Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

196. zk., 2002ko urriaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
5804

5/2002 LEGEA, urriaren 4koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Egitamu Nagusia araupetzen duen Legea bigarren aldiz aldatzekoa.

Eusko Legebiltzarrak ondoko legea onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei:

URRIAREN 4KO 5/2002 LEGEA, EUSKAL
AUTONOMIA ERKIDEGOKO ERREPIDEEN
EGITAMU NAGUSIA ARAUPETZEN DUEN
LEGEA BIGARREN ALDIZ ALDATZEKOA.
ZIOEN AZALPENA

Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Egitamu Nagusia araupetzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legeak, azaroaren 8ko 2/1991 Legearen bidez aldatuak, Euskal Autonomia Erkidegoko errepide sareak koordinatzea helburu duen plangintza tresna horren edukia eta araubidea ezartzen ditu, eta, aplikazio eremua, hau da, planaren gai den sarea zehazten du. Planaren gai den sare horretan lehentasuneko sareko errepide guztiak eta oinarrizko sareko zenbait sartzen dira.

Azaroaren 8ko 2/1991 Legearen bidez osatu egin zen planeko sare horretan sartutako errepideen zerrenda, eta, bide batez, zerrenda horren aldaketa teknikoa legez bestelako bide batez egitea erabaki zen.

Aldaketa teknikoak birritan gauzatu dira: abenduaren 30eko 355/1992 Dekretuaren bidez egin zen Errepideen 1. Plan Orokorraren berrikusketan eta ekainaren 8ko 250/1999 Dekretuaren bidez onartutako Errepideen 2. Plan Orokorrean, 1999-2010 urteetarakoan. Aldaketa horiek, aurretik erabiltzen ziren tarteen ordez eraiki berri diren beste batzuk erabiliko direla adieraztera mugatu dira.

Hala, gaurdaino, Errepideen Plan Orokorraren gai den sareko errepideen zerrendan ez da funtsezko aldaketarik egin.

Errepideen 2. Plan Orokorra, 1999-2010 urteetarakoa, onartu ondoren, ordea, planaren gai zein sarean zein errepide zeuden berraztertu beharra ikusi zen. Horixe da, hain zuzen ere, lege honen helburua, planaren gai den sarearen katalogo berria finkatzea (katalogo hori I. eranskinean dator, eta maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen eranskina ordeztuko du).

Horrela, bada, katalogo berrian, alde batetik, ibilbide berri batzuk sartu dira; izan ere, kasuan kasuko lurraldea egituratzen dutenez edo bi lurraldetako elkarren ondoko eskualdeak lotzen dituztenez, edota probintziak edo erkidegoak lotzen dituzten beste ibilbide batzuen barruan sartzen direnez, horiek bultzatzea komeni delako. Bestetik, arrazoi batengatik edo besteagatik funtzionaltasuna galdu duten zenbait errepide kendu egin da. Eta, oro har, izendapen, ibilbide eta luzerari buruzko datuak eta errepideei buruzko oharrak eguneratu egin dira, eskumenen banaketara eta Konstituzio Auzitegiaren erabakietara egokitzeko.

Zehatzago esanda, hona hemen proposatutako aldaketak eta horretarako arrazoiak:

Planaren gai den sarean honako errepideok sartu dira: lehentasuneko sarean, Donostia-San Sebastiángo bigarren saihesbidea eta, eskualdaketa egiten denerako, N-121 errepidea (ibilbide horiek maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 5.1.a artikuluko baldintza bat edo gehiago betetzen baitituzte), eta oinarrizko sarean, A-124, BI-631, BI-633, BI-635, BI-637, BI-639, BI-625, BI-604 eta GI-631 errepideak (lurralde historiko bakoitzaren barruan sarea egituratzen duten ardatz gisa funtzionatzen baitute), eta BI-638 eta GI-638 errepideak (bi lurraldetako elkarren ondoko eskualdeak lotzen baituzte).

Errepideen Plan Orokorraren gai den saretik honakoak kendu dira: N-130 eta GI-120 errepideak, funtzionaltasuna galdu baitute, lehenengoak A-15 autobideak aukera hobea eskaintzen baitu, eta bigarrenak, N-240 eta N-I errepideek eskaintzen duten ibilbide alternatiboan egindako hobekuntzengatik.

Gainera, sarean egindako lanengatik edo ibilbide batzuek funtzionaltasugatik beste batzuk ordeztu dituztelako zenbait aldaketa tekniko egin da, zenbait errepidetako ibilbideen eta luzeraren adierazpidean. Bestetik, GI-632 eta BI-632 errepideetan ibilgailu astun asko ibiltzen denez, lehentasuneko sarera igaro dira, N-636 kodearekin.

Azkenik, beste aldaketa batzuk ere egin dira, errepide edo tarte bakoitzean aginpidea zein Administraziok duen behar bezala jasotzeko eta, lurraldetasun kontuak direla-eta, errepide tarte bat ibilbideren batetik kentzeko. Aldaketa horiek honako errepide hauetan egin dira: A-8 autobidean, eginkizunak eta zerbitzuak Estatuak Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunei eskualdatu ondoren, erakunde horiek era berean, lurralde historikoei eskualdatu zizkiela islatzeko; N-I errepidean, Trebiñoko Konderriko tartea kendu egin da, Konstituzio Auzitegiaren ekainaren 18ko 132/1998 epaiak egindako inkonstituzionaltasun-adierazpenaren eraginez; A-624 errepidean ere, Burgosko probintzian egiten duen tartea kendu da, eta BI-624 errepidean, Bizkaiko Foru Aldundiari baitagokio kudeatu eta ustiatzea.

Artikulu bakarra.– Euskadiko Errepideen Plan Orokorraren gai den sareko errepideen zerrenda aldatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Egitamu Nagusia araupetzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen eranskina, azaroaren 8ko 2/1991 Legearen bidez aldatu zena, I. eranskinean datorren bezala utziko da. Eranskin horrek Euskadiko Errepideen Plan Orokorraren gai den sarearen katalogoa jasotzen du.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

N-121 errepideak Gipuzkoan egiten duen tartea eskualdatzen badu Nafarroako Foru Erkidegoak, tarte hori automatikoki sartuko da planaren gai den sarean, II. eranskinean datozen xehetasunekin.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.

Funtzionaltasunari begira soil-soilik, planaren gai den sareko zenbait errepide Estatuaren interes orokorreko sarean sartu ahal izango dira:

– A-8, Bilbao-Behobia autobidea

– A-1, Burgos-Kantaurialdea (Maltzaga) autobidea

– A-15, Aduna-Irurtzun autobia

– N-I, Madril-Irun

– N-622, Vitoria-Gasteiz-Altube (A-68)

– N-636, Beasain-Durango (Kanpazartik)

AZKEN XEDAPENA

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

I. ERANSKINA
EUSKADIKO ERREPIDEEN PLAN OROKORRAREN GAI DEN SAREAREN KATALOGOA

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

(Ikus .PDF)

Beraz, lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteizen, 2202ko urriaren 8an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.


Azterketa dokumentala