Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2000eko maiatzaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
2111

AGINDUA, 2000ko apirilaren 4koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako titulu akademikoak eta lanbide-tituluak, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoari dagozkionak, emateko modua finkatzen duena.

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak finkatzen dituen irakaskuntzei dagozkien titulu akademikoak eta lanbide-tituluak emateko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaion, Estatuak Euskal Autonomia Erkidegoari trasferitutako irakaskuntza arloko zerbitzuak handitzeari buruzko abuztuaren 23ko 1948/1996 Errege Dekretuaren indarrez.

Eusko Jaurlaritzak urriaren 7an eman zuen 218/1997 Dekretuz (urriaren 23ko EHAA), Euskal Autonomia Erkidegoko tituluen erregistroa eratu zen eta titulu akademiko eta lanbide-tituluak emateko aginpidetza Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari eman zitzaion; administrazio kudeaketa, berriz, zuzendaritza horri atxikitako Ikasketa Antolamenduko Zerbitzuari dagokio.

Bidezko da legezko xedapen bat finkatzea, tituluak egin eta banatzeko prozesuaren faseak definitu eta hura osatzen duten elementuen arteko koordinazioa eta funtzionamendua zehaztuko duena.

Ondorioz, eman zaizkidan eskumenen indarrez, honako hau

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
EAE-KO TITULUEN ERREGISTROA

<PALIGN="JUSTIFY">

1. artikulua.– Tituluen erregistroaren xedea.

1.– Hona hemen tituluen erregistroaren xedea, urriaren 7ko 218/1997 Dekretuan (urriaren 23ko EHAA) xedatutakoaren arabera: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ematen dituen titulu akademiko eta lanbide-tituluen inskripzioa jasotzea.

2.– Tituluek Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak finkatutako ikasketak gainditu direla egiaztatzeko balioko dute.

3.– Titulu horiek baliogarriak izango dira Estatu osoan.

4.– Tituluen erregistroan inskribatuko dira Eusko Jaurlaritzaren aginpidetza esparruaren barruan dauden ikastetxeetan ikasketak burutu eta titulua eskuratzeko beharrezko diren betekizunak betetzen dituzten ikasleen tituluak.

2. artikulua.– Tituluak eman eta babespean izateko organo aginpideduna.

1.– Ikasketa Antolamenduko Zerbitzua eta, azken buruan, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da organo aginpideduna inskripzio eta emate espedienteak jaso eta babesean hartzeko, 218/1997 Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Ikasketa Antolamenduko Zerbitzuko arduradunak du tituluen erregistroan jasotako datuak egiaztatzeko ahalmena, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren ikus-onetsiarekin. Lurralde Ordezkaritzetan, ordezkariak du ahalmen hori, ekainaren 18ko 149/1996 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera (uztailaren 15eko EHAAren 135. alea).

3. artikulua.– Erregistrora iristeko eskubidea.

1.– Tituluen erregistroa publikoa da eta erregistro bakarra da.

2.– Badago EAEko tituluen erregistrora iristeko, zuzentzeko eta baliogabetzeko eskubideaz baliatzerik.

3.– Tituluen erregistroko datuetara iritsi ahal izango dira interesatuak eta legezko interesa dutela egiaztatzen duten hirugarrenak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

4.– Erregistrora iristeko eskubideaz baliatzeko bete egingo dira datuen babes eta pertsonen eskubideen printzipioak, hain zuzen, ekainaren 20ko 1332/1994 Errege Dekretuak jasoak (21eko EBO); Errege Dekretu horrek datu pertsonalen tratamendu automatikoa arautzen duen urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoaren zenbait alderdi garatzen ditu.

II. KAPITULUA
TITULUEN EZAUGARRIAK

<PALIGN="JUSTIFY">

4. artikulua.– Erregistroan inskribatuko diren tituluak.

1.– Honako hauek dira tituluen erregistroan inskribatuko diren tituluak:

– Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua.

– Batxiler-titulua.

– Lanbide Heziketako teknikari titulua.

– Lanbide Heziketako goi-mailako teknikari titulua.

– Musikako lanbide-titulua.

– Musikako goi-mailako titulua.

– Dantzako lanbide-titulua.

– Dantzako goi-mailako titulua.

– Arte Dramatikoko goi-mailako titulua.

– Arte Plastiko eta Diseinuko teknikari titulua.

– Arte Plastiko eta Diseinuko goi-mailako teknikari titulua.

– Hizkuntzen Irakaskuntza Berezietako Lehenengo Mailako Goi-zikloko gaitasun-agiria.

– Kirol-teknikari titulua.

– Kirol-teknikariaren goi-mailako titulua.

2.– Erregistro honetan beste titulu batzuk inskribatzeko, halaxe xedatzen duen legezko araudia bete beharko dute.

5. artikulua.– Tituluaren eredua.

Urriaren 7ko 218/1997 Dekretuaren (23ko EHAA) I. eranskinean jasotzen da tituluen eredu orokorra.

6. artikulua.– Identifikazio gakoa.

1.– Tituluek identifikazio gako bana izango dute erregistroan eta bertan izango dute inprimatuta.

2.– Identifikazio gakoa titulu bakoitzaren kode numeriko baten araberakoa izango da.

3.– 1996ko apirilaren 30eko Ministerio Aginduan (maiatzaren 8ko EBO) finkatzen da gako horren deskribapena.

7. artikulua.– Ikasleen datuak.

1.– 1996ko apirilaren 30eko Aginduan (maiatzaren 8ko EBO) zehaztutakoak dira erregistroan adierazi behar diren ikasleen datuak.

2.– Informazio hori aldatu ahal izango da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Hezkuntza eta Kultura Ministerioko Idazkaritza Tekniko Nagusiak aurretik hala egiteko akordioa hartzen badute.

<PALIGN="CENTER">III. KAPITULUA

IZAPIDEAK EGITEKO PROZEDURA

<PALIGN="JUSTIFY">

8. artikulua.– Prozesu orokorra.

1.– Kasuan kasuko irakaskuntzak emateko baimena duten ikastetxe publiko eta pribatuek egiaztatu beharko dute ikasleek titulua eskuratzeko bete beharreko betekizun akademikoak betetzen dituztela eta kasu bakoitzean ordaindu beharreko tasak ordaindu direla.

2.– Titulu proposamena betetzeko prozesua horretarako diseinatu den euskarri informatikoan egingo da.

3.– Horrela betetako titulua emateko proposamenetik bi kopia inprimatuko dira, eta kopia horiek ikastetxeko zuzendariak eta Hezkuntza Ikuskaritzak, Bigarren Hezkuntzako graduatu-tituluaren kasuan, izenpetuko dituzte. Kasuan kasuko Lurralde ordezkariaren izenpea ere beti izango dute.

4.– Proposamenaren bi aleetatik, bata Lurralde Ordezkaritzan artxibatuko da eta, bestea, ikastetxean.

9. artikulua.– Bigarren Hezkuntzako graduatu-tituluaren izapidetzea.

1.– Prozesuaren hasiera: ikastetxeak hasiaraziko du ofizioz proposamena eta doakoa izango da.

2.– Titulua emateko proposamenaren inprimaketa eta ikus-onetsia: Titulua emateko proposamen betetik bi ale inprimatuko dira, ikastetxeko zuzendariak eta Hezkuntza Ikuskaritzak izenpetuko dituztenak. Egiaztatu egin beharko dute horiek proposatzen den titulua emateko indarreango arauek eskatzen dituzten betekizunak bete dituela aurretik ikasleak. Ondoren, kasuan kasuko Lurralde ordezkariari helaraziko dizkiote, izenpetu ditzan.

10. artikulua.– Gainerako tituluen izapidetzea.

1.– Ikaslearen eskaria: interesatuak eskatuta (ikasketak burutu dituen ikastetxeari, publikoa bada, edo ikastetxe hori atxikita dagoen ikastetxe publikoari, pribatua bada) emango zaio hasiera titulua emateko prozedurari, kasuan kasuko eskubideak ordaindu ondoren.

2.– Espedienteak egiaztatu eta proposamena egitea: Ikastetxe publikoko Zuzendaritzak, eskari egileen espediente akademikoa egiaztatu ondoren, titulua emateko proposamena egingo du indarreango arauek eskatutako betekizunak bete eta, hala behar izanez gero, kasuan kasuko eskubideak ordaindu dituzten ikasleen alde, ikastetxekoak bertakoak zein atxikitako ikastetxekoak izan.

3.– Proposamenaren inprimaketa eta ikus-onetsia: Proposamenetik bi ale inprimatuko dira, ikastetxe publikoko zuzendariak eta Lurralde ordezkariak izenpetuko dituztenak.

11. artikulua.– Tituluak emateko proposamenak Lurralde Ordezkaritzetara bidaltzeko epeak.

Honako hauek izango dira proposamenak, ikastetxeko zuzendariak eta Hezkuntza Ikuskaritzak izenpetu ondoren, Lurralde Ordezkaritzetara bidaltzeko epeak, Bigarren Hezkuntzako graduatu-tituluen kasuan:

a) Bigarren Hezkuntzako graduatuko titulu proposamenak, tituluen kopien espedienteak eta eskari bereziak: urrian eta apirilean.

b) Gainerako mailetako titulu proposamenak, tituluen kopien espedienteak eta eskari bereziak: azaroan eta maiatzean.

12. artikulua.– Proposamenak erregistrora bidaltzea.

Lurralde Ordezkaritzek euskarri informatikoan bidaliko dituzte ikastetxeetatik jasotako proposamenak Ikasketa Antolamenduko Zerbitzura, honako epe hauen barruan:

a) Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua, tituluen kopiak eta eskari bereziak: azaroan eta maiatzean.

b) Gainerako mailetako tituluak, tituluen kopiak eta eskari bereziak: abenduan eta ekainean.

13. artikulua.– Eskubideen ordainagiria.

1.– Titulua emateko eskubideen ordainagiriak titulua bera edukitzeak dituen ondorio berdinak izango ditu titulua eskuratu arte.

2.– Ordainagiriak tituluaren funtsezko datu guztiak jaso beharko ditu eta, betiere, bere ondorioak muga ditzaketen arrazoi legalak.

3.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat (eskaria ofizioz egingo zaie horiei eta eskubiderik ordaindu beharrik ez dute izango), kalifikazioen liburuak, behar bezala izapidetua, behin-behineko egiaztagiriaren balioa izango du.

14. artikulua.– Tituluen inprimaketa.

1.– Ikasketa Antolamenduko Zerbitzua tituluen inprimaketaz arduratuko da, urriaren 7ko 218/1997 Dekretuan jasotako baldintzen arabera.

2.– Hezkuntza-sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak ezarritako irakaskuntzei dagozkien titulu akademikoak eta lanbide-tituluak emateko moduari buruzko maiatzaren 5eko 733/1995 Errege Dekretuaren 2. eta 3. eranskinetan horretarako finkatutakoaren arabera inprimatuko dira tituluak.

15. artikulua.– Tituluen banaketa.

1.– Ikasketa Antolamenduko Zerbitzuak titulu inprimatuak jasoko ditu eta Lurralde Ordezkaritzetara bidaliko ditu, sorta desberdinak egokituz erraz identifikatu daitezen kasuan kasuko proposamenekin. Horretarako berariaz adieraziko da zein ikastetxeri dagozkien.

2.– Lurralde Ordezkaritzek bere aginpidetzapeko ikastetxeei emango dizkie titulu inprimatuak. Era berean, erregistroko orriak emango zaizkie, bertan jasota egite eta interesatuei emate datuak.

3.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztiek, bai eta derrigorrezko ez den hezkuntzako ikastetxe publikoek ere, erregistro liburu bat izan beharko dute, aurretik aipatutako erregistro orriekin egin ahal izango dena.

4.– Lurralde Ordezkaritzek beharrezko diren jarraibideak eman ahal izango dituzte ikasleek errazago jaso ditzaten tituluak.

16. artikulua.– Titulu inprimatuak ematea.

1.– Interesatuek jaso beharko dituzte tituluak nortasuna egiaztatu ondoren, proposamena izapidetu zuen ikastetxean edo, bestela, kasuan kasuko Lurralde Ordezkaritzan.

2.– Ikasleek erregistro orrian izenpetu beharko dute funtzionario arduradunaren aurrean; horrela, titulua hartu izana jasorik geratuko da. Horretaz gain, titulua jaso den eguna ere ipini beharko da.

3.– Funtzionario horrek ematen duen titulu oro izenpetu eta bakoitzari data jarriko dio, tituluaren atzeko partean horretarako duen tokian.

4.– Idatziz behar bezala justifikatuz gero, interesatuek era baliogarrian baimendutako pertsonaren bidez ere eman ahal izango da titulua.

17. artikulua.– Tituluak emateko epea.

Agindu honetan jasotzen diren tituluak emateko prozedura ebazteko epea urte batekoa izango da gehienez ere interesatuak eskaria aurkezten duenetik. Doan ematen diren tituluei dagokienez, ofizioz hasiaraziko direnak, prozedurari epe berdinean eman beharko zaio amaiera, ikasketak bukatu direnetik kontatzen hasita.

IV. KAPITULUA
PROPOSAMEN ETA TITULU AKASTUN EDO
OKERRAK

<PALIGN="JUSTIFY">

18. artikulua.– Proposamen akastunak.

Lurralde Ordezkaritzek antzematen badute ikastetxeek tituluak emateko egiten dituzten proposamenak akastunak direla, kasuan kasuko ikastetxeetara itzuliko dira gehienez ere hamar eguneko epearen barruan zuzenketak eginda berriro aurkez ditzaten.

19. artikulua.– Titulu akastun edo okerrak.

1.– Interesatuari egotzi ezin dakizkiokeen arrazoiengatik, tituluren bat akatsekin edo datu okerrekin emango balitz, beste titulu bat egingo da. Jatorrizko titulu akastuna Lurralde Ordezkaritzara bidali beharko da aurretik, zuzendu beharreko akatsa edo okerra zein den azalduaz, 11. artikuluan adierazitako epeen barruan.

2.– Ikasketa Antolamenduko Zerbitzuak tituluen inprimaketa egokia kudeatuko du eta, tituluak emandakoan, kasuan kasuko ikastetxeetara bidaliko ditu Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzaren bidez.

3.– Horrela emandako tituluak jatorrizkotzat joko dira ondorio guztietarako eta ez da eskubiderik ordaindu beharko berriro.

V. KAPITULUA
TITULUEN KOPIAK JAULKITZEA

<PALIGN="JUSTIFY">

20. artikulua.– Tituluen kopiak jaulkitzeko arrazoiak.

1.– Titulu inprimatuak ezin izango dira aldatu edo zuzendu. Horrelakorik gertatuz gero edo, galdu, desegin edo narriatzen bada, tituluaren kopia eskatu ahal izango du interesatuak, kasuan kasuko eskubideak ordaindu ondoren.

2.– Titulua galduz gero, ezinbesteko betekizuna izango da EHAAn iragarki bat argitaratzea, galdu izana jasota gera dadin, horrela aurkeztu ahal izango baitira kasuan kasuko erreklamazioak, hala behar izanez gero. Iragarkia argitaratzen denetik aurrera, hogeita hamar eguneko epearen barruan erreklamaziorik aurkeztuko ez balitz, kasuan kasuko izapideei jarraituko zaie.

3.– Era berean, tituluaren kopia eskatu ahal izango da, tituluan jasotzen diren egoera pertsonalak aldatzen badira.

4.– Tituluaren kopian jatorrizko tituluan jasotzen den erregistro gako berdina ageri beharko da inprimaturik.

21. artikulua.– Tituluen kopiak egiteko prozedura, titulua, osorik edo zati batean, galdu, desegin edo narriatu bada.

1.– Tituluaren kopia ematen bada interesatuari egotzi dakizkiokeen arrazoiak direla eta, jatorrizko titulua osorik edo zati batean, galdu, desegin edo narriatu duelako, ikasleak ikasketak amaitu dituen ikastetxeak edo, bestela, Lurralde Ordezkaritzak honako agiri hauek osatzen duten espedienteari emango dio hasiera:

a) Interesatuaren eskabide orria.

b) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako iragarkiaren erreferentzia edo fotokopia. Betekizun hau ez da beharrezkoa izango titulua zati batean desegin edo narriatu bada.

Ikastetxeak edo, bestela, Lurralde Ordezkaritzak burutuko ditu iragarki hori argitaratzeko beharrezko diren izapideak.

c) Iragarkia EHAAn argitaratu izanaren ordainagiriaren fotokopia.

d) Titulua zati batean desegin edo narriatu denean, oraindik geratzen den titulu akademiko edo lanbide-tituluaren zatia.

e) Hala behar izanez gero, interesatuak tituluaren kopia egiteko tasa ordaindu izanaren egiaztagiria.

2.– Titulu akademikoa edo lanbide-titulua hura emateko organo kudeatzaileei egotzi dakizkiekeen arrazoiak direla eta, osorik edo zati batean, galdu, desegin edo narriatu bada, Ikasketa Antolamenduko Zerbitzuak, kasuan kasuko espedientean jasotako izapideak bete ondoren, jatorrizko tituluak berriro emateko beharrezko den guztia egingo du, interesatuek ezer ordaindu gabe.

22. artikulua.– Tituluen kopiak emateko prozedura, tituluan jasotzen diren datu pertsonalak aldatu direnean.

Interesatuak ikasketak burutu dituen ikastetxera edo, bestela, Lurralde Ordezkaritzara honako agiri hauek osatzen duten espedientea bidali beharko du:

a) Interesatuaren eskabide orria.

b) Jatorrizko titulua.

c) Interesatuak Erregistro Zibilean egin duen inskripzio berriaren egiaztagiria.

d) Hala behar izanez gero, interesatuak tituluaren kopia egiteko tasak ordaindu izanaren egiaztagiria.

23. artikulua.– Tituluen kopia-proposamenak Lurralde Ordezkaritzara bidaltzeko izapidea.

Ikastetxeak tituluaren kopiaren espediente osoa bidaliko du Lurralde Ordezkaritzara; bertan datuak aztertu egingo dira eta ondoren grabatu, 11. artikuluan jasotzen diren epeen barruan. Proposamenaren bi aleak inprimagailuz aterako dira Lurralde Ordezkaritzan eta aurreko artikuluetan jatorrizko tituluentzat jasotzen den prozesu berdinari jarraitu beharko diote.

24. artikulua.– Tituluen kopien inprimaketa.

1.– Aurreko artikuluetan araututako kasuetan, Ikasketa Antolamenduko Zerbitzuak tituluak inprimatzeko beharrezko dena egingo du.

2.– Tituluen erregistroan titulu horiei buruzko informazio zuzena erantsiko da.

VI. KAPITULUA
EGINBIDEAK

<PALIGN="JUSTIFY">

25. artikulua.– Eginbide-ereduak.

Tituluen kopiak urriaren 7ko 218/1997 Dekretuaren (23ko EHAA) II. eranskinean adierazten den eran burutu beharko dira, honelako kasuetan:

– 19. eta 20. artikuluetan jasotako kasuetan.

– Atzerriko herritarrei ematen zaizkien tituluak, EBko eta Andorrako herritarrenak izan ezik.

– Titularrik ez duten tituluak (titularra hil egin delako).

– Beste titulu ofizial batzuekin baliokidetza legala onartzen zaien tituluak.

<PALIGN="CENTER">VII. KAPITULUA

INFORMAZIOA ESKUALDATZEA MEC-KO
TITULUEN ERREGISTRO NAGUSIRA

<PALIGN="JUSTIFY">

26. artikulua.– Erregistro inskripzioak eskualdatzea.

1.– Ikasketa Antolamenduko Zerbitzuak Hezkuntza eta Kultura Ministerioko tituluen erregistro nagusira bidaliko ditu jasotako erregistro inskripzioak, hilabeteko epearen barruan erregistroan inskripzioa egiten denetik.

2.– Eskuratutako informazioarekin batera informazio kodifikatuaren erregistroa bidaliko da tituluen erregistro nagusira, agintaritza bidaltzailea nor den eta bidalitako informazioa osoa dela egiaztatu ahal izateko.

3.– Informazio bidalketa hori euskarri informatikoan egin ahal izango da.

4.– Tituluen erregistro nagusiarekiko harremanetan agindu honen 6. artikuluak aipatzen duen identifikazio gakoa erabiliko da.

27. artikulua.– Inskripzioen aldaketa.

EAEko hezkuntza administrazioak Hezkuntza eta Kultura Ministerioko tituluen erregistro nagusiari aurretik bidalitako datuen aldaketen berri emango dio, hilabeteko epearen barruan, kasuan kasuko eserlekua inskribatzen denetik.

XEDAPEN GEHIGARRIA

<PALIGN="JUSTIFY">

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak, Ikasketa Antolamenduko Zerbitzuaren bidez, bideratuko ditu urriaren 7ko 218/1997 Dekretuak (urriaren 23ko EHAA) eta agindu honek arautzen duten prozeduran parte hartzen dutenek, horietan finkatutakoa betetzeari buruz aurkez ditzaketen kontsultak.

AZKEN XEDAPENAK

<PALIGN="JUSTIFY">

Lehenengoa.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak beharrezko diren jarraibideak eman ahal izango ditu urriaren 7ko 218/1997 Dekretua (urriaren 23ko EHAA) eta agindu hau ahalik eta ondoen bete daitezen.

Bigarrena.– EHAAn argitaratzen den biharamunean izango du indarra agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko apirilaren 4a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

INAXIO OLIVERI ALBISU.


Azterketa dokumentala