Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2000eko abenduaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
5494

AGINDUA, 2000 azaroaren 28koa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, EAE-ko Kluster nagusietan sartuta dauden enpresen elkarteei dirulaguntzak emateko modua arautzen duena.

Ekonomia arloan, oro har, enpresen arteko lankidetza modu desberdinak sortzen ari dira gaur egun.

Lehiakortasun ahalmenak gero eta hobeak izan daitezen, enpresek erantzun bateratuak ematen dizkiete erronka estrategikoei, enpresen neurria gorabehera, erronka horien garrantzia eta neurria direla eta zaila baita banakako erantzun egokia ematea.

EAEko enpresek ere lankidetza beharrizan hori daukate lehiakortasunean hobetzerakoan. Hori dela eta, Sustapen Ekonomikorako Erakundearteko Planak enpresa lankidetza oinarrizko estrategia batekin identifikatzen du eta, ondorioz, programa horizontalek lankidetza proiektuetarako laguntza bideak finkatzen dituzte.

Era berean, eta nagusitzat hartutako kluster estrategikoetan, beharrezko da horiei atxikitako enpresen elkarteei laguntza ematea, horien helburua, funtsean, euren kideen lehiakortasuna hobetzea baita lankidetzaren bidez.

Helburu hori lortzeko, gogoeta sakona egin beharra dago erronka estrategikoak identifikatu ahal izateko, kideen artean komunikazioa eta argitasuna sortuta. Era berean, aukera eta interes komunak identifikatu behar dira, interesatuak harremanetan jarri elkarrekin eta lan komuna babestu enpresen arteko akordioa lortu arte. Akordio horren xede da aurretik identifikatutako helburu estrategikoren bati erantzuna ematen dion helburua lortzea.

Agindu honetan arautzen den laguntzen programak garatu egiten du ekainaren 27ko 121/2000 Dekretuak xedatzen duena, hain zuzen, sustapen ekonomikorako laguntza bideak finkatzen dituena. Dekretu horren gehigarrizko xedapenetako lehenengoak eskumenak ematen dizkio Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari hura garatu eta burutzeko beharrezko diren xedapenak eman ditzan.

Ondorioz, honako hau

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Hona hemen agindu honen xedea: EAEko kluster nagusietan sartuta dauden enpresen elkarteentzako laguntzak garatzea, hain zuzen, ekainaren 27ko 121/2000 Dekretuan jasotakoak sustapen ekonomikorako laguntza bideak ezartzeko.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan finkatuta daudenetatik aterako dira aurreko artikuluan jasotzen den xedea betetzeko baliabide ekonomikoak. Aurrekontu ekitaldi bakoitzaren barruan eman beharreko laguntzen bolumena guztira ez da aipatutako izendapena baino handiagoa izango, ezta, indarreango legediaren arabera aurrekontuetan aldaketarik onartuz gero, horiek gaurkotzetik sortu daitekeena baino handiagoa ere.

2.– Dirulaguntzak egotzi behar zaizkion aurrekontuan bete beharreko xedea betetzeko kreditu nahikorik edo egokirik ez balego, administrazio ebazpenaren bidez egingo zaie uko laguntzei. Ondorioz, agindua hau indarrean dagoen bitartean ekitaldi ekonomiko batean laguntzak emateko kreditua agortuko balitz, Industria Politikarako Sailburuordetzak administrazio ebazpena emango du gorabehera horren berri emateko. Ebazpen horrek aipatutako kreditua noiz agortu den jasoko du eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

3.– Espedientea osatzen den momentuaren arabera emango dira dirulaguntzak.

3. artikulua.– Dirulaguntzen modalitatea.

Agindu honetan jasotzen diren laguntzak dirulaguntza itzulezinen bidez gauzatuko dira. Hitzarmen bidez arautuko dira, Administrazio Publikoaren eta ekimen pribatuaren arteko lankidetza denez, funtsezko baita jarduera honen xedea lortu ahal izateko.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan jasotzen diren laguntzak eskuratu ahal izango dituzte EAEko kluster nagusietan sartuta dauden enpresen elkarteek, hain zuzen, aeronautika, automozio, elektrotresna, makina-erreminta, ingurugiro, paper, informazio teknologia, itsasgintza, portugintza eta enpresa kudeaketaren ezagupen arloetakoak.

2.– Aurreko zenbakian aipatutako elkarteek, bakoitzak daukan era juridikoa gorabehera, nortasun juridikoa izan beharko dute edonola ere eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egon.

3.– Erakunde onuradunek, emakidaren onuradun izateko zein dirulaguntza horien ordainketak jaso ahal izateko, zerga betebeharrak egunean izan beharko dituzte Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991eko urriaren 7ko Aginduan, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura dirulaguntzak jasotzen dituzten onuradunek zerga ordainbeharra egiaztatzeari buruzkoa, edo horren ordezko araudian finkatutako eran.

4.– Agindu honetan jasotako laguntzak erakunde onuradunei eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaiera eman behar zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bertako erakunde autonomoek arlo berdinerako emandako laguntzen arloan hasitako eta izapidetzan egon daitekeen itzulketa edo zigor prozedurari.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduera eta gastuak.

1.– Dirulaguntza ez itzulgarriaren gai diren egintzatzat hartuko dira 4. artikuluan jasotako jarduerak, bere funtsezko xedea betetzeko, hau da, lankidetzaren bidez klusterreko enpresen lehiakortasuna hobetzeko eginak, azken batean erronka estrategikoei erantzuten dizkieten helburuak lortzeko enpresen arteko akordioez gauzatuko dena. Era berean, diruz lagundu ahal izango dira, era horizontala izanik azken xede lankidetza sortzea duten egintzak.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira bai barrukoak (soldatak eta egituraren gastu orokorrak) bai kanpokoak (azterlanen azpikontratazioa eta beste zerbitzu batzuk), aurreko idatz-zatian aipatzen diren egintzen garatzeko erakunde onuradunek erantzun beharra dutenak.

6. artikulua.– Urteko egintza-planak.

Erakunde onuradunek urteko egintza-planak egin beharko dituzte, honako hauek jasota besteak beste: klusterraren egoeraren analisia eta egin beharreko helburuen eta jardueren deskribapena jasotzen dituen memoria, egutegia, aurrekontua, finantzaketa eta ondoren aztertu ahal izateko erakusleak. 2001 ekitalditik aurrera, urteko plan horiek koherenteak izan beharko dute erakunde onuradunek egin beharko dituzten urte anitzeko planekin.

II. KAPITULUA
DIRULAGUNTZEN EZAUGARRIAK

7. artikulua.– Laguntzen diru-zenbatekoa.

Oro har, gehienez ere finkatutako xedea betetzeko bideratutako gastuen %60, finantzaketaren beharren arabera, gehienezko goi-muga 40 milioi pezetakoa izanik.

Aurreko paragrafoan finkatu den goi-muga hori, 40 milioi pezetakoa, ez da 2000 urtean aplikatuko.

8. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekin bateratzeko aukera eta dirulaguntzen pilaketa.

1.– Agindu honetan finkatu diren laguntzak ezin izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak helburu bererako emandako beste dirulaguntza batzuekin batu.

2.– Administrazioa Publikoek edo erakunde pribatuek ematen dituzten dirulaguntzak agindu honetan finkatzen diren laguntzen xede berekoak badira, agindu honetan jasotzen direnekin batu ahal izango dira, betiere emandako dirulaguntzen zenbatekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak emanikoena barne, ez bada egintza planean aurkeztutako jardueretatik sortutako gastuen %70 baino gehiago. Dirulaguntza horien berri eman beharko zaio Lehiakortasun Zuzendaritzari. Goi-muga hori gaindituz gero, agindu honen indarrez emandako dirulaguntza murriztu egingo da gaindikinaren arabera.

III. KAPITULUA
PROZEDURA.

9. artikulua.– Prozedurari hasiera ematea.

Agindu honetan arautzen diren laguntzak deialdi publikoan azalduko dira urtero eta publikotasun, lehia eta objetibitate printzipioak betez emango dira.

Industria Politikarako sailburuordeak egingo du deialdia eta horrek honako hauek jaso beharko ditu: kasuan kasuko ekitaldian dirulaguntzak emateko aurrekontu izendapenen zenbatekoa, eta eskariak aurkezteko epea eta tokia.

10. artikulua.– Eskabideak eta agiriak.

1.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzetarako eskariak eta gainerako agiriak Industria, Merkataritza eta Turismo Sailean aurkeztu beharko dira, zuzenean zein Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua, finkatutako bideei jarraituz, Industria Politikarako sailburuordeak urteko deialdirako ebazpenean finkatzen duen epearen barruan.

Erakunde eskatzailearen izenean jarduteko legezko gaitasuna duen pertsonak izenpetu beharko du eskabidea.

2.– Urteko deialdian finkatu daitezkeen agiriak ez ezik, erakunde eskatzaileek honako hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

a) Urte anitzeko plana, 2001 eta hurrengo ekitaldiei dagozkien eskarietan, agindu honen 6. artikuluan jasotakoaren arabera.

b) Urteko ekintza plana, eskabideko ekitaldiari dagokiona eta xedapen honen 6. artikuluan aipatutakoak jaso beharko dituena.

c) Aurrekontua, urteko planari eta bere finantzaketari dagozkien gastuak banatuta.

d) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.

e) Eskatzailearen ordezkapenaren ahalordearen eta kasuan kasuko erregistroetan egindako eratze eskrituraren eta ondoko aldaketen eta izenematearen fotokopia.

f) Sozietateen gaineko zergaren edo, hala behar izanez gero, errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren kopia.

g) Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatu edo horiengandik jasotako laguntzen zinpeko aitorpena.

h) Gizarte Segurantzaren zerga betebeharrak egunean izatearen egiaztagiria.

i) Zinpeko aitorpena edo aitorpen arduratsua, Ogasuneko betebeharrak egunean dituela jasota.

j) Gauzekiko bermea eratzeko konpromisoa, 2000 ekitaldian 30 milioi pezeta baino gehiagoko ordainketa aurreratuak egin behar izanez gero.

3.– Enpresa eskatzaileak faltsutuko balitu aipatutako zinpeko aitorpenetan jasotako datuak, indarreango zigor erregimenera jarriko da, bai administraziokoa bai penala.

4.– Edonola ere, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak eskatu ahal izango dio enpresa eskatzaileari aurkeztutako eskaria ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezko deritzen agiri edota dokumentazioa. Xedapen honetan berariaz jasotzen ez den guztirako aplikagarria izango da gerora urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearekin aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa.

11. artikulua.– Eskarien azterketa eta zuzenketak.

11.– Eskaria onartzeko ezinbesteko betekizun izango da aurreko artikuluan aipatu diren agiriak aurkeztea.

2.– Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Lehiakortasun Zuzendaritzari egokituko zaio aurkeztutako eskariak aztertu eta ebaluatzea.

3.– Eskaria ez balego behar bezala beteta edo aurkeztuko ez balira aurreko artikuluan aipatutako agiriak, Lehiakortasun Zuzendaritzak 10 eguneko epea emango dio kasuan kasuko enpresari akatsa zuzendu edo agiriak aurkezteko. Horrela egingo ez balu, bere eskariari uko egin diola ulertuko da, gerora urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearekin aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

12. artikulua– Dirulaguntzen emakidaren ebazpena.

1.– Industria Politikarako sailburuordeak ebatziko ditu eskariak ordenean eta espedientea osatzen den momentuaren arabera, agindu honen 2. artikuluko hirugarren artikuluan xedatzen dena betez.

Ebazpen hori banan-banan eman eta jakinaraziko zaie erakunde interesdunei sei hileko epearen barruan dagokion deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den biharamunetik. Erakunde onuradunarekin izenpetu beharreko lankidetza-hitzarmenaren edukia ere onartuko du administrazio ebazpen horrek. Hitzarmen horrek urteko ekintza planen helburu, jarduera eta ezaugarri teknikoak jaso beharko ditu, 2001 ekitalditik aurrera kasuan kasuko urte anitzeko planak zehaztu eta garatu beharko baitituzte horiek. Onuradunari hitzarmen horretatik sortzen zaizkion betebeharrak xedapen honetan aurreikusitakoei lotuko zaizkie.

2.– Eskatzaileei laguntzen emakidaren ebazpena banan-banan jakinaraziko bazaie ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da dirulaguntzen onuradunen eta emandako diru-zenbatekoen zerrenda, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko indarreango lege-manuen Bateratutako Testua onesten duena, 49.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Ematen den ebazpenak ez du administrazio bidea agortuko eta horren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari, gerora urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearekin aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean finkatutako epe eta eran.

4.– Gerora urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearekin aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan xedatutakoaren arabera, ebazpena emateko aurreikusitako epea igarotzen bada ebazpena jakinarazi gabe erakunde interesdunari, eskatutako laguntza ezetsi egin dela ulertu ahal izango da, hala ere aginpidedun den administrazio organoak eskatutako dirulaguntza dela eta berariazko ebazpena eman ahal izango du. Era berean, eskariak betetzen ez baditu dirulaguntzak jaso ahal izateko eskatzen diren betekizunak, Industria Politikarako sailburuordeak ukapenezko ebazpena emango du.

13. artikulua.– Ekintza planaren justifikazioa eta dirulaguntzen ordainketa.

1.– Dirulaguntza ordaintzeko Lehiakortasun zuzendariaren administrazio ebazpena eskatuko da eta bi zatitan egingo da, hain zuzen:

– Emandako dirulaguntzaren %50, dirulaguntza ematean.

– Gainerako %50, diruz lagundutako jarduerak betetzean izandako gastuak justifikatu ondoren. Horrela, behin ekintza plana burutuz gero, eta betiere deialdiaren ebazpena argitaratzen den hurrengo ekitaldiko urtarrilaren 15a baino lehen, jarduerak garatzean sortutako gastuen egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu erakunde onuradunak Lehiakortasun Zuzendaritzan. Era berean, administrazio organo horrek luzatu ahal izango du agiriok aurkezteko epea, erakunde onuradunak hala eskatuta, arrazoi justifikatuak onartzen baditu. Dirulaguntzaren zati hori jaso ahal izateko, Gizarte Segurantzaren betebeharrak egunean dituela egiaztatu beharko du erakunde onuradunak.

2.– Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak, Lehiakortasun Zuzendaritzaren bidez, justifikazioa aurkezten denetik gehienez ere bi hileko epearen barruan laguntzaren likidazio ebazpena eman eta jakinaraziko du eta, hala behar izanez gero, emandako dirulaguntzaren likidazioa ebatziko du.

3.– Lehiakortasun zuzendariak emandako ebazpenen aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industria Politikarako sailburuordeari, gerora urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearekin aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoaren arabera.

14. artikulua– Ekintza planen aldaketa.

Ekintza planek ezinbestez jaso beharko dituzte eskariarekin batera aurkeztutako agirietan aurreikusitako jarduerak. Hala ere, Lehiakortasun Zuzendaritzak aldaketak baimendu ahal izango ditu, betiere horren izaera eta helburuak aldatzen ez badira.

15. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzeko organoa.

Lehiakortasun Zuzendaritzari egokituko zaio agindu honetan jasotako dirulaguntzen kudeaketa-lanak egitea, berariaz beste organo batzuei dagozkienak izan ezik.

16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Honako betebehar hauek bete beharko dituzte agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek:

1.– Emandako dirulaguntza onartu beharko dute. Ildo horretan, dirulaguntza eman zaieneko jakinarazpena jasotzen dutenetik hamabost eguneko epearen barruan ez badute berariaz eta idatziz uko egiten, dirulaguntza onartu dutela ulertuko da.

2.– Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak, Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, jasotako dirulaguntzak direla eta, euren egitekoak betez, eskatzen dieten informazioa eskuratu beharko diete.

3.– Beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako ematen dizkien laguntza, dirusarrera edo baliabideak jakinarazi beharko dituzte.

4.– Dirulaguntza emateko kontuan izan diren gertakari objetibo zein subjetiboak aldatuz gero, Lehiakortasun Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio.

5.– Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari eskuratu beharko dizkiote diruz lagundutako jardueren garapena eta burutzapena direla eta beharrezko jotzen dituen egiaztapenak.

17. artikulua– Dirulaguntzen baldintzen aldaketa.

Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira eta betiere helburu bererako beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk emandako laguntzak edo dirulaguntzak eskuratzen badira, bai eta beste diru-sarrera edo baliabide batzuk ere, emakidaren ebazpena aldatu ahal izango da, dirulaguntzaren onuradun izateko ezarritako arauetan finkatu diren gutxieneko betekizunak betetzen diren bitartean betiere.

Ondorio horietarako, Industria Politikarako Sailburuordetzak kasuan kasuko ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituta.

18. artikulua– Betebeharrak ez betetzea.

1.– Erakunde onuradunak beteko ez balitu agindu honetan eta gainerako xedapen aplikagarrietan finkatutako betekizunak eta, hala egokituz gero, emakida ebazpenean eta horrek onesten duen lankidetza-hitzarmenean finkatutakoak ere, Industria Politikarako sailburuordeak, bidezko ez betetze espedientea hasi ondoren, interesdunari entzun eta gero, ebazpena emango du dirulaguntzarako eskubidea galdutzat joz eta, hala behar izanez gero, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren, Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko indarreango lege-manuen Bateratutako Testua onesten duena, 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarri denarekin bat, onuradunak eskuratu dituen zenbatekoak eta horien legezko korrituenak Euskal Autonomia Erkidegoaren Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko dizkio. Hala ere, bidezko diren ekintzei ere ekin diezaieke. Diru-zenbateko horiek sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorio guztietarako.

2.– Dirulaguntza eman zen baldintzak bete ez direla deklaratzeko prozedura indarreango legedian finkatuta dagoen eran eta epe barruan gauzatuko da.

3.– Industriako Politikarako Sailburuordetzari egokituko zaio ez betetze espedienteei hasiera ematea, bai eta horiek ebaztea ere.

4.– Dirua itzultzeko prozedura hasiaraziko balitz administrazio lege-haustea ekar dezaketen ekintzen ondorioz, horren jakitun jarri beharko da organo aginpideduna, kasuan kasuko zigor prozedurari eman diezaion hasiera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak, hala behar izanez gero, agindu hau garatzeko beharrezko diren xedapenak emango ditu.

Bigarrena.– Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak, hala behar izanez gero, agindu hau burutzean aurkeztu daitezkeen gorabeherak ebatziko ditu.

Hirugarrena.– Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Herriko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den biharamunetik bi hileko epearen barruan.

Laugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean izango du indarra agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko azaroaren 28a.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.


Azterketa dokumentala