Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

212. zk., 2000eko azaroaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
4868

212/2000 DEKRETUA, urriaren 24koa, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoaren itsasbazterrean arrantza-tresna xumeekin egiten den arrantza arautzen baita.

Abenduaren 20ko 3760/92 (EEE) Erregelamenduak Europako Batasunarentzako arrantza eta akuikultura araubidea ezarri du, eta Europako Batasuneko arrantza-politikaren helburu nagusia finkatu, hots, itsas-baliabideak babestu eta zaintzea, eta horien ustiapen arrazoizkoa eta zentzuduna antolatzea, oinarri jasangarri baten gainean, sektorearentzako baldintza ekonomiko egokietan, itsas-ekosisteman izango duen eragina gogoan hartuta, eta produktoreen eta kontsumitzaileen beharrizanak bereziki kontutan izanda.

Ur komunitarioetan —horien artean, 3. eskualdekoak, non Bizkaiko itsasoko eta Iparmendebaldeko arrantza-tokiak sartzen baitira— mailasareen mailen gutxieneko neurriak arautzeko, Kontseiluak martxoaren 30eko 850/98 (EE) Erregelamendua eman du. Arau horrek arrantza-baliabideak zaintzea du xede, itsas-organismoen ale gazteak babesteko neurri teknikoen bitartez.

Era berean, azaroaren 7ko 1683/1997 Errege Dekretuak hauxe arautu du: Bizkaiko itsasoko eta Iparmendebaldeko arrantza-toki nazionalaren kanpoko uretan arrantza-tresna xumeekin egiten den arrantza. 1998ko urriaren 1eko Aginduak, berriz, arrantza-plana ezarri du Bizkaiko itsasoko itsasbazterreko alde jakin batean, kontutan hartuta Gipuzkoa eta Bizkaiko arrantzategietako berezko espezieak, eta arrantza-modu tradizional batzuek arrantza-tokiotan duten garrantzia ikusita.

Sektorearen antolamendua Estatuak eta autonomia erkidegoek elkarrekin duten ataza da, arrantza-sektorea antolatzeko lege-garapen eta exekuziorako eskumenaren bitartez. Ildo horretatik, hauxe azpimarratu behar da: eremu berean diharduten pertsonen gainean, eremu horretan garatu eta ondorio juridikoak dituzten jardueren gainean, bidezko dela eskumen ezberdinak irudikatzea, eta eskumen horiek organo ezberdinei esleitzea. Hori dela eta, dekretu honek asteko atsedena ere arautu du, barruko uren barnealdean zein kanpoaldean, arrantza-sektorearen antolamenduak ez baitu barruko uretara zertan mugatu, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde eremuko kosta guztia har dezake eta.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 10. artikuluaren 10. idatz-zatiak ezarri duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du barruko uretako arrantza, itsaskien harrapaketa eta akuikulturaren alorretan. Eskumen hori garatuz, martxoaren 13ko 6/1998 Legea, itsas arrantzari buruzkoa, egin zen. Lege horrek Euskal Autonomia Erkidegorako lege-markoa ezarri dio arrantzari, eta jarduera horren helburuak eta gidalerroak finkatu. Alegia, arrantzan aritzeko behar zen kohesio materiala eta lege-marko egokiak taxutu ditu. Hain zuzen ere, dekretu honek lege-marko horren esparrua baitu eskumen-oinarri.

Martxoaren 13ko 6/1998 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren arabera, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko itsasabazterrean erabiltzeko diren arrantzarako tresnak, aparailuak eta abar arautuko ditu. Beraz, dekretu honek legeak ezarritakoa garatu, eta arrantza-tresna xumeak arautu ditu.

Ildo horretatik, dekretu honen helburua da eskuarki arrantza-tresna xumetzat jotakoekin egiten den arrantza arautzea, artisau-izaera nabarmena baitu, eta gizarte-garrantzi handia Bizkaiko itsasoko eta Iparmendebaldeko itsasbazterretan. Arrantza-tresna xumeez baliatzen den euskal ontzidia ontzi profesional txikiek osatzen dute, eta zapalda kontinentaleko eta kontinente-ezpondako arrantza-tokietan dihardute arrantzan, artisau-tresnak lanabes. Marea laburrak egiten dituzte, egun bakarrekoak normalean, eta inguruko kosta-baliabideei eragiten dietenez, bidezko da arrainketa horiek arautuko dituen dekretua ematea.

Dekretuak, beraz, 15. artikulu eta bi azken xedapen ditu. Jarduera arautzeko xedapen orokorrak ezarri, eta arrantza-tresna xumeak definitu dira artikuluotan, Estatuko eta Europako Batasuneko arauekin uztartzeko asmoz, arrantza-mota honetan gerta daitezkeen arau-hausteak eraginkorrago kontrolatzearren.

Gerta daitezkeen arau-hausteak martxoaren 13ko itsas arrantzari buruzko 6/1998 Legearen 47. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera zigortuko dira.

Ondorioz, arrantza-sektoreko lanbide-antolamenduei kontsulta eginda, Eusko Jaurlaritzako Batzorde Juridiko Aholku-emailearekin adostu eta gero, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren proposamenez, Lehendakaritzan onarturik, eta Jaurlaritza Kontseiluak 2000ko urriaren 24ko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da arrantza-tresna xumeez baliatzen den arrantzak arau izango dituenak ezartzea, arrantza-tresnen zehaztasun teknikoak finkatzea, eta arrantza-tresna horiekin Euskal Autonomia Erkidegoaren itsasbazterreko uretan egiten den arrantza-ahalegina erregulatzea.

2. artikulua.– Baimendutako arrantza-tresnak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren barruko uretan erabil daitezkeen arrantza-tresnak honela sailkatzen dira: mailasareak (edo sare zuzenak), amu-aparailuak eta otarreak (nasak).

2.– Mailasareen barruan, mailabakarrak eta tresmailak erabil daitezke, eta zorrozki debekatuta dago zapo-sarea eta bolanta (hondoko mailasarea) erabiltzea Euskal Autonomia Erkidegoaren barruko uretan.

3. artikulua.– Mailasareak.

1.– Mailasareak arrantza-tresnak dira, sare-mami edo sare-oihal batez edo gehiagoz osatuta, sare-oihalok bi arlinga artean armatuta edo prestatuta daudela; goiko arlingak flotazio-elementuak ditu eta beheko arlingak, aldiz, lastak. Bertikalean askatu edo botatzen dira, eta beheko arlingak eta goikoak errektangelua edo laukizuzena eratzen dute; tresnaren muturretan lokarriak edo sokak daude, goiko aldetik urazaleko buia edo kulubizei lotuta, eta beheko aldetik ainguratze- edo lazta-sistema bati, arrantza-tresnak toki berean egon daitezen, urperatzen direnetik uretatik atera arte.

2.– Mailasareak hurrengo motatan sailkatzen dira:

a) mailabakarra

b) tresmaila

2.1.– Mailabakarra.

Mailabakarra da mailasare bat, hondoari estekatua, elkarri lotutako pieza batek edo gehiagok osatua, horietako bakoitza sare-mami edo sare-oihal bakar batek osatua, mailasare errektangeluarra eratzen duena.

Tresna hori 4.500 metro luze izango da, gehienez ere, eta hiru metro garai.

2.2.– Tresmaila.

Tresmaila da mailasare edo sare zuzen bat, hondoari estekatua, arlinga berari lotutako hiru sare-oihal gainjarriz osatua.

Aparailu edo tresna hori 4.500 metro luze izango da, gehienez ere, eta hiru metro garai, barruko oihalaren maila 90 milimetro edo gehiago denean; barruko oihalaren maila 90 milimetro baino gutxiago dutenak, aldiz, bi metro garai izango dira, gehienez ere.

3.– Mailaren neurriak:

Mailaren dimentsioa neurtzeko prozedura Kontseiluak 1997ko apirilaren 29ko 894/97 (EE) Erregelamenduan ezarritakoa izango da. Izan ere, Erregelamendu horrek arrantza-baliabideei eusteko neurri teknikoak ezarri ditu, eta Kontseiluak 1998ko ekainaren 8an emandako 1239/98 (EE) Erregelamenduak aldatu du.

Mailaren dimentsioa maila tenkatuaren tarteari edo zuloari dagokio, sarea erabilita eta bustita dagoela.

Mailasareen mailaren gutxieneko neurriak men egin beharko dio Kontseiluak 1997ko apirilaren 29ko 894/97 (EE) Erregelamenduak ezarritakoari. Izan ere, Erregelamendu horrek arrantza-baliabideei eusteko neurri teknikoak ezarri ditu, eta hurrengo arauek aldatu dute: Kontseiluak 1998ko ekainaren 8an emandako 1239/98 (EE) Erregelamenduak, eta Kontseiluak 1998ko martxoaren 30ean 850/98 (EE) Erregelamenduak; azken arau horrek arrantza-baliabideak zaintzea du xede, itsas-organismoen ale gazteak babesteko neurri teknikoen bitartez, helburu-espezieen arabera (VII. taula – Arrantza tresna finkoak –3. eskualdea), Dekretu honen II. eranskin gisa jarri baita.

4. artikulua.– Amu-aparailuak.

1.– Amu-aparailu edo amu-tresnatzat hartuko dira funtsean ehunezko sokaz edo lokarriz eta amuz osatzen direnak, hainbat modalitatetan.

2.– Amua oinarrizko elementutzat duten aparailuen artean, hurrengoak bereizten dira:

a) Haria, beste izen batzuk ere badituena, egituraren eta zer espezietarako erabiltzen denaren arabera —besteak beste, soldau-aparailua, sabia, mokoiloa, txankua, kanabera, pintxoa—, aparailu edo tresna bertikala da, subil edo kordel ama batez osatua; subilari lotuta, zintzilik, potxerak edo pitak (amuhariak) daude, eta amua daramate puntan. Esku-aparailuak edo kanabera-aparailuak izan daitezke.

b) Koraina edo aborina ere aparailu bertikala da, eta haren azpiko muturretik elementu lastatu bat dago zintzilik, dizdiratsua edo kolore bizikoa normalean, hainbat amurekin.

c) Kazako edo xaxiango arrantzarako aparailuak tresna horizontalak dira, harrapatu behar den espeziea kazatzeko lastertasun egokian doan ontzi batek atoian eramaten dituenak. Kazako edo xaxiango aparailuak kainaberatan edo sarde edo botaberetan armatuta edo prestatuta daude.

d) Tretzatxoa amu-aparailua da, subil edo kordel ama batez osatua; subilari lotuta, potxera bertikalak daude zintzilik, behar bezala aldenduta. 2.000 metro luze izango da, gehienez ere, eta amu-kopurua ez da mila unitate baino gehiago izango. Potxeren arteko gutxieneko aldea metro bat izango da. Helburu-espezieen talde bakoitzarentzako amuen gutxieneko neurria Dekretu honen eranskinean zehaztuko da.

5. artikulua.– Otarreak (nasak).

1.– Otarrean hondoko tresna finkoak dira, otzara edo kaiola moduan eratuak, hainbat materialez eginak, sarez estalitako armazoi zurrun batez osatuak. Irekigune edo zulo bat edo batzuk izaten dituzte, punta zorrotzik gabeko mutur leunekin, hainbat espezieri aparailuak edo tresnak osatzen duen barrunbera sartzeko aukera ematen diena, aparailuaren barruko beitak erakarrita.

2.– Otarreak bota edo urperatzeko aparailuan, otarre bakoitza subil deritzon arlinga bati lotzen zaio, tarte erregularka.

3.– Debekatuta dago otarreak ontzian eduki eta arrainak harrapatzeko erabiltzea; hala ere, azken hiru urteotan arrainak otarreekin harrapatu dituztela egiaztatzen duten ontziek bere jarduera horri ekin diezaiokete, otarreen balio-bizitzak diraueno.

4.– Otarre-tresnen gehienezko luzera 3.000 metro izan daiteke, guztira, eta ontzi bakoitzak ezin izango ditu 350 otarre baino gehiago izan.

6. artikulua.– Gipuzkoako arrantza-plana.

1.– Dekretu honek dakartzan arauak aplikatuko zaizkion arrantza-zonak hurrengoen arteko urak hartzen ditu: Saturrarango punta, 002.º 24,7´W longitudean, eta Frantziarekin muga egiten duen itsas lerroaren artekoak.

2.– Baimendutako sareen gehieneko luzera ontzien esloraren araberakoa izango da. Hurrengoa izango litzateke:

a) 3.000 metro, perpendikularren arteko eslora 10 metro baino gutxiago duten ontzientzat.

b) 4.500 metro, perpendikularren arteko eslora 10 metro edo gehiago duten ontzientzat.

7. artikulua.– Bizkaiko arrantza-plana.

1.– Dekretu honek dakartzan arauak aplikatuko zaizkion arrantza-zonak hurrengoen arteko urak hartzen ditu: Saturrarango punta, 002.º 24,7´ W longitudean, eta Kantabria eta Bizkaia banatzen dituen lerroaren artekoak.

2.– Zona honetako arrantza hurrengo itsasertz-segmentuen arabera egingo da:

a) Kantabria eta Bizkaia banatzen dituen lerroaren eta Villano lurmuturraren arteko itsasbazterra.

Mailabakarra eta tresmaila erabil daitezke, gehienez ere 40 brazako (73,2 metro) sakoneran, mareabehera eskoratua abiapuntutzat hartuta. Bi brazako tolerantzia izango da.

b) Villano lurmuturraren eta Matxitxakoren arteko itsasbazterra.

Mailabakarra eta tresmaila erabil daitezke, gehienez ere 30 brazako (55 metro) sakoneran, mareabehera eskoratua abiapuntutzat hartuta. Bi brazako tolerantzia izango da.

c) Matxitxako lurmuturraren eta Earen arteko itsasbazterra.

Tresmaila erabil daiteke, gehienez ere 30 brazako (55 metro) sakoneran, mareabehera eskoratua abiapuntutzat hartuta; mailabakarra ere erabil daiteke, gehienez ere 30 brazako (55 metro) sakoneran, mareabehera eskoratua abiapuntutzat hartuta. Bi brazako tolerantzia izango da azken kasu horretan.

d) Ea eta Saturrarango puntaren arteko itsasbazterra.

Mailabakarra erabil daiteke, gehienez ere 40 brazako (73,2 metro) sakoneran, mareabehera eskoratua abiapuntutzat hartuta; tresmaila ere erabil daiteke, gehienez ere 30 brazako (55 metro) sakoneran, mareabehera eskoratua abiapuntutzat hartuta. Bi brazako tolerantzia izango da bi modalitateetan.

3.– Arrantza-tresna askatu, bota edo lagatzeko arauak.

a) Eguneko etxada edo botaldi bakarra egin ahal izango da.

b) Mailabakarra egunean behin botako da, egunsentian edo arratsaldean, baina ezin izango du gauez askatuta egon. Hala ere, 90 milimetro edo gehiagoko maila dutenak 24 orduz egon daitezke askatuta edo botata, gehienez ere.

4.– Arrantza-tresnen gehienezko luzera.

Arrantza-tresnen luzera inolaz ere ez da 4.500 metro baino gehiago izango.

8. artikulua.– Aparailu eta tresnen balizamendua.

1.– Tresna eta aparailu finkoak bi muturretan balizatuko dira, buia, kulubiz edo tuntux gorri kolorekoekin, zeinak radar-erreflektoreak eta masta bertikal bat —gutxienez bi metro luze— izango baitute. Mastak bandera gorria izango du, 50x40 zentimetro, eta argi zuria gauez, bi miliatara ikusteko modukoa. Tresna finkoen luzera 2 milia baino gehiago bada, balizamendu bera erabiliko da milia banako tarteka.

2.– Iparrerago edo mendebalderago dagoen tresna-muturrak, gaua ala eguna den, bata bestearen gaineko bi bandera edo bi argi zuri eramango ditu, lehen esandako neurri-ezaugarriekin.

3.– Buia edo kulubizek agerian duten aldean ontziaren matrikula eta folioa agertuko dira, baita zer arrantza-tresna mota den ere. Arrantza-tresna hurrengo letrekin adieraziko da: (B) mailabakarra, (T) tresmaila, (A) aparailuak eta (N) otarreak edo nasak.

9. artikulua.– Debekatuta dago arrantza-tresna xumeak bota, laga edo askatzea:

a) 5,46 braza (10 metro) baino gutxiagoko sakoneran, mareabehera eskoratua abiapuntutzat hartuta, edo lehorretik 100 metro baino hurbilago.

b) Beste arrantza-tresna edo aparailu profesional urperatutik 100 metro baino gutxiagora.

c) Portuetan, portuen bokaleetan edo portuetara sartzeko kanaletan, eta portu-zonetan.

d) Bainua hartzeko tokietan, lehorretik 500 metrora. Itsas-trafikoaren ohiko bideetan.

e) Nabigazioko ohiko itsasbideetan.

f) Nabigazioari traba egin diezaiokeen beste edozein tokitan.

10. artikulua.– Baimendutako ontzien zentsua.

Tresna xumeekin arrantzan aritzeko baimena izango dute hurrengo baldintzak betetzen dituzten ontziek:

a) Jarduneko Arrantza Ontzidiaren Zentsuan inskribatuta egotea.

b) Bizkaiko itsasoko eta Iparmendebaldeko arrantza-toki nazionaleko tresna xumeen zentsuaren barruan izatea.

c) Ontzien motoreen gehieneko potentzia 250 CV izango da, eta perpendikularren arteko eslora ez da 15 metro baino gehiago izango, edo, bestela, guztizko eslora ez da 18 metro baino gehiago izango.

d) Arrantza-tresna xumeez baliatzeko eraikitako ontzi berriek 5 metroko guztizko eslora izango dute, gutxienez, eta gutxieneko tonajea edo edukiera 1,5 GT edo 2,5 ETG.

11. artikulua.– Arraun ontziak eta bela ontziak.

Arraun ontziek eta bela ontziek debekatuta dute barruko uretan arrantzan aritzea.

12. artikulua.– Asteko atsedenari buruzko arauak.

1.– Dekretu honen barruan sartzen diren arrantza-tresna eta aparailu urperatuak, barruko uren barnealdean zein kanpoaldean egonda ere, urpetik aterata egon beharko dira larunbateko zero ordutik igandeko hogeitalauetara bitartean, eta portura eramango dira.

2.– Betebehar honetatik salbuetsita daude tunidoak kazan edo xaxian harrapatzen diharduten ontziak.

13. artikulua.– Arrantza-tresnen txandaketa.

1.– Tresna edo aparailu xumeekin arrantzan aritzeko baimena duten ontziek Dekretu honetako 3, 4, eta 5. artikuluetan definituriko tresna-aparailuak erabil ditzakete (mailasareak, amu-aparailuak eta otarreak).

2.– Arrantzaldi edo arrantza-egun bakoitzean arrantza-modalitate bakarra baino ezin izango da erabili (mailasareak, amuak edo otarreak).

3.– Arrantza-tresna edo aparailu baten edo batzuen baimendutako kopuru guztizkoen multzoak, multzotzat hartuz gero barruko uren barnealdean zein kanpoaldean erabilitako arrantza-tresnen batura, ezin izango ditu ezarritako mugak gainditu, inolaz ere:

– Mailasareak: gehienez ere, 4.500 metro;

– Amu-aparailuak: gehienez ere, 2.000 metro edo 1.000 amu;

– Otarreak: ontzi bakoitzeko 350, gehienez ere.

14. artikulua.– Modalitatea aldi baterako aldatzea.

Organo eskumendunak hurrengoak baimen ditzake, sei hilabete gainditzen ez duten aldietarako: arrantza-tresna xumeekin egindako arrantza-modutik baimendutako beste arrantza-mota batzuetara aldi baterako aldatzea, eta baimendutako beste arrantza-mota horietatik arrantza-tresna xumeekin egiten denera, baina, betiere, jardueraren xede diren baliabideen egoerak horretarako aukera ematen badu.

15. artikulua.– Arau-hausteak eta zehapenak.

Dekretu honek xedatuaren aurkako arau-hausteak Itsas Arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legearen arabera zigortuko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ahalmena ematen zaio Nekazaritza eta Arrantza sailburuari dekretu honetan ezarritakoa garatzeko xedapenak eta neurriak har ditzan.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2000ko urriaren 24an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

IÑAKI GERENABARRENA MARTÍNEZ DE LAHIDALGA.

I. ERANSKINA

Amuen gutxieneko neurria

Amuen gutxieneko neurriak, bai luzerari, bai bihurguneari dagokienean, ezin izango dira ondoren aipatzen diren dimentsioak baino txikiagoak izan, helburu-espeziea edo helburu-espezieen taldea zein den:

Espezie-mota eta taldea luzera (cm) bihurgunea (cm)

a) itsas aingira, mero beltza, meroa 6,00 +/- 0,50 2, 00 +/- 0,20

b) legatza, itsas potxua, bisigua, abadira, lupia,

paneka, muxarra, berdela eta gainerako espezieak 3,50 +/- 0,30 1,50 +/- 0,20

Amuen neurria luzeraren eta bihurgunearen arabera finkatuko da. Luzeratzat hartuko da amu-palaren edo artzabiaren goiko muturraren eta amu-oinarriaren tangente horizontalaren arteko distantzia. Bihurgunetzat hartuko da garrangaren goiko muturraren eta kirtenaren barruko ertzaren arteko irekidura horizontala.

II. ERANSKINA

(«VII. taula – Arrantza-tresna finkoak –3. eskualdea». Kontseiluaren martxoaren 30eko 850/98 (EE) Erregelamendua, arrantza-baliabideak itsas-organismoen ale gazteak babesteko neurri teknikoen bitartez zaintzeari buruzkoa)

Maila

Espeziea <40 mm 40-49 mm 50-59 mm 60-79 mm 80-99 mm 100 mm

Sardina (Sardina pilchardus) X X X X X X

Ganbak (Palaemon spp.) X X X X X X

Dontzeila (Coris julis) X X X X X X

Boga (Boops boops) X X X X X X

Otarrainskak (Penaeus spp.) X X X X X

Squilla mantis X X X X X

Barbarinak (Mullidae) X X X X X

Lengoradu buruhandia (Dicologlossa cuneata) X X X X X

Labridoak (durdoiak) (Labridae) X X X X X

Txitxarroak (Trachurus spp.) X X X X

Berdelak (Scomber spp.) X X X X

Paneka handia (Trisopterus luscus) X X X X

Txokoa (Sepia officinalis) X X X X

Arraingorriak (perloiak) (Triglidae) X X X X

Esparidoak (Sparidae) X X X

Krabarrokak (Scorpaenidae) X X X

Microchirus acevia X X X

Potak (Ommatostrephidae) X X X

Itsas aingira (Conger conger) X X X

Lotzak (Phycts spp.) X X X

Erreboilo ezkataduna (Scophtalmus rhombus) X X X

Xabiroiak (zakailak) (Trachinidae) X X X

Pikarelak (Centracanthidae) X X X

Maila

Espeziea <40 mm 40-49 mm 50-59 mm 60-79 mm 80-99 mm 100 mm

Lupia (Dicentrarchus labrax) X X

Liba (Merlangius merlangus) X X

Erreboilo arrunta (Psetta maxima) X X

Abadira (Pollachius pollachius) X X

Pleuronektidoak (platuxak) (Pleuronectidae) X X

Lengoradu arrunta (Solea vulgaris) (1) X

Legatza (Merluccius merluccius) (1) X

Gainerako itsas-organismo guztiak (2) X

(1) CIEM VIIIc eta IX arrantza-zonetan, gutxieneko maila 80-90 milimetro izango da.

(2) Ontzi barruan dauden guztizko harrapakinak %30ean gainditzen dituzten ontzi barruko zapo-harrapakinek (Lophius spp.) 220 milimetro edo gehiagoko maila batekin eginak behar dute.


Azterketa dokumentala