Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

49. zk., 2001eko martxoaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila
1327

AGINDUA, 2000ko abenduaren 13koa, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuarena, EB2-0547/98-EP espedientean María del Mar Herrero Tamayo andreak eta Vicente Jesús Martín jaunak (SD2-03328/99) aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duena.

AURREKARIAK

1.– Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren 1999ko ekainaren 7ko aginduaren bitartez, EB2-0547/97-EP espedientearen babespean, hasiera eman zitzaion VISESA baltzu publikoak Leioako udalerriko 2 Aldeko B Poligonoan sustatutako 64 gizarte-etxebizitza esleitzeko administrazio-prozedurari. Etxebizitzok arauzko baldintzak ondoen betetzen zituzten eskatzaileei emango zitzaizkien. Agindu horri behar besteko zabalkundea eman zitzaion.

2.– Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko Bizkaiko Lurralde ordezkariak emandako ebazpenaren bidez, aipatutako prozeduran onartu eta baztertutakoen zerrendak onartu ziren 2000ko ekainaren 7an.

3.– María del Mar Herrero Tamayo andreak eta Vicente Jesús Martín jaunak 2000ko uztailaren 24an gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuten ebazpen horren aurka. Bertan adierazten dute diru-sarreren eskakizuna betetzen dutela eta, ondorioz, errekurritutako ebazpena berrazter dadila eskatzen dute.

Aipatutako aurrekariak oinarri hartuta, honakoak agertzen dira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Sail honetako sailburua da errekurtso hori ebazteko eskumena duena, horrela xedatzen baita Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren egitura organikoa ezartzen duen Eusko Jaurlaritzaren uztailaren 160/2000 Dekretuan eta 356/1985 Dekretuan. Errekurtsoa, nolanahi ere, indarrean dagoen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako eskakizun formalei jarraituz aurkeztu da.

2.– Hauxe da aplikatu beharreko lege-araubidea: uztailaren 30eko 212/1996 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren jabetzapeko gizarte-etxebizitzen finantza-neurriei eta lege-araubideari buruzkoa eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren 1997ko azaroaren 12ko Agindua, Autonomia Erkidegoko Administrazioaren jabetzapeko gizarte-etxebizitzak esleitzeari buruzkoa.

3.– Aipatutako aginduan onartutako baldintzen pleguko lehenengo klausulak bigarren puntuan dioenez, eskatzaileak 1997an jasotako diru-sarrera ponderatuak honakoak izango dira: gutxienez, urte horretan indarrean zegoen lanbide arteko soldata (932.820) bider 1,7 eta, gehienez, soldata hori bider 3,5.

Orain errekurtsogile direnek 1997an 836.801 PTAko oinarri ezargarria agertu zuten eta oinarri hori ponderatu ostean lanbidearteko gutxieneko soldataren halako 0,8 ateratzen da; beraz, ezin dira sartu sustapen horretan. Beste urte batzuen diru-sarrerak kontutan hartzea berdintasun, lege-segurtasun eta legezkotasun oinarri-irispideen aurka jotzea izango litzateke, eta beroiek hain zuzen izan behar dute Administrazio jarduera guztien gidari. Kontuan hartu behar da, halaber, sustapen horretako etxebizitzak eskuratzeko prozedura.

Aipatutako zuzenbide-oinarri horiek, aipatutako legezko xedapenak eta horiekin bat datozen eta osagarri diren gainontzeko aplikagarriak ikusita, hauxe

EBATZI DUT:

Bizkaiko Lurralde ordezkariak 2000ko ekainaren 7an emandako Ebazpenaren aurka María del Mar Herrero Tamayo andreak eta Vicente Jesús Martín jaunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ezeztea. Ebazpena EB2-0547/98-EP espedientean hartu zen eta bere hartan jarraitzen du zuzenbidearekin bat datorrelako.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari; beraz, bere aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Administrazioarekiko Auzietako Bilboko dagokion epaitegian. Horretako epea bi hilabetekoa izango da eta agindu hau jakinarazten den egunaren biharamunean hasiko da.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko abenduaren 13a.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburua,

FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA


Azterketa dokumentala