Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2001eko martxoaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
1703

58/2001 DEKRETUA, martxoaren 27koa, merkataritzagune handiak ezarri, aldatu eta handitzekoa.

Euskal Autonomia Estatutuak (3/1979 Lege Organikoak onartua) 10.27 artikuluan ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa barne merkataritzaren arloan. Hala ere, kontuan izan behar da prezio politika, ondasunen zirkulazio librea eta eskumenaren defentsari buruzko legedia.

Estatutuko aurreikuspenen hori garatzeko, Eusko Legebiltzarrak Merkataritza Jarduerari buruzko 7/1994 Legea onartu zuen. Lege horretan lehen aldiz ekin zitzaion Euskal Autonomia Erkidegoan merkataritza azalera handiak ezartzeko baldintzak arautzeari. Lege hori garatzeko 82/1995 eta 5/1998 Dekretuak eman ziren, urtarrilaren 31n eta urtarrilaren 20an, hurrenez hurren. Haien eragin nagusia izan da gure inguruko merkataritza banatzearen modernizazioaren lehenengo hedapenaldiari babes ematea.

Duela gutxi, azaroaren 10eko 7/2000 Legeak 7/1994 Legea aldatu du zati batean. 7/2000 Legeak egiten duena da merkataritza banaketako sistemen garapena arautzeko bigarren fase bat aurreikusi, eskaintza egonkortzetik abiatuta eta Euskal Autonomia Erkidego osorako merkataritza ekipamendu maila egokia lortu ondoren. Izan ere, horrek gaien eskaintza bermatzen du, kalitate, aukera, zerbitzu, prezio eta ordutegi aldetik baldintza onetan, betiere gaur egungo egoeraren arabera, eta txikizkako merkataritzaren garapen eta modernizatze joerekin batera.

7/2000 Legea garatzen duen Dekretu honek lau kapitulu bereizi ditu merkataritzagune handiak ezartzeko baldintzak arautzeko. Batetik, “merkataritzagune handi” zer den definitzen du; bestetik, lizentziak emateko prozedurak ezartzen ditu; hirugarrenik, lizentziak iraungitzeko edo ezeztatzeko baldintzak ezartzen ditu; eta, azkenik, Merkataritzagune Handien Batzorde bat sortzen du.

Ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak martxoaren 27ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
MERKATARITZAGUNE HANDI BATERAKO
LIZENTZIA

1. artikulua.– Merkataritzagune handia.

1.– Merkataritzagune handitzat joko dira ondokoak:

a) 5.000 biztanletik beherako zuzenbidezko biztanleria duten udalerrietako txikizkako merkataritzarako establezimenduak, baldin hasi zirenetik, edota handitzeen ondorioz, jendearentzako salmenta esparrua 400 m2-koa edo handiagoa badute.

b) 5.000 eta 10.000 biztanle arteko zuzenbidezko biztanleria duten udalerrietako txikizkako merkataritzarako establezimenduak, baldin hasi zirenetik, edota handitzeen ondorioz, jendearentzako salmenta esparrua 800 m2-koa edo handiagoa badute.

c) 10.001 eta 24.999 biztanle arteko zuzenbidezko biztanleria duten udalerrietako txikizkako merkataritzarako establezimenduak, baldin hasi zirenetik, edota handitzeen ondorioz, jendearentzako salmenta esparrua 1.000 m2-koa edo handiagoa badute.

d) 25.000 biztanletik gorako zuzenbidezko biztanleria duten udalerrietako txikizkako merkataritzarako establezimenduak, baldin hasi zirenetik, edota handitzeen ondorioz, jendearentzako salmenta esparrua 2.000 m2-koa edo handiagoa badute.

2.– Merkataritzagune handitzat hartuko dira beti azaroaren 10eko 7/2000 Legeak aldatu zuen maiatzaren 27ko 7/1994 Legeko (Merkataritza Jarduerarena) 13. artikuluko 3. paragrafoan azaltzen diren txikizkako saltokiak.

3.– Ez dira merkataritzagune handitzat hartuko azaroaren 10eko 7/2000 Legeak aldatu zuen maiatzaren 27ko 7/1994 Legeko (Merkataritza Jarduerarena) 13. artikuluko 4. paragrafoan azaltzen diren saltokiak.

2. artikulua.– Salmenta esparrua.

Jendearentzako salmenta esparrutzat hartuko da pertsonen joan-etorrirako, jeneroa erakusteko, erosteko eta ordaintzeko eta kutxen ilarara arteko azalera, kutxen ilara barne.

Gainera, jendearentzako salmenta esparrutzat joko dira merkataritza jarduerari zuzenean lotutako zerbitzu osagarriak emateko guneak.

Ez dira salmenta esparrutzat joko, egiteko, konpontzeko, ekoizteko eta gordetzeko zerbitzuen esparruak, baldin eta jendearentzako sarbiderik ez badute.

Izaera kolektiboko establezimenduetan ez dira jendearentzako salmenta esparrutzat hartuko aisialdirako eta errestauraziorako guneak edota merkataritzaguneetara sartzeko korridoreak, betiere haietan merkataritza jarduerarik egiten ez bada.

3. artikulua.– Merkataritzagune handi baterako lizentzia.

Merkataritza lizentzia eskatu beharko da azaroaren 10eko 7/2000 Legeak aldatu zuen maiatzaren 27ko 7/1994 Legeko (Merkataritza Jarduerarena) 13. artikuluko 1. paragrafoan azaltzen diren kasuetarako.

4. artikulua.– Merkataritza arloko Eusko Jaurlaritzako sail eskudunarentzako jakinarazpena.

Azaroaren 10eko 7/2000 Legeak aldatu zuen maiatzaren 27ko 7/1994 Legeko (Merkataritza Jarduerarena) 13. artikuluko 6. paragrafoan azaltzen diren kasuetan, nahitaez jakinarazi beharko zaio merkataritza arloan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako sailari.

5. artikulua.– Lizentziak emateko irizpideak.

1.– Azaroaren 10eko 7/2000 Legeak aldatu zuen maiatzaren 27ko 7/1994 Legeko (Merkataritza Jarduerarena) 13. artikuluko 5. paragrafoan xedatutakoei jarraiki emango edo kenduko dira merkataritzagune handietarako lizentziak.

Ondorio horietarako, merkataritzako ekipamendu egokitzat joko da biztanleriarentzat, eta epe ertainerako aurreikusitako biztanleriarentzat, kalitate, aukera, zerbitzu, prezio eta ordutegi baldintza egokiak dituzten gaien eskaintza bermatzen dutenak, betiere dagokion eskualdeko egungo egoera eta txikizkako merkataritzaren garapenaren eta modernizazioaren joerak kontuan izanda.

2.– Eskualde bakoitzari jendearentzako gehieneko salmenta esparrua ezarriko zaio merkataritzako establezimendu handiaren bidez. Halaber, kontuan hartuko dira artikulu honetako 3. paragrafoan jasotako motak eta sektoreak.

3.– Edonola ere, I. eranskinean jasotako eskualdeen eremurako, merkataritzagune handietarako azalera eskuragarria ezingo da izan formula hau aplikatzean lortzen den emaitza baino handiagoa: eskualde bakoitzeko legezko biztanleria bider mota edo sektore bakoitzarentzat ezarritako koefizientea (metro kuadro biztanleko), eta horri kendu egin beharko zaio eskabidea egiten den unean okupatuta edo baimenduta dagoen azalera.

Ondoko koadroan ezartzen dira egon daitekeen eskariaren gaineko partaidetzaren ehunekoak, eta mota eta sektoreen gehieneko azaleraren koefizienteak:

Elikagai establezimenduak eta balioanitzak.

– 400 eta 999 metro koadro bitarteko azalerako establezimenduak: partaidetzaren %18 edo 0,108 m2/biztanleko.

– 1.000 eta 2.499 metro koadro bitarteko azalerako establezimenduak: partaidetzaren %13 edo 0,070 m2/biztanleko.

– 2.499 metro koadro baino gehiagoko establezimenduak: partaidetzaren %29 edo 0,135 m2/biztanleko.

Azalera espezializatuak.

– Etxerako ekipamendutarakoak, besteak beste, etxerako produktuak, hornidurakoak, etxetresna elektrikoak eta etxerako ehun ekipamendua saltzekoak: partaidetzaren %45 edo 0,078 m2/biztanleko.

– Ekipamendu pertsonalekoak, besteak beste, arropak, oinetakoak eta osagarriak saltzekoak: partaidetzaren %45 edo 0,065 m2/biztanleko.

– Kiroletakoak, besteak beste, kirol materiala, kirol arropa, kirol oinetakoak eta osagarriak saltzekoak: partaidetzaren %45 edo 0,015 m2/biztanleko.

– Brikolajekoak, besteak beste, eraikuntzarako materialak, burdindegiko elementuak, eta lorezaintza, osasun, iturgintza eta elektrizitate elementuak saltzekoak: partaidetzaren %45 edo 0,020 m2/biztanleko.

Ezarri edo handitu nahi den merkataritza establezimenduaren jendearentzako salmenta esparrua 800 metro koadro baino handiagoa ez bada, aurreko koadroko ehunekoak dagokion udalerriaren lurralde eremuari aplikatu ahal izango zaizkio.

Urtarotik urtarora turismoan gorabehera handiak dituzten udalerrietan (II. eranskina), aurreko paragrafoan azaltzen den jendearentzako salmenta esparrua 1.500 m2-koa izango da. Gainera, biztanleria bolumena bikoiztu egingo da, eskualdean izan daitekeen eskaria kalkulatzeko.

4.– Eskaintzaren eta eskariaren konkurrentzia askea bermatzearen ondorioetarako, merkataritza arloan merkataritzagune handiei lizentzia emateko edo ezeztatzeko ebazpena egiteko eskumena duen sailak bereziki balioetsi beharko du ondoko hau: dagokion eskualdean, zuzenean edo zeharka, eskatzailearen titulartasunpekoak diren merkataritzagune handien eta gainerako saltokien azalera, ahal den neurrian banaketa arloan inor nagusitu ez dadin. Bestalde, baliospena egiteko, urtarrilaren 15eko 7/1996 Legeko 6. artikuluko 2. paragrafoko 2. lerroaldean araututakoaren arabera jokatu beharko da. Ondorio horietarako kontuan izango da baita frankiziako saltokien salmenta esparrua, baldin eskatzailea bada haien frankizia emaile juridikoa.

II. KAPITULUA
LIZENTZIAK EMATEKO
PROZEDURA.

6. artikulua.– Hasiera.

1.– Prozedura interesdunak eskatuta hasiko da, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 70. artikuluan araututakoen araberako eskabidea egin ondoren.

2.– Eskabidea merkataritzan eskumena duen sailera zuzendu beharko da. Azaroaren 26ko 30/1992 Lege hartako 38.4 artikuluan jasotzen den edozein zentrotan aurkeztu ahal izango da eskaera.

3.– Eskabideekin batera aurkeztu beharko dira:

a) Lurzoruaren uneko edo etorkizuneko titulartasuna edo eskuragarritasuna egiaztatzen duen dokumentua.

b) Sozietatearen eraketako estatutuak eta eskritura, eta merkataritza baltzuak edo kooperatibak badira, merkataritza edo kooperatiba erregistroko orri pertsonalaren kopia osoa.

c) Azken hiru ekitaldietan Merkataritza Erregistroan ordaindutako urteko kontuen kopia. Ordainketa hori egin behar duten enpresek bakarrik aurkeztu beharko dute.

d) Ezarri edo handitu nahi den establezimenduaren deskribapen xehekatua eta oinarrizko proiektua. Jarri beharrekoak dira erabiliko dituen ikurrak, kokalekua, eraikiko den azalera osoa, eta jendearentzako salmenta esparrua, 2. artikuluaren arabera.

e) Komertzializatuko diren gaien deskribapena, merkataritzagune handiaren sektorea eta mota, bai ezarri edo handitu behar bada, bai jarduera aldatu behar bada.

f) Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa eta udalerrian eta eskualdean izango duen gizarte eta ekonomia eragina jasotzen dituen merkatu ikerketa.

g) Oinplanoen (1:250 eskala), akotatuen, aurretiko bisten eta ebakiduren plano orokorrak, kokagunearena (1:10.000 eskala) eta aurreikusitako lur sail eta aparkalekuetarako sarbideenak (1:20.000 eskala). Hiru aletan aurkeztu beharko da dokumentazio hori guztia.

h) Proiektuak dakarren inbertsioaren estudioa eta inbertsioaren finantzaketa plana, bai norberaren baliabideei dagokienez eta bai besteren baliabideei dagokienez, baldin establezimenduak 1.000 metro koadrotik gorako jendearentzako salmenta esparrua badauka. Orobat, enpresaren hedapen plana eta funtzionamenduko lehenengo bost urterako sarrera eta gastuen aurreikuspenak eman behar dira.

i) Sortu asmo duten lanpostuen kopurua eta izaera adierazi behar dira.

j) Proiektua gauzatzeko egutegia.

4.– Eskatzaileak lizentzia eskatzen badu, eta eskatzen duen esparrua aukeratutako sektore eta establezimendu motarentzako eskualdean erabilgarri dagoen jendearentzako salmenta esparrua baino handiagoa bada, merkataritza gaietan aginpidea duen Sailak ebazpen bat emango du. Ebazpenean xehetasun hori adieraziko da, doakionak, gehienez ere bi hilabeteko epean, eskabidea erabilgarri dagoen azalerara egoki dezan.

7. artikulua.– Instrukzioa.

1.– Administrazio prozedurako instrukzioa, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko (Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea) 70. artikuluan araututakoari jarraituz egingo da.

2.– Lizentzia eskabideari buruz loteslea ez den txostena egingo du merkataritzagune handia proiektatuta dagoen udalerriko Udalak. Udal horrek bi hilabeteko epean egin beharko du txostena, eta maiatzaren 27ko 7/1994 Legeko (Merkataritza Jardueraren Legea, azaroaren 10eko 7/2000 Legeak aldatua) 13. artikuluko 5. paragrafoan araututako irizpideen arabera, udalari dagozkion aginpideak kontuan hartuta egingo du.

3.– Era berean, lehiaren defentsa arloan eskumena duen organoak ere lizentzia eskabidearen gaineko txostena egingo du. Txosten hori ez da loteslea izango. Bi hilabete igarota txostena eman ez badu, espedientea izapidetzen jarraitu ahal izango da.

4.– Jardundako guztiaren kontu emango zaio hurrengo artikuluan araututako Merkataritzagune Handietarako Batzordeari, bi hilabeteko epean artikulu horretako 3. paragrafoko a) idatz-zatian adierazitako txostena eman dezan.

8. artikulua.– Ebazpena.

1.– Maiatzaren 27ko 7/1994 Legeko (Merkataritza Jardueraren Legea, azaroaren 10eko 7/2000 Legeak aldatua) 13. artikuluko 7. paragrafoan xedatutakoei jarraiki egingo da eta jakinaraziko da eskatutako lizentzia onartzeko edo ukatzeko ebazpena.

2.– Ebazpena arrazoitua izan behar da. Lizentziaz baliatzeko baldintza gisa, dekretu honetako 5. artikuluan jasotako irizpideei jarraituz, zenbait betebehar ezarri ahal izango dira ebazpenean. Eta, betiere, ematen den lizentziaren bidez jarduera gehienez zenbateko epean hasi behar den adieraziko du.

9. artikulua.– Merkataritzagune handi baterako lizentziaren tasa.

Merkataritzagune handiak ezartzeko lizentziaren tasa, merkataritzaguneak handitzeko lizentziarena edo merkataritzaguneetako jarduera aldatzeko lizentziarena, Azaroaren 10eko 7/2000 Legeak aldatu zuen maiatzaren 27ko 7/1994 Legeko (Merkataritza Jarduerarena) 13. artikuluko 8. paragrafoan, eta Lehenengo Xedapen Gehigarrian xedatutakoei jarraiki eskatuko da.

III. KAPITULUA
MERKATARITZAGUNE HANDIETARAKO
BATZORDEA

10. artikulua.– Merkataritzagune Handietarako Batzordea.

1.– Merkataritzagune Handietarako Batzordea sortzen da.

2.– Merkataritzagune Handietarako Batzordea honako hauek osatzen dute:

a) Merkataritza eta Kontsumo sailburuordea. Lehendakari gisa jardungo du.

b) Merkataritza zuzendaria.

c) Batzordekide bat: EUDELeko ordezkari gisa jardungo du eta EUDELeko organo aginpidedunek izendatuko dute.

d) Batzordekide bat: hala dagokionean, jarduera ezartzea, handitzea edo aldatzea nahi duen Udalaren ordezkari gisa jardungo duena. Udal horretako organo aginpidedunak izendatuko du.

e) Batzordekide bat, Euskal Herriko Merkataritza eta Industria Ganberek izendatua.

f) Batzordekide bat: Merkataritzaren Enpresa Elkarteen ordezkari gisa jardungo du, eta elkarte horietako organo aginpidedunek izendatuko dute.

g) Batzordekide bat: Banaketa Enpresa Handien Elkarteko ordezkari gisa jardungo du, eta elkarte horretako organo aginpidedunek izendatuko du.

h) Batzordekide bat: Euskal Autonomia Erkidegoko sindikatu garrantzitsuenen ordezkari gisa jardungo du, eta sindikatuko organo aginpidedunek izendatuko dute.

i) Batzordekide bat: Kontsumitzaileen Federazioaren ordezkari gisa jardungo du, eta Federazioko organo aginpidedunek izendatuko dute.

3.– Merkataritzagune Handietarako Batzordeko betebeharrak honakoak izango dira:

a) Jarduera berriak ezarri eta gero, toki horietako merkataritza horniduretan eta azpiegituretan sor daitezkeen eraginei buruzko txostenak egitea. Batez ere saltoki txikientzat txarrak izan daitezkeen eraginak aztertzea hartu beharko da kontuan.

b) Merkataritza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari proposatzea merkataritza motaren eta sektoreen araberako eskualdeen parte-hartzearen ehunekoak aldatzeko, hala dagokionean.

c) Oro har, merkataritzagune handiak irekitzeko behar den berariazko merkataritza lizentziaren ordenamenduari dagozkion proposamenak egitea.

IV. KAPITULUA
IRAUNGITZEA, EZEZTATZEA ETA ALDATZEA.

11. artikulua.– Lizentziak iraungitzea, ezeztatzea eta aldatzea.

1.– Emandako lizentziak iraungi egingo dira, edo indarrik gabe geratuko dira, baldin eta betebeharrak betetzen ez badira. Era berean, lizentziak ezeztatu egingo dira lizentzia emateko arrazoia desagertu egin bada, edo lizentzia eman zenean sortuz gero, lizentzia ezeztatzeko moduko arrazoia izan balitz.

2.– Merkataritzagune handietarako lizentziak iraungitzeko edo ezeztatzeko ebazpenak, edo hala dagokionean, baldintzak aldatzeagatik emandako lizentziak aldatzeko ebazpenak, aldez aurretik administrazio bidetik onartu beharko dira. Prozedura horretan, lizentzien titularrei, bai eta egon daitezkeen gainerako interesdunei ere, audientzia eman beharko zaie. Administrazio aginpidedunak “lehiaren defentsarako” organo aginpidedunak emandako txostena eskatu ahal izango du.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra.– Udalek merkataritza arloko sail aginpidedunari merkataritzagune berriak ezartzeko hirigintzako lizentzien eskabideak aurkeztu beharko dizkiote, bai eta txikizkako saltokiak handitzeko lizentzien eskabideak ere, baldin eta sortzen den azalera laurehun metro koadro baino gehiagokoa bada. Lizentzia merkataritzagunea handitzeko eskatzen denean, aldez aurretik gune horrek duen azalera kontuan hartu beharko da.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.– Dekretu hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko martxoaren 27an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.

I. ERANSKINA / ANEXO I
ESKUALDEAK / COMARCAS
ESKUALDEAK / COMARCAS

I. ESKUALDEA / COMARCA UDALERRIAK / MUNICIPIOS

Arabako Lautada / Llanada Alavesa

Alegría-Dulantzi

Arrazua-Ubarrundia

Asparrena

Barrundia

Elburgo / Burgelu

Iruña Oka / Iruña de Oca

Iruzaiz-Gauna

Agurain / Salvatierra

Donemiliaga / San Millán

Vitoria-Gasteiz

Zalduondo

Gorbeiabarrena / Estribaciones del Gorbea

Legutiano

Urkabustaiz

Zigoitia

Zuia

Arabako Ibarrak / Valles Alaveses

Armiñón

Añana

Berantevilla

Kuartango

Lantarón

Ribera Alta

Erribera Beitia / Ribera Baja

Valdegovía

Zambrana

II. ESKUALDEA / COMARCA UDALERRIAK / MUNICIPIOS

Kantauri Arabarra / Cantábrica Alavesa

Amurrio

Artziniega

Aiara / Ayala

Llodio

Okondo

*Orduña

III. ESKUALDEA / COMARCA UDALERRIAK / MUNICIPIOS

Arabako Errioxa / Rioja Alavesa

Mañueta / Baños de Ebro

Elciego

Bilar / Elvillar

Kripan

Labastida

Laguardia

Lantziego / Lanciego

Lapuebla de Labarca

Leza

Moreda de Álava

Navaridas

Oion-Oyón

Samaniego

Eskuernaga / Villabuena de Álava

Yécora

Arabako Mendialdea / Montaña Alavesa

Arraia-Maeztu

Bernedo

Kanpezu / Campezo

Harana / Valle de Arana

Lagrán

Peñacerrada-Urizaharra

IV. ESKUALDEA / COMARCA UDALERRIAK / MUNICIPIOS

Ezkerraldea / Margen Izquierda

Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena

Alonsotegi

Barakaldo

Muskiz

Ortuella

Portugalete

Santurtzi

Sestao

Valle de Trápaga-Trapagaran

Zierbena

V. ESKUALDEA / COMARCA UDALERRIAK / MUNICIPIOS

Eskumaldea / Margen Derecha

Berango

Erandio

Getxo

Leioa

VI. ESKUALDEA / COMARCA UDALERRIAK / MUNICIPIOS

Bilbao eta Txorierri / Bilbao y Txoriherri

Bilbao

Derio

Larrabetzu

Lezama

Loiu

Sondika

Zamudio

VII. ESKUALDEA / COMARCA UDALERRIAK / MUNICIPIOS

Ibaizabal

Arrigorriaga

Basauri

Etxebarri D.E/ Etxebarri, Ant.S.Est

Galdakao

Zaratamo

VIII. ESKUALDEA / COMARCA UDALERRIAK / MUNICIPIOS

Durangaldea / Duranguesado

Abadiño

Amorebieta-Etxano

Atxondo

Bedia

Bérriz

Durango

Elorrio

Garay

Iurreta

Izurza

Lemoa

Mallabia

Mañaria

IX. ESKUALDEA / COMARCA UDALERRIAK / MUNICIPIOS

Gernika-Bermeo

Ajangiz

Arratzu

Bermeo

Busturia

Ea

Elantxobe

Ereño

Errigoiti

Forua

Gautegiz Arteaga

Gernika-Lumo

Ibarrangelu

Kortezubi

Mendata

Morga

Mundaka

Murueta

Muxika

Nabarniz

Sukarrieta

X. ESKUALDEA / COMARCA UDALERRIAK / MUNICIPIOS

Plentzia-Mungia

Arrieta

Bakio

Barrika

Fruiz

Gamiz-Fika

Gatika

Górliz

Laukiz

Lemoiz

Maruri-Jatabe

Meñaka

Mungia

Plentzia

Sopelana

Urdúliz

XI. ESKUALDEA / COMARCA UDALERRIAK / MUNICIPIOS

Enkarterri / Encartaciones

Arcentales

Balmaseda

Carranza

Galdames

Gordexola

Güeñes

Lanestosa

Sopuerta

Trucios-Turtzioz

Zalla

XII. ESKUALDEA / COMARCA UDALERRIAK / MUNICIPIOS

Markina-Ondarroa

Amoroto

Aulesti

Berriatua

Etxebarria

Guizaburuaga

Ispaster

Lekeitio

Markina-Xemein

Mendexa

Munitibar-Arbatzegi Gerrikaitz

Ondarroa

XIII. ESKUALDEA / COMARCA UDALERRIAK / MUNICIPIOS

Arratia-Nerbioi / Arratia-Nervión

Arakaldo

Arantzazu

Areatza

Arrankudiaga

Artea

Dima

Igorre

Orozko

Otxandio

Ubide

Ugao-Miraballes

Zeanuri

Zeberio

XIV. ESKUALDEA / COMARCA UDALERRIAK / MUNICIPIOS

Donostialdea / Donostia-San Sebastián

Andoain

Astigarraga

Donostia-San Sebastián

Hernani

Lasarte-Oria

Lezo

Oiartzun

*Orio

Pasaia

Errenteria

Urnieta

Usurbil

XV. ESKUALDEA / COMARCA UDALERRIAK / MUNICIPIOS

Bidasoa Beherea / Bajo Bidasoa

Hondarribia

Irun

XVI. ESKUALDEA / COMARCA UDALERRIAK / MUNICIPIOS

Goierri

Altzaga

Arama

Ataun

Beasain

Ezkio-Itsaso

Gabiria

Gaintza

Idiazabal

Itsasondo

Lazkao

Legazpi

*Legorreta

Mutiloa

Olaberria

Ordizia

Ormaiztegi

Segura

Urretxu

Zaldibia

Zegama

Zerain

Zumarraga

XVII. ESKUALDEA / COMARCA UDALERRIAK / MUNICIPIOS

Urola Kosta / Urola Costa

Aia

Aizarnazabal

Azkoitia

Azpeitia

Beizama

Errezil

Getaria

Zarautz

Zestoa

Zumaia

XVIII. ESKUALDEA / COMARCA UDALERRIAK / MUNICIPIOS

Debagoiena / Alto Deba

Antzuola

*Aramaio

Aretxabaleta

Arrasate / Mondragón

Bergara

Elgeta

Eskoriatza

Leintz-Gatzaga

Oñati

XIX. ESKUALDEA / COMARCA UDALERRIAK / MUNICIPIOS

Debabarrena / Bajo Deba

Deba

Eibar

Elgoibar

*Ermua

Mendaro

Mutriku

Soraluze-Placencia de las Armas

*Zaldibar

XX. ESKUALDEA / COMARCA UDALERRIAK / MUNICIPIOS

Tolosaldea / Tolosa

Abaltzisketa

Aduna

Albiztur

Alegia

Alkiza

Altzo

Amezketa

Anoeta

Asteasu

Baliarrain

Belauntza

Berastegi

Berrobi

Bidegoyan

Elduain

Gaztelu

Hernialde

Ibarra

Ikaztegieta

Irura

Larraul

Leaburu

Lizartza

Orendain

Orexa

Tolosa

Villabona

Zizurkil

* Beste eskualderen bateko udalerriak sartu dira.

* Inclusiones de municipios de otras comarcas.

II. ERANSKINA / ANEXO II

URTAROTIK URTARORA TURISMOAN GORABEHERA HANDIAK DITUZTEN UDALERRIAK
MUNICIPIOS CON ALTA TASA DE ESTACIONALIDAD

Lekeitio %46,40

Zarautz %35,25

Sopelana %34,05

Hondarribia %30,11

Oharra: 7.000 biztanletik gorako udalerriak, udalerrian guztira dauden etxebizitzen %30 baino gehiago hutsik dauzkatena.

Nota: Municipios de más de 7.000 habitantes con un porcentaje de viviendas vacías superior al 30% sobre el total de viviendas del municipio.


Azterketa dokumentala