarritakoaren arabera ordezkaria izendatzeko eskubidea daukaten udalerri guztiek ordezkaria izendatzen dutenean, prozesua berriro hasiko da, irizpide berberak aplikatuz.

c) Izendatu behar den ordezkari kopuru osoa bakoitia bada, a) eta b) hizkietan aipatzen den erdibanaketa zenbaki bakoiti horren aurreko zenbaki bikoitian oinarrituko da. Banatzen ez den kontseilari hori udalerrien ordezkari gisa ezartzen diren kontseilari nagusien kopuruari gehituko zaio, a) hizkian ezarritakoaren arabera erabakiko dena.

45. artikulua. Izendapena jakinaraztea

1. Udal korporazio bakoitzari dagokion kontseilari nagusien kopurua eta izendatzeko ordena zehaztu ondoren, Hauteskunde Batzordeko lehendakariak udal korporazio horiei zeinek bere ordezkariak izendatzeko eskatuko die. Ordezkariek bere kargua hartu behar duten Batzar Orokorra baino bi hilabete lehenago (gutxienez) egin behar da eskaera hori.

2. Udal korporazioek Hauteskunde Batzordeko lehendakariari kontseilari nagusien izendapena jakinaraziko diote, bere karguaz jabetu behar diren batzarra baino hamabost egun lehenago (gutxienez). Jakinarazpen horrekin batera, honakoak bidali behar dituzte: osoko bilkuraren erabakiaren ziurtagiria, izendatuen onarpena, eta kargua hartzeko indarreko legerian ezartzen diren bateraezintasuneko kausetako ezeinetan ez daudelako adierazpena.

3. Epe hori bete ezean, izendatutako pertsonak ezin izango dira Batzar Orokorrean sartu eta, horrenbestez, Administrazio Kontseiluko kideak eta Kontrol Batzordeko kideak hautatzeko hautagai-zerrendetan ere ezin izango dira sartu. Udal korporazioek ordezkariak izendatu dituztela jakinarazten duten unean sartuko dira Batzar Orokorrean. Agintaldiaren iraupenaren ondorioetarako, ordezkariek euren kargua hartu behar izan luketen Batzar Orokorraren data izango da hasierako eguna.

III. KAPITULUA.– ADMINISTRAZIO

KONTSEILUA

46. artikulua. Agintaldiaren iraupena eta berrautapena

Administrazio Kontseiluko kideen agintaldiak lau urte iraungo du. 3/1991 Legearen 48. artikuluaren 1 eta 5. idatz-zatietan ezarritako baldintzetan berrauta daitezke.

47. artikulua. Errebokaezintasuna

Administrazio Kontseiluaren izendapena errebokaezina izango da. 3/1991 Legearen 41. artikuluaren 2 eta 3. idatz-zatietan kontseilari nagusientzat ezartzen diren salbuespen berberak aplikatuko dira.

48. artikulua. Kontseiluko kideak hautatzea eta kargu hutsak betetzea

1. Administrazio Kontseiluko kide titularrak eta ordezkoak Batzar Orokorrak izendatuko ditu, 3/1991 Legearen 45. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Ordezkaritza talde bakoitzak dagozkion kide titularrak (eta ordezkoen kopuru berbera) proposatuko ditu.

3. Hautagai-zerrendetan, hautagai titularren kopurua eta ordezkoen kopurua berbera izan behar da. Zerrendaburuak Hauteskunde Batzordearen aurrean aurkeztuko du zerrenda hori, Batzar Orokorra egin baino bost egun lehenago.

4. Hutsik geratzen diren karguak hilabeteko epean bete behar dira gehienez, kargua hutsik geratzen den egunetik zenbatuta.

5. Hautagai-zerrenda bakoitzarekin batera, honakoak aurkeztu behar dira: hautagaien onarpena, beste hautagai-zerrenda batean ez daudelako adierazpena, eta Administrazio Kontseiluko kideak hautatzeko legeak agintzen dituen baldintza guztiak dakizkitelako eta betetzen dituztelako adierazpena.

6. Hauteskunde Batzordearen ustez hautagai-zerrendaren batek funtsezko akatsik badu, hautagai-zerrendako buruari jakinaraziko dio. Bi eguneko epea emango zaio akatsa ongitzeko. Ez badu ongitzen, Hauteskunde Batzordeak zerrenda hori baliogatu ahal izango du. Hautagai-zerrenda baliogabetzean, arrazoiak azaldu behar dira, eta Batzar Orokorrari jakinarazi behar zaio.

7. Betiere, aurrezki kutxa erakunde ugarik sortu badute, Administrazio Kontseiluan erakunde horietako bakoitzak izango duen kide kopurua kutxa sortzeko itunetan xedatu zenaren arabera erabakiko da. Itunetan ez bazen horri buruzko ezer xedatu, erakunde sortzaileen artean ados jarri beharko dira. Ados jartzen ez badira, hainbanaketa egingo da.

49. artikulua. Administrazio Kontseilua eraberritzea

1. Administrazio Kontseiluko kideak bi urtean behin eraberrituko dira. Kontseiluko ordezkarien proportzioak errespetatu beharko dira betiere. Kontseilari nagusiak eraberritu ondoren (3/1991 Legearen 41. artikuluko 1. idatz-zatiko bigarren lerrokadan azaltzen denez), berehala eraberrituko dira Administrazio Kontseiluko kideak ere.

2. Batzar orokorreko kide izango diren kontseilari nagusiak bakarrik izan daitezke Administrazio Kontseilurako hautagai, 3/1991 Legearen 41. artikuluaren 1. idatz-zatiko bigarren lerrokadan ezarritako eraberritzearen ondorioz. Kontseiluan sartzeko baldintza hau ez zaie aplikatuko kontseilari nagusi ez diren pertsonei.

50. artikulua. Administrazio Kontseiluaren funtzionamendua

1. Administrazio Kontseiluko lehendakariak kontseiluaren batzarra berak egoki deritzonean deituko du, eta kontseiluko kideen heren batek edo gehiagok eskatzen diotenean ere bai.

2. Kontseiluaren eraketa baliogarri izan dadin, kide gehienak etorri beharko dira batzarrera, salbu eta estatutuek asistentzia zabalagoa eskatzen duten kasuetan.

3. Administrazio Kontseiluko lehendakariak (edo bere ordezkoak) kalitate botoa izango du organo horren erabakiak hartzean.

4. Zuzendari nagusia Administrazio Kontseiluaren batzarretara joango da, hizpidearekin baina hautespiderik gabe.

IV. KAPITULUA.– KONTROL BATZORDEA

51. artikulua. Agintaldiaren iraupena eta berrautapena

Kontrol Batzordeko kideen agintaldiaren iraupena eta berrautapena Administrazio Kontseiluko kideentzat xedatutakoaren araberakoak izango dira, Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren ordezkariaren kasuan izan ezik.

52. artikulua. Komisarioak hautatzea eta plaza hutsak betetzea

1. Kontrol Batzordeko komisario titular eta ordezkoak Batzar Orokorrak izendatuko ditu, Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren ordezkariaren kasuan izan ezik.

2. Ordezkaritza talde bakoitzak dagozkion kide titularrak (eta ordezkoen kopuru berbera) proposatuko ditu.

3. Hautagai-zerrendetako titular kopurua (eta ordezkoen kopurua) hautatu behar den komisario kopuru bera izan behar da. Zerrendaburuak zerrenda hori Hauteskunde Batzordearen aurrean aurkeztu behar du, Batzar Orokorra egin baino bost egun lehenago.

4. Hutsik geratzen diren ordezkaritzak hilabete bateko epean bete behar dira (kargua uzten den egunetik zenbatuta).

5. Hautagai-zerrenda bakoitzarekin batera, honakoak jarri behar dira: hautagaien onarpena, beste hautagai-zerrenda batean ez daudelako adierazpena, eta Kontrol Batzordeko komisario izateko hautapenean parte hartzeko legeak eskatzen dituen baldintza guztiak ezagutzen eta betetzen dituztelako adierazpena.

6. Hauteskunde Batzordearen ustez hautagai-zerrendaren batek funtsezko akatsik badu, hautagai-zerrendako buruari jakinaraziko dio. Bi eguneko epea emango zaio akatsa ongitzeko. Ez badu ongitzen, Hauteskunde Batzordeak zerrenda hori baliogatu ahal izango du. Hautagai-zerrenda baliogabetzean, arrazoiak azaldu behar dira, eta Batzar Orokorrari jakinarazi behar zaio.

53. artikulua. Kontrol Batzordea eraberritzea

1. Kontrol Batzordeko komisarioak bi urtean behin eraberrituko dira. Batzordeko ordezkarien proportzioak errespetatu beharko dira betiere. Kontseilari nagusiak eraberritu ondoren (3/1991 Legearen 41. artikuluko 1. idatz-zatiko bigarren lerrokadan azaltzen denez), berehala eraberrituko dira Kontrol Batzordeko kideak ere.

2. Batzar orokorreko kide izango diren kontseilari nagusiak bakarrik izan daitezke Kontrol Batzorderako hautagai, 3/1991 Legearen 41. artikuluaren 1. idatz-zatiko bigarren lerrokadan ezarritako eraberritzearen ondorioz.

54. artikulua. Kontrol Batzordearen funtzionamendua

1. Kontrol Batzordeko lehendakariak batzordearen batzarra berak egoki deritzonean deituko du, eta batzordeko gutxienez hiru kidek edo Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren ordezkariak eskatzen diotenean ere bai.

2. Kontrol Batzordearen eraketa baliogarri izan dadin, hautespidea duten kide gehienak etorri beharko dira batzarrera, salbu eta estatutuek asistentzia zabalagoa eskatzen duten kasuetan.

3. Kontrol Batzordearen erabakiak gehiengo osoz hartuko dira.

4. Zuzendari nagusia Kontrol Batzordearen batzarretara joango da, hizpidea duela baina hautespiderik gabe, batzordeak besterik ez badu erabakitzen.

5. Kontrol Batzordeak bere funtzioak betetzeko beharrezko deritzen bitartekoak, aurrekariak eta informazioa eskatuko dizkie Administrazio Batzordeari, zuzendari nagusiari eta gainerako organo betearazleei.

V. TITULUA.– BESTELAKO XEDAPENAK
I. KAPITULUA.– DIETAK ETA ORDAINSARIAK

55. artikulua. Dietak

3/1991 Legearen 33.3 artikuluan ezartzen diren dietak Administrazio Kontseiluak onetsi behar ditu. Bidezkoa bada, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak ezartzen dituen mugen barruan finkatu behar dira.

56. artikulua. Ordainsariak

1. Administrazio Kontseiluko lehendakariak edozein kontzepturengatik jasotzen dituen ordainsariak kontseilu horrek onetsi behar ditu. Lehendakariak edozein kausarengatik kargua uzten badu, egokitu ahal zaizkion edonolako balizko kalte-ordain edo konpentsazioak ere onetsi behar ditu kontseiluak.

2. Zuzendari nagusiak (edo baliokideak) edozein kontzepturengatik jasotzen dituen ordainsariak Administrazio Kontseiluak onetsi behar ditu. Zuzendari nagusiak (edo baliokideak) edozein kausarengatik kargua uzten badu, egokitu ahal zaizkion edonolako balizko kalte-ordain edo konpentsazioak ere onetsi behar ditu kontseiluak.

II. KAPITULUA.– PUBLIZITATEA
57. ARTIKULUA. KONTZEPTUA

Finantza operazio, zerbitzu edo produktuak eskaintzeko edo haiei buruzko informazioa emateko komunikazio modu guztiak publizitatea dira, edozein bitarteko edo euskarri erabiltzen dela ere.

58. artikulua. Kontrol motak

1. Egoitza Euskadin daukaten aurrezki kutxek finantza operazio, zerbitzu edo produktuei buruzko publizitatea egiteko (publizitatean euren kostua edo etekina modu esplizituan edo inplizituan aipatzen badute), Ogasun eta Herri Administrazio Sailak aldez aurretik baimena eman beharko die.

2. Egoitza Euskadiko Autonomi Erkidegotik kanpo daukaten aurrezki kutxek finantza operazio, zerbitzu edo produktuei buruzko publizitatea Euskadiko Autonomi Erkidegoan egiteko (publizitatean euren kostua edo etekina modu esplizituan edo inplizituan aipatzen badute), Ogasun eta Herri Administrazio Sailak aldez aurretik baimena eman beharko die. Publizitatea Euskadiko Autonomi Erkidegoa baino lurralde zabalagoan egiten badute, nahikoa izango da dagokion organo gainbegiratzaileak emandako baimenaren kopia Ogasun eta Herri Administrazio Sailari bidaltzea.

3. Egoitza Euskadin daukaten aurrezki kutxek eta gainerako aurrezki kutxek Euskadiko Autonomi Erkidegoan publizitatea egin nahi badute, eta publizitatea ez bada finantza operazio, zerbitzu edo produktuei buruzkoa (edo haiei buruzkoa izan arren ez bada haien kostua edo etekina modu esplizituan edo inplizituan aipatzen), Ogasun eta Herri Administrazio Sailari aldez aurretik jakinarazi beharko diote.

59. artikulua. Baimena eta dokumentazioa eskatzea.

1. Publizitate-kanpainen proiektuetarako baimena, dekretu honen 58. artikuluko 1. eta 2. idatz-zatietan aipatzen dena, Ogasun eta Herri Administrazio Sailari eskatu behar zaio. Eskaerarekin batera proiektua aurkeztu behar da. Proiektuan, hedabide motaren arabera, erabiliko diren iragarkiak, testuak, kartelak, foiletoak, irratietako ziriak, filmaketak edo bestelako bitarteko edo euskarriak ahalik eta hoberen azalduko dira.

2. Osorik edo zati batez espeziean ordaintzen den finantzako produktu bati buruzko publizitate-kanpainen kasuetan, baimen-eskaerarekin batera (aurreko idatz-zatian aipatutako agiriak ez ezik) ordainketa gisa eskaintzen den objektuaren kostu xehatua jakinarazi behar da. Produktuen balioa osatzen duten kontzeptuetako bakoitzaren azalpen xehatua eta operazioen azken errentagarritasunak ere adierazi behar dira.

60. artikulua. Ebazpena

1. Publizitate kanpaina baimendu egingo du Ogasun eta Herri Administrazio Sailak, baldin eta eskaintzen den finantza operazio, zerbitzu edo produktuaren ezaugarrien deskribapen argi eta xehea egiten bada, jendeak beharrezko diren datu guztien berri jakiteko moduan, eta baldin eta haien benetako kostu edo etekina (Urteko Tasa Baliokidea) adibide esanguratsu baten bidez adierazten bada.

Publizitatean azaldu behar den benetako kostu edo etekina aldatu ahal denean (operazioaren zenbatekoaren ondorioz, komisio ezberdinak daudelako edo bestelako kausengatik), aldaketa hori zein denboralditan gerta daitekeen azalduko da.

2. Ebazpena gehienez zortzi eguneko epean jakinarazi behar da.

3. Ematen den baimenak eskatutako lurralde eremurako izango ditu ondorioak, kanpainaren iraupen aldian. Iraupen aldi hori luzatu egin daiteke (hedatzeko lurralde eremua zabalduz edo ez), aurrezki kutxak aldez aurretik jakinarazten badu, eta onespena ekarri zuten datu eta inguruabarrak aldatu ez direla frogatzen badu.

4. Kutxak, hedabide-mota bakoitzerako egokien den eran, honakoa adierazi behar du: "Eusko Jaurlaritzak baimendutako publizitatea, .... espediente zenbakiarekin" .

5. Halaber, baimendutako baldintzen arabera egin beharko du kutxak kanpaina. Aldaketarik egin nahi badu, aldez aurretik baimena eskatu beharko du.

61. artikulua. Baimenaren baldintzak ez betetzea

1. Ogasun eta Herri Administrazio Sailak aurrezki kutxei publizitatea zuzentzeko edo eteteko agindu ahal die, baldin eta, baimena nahitaezkoa izanik, baimenik gabe egiten badute edo baimenaren baldintzak betetzen ez badituzte. Horrez gain, indarrean dagoen arautegiaren arabera aurrezki kutxei exijitu beharreko erantzukizunak aplikatuko dira.

2. Baimendutako publizitatean iragartzen den operazioan aldaketaren bat dakarren gertaerarik edo inguruabarrik jazoz gero, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak emandako baimena ezezta dezake, arrazoituz.

Baimena emateko oinarriak funtsean aldatzen dituen judizio-elementu berriren bat sortzen bada, baimena ezezta daiteke. Halaber, adierazitako datuak okerrak badira edo datu guztiak jarri ez badira, aurrezki kutxek izan ditzaketen erantzukizunak aplikatuko dira.

XEDAPEN IRAGANKORRETAKO LEHENENGOA

1. Aurrezki kutxek, beharrezkoa bada, euren estatutuak eta araudiak dekretu honetako xedapenei egokitu beharko dizkiete, eta bi hilabeteko epean Ogasun eta Herri Administrazio Sailari aurkeztu, onesteko.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen den epea bukatutakoan egokitzapen hori ez bada egin, eta ez egitearen kausa aurrezki kutxari egotzi ahal bazaio, kutxa horren estatutu eta araudietan dekretu honekin bat ez datozen manuak aldarazteko aginduko du Ogasun eta Herri Administrazio Sailak, eta gero onetsi egingo ditu.

XEDAPEN IRAGANKORRETAKO BIGARRENA

Dekretu honen 25. artikuluko 3. idatz-zatian aipatzen diren urteroko gobernuko txostenetako lehena 2004. urtean hasten den ekitaldi ekonomikoari dagokiona izango da.

XEDAPEN IRAGANKORRETAKO HIRUGARRENA

Kontseilari nagusien, Administrazio Kontseiluko kideen eta Kontrol Batzordeko komisarioen erdia lehen aldiz eraberritzea arautu zuen maiatzaren 7ko 3/2003 Legeko Xedapen Iragankorretako Laugarrenean ezarritakoaren ondorioetarako, honela jardungo da:

1. Ezarleen eta udal korporazioen ordezkari diren kontseilari nagusietatik, Administrazioko Kontseiluko kide eta aldi berean Kontrol Batzordeko komisario direnak baztertuko dira.

2. Horrela ateratzen dugun kontseilari nagusien zerrendatik, sektore bi horietako bakoitzeko eraberritu behar den erdia zehaztuko da, notario aurreko zozketaren bidez. Udal korporazioen ordezkari diren kontseilari nagusietatik zeintzuk eraberritu behar diren erabakitzeko, dekretu honetako 44. artikuluko a) eta b) hizkietan adierazten diren %50 bietako bakoitzeko zozketa bana egingo da.

3. Administrazio Kontseiluko kideetatik eta Kontrol Batzordeko komisarioetatik eraberritu behar direnen erdia notario aurreko zozketaren bidez aukeratuko dira. Aldi berean, kontseilari nagusiko kargua utziko dute. Administrazio Kontseiluan udal korporazioen ordezkari diren kideetatik zeintzuk eraberritu behar diren erabakitzeko, dekretu honetako 44. artikuluko a) eta b) hizkietan adierazten diren %50 bietako bakoitzeko zozketa bana egingo da.

3/1991 Legearen 45. artikuluko 2. idatz-zatiko hirugarren lerrokada edo 45. artikuluko 4. idatz-zatiko bigarren lerrokada direla bide Administrazio Batzordeko kide direnek, ordea, ez dute parte hartuko aurreko lerrokadan aipatu den zozketa horretan.

4. Bi urteren buruan eraberritu behar diren kontseilari nagusien erdia erakunde sortzaileek eta langileen ordezkariek aukeratuko dute. Horien artean, betiere, aipatutako bi sektore horiek ordezkatuz Kontrol Batzordeko komisario eta Administrazio Kontseiluko kide direnen erdia sartu behar dira.

5. Hautapen prozedurako araudietan, beharrezko diren irizpide eta aurreikuspenak eta biribiltze arauak egon behar dira, betiere 3/1991 Legearen 34. artikuluko 1. idatz-zatiko proportzionaltasunak bete ahal izateko.

6. 3/2003 Legeko Xedapen Iragankorretako Laugarrenean azaldutako moduan kontseilari nagusiak eraberritu eta berehala, Administrazio Kontseiluko kideak eta Kontrol Batzordeko komisarioak hautatuko dira. Eraberritze horren ondorioz batza orokorrean sartu behar diren kontseilari nagusiak bakarrik izan daitezke Administrazio Kontseilurako eta Kontrol Batzorderako hautagai.

7. Administrazio Kontseiluko kideak eta Kontrol Batzordeko komisarioak hautatzeko dekretu honen 48. eta 52. artikuluetan oro har xedatu dena betez hautatuko dira organo horietako kideak eta komisarioak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Honako hauek indargabeturik geldituko dira: 45/1981 Dekretua, martxoaren 16koa, Euskadiko Autonomi Erkidegoko Aurrezki Kutxen dependentzia araubideari buruzkoa; 38/1986 Dekretua, otsailaren 11koa, Euskadiko Autonomi Erkidegoko Aurrezki Kutxen Antolaketari buruzkoa; 156/1988 Dekretua, ekainaren 21ekoa, otsailaren 11ko 38/1986 Dekretua aldarazten duena; 180/1988 Dekretua, uztailaren 19koa, 156/1988 Dekretua aldarazten duena; 281/1989 Dekretua, abenduaren 29koa, 38/1986 Dekretua aldarazten duena; eta 1989ko irailaren 22ko Agindua, kredituko eta aurrezkiko erakundeek egiten dituzten publizitateko operazioak baimentzeko araubideari buruzkoa, aurrezki kutxei dagokienean.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoko egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko urriaren 14an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN


Azterketa dokumentala