Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

192. zk., 2003ko urriaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
5311

199/2003 DEKRETUA, irailaren 2koa; honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-enpresa eta -establezimenduen erregistroa sortzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du turismo-arloan, Autonomia Estatutuaren 10. artikuluko 36. idatz-zatian ezarritakoren arabera.

Turismoa antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 10. artikuluan ezartzen denez, turismo-enpresa eta -establezimenduek Euskal Autonomia Erkidegoko Turismo Enpresen Erregistroan inskribitu behar dute, eta, aukeran, bestelako jardunak ere inskribitu ahal izango dira, baldin eta, eskainitako zerbitzuak, establezimenduak edo bestelakoak turismorako interesgarri izanda, nahikoa garrantzizkotzat eta Euskadiko turismo-eskaintzaren barruan sartzeko modukotzat jotzen badira arauen arabera.

Artikulu horretan bertan adierazten denez, batetik, inskripzioa egitea nahitaezko betekizuna izango da, aipatutako enpresa eta establezimendu horiei emandako administrazio-baimenak eragingarritasun juridikoa izan dezan, eta, bestetik, erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arauz ezarriko dira.

Aipatutako erregistroa arautzen du, bada, honako dekretu honek, Euskal Autonomia Erkidegoan turismoa antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 10. artikuluan ezarritakoa garatzearren.

Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoari jarraituz, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak hala proposatuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko irailaren 2ko bileran gaia aztertu ondoren,

XEDATU DUT:

I. kapitulua.
Xedapen orokorrak

1. artikulua.– Xedea.

1.– Honako dekretu honek Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-enpresa eta -establezimenduen erregistroa sortu eta arautzen du.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-enpresa eta -establezimenduen erregistroaren xedea da, turismoa antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 6. artikuluan ezarritako definizioak oinarri hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-enpresa eta -establezimenduek inskripzioa egin dezaten, eta, baldin eta, eskainitako zerbitzuak, establezimenduak edo bestelakoak turismorako interesgarri izanda, arauz nahikoa garrantzizkotzat eta Euskadiko turismo-eskaintzaren barruan sartzeko modukotzat jotzen badira, bestelako jardun horiek ere inskriba daitezen.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Dekretu honek dakartzan betebeharrak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako turismo-enpresa eta -establezimendu guztiek errespetatu beharko dituzte, beren helbide soziala beste edonon dagoela ere.

2.– Turismo-enpresa eta -establezimendu guztiek egin beharko dute nahitaez inskripzioa Erregistroan, baldin eta halakotzat hartuta badaude turismoa antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 6. artikuluan ezarritako definizioen arabera.

3.– Administrazioak berak bere kabuz egingo du inskripzioa turismo-enpresa eta -establezimenduak honako hauek direnean:

a) Hotel izaerako turismo-ostatuak, I. taldeari dagozkionak (hotelak eta hotel-apartamentuak), eta II. taldeari dagozkionak (ostatu-etxeak), bai eta hotelez kanpoko turismo-ostatuak ere (kanpinak, turismo-apartamentuak, nekazaritza-turismoa).

b) Bidaia-agentziak, baldin eta handizkariak, txikizkariak eta handizkari-txikizkariak badira.

c) Sukaldaritza-enpresak, baldin eta jatetxe eta kafetegi modura sailkatuta badaude.

4.– Interesatuak berak hala eskatuta, hauek inskribituko dira:

a) Oporretarako turismo-etxebizitzak, landa-etxeak eta etxe partikularretako alokairuak.

b) Tabernak, dantzalekuak, klubak eta antzekoak.

5.– Interesatuak berak hala eskatuta, beste enpresa, establezimendu eta jardun batzuk ere inskribitu ahal izango dira, baldin eta, eskainitako zerbitzuak, establezimenduak edo bestelakoak turismorako interesgarri izanda, nahikoa garrantzizkotzat eta Euskadiko turismo-eskaintzaren barruan sartzeko modukotzat jotzen badira ezarritako arauen arabera.

6.– Turismoari zuzenean lotutako jardunak burutzen dituzten turismo-enpresa osagarriak, turismoa antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 7. eta 37. artikuluetan adierazitakoak, Administrazioak bere kabuz eginda edo interesatuak berak hala eskatuta inskribituko dira, era horretako jardunak burutu ahal izateko arauz ezarritakoari jarraituta, aldez aurretik lortu beharreko baimen-, jakinarazpen- edo gaikuntza-erregimenaren arabera.

7.– Turismo-enpresen Erregistroan inork inskripzioa eginda ere, horrek ez du esan nahi, hala badagokio, beste edozein esparrutan indarrean dagoen legediak eskatutako baimenak eta lizentziak eskuratu beharra ez duenik.

3. artikulua.– Izaera juridikoa.

1.– Erregistroa publikoa da, administrazio-izaerakoa, eta, beraz, hango titularrek eurek ez ezik, han jasotako inskripzioak ikus litzakete norbanakoek zein erakunde publiko edo pribatuek, baldin eta dagozkien datuen berri jakiteko bidezko eta zuzeneko interesa dutela erakusten badute. Gainera, datuak kontsultatu behar diren bakoitzean eskabidea egin behar da aurretiaz, eta ezin izango da erregistro-datu orokorrak eskatu, nahiz eta hautazkoa izan litekeen horrelako eskaerak aintzakotzat hartzea.

2.– Aurreko paragrafoan esandakoa halaxe izanda ere, besterik gabe, gizartean arlo honen berri zabaltzeko eta infomazio orokorra emateko denean, erregistroaz arduratzen den Zuzendaritzako titularrak aukera izango du hor inskribitutako turismo-enpresak, -jardunak eta -establezimenduak katalogo edo gidaliburu batean bildu eta argitaratzeko, zabalkunde-euskarria edozein dela ere.

4. artikulua.– Turismo-enpresa eta -establezimenduen erregistroaren ezaugarriak.

1.– Erregistroa, antolakuntza aldetik, Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Turismoa antolatzeko Zuzendaritzari lotuta egongo da. Aipatutako Sail horrek, bere lurralde-erakundeen bitartez, modu deszentralizatuan kudeatuko du, beraz, erregistroa. Turismoa antolatzeko Zuzendaritza arduratuko da erregistroa zuzendu eta koordinatzeko lanaz.

Turismo-arloan eskumena duen Saileko lurralde-bulegoetakoren batean egin behar da inskripzioa, izena eman nahi duen turismo-enpresa edo -establezimendua zein lurralde historikotan, hor dagoen lurralde-bulegoan.

Turismo-arloan eskumena duen Saileko lurralde-bulegoko buruak, bakoitzari dagokion lurralde historikoan, horrexek izango du, beste betekizun batzuen artean, dagokion lurraldeko turismo-enpresa edo -establezimenduen erregistroaz arduratzeko betekizuna, betiere, dekretu honen arabera eta Turismoa antolatzeko Zuzendaritzak ezarritako irizpideei jaraituz.

2.– Erregistroaren publikotasuna gauzatuta geratuko da erregistroak ziurtagiriak eta artxibo-dokumentuak ematen dituenean edo liburuak jakinarazten dituenean.

3.– Erregistroa kudeatzeko orduan, zilegi izango da informatika zein ofimatikako teknikak erabiltzea, baita horretako ezar litekeen beste edozein bide erabiltzea ere.

5. artikulua.– Erregistro-inskripzioaren ondorioak.

1.– Erregistroan inskribitzea ezinbesteko baldintza izango da, Turismoa antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 10. artikuluko 4. paragrafoan ezarritakoari jarraituz, turismo-enpresa edo -establezimenduei emandako administrazio-baimenek behar bezalako eraginkortasun juridikoa izan dezaten.

2.– Erregistroan inskripzioa egiteak berak ez ditu berez baliozko egiten Legearen arabera deusezak diren egintzak.

II. kapitulua
Erregistroaren osakera eta
antolamendua

6. artikulua.– Erregistroaren osakera eta edukia.

1.– Turismoko enpresa eta establezimenduen erregistro informatizatuan honako datu hauek jasoko dira:

a) Turismo-establezimenduari buruzko identifikazio-datuak (izena, identifikazio-zenbakia, herria, helbidea, telefonoa, faxa, e-mail, Web orria…).

b) Turismo-enpresaren izendapena edo sozietatearen izena, kudeatzailearena eta legezko ordezkariarena.

c) Arlo horretan jarduteko duen baimena eta sailkapen-mota (taldea, mota, modalitatea eta kategoria), edo, hala badagokio, turismo-trafikoan jarduteko jakinarazpena edo turismo-arloan jardun ahal izateko nahitaezko beste gaikuntzaren bat.

d) Sailkapenean aldaketarik izan duen ala ez.

e) Oinarrizko aldaketak egiteko baimenik izan duen ala ez, baldin jarduteko baimenean eta sailkapenean aldaketok eragina izan badute.

f) Dispentsak.

g) Titulartasunean, izendapenean edo oinarrizkoa ez den beste zerbaitetan aldaketarik egon den ala ez.

h) Establezimendua itxi izana.

2.– Izena eman nahi duen turismo-establezimendua zein lurralde historikotan dagoen, hortxe egin behar du inskripzioa.

3.– Turismo-establezimenduek, besteengandik independiente direnean, erregistro-idazpen bana izango dute, alegia, bakoitzak berea, nahiz eta ustiatzailea pertsona fisiko zein juridiko bera izan; kasu horretan, dagokion erreferentzia jasoko da.

7. artikulua.– Erregistroaren egitura.

Turismo-enpresa eta -establezimenduen erregistroa atal hauetan sailkatuta egongo da:

– 1. atala.– Hotel izaerako turismo-ostatuak, I. taldekoak (hotelak eta hotel-apartamentuak), eta II. taldekoak (ostatu-etxeak).

– 2. atala.– Hotelez kanpoko turismo-ostatuak (kanpinak, turismo-apartamentuak, nekazaritza-turismoa).

– 3. atala.– Bidaia-agentziak, baldin eta handizkariak, txikizkariak eta handizkari-txikizkariak badira.

– 4. atala.– Sukaldaritza-enpresak, baldin eta jatetxe eta kafetegi modura sailkatuta badaude.

– 5. atala.– Turismo-enpresa osagarriak, hau da, Turismoa antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 7. eta 37. artikuluetan ezarritakoaren arabera halakotzat jotzen direnak.

– 6. atala.– Oporretako turismo-etxebizitzak, landa-etxeak eta etxe partikularretako gela-alokairuak.

– 7. atala.– Tabernak edo kafetegiak, dantzalekuak, klubak eta antzekoak.

– 8. atala.– Beste enpresa, establezimendu eta jardun batzuk, baldin, arauen arabera, eskainitako zerbitzuak, establezimenduak edo bestelakoak turismorako interesgarri izanda, nahikoa garrantzizkotzat eta Euskadiko turismo-eskaintzaren barruan sartzeko modukotzat jotzen badira.

III. kapitulua.
Prozedura

8. artikulua.– Prozedura.

1.– Turismo-enpresa eta -establezimenduei, turismo-arloan jarduten hasi auretik horretarako jardun-baimena eta sailkapena eskuratuta dutenean, administrazioak berak bere kabuz egingo die inskripzioa dagokien lurralde-ordezkaritzan. Halaxe egingo da turismo-arloan jardun ahal izateko baimena lortu dela edo dagokion sailkapena eskuratu dela dagokion lurralde-ordezkaritzari jakinarazi eta gero, aipatutako jarduketak askietsitako titulutzat hartzen baitira inskripzioa burutu ahal izateko.

2.– Interesatuak berak hala eskatutakoan egingo da turismo-enpresa eta -establezimenduen inskripzioa, baldin eta, turismo-arloan jarduten hasi aurretik, turismo-trafikoan dihardutela jakinarazi beharra badute. Zenbait enpresa, establezimendu eta jardunen inskripzioa ere interesatuak berak hala eskatuta egingo da, eskainitako zerbitzu, establezimendu edo bestelakoak turismorako interesgarri izanda, arauen arabera nahikoa garrantzizkotzat eta Euskadiko turismo-eskaintzaren barruan sartzeko modukotzat jotzen badira.

3.– Turismoa antolatzeko Zuzendaritzari zuzenduta bidali beharko dituzte eskabide-orriak interesatuek, eta, aurkeztu, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-bulegoetan aurkeztu behar dituzte, edo, bestela, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan.

Turismo-arloan eskumena duen Sail honetako lurralde-bulegoetako buruek erabakiko dute inskripzioa egitea egoki eta bidezko den ala ez, bakoitzak bere lurralde historikoan.

Inskripziorako emandako datuak nahikoak ez direla-eta, inskripzioa ezin denean egin, errekerimendua egingo diote interesatuari, akatsa konpontzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko 10 eguneko epea emanda, eta ohartaraziko diote hala egiten ez badu, horretarako ebazpena eman ondoren, eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko dela.

9. artikulua.– Ziurtagiria.

Inskripzioa eginda dagoelarik, horri buruzko ziurtagiria eskatzeko modua ere izango da. Turismo-arloan eskumena duen Saileko dagokion lurralde-bulegoko buruak sinatu behar du agiri hori, eta, era horretara, dokumentu fede-emaile horren bitartez, ziurtatuta geratuko da inskripzioan jasota dagoena.

10. artikulua.– Inskripzioko datuak aldatzea.

1.– Inskripzioan jasotako datuetan aldaketarik edo moldaketarik gertatuz gero, nahitaez horren berri jakinarazi beharko zaio dagokion lurralde-bulegoari, eta beharrezko diren agiri guztiak aurkeztu beharko dira; horretarako, hamar eguneko epea egongo da, aldaketa gertatu denetik hasita.

2.– Era berean, turismo-enpresa eta -establezimenduen erregistroa eguneratzeko asmotan, Turismoa antolatzeko Zuzendaritzak interesatuei bidaltzen dizkien inprimakiak ere bete beharko dituzte turismo-enpresa eta establezimendu horiek.

11. artikulua.– Deuseztapenak.

1.– Inskripzioak deuseztatuta edo baja emanda geratuko dira, honako kasu hauetan:

a) Dagokion jardunari uzten diotenean.

b) Jardun-baimena eta sailkapena ezeztatzen direnean.

2.– Deuseztapena egiten denean, ondo zehaztu behar da noiz gertatu den eta egoera hori ekarri duen arrazoia zein den.

IV. kapitulua
Zehapenak

12. artikulua.– Erantzukizuna, arau-hausteak direla-eta.

Dekretu honetan ezarritako xedapenetatik edozein betetzen ez duneak administrazio-erantzukizuna izango du, Turismoa antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 65. artikuluko d) idatz-zatian ezarritako xedapenen arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Dekretu honen 2. artikuluko 3. paragrafoan adierazitako enpresak eta establezimenduak, orain arte Turismoko Enpresak eta Jardunak Erregistro Erregionalean inskribituta egon badira, aurrerantzean horren ordez dekretu honek sortutako erregistroa egongo denez indarrean, inskribitutakotzat joko dira, ondorio guztietarako, dekretu honen bidez sortu den erregistroan, bakoitza dagokion sailean, nahiz eta egiaztapenak ere egin litezkeen, hala behar izanez gero.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Dekretu honetan ezarritako xedapenen aurkakoak diren guztiak indarrik gabe geratuko dira aurrerantzean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Turismo-arloan eskumena duen Saileko titularrari baimena ematen zaio honako dekretu hau garatzeko eta betearazteko eman behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Donostian, 2003ko irailaren 2an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua.

JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.


Azterketa dokumentala