Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

115. zk., 2001eko ekainaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Herrizaingo Saila
3382

87/2001 DEKRETUA, maiatzaren 22koa, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoan Hiriarteko Trafikoa Kudeatzeko Sistema arautzen duena, eta bestetik, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa sortzen duena.

Bideetako zirkulazioaren eta trafikoaren gaineko diziplina, kontrola, zainketa antolamendua eta arauketa, eta bai bide publikoak erabiltzen dituztenei laguntzea ere, bidezaingo patruilak bideetan zehar kokatuaz egin izan ohi da, baina trafikoa kudeatzeko era horrek, batetik, aurre egin behar dio gero eta azkarrago haziz doan den bideetako trafikoari, eta, bestetik, kontuan izan behar ditu arlo honetan telekomunikazio- eta informazio-teknologia berriek dakartzaten aukerak.

Bideetako trafikoa masifikatzea, besteak beste, honako faktore hauen ondorioa da: gero eta ibilgailu gehiago izatea, hazkunde ekonomikoa, mugigarritasun geografikoa eta soziala handiagoa izatea, gizarte usadioak aldatzea, bidaiak egiteko joera, merkantziak lekuaz aldatzeko eta pertsonen joan-etorriak egiteko ordezko modu erakargarririk ez aurkitzea eta abar. Aipatu zirkunstantzia horietaz gain badira beste batzuk ere, esaterako: euskal giza geografia eta geografia fisikoa, non eremu txiki baten barruan elkarri eragiten dioten trafiko-fluxuak sortzen baitira. Hortaz, batetik, euskal hiriburuen arteko trafikoak eta konurbazio handiek eguneroko intentsitate handiak sortzen dituzte; eta, bestalde, Atlantikoaren aldetik Europa zeharkatzen duen korridoretiko bide luzeko trafikoa, zehazki, ibilgailu astunen joan-etorri handikoa dago, eta bai oporraldietako joan-etorriek sortutako intentsitate handiko aldiak ere.

Faktore guzti horiek batera direlarik, bidaiarien segurtasunari eta bide-zirkulazioari dagokienez arazo larriak agertzeaz gain, bideak bete-bete egiten dira eta pilaketak eta eragozpenak agertzen dira, eta horien ondorioz, galera ekonomikoak eta aire-kutsaduraren inguruko arazoak sortzen dira, eta bai istripuei eta bide-segurtasunari dagokienez arriskuak areagotu ere. Aipatu egoera hori herrialde garatuek daukatenaren antzekoa da. Herrialde horietan, zirkulazio-arazoaren izariak eta orokorra izateak gizartearen helburu bihurtu dute mugigarritasun jasangarria, zeinaren alde egin behar baitute herritarrek eta administrazioek. Eta helburu hori, bide-azpiegiturak egin eta hobetzeaz gain, bide-segurtasunaren eta trafikoaren ardura duen administrazioaren eskumenen barruan egindako ahaleginaz lortu beharrekoa da.

Eta aipatu ikuspegia kontuan izanik, mugigarritasun jasangarria helburu denez, trafikoaren antolamendu eta erregulazio dinamikoa eta egokitu daitekeena egin behar da, hain zuzen ere, zirkulazioak une bakoitzean dituen zirkunstantzia berariazkoei aurre egingo diena. Eta hori dela-eta, bide-publiko guztiak zaindu eta kontrolatu behar dira, baina hori ezin da lortu bideetako zirkulazioa eta trafikoa antolatzeko ohiko dispositiboen bitartez. Arazoaren izariak eta muntak beharrezkoa egiten dute ikuspegi sistematiko batez baliatzea, zeina honako hauetan oinarritzen baita: errepide-sareak oro har duen egoera denbora errealean jakitean; jarduerak planifikatzean, eta trafikoa antolatu eta erregulatzeko neurriak hartzean, guzti horien bitartez, mugigarritasun jasangarri eta segurua era dinamikoan bultzatzeko, eta hartarako, zirkulazioa aldioro egokia izan dadila zaindu eta bide-segurtasunari dagokionez pilaketa eta eragozpen arazoak (eta beste batzuk) aurreikusi eta konponduaz.

Euskal Autonomia Erkidegoko errepide-sareak dituen topografia zein dimentsioak eta eutsi behar dien trafiko-fluxuak direla-eta, sare horretan berehala igartzen dira hartutako kudeaketa-neurriak, hortaz, behar-beharrezkoa da aipatu ikuspegi sistematikoa, izan ere, trafikoari dagokionez ezar dadin edozein zehaztapenek eragin diezaioke-eta sare osoari.

Eta guzti hori dela-eta, dekretu honen bitartez, hiriarteko trafikoa kudeatzeko sistema bat ezarri nahi da, hain justu ere, Europan zehar sistema horren modukoak hartzen dituen sisteman sartuko dena, eta horretaz gain, errepide-sarea denbora errealean monitorizatzea eta hiriarteko bideetako zirkulazioaren egoera bideratu, kontrolatu eta erregulatzeko neurriak eta erabakiak hartzea ahalbidetuko duena; eta hala, trafikoko gorabeheren ondoriozko pilaketak baztertu eta polizia eragin handiagoz baliatuaz, hain justu ere, merkantzien eta bidaiarien babesa eta segurtasuna areagotuaz.

Ondorioz, Herrizaingo sailburuak proposaturik, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2001eko maiatzaren 22an egindako bileran, eztabaidatu eta onartu ostean, honako hau

XEDATU DUT:
1. KAPITULUA
OROKORTASUNAK

1. artikulua.– Helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoan Hiriarteko Trafikoa Kudeatzeko Sistemaren antolamendua arautzea, eta Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa sortzea dira dekretu honen helburua.

2. artikulua.– Hiriarteko trafikoa kudeatzeko sistemaren elementuak.

1.– Dekretu honen ondorioei dagokienez hiriarteko trafikoa kudeatzeko sistema hauxe da: Euskal Autonomia errepide-sareko bide-segurtasunaren, ibilgailuen zirkulazioaren eta hiriarteko trafikoaren gaineko diziplina, kontrola, informazioa, orientazioa eta erregulazioa egitearren, jarduerak, estrategiak, egitasmoak, prozedurak, mekanismoak, instalazioak, bitartekoak eta baliabideak baterabiltzen dituen sistema.

2.– Hasiera baten, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriarteko trafikoa kudeatzeko sistema osatzen duten elementuak hauexek izango dira: dekretu honen eranskinean jasotzen direnak. Teknikaren egoera eta unean uneko antolamendu ahalbideak kontuan izanik, Herrizaingo sailburuak egokitu egin dezake aipatu eranskinaren edukia.

3.– Hiriarteko trafikoa kudeatzeko sistemaz at, artikulu honetan aurreikusitako helburuetarako ezin daiteke erabili edo instalatu artikulu berean aipatutako elementu teknikorik.

II . KAPITULUA
EUSKADIKO TRAFIKOA KUDEATZEKO ZENTROA

3. artikulua.– Sortzea eta atxikitzea.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Trafiko Zuzendaritzaren barruan eta administrazio-unitate moduan sortzen da Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa. Eta hiriarteko trafikoa kudeatzeko sistemaren, zehazki, dekretu honekin zehaztutakoaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidego barruko errepide-sareko hiriarteko trafikoa eta zirkulazioa kudeatzea dagokio aipatu zentroari (berari bakarrik).

4. artikulua.– Funtzioak.

Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa, Trafiko Zuzendaritzaren menpekoa izango da, eta honako funtzio hauek esleitzen zaizkio:

a) Denbora errealean monitorizatuaz, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriarteko trafikoa eta zirkulazioaren egoera ikuskatzea.

b) Zerbitzu-mailaren, bataz besteko abiaduraren, trafiko-kopuruaren eta oro har trafikoaren ezaugarri diren parametroen gaineko datuak bildu, aztertu eta sailkatzea; eta, orobat, trafikoari eragiten dioten gorabehera atmosferikoen eta kutsaduraren gorabeherei dagozkienak.

c) Trafikoa kudeatzeko planak, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak onartutakoak, aktibatzea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko errepide-sareko hiriarteko bideetan trafiko gorabeherak berehala atzematea eta horiei aurre egitea berehala.

e) Mugigarritasuna eta segurtasuna bermatzeko eta zirkulazio pilaketei aurre egiteko, trafikoa antolatu eta erregulatzeko neurriak eta estrategiak (une bakoitzean egoki direnak) erabiltzea; hartarako, hiriarteko trafikoa kudeatzeko sistemak dituen ahalbide teknikoak kudeatuaz.

f) Gertaera berezietan (kirol probak, azokak, Aste Santua, oporraldietako irteera- eta itzulera-operazioak eta abar), trafikoa antolatu eta erregulatzeko neurriak eta estrategiak erabiltzea, trafikoa kudeatzeko planetan hartarako zehaztutakoarekin bat beti ere.

g) Seinalizazio aldakorreko paneletarako mezuak era erabilerak ezartzea, kasuan kasukoak.

h) Herritarrei, euren ibilgailuak gidatzeko aholkuak ematea, hain justu ere, bide-sarearen eta zirkulatzeko eta joan-etorriak egiteko aukerak hoberen erabiltzearen gainekoak; hartarako, mezu aldakorreko panelen bitartez gomendioak zabalduaz, edo informazio-teknologia egokien zein hedabideen bitartez informazio-buletinak argitaratuaz.

i) Hirietako trafikoa kudeatzeko beste zentro batzuekin informazioa trukatu eta harremanak izatea, eta, orobat, Europa Atlantiko aldetik zeharkatzen duen korridorearen inguruko bide-zirkulazioaz arduratzen diren beste administrazio batzuekin.

j) Trafiko-araudia, motordun ibilgailuen zirkulazioa, bide-segurtasuna eta horien xedapen osagarriei dagokienez, arau-hausteen berri jakin ezkero, eskudun agintaritzei jakinaraztea.

k) Dagozkion funtzioak betez, trafiko bideo-kamerak erabiltzeari eta datu pertsonalak babesteri buruzko araudia bete dadin arduratzea.

l) Indarreango ordenamendu juridikoak edo eskudun organoek esleitutako beste edozein funtzio.

5. artikulua.– Zerbitzua nola eman eta nola antolatu.

1.– Trafikoa Kontrolatzeko Zentroak operazioetarako sala bat izango du, hain justu ere, telekomunikazio-loturez eta hiriarteko trafikoa kudeatzeko sistema osatzen duten osagaiak integratu zein kontrolatzeko baliabideez hornitua.

Artikulua honetan jasotakoarekin bat eta Herrizaingo sailburuaren agindu batez ezarriko da zentroaren barne-antolamendua eta -egitura.

2.– Hartarako emandako ebazpenaren bitartez, Trafiko zuzendariari dagokio kudeaketa-planak onartzea eta bai Sistemaren parte diren elementuak zehaztea eta elementuok zertarako erabiliko diren zehaztea ere.

3.– Trafiko zuzendariak arteztu eta gainbegiratuta, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroko buruari dagokio zentro horrek egin beharreko zerbitzuak eta funtzioak zuzendu eta kontrolatzea.

Ildo horretatik, Zentroko buruari eta, halakorik bada, zentroko ustiapen-koordinatzaile buruari dagokie, hartarako eskudun agintaritza direnez: Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren funtzioak burutzeko berariazko eta egokiak diren aginduak eta jarraibideak ematea.

4.– Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik trafikoko polizia-zerbitzuetarako aginduen transmisioa eta lotura zentro horretan bertan egingo da, eta hartarako, Ertzaintzako funtzionario bat izango da bertan.

5.– Trafikoaren gaineko diziplina, zainketa, erregulazioa eta kontrola egiteko irudiak atzeman eta erreproduzitzeko bideo-kamerak edo beste edozein baliabide instalatu eta erabiltzea honelaxe egin beharko da: uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren 3. Xedapen gehigarrian eta abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren 8. Xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat etorriaz, hain zuzen ere.

III. KAPITULUA
ADMINISTRAZIOEN ARTEKO ELKARLANA

6. artikulua.– Bide-segurtasunaren eta trafikoaren arloan eskumenak dituzten beste administrazio batzuekin elkarlanean jardutea.

1.– Bide-segurtasunaren eta trafikoaren arloan elkarlanean jarduteko, euskal udalekin hitzarmenak egitea sustatuko du Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak, hain justu ere, planifikazio bateratua, erabiltzaileentzako informazioaren koherentzia, trafikoa kudeatzeko zentroen elkarrekiko lotura eta trafikoa kudeatzeko neurriak hartzerakoan koordinazioa ziurtatzearren.

2.– Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak, bestalde, sustatu egingo du: bide-segurtasunaren eta trafikoaren arloan, Estatuan eskudun diren beste administrazio batzuekin elkarlanean jardutea, eta, orobat, Europan Zeharreko Errepide-Sarearen barruan kokatzen diren beste erakunde batzuekin, beti ere, bide-sareetako trafikoaren gaineko informazioa trukatzea eta trafikoa kudeatzeko zentroen elkarrekiko lotura ahalbidetzearren.

7. artikulua.– Errepideen arloan eskudun diren administrazioen arteko elkarlana.

1.– Bakoitza bere eskumenez baliatuaz, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak eta errepideen arloan eskumenak dituzten administrazioek elkarlanean jardungo dute, beti ere honako helburu hauekin:

a) Bakoitzak dituzten eskumenez baliatzeko, muntako informazioa trukatzea.

b) Bakoitza bere eskumenez baliatzeko, elkarri laguntza ematea.

c) Erakunde bakoitzaren jarduera-plan eta -proiektuen gaineko informazioak egitea eta orobat alde bien eskumenez baliatzeko interes komuneko beste edozein jardueren gainekoak.

2.– Errepideen titular diren administrazioek edota errepideon kudeaketaren edo ustiapenaren ardura duten entitateek elkarlanean jardun lezakete trafiko kudeatzeko sistemarekin, hain justu ere, dekretu honetako 2. artikuluan aipatutako baliabideak, bitartekoak eta instalazioak finantzatu, jarri, mantendu eta kontserbatzeko.

8. artikulua.– Hitzarmenak.

1.– Kapitulu honetan zehaztutako elkarlana honelaxe gauzatu beharko da: aipatu administrazio edota entitateek eta Herrizaingo Sailak elkarlanerako hitzarmenak sinatuaz.

2.– Aipatu hitzarmenek bermatu egin beharko dute: Trafiko Zuzendaritzak, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren bitartez, batez ere bereak diren funtzioak egiteko erabiliko diren instalazioen gaineko kontrola edukitzea, hain zuzen ere, hiriarteko trafikoa kudeatzeko sistemaren funtzionamendu integratua ziurtatzearren.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Dekretu honek indarra hartzen duen egunetik harako hiru hilabeteko epearen barruan eta indarrenago elkarlanerako hitzarmenak arau honetan xedatutakoari egokitzeko, Herrizaingo Sailak behar diren neurriak ebatziko ditu. Halakorik egiten ez bada, hitzarmenak ezin izango dira luzatu, eta hartarako, hitzarmenean bertan aurreikusitako baliabideen bitartez denuntziatu egin beharko da delako hitzarmena.

Bigarrena.– Dekretu honek indarra hartzen duenetik harako bi hilabeteko epearen barruan, aldaketa honek eragiten dien lanpostuak eta administrazio-unitateak sortzeko, lanpostuen zerrendak aldatu egin beharko dira, hartarako, atxikipenak aldatuaz, pertsonak berresleituaz edo dotazioak sortuaz, Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren arabera eskatutako titulazio-taldea edozein delarik ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Dekretu hau aplikatu eta garatzeko beharrezko diren xedapenak emateko baimena ematen zaio Herrizaingo sailburuari.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko maiatzaren 22an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Herrizaingo sailburua,

JAVIER BALZA AGUILERA.

ERANSKINA
EUSKADIKO HIRIARTEKO TRAFIKOA KUDEATZEKO SISTEMA OSATZEN DUTEN OSAGAIAK

1.– Trafikoa administratzeko sistema telematikoak

1.1.– Trafikoaren monitorizaio- eta sentsorizazio-sistemak: denbora errealean, Euskal Autonomia Erkidegoko errepide-sare osoko trafikoaren egoera globalaren gaineko informazio eta datu interesgarriak atzeman eta biltzeko teknologiak. Sistema honen osagaiak honako hauek dira:

a) Denbora errealeko neurketa-estazio, sentsore eta detektagailuen sarea: errepidean instalatzen diren eta Trafikoa Kudeatzeko Zentroarekin lotuta dauden dispositiboak, zeinekin automatikoki eta unean bertan parametro interesgarriak monitorizatzen baitira (trafikoaren bolumena eta dentsitatea, abiadurak eta ibilgailuen arteko distantziak, hilaren luzerak, okupatutako espazioaren portzentajea, errei aldaketak zenbatu eta kokatzea, azelerazio eta desazelerazioak, jatorria/destinoa matrizak, bidaien iraupena eta abar)

b) Telebista-zirkuitu itxiaren (TZI) bidezko monitorizaio-sistema: telebista-zirkuitu itxien instalazioak, zeinekin, errepide-sarean paratutako telebista-kameren bitartez, irudiak igortzen baitira Trafikoa Kudeatzeko Zentrora, non monitoreen eta irudiak grabatzeko sistemen bitartez bistaratzen diren.

c) Laguntza eta sorospenerako posteen sarea, istripuak, matxurak, bide ixteak eta abar jakinarazteko dena, eta Trafikoa Kudeatzeko sarearekin lotuta dagoena.

d) Estazio meteorologikoen sarea: zirkulazioaren egoerari eragiten dioten gorabehera meteorologikoei dagozkien (tenperatura, hezetasuna, euria, elurra, izotza, haizea, lanbroa eta abar) eta trafikoa kudeatzeko garrantzitsuak diren informazioak biltzeko dispositiboak, errepideetan paratutakoak.

1.2.– Trafikoa kontrolatu eta kudeatzeko sistema informatikoa: ondoren zehaztutakoa egiteko erremintek eta teknologiek osatzen dutena:

a) Monitorizaio- eta sentsorizazio-sistematiko edo beste informazio-iturrik batzuetatiko informazioak bildu, prozesatu eta tratatu.

b) Zirkulazioko gorabehera edo jazoeren (programatutakoen edo programatu gabeen) kudeaketa automatizatua, aipatutakook detektatu eta egiaztatu eta trafikoa kudeatzeko estrategiak gauzatuaz.

c) Unean uneko zirkulazioaren baldintzei egokitzeko, trafikoa kontrolatu eta erregulatzeko estrategiak garatzea.

Sistema horrek ondoko osagai hauek ditu:

a) Monitorizazio- eta sentsorizazio-sistematiko datuak prozesatzeko sistemak.

b) Errepide-sarea bistaratzea, zehazki, trafikoaren aldagai esanguratsuen interpretazioa automatizatua egitea ahalbidetzen duena, egiteko errepresentazio grafikorako sistema (GIS, eta abar).

c) Errei itzulgarri, abiadura muga, sarrera-arrapala, ezkututako seinale, galibo-kontrol eta abarrei dagokienez trafikoaren kudeaketa dinamikoa egiteko, seinalizazio aldakorreko eta semaforoak kontrolatzeko sistemak, hain zuzen ere, bideetan integratutako trafiko-seinale aldakor eta egokitzaileak kontrolatzeko direnak.

d) Trafikoko jazoera eta gorabeheren kudeaketa automatizatua egiteko sistemak; eta beste hauek ere egiten dituztenak: alarmen egiaztapena eta balidazioa egitea, seinalizazio aldakorreko sistemaren gaineko jarduketak, trafikoa kudeatzeko planetan zehaztutako ekintzak gauzatzea, eta egindako jarduketen ebaluazioa.

e) Sistemaren funtzionalitateko gainontzeko osagaiak; txostenak, azterlanak eta abar egiteko datu esanguratsuak aldizka biltzea eta ikuskatzea barne direlarik.

1.3.– Seinalizazio aldakorreko sistemak: mezu aldakorreko panelak eta seinaleak, gidarien portaerei eraginez Kudeaketa Zentroan aurreikusitako jarduketak burutzea ahalbidetzen dutenak.

4.– Trafikoari buruzko informazio-sistemak: zirkulazio-fluxuak bideratzeko, eta zirkulazioaren egoera eta bide-segurtasuna hobetzeko, bide-sareko gorabeherei eta bide-segurtasunari dagokienez gidarientzako gomendioei eta bide-sarearen egoerari buruzko informazioa, egiazkoa, koherentea eta eragingarria, unean unean zabaltzeko teknologiak eta erremintak. Bidai aurretik edo bidaian erabili daitezkeen hedabideak honako hauek dira: teletestoa, telebista analogikoa edo digitala, irratia (konbentzionala, RDS-TA, RDS-TMC, DAB), Internet, telefonia mugigarriko zerbitzuak, berripaperak, prentsarentzako jakinarazpenak, hurbileko ingurune geografikoan trafikoaren arloan eskumenak dituzten organoekin informazioa trukatzeko DATEX Sistema, telefonoz laguntza emateko zerbitzua, eta, oro har, denborak aurrera egin ahala komunikazioen arloan teknologia berriak garatzearen ondorioz ager daitezen guztiak.

2.– Errepide-sarean paratutako instalazioak, baliabideak eta bitartekoak.

2.1.– Trafikoaren kudeaketa informatikoa egiteko sistema telematikoaren osagai periferikoak: aurreko idatz-zatian aipatutako sistema telematikoen parte diren eta bide-publikoetan instalatuta dauden dispositibo guztiak, hala nola:

a) Seinalizazio dinamiko eta aldakorreko dispositiboak, trafikoa denbora errealean ordenatu eta erregulatzeko direnak (seinale eta semaforo aldakorrak, seinalizazio aldakorreko panelak etab).

b) Datuak denbora errealean batzeko estazioak (detektagailuak eta sentsoreak, estazioa meteorologikoak etab).

Telebista-zirkuitu itxiko bideo edo telebista kamerak eta instalazioak.

d) Laguntzetarako komunikazio-posteak.

e) Zinemometroen instalazioak eta beste tresna osagarri batzuk.

f) Hiriarteko trafikoa kudeatzeko balio duten beste batzuk.

2.2.– Telekomunikazio-sarea: kontroleko aginduak, ekipoen funtzionamenduko alarmak, trafikoko alarmak eta trafikoari buruzko informazioak eta datuak trukatzeko, Trafikoa Kudeatzeko Zentroarekin sentsoreak eta ekipo telematikoak interkonektatzea ahalbidetzen duten telekomunikazioetako ekipamenduak eta azpiegiturak, hartarako, zenbait transmisio-baliabideren (zuntz optikoa, telefonia finko zein mugigarria, irrati-lotura eta abar) bitartez komunikazio-loturak baliatuaz.

2.3.– Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa: Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzari atxikitako administrazio-unitatea, hain justu ere, trafikoa kudeatzeko sisteman zehaztutako estrategien eta sistemen bitartez, Euskadiko errepide-sarean hiriarteko trafiko eta zirkulazioaren kudeaketa egiteko ardura duena.

2.4.– Ertzaintzaren trafiko-zerbitzuak: Herrizaingo Sailaren egitura organikoa eta funtzionalari buruzko urriaren 19ko 358/1999 Dekretuko 11.3 artikuluan, eta dekretu honetan zehaztutakoarekin bat etorriaz gauzatu beharko da Ertzaintzaren unitateentzako laguntza eta euskarria.

3.– Planifikazio estrategiko eta taktikoko baliabideak.

3.1.– Trafikoa kudeatzeko planak: Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendariak onartu beharko ditu, eta honako helburu hauek izango dituzte: errepide-sareko segmentu zehatzetan ager daitezkeen gorabeherak aurreikustea, eta, halaber, bide-segurtasunaren eta zirkulazioaren baldintzak hobetzeko burutu beharreko jarduketak eta estrategiak; hartarako, errepideetan instalatutako ekipoen gaineko jarduketak burutuaz, nahiz eskura diren bitarteko eta baliabideak koordinatuta jardunez. Egikaritzeko epeak, lehentasunak eta helburuak ondoren zehazten den bezala finkatuko dituzte trafikoa kudeatzeko planek: planetan finkatutako helburuak egikaritzeari dagokionez, egiaztatu eta ebaluatzeko moduak, baliabideak eta bitartekoak aurreikusiaz.

3.3.– Hiriarteko semaforoak denbora errealean kudeatzea: zirkulazio-fluxua razionalizatu eta hobetzearren, trafikoaren zenbait aldagairi eragiteko, hiriarteko semaforoen ziklo eta denboren gaineko jarduketa dinamikoak eta egokitzaileak egitea (modu automatizatuan edo ez automatizatuan), beti ere zirkulazioak duen egoeraz edo izan lezakeen egoeraz eskura diren datuen arabera.

3.3.– Abiaduraren kontrol lineala: ilarak eta pilaketak izatearen, dentsitate edo arintasunaren edo beste gorabehera batzuen arabera, bideetarako abiadura muga berariazkoak gomendatu edo erregulatuaz, seinalizazio aldakorraren bitartez, errepide-sareko segmentu zehatz batean zirkulazioaren segurtasuna eta arintasuna hobetzeko estrategia.

3.4.– Sarrerak kontrolatzea: pilaketak eta ilarak murriztuaz edo ekidinez, eta zirkulazio-fluxuen arabera, errepide-sareko zenbait bide edo bide-zatitara ibilgailuen eta edo ibilgailu-mota batzuen sarrera murriztu edo erregulatuaz bideetako zirkulazioa ordenatzeko estrategia.

3.5.– Erreiak kudeatzea: errei itzulgarri edo ohiko noranzkoaz kontrakoak kudeatuaz, pilaketak murriztu eta zirkulazioaren baldintzak hobetzeko estrategia.

3.6.– Erabiltzaileentzako orientazioak eta argibideak: erabiltzaileei trafikoaren gaineko argibideak emanez, pilaketak bazterturik trafiko-fluxuak dibertsifikatzeko eta zenbait bidetan zirkulazio-fluxuak maila egokirantz bideratzeko estrategia.

Aipatu informazio horren edukiak hauexek dira: denbora errealean errepide-sarearen egoera, aurreikusitako gorabeherak, gertatzen diren gorabeherak, hala nola, istripuak, ilarak, pilaketak, erreiak itxita egotea, eta bai ibilbide alternatiboei buruzko gomendioak, erabiltzaileentzakoak. Seinalizazio aldakorreko panelen eta gainontzeko transmisio-baliabideen (trafikoari buruzko informazio-sistemaren parte direnen) bitartez helaraziko zaie aipatu informazioa erabiltzaileei.

3.8.– Antzeko eta helburu eta izaerako beste edozein.


Azterketa dokumentala