Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

80. zk., 2000eko apirilaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
1834

AGINDUA, 2000ko martxoaren 30ekoa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren 211/1997 Dekretua, irailaren 30ekoa, garatzen duena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan eta bere erakunde autonomoetan aldez aurreko fondoen araubideari dagokionez.

Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren 211/1997 Dekretuak, irailaren 30ekoak, bere Bigarren Sekzioan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan eta bere erakunde autonomoetan aldez aurreko fondoen araubidea erregulatzen du, diruzaintzaren deszentralizazioa handituz.

Aipatutako Dekretuaren garapena gauzatzearren ezinbestekoak diren xedapenak ezartzeko helburuarekin, dagozkion arauak eman behar dira.

Ondorioz, eta aipatu Dekretuak emandako eskumenez baliatuz, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Aldez aurreko fondoen diru-horniketa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailetako organo nagusi edo sailetako lurralde eremuentzako hasierako fondoen diru-horniketa "ET" aurrekontuz besteko kontabilitate agiria betez egingo da, ondoko hau adieraziz:

a) Sarrera kontua: aldez aurreko fondoen pentzutan egin beharreko ordainketetarako kontu eskuordetuei esleitutako kontabilitate kodea.

b) Ordainketa kontua: Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiak bete beharreko kontabilitate kodea.

c) Zenbatekoa: Aldez aurreko fondoarena, irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 14. artikuluan adierazten den moduan kalkulatuta. Zenbatekoa zehaztu ondoren, bakarrik alda daiteke ekitaldi bakoitzaren hasieran, aurrekontu berriaren onarpenak sortutako aldaketen arabera eta ekitaldia bukatu arte aldaezina geratzen delarik.

d) Kontzeptu laburtua: "Aldez aurreko fondoa"-rena izango da beti.

e) Dokumentazio euskarria: eskatu den zenbatekoa zehazteko egin diren kalkuluen justifikazioa.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren erakunde autonomoen organo nagusi edo horien lurralde eremuentzako hasierako fondoen diru-horniketa, ondoren adierazten diren aurrekontuz besteko kontabilitate agiriak betez egingo da, ondoko hau adieraziz:

a) "EI" dokumentua dagokion erakunde autonomoan:

– Finantza-kontua: aldez aurreko fondoen pentzutan egin beharreko ordainketetarako kontu eskuordetuei esleitutako kontabilitate kodea.

– Aurrekontuz kanpoko kontua: Administrazio Orokorrarekiko epe laburreko maileguen kontuei esleitutako kontabilitate kodea.

– Diru sarrera era: transferentziaren T-a.

– Erreferentziala: Ez da bete behar.

– Hirugarrena: Ez da bete behar.

b) "EO" dokumentua Administrazio Orokorrean:

– Finantza kontua: Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiak bete beharreko kontabilitate kodea.

– Aurrekontuz kanpoko kontua: erakunde autonomoekiko epe laburreko zorrei esleitutako kontabilitate kodea.

– Ordainketa era: Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiak bete beharrekoa.

– Erreferentziala: Ez da bete behar.

– Hirugarrena: Ez da bete behar.

Gainontzeko kontzeptuak aurreko 1 paragrafoan azaltzen den bezala beteko dira.

3.– Adierazitako aurrekontuz besteko kontabilitate agiriak kontabilizatu ondoren, fondoak sailetako eta erakunde autonomoetako organo nagusi edo lurralde eremuetakoen esku egongo dira, bakoitzak baimendutako aldez aurreko fondoen pentzutan egin beharreko ordainketetarako kontu eskuordetuetan.

2. artikulua.– Aldez aurreko fondoen berrezarpena.

1.– Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren hasieran, aldez aurreko fondoen berrezarpena "ET", "EI" eta "EO" aurrekontuz besteko kontabilitate agiriak betez egingo da, aurreko artikuluaren azaltzen den bezala, salbuespen bakar batekin: zenbatekoa, ekitaldi berrirako fondo-horniketaren eta aurreko ekitaldia ixtean aldez aurreko fondoen kontuak duen kontabilitateko saldoaren arteko aldea izango da.

2.– Aurrekontu-ekitaldiaren zehar, eta aldez aurreko fondoen kontrako gastuen bilakaerak horrela eskatzen duenean, fondoen berrezarpenari ekingo zaio. Honi buruz esan behar da, sail eta erakunde autonomo bakoitzaren erantzukizuna izango dela berrezarpena eskatzeko orduan dokumentazioa prestatzeko eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoan tramitatzeko behar duten denbora aurreikustea, aldez aurreko fondoen kontuetan diruzaintzan egoera larriak eragotziz.

Aurrekontu-ekitaldiaren zehar aldez aurreko fondoen berrezarpenak gastuen egozketa dakar dagokion aurrekontuari, eta "ADO" aurrekontu izaerako kontabilitate agiriak betez egingo da, ondoko era honetara:

a) Erreferentzia: ez da bete behar, kontabilitate sistema informatikoak jarriko du.

b) Aurrekontu-aplikazioa: "Eranskina" hitza jarriko da beti. Eranskin horretan aldian gastatutakoa eta ordaindutakoaren guztia xehatuko da dagozkion aurrekontu-aplikazioetan, gastu eta egitura organikoaren izaeraren eta sail eta erakunde autonomoetako programen arabera.

c) Kontzeptu laburtua: "Aldez aurreko fondoen berrezarpena" jarriko da beti, horren zenbakia adieraziz.

d) Zenbatekoa: Kitatzen den aldian egin eta ordaindu den gastu guztia. Eman eta ordaindu diren gastuen aurrerakinak justifikatutzat emango dira hauen kitapena egiten denean. Une honetan gastua aurrekontuari egotzi dakioke eta, beraz, bere zenbatekoa itzuli.

e) Hirugarrenaren kodea: sail edo erakunde autonomo bakoitzeko organo nagusi eta lurralde eremuetakoei emango zaiena. Horien banku-datuak aldez aurreko fondoen kontukoak izango dira.

f) Ordainketa era: transferentziaren T-a.

g) Finantza kontua: ez da bete behar; ekitaldiaren itxierako "ADO"-a salbu, zeinean aldez aurreko fondoen kontuari esleitutako kontabilitate kodea adierazi baita.

h) Atxikipen-datuak: ez dira bete behar.

i) Mugaeguna: ez da bete behar.

j) Beste hartzailearen kodea: ez da bete behar.

k) Dokumentazio euskarria:

– Fondoak berrezarri diren egunean dagoen saldoa agertzen duen finantza-etxearen ziurtagiria edo data horretan saldoa adierazten duen laburpen bankarioaren fotokopia.

– Data berean saldoa agertzen duen banku-liburuaren fotokopia.

– Ziurtagirian edo laburpen bankarioan agertzen den saldoaren eta banku-liburuan agertzen denaren arteko adostasuna, Agindu honi erantsita doakion I. eranskinari jarraituz.

– Kontuaren azterketa, Agindu honi erantsita doakion II. eranskinari jarraituz.

3.– Kontuhartze kontrola egin, 211/1997 Dekretuaren 18. artikuluari jarraituz, eta aurrekontu izaerako kontabilitate agiriak (ADO) kontabilizatuak izan ondoren, fondoak berrezarriko dira, kontabilitate agirietan agertzen den kopuruan, aldez aurreko fondoen kontuetan.

4.– Aurrekontu-ekitaldiaren bukaeran, aldez aurreko fondoen kontuak kitatzeari ekingo zaio, abenduaren 31ra arte sortutako eta ordaindutako gastuei dagokien beste aldez aurreko fondoen berrezarpena eskatuz. Ekitaldian sortutako eta abenduaren 31n ordaindu gabeko gastuak, hurrengo ekitaldian egingo diren fondoen berrezarpenetan bideratuko dira.

Abenduaren 31n kitatzeke dauden aldez aurreko fondoengatik, ondorengo aurrekontuz besteko kontabilitate agiria hauek beteko dira:

a) "EO" dokumentua, ixten den ekitaldian:

– Finantza kontua: aldez aurreko fondoen pentzutan egin beharreko ordainketetarako kontu eskuordetuei esleitutako kontabilitate kodea.

– Aurrekontuz kanpoko kontua: gastu-aurrerakinen kontuei esleitutako kontabilitate kodea.

– Zenbatekoa: abenduaren 31n kitatzeke dauden aurrerakinei dagokiena.

– Kontzeptu laburtua: "abenduaren 31n kitatzeke dauden gastuen aurrerakinak" jarriko da beti.

– Ordainketa era: esku-tranferentziaren B-a.

– Erreferentziala: ez da bete behar, kontabilitate sistema informatikoak jarriko du.

– Hirugarrenaren kodea: sail edo erakunde autonomo bakoitzeko organo nagusi eta lurralde eremuetakoei emango zaiena. Horien banku-datuak aldez aurreko fondoen kontukoak izango dira.

b) "EI" dokumentua hurrengo ekitaldian:

– Finantza kontua: aldez aurreko fondoen pentzutan egin beharreko ordainketetarako kontu eskuordetuei esleitutako kontabilitate kodea.

– Aurrekontuz kanpoko kontua: gastu-aurrerakinen kontuei esleitutako kontabilitate kodea.

– Zenbatekoa: abenduaren 31n kitatzeke dauden aurrerakinei dagokiena.

– Kontzeptu laburtua: "abenduaren 31n kitatzeke dauden gastuen aurrerakinak" jarriko da beti.

– Diru sarrera era: transferentziaren T-a.

– Erreferentziala: aurreko "EO" dokumentuari dagokiona.

– Hirugarrenaren kodea: sail edo erakunde autonomo bakoitzeko organo nagusi eta lurralde eremuetakoei emango zaiena. Horien banku-datuak aldez aurreko fondoen kontukoak izango dira.

Abenduaren 31an geratzen diren soberakinek aldez aurreko fondoen kontuetan jarraituko dute.

3. artikulua.– Aldez aurreko fondoen pentzutan egin beharreko ordainketetarako kontu eskuordetuen korrituak.

1.– Aldez aurreko fondoen kontuetan sortutako korrituak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren kontu nagusira transferituko dira, finantza-etxeek ordaindu bezain laster eta banku-transferentziaren bidez.

2.– Aurrekontu-ekitaldian sortutako eta Euskal Herriko Diruzaintza Nagusian sartutako korrituengatik, "RI" dokumentua beteko da, ondorengo hau adieraziz:

a) Erreferentzia: ez da bete behar, kontabilitate sistema informatikoak jarriko du.

b) Aurrekontu aplikazioa: sail edo erakunde autonomoaren "banku-korrituak" deritzon 533.00 atalari dagokiona.

c) Kontzeptu laburtua: "... aldiko banku-korrituak" jarriko da beti.

d) Hirugarrenaren kodea: sail edo erakunde autonomo bakoitzeko organo nagusi eta lurralde eremuetakoei emango zaiena.

e) Zenbatekoa: sortutako eta finantza-etxeak ordaindutakoari dagokiona, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren kontu nagusirentzat ezarritako antzeko baldintzatan.

f) Finantza kontua: bete gabe utziko da.

g) Diru sarrera era: aplikazioaren zain dauden sarreren "I"-a.

h) Erreferentziala: sail edo erakunde autonomo bakoitzak duena aplikazioaren zain dauden sarreren kontuan.

i) Aurrekontuz kanpoko kontua: sail edo erakunde autonomo bakoitzaren aplikazioaren zain dauden sarreren kontuari dagokion kontabilitate kodea.

j) Dokumentazio euskarria: finantza-etxeak egiten duen korrituen kitapena.

3.– Ekitaldia ixterakoan, eta abenduaren 31rako sortutako korrituak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusian hurrengo ekitaldian sartzen diren unean, ixten den ekitaldiaren kontura "R" dokumentu bat beteko da eta, hurrengo ekitaldiaren kontura, "MI" dokumentu bat. Bietan adieraziko dira aurrekontu aplikazio eta ikuskaritza erreferentzi berdinak, azken honetan ekitaldia aldatuz.

4. artikulua.– Aldez aurreko fondoen pentzutan egin beharreko ordainketetarako kontu eskuordetuen mugimenduen berariazko oharrak.

1.– Sail edo erakunde autonomoko organo nagusi eta lurralde eremuetakoek zor-txartel bat edukiko dute. Txartel hori erabiliko da soilik eskatutako aurrerakinen eta kutxako fondo finkoaren zuzkidura eta ondorengo berrezarpenen diru-kopuru zehatza berdintzeko behar den eskudirua lortzeko.

2.– Hirugarrenei egin beharreko ordainketak banku-transferentzia bidez egingo dira. Banku-transferentziak egin nahi diren ordainketa guztiak elkartuz egingo dira.

3.– Banku-liburuan agertu beharreko mugimendu bakarrak, eta beraz, aldez aurreko fondoen kontuen bidez egin ahal izango diren eragiketa bakarrak, 3. artikuluan aipatzen diren korrituen transferentziak kenduz, ondoren azaltzen diren kontzeptuengatik izango dira:

a) Diru-sarrerak:

1) Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiak egiten dituen aldez aurreko fondoen hasierako horniketa eta hauen berrezarpenak.

2) Gastuen aurrerakinen itzulera guztizkoa ala zatikakoa.

3) Salbuespenez, ordainketen itzulerak direla eta, finantza-etxeak egiten dituen abonuak.

b) Ordainketak:

1) Hirugarrenak ordaintzeko egin diren transferentzien guztizko zenbatekoa.

2) Eskudiruaren erabilerak, gastutarako aurrerakinen kontzesioterako eta kutxako fondo finkoaren zuzkidura eta ondorengo berrezarpenetarakoa.

3) Bidai gastutarako aurrerakinak emateko, finantza-etxeari eskatutako dibisen zenbatekoa (kontrabalio pezetatan).

5. artikulua.– Erregistro eta artxibaketa.

Irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 17. artikuluak ezartzen duenari jarraituz, aldez aurreko fondoen kontuak kudeatzeko ardura duten organoek ondorengo erregistro eta artxibaketa egin beharko dituzte:

1.– Fakturen artxiboa: hemen sartu behar dira faktura guztiak, bidai gastuen edo gastuen egiaztagirien kontu-garbiketak, apuntearen arabera korrelatiboki ordenatuta.

2.– Gastuen erregistroa: hemen azalduko dira aurrekontu-aplikazio bakoitzeko egin eta ordaindutako gastuak. Erregistro hau, lehen aipatutako aldez aurreko fondo arrunten berrezarpenerako aurrekontu izaerako kontabilitate agiriaren (ADO) "Eranskina" betetzeko oinarria izango da, ondoko hau adieraziz:

– Apunte-zenbakiaren data.

– Apunte-zenbakia: korrelatiboa, dataren arabera.

– Deskribapena: faktura zenbakia, hala badagokio, eta, orokorrean, gastuaren zioa.

– Enparauaren IFZ.

– Eragiketaren zenbatekoa.

– Ordainketa eguna: transferentziak finantza-etxera bidaltzen diren egunekoa.

– Metatua guztira: zenbatekoen guztira, egin den azken eragiketa barru ere.

3.– Banku-liburua: hemen jasoko dira aldez aurreko fondoen kontuan egindako mugimenduak, aurreko artikuluaren eragiketen arabera, ondoko hau adieraziz:

– Banku-eragiketa eguna, hau da:

a) Ordainketen kasuan; finantza-etxeari eragiketa egiteko edo, kutxazainen edo txekeren bidez, fondoak hartzeko agindua ematen zaionekoa.

b) Diru-sarreren kasuan; finantza-etxeak hauek ordaintzen dituenekoa.

– Apunte-zenbakia: korrelatiboa, dataren arabera.

– Transferentzia zenbakia: korrelatiboa, egiten diren transferentzia-zerrenda bakoitzaren arabera.

– Deskribapena: ordainketaren edo sarreraren zioa.

– Zenbatekoa: ordainketa edo sarrerarena.

4.– Aurrerakinen erregistroa: une guztietan jaso behar ditu eman diren, kitatu diren edo kitatzeke dauden gastuentzako aurrerakinak. Kitatzeke daudenak dira fakturen artxiboan, eta beraz gastuen erregistroan, gastu bezala sartu gabe daudenak. Honako datu hauek jaso behar dira:

– Apunte-zenbakia: korrelatiboa, dataren arabera.

– Emate-eguna: aurrerakina ematen den eguna. Aurrerakina hartzen duenak jaso-agiri bat sinatu beharko du.

– Aurrerakina jasotzen duenaren izena eta bi abizenak.

– Kitapen-eguna: aurrerakina kitatzen denekoa eta, ondorioz, kitapena faktura artxiboan eta gastuen erregistroan sartzen denekoa.

– Kitapenaren apunte zenbakia: korrelatiboa, dataren arabera.

– Metatua guztira, une bakoitzean, eman diren, kitatu diren eta kitatzeke dauden aurrerakinena.

5.– Zerbitzuagatiko kalte-ordainen erregistroa: honek gastu-kitapen bakoitzeko banakako informazioa jasoko du, ondoren zehazten den eran:

a) Interesatuaren izen-abizenak.

b) Gastuaren kitapen-data.

c) Zenbatekoa guztira: kitapenaren guztizko zenbatekoa azalduko du.

d) Gastuen guztizko zenbatekoaren banaketa, honako sailkapen honekin:

– Norberaren garraioa: norberaren ibilgailuarekin egindako kilometroen gastua jasoko du.

– Ibilgailuen erregaia: Ibilgailuak delako zerbitzuaren autoetako erregaiaren ordainketak jasoko ditu.

– Autobide-saria.

– Garraio kolektiboa: hegazkina, trenbidea, bestelakoak.

– Taxi.

– Ostatu-gastuak: egoitza ofizialetik kanpo gaua ematen denean, ostatu eta gosariaren diru-kopurua jasoko du.

– Otorduetako gastuak eta mantenu-sariak: hauetatik sortutako gastuak jasoko ditu.

– Bestelako bidai gastuak: aurretik aipatu ez den kalte-ordaina jasotzeko moduko beste kontzeptuengatik.

6.– Transferentzia zerrenda: egun baten egiteko diren ordainketa guztiak jasoko ditu, aurreko artikuluak adierazten duen arabera, honako honi jarraituz:

– Transferentzia zenbakia: korrelatiboa, egiten diren transferentzia-zerrenda bakoitzaren arabera.

– Apunte-zenbakia: korrelatiboa, dataren arabera.

– Ordainketa hartzen duen hirugarrenaren IFZ.

– Hirugarrenaren izena eta bi abizenak edo izen soziala.

– Hirugarrenaren finantza-etxea, sukurtsala eta kontu-zenbakia.

– Deskribapena: faktura zenbakia, hala badagokio, eta, orokorrean, gastuaren zioa.

– Ordaindu beharreko zenbatekoa.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Atxikipena edo BEZ kengarria duten ordainketak.

Atxikipena duten ordainketak edo, indarrean dagoen zerga-araudiari jarraituz, BEZ kengarria dutenak, ordainketen prozedura zentralizatuaren arabera bideratuko dira beti.

Bigarrena.– Aldez aurreko fondoen erregimenaren eragin-arloak.

211/1997 Dekretuaren 13.2 artikuluak eta Bigarren Xedapen Gehigarriak ezartzen duten arabera, jarduteko gastuez gain, ondoren adierazten diren gastu motak tramitatu ahal izango dira aldez aurreko fondoen sistemarekin, beti ere aipatutako arauan eta Agindu honetan ezarritakoarekin bat datozenean:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren I. kapituluan sar daitezkeen pertsonalaren prestakuntza eta birziklatze gastuak.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren IV. kapituluan sar daitezkeen prestazio ortoprotesikoari eta osasun eta farmazia gastuei dagozkienak.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren VI. kapituluan sar daitezkeen atzerrian dauden organoetako gastuak.

Hirugarrena.– Aldez aurreko fondoen gastuen gehienezko zenbateko unitarioa.

211/1997 Dekretuaren 15.2 artikuluak arautzen duenari jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoko sailetako organo nagusiek gehienez 3.000 euro (499.158 pezeta) kopuruko zenbateko unitario indibidualizatua duten gastuei dagozkien ordainketak egin ahal izango dute. Muga horren ondorioz, ezin izango da zatitu gastu bakar bat ere ordainketa ezberdinetan. Gastu unitario indibidualizatuak dira batera egin daitezkeen antzeko prestazioei dagozkienak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta gelditzen da Euskal Autonomi Elkartean eta bere erakunde burujabeetan aldezaurreko agizko dirubaltzen jaurbidea ezarri eta arautzen duen otsailaren 2ko 17/1993 Dekretua garatzen duen Ekonomi eta Ogasun sailburuaren 1993ko uztailaren 20ko Agindua. Indargabetuta ere gelditzen dira Agindu honen aurka egon daitezen maila bereko edo apalagoko xedapenak.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau 2000ko maiatzaren 1ean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz 2000ko martxoaren 30a.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.

I. ERANSKINA

BANKU ADOSTASUNAREN EREDUA

KONTABILITATE-KODEA:

BANKUA:

SUKURTSALA:

KONTU ZKIA.:

DATA DATA ZENBATEKOA

LIBURUEN/A BANKU/A DESKRIBAPENA PEZETAK

SALDOA, LIBURUEN ARABERA, ...-...-... DATAN

KENTZEKO:

– Bidai gastuetarako aurreratutako pezeten edo

dibisen itzulerak

– Bankuari eskatutako dibisak, kontabilizatu gabe

ditugunak

GEHITZEKO:

– Fondoaren hasierako zuzkidura eta aldizkako

berrezarpenak, Bankuak kontabilizatu dituenak

baina guk ez

– Korrituen sehileko kitapena, Bankuak kontabilizatu

dituenak baina guk ez

– Bankuak egindako ordainketen itzulerak eta

kontabilizatu gabe ditugunak

– Guk agindutako transferentziak eta Bankuak

kontabilizatu gabe dituenak

– Eskudiruaren erabilera, Bankuak kontabilizatzeke

duena

SALDOA, BANKUAREN ARABERA, ...-...-... DATAN

DATA EGILEA IKUSKATZAILEA

IZENPEA ETA ZIGILUA IZENPEA

1. OHARRA: Aipatutako kontzeptu bakoitzak dituen eragiketen adierazpena egin beharko da, hala badagokio, hauetako bakoitzean data liburuen/a eta data banku/a azalduz.

2. OHARRA: Kontuaren funtzionamenduarekin arduratzen diren hiruretako batek egin beharko du eta dagokion zerbitzu zuzendariak edo erakundeak ikustatu beharko du.

II. ERANSKINA
ALDEZ AURREKO FONDOEN KONTUKO ANALISI-EREDUA

KONTABILITATE-KODEA:

BANKUA:

SUKURTSALA:

KONTU ZKIA.:

ZENBATEKOA

PEZETAK

SALDOA, LIBURUEN ARABERA, ...-...-... DATAN

GEHITZEKO:

– Aldiaren berrezarpena

– Kitatzeko dauden emandako aurrerakinak,

aurreko ekitaldiaren bukaeran

– Kutxako fondo finkoa

ALDEZ AURREKO FONDOA GUZTIRA

KENTZEKO:

– Aldian sortu eta ordaindutako gastuak

(berrezarpenerako ADO agiriaren

zenbatekoa)

– Kitatzeke dauden bidai gastuetarako jaso

diren aurrerakinak (aurrerakinen

erregistroko bidai gastuetarako saldoa)

– Hirugarrenen kontuko saldoa (Emandako

aurrerakinen itzuli gabeko zenbatekoak)

– Kutxako fondo finkoa

SALDOA, LIBURUEN ARABERA, ...-...-... DATAN

DATA EGILEA IKUSKATZAILEA

IZENPEA ETA ZIGILUA IZENPEA

OHARRA: Kontuaren funtzionamenduarekin arduratzen diren hiruretako batek egin beharko du eta dagokion zerbitzu zuzendariak edo erakundeak ikuskatu beharko du.


Azterketa dokumentala