Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2003ko otsailaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
1207

41/2003 DEKRETUA, otsailaren 18koa, angularen arrantzari buruzkoa.

Kontseiluaren abenduaren 20ko 3760/92 (EE) Erregelamenduak, Europako Batasunarentzako arrantza eta akuikultura araubidea ezarri du, eta Europako Batasuneko arrantza-politikaren helburu nagusia finkatu, alegia, itsas-baliabideak babestu eta zaintzea, eta horien ustiapen arrazoizkoa eta zentzuduna antolatzea, oinarri jasangarri baten gainean, sektorearentzako baldintza ekonomiko egokietan, itsas-ekosisteman izango duen eragina gogoan hartuta, eta ekoizleen eta kontsumitzaileen beharrizanak bereziki kontuan izanda.

Autonomia Estatutuaren 10. artikuluko 10. paragrafoan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen osoa dauka barruko uretako arrantza, itsaskien harrapaketa eta akuikulturaren alorretan. Eskumen hori garatuz, martxoaren 13ko 6/98 Legea, itsas arrantzari buruzkoa, egin zen. Lege horrek Euskal Autonomia Erkidegorako lege-markoa ezarri dio arrantzari, eta jarduera horren helburuak eta gidalerroak finkatu. Alegia, arrantzan aritzeko behar zen kohesio materiala eta lege-marko egokiak taxutu ditu. Hain zuzen ere, dekretu honek lege-marko horren esparrua baitu eskumen-oinarri.

Martxoaren 13ko 6/1998 Legearen lehenengo xedapen gehigarriaren arabera, Eusko Jaurlaritzak angula edo txitxardinaren arrantza arautuko du bere eskumenen esparruaren barruan. Beraz, dekretu honek aipatutako legeak ezarritakoa garatu, eta angularen arrantza arautu du Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretan.

Dekretu honek zortzi artikulu eta bi "azken xedapen" dauzka. Artikulu horietan arrantza mota hori antolatzeko arau orokorrak ezarri dira: lizentziak ematea, lizentzia-motak, indarraldia, baimendutako arrantza-tresnak, angularen arrantza-aldia etab.

Gerta daitezkeen arau-hausteak itsas arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/98 Legearen 47. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera zigortuko dira.

Ondorioz, arrantza-sektoreko lanbide-antolamenduei kontsulta eginda, Eusko Jaurlaritzako Batzorde Juridiko Aholku-emailearekin adostu eta gero, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritza Kontseiluak 2003ko otsailaren 18ko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau.

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da angularen arrantza arautzea. Izan ere, arrantza-mota horrek helburu dauka Euskal Autonomi Erkidegoko barruko uretan ibai-aingiraren (Anguila anguila) indibiduo gazteak, 10 zm.tik beherakoak, harrapatzea.

2. artikulua.– Lizentziak.

1.– Angularen arrantzan aritu ahal izateko beharrezkoa izango da dagokion lizentzia izatea. Lizentzia hori arrantza-arloan eskumena duen zuzendaritzak emango du.

2.– Lizentzia norberarentzakoa eta inori utzi ezinekoa izango da, eta, berarekin batera lizentziaren jabearen nortasuna egiaztatzen duen agiriren bat eraman beharko da.

3.– Lizentzia, arro edo alde bakar jakin baterako emango da. Beraz titularraren jarduera lizentzian zehaztutako eskualdera mugatuko da.

4.– Lizentziarekin batera harrapaketa-orria doa, dekretu honen eranskinean azaltzen den bezala. Bertan, titularrak harrapakinen pisua, erabilitako arrantza-tresnak eta arrantza-eguna eta ordutegia jaso beharko ditu.

5.– Angularen arrantzarako lizentziak, berez, ez du bidea ematen titularrek harrapatutako angulak saltzeko.

3. artikulua.– Lizentzia-motak.

1.– Bi lizentzia-mota daude: angula lehorretik harrapatzeko lizentzia, eta, angula ontzitik harrapatzeko lizentzia:

a) Angula lehorretik harrapatzeko lizentziak eskubidea ematen dio arrantzaleari ur-bazterretik arrantza egiteko. Lizentzia horren jabe izateko beharrezkoa da gutxienez hamasei urte beteta izatea.

b) Angula ontzitik harrapatzeko lizentziak eskubidea ematen dio arrantzaleari ontzi batetik arrantza egiteko. Lizentzian, arrantzarako erabiliko den ontziaren izena eta matrikula jaso beharko dira. Lizentzia eta ontzia elkar lotuta egongo dira. Lizentzia horren jabe izateko beharrezkoa da gutxienez hemezortzi urte beteta izatea eta ontziari dagokion patroi-titulua izatea.

4. artikulua.– Lizentzien indarraldia.

1.– Angularen arrantzarako lizentziak, ur-bazterretik zein ontzitik egin, arrantza-aldi bakoitzeko emango dira eta arrantza-aldi horretan izango du indarra.

2.– Lizentzia berritzeko ezinbestekoa da aurreko arrantza-aldiko harrapaketa-orria behar bezala beteta aurkeztea.

5. artikulua.– Baimendutako arrantza-tresnak.

1.– Titxardin edo angularen arrantza "baia" edo "bahe" izeneko tresna bidez egingo da, bi modalitateetan.

2.– Baheen gehienezko neurriak honakook izango dira: 1’8 metrokoak erdiko lerroan, forma borobileko bahetarako, eta, 1’8 metrokoak ardatz nagusian, forma eliptiko edo angeluzuzeneko bahetarako.

3.– Lehorretik aritzen diren arrantzaleek mailasare edo bahe bat baino ez dute erabiltzerik.

4.– Ontzitik aritzen diren arrantzaleek, gehienez ere, bi mailasare edo bahe erabili ahal izango dituzte aldi berean, berdin duela zenbat lagun dauden txitxardina harrapatzen ontzitik.

5.– Lehorreko arrantzaleek eskuko aitzur edo antzeko tresna bat erabili ahal izango dute lagun bakoitzeko.

6.– Ezin da erabili tresna mekanikorik, ez eta aurreko paragrafoetan aipatu ez den bestelako arrantza-tresnarik ere. Nolanahi ere, bidezkoa da argiak erabiltzea.

6. artikulua.– Angula harrapatzeko aldia.

Angula urriaren 15etik hurrengo urteko martxoaren 15a arte harrapa daiteke. Garai horretatik kanpo debekatuta dago arrantza egitea.

7. artikulua.– Ohiturak.

Zenbait lekutan txitxardinaren arrantza inguruan dauden ohiturek beren hartan jarrai dezakete dekretu honetan ezarritakoa betetzen baldin bada. Nolanahi ere, ulertu behar da ohitura horiek ez dutela eraginik administrazio-ondorioetarako.

8. artikulua.– Arau-hausteak eta zehapenak.

Dekretu honetan xedatuaren aurkako arau-hausteak Itsas Arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legearen arabera zigortuko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ahalmena ematen zaio Nekazaritza eta Arrantza sailburuari dekretu honetan ezarritakoa garatzeko xedapenak eta neurriak har ditzan.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko otsailaren 18an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SAENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

ERANSKINA
HARRAPAKETA-ORRIA

Eguna	Arrantza noiz 	Herria	Modalitatea	Arrantza noiz 	Eguneko 	Oharrak

	hasi		(zerrenda ikusi)	amaitu	harrapaketa

	(ordua:			(ordua: minutuak)	(gramotan)

	minutuak)

	:			:

	:			:

	:			:

	:			:

	:			:

	:			:

	:			:

	:			:

	:			:

	:			:

	:			:

	:			:

	:			:

	:			:

	:			:

	:			:

	:			:

	:			:

	:			:

	:			:

Herria: Arrantzako ibai edo hondartzaren izena.

Modalitateak: (Ontz.) itsasontzitik; (Ba) bahez, itsasertzetik; (Ola) Olatu-arrantza; (Arr) Hormatik herrestatutako bahea, (Aza) Aitzurra.


Azterketa dokumentala