Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

17. zk., 2000eko urtarrilaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
350

AGINDUA, 2000ko urtarrilaren 11koa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, zenbait sozietateren baloreak negoziotik at uzteko prozedura hasten duena.

Inversiones Nuñez de Balboa, S.A. eta Inversora, S.A. sozietateak negoziaziotik at uzteko eskatuaz, idazki bat igorri zuen Bilboko Balore-Burtsak. Eta idazki hori, 1999ko abenduaren 13ko data duena, aztertu egin da.

Nahiz eta kotizazioa egin ahal izatea onartuta daukaten (Bilboko Balore-Burtsan soilik), sail honek dituen datuen arabera, sozietate horiek ez dute ia batere burtsa-jarduerarik eta sarritan ez dituzte lortzen kontratazio-kopuru eta –maiztasunaren gutxieneko mailak.

Baloreak Kontratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroen araubide juridiko finkatzen da martxoaren 9ko 159/1999 Dekretuaren bitartez. Bada, dekretu horretako 6. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ogasun eta Herri Administrazio sailak negoziaziotik kanpo utz ditzake ondoko balore hauek: negoziatu ahal izatea EAEko Balore-Burtsetan soilik onartu zaien baloreak, baldin eta arauz ezarritako kontratazio-kopuru, -maiztasun eta -zabalkundearen gaineko betebeharrak konplitzen ez badituzte.

Balore Merkatuari buruzko 24/1988 Legea aldatzen duen 37/1998 Legeko 34. artikuluan xedatutakoaren arabera, baloreen negoziaziotik at uzteko akordioak hartzeko, aldez aurretik interesatuari entzunaldia eman behar zaio.

Goian esandakoaren ondorioz eta otsailaren 16ko 99/1999 Dekretuak, hau da, Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala finkatzen dituenak, ematen dizkidan ahalmenez baliatuaz honako hau

XEDATU DUT:

Lehenengoa.– Inversiones Nuñez de Balboa, S.A., eta Inversora, S.A. sozietateen baloreak negoziaziotik at uzteko prozedura abiaraztea.

Bigarrena.– Bilboko Burtsako Kotizazioen Buletinean eta EHAAn akordio hau argitara dadila agintzea, beti ere honako helburua hau lortzearren: euren interesetan kalteren bat izan dezaketela uste duten akzionistek zein inbertitzaileek eta bai aipatutako sozietateek ere, alegazioak aurkez ahal ditzaten Ogasun eta Herri Administrazio Sailean, agindu hau argitaratzen denetik harako hilabeteko epearen barruan.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko urtarrilaren 11.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.


Azterketa dokumentala