Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

69. zk., 2001eko apirilaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila
1893

41/2001 DEKRETUA, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan Trenbide Sarearen Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana behin betiko onesten duena.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurraldearen Antolamendurako Plana lurraldea antolatzeko tresna bat dugu, otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuaren bidez onartutako Lurraldearen Antolamendurako Artezpideek zehazturiko esparru orokorraren barruan Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide sare osoa ezarri eta garatzeko jarduketak zehaztuko dituena. Planak, eragindako lurzoruaren erabileraren gaineko erabakien bitartez, hirigintzako planak ere lotetsiko ditu, eta trenbidea ezarri eta garatzeko behar den lurzorua horretarako gordetzea ahalbidetzen du.

2.– Planaren helburua hau da: planean jasotako erabakiak garatu ahal izateko, trenaren arloan nahiz hirigintzarenean behar diren esku-hartzeetarako erreferentzia gisa baliatuko den plangintza-tresna arautzaile bat lortzea, horrela xede hauek erdiesteko:

– Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan trenbide azpiegiturak ezarri eta garatzeko jarduketak zehaztea.

– Trenbide erabilerak eragindako lurzorua antolatzea.

– Trenbide erabilerako espazioen antolamendua eta hirigintza-antolamendu orokorra adostea.

– Euskal Autonomia Erkidegoaren barruko lurraldearen antolamenduan zerikusia duten beste arloetako politikekin koordinatzea.

– Europan barnako trenbide sarea ezarri eta garatzeko jarduketekin koordinatzea.

3.– Horrela, bada, Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan Trenbide Sarearen Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plan hau luzaroan burututako lanaren emaitza dugu; lan hori beste administrazio publiko eta erakunde batzuekin elkarlanean koordinaturik eraman da aurrera, batez ere Estatuko Administrazioarekin. Administrazio horrek, interes orokorrekoak diren edo autonomia erkidego bat baino gehiago ukitzen duten herri-lanetan aginpidea duenez, zuzenean parte hartu du trenbide sare berrian zehaztuz, eta, gainera, ingurumenaren eraginaren gaineko ebaluazioa ere egin du. Ebaluazioa egiteko prozedura Ingurumeneko Idazkaritza Nagusiak 2000eko urriaren 22an planaren aldeko aitorpena egiten zuen Ebazpenaren bidez amaitu zen.

Azpiegitura berriaren gaineko aurreikuspenak, Europako Batasunak Europan barnako trenbide sarea ezarri eta garatzeko plazaratutako aholkuen esparruan, onartutako erabakiak eta erkidegoz gaindiko interesak eta estatu mailan ezarritako artezpideak jasotzearen ondorio dira.

Batetik, kontuan izan dira Europako Batasunak Europako Batasunaren Itunaren 154. artikuluan aipatzen dituen Europan barnako garraio azpiegituren eremuko helburu, lehentasun eta ekintza-lerro nagusien gainean emandako jarraibideak, Europako erakundeek horiek hartzen baitituzte oinarritzat Europa garraioaren ikuspuntutik batzen laguntzen duten interes amankomuneko proiektuak eta estatu barruetako sareak elkarren artean lotzeko eta eraginkor bihurtzeko garrantzia estrategikoa duten proiektuak zeintzu diren zehazteko. Eta hain zuzen ere, proiektu horien artean dago "Espainia-Frantziako Atlantiko aldeko trenbide lotura: Madril-Valladolid-Gasteiz-Akize" izeneko proiektuaren barruan, Gasteiz-Akize trenbidea eta Bilboko adarraren arteko lotura.

Bestetik, jarduketa guztiak Estatuko Administrazioarekin koordinatu dira: Sustapen Ministerioko Azpiegituren Estatu Idazkaritzak 2000ko azaroaren 24an onartutako Euskal Autonomia Erkidegoaren trenbide sare berriaren gaineko azterlan informatiboak zehazten du, hain zuzen ere, Lurraldearen Antolamendurako Plan honen muina.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan Trenbide Sarearen Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana osoa da, hartzen duen lurralde eremuari begira, baina ez da guztiz exhaustiboa zenbait erabakiri dagokienean, erakundeen entzunaldiko izapidean egindako planteamenduagatik, planaren beraren konplexutasunagatik eta aginpideak erakunde bati baino gehiagori zegokielako, zenbait alderdi erabaki gabe utzi baita; Vitoria-Gasteizen trenbide sare berriaren trazadura lurperatzeko konponbidea —iparraldeko lurperaketa (Lakua-Arriaga)— zehaztu gabe, izapide berriak egiteke eta zein konponbide aukeratu erabakitzeke daude, eta Irungo Bentak-Behobiako mugaz gaindiko pasabideari buruzko erabakia ere hartzeke dago, eta hortaz, onespenetik at utzi dira.

Lurraldearen Arloko Planaren kudeaketa eta, bereziki, eragindako lurzorua erreserbatzeko lehenengo jarduketak modu eraginkorrean eta bizkor burutuko badira, eta, kontuan izanik konponbidea zehatz-mehatz finkaturik ez egoteak ez duela, inolaz ere, Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planaren osotasuna eta koherentzia oztopatuko, planaren zati bat behin betiko onartzea komeni da, eta aurrerago sartuko dira onartzeke utzitako zatiari buruzko erabakiak.

5.– Edukiari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan Trenbide Sarearen Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planak Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide sare osoa hartzen du, eta bi multzo bereizten ditu: ezarri beharreko azpiegitura berria, batetik, eta dagoen sarea zabaldu eta hobetzeko jarduketak, bestetik.

Plana honako agiri hauek osatzen dute:

I.– Memoria

II.– Erabakiak. Eragindako lurzoruaren antolamendua.

III.– Planoak.

6.– Plana Garraio eta Herri Lan sailbururen 2000ko azaroaren 17ko Agindu bidez onartu zen behin-behinekoz.

Euskal Herriko Lurralde Antolaketarako Batzordeak, 2001eko otsailaren 15ean egindako 1/2001 bilkuran Planaren aldeko txostena eman du, eta orobat Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak 2001eko otsailaren 19ko txostenaren bidez.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren eta Garraio eta Herri Lan sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2001eko otsailaren 27an egin zuen bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan Trenbide Sarearen Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana behin betiko onartzea, trenbide sare berriak Gasteizen (487+399.133 eta 17+703.202 kilometroen artean) eta Irungo Bentak-Behobia tartean (77+000 eta 84+807.216 kilometroen artean) egingo duen bidearen trazadura salbu. Dekretu honen eranskin gisa, "Erabakiak - Eragindako lurzoruaren antolamendua" izeneko agiria eta planoen laburpen bat argitaratzen dira.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planean jasotako erabakiak eta, batez ere, V. eta VI. kapituluetan jasotakoak bete eta zehazteko lana errazteko, Planean, gehigarri gisa, hainbat eskema sartu dira. Eskema horietan jabari publikoko guneak, zortasun guneak eta eragindako guneak islatzen dira, eta, gainera, kontuan izan da lurzoru mota (hiri lurzorua, hirigarria edo ez-hirigarria den) eta, trena lur gainetik, zubibidean edo tunelean doan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Zenbait trenbide azpiegituren tipologiaren ezaugarriak kontuan izanik, hau da, herri barruko egituran estuago kateaturik daudenez, V. eta VI. kapituluetan jasotako erabakiak ez zaizkie metro arin eta funikularrei aplikatuko.

XEDAPEN IRAGANKORRA

1.– Erabakietan aurreikusi bezala hirigintza antolamenduko egiterapideak nahitaez doitzeko lana, argitaratu egunetik harako urtebeteko epean burutu beharko da.

2.– Nolanahi ere, Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana indarrean jartzen denean planeamendua berrikusten ari diren udalek prozedura horren barruan egin beharko dute doitze hori.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko otsailaren 27an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza

eta Ingurugiro sailburua,

FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.

Garraio eta Herri Lan sailburua,

ALVARO AMANN RABANERA.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO TRENBIDE SAREAREN LURRALDEAREN
ANTOLAMENDURAKO ARLOKO PLANA
II.– ERABAKIAK. ERAGINDAKO LURZORUAREN ANTOLAMENDUA
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– EAEko Trenbide Sarearen definizioa

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarea Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean zehar doazen trenbide egituren multzoak osatzen du, Administrazio edo erakunde eskudun ezberdinek haien plangintzan, taxuketan, eraiketan eta ustiaketan dauzkaten eskuduntzak alde batera utzirik.

2.– Aurreko atalaren ondoreetarako, trenbidea garraiobidea da eta garraioa gauzatzeko darabiltzan ibilgailuek euskarri gisa balio dien errodadura finkoko bide batetik zirkulatzen dute.

3.– Ondore berberetarako, trenbide egitura trenbidearen azpiegiturak eta gainegiturak osatzen dute:

a) Trenbidearen azpiegitura, besteak beste, lursailek, burdinbideko lur berdinketa eta plataformako lanek, lan zibilek (zubiak, tunelak, bidezubiak, gainetiko igarobideak, e.a.) eta trenbide pasaguneek osatzen dute.

b) Halaber, trenbidearen gainegitura errailek, plaka birakorrek, burdinbideko aparatuek, e.a.ek, bidaiarientzako patioetako galtzadek, segurtasun, seinaleztapen eta trenbidearen telekomunikazio instalazioak, ibilgailuen zirkulazioa eta segurtasuna bermatzeko argiztapen instalazioek, trenen trakziorako korronte elektrikoa eroateko instalazioek, geltoki arteko hornikuntzarako lineek, katenariek eta azpiegituraren zerbitzurako eraikinek osatzen dute.

2. artikulua.– EAEko Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planaren esparrua

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planaren esparrua Autonomia Erkidegoko lurraldean zehar hedatutako Trenbide Sarearen osotasuna da.

2.– Ikuspuntu funtzionalari atxikiz, Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sareak Ibilbide Luzeko lineak, Aldirikoetakoak, Metro lineak —ohikoa nahiz arina— eta Funikularrak hartzen ditu.

3.– Azpiegiturari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sareak Sare Berria eratzeko jarduketak eta Egungo Sarea egokitu, hobetu eta, kasu bada, zabaltzeko jarduketak hartzen ditu.

3. artikulua.– EAEko Trenbide Sarearen Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planaren izaera eta xedea

1.– EAEko Trenbide Sarearen Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana lurraldea antolatzeko egiterapidea da eta trenbide azpiegituren arloko egintzak lurraldean egoki kokatzeko xedea dauka, bai halaber, trenbide arlo, lurralde eta hirigintza mailetan esku-hartze publiko ezberdinen koordinazioa bermatzekoa ere.

2.– Ildo horretan, Trenbide Sarearen Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana lurraldea antolatu eta egituratzeko elementua den aldetik, xedetzat dauzkan jarduketek lurralde jite nabarmena eta udalez gaindiko irismena daukate.

II. TITULUA
EDUKIA, ONDOREAK ETA IRISMENA

4. artikulua.– Edukia eta horren arauzko irismena

1.– Honako agiriek osatzen dute Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana:

I.– Memoria

II.– Erabakiak. Eragindako lurzoruaren antolamendua.

III.– Planoak:

A multzoa: Antolamendu Planoak (1:5.000 eskala)

B multzoa: Trazatu Planoak (1:5.000 eta 1:20.000 eskala)

2.– Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plan honen arauzko edukia hura osatzen duten agirien multzoak zehazten badu ere, II.– "Erabakiak" eta III.– "Planoak". A multzoa: "Antolamendu Planoak" izeneko agiriak dira arauzko jite hori beren beregi ezartzen dutenak eta, beraz, zuzeneko lotarazpena dakartenak; gainerako planoek 5. artikuluan aurreikusitako irismena izango dute.

3.– Memoriak azalpen, erreferentzia edo bidezkoketa jitea dauka funtsean; beraz, horren edukian artikulu honen 2. atalean aipatutako agiriekiko kontraesanik azalduz gero, azken horiek nagusituko dira.

5. artikulua.– Planean jasotako erabakien maila eta lotarazpena

1.– Planaren erabakien lotarazpen erari erreparatuz, Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plan honen arauzko edukia bi mailatan sailkatzen da:

a) Arauketa eta antolamendurako xedapenak: horien aplikazioak eta, beraz, lotarazpenak ez dauka zuzeneko zerikusirik trenbide azpiegituran gauzatu beharreko jarduketa zehatzekin.

b) Plangintza xedapenak: horien aplikazioa eta, ondorioz, lotarazpena proposatutako jarduketen zehaztasun mailaren araberakoak dira.

2.– Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plan honetako II.– "Erabakiak" izeneko agiria osatzen duten arauzko xedapenek zuzeneko lotarazpena daukate eta maila berekoak dira euren aplikazio eremu osorako.

Dagozkien eremuetarako, irismen eta lotarazpen maila berekoak dira III.– "Planoak". A multzoa: "Antolamendu Planoak" agirian jasotako antolamendu xedapenak.

3.– Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plan honetako III.– "Planoak". B multzoa: "Trazatu Planoak" deritzon agirian bildutako plangintza xedapenak lotarazpen maila ezberdinekoak dira, ukitzen, aipatzen edo taxutzen diren jarduketen irismenaren arabera:

a) Trenbide Sare Berriari dagokionez, zeinaren trazadura Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plan honetan definitu baita —1:5.000 eskalan—, horren gaineko ebazpenek irismen lotarazle zehatza daukate.

b) Trenbide Sare Berrian egin beharreko gainerako jarduketei dagokienez, ebazpenek iradokizun orokorren jiteko irismena daukate, Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plan honek arloko proiekzio teknikoko egiterapidetan zehaztu beharko den zenbait alternatiba —1:20.000 eskalan— proposatzen baitu.

c) Egungo Trenbide Sareko jarduketei dagokienez, ebazpenek aholku jiteko irismena daukate, eta arloko proiekzio teknikoko egiterapideetan definitu beharko dira.

6. artikulua.– Hirigintzako plangintzako tresnei buruzko ondoreak.

1.– Antolamendu xedapenei dagokienez, lurzoruari buruzko eta hiri antolamendurako legerian hirigintza antolamenduaren gainean aurreikusitako udal egiterapideak zein udalez gaindikoak EAEko Trenbide Sarearen Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planean egindako zuzeneketei doitu beharko zaizkie, bertan ezarritako epeetan eta Euskal Lurraldearen Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 1990/4 Legearen 9.2 artikuluan araututako prozeduraren bidez.

2.– Ondore horretarako, honako Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planaren III.– "Planoak". A multzoa: "Antolamendu Planoak" izeneko atalak Trenbide Sare Berriaren Trenbide Erabilerako Komunikazio Sistema Orokorra izango denaren irudikapen grafikoa jasotzen du; kalifikazio horri aipatu hirigintza antolamenduko egiterapideak doitu beharko zaizkio, Erabakien lehenengo xedapen gehigarrian aurreikusitako epeetan.

3.– Artikulu honen aurreko bi ataletan adierazitako guztiak ez dakarkie kalterik ukitutako Udalek, kasu bada, aipatu aldarazpenak gauzatzeko abiaraz ditzaketen prozedurei.

7. artikulua.– Erabakien irismena

1.– Trenbide azpiegituran gauzatuko diren jarduketen araubide juridikoaren egituraketa, Trenbide Erabilerako Komunikazio Sistema Orokorraren definizioa eta trenbidearen aldameneko guneetako erabilera araubidearen artikulazioa EAEko Trenbide Sarearen Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planaren xede diren heinean, berori da bertan jasotzen diren aurreikuspenak gauzatzeko lurraldean egiten diren ekintzak lurralde eta hirigintza antolamenduaren ikuspegitik bidezkotzeko antolamendu egiterapide egokia eta nahikoa.

2.– Iradokizun orokorren jiteko irismena duten plangintza xedapenei dagokienez, planaren lurralde zein hirigintza estaldura hirigintza antolamendurako egiterapideak, proiekzio teknikoko tresnen bitartez, zehaztutakoari egokitzetik ondorioztatuko dira —beti ere honako Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plan honetan azaldutako alternatiben esparruan.

3.– Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plan honetan eta, ondorioz, hirigintza antolamenduko tresnetan jasotako plangintza xedapen lotarazleek, jite zehatzekoak nahiz orokorrekoak izan, ez dute euren burutzapenerako beste garapen edo zehaztapen egiterapiderik beharko, planean trenbide azpiegituren gauzapenerako kasu bakoitzean eskatutako proiekzio teknikoko tresnen izapidetza eta onarpena baino.

8. artikulua.– Publikotasuna

Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plan honen eduki osoa publikoa izango da eta edozein erakundek nahiz pertsonak aztertu ahal izango du edo bertatik informazioa jaso Eusko Jaurlaritzaren Garraio eta Herrilan Sailean eta Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailean.

III. TITULUA
INDARRALDIA, BERRIKUSKETA ETA
ALDARAZPENA

9. artikulua.– Indarraldia

Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plan honen indarraldia mugagabea izango da.

10. artikulua.– Berrikusketa

1.– Indarraldian zehar sartzen diren aldarazpenak alde batera utzita, zortzi (8) urtean behin aztertuko da Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plan hau berrikusteko egokitasuna, eta hori lehenagoko edo geroagoko edozein unetan egingo da ondorengo inguruabarretako batzuk batuz gero:

a) Garraio eta Herrilan Sailak lau (4) urtean behin emango dio Euskal Lurraldearen Antolamendurako Batzordeari Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plan honek unean uneko errealitatearekiko agertzen duen egokitasunaren berri eta, kasu bada, berrikustea gomendatuko dio.

b) Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plan honek trenbide azpiegituraren oinarrizko eredua itxuratzean onetsitako hipotesiak aldarazten dituzten inguruabarrak gertatzen direnean.

2.– Bere onarpenerako ezarritako prozedurari atxikiz egingo da berrikusketa.

11. artikulua.– Aldarazpena

1.– Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plan honek jasotako erabaki lotarazleen funtsezko edozein aldaketa egiteko, aurretiaz aldarazi beharko da Plana bere onarpenerako ezarritako prozedura bera erabiliz.

2.– Ondore horretarako, ez dira ez jite zehatzeko plangintza xedapen lotarazleen ez III.– "Planoak". A multzoa: "Antolamendu Planoak" deritzon agirian jasotako antolamendu xedapenen aldarazpentzat hartuko proiektu teknikoen zehaztasun handiagoa lortu edo eskala doitzeko haietan edo hirigintza antolamendu eta plangintzako gainerako tresnetan egiten diren egokitzapen hutsak edota eragindako lurraren berezko egoerak eragiten dituen egokitzapen nahiz doikuntzak ere.

3.– Iradokizun orokorren jiteko irismena duten plangintza xedapenei dagokienez, proiekzio teknikoko dagokion egiterapidean jasotako eta Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plan honetan azaldutako alternatibak nabarmenki aldarazten duen proposamen orok aurretiaz plana aldaraztea ekarriko du.

4.– Egungo Trenbide Sarean egin beharreko jarduketen plangintzak eta egikaritzak ez dute ezein kasutan ere Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plan honen aldarazpena eragingo, horiek geroagoko berrikusketetan isla daitezkeen arren.

IV. TITULUA
EAE-KO TRENBIDE AZPIEGITURAN GAUZATZEN DIREN JARDUKETEN ARAUBIDE JURIDIKOA

12. artikulua.– Egungo Sarea eta Sare Berria

1.– EAEko trenbide azpiegituran gauzatu beharreko ekintzak direla eta, egungo sareari dagozkionak eta sare berrikoak bereizten dira.

2.– Ondore horretarako, Trenbide Sare Berritzat hartzen da berri sortzeko dagoen trenbide azpiegitura, zeinaren funtsezko egitura Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plan honetan definitzen den —bai bere trazaduraren definizioaren bitartez bai alternatiben azalpenaz.

3.– EAEko lurraldean zehar hedatzen den trenbide azpiegituran gauzatuko diren gainerako jarduketak Egungo Sarearen gaineko ekintzatzat hartzen dira; kontzeptu berorren barruan sartzen dira burdinbideen luzapen edo bikoizketakoak, lur berdinketaren zabalkuntzakoak edo, geltoki eta geralekuetan, nahiz trenbidezko garraioaren garapenarekin lotura funtzionala daukaten gainerako instalazio edo erakinetan egin beharreko edonolako ekintzak.

13. artikulua.– Plangintzaz

1.– Trenbide azpiegituraren plangintzak bi ekintza mota hartzen ditu: lurralde plangintzari propio dagozkionak eta plangintza zein proiekzio teknikorakoak; azken horietakoak dira arloko legeriak balizko bakoitzerako aurreikusitako azterlan eta proiektuak: informaziorako azterlanak eta ingurugiro eraginari buruzkoak, besteak beste, eta proiektu teknikoak kasu.

2.– Trenbide Sare Berriaren lurralde plangintza honako Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planaren formulazioaren bidez gauzatzen da nagusiki.

Ondorioz, Sare Berrian lurralde plangintzari dagokionez —bai trazadura 1:5.000 eskalan definitzeko bai 1:20.000 eskalako alternatibak proposatzeko— aurreikusitako jarduketen estaldura lurralde antolamendurako honako egiterapidearen edukian eta hirigintza antolamendurako dagozkion egiterapideetan islatzen da:

a) Hirigintza antolamendurako aipatu egiterapideok halabeharrez egokituko zaizkio Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planari, euren trazadura planean —1:5.000 eskalan— definiturik daukaten jarduketei dagokienez.

b) Tresnok Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plan honetan —1:20.000 eskalan— proposatutako jarduketak eta alternatibak jaso ahal izango dituzte.

3.– Aurreko atalean aipatutako lurralde plangintza proiekzio teknikoko tresnen bitartez zehaztu eta garatuko da; egiterapideok informaziorako azterlana eta ingurugiro eraginari buruzkoa, besteak beste, eta dagozkion proiektu teknikoak, halabeharrez elkarri egokitu beharko zaizkionak, izango dira.

4.– Bestalde, Egungo Sareari dagozkion jarduketen plangintzaren estaldura proiekzio teknikoko dagozkion tresnek islatzen dute, horietarako erreferentzia honako Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana delarik.

Lurralde antolamendurako egiterapide honetan aholku gisa jasotako irizpideekin bat ez datorren jarduketa ororen zioa behar bezala bidezkotu beharko da, bai eta aukeratutako irtenbidearena ere.

14. artikulua.– Kudeaketa eta Lorpenerako bideez

Trenbide azpiegituran egingo diren jarduketak gauzatzeko beharrezko lurra desjabetzapen sistemaz lortuko da oro har. Dena den, ez da baztertzen hirigintzari buruzko legerian sistema orokorrak lortzeko aurreikusitako bideetako beste edozein ere erabiltzeko aukera.

Trenbide sare berria landa eta basogintzako lurretan ezarri behar izanez gero, ukitutako lurzoruen kudeaketa, aginpidea duen sailak onartutako landa eta basogintzako lurzoruaren kudeaketako planari lotu beharko zaio.

15. artikulua.– Egikaritzaz

1.– EAEko trenbide azpiegituran egiteko dauden ekintzen egikaritzak, horien lurralde jite nabarmena kontuan harturik, ez du aurretiazko udal baimenik behar izango.

2.– Ondore horietarako, egikaritza kontzeptuaren baitakotzat hartzen dira sare berriko egikaritza ekintzak eta egungo sarearen zabalkuntza, hobekuntza, konponketa edo mantenurakoak, honako Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planaren 12.3 artikuluan definitu diren bezala.

Aurreko atalean aipatutako ekintzetarik unean uneko eta tokian tokiko jarduketak eta geltokiak, geralekuak eta trenbidezko garraioaren garapenarekiko lotura funtzionala daukaten gainerako eraikin eta instalazioak funtzionalki baliagarri zaizkion trenbide azpiegituraren gehigarritzat hartuko dira eta, beraz, horiek ere udal baimenaren beharra salbuesten duen araubide juridiko beraren pean egongo dira.

3.– Aurreko ataletan aurreikusitakoak ez du baztertzen proiektu teknikoak ukitutako Udalari edo Udalei helarazi eta jakinaraztea, horiek aipatu proiektuak indarrean dagoen hirigintzako plangintzarekin bat datozela egiaztatzeko egin beharreko izapidea abian jar dezaten. Horretarako, hogeita hamar (30) eguneko epea izango dute, eta egiten ez badute, ados daudela iritziko da.

V. TITULUA
TRENBIDE ERABILERAKO KOMUNIKAZIO
SISTEMA OROKORRA

16. artikulua.– Eraginkortasuna eta irismena

EAEko Trenbide Sarearen Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planaren helburuetako bat da definitzea zerk osatzen duen Trenbide Erabilerako Komunikazio Sistema Orokorra —bai egungo sareari bai sare berrirako dagoeneko zehaztuta dagoen trazadurari dagokionez— eta kalifikazio horri —sailkapena edo, kasu bada, lorpen nahiz balorazio ondoreetarako banaketa alde batera utzita— dagozkion hirigintza antolamenduko egiterapide guztiak lotzea.

17. artikulua.– Baitan sartzeko irizpideak

1.– Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plan honek lursailak Trenbide Erabilerako Komunikazio Sistema Orokorraren baitakotzat hartzeko ezarritako irizpidea lurralde eta hirigintza ikuspegitik egin beharreko lur erreserba, hornikuntza eta antolamenduan datza, trenbide azpiegituraren ezarpena ahalbidetzeko xedez.

2.– Ikuspegi horri atxikiz, lurrak Trenbide Erabilerako Komunikazio Sistema Orokorrean sartzeak haiek lurraldearen egituraren funtsezko elementutzat egituratzea dakar, bai eta beroriek, kalifikazio horren zioz, trenbide azpiegituraren egikaritza egokirako beharrezkoa den lurzoru erreserbari lotzea ere.

3.– Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plan honetan Trenbide Sare Berrirako Trenbide Erabilerako Komunikazio Sistema Orokortzat definitutako lurrak "barnebide" deitu zaionaren baitan itxuratzen dira planoetan. "Barnebidea" trenbide jabari publikoak eskatzen duen itxuraketa egokirako beharrezko zehaztapen, doikuntza eta egokitzapenak baitan hartu ahal izateko bezain zabala izango den itxuraketa esparrua da.

Ondore horretarako, esparru edo "barnebidea" osagarriak diren bi grafia ezberdinek irudikatzen dute antolamendu planoetan: trenbide erabilerako jabari publikoari dagokiona eta "gordetako lurra" izena duena.

4.– Trenbide Sare Berriaren azpiegituraren egikaritza amaitutakoan sistema orokortzat hartutako lurretarik —hots, "barnebidean" sartuta daudenak edo "jite laguntzaileko beste erreserba gune batzuk" kontzeptuaren pean daudenak— trenbide erabilerako jabari publikoari benetan atxikirik geratu ez direnei beste edozein hirigintza kalifikazio esleitu ahalko zaie, beti ere kalifikazio hori trenbidearen aldameneko lur araubidearekin bateragarria bada.

18. artikulua.– Definizioa

1.– Trenbide Erabilerako Komunikazio Sistema Orokorra definitzeko, beharrezkoa da Egungo Sarea eta Trenbide Sare Berria bereiztea.

2.– Egungo Trenbide Sarean Trenbide Erabilerako Komunikazio Sistema Orokorra trenbideko lur berdinketak hartzen dituen espazioek, haren elementu funtzionalek eta ustiaketa egokirako beharrezko instalazioek osatzen dute, bai eta jabari publikoko gune deritzon eta, kasuan kasu, trenbide poliziari buruzko xedapenen araberako tamaina eta itxuraketa izango dituen titulartasun publikoko lurren esparruak ere.

3.– Trenbide Sare Berriaren azpiegitura buruturik, trenbideko lur berdinketak hartutako lursailek, haren elementu funtzionalek eta ustiapen egokirako beharrezko instalazioek osatzen dute Trenbide Erabilerako Komunikazio Sistema Orokorra, bai eta zortzi (8) metroko zabalerako zerrenda batek, hirigarri eta ez-hirigarri gisa sailkatutako lurzoruan, eta hiri lurzoruko bost (5) metroko beste zerrenda batek ere, ondorengo artikuluetan zubi, tunel, zubibide eta antzeko egitura eta obren balizkoetarako adieraziko diren zehaztasunekin.

Hiri lurzoruko jabari publikoko gunea definitzeko aipatutako distantzia Garraio eta Herrilanen eskumena daukan Administrazioak murriztu ahal izango du, horren beharra benetakotzen badu eta trenbidearen erregulartasuna, kontserbazioa eta igarotze askea kaltetzen ez badu, baina beti ere bi metro baino gehiagoko distantzia utzita.

4.– Aipatu zerrendaren zehaztapena lur berdinketaren kanpoko ertzetik abiatuz egingo da, horizontalean eta dagozkion kanpoko errailekiko perpendikular.

19. artikulua.– Jite teknikoko zehaztapenak

1.– Lur berdinketa lurraren berezko topografia aldarazi den lur-zerrrendari —plataforma deituta eta, linearen tipologiaren arabera, zabalera aldagarrikoa dena— deritzo; beraren gainean eraikitzen da burdinbidea eta bertan kokatzen dira haren elementu funtzionalak eta instalazioak.

2.– Lur berdinketaren kanpoko ertza lubetako ezpondaren oinaren edo lubakiaren edo ebakitako baso zatiaren tontor lerro edo, kasu bada euspen murruena eta berezko lubetaren elkarguneari deritzo.

3.– Trenbidearen elementu funtzionalak eta instalazioak haren kontserbaziora edo trenbide zerbitzu publikoaren ustiaketara iraunkorki zuzendutako ondasun, bitarteko eta gune guztiak dira, hala nola pasealekuak, bermak, arekak, seinaleak, itxiturak, trenbide pasaguneetarako irispideak, langak eta langaerdiak, transmisioak, konektoreak, lur gaineko, lur azpiko nahiz airetiko kanalizazioak, etxolak, kutxatilak, transformadoreak, azpiestazioak, elikapen lineak, airetiko kontaktu linea eta antzekoak.

4.– Zubi, zubibide eta antzeko egitura eta obren kasu berezietan, obrek lurrarekiko eratzen duten proiekzio lerro bertikala hartuko da kanpoko ertzatzat. Egituraren euskarriek hartzen duten lurra jabari publikokotzat hartuko da kasu orotan.

5.– Tunelen kasu berezietan, jabari publikoko esparruak eta horren segurtasun esparruak zehazteko xedez, haien egituraren kanpoko lerroa hartuko da lur berdinketaren lerrotzat.

Trenbide Erabilerako Komunikazio Sistema Orokorra zehaztean, haien sarrera eta irteeraren aldameneko guneak baino ez dira hartuko jabari publikokotzat, irizpide geoteknikoen arabera segurtasuna bermatzeko moduko distantzia aldagarrian eta luzetara ("LD"), kasu bakoitzean dagokion trazadurarekiko.

Orokorrean, lur gainean egin beharreko jarduketetarako, "ereduzko" irizpidetzat hartzen da "LD" distantzia hori lurraren berezko sestra, burdinbidearen sestrarekiko, gutxienez tunelaren egituraren kanpoaldeko bi "H" altuerako distantzian kokatzea ahalbidetuko duen moduan ezartzea.

Era berean, lurpean egin beharreko jarduketerako "ereduzko" irizpidea izango da "LD" distantzia, lurpeko jarduketaren maila tunelaren egiturak burnibidearen sestrarekiko kanpoaldetik duen "H" altueraren halako bi izatea.

Nolanahi ere, bai lur gainean egin beharreko jarduketetan, bai lurpekoetan, lurraren ezaugarri teknikoak aintzat hartu beharko dira, azpiegituraren segurtasuna bermatuko duen distantzia ("LD") zorrotz ezarri ahal izateko.

VI. TITULUA
TRENBIDEEN ALDAMENEKO GUNEAK
BABESTEKO ARAUBIDEA ETA HORIEN ERABILERA ETA ERAIKETA BALDINTZAK
LEHENENGO KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK ETA DEFINIZIOAK

20. artikulua.– Eraginkortasuna eta hedadura

1.– Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plan honen beste xede bat trenbidearen hurbileko guneak definitzea da, aplikagarri den arloko legeriak ezartzen dituen babes erregimena eta erabilera eta eraikigarritasun baldintza bereziak aplikatu ahal izateko haiek zehazten dituzten hedadura eta ondoreekin.

2.– Ildo horretatik, Izenburu honetako erabakiek zuzenean lotuko dituzte Administrazio publiko zein partikularrak lurzoruaren erabilera eta eraiketa jarduerak bete behar dituztenean.

3.– Administrazioak eta, zehazki, Udalerriak erabaki horien mende egongo dira hirigintza jarduerari dagokionez, batez ere:

a) Plangintza orokorreko tresnetan lurrak gunekatu eta kalifikatzean.

b) Garapen antolamendurako egiterapideak eta Hirigintza Proiektuak formulatu edo onartzean.

c) Hirigintza egikaritzarako egiterapideak formulatu eta onartzean eta Lankidetzarako Hirigintza Entitateen eraketa onartu eta funtzionamendua tutelatzean.

d) Finken erabilera eta eraikuntzarako Arau eta Ordenantzak onartzean hirigintza sailkapena zeinahi dela eta, zehazki, lerrokatze eta atzeraketa gisako parametroak zehaztean.

e) Hirigintza kontrol eta diziplina jardueretan.

4.– Izenburu honek jasotzen dituen erabakiak betetzen ez dituzten eraikin, instalazio eta erabilera erregimen juridikoari dagokienez, hirigintza antolamendurako tresnek haiek betetzen direla bermatuko duen erregimen juridikoa itxuratu behar dute —kasu bakoitzean egoki diren modulazioekin.

21. artikulua.– Trenbideen aldameneko guneen definizioa

Babes erregimena eta lurzoruaren erabilera eta eraiketa baldintzak zehazteko, trenbidearen hurbilekotzat joko dira, lur berdinketaren atzeko erpinetik hasita, honako hiru gune hauek: jabari publikoak barne hartzen duen lurralde esparrua; zortasun lurrak eta eragindakoak.

22. artikulua.– Babespenerako araubidea trenbide jabari publikoaren mugakide diren guneetan

1.– Trenbideko jabari publikoaren mugakide diren guneak, handik hurbil daudenez, bi eremutan banatzen dira: zortasun gunea eta eragindakoa, eta haien jabego eskubidearen estatutu berezia finkatzen dute.

2.– Ondoko bi artikuluetan zortasun gunea eta eragindakoak definitzeko aurreikusitako distantziak kasu konkretuetan aldatu ahal izango dira arloko legerian aurreikusitako balizkoetan.

23. artikulua.– Zortasun gunearen definizioa

1.– Zortasun gunea trenbidearen bi aldeetan dauden lur-zerrendak dira; barrutik jabari publikoko guneak eta kanpotik lur berdinketaren kanpo aldeko erpinen paraleloak diren bi lerrok mugatzen dute: hogei (20) metrora lurzoru hirigarri zein ez-hirigarrian eta zortzi (8) metrora hiri lurzoruan. Neurketa horizontalean eta trenbidearen kanpo bidearekiko prependikularrean eta lur berdinketaren kanpoko erpinetatik hasita egingo da.

2.– Tunelen kasuan, zortasun gunea barrutik jabari publikoko guneak eta kanpotik egituraren kanpoko erpinen paraleloak diren bi lerrok eta trenbidea zeharkatzen duen beste batek mugatzen duten lur eremua da; distantzia hogei (20) metrokoa izango da lurzoru hirigarri eta ez-hirigarrian eta zortzikoa (8) hiri lurzoruan, horizontalean eta lehenengoarekiko perpendikularrean neurtuta.

24. artikulua.– Eragindako gunearen definizioa

1.– Trenbideak eragindako gunea haren bi aldeetan dauden lur-zerrendak dira; barrutik zortasun guneen kanpoko mugek eta kanpotik lur berdinketaren kanpoko erpinaren paralelo diren bi lerroek mugaturik daudenak eta berrogeita hamar (50) metrora daudenak lurzoru hirigarrian eta ez-hirigarrian eta hogeita bost (25) metrora hiri lurzoruan; neurketa horizontalean eta trenbidearen kanpoko bidearekiko perpendikularrean egingo da eta lur berdinketaren kanpoko erpinetatik hasita.

2.– Tunelen kasuan, ez dago eragindako gunerik.

BIGARREN KAPITULUA
ERABILERA ETA ERAIKIGARRITASUN
ERREGIMENA. DEBEKUAK, MUGAPENAK ETA
ALDI BATERAKO ATZEMATEAK

25. artikulua.– Trenbideko jabari publikoko gunearen erabilera eta eraiketa baldintzak. Debekuak

1.– Jabari publikoko trenbide gunean trenbide zerbitzua eskaintzeko beharrezkoak diren obra edo instalazioak baino ezin izango dira egin edo interes orokorreko zerbitzu publikoaren prestazioak hala eskatzen duenean; horretarako, eskumena duen administrazio organoaren aurretiazko baimenaz eta linearen ustiaketaren titularrak esateko duena entzun ondoren.

2.– Kasu berezietan, eta arrazoi bidezkotuak daudenean, baimendu ahal izango da jabari publikoko gunea interes pribatuko obra edo instalazioek bai airetik bai lurrazpitik zeharkatzea.

3.– Debekaturik dago zuhaitzak landatzea.

4.– Ezin izango da lurrazpiko hoditeriarik egin herri zeharbide delako edo ingurumaria konkretuaren ondorioz, bestelako konponbide teknikorik ez dagoenean izan ezik.

26. artikulua.– Zortasun guneko lursailen erabilera eta eraikigarritasun erregimena. Mugapenak eta aldi baterako atzemateak

1.– Zortasun gunearen barruan ezin izango dira eraikuntzak edo berreraikuntzak egin, kasu berezietan, ingurumaria eta trenbidea ez kaltetzea kontuan hartuta, linearen titularrak baimena ematen badu izan ezik, aurretiaz mugapen eta aldi baterako atzemateak onartuta.

2.– Aurreko atalean aurreikusi ez diren obrak edo trenbidea zeharkatu behar duen edo trenbidean, haren lurren, instalazio edo eraikinen zortasun edo mugapenen bat dakarren beste edozein jarduketa egiteko, linearen titularraren baimena behar da eta hark jarduera zer-nolako baldintzetan egin behar den zehaztuko du eta obra edo jarduera horiek trenbidea kaltetzen ez dutela bidezkotu beharko da.

3.– Zortasun gunearen lurzoru erabilera eta eraiketa honako mugapenei atxikiz egingo da:

a) Zuhaitzak landa daitezke, trenbidearen eta haren elementuen ikuspena kaltetzen ez bada eta ibilbidean zehar bide-segurtasunik eza eragiten ez badu.

b) Zuhaitz mozketa baimendu egin behar da eta hura ukatzeko arrazoiak hauek dira: uraren etorria aldarazten duelako, trenbidea kaltetzen duelako edo ezponden ezegonkortasuna eragiten duelako edo hala bidezkotzen duten bestelako arrazoi batzuengatik.

c) Ezin izango da goi-tentsioko linea elektrikorik ipini.

d) Behe-tentsioko linea elektrikoak, telefono eta telegrafo lineak ipini ahal izango dira zutoinaren eta lubeta edo ebaketa oinaren arteko distantzia haren altueraren halako bat eta erdi baino txikiagoa ez bada. Gutxienezko distantzia hori airetiko gurutzaketa-zutoinei ere aplikatuko zaie.

e) Ezin izango da lurrazpiko hoditeria sartu herri zeharbidea delako edo ingurumaria konkretuengatik bestelako konponbide teknikorik ez dagoenean izan ezik.

f) Ebaketen eta lubeten euste-hormak eraikitzeko baimena kasu berezietan eman dezake linearen titularra den enpresak, beti ere,

bermaturik badago horrek ez diola trenbideari kalterik ekarriko. Kasu horretan, linearen titularrari eskaerarekin batera proiektu bat aurkeztu behar zaio eta bertan, eraikuntzak lur berdinketaren gainean izango lukeen ondorioa, euri uren kanporaketan eta zirkulazioaren segurtasunean leukakeen eragina aztertu behar da.

4.– Linearen titularrak zortasun gunea erabili edo erabiltzeko baimena eman ahal izango du interes orokorrekoa denean edo trenbidearen zerbitzu hobeak hala eskatzen badu eta, bereziki, ondoko edozein helburu betetzeko:

a) Trenbideko edo haren elementu edo instalazioetako eraiketa, konponketa edo zaintza obrak egiteko materiala, makinak eta erremintak aldi batean gordetzea.

b) Trenbidean egon eta zirkulaziorako arriskutsu izan daitezkeen gauza edo materialak aldi baterako gordetzea.

c) Matxuratuta dagoelako edo beste arrazoiren batengatik zirkulatzeko balio ez duen edozein material mugikor aldi baterako uztea.

d) Trenbidetik doan ura bideratzea.

e) Trenbidearen erabilera esklusiborako baliabide geologikoak aprobetxatzea, kasu bada, dagozkion baimenak lortuta.

f) Unean-unean dagokion baimenarekin ur hoditeria, hoditeria elektriko edo bestelakoen pasagunea zehaztea.

g) Trenbidearen edo haren elementu edo instalazioetako eraiketa, konponketa edo zaintza obrak egiteko trenbideko gune zehatzetarako sarbidea aldi baterako zabaltzea.

h) Ustekabe edo istripuren bat gertatuz gero, jazo den lekurainoko bideak zabalduz, hara iristea.

5.– Aurreko ataleko epigrafeetan jasotzen diren balizkoetan, linearen titularra den enpresak aurretiaz jakinaraziko dio eragindako jabeari edo higiezina daukanari atzemateko erabakia, atzemate-aldia, atzematearen xedea eta atzematearen onuraduna izango den pertsona eta entitatearen izena.

27. artikulua.– Eragindako guneko lursailen erabilera eta eraikigarritasun erregimena. Mugapenak.

1.– Eragindako gunean eraiki edo berreraikitzeko eta gune horretan edozein eratako obra edo instalazio finko edo behin-behinekoak egiteko, haien erabilera edo xedea aldarazteko eta zuhaitzak landatu edo mozteko eta, oro har, trenbideari, haren lur, instalazio edo eraikinei mugak jarriko dizkion edozein jarduketa egiteko, linearen titularraren aurretiazko baimena behar da eta hark ezarri ahal izango ditu jarduketak gauzatzeko baldintzak.

2.– Ukapena honako oinarri hauetako batean funtsatuko da: trenbidearen segurtasunerako kalte nabariak, hamar urte baino luzeagoa izango ez den epean trenbidean hedapen edo aldaketa plan edo proiektuen aurreikuspenak, edo eskatutako obrek plataforma edo lur berdinketaren egonkortasuna zuzenean edo zeharka ukituko dutela adierazten duten txosten teknikoak.

3.– Eragindako eremuan nekazaritza laborantzak egin daitezke eta, horretarako, ez da aurretiazko baimenik behar izango baldin eta ureztatzeko ura egoki kanporatuko dela eta lur berdinketari kalterik egingo ez zaiola bermatzen bada. Debekaturik dago sasiak erretzea.

4.– Zuhaitzak landa daitezke, trenbidearen eta haren elementuen ikuspena kaltetzen ez bada eta ibilbidean zehar bide-segurtasunik eza eragiten ez badu.

5.– Zuhaitz mozketa baimendu egin behar da eta hura ukatzeko arrazoiak hauek dira: uraren etorria aldarazten duelako, trenbidea kaltetzen duelako edo ezponden ezegonkortasuna eragiten duelako edo hala bidezkotzen duten bestelako arrazoi batzuengatik.

6.– Ebaketa eta lubetetako euste-hormak eraikitzeko baimena linearen titularra den enpresak eman behar du. Horretarako, linearen titularrari, eskaerarekin batera, proiektu bat aurkeztu behar zaio eta bertan, eraikuntzak lur berdinketarekiko izango lukeen ondorioa euri uren kanporaketan eta zirkulazioaren segurtasunean leukakeen eragina aztertu behar da.

28. artikulua.– Trenbidetik hurbil dauden gune guztien erabilera eta eraiketa baldintzak.

1.– Dagoen Sareari zein Trenbide Sare Berriari dagokienez, ondoko erabilera eta eraiketa baldintzak zehazten dira trenbidetik hurbil dauden gune guztietarako:

a) Linea elektrikoetako airetiko gurutzaketan galiboa nahikoa izango da trenbidearen —elektrifikatua izan zein ez— eta gurutzatzen duen linea elektrikoaren artean baldintzak betetzen direla bermatzeko.

b) Lurrazpiko gurutzaketengatiko obretarako linearen titularra den enpresaren kontrola behar da. Gurutzaketa obrek beharrezko erresistentzia edukiko dute, lur berdinketa lehen zegoen bezala utziko dute eta trenbidezko trafikoari ahalik eta nahaste txikiena eragiteko eran egingo dira.

c) Linearen titularra den enpresak edo, kasu bada, Administrazio eskumendunak, obra edo eraginen bat baimentzerakoan, beharrezko babes neurriak aplika ditzake edo, kasu bada, itxiturak eraikitzea eta nolakoak izan behar duten.

d) Ezartzen diren hiriarteko trenbide berriak bidearen bi aldeetatik itxirik egon behar dute hiri lurzoru edo hirigarri gisa kalifikaturiko guneen gurutzean.

2.– Artikulu honen goiko atalean adierazitakoez gain, dagoen trenbide sareari dagokionez, ondoko baldintzak ezartzen dira trenbidetik hurbil dauden gune guztietarako erabilera eta eraiketari dagokienez:

a) Urbanizazio berriak eta ospitaleak, kirol zentroak, ikastetxeak edo kultur zentroak edo antzeko ekipamenduak eraikitzeko maila ezberdineko gurutzea eraiki behar da eta, kasu bada, dagoen igarobidea ezeztatu haietarako sarbideak trenbidea zeharkatzea dakarren kasuetan eta eraikuntzaren edo kasu denean ezeztaketaren kostua urbanizazio edo zentro berriaren sustatzailearen pentzukoa izango da. Dena dela, entitate saltzaileak haietarako sarbideen proiektu espezifikoa aurkeztuko du, jabari publikoko zortasun eta eragindako guneetan eragiten duten partzelaketa, bide-sarea eta hiri zerbitzuak barne.

b) Trenbideak zeharkatzen duen lurzoru ez-hirigarria hiri lurzoru edo hirigarri kalifikatzeko lur horren jabeek itxitura egin beharko dute, birsailkapenerako plangintza erabakiek dioten bezala, hirigintza egikaritza gauzatzeko. Edo lehenago, segurtasun zioak direla eta, dagokion udalak proposatu edo aurretiazko txostena aurkeztutakoan trenbide azpiegituren arloko eskumena duen Administrazioak hala zehazten badu.

Itxiturak kargarik gabe lagako zaizkio linearen titularrari, eta titularraren ardura izango da ordutik aurrera itxituraren mantenua.

c) Zortasun eta eragindako guneetan dauden lurzoru ez-hirigarrien jabeek linearen titularraren baimena behar izango dute eta horrek erabakiko du zer-nolako itxitura egin.

d) Trenbideak zeharkatu edo haren ondoan dauden lurzoru hirigarriko sektoreei dagozkien Hiri Antolamendurako Zatiko Planak, trenbide arloko legeria bereziak ezartzen dituen mugapenak errespetatuz, dagokien araupeketa egingo dute.

Aipatu planek aurreikusi egin beharko dute trenbide erabilerako dedikazioa eta horren ondorioz datorren errepideen eta trenbideen arteko maila bereko gurutzaketak maila ezberdineko gurutzaketa bilakatzeko behar diren lurretan ez eraikitzeko betebeharra.

29. artikulua.– Trenbidetik hurbil dauden guneak erabili eta bertan eraikitzeko baimenak jasotzeko betekizunak

1.– Kapitulu honetan jasotzen diren trenbidetik hurbil dauden guneak erabili eta bertan eraikitzeko baimenak jasotzeko, ondoko betekizunak bete behar dira:

a) Interesatuak eskaera linearen titularrari edo, kasu bada, eskumendun administrazio organoaren aurrean, eta horrekin batera, egin beharreko jarduketak kokatu eta egoki definitzeko behar den dokumentazio guztia.

b) Urbanizazio, industri eraikin isolatu, aire-linea, lurpeko hoditeria, hornikuntza eta osasunbide sare, uren berezko etorrian eragiten duten obra eta, enpresaren iritziz, nahiko garrantzitsu diren bestelako obren kasuan, idatzitako proiektuak trenbidearekin zerikusi edo eragina daukatelako eskatutako jarduketen definizio oso eta zehatzerako beharrezkoak diren azterlan, plano eta gainerako agiri guztiak hartu behar ditu barne.

c) Aurkeztutako dokumentazioa aztertutakoan, linearen titularra den enpresak ebazpenerako beharrezko ikusten duen gainerako dokumentazio osagarria eska dezake.

d) Kasu bakoitzeko administrazio eskumendunak, ofizioz, linearen titularraren edo beste edozein interesaturen eskariz eta, dena dela, haren aurretiazko txostena jasotakoan, baimenik ez duten edo baimenetan zehazten diren baldintzak betetzen ez dituzten obrak gerarazi edo erabilerak eten ahal izango ditu.

2.– Aipatu organoak egiaztatu egingo du obrak geratu edo erabilerak eten egin direla eta, bi hilabeteko epean, ebazpen hauetako bat hartu beharko du:

a) Baimenik gabeko edo baimeneko baldintzak betetzen ez dituzten obra edo instalazioak eraitsi edo erabilerak behin betiko eragotzi.

b) Aplikagarri diren arauak betetzen dituzten obra edo instalazioek aldi baterako legeztapenerako edo erabileren baimenerako espedienteak hasteko agindua ematea.

Unean uneko erabakiak egoki diren mota guztietako zehaztapen eta erantzukizunen kaltetan gabe hartuko dira.

3.– Linearen titularrari edo, kasu bada, Trenbide Administrazioari ematea dagozkion baimenak beste Administrazio batzuek —konkurrentziazko esku-hartze tituludunak eta, bereziki udalek— eman ditzaketenen aurretik eta haiekiko independentziaz eskatu ahal izango dira.

HIRUGARREN KAPITULUA
BESTE BALDINTZA ETA BETEKIZUN BEREZI
BATZUK

30. artikulua.– Pertsona eta ibilgailuen sarbide eta igarotzea trenbideetan

1.– Xede horretarako bereziki emandako baimenik ezean, ezin izango dute pertsonek eta ibilgailuek trenbidean sartu eta bertatik igaro, eta trenbidea, trenbide pasabideak araupetzen dituen arautegiari atxikiz, horrexetarako finkatutako pasabideetatik zeharkatuko da, eta erabilera horretarako zehazten diren mugapen edo baldintzekin.

2.– Erregimen berbera aplikatuko da trenbidean sartu, geratu edo ibili nahi duten ibilgailuentzat.

31. artikulua.– Trenbide pasabideak

1.– Errepide edo bestelako bideen eta trenbidearen arteko gurutzaketak, batzuk zein besteak ezarri edo aldarazi direlako gertatzen direnak, maila ezberdinean ipiniko dira.

2.– Maila bereko gurutzaketak eraikitzeko proiektuetarako administrazio onarpenarekin batera, erabilera publikoko izendapena eta atzemateko premia ekarriko ditu behar diren lursailak desjabetzeko ondoreetarako.

3.– Xede horretarako, trenbide eta errepide arloan eskumendun administrazio organoek eta ukitutako trenbide enpresek sinatu beharreko egitarauek zehaztutako epeen barruan dauden trenbide pasaguneak ezabatu beharko dira edo, kasu bada, maila ezberdineko gurutzebideez ordeztuko dira haiek araupetzen dituen arautegi espezifikoen eta, trenbide arloan aurreikusitako xedapenek hartzen dituzten balizkoen arabera, ezabaketa egokia edo beharrezkoa denean.

4.– Indarrean irauten duten trenbide pasaguneek segurtasuna bermatzeko segurtasun eta seinaleztapen sistemak eduki behar dituzte. Trenbide eta errepidezko garraio arloan eskumendunak diren administrazioek zehaztuko dituzte sistema horiek.

5.– Pasaguneen ezabaketa edo, kasu bada, aurreko atalean aurreikusten diren babes sistemen instalazioaren ondoriozko gastuak zer erakunde edo entitateren pentzurakoak izango diren, tren arloko xedapenek diotenaren arabera zehaztuko dira; xede horretarako, inplikaturiko erakunde edo entitateek eta gaian interesaturik dagoen beste edozeinek hitzartutako komenio edo akordioen kaltetan gabe.

6.– Dena dela, bidearen bideragarritasuna ukitzen duen edozein obra eskumendun entitateak aztertu behar du, adostasuna agertu edo baldintzak zehazteko; aldi berean, trenbide eskumendun entitateak trenbidearen bideragarritasuna ukitzen duen edozein obra onartu edo haietarako baldintzak ezarriko ditu.

7.– Dauden trenbide pasagune jabedunak, finka jakin baten zerbitzurako edo edozein motako ustiapenetarako ezarritakoak, dagokien baimenean zehaztu diren baldintzek arteztuko dituzte eta erabat debekaturik dago baimenean zehazturik ez dauden beste ibilgailu edo pertsonek erabiltzea.

32. artikulua.– Soberako materiala gordetzeari buruz

1.– Proiektu teknikoen betekizuna izango da soberako materiala uzteko lurrak —zabortegiak— trenbide azpiegituraren egikaritza obrari berari atxikitzea. Zabortegi horiek kokatu eta identifikaturik egon behar dute eta haien erabilgarritasuna dagokion proiektuaren erabilgarritasun publiko eta okupazio beharrizaneko adierazpenak berak ematen dio.

Eraikuntza proiektuko kartografian, Trenbide Sare Berriaren azpiegituraren egikaritzan sortzen diren soberako materialak uzteko diren lur horiek "jite laguntzaileko beste erreserba gune batzuk" izenarekin kokatu eta identifikatuko dira, eta ahal izanez gero aginpidea duen sailak onartu eta landa eta basogintzako lurzoruaren kudeaketako planean sartuko ditu.

2.– Zabortegiak landa eta basogintzako lurretan ezarri behar izanez gero, landa eta basogintzako lurzoruaren kudeaketako planak edo arlo horretan aginpidea duen sailak berariaz agindutako baldintzak bete beharko dira horiek egikaritzeko.

Orokorrean, eta aurreko paragrafoan ezarritakoa gora-behera, zabortegi horiek baldintza hauen pean egingo dira:

a) Isurketa edo zabor-jaurtiketa egin baino lehen, lurrak zedarritu egin behar dira.

b) Era berean, behin-behineko sarbidea zabalduko da arloko legeriak zehazten duen eran.

c) Ukitutako trenbideen garbiketa bermatzeko behar diren instalazioak eraiki edo ipiniko dira.

d) Baimendutako lanak amaitutakoan, lurraren gainazala egokituko da.

Ale Gehigarri bereizian argitaratzen dira
aipaturiko Eranskinak
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala