Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

17. zk., 2000eko urtarrilaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
344

11/2000 DEKRETUA, urtarrilaren 18koa, "azalerakoak" eta "azienda-sariak" izeneko Europako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoan garatzeko eta ezartzeko dena.

Batasunaren Itunean jasotako helburuei begira dagoen nekazaritza-politika komunaren esparruan, nekazaritza-azoken antolamendu bateratua ezarri da Europako araubidean. Azokak hainbat eratara antola daitezke produktuen arabera, eta ekoizleen aldeko laguntza-sail batzuk ezarri dira. Ekoizle horien artean, besteak beste, honako hauek daude: zenbait belarkien laborariak, ale-lekadunen laborariak, haragitarako behien abeltzainak, eta haragitarako ardi eta ahuntzen abeltzainak. Bestalde, ekoizle horiei laguntzeko erregimen batzuk duela gutxi aldatu dira 2000 agendaren ildotik.

Hori horrela, eta azalerako laguntzei dagokienez, Kontseiluaren maiatzaren 17ko 1251/1999/EE Erregelamenduan zenbait belarkien (zerealak, olio-landareak, proteaginosak eta zuntzezkoa ez den lihoa) ekoizleak laguntzeko erregimena ezarri da, eta ordainketak azaleraren gora-beheran egiten dira. Halaber, gari gogorra hazi ohi den lurretan eta ondo sarturik egon den tokietan, azalerako sari-gehigarria eskaintzen da, gari gogorra ereiteagatik. Erregelamendu hori garatu eta osatzeko, beste hau atera da: 2316/1999/EE Erregelamendua.

Gorago aipaturiko Kontseiluaren 1251/1999/EE Erregelamenduaren 6.2 artikuluan ezartzen denez, ekoizteari uzten dioten lurretan bestelako belarkiak hazi ahal izango dira, ez badira gehienbat gizakiak edo abereak elikatzeko, eta kontrol-sistema eraginkorrak ezartzen badira. Batzordearen uztailaren 29ko 1586/97/EE Erregelamenduan arlo horretako aplikazio-jarraibideak ezarri ziren.

Kontseiluaren martxoaren 20ko 1577/96/EE Erregelamenduan neurri zehatz bat ezartzen da zenbait lekadunen alde (dilistak, txitxirioak, zalgeak edo txirtak eta eruak), eta neurri hori kontrolatzeko eta kudeatzeko sistema bateratua aplikatuko dela ezartzen da. Aipaturiko neurria aplikatzeko xedapenak Batzordearen 1996ko uztailaren 30eko 1644/96/EE Erregelamenduan ezartzen dira.

Zuntz-lihoa eta kalamua hazteari buruzko Batzordearen apirilaren 28ko 1164/89/EEE Erregelamenduan ezartzen denez, nekazariek aitorpenak egin beharko dituzte, non ereindako azalerak adieraziko dituzten, eta sistema bateratuaren arabera bereiziko dira.

Azienda-sariei dagokienez, Kontseiluaren maiatzaren 17ko 1254/1999/EE Erregelamenduan merkatuen antolamendu komuna ezartzen da behi-okelaren arlorako. Erregelamendu horretan honelako sariak eskaintzen dira: sari berezia zezen-abeltzainentzat; ustiategian behi ume-hazleak dituzten abeltzainentzako saria; estentsibo bihurtzeko sari osagarria esandako abeltzainentzat, baina beti ere beren ustiategietako azienda neurri batetik gorakoa ez bada; eta hilketa-saria behi-azienda hazten duten abeltzainen alde. Erregelamendu hau aplikatzeko eta garatzeko xedapenak 2342/1999/EE Erregelamenduaren bidez ezarri dira.

Kontseiluaren 3013/89/EEE Erregelamenduaren ordez jarritako Kontseiluaren azaroaren 3ko 2467/98/EE Erregelamenduan merkatuaren antolamendu komuna ezartzen da ardi eta ahuntz-aziendentzat, eta sari bat eskaintzen du banakako eskubideak dituzten ardi eta ahuntz-azienden abeltzainentzat. Sariak banatzeko arau orokorrak Kontseiluaren azaroaren 27ko 3493/90/EEE Erregelamenduan ezartzen dira. Horren azken aldaketa 233/94/EE Erregelamenduan jasotzen da. Ardi eta ahuntz-saria aplikatzeko xedapenak Batzordearen irailaren 30eko 2700/93/EEE Erregelamenduan eta 2814/90/EEE Erregelamenduan ezartzen dira. Bi horien lehenengoaren azken aldaketa Batzordearen uztailaren 30eko 1526/96/EE Erregelamenduan jasotzen da, eta bigarrenaren azken aldaketa 1529/96/EE Erregelamenduan.

Halaber, Kontseiluaren maiatzaren 14ko 1323/90/EEE Erregelamendua azken aldiz aldatu duen Batzordearen 40/96/EE Erregelamenduan berariazko laguntza ezartzen da ardi eta ahuntz-aziendak zenbait eskualde urritutan hazteko.

Erregimen horiei guztiei Kontseiluaren azaroaren 27ko 3508/92/EEE Erregelamenduan dakartzan xedapenak ezarriko zaizkie. Erregelamendu horretan Europako laguntzen zenbait erregimen kudeatzeko eta kontroltzeko sistema bateratu bat ezartzen da, landare- eta abere-ekoizpenean erabiliko dena. Batzordearen abenduaren 23ko 3887/92/EEE Erregelamendua azken aldiz aldatu duen uztailaren 29ko 1678/98 Erregelamenduan Europako laguntzen zenbait erregimen kudeatzeko eta kontroltzeko aplikazio-arauak ezartzen ditu.

Orobat, Autonomia Estatutuaren 10.9 artikuluaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari aitortzen zaizkion eskumenak aintzat hartu behar dira, baita 27/1983 Legearen bidez lurralde historikoei eskualdatzen zaizkienak ere, eta era berean, zeinek bere eskumenak behar bezala erabiltzea nahi bada, Estatuko Administrazioarekin koordinatzeko ezarri behar diren mekanismoak kontuan hartu beharrekoak dira.

Dekretu honetan Europako arauen aplikatzeko eta garatzeko diren zenbait agindu islatzen da, hobeto ulertarazteko eta gainerako arauekin hobeki lotzeko, daukaten zuzeneko aplikagarritasunaren kaltetan joan gabe.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundietako Nekazaritza Sailei nahiz arlo horretako lanbide-elkargoei irizpena eskatu zaie Dekretu hau prestatzeko.

Ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Lege Aholkuetarako Batzordea ados dagoelarik, Arrantza eta Nekazaritzako sailburuaren proposamenez, Lehendakaritzak onartu ondoren, eta Jaurlaritza Kontseiluak 2000ko urtarrilaren 18an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Helburua.

1.– Dekretu honen helburua "azaleraren araberako laguntzak" eta "azienda-sariak" izeneko Europako laguntzen erregimenak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu eta aplikatzea da. Laguntzak honako hauek dira:

a) "Azaleraren araberako laguntzak", Kontseiluaren maiatzaren 17ko 1251/1999/EE Erregelamenduan aurreikusitakoak. Horien bidez laguntza eskaintzen zaie zenbait belarki hazten dituzten laborariei.

b) Idisko-abeltzainen aldeko sari berezia, Kontseiluaren maiatzaren 17ko 1254/1999/EE Erregelamenduaren 4. artikuluan ezarritakoa, behi-okelaren arloan merkatuko antolamendu komuna ezartzeko dena.

c) Ustiategian "behi ume-hazleak" dituzten abeltzainentzako saria, 1254/1999/EE Erregelamenduaren 6 eta 10 bitarteko artikuluetan (biak barne) ezarritakoa.

d) Hilketa-saria, ustiategian behi-azienda hazten duten abeltzainen aldekoa.

e) Ardi- eta ahuntz-azienda duten abeltzainendako saria, Kontseiluaren azaroaren 3ko 2467/98/EEE Erregelamenduaren 5. artikuluan ezarritakoa; eta berariazko laguntza, Kontseiluaren maiatzaren 14ko 1323/90/EEE Erregelamenduan ezarritakoa.

2.– Artikulu honen aurreko idatz-zatian aipatzen diren laguntzei 3508/92/EEE Erregelamenduaren kudeatzeko eta kontroltzeko sistema bateratua aplikatuko zaie.

2. artikulua.– Eskariak.

1.– Foru-organo eskudunek, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza Zuzendaritzarekin batera, zehazten dituzten inprimakietan beteko dituzte eskariak interesdunek, aurreko artikuluan aipaturiko laguntzak lortzearen aldera.

2.– Ustiategia edo horren azalera gehiena dagoen lurralde historikoko foru-organoan aurkeztuko dira eskariak.

3. artikulua.– Aurkezteko epeak.

1.– Eskariak aurkezteko epeak ondoko hauek izango dira:

a) "Azaleraren araberako laguntzak" eta ardi, ahuntz eta behi ume-hazleentzako saria eskuratzearren, eskari bakar baten bidez egingo da, urtarrilaren 2tik martxoaren bigarren ostiralera arte, urtero.

b) Idiskoentzako sari berezia eskuratzearren, urtarrilaren 2tik abenduaren 31ra arte, urtero.

c) Hilketa-saria eskuratzearren, aberea hil edo esportatu eta hiru hilabeteko epean; baina, nolanahi ere, ondoko sasoietan:

– Martxoaren 1etik 31ra arte.

– Ekainaren 1etik 30era arte.

– Irailaren 1etik 30era arte.

– Abenduaren 1etik hurrengo urteko urtarrilaren 31ra arte.

2.– Aurreko paragrafoko a) eta c) idatz-zatietan ezarritako epea amaitu eta hurrengo hogeita bost egunetan aurkezturiko eskariak onartu egingo dira, baina laguntzaren zenbatekotik ehuneko bata kenduko da atzeraturiko egun bakoitzeko, non eta ez den izan ezinbesteko arrazoiengatik. Bazka-larreetarako eskaria esandako epearen barruan aurkeztuz gero, murrizketa behi-aziendarentzako laguntzen zenbatekotik ere kenduko da, eskariak epe barruan aurkeztu diren begiratu gabe.

Behin hogeita bost egutegi-egun horiek igaro ondoren aurkezten diren eskariak ez dira bideratuko.

Eskariak ezinbesteko arrazoiengatik berandu aurkeztu badira, 54. artikuluan zehazten den moduan, frogatu beharko da foru-organo eskudunak egoki jotzen duen eran, gehienez 10 egun balioduneko epean, ustiategiko titularrak frogak aurkez ditzakeen unetik hasita.

4. artikulua.– Eskariaren baldintzak.

Ustiategia Euskadiko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan altan dagoela egiaztatzearren, eskariarekin batera ustiategiaren txartel bereizgarria atxikiko da. Eskaria ustiategiko titularrak edo baimenduriko pertsonak sinatuko du, eta eskarian beheragoko xehetasunak adieraziko dira, eskatzen den laguntza bakoitzeko adierazi beharrekoez gain:

a) Ustiategiko titularraren xehetasunak.

b) Banku-datuak, ordainketak egin ahal izateko.

Ondorio horietarako, onuradunak edozein aldaketaren berri eman beharko dio foru-organoari. Hori egin ezean, ordainketen atzerapena berari egotziko zaio bete-betean.

c) Laguntzak emateko arauzko baldintzak betetzen diren egiaztatzeko, foru-organo eskudunak egiten dituen kontroletan elkarlanean aritzeko berariazko konpromisoa.

d) Agintari eskudunaren eskariz, bidegabeki jasotako aurrerakinak eta laguntzak itzultzeko berariazko konpromisoa.

e) Titularrak Europako Batasunean ezarritako baldintzak ezagutzen dituela dioen adierazpena.

II. KAPITULUA
AZALERAREN ARABERAKO LAGUNTZAK

5. artikulua.– Helburua.

1.– Azaleraren araberako laguntzetarako eskariak hurrengo xede hauek lortzeko izango dira:

a) Azaleraren araberako laguntzak lortzea, zenbait belarki (zerealak, lekadunak, proteaginosak eta zuntzezkoa ez den lihoa) hazten dituzten nekazarientzat. Eta dagokionean, gari gogorra hazteagatik ematen den gehigarria lortzea, Kontseiluaren 1251/1999/EE Erregelamenduan ezarritakoaren ildotik.

b) Zenbait ale-lekadun (dilistak, txitxirioak, ale-zalgeak edo txirtak eta eruak) hazteko laguntzak eskuratzea, Kontseiluaren 1577/96/EE Erregelamenduari jarraiki.

c) Zuntz-lihoa eta kalamua sartuta duten lurren azalera-adierazpena egitea, dagozkien laguntzak eskuratu nahi badituzte aurkeztu behar duten adierazpena.

d) Bazka-larreen azalera justifikatzea, ustiategiko azienda-kopurua zehazteko, eta, horrela, behi-aziendarentzako sariak eskuratu ahal izateko; non eta ez diren 15 edo 15 baino gutxiago kontuan hartu beharreko ustiategiko azienda larri unitateak (A.L.U.) (prima hauen zenbateko osagarria ere jaso nahi ez badute behintzat), eta non eta ez dituzten abereak hiltzeagatik ematen diren primak bakarrik nahi.

e) Ustiategiko nekazaritza-azalera egiaztatzea, zenbait eskualde urritutako ardi eta ahuntzentzako berariazko laguntzak eskuratzearren, eta Mendialdeko Kalteordain Osagarriak lortzearren.

6. artikulua.– Onuradunak.

1.– Ustiategiko atal gehienak Euskal Autonomia Erkidegoan dituzten belarki-laborariek larre-azaleraren araberako ordainketa bat eska dezakete, 1251/99/EE Erregelamenduan eta Dekretu honetan ezarritako baldintzetan.

2.– Larre-azaleraren ordainketa egiteko, diru-kopuru bat zehaztuko da hektareako, eta bereizi egingo da ekoizpen-aldeka.

Belarkiz ereindako larreengatik edo ekoizpenetik bazterturiko larreengatik emango da ordainketa, 1251/99/EE Erregelamenduaren 6. artikulua eta Dekretu honen 8. artikulua betez, beti ere, ez bada Estatuko oinarrizko azalera gainditzen, ezta Euskal Autonomia Erkidegoari labore bakoitzeko onartu zaion erregio-oinarrizko azalera gainditu ere.

3.– Belarkiak direla-eta, laguntzagai diren larreak, sistema horretan aurreikusten den lur-kenketa barne, aurreko idatz-zatian azalduriko oinarrizko azalerak baino zabalagoak badira, nekazari bakoitzaren diruz lagundutako azalera gutxitu egingo da kapitulu honen arabera egindako ordainketa guztietan, gainditze hori gertatzen den merkaturatze-kanpainan zehar.

Azaleraren araberako laguntzarik eskatuta ez duten azalerak, baina bazka-larreak justifikatzeko erabiltzen badira, azienda-kopurua zehazteko ondorioetarako, behi-okelaren arloko sariak lortzearen aldera, kontuan hartuko dira horiek ere laguntzagai azalerak kalkulatzeko.

7. artikulua.– Azaleren baldintza orokorrak.

1.– 1991eko abenduaren 31n etengabeko bazka-larreak, etengabeko laborantza-lurrak, zuhaitzak edo nekazaritzakoak ez diren erabileretako azalerak direla-eta, ezin izango da ordainketa-eskaririk aurkeztu ahal.

Ondorio horietarako, ondoko hauek joko dira "etengabeko bazka-larre"tzat: labore-txandaketarik egin ez, eta etengabe (bost urtez edo gehiagoz) ereiteko belarkiak edo belarki naturalak izan dituzten larreak. "Etengabeko labore"tzat joko dira labore-txandaketarik egin ez, eta bazka-larre ez direnak, eta bost urtez edo gehiagoz uzta errepikatuak ematen dituztenak, urteanitzeko belarkiak izan ezik.

Salbuespeneak egin ahal izango dira, batez ere, herri-administrazioek sustaturiko landa-azpiegiturak berregituratzeko programetan sarturiko azalerak salbuetsi ahal izango dira edo beste labore batzuekin txandakatzen diren urteanitzeko belarkien azalerak. Horrelakoetan, eta esandako salbuespenek laguntzagai den azalera osoa nabarmen ez igotzeko, lehen laguntzagai ziren azalerak ez-laguntzagaitzat jotzeko aukera egongo da laguntzagai izatera pasatu diren beste batzuen trukean.

2.– Azaleraren araberako laguntzak eskatzeko gutxienezko azalera 0,3 ha-koa izango da.

3.– Azaleraren araberako laguntzak eskuratzeko baldintzak hauexek dira:

a) Larreek bazka hazteko eskualde egokietan egon behar dute, klima eta agronomiaren ikuspuntutik.

b) Ereinda egon behar dute, bertako arauen arabera.

c) Belarki-laboreak mantendu behar dira gutxienez loraldiaren hasierara arte, hazteko ohiko baldintzetan. Lekadun, proteaginoso, liho eta gari gogorraren hazien laboreak gutxienez ekainaren 30era arte mantendu behar dira, non eta uzta ez den biltzen, bertako arauen arabera, egun hori baino lehenago, erabat umatu direnean. Labore proteaginosoen kasuan, uzta ezin izango da bildu esnezko umatzearen aldia igaro arte.

4.– Garastatze-azaleretarako ordainketak jaso ahal izateko, ondoko baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Katastroan (katastro-zedula) garastatzekotzat jasota egon behar dute, edo bestela.

b) Beste baldintza hauek bete behar dituzte:

– Ekoizpenerako eskualdekako planaren arabera, lurrek garastatzekotzat jotako eskualdeetan egon behar dute.

– Lursailak garastatzeko ur adina izatea.

– Lur horietan artoa sartzea.

– Ureztatzea ihinztadura-sistemaren bidez egitea, eta atarramendurik onena ateratzeko behar den ura ziurtatu behar du.

– Garastatzeko aldiak bat etorri behar du eskualdeko ohiko aldiekin.

Lursail jakin baterako garastatze-azaleko ordainketa eskatu denean, eta gero benetan ureztatu ez bada, ekoizleak horren berri eman behar dio organo kudeatzaileari ahalik lasterren, ureztatuko ez dela ezagutzen edo erabakitzen denetik.

3.– Bazka-larretzat hauxe joko da: ustiategian urte osoan behiak, ardiak eta ahuntzak hazteko erabiltzen diren lurrak, Dekretu honen 24.2.b) artikuluan ematen den definizioaren arabera.

8. artikulua.– Lurrak lagatzea.

1.– Azalerako ordainketak eskatzen dituzten belarkien laborariek azalerako ordainketetan sartzeko lurren %10 laga behar dute nahitaez.

Borondatez, laborariek beste %10 bat lur gehiago laga ahal izango dute.

2.– 92 tona zereal ekoizteko behar den azalera, ekoizpen-alde bakoitzeko zehazten den atarramenduaren arabera, baino handiagoagatik ordainketak eskatzen ez dituen ekoizlea ez da beharturik egongo lurrak lagatzera, nahiz eta borondatez edo urteanitzeko sisteman egin ahal.

3.– Lurrak lagatzea hauxe dela ulertuko da: laborerik ez egitea, baldin eta aurreko urtean:

– Landu egin zen uzta biltzeko.

– Lur hori laga bazen, 1765/92/EE edo 1251/92/EE Erregelamenduekin bat, edo.

– Belarkiak hazten edo basogintzan erabiltzen ez bada, 1257/99/EE Erregelamenduaren 22., 23., 24. eta 31. artikuluekin bat.

4.– Lurrak lagatzeagatik ematen den sariak, lagatze finkoko motan, urteanitzeko izaera izango du, eta gehienez bost urtetarako eman ahal izango da.

5.– Lagatako nekazaritza-lursailek 0,3 ha eta 20 m zabal izan behar dute gutxienez, zatitu gabeko lursail bakoitzeko.

Esanak esan, hurrengo xehetasun hauek hartuko dira kontuan:

– 0,3 ha-tik beherako lursailak, beti ere lursail osoak badira, muga iraunkorrak dituztenak, hala nola murruak, heskaiak edo palaxuak eta ur-lasterrak;

– 20 m zabal baino estuagoak direnak, baldin eta horrelako lursailak tokian-tokiko eskualdeko ohiko lursailak zatikatzeko ohiturekin bat badator.

– Gutxienez 10 m zabal duten lursailak, ur-lasterren eta aintzira iraunkorren ondoan daudenak, baldin eta bat badatoz berariazko kontrolekin, ingurugiroa babesteari begira.

6.– Lagatako lurrek horrela iraun behar dute urtarrilaren 15etik abuztuaren 31ra arte, eta zaintza-lanak egin behar dira, egoera agronomiko onean iraunarazteko. Mantenimendua hurrengo praktika hauetariko bat erabiliz egingo da:

a) Ohiko lugorria.

b) Gutxieneko lurlantzea.

c) Baimenduriko belar-hilkari tratamendua (hondakinik ez uztekoa).

d) Landare-estaldura, pikatuz edo sasiz garbituz.

Lehenengo laborea urteko ekainaren 1 baino lehen egingo da, eta behar beste aldiz errepikatuko da, landaretzan izurririk, gaixotasunik, belar gaiztorik edo suterik sortu ez dadin.

Landare-estaldura mantentzekotan, ezin izango da erabili hazirik sortzeko, ezta nekazaritza-helburuz erabili ere abuztuaren 31 baino lehen. Orobat, ezin izango da merkaturatu landare-estaldura hurrengo urteko urtarrilaren 15 baino lehen.

7.– Atarramendu jakineko eskualde batean egiten den azalerako eskari bakoitzarekin batera lagatze-aitorpen bat joango da, eta lagatako lurrek gutxienez eskualde bereko landutako lurren beste hektarea izango dituzte.

Esanak esan, derrigorrezko lur-lagatzea erabat edo zati batean egin ahal izango da:

– lehorreko aldean, baldin eta lehorreko edo garastatzeko eskualdeetan badago ustiategia, eta

– bestelako atarramendua duen beste alde batean, beti ere lagatu behar den azalera landutako lurren ondoko atarramendu-alderen batean badago. Hala eta guztiz ere, atarramendu-alde batean lagatu behar den azalerak gehienez 2 ha baditu, beste atarramendu-alde batean egin ahal izango da.

Lagatu beharreko azalera eskualdeetako atarramendu desberdinen gorabeheran dago, eta ezin izango dira inolaz ere laga laga beharreko hektareak baino gutxiago.

8.– Kanpainan lagatako azalera laga beharrekoa baino txikiagoa izanez gero, lagatzeko beharra duten belarki laborarientzako azalerako ordainketak aitortu den lagatako azaleraren araberakoak izango dira, eta proportziozkoak izango dira belarki-mota bakoitzarekiko, belarra siloratzea barne, eta azalera ezin izango da txikiagoa izan 92 tona zereal ekoizteko behar dena baino.

9. artikulua.– Elikagaiak hazteko erabiltzen ez diren lurrak lagatzea.

1.– Azalerako ordainketak jaso nahi badira lagatako lurrengatik erabili ahal izango dira lehengaiak ekoizteko, baina lehengaiak ezin izango dira bideratu elikagaiak ekoiztera, beti ere dekretu honetan eta aipaturiko Europako erregelamenduetan jasotako baldintzetan.

2.– Lagatako lurretan bildu ahal izango diren lehengaiak Europako erregelamenduetan jasotzen direnak izango dira, eta hor ere jasotzen diren produktuak egiteko erabiltzen badira.

3.– Lagatako lurretan jasotzen diren lehengaiak kontratu-helburu izango dira, esandako arauetan ezarritako eran. Kontratua eskatzaile/ekoizlearen eta jasotzaile/lehen eraldatzailearen artekoa izango da (lehengaia erein baino lehenagoko lehen eraldatzailea). Kontratu horretan espeziea, aldaera eta lursail bakoitzeko aurreikusitako atarramendua zehaztuko dira. Aurreikusitako atarramendua ezin izango da txikiagoa izan hurrengo taulan adierazitako baloreak baino:

LEHORREKOA GARASTATZEKOA

KOLTZA 1.500 Kg/ha 2.500 Kg/ha

EKILOREA 1.000 Kg/ha 2.000 Kg/ha

ZEREALAK Ekoizpen-aldeko batez besteko atarramendua Ekoizpen-aldeko batez besteko atarramendua

– 1.500 kg/ha koltzan; 1.000 kg/ha ekilorean eta ekoizpen-aldeko batez besteko atarramendua zerealetan.

4.– Erregimen honi atxikitzeko, eskatzaileak hurrengo baldintzak bete behar ditu:

a) Eskatzaileak foru aldundiko organo eskudunean aurkeztuko duen azaleraren araberako laguntzetarako eskarian adieraziko dituzte Agindu honen 11. artikuluko 2. idatz-zatiko e) eta f) letretan eskaturiko datuak, lehengaiak haziko diren lursailari buruzkoak.

b) Eskatzaileak bilduriko lehengai guztiak jasotzaileari edo lehen eraldatzaileari entregatu behar dizkio.

c) Eskatzaileak azaleraren araberako laguntza eskatu ondoren hitzarmenkideek kontratua aldatu edo deuseztu badute, eskatzaileak konpentsazioa eskatu ahal izango du, baldin eta:

– foru-organo eskudunak aldaketa edo deuseztearen berri badu, behar diren kontrolak burutu ahal izateko, eta

– jakinarazpena, azaleraren araberako laguntzako eskaria aldatzeko epearen barruan, egiten bada, hau da urteko maiatzaren 15era arte.

Hala eta guztiz ere, kontratuan adierazitako lehengaiez ezin baditu hornitu eskatzaileak, kontratua aldatu edo deuseztu ahal izango da. Horrela eginez gero, foru-organo eskudunari eta Nekazaritza Zuzendaritzari jakinaraziko zaie aurretiaz, behar diren kontrol-neurriak hartzearen aldera. Konpentsaziorako eskubideari eusteko, eskatzaileak eraginpeko lurrak lugorri utzi behar ditu, foru-organo eskudunak baimenduriko moduetan, baina kontratutik kanpo geratu diren lehengaiak ezin izango ditu ez saldu, ez laga, ezta erabili ere.

d) Urtero, uzta bildu baino lehen, lortu beharreko atarramendu erakusgarriak ezarriko dira, eta horien berri emango zaie eskatzaileei uzta bildu baino lehen eta beranduenik:

– uztailaren 31n, erregimen honetatik kanpo partehartze publikoa izan dezaketen lehengaiak direnean, edo arbiaren eta koltzaren haziak direnean.

– abuztuaren 31n, ekilorearen haziak direnean.

e) Eskatzaileak foru-organoan bildutako guztizko lehengai-kantitatea aitortuko du, espezie eta barietate bakoitzari dagokionez, eta aipatu lehengaia hartu duen aldearen identitatea baieztatu egingo du.

5.– Honako Dekretu honetan aurreikusitako ondorioetarako, hartzaile bezala edo hala badagokio lehen eraldatzaile bezala jardun nahi duen pertsona fisikoak edo juridikoak, jarraian zehazten diren baldintzak eta egoerak kontuan hartu beharko ditu:

a) Nekazaritza Zuzendaritzaren aurrean, bere helburua idatziz aurkeztu beharko du; bertan, dagozkion identifikazio-datuak baita prezioei eta eraldaketaren koefiziente teknikoei buruzko datuak ere azalduko ditu.

b) Kontratuaren lau kopia aurkeztu beharko ditu, euskarri magnetikoan, eta horretarako honako epe hauek izango ditu:

– Uztailaren 1 eta abenduaren 31 bitartean (31 barne) ereingo diren lehengaien kasuan, beranduenez datorren urteko urtarrilaren 31 baino lehen.

– Urtarrilaren 1 eta ekainaren 30 bitartean (30a barne) ereingo diren lehengaien kasuan: ez da inola ere 3. artikuluko lehenengo paragrafoan azaldutako "azalerako" laguntzaren aurkezpenaren azken eguna baino beranduago egingo.

c) Hartzaileak edo lehen eraldatzaileak, alde kontratugilea izan ala ez, Nekazaritza Zuzendaritzari jakinaraziko dio jaso duen lehengaiaren kantitatea; jasotako lehengai-kantitate osoaren arduraduna izango da, eta besteak beste honako datu hauek zehaztu beharko ditu: espezie eta barietate desberdinak, lehengaia eman dion alde kontratugilearen izena, abizenak eta helbidea, eta lehengaia eman deneko lekua.

Jakinarazpena urte bakoitzaren azaroaren 15a baino lehen egingo da.

d) Kontratua behar bezala gauzatzen dela ziurtatzeko, hartzaileek edo lehen eraldatzaileek berme bat aurkeztu beharko dute azalerako laguntza lortzeko eskaera aurkezteko azken eguna baino lehen. Aipatu bermea produktuaren parekoa izango da, alegia: hektarea bakoitzeko 250 Ecu, kontratuaren xede diren azalerengatik biderkatuta. Bermea Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusian gordailatuko da, betiere Euskadiko Diruzaintza Orokorrari buruzko dekretuko 4. kapituluan xedatutakoaren arabera (irailaren 30ekoa da eta 211/1997 zenbakia du).

Kontratua aldatzen bada edo artikulu honetako 4. paragrafoan zehaztutako baldintzen arabera deuseztatu bada, eratutako bermea murriztu egingo da, azaleraren murrizketaren arabera.

e) Lehengaia hartzaileari edo lehen eraldatzaileari eman, kasuan kasu, eta, bigarren urteko uztailaren 31 baino lehen bihurtuko da lehengaia amaierako produktu.

6.– a) Hartzaileek eta eraldatzaileek erregistroak eduki behar dituzte, eta bertan Europako Batasuneko araudian ezarritako datuak zehaztuko dituzte.

b) Nekazaritza Zuzendaritzak kontrolak egingo ditu, alegia, ikuskapen fisikoak eta dagozkien agiri komertzialen azterketak egingo ditu; hartzaileak edo lehen eraldatzaileak bere gain hartutako betebeharrak bete direla baieztatzean utzitako bermeak itzuliko dira.

10 artikulua.– Oleaginosoei (koltza, ekilorea eta soia), gari gogorrari eta artoari dagokienez berariazko xedapenak.

1.– Oleaginosoei dagokienez, "azaleragatiko" berariazko ordainketak egin ahal izateko, ekoizleek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) ziurtatuta dauden haziak erabiltzea, jarraian aipatzen diren gutxieneko dosietan (kilogramo/hektarea):

Laborea Lehorreko lurra Ureztatze-saila

Ekilorea 2,5 4,5

Koltza 6,0 9,0

Soia – 90,0

b) lursail berean bi urtez jarraian espezie oleaginoso berbera ez landatzea.

c) ekilorea eta soia ereiteko mugako data urte bakoitzaren maiatzaren 31 izango da.

2.– Gari gogorraren kasuan, azaleragatiko ordainketa-gehigarria jaso ahal izateko, ekoizleek ziurtatuta dauden haziak erabili beharko dituzte, hektarea bakoitzeko gutxienez 125 kilo; gainera, ezin da lursail berean bi urtez jarraian gari gogorra erein.

3.– Artoaren kasuan, azaleragatiko ordainketa egin ahal izateko, urte bakoitzean ereiteko mugako eguna maiatzaren 31 da.

11. artikulua.– Lursailei buruzko datuak.

1.– "Azalerako" laguntzak eskuratzeko aurkezten diren eskaeretan, interesdunek euren ustiategia osatzen duten lursail guztiak aipatuko eta identifikatuko dituzte.

2.– Xede horrekin, nekazaritza-lursail bakoitzari dagokionez, nekazaritza-lursail bezala, titular bakar batek ustiapen-mota bakarra ereiten duen lur-azalera jarraia ulertuta, jarraian aipatzen diren datuak zehaztu beharko dira:

a) Azalera, kokapena eta katastroaren erreferentziak. Katastroko azalerak eta ereindako azalerak hektareatan adieraziko dira eta bi hamarreko jarriko dira.

b) Ereindako espeziea, eta hala badagokio, espeziea hartzeko modua eta/edo lugorria.

c) Koltzari eta gari gogorrari dagokienez, ereindako barietatea, zona tradizionalean ereiten denean.

d) Ustiapen-sistema: lehorreko lurra edo ureztatze-saila.

e) Erretiratu den lursail bakoitzari dagokionez eta elikagai bezala erabiliko ez den ereindako lehengai bakoitzari dagokionez:

– Lehengaiaren espeziea eta barietateak.

– Espezie eta barietate bakoitzari dagokionez, aurreikusitako etekina.

Datu berberak adierazi beharko dira ekoizpenetik erretiratu ez diren lurrei dagokienez, non ustiategi berean egonda espezie edo barietate berdina erein den.

f) Elikagai bezala erabiliko ez diren eta zenbait urtetarako diren ustiapenak dituzten lursailei dagokienez, lurrak erretiratu diren kasuan, zikloaren iraupena eta uztaren aldizkakotasuna.

g) Dentsitatearen faktorea kalkulatzeko, bazka-azalera bezala kontuan hartu diren nekazaritza-lursailak.

h) Zona baztertuetan ardi-azienda eta ahuntz-azienda hazteko erabiltzen den azalera.

i) Deshidrataziorako erabiliko den bazkaren ekoizpena, bai lehorreko lur artifizialaren bitartez, bai eguzkiaren bidezko lehortzerako ere.

12. artikulua.– Aurkeztu beharreko beste hainbat agiri.

"Azalerako" laguntzak lortzeko eskaerekin batera honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:

a) Erretiratutzat aitortu den nekazaritza-lursail bakoitzaren krokisa, azalera katastroko lursail bat edo gehiago baino txikiagoa den kasuetan.

b) Ziurtatutako hazia (gari gogorra, ekilorea eta soia) nahi eta nahi ez erabili behar den kasuan, erabilitako haziaren ordainagiria edo egiaztagiria. Ereitea eskaera aurkeztu ondoren egiten bada, aipatu agiriak eskumeneko kontrol-zerbitzu teknikoen eskura egongo dira.

c) Aitortu den lugorriaren indizea dagokion eskualde-indizea baino 10 puntu baxuagoa den kasuetan, eskaera oinarritzen deneko gauzatze agronomikoak agirien bitartez egiaztatu beharko dira.

d) Ureztatze-sailen azalerei dagokienez, azaleragatiko ordainketa egiteko eskaera aurkeztearekin batera aurkeztuko dira dagozkion katastroaren zedulak eta/edo aipatu lursailak ureztatzeko ur-ematea lortu delako ziurtagiria.

e) Bazka-azalera komunalen kasuan, bazka-azaleraren erakunde-jabeak emango du, lursail bakoitzari dagokionez, bazka komunalerako erabiltzen den guztizko azalera ziurtatzen duen dokumentazioa, dagokion kanpainan bazka-azalera hori erabiltzen duen azienda larri-kopurua, baita banakako abeltzainen araberako antolamendua eta animaliek bazka-azalera komunaletan ematen duten denbora.

f) Lur komunaletan azalera bezala erabiltzen diren azaleren kasuan, Erakunde titularraren ziurtagiria aurkeztuko da, eta bertan zehaztuko dira, guztizko azalera, kultibadorearen identifikazioa eta esleitu zaion azalera. Edonola izanda ere, lekuan bertan egiten diren kontrolen kasuan, kontuan hartu beharreko azalera benetan zehaztu dena izango da.

13. artikulua.– Eskaera aldatzea.

1.– Nekazaritza-ustiategien titularrek aurkeztutako "azalerako" laguntzen eskaeretan moduari eta epeari dagokienez aldaketak egin daitezke; horretarako epea, beranduenez urte bakoitzeko maiatzaren 31 da eta jarraian zehazten diren kasuetan bakarrik egin ahal izango dira aldaketak:

a) Eskumeneko foru-organoak aitortutako akats material nabarmena.

b) Behar bezala justifikatutako jabego-aldaketa.

c) Erabilerari edo laguntza-erregimenari dagokionez egindako aldaketa. Ustiategi batetik beste ustiategi baterako aldaketa onartuko da, baita erretiratutako lurretik ustiategirako aldaketa ere; baina ez da onartuko ustiategi izatetik erretiratutako lurra izateko aldaketa.

2.– Laguntzen eskaera batean lursail gehiago gehitzeari dagokionez, behar bezala justifikatu diren kasuetan bakarrik onartuko da aipatu aldaketa, eta kasu horien artean honako hauek aurkituko ditugu: heriotza, ezkontza, sal-erosketa edo errentamendu-kontratu bat egitea.

Ekoizpenetik erretiratu diren lursail bezala edo bazka-azalera bezala aitortu diren lursailen kasuan, gainera, jada aitortuta dauden lursailetara gehitu nahi diren lursailak beste ekoizle baten eskaeran aitortu izana baieztatuko da, eta gainera, eskaera hori behar bezala zuzendu izana ere baieztatuko da.

3.– Eskumeneko foru-organoak baimen dezake, "azalerako" laguntzen eskaeratik lursail baten baja aurkeztea, baita aurreko paragrafoan zehazten den eguna igaro ondoren ere. Kasu honetan, aldaketa idatziz jakinarazi behar da foru-organoak, aipatu lursailetan eragina duten administrazio-kontrolen emaitzen jakinarazpena egin baino lehen edo ustiapenaren ikuskapena agindu baino lehen.

14. artikulua.– Ehungintzarako linoaren eta kalamuaren aitorpena.

1.– Ekoizpen-mota honi dagozkion laguntzak eskuratu nahi dituzten ehungintzarako linoaren eta kalamuaren ekoizleek azaleren aitorpen bat aurkeztu beharko dute, honako Dekretu honetako bigarren eta laugarren artikuluetan xedatutakoaren arabera; aitorpenean ehungintzarako linoarekin eta kalamuarekin erein diren lursail guztiak zehaztuko dira.

2.– Azaleren aitorpenean, ustiategiaren barruan, ehungintzarako linoarekin edo kalamuarekin ereindako edo ereingo den lursail guztien zerrenda zehaztuko da, behar bezala identifikatuko direlarik. Lursail bakoitzari dagokionez honako datu hauek zehaztuko dira:

a) Azalera katastrala eta ereindako azalera, hektareaka eta sailka.

b) Ereindako espeziea, barietatea zehaztuko delarik.

c) Erabilitako hazi-kantitatea, hektarea bakoitzari dagokionez erabilitako kantitatea kilogramotan adieraziko delarik.

d) Ereindako eguna.

3.– 1164/89 Araudian xedatutakoaren arabera, azaleren aitorpena aurkeztu duten nekazaritza-ustiategien titularrek, non ehungintzarako linoarentzat eta/edo kalamuarentzat erabilitako azalera zehaztu duten, ehungintzarako linoarentzat eta kalamuarentzat erabilitako azalerei dagokienez aitorpen bat aurkez dezakete urte bakoitzaren maiatzaren 15era bitartean. Aipatu aitorpenean jatorrizko aitorpenari dagokionez egindako aldaketak adieraziko dira, baita benetan ernetutako azalera, ereindako azalerarekin bat ez datorren kasuan. Aldaketarik gertatu ez bada, nahikoa izango da aldaketarik egon ez dela adierazten duen jakinarazpen bat bidaltzea.

4.– Aipatutako guztia kontuan hartuta, aitorpenaren aldaketa zehaztu diren egunak baino beranduago aurkezten bada eta beranduenez jota urte bakoitzeko maiatzaren 31 baino lehen aurkezten bada, azalerako laguntzaren bi herenak emango dira.

5.– Ehungintzarako linoa eta kalamua erein eta azaleraren aitorpena aurkeztu duten ekoizleek, uzta-bildu ondoren, eskaera bat aurkeztu beharko dute Batzordeko 1164/89 Araudian (EEE) zehaztutakoaren arabera.

III. KAPITULUA
ABEREENGATIKO PRIMAK
I. ATALA
ABELGORRI ARRENGATIKO PRIMA BEREZIA

15. artikulua.– Onuradunak eta ezaugarriak.

1.– Prima bereziaren onuradunak izango dira, eskaera egin baino lehen, euren ustiategian abelgorri arrak dituzten ekoizleak. Prima animalia biziengatik emango da, behin zezenen bizitzan barna, eta bitan gehienez, idi bakoitzaren bizitzaren barna.

2.– Aurreko idatz-zatian zehaztu den kategoria bakoitzari dagokionez, prima gehienez 90 abelburugatik emango da, urteko, ustiategi bakoitzeko eta adin-aldi bakoitzagatik, idien kasuan.

3.– Prima eskatzeko kontuan hartutako animalia-kopurua, Estatu Espainiarrari dagokionez baimendutako gehienezko kopurua baino handiagoa bada, prima lortzeko baldintzak betetzen direlarik, ekoizle bakoitzagatik prima jaso dezakeen animalia-kopurua proportzionalki murriztuko da aipatu mugara iritsi arte.

16. artikulua.– Komunitatearen gizendegiak.

1.– Aurreko artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta, abelgorri arrengatiko prima berezia eskuratu ahal izango dute, bazkide bakoitzari dagokionez gehienezko animalia-kopuru jakin baten baturaren pareko animalia-kopuru jakin batengatik, jarraian aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten komunitate-gizendegiek:

a) 19/1995 Legean, nekazaritza-ustiategien modernizazioari buruzkoa, eta 168/1997 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko lehentasuna duten nekazaritza-ustiategiak arautzen dituena, ezarritako forma juridikoetara egokitzea; eta horrez gain, helburuen artean euren bazkideen behien hazkunderako ustiategietan jaiotako txekorrak gizentzea eduki behar dute.

b) Behi-haragia ekoizten duen bezero orok behi ume-hazleak edukitzea eta banakako eskubideak edukitzea, eta gainera, urtean bertan behi ume-hazleagatik prima eskatu izana.

c) Gizendegian bazkideen ustiategietako behi ume-hazleak bakarrik gizentzea.

2.– Bazkide bakoitzaren gehienezko animalia-kopurua finkatzeko, jarraian aipatzen diren kantitateak hartuko dira kontuan:

a) Bazkideak urte horretan behi ume-hazleagatik eskatutako primari dagokionez, eskaeran bildutako behi ume-hazleen kopuruaren erdiaren pareko abelgorri ar-kopurua edo banakako eskubide-kopuruaren erdiaren parekoa, gutxiago den kasuetan.

b) Komunitatearen gizendegiak aurkeztu duen prima-eskaeran zehaztutako ustiategian jaiotako abelgorri ar-kopurua.

c) Bazkide bakoitzaren ustiategi bakoitzagatik, 90 animalia.

17. artikulua.– Betekizunak.

1.– Prima eskuratu ahal izateko, ekoizleak abelgorri arrak ustiategian eduki beharko ditu, gutxienez bi hilabetez, eskaera aurkeztu eta biharamunetik hasita.

2.– Animaliengatiko prima-eskaerak aurkezteko, atxikipen-aldiaren hasierako egunean honako baldintza hauek bete behar dira:

– Zezenen kasuan, gutxienez zazpi hilabete edukitzea, edo

– Idien kasuan, gutxienez zazpi hilabete edukitzea, eta gehienez hemeretzi, lehenengo adin-taldeari dagokionez; edo gutxienez hogei hilabete edukitzea, bigarren adin-taldeari dagokionez.

3.– Dirulaguntza jaso dezakeen abelgorri ar-kopurua, aldi berean, mugatuta egongo da, ustiategi bakoitzagatik azienda-karga bat ezarriko delako, alegia, azienda larriagatik bi unitate, hektarea eta urte bakoitzagatik (ALU), horretarako 24. artikuluan ezarritakoari jarraiki.

18. artikulua.– Animalien pasaportea.

1.– 820/97 Araudiak (EB) ezarritako animalientzako pasaportea eskumeneko foru-agintaritzak abeltzainari emango dio animaliaren kontrola egin den unean, eta pasaportea prima eskatzen den bakoitzean aurkeztu beharko da, hartara eguneratzeko.

2.– Pasaportea animaliarena izango da bizitza osorako, eta animalia hil ondoren, pasaportea luzatu zuen agintaritzari emango zaio.

19. artikulua.– Primaren zenbatekoa.

1.– Primaren zenbatekoa honako hau izango da:

a) Prima jasotzeko eskubidea duen zezen bakoitzari dagokionez:

– 160 euro 2000 urterako

– 185 euro 2001 urterako

– 210 euro 2002 eta hurrengo urteetarako.

b) Prima jasotzeko eskubidea duen idi bakoitzarentzat eta adin-zati bakoitzarentzat:

– 122 euro 2000 urterako

– 136 euro 2001 urterako

– 150 euro 2002 eta hurrengo urteetarako.

2.– Aldi berean, ekoizleek zenbateko gehigarri bat jaso dezakete hedaduragatik, betiere, kapitulu honetan xedatutakoa betetzeaz gain, kapitulu honen, "Hedapenagatiko ordainketak" IV. Atalean zehazten diren baldintzak betetzen badira.

3.– Diru-kopuru gehigarriak jasotzeko eskubidea duten ekoizleei emango zaizkie aipatu kopuruak, primaren behin betirako ordainketaren zenbatekoarekin batera.

II. ATALA
BEHI UME-HAZLEARI PRIMA

20. artikulua.– Xedea.

1.– Honako prima honen xede izango dira behi ume-hazleak eta bigantxak, zehaztutako haragi-arrazetakoak direnak edo arraza horietako batekin egindako txekorketatik sortutakoak, eta haragia ekoizteko erabiliko diren txekorren hazkuntzarako erabiliko den talde batekoak direnean.

2.– Ez dira haragi-arrazetakotzat joko honako behi-arraza hauek:

a) Angler. Rotvieh (Angeln)-Rod dansk maelkerace (RMD).

b) Ayreshire.

c) Armoricaine.

d) Bretonne Pie-noire.

e) Fries-Hollands (FH), Française pie noire (FFPN), Friesian-Holstein, Holstein, Black and White Friesian, Red and White Friesian, Frisona española, Frisona italiana, Zwartbonten van Belië/Pie noire de Belgique, Sortbroget dansk maelkerace (SMD), Deutsche Shwarzbunte, Shwarzbunte Milchrasse (SMR).

f) Groninger Blaarkop.

g) Guernsey.

h) Jersey.

i) Malkeborthorn.

j) Reggiana.

k) Valdostana Nera.

l) Itäsuomenkarja.

m) Länsisuomenkarja.

n) Pohjoissuomenkarja.

3.– Honako Dekretu honetan xedatutakoaren ezarpenaren ondorioetarako, bigantxatzat joko da behi emea, 8 hilabetetik aurrera, betiere oraindik kumerik izan ez badu.

21 artikulua.– Onuradunak eta betekizunak.

1.– Bere ustiategian behi ume-hazleak dituen ekoizleak, eskaera egin baino lehen, behi ume-hazleen errolda edukitzeagatik prima bat jaso dezake. Honako prima hau, bakoitzari esleitutako banakako gehienezko mugen barruan, urtekoa izango da eta ekoizle bakoitzagatik emango da, betiere, honako kasu hauek gertatzen badira:

a) Eskaera aurkezten den egunetik hasita hamabi hilabeteko epean bere ustiategitik ateratako esnerik edo esnekirik eman ez izana. Hala ere, esnea edo esnekiak ustiategitik zuzenean kontsumitzaileari emateagatik ez da prima eskuratzeko eskubidea ukatuko.

b) Esnea edo esnekiak ematea eta horren guztizko banakako erreferentzia-kantitatea, primaren eskaera egiten den urteko martxoaren 31n 3950/92 Araudiko 4. artikuluan zehazten den 120.000 kilogramo baino gutxiagokoa edo kantitate bera izatea.

c) Eskaera aurkeztu den egunetik hasita, gutxienez sei hilabetez jarraian, behi ume-hazleen kopurua prima eskatzen den animalia-kopuruaren %80 izatea gutxienez, eta bigantxei dagokienez, eskaeran zehaztutako guztizko animalia-kopuruaren %20 baino gehiago ez izatea.

Ustiategian primaren eskaeran zehaztutako animalia-kopurua murrizten bada, betiere aurreko paragrafoan zehaztutako aldiaren barruan, idatziz jakinaraziko zaio primaren eskaera aurkeztu zeneko eskumeneko organoari, eta horretarako hamar laneguneko epea egongo da, gertaera jakinarazi eta biharamunetik hasita, eta murrizketa egiteko arrazoiak eta justifikazioa zehaztu beharko dira.

2.– Ustiategiak esnearen ekoizpenari dagokionez edo esnea saltzeari dagokionez erreferentzia-kantitateak zehaztuta baditu, eta 1. idatz-zatiko a) eta b) letren arabera prima eskuratzeko eskubidea duen animalia-kopurua zehazteko, esne-behiak edo behi ume-hazleak sailkatzeko orduan, maiatzaren 17ko Kontseiluaren 1255/1999 Araudiaren (EB) 15. artikuluko 3. idatz-zatian definitutako onuradunaren banakako erreferentzia-kantitatea hartuko da kontuan.

3.– Dirulaguntza jaso dezaken guztizko behi-kopurua, aldi berean, mugatu egingo da ustiategi bakoitzeko animalia-dentsitatearen faktore bat aplikatuko delako, horretarako 24. artikuluan ezarritakoari jarraiki.

22. artikulua.– Eskaerak.

2., 3., eta 4. artikuluetan orokorrean ezarritako baldintzez gain, 23.1 artikuluko b) idatz-zatiaren baitan biltzen diren ekoizleek (Esnea edo esnekiak ematea eta horren guztizko banakako erreferentzia-kantitatea, primaren eskaera egiten den urteko martxoaren 31n 3950/92 Araudiko 4. artikuluan zehazten den 120.000 kilogramo baino gutxiago edo kantitate bera dutenak), aurkezten duten eskaeran honako konpromiso hau azaldu beharko dute: ekoizleak ez du erreferentzia-kantitatea areagotuko ezarritako muga kuantitatiboaren gainetik, eskaera aurkeztu eta hurrengo hamabi hilabeteetan.

23. artikulua.– Primaren zenbatekoa.

1.– Prima jasotzeko eskubidea duen animalia bakoitzagatiko kopuru unitarioa honako hau da:

– 163 euro 2000 urterako

– 182 euro 2001 urterako

– 200 euro 2002 eta datozen urteetarako.

2.– Modu berean, ekoizleek hedapenagatik kopuru gehigarri bat jaso dezakete, betiere, honako kapitulu honetan xedatutakoaz gain, IV. kapitulu honetako, "Hedapenagatiko ordainketak", IV. atalean ezarritako baldintzak ere betetzen badituzte.

3.– Horrez gain, ekoizleek ordainketa gehigarri bat eskura dezakete, betiere, honako kapitulu honetan xedatutakoaz gain, kapitulu honetako, "Ordainketa gehigarriak", VI. atalean ezarritako baldintzak ere betetzen badituzte.

4.– Kantitate gehigarriak, kantitate hauek eskuratzeko eskubidea duten ekoizleei ordainduko zaizkie, primaren behin betirako ordainketaren zenbatekoekin batera.

III. ATALA
ABELGORRI ARRENGATIKO PRIMA BEREZIAREN ETA BEHI UME-HAZLEARENGATIKO PRIMAREN XEDAPEN KOMUNAK

24. artikulua.– Abere-karga.

1.– Abelgorri arrengatiko prima bereziaren eta behi ume-hazleengatik primaren barruan dirulaguntza jaso dezakeen animalia-kopurua mugatua izango da, hektarea eta urte bakoitzeko, abelgorri larriaren bi unitateko (ALU) ustiategi bakoitzari abere-karga bat aplikatuko zaiolako.

Aipatu karga abelgorri larrien unitate-kopuruaren (ALU) arabera adieraziko da, eskaeran aitortutako bazka-azaleraren arabera, bertako animaliak elikatzeko erabiltzen dena.

Hala ere, ekoizleek ez dute abere-kargarik ordainduko, ustiategian dagoen animalia-kopurua, karga zehazteko kontuan hartu behar dena, 15 ALU gainditzen ez dituenean.

2.– Ustiategiko abere-karga zehazteko, jarraian azaltzen diren baldintzak bete beharko dira:

a) Primaren eskaeraren xede diren behi ume-hazleak, baita primaren eskaeraren xede diren abelgorri arrak eta ardi-azienda eta ahuntz-azienda ere. Modu berean, urteko martxoaren 31n ekoizleari egotzitako banakako erreferentzia-kantitatea lortzeko beharrezkoak diren esne-behiak kontuan hartuko dira.

Modu honetan ALU arabera lortzen den animalia-kopuruaren kalkulua honako hau izango da:

– Abelgorri arrak eta bigantxak, 24 hilabete baino gehiagokoak, behi ume-hazleak eta esne-behiak: 1,0 ALU

– Abelgorri arrak eta bigantxak, 6 hilabetetik bi urtera bitartekoak: 0,6 ALU

– Ardi-azienda: 0,15 ALU

– Ahuntz-azienda: 0,15 ALU

b) Bazka-azalera, urte osoan zehar abelgorriak, ardi-azienda edo ahuntz-azienda hazteko erabilgarri dagoen azalera bezala ulertuta

Ez dira bazka-azalera bezala sailkatuko honako hauek:

– eraikinak, basoak, uhaskak eta bideak.

– laguntza-erregimen komunitario bati dagokionez beste zenbait labore onuradun batzuentzat erabiltzen diren azalerak edo labore iraunkorrak edo barazkietarako erabiltzen diren laboreak, ordainketak lortzen dituzten larre iraunkorren kasuan izan ezik, 1254/1999 Araudiko (EB) 17. artikuluaren eta 1255/1999 Araudiaren 19. artikuluaren arabera.

– Belarkien laborantza jakin batzuen ekoizleentzako laguntza-erregimena ezartzen zaien azalerak, lehortutako bazkei laguntzeko erregimenerako erabiltzen direnak edo lurrak erretiratzeko programa baten xede direnak.

Bazka-azaleraren baitan bilduko dira, taldean erabiltzen diren azalerak eta labore mistorako erabiltzen direnak.

c) Zuhaizti helduak dauden zonetan, zona horretan bazkarako erabili daitekeen azalera zehazten duen dokumentazioa dagoen kasuetan izan ezik, kontuan hartuko den bazka-azalera zuhaitzen dentsitatearen eta espezien araberakoa izango da, eta horretarako, honako taula hau hartuko da kontuan:

Koniferoak Hostozabalak bazka-azalera

%

Dentsitate txikia <100 oin / ha < 50 oin / ha %50

Dentsitate ertaina 100-200 oin / ha 50-100 oin / ha %25

Dentsitate handia >200 oin/ ha >100 oin / ha %10

Zuhaizti helduak ez dauden zonetan, kontuan hartuko den bazka-azalera honako hau izango da:

– aipatu azaleraren %50 sastrakadi irekia bada, eta,

– %25 sastrakadi trinkoa bada

3.– Artikulu honetako 1. paragrafoan aurreikusitako ALU gehienezko kopurua zehazteko, jarraian aipatzen den kalkulua egingo da:

ALUgk = (zehaztutako bazka-azalera x 2) - (EB x 1 + AA x 0, 15)

alegia:

a) ALUgk: prima berezia eta behi ume-hazleengatiko prima jasotzeko eskubidea duen ALU gehienezko kopurua.

b) Zehaztutako bazka-azalera: eskumeneko organoak egindako administrazio-kontrolen ondorioz aitortutako edo balioztatutako bazka-azalera, edo hala badagokio, kontrolean baieztatutakoa, honako Dekretu honetan xedatutakoaren arabera murriztua.

c) EB: primaren eskaeraren xede den eta urteko martxoaren 31n erabilgarri dagoen eta ekoizleari egotzi zaion gehienezko erreferentzia-kopuruaren ekoizteko behar dituen esne-behiak; kantitate hori lortzeko honako eragiketa hau egingo da: ekoizlearen erreferentzia-kantitatearen eta EBko araudiaren arabera, Estatuko batez besteko esne-errendimendurako ezarritako 4.650 kilogramoko kantitatearen arteko zatidura osoa. Hala ere, ekoizleak esnearen kontrolaren ziurtagiri ofizial bat aurkezten badu, non bere ustiategiko batez besteko errendimendua zehazten duen, 4.650 kg beharrean beste zifra erabili ahal izango da.

d) AA: merkaturatze-kanpainarekin lotuta, primaren eskaeraren xede den ardi-kopurua eta ahuntz-kopurua, edo ekoizlea titularra den eta prima jasotzeko eskubidea duten ardi-kopurua eta ahuntz-kopurua, aurreko kopurua baino gutxiago denean.

25. artikulua.– Identifikazioa eta erregistroa.

1.– Primaren eskaeraren xede diren animalia guztiak 820/97 Araudiaren (EB), behi-espezieko animalien identifikazioari eta erregistroari buruzkoa, 1984ko abenduaren 17ko Aginduaren, 1993ko otsailaren 2ko Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Aginduak aldatzen duena, eta otsailaren 9ko 1980/1998 Errege Dekretuaren arabera identifikatu eta erregistratu behar dira. Aldi berean, 1984ko abenduaren 17ko Aginduan arautzen diren eta nahitaezkoak diren abere-saneamenduaren kanpainen ondorioz sortzen diren betekizunak bete beharko dira.

2.– Zezenketarako behien kasuan, uztailaren 27ko 181/1989 Dekretuan, uztailaren 21eko 210/1992 Dekretuak aldatzen duena eta zezenketarako eta zezen-ikuskizunetarako abere-ustiategien erregistroa arautzen duena, xedatutako sistemaren bitartez identifikatuko dira.

3.– Aldi berean, primaren eskaeraren xede diren behiak, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, dagokien Lurralde Historikoaren Foru Aldundiko Erregistroan sartu behar dira.

4.– Edozein agintarik, bere eskumenez baliatuz, 1. eta 2. idatz-zatietan jasotako anomalietako bat antzematen badu, horren berri eman beharko die azienda-sariak kudeatu eta kontrolatzeko agintari eskudunei.

26. artikulua.– Debekatutako substantziak erabili edo edukitzea.

1.– Europako Erkidegoko, estatuko edo autonomia-erkidegoko araudiaren arabera debekatuta dauden substantzien hondarrik edo, baimenduta izan arren, legez kontra erabilitako substantziarik aurkitzen bada behi-aziendan, abere horien jabeak ez du behikiaren arloarentzako laguntzarik jasoko urte horretan.

2.– Abeltzainen bati substantzia edo produktu debekaturen bat atzematen bazaio (debekatua, esan nahi da, Europako, estatuko nahiz autonomia-erkidegoko arauek diotenaren arabera) edo esplotazioan halakorik aurkitzen bazaio, edo beste substantzia edo produktu baimenduren bat legez kontra baldin badauka, orduan ere laguntzarik gabe geratuko da, lehenengo idatz-zatian jartzen duen moduan.

3.– Eta abeltzainen batek berriz ere 1. edo 2. idatz-zatietako arau-hauste horietakoren bat egiten badu urtea amaitu baino lehen edo hurrengo urtean, araua bigarrenez hausten duenetik aurrera datozen bi urteetan ere laguntzarik gabe egon beharko du.

4.– Agintariren batek, bere eskumenez baliatuz, 1. eta 2. idatz-zatietan jasotako anomalietako bat antzematen badu, azienda-sariak kudeatu eta kontrolatzeko agintari eskudunei jakinarazi beharko die.

IV. ATALA
ESTENTSIFIKAZIORAKO LAGUNTZAK

27. artikulua.– Norentzat diren eta baldintzak.

1.– Zekorrengatik ematen den prima edo sari berezia edo behi ume-hazleengatik ematen den saria jasotzen duten (berdin dio bat edo biak jaso) ganadu-zaleek estentsifikaziorako laguntza ere jaso dezakete. Horretarako, estentsifikaziorako laguntzak jaso nahi dituztela adierazi beharko dute "lur-azaleraren araberako laguntzetarako" eskaria betetzen dutenean.

2.– Laguntza berezi horietako bakoitzeko edo behi ume-hazletarako laguntza bakoitzeko, estentsifikazioa dela-eta 100 euro izango ditu, baldin eta, hori bai, urte horretan, dena delako esplotazioan ez badauka 1,4 A.L.U. baino gehiago hektarea bakoitzeko.

3.– Bi bide izango ditu, aukeran, estentsifikaziorako laguntza horiek jasotzeko:

a) "Errazena"-edo: Urte horretan abeltzainak ezin du, egun batean ere ez, 1,4 A.L.U. baino gehiago eduki hektarea bakoitzeko. Konpromiso hori hartu beharko du.

b) "Batez bestekoak harturik": Abeltzainak urtean zehar ezin du, batez beste oraingo honetan, 1,4 A.L.U. baino gehiago eduki hektarea bakoitzeko. Foru-aldundiko dena delako organoak zehaztuko du batez besteko hori nola eta noiz zenbatu behar den.

4.– Abere-zama kalkulatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan, 24. artikuluko 2. idatz-zatiko a) eta b) letretan jartzen duenaz gainera:

a) Zekor eta behien artetik kontuan hartuko dira urtean zehar esplotazioan egon diren 6 hilabete edo gehiagokoak, eta ahuntz eta ardien artetik, berriz, urte horretan laguntzak eskatzeko erabili diren bezain beste buru hartuko dira kontuan.

b) Eta larreak, berriz, %50 artzantza-lurrak izango dira. "Artzantza-lurrak" zein diren hurrengo artikuluan dago zehazturik.

28. artikulua.– Artzantza-lurrak.

1.– Aurreko artikuluko 3. idatz-zatiko b) letran jartzen duenerako, hara zein diren artzantza-lurrak: zelaiak, larreak, mendiko larreak, adineko arbola arteko sailak (arbolak zenbat izan daitezkeen 24.2.c) artikuluan dago jasota) eta, orokorrean, larretarako beste edozein lur-sail, baldin eta aziendatarako erabiltzen bada, dela abere horiek sail horietatik janez, dela erabilera mistoan, eta berdin dio belarra bere kasa ateratzen den edo landatu egiten den.

2.– Artzantzarako lurrak esplotaziotik urrun badaude, lur horiek benetan erabiltzen dituela erakutsi beharko du. Abereak hara eramateko garraio-moduren baten beharra dagoenean daude urrun lur horiek.

V. ATALA
BEHI-AZIENDA HILTZEAGATIK DAUDEN PRIMAK

29. artikulua.– Norentzat diren.

1.– Esplotazioan behi-azienda hazten duten abeltzainek, nahi badute, eta aurretiaz eskatzen badute, badute prima bat abereak hiltzeagatik. Horretarako, abereak Europako Batasunean hil beharko dira, edo beste herrialderen batera esportatu beharko dira.

2.– Prima-eskubidea honako abere hauek hiltzeak dakar:

a) Zezenak, idiak, behiak eta bigantxak, 8. hilabetea egiten dutenetik aurrera, baldin eta ekoizleak bi hilabetez gutxienez bere esplotazioan eduki baditu, eta epe hori amaitzen denetik eta aberea hil edo esportatu arte, hilabete joan ez bada.

b) Hilabete eta 7 hilabete arteko behi-azienda, baldin eta kanaleko pisua 160 kilogramokoa baino txikiagoa badute. Hiru hilabete egin aurretik hil behar bada, ekoizleak hilabetez gutxienez aberea bere esplotazioan eduki beharra izango du, eta, bestela, bi hilabetez gutxienez.

Hil edo esportatu behar denean behi-azienda 5 hilabete baino gazteagoa bada, pisu egokia duela pentsatuko da.

Hiltegian ezin bada kanaleko pisua zein den jakin, bizirik 290 kilogramo gainditzen ez badu pentsatuko da betetzen duela baldintza hori.

3.– Estatu Espainiarrari gehienezko kopuru bat ematen zaio a) eta b) letretako talde bakoitzeko, eta prima hauetan ere muga hori hortxe dago. Kopuru hori baino abere gehiagotarako eskatzen bada prima, eta baldintzak bete ere gehiagok betetzen badituzte, ekoizle bakoitzari hainbeste abere primarik gabe utzi beharko zaizkio, muga horren barruan gera gaitezen arte.

30. artikulua.– Prima zenbatekoa izango den.

Hona hemen zenbatekoa izango den prima hori:

a) aurreko artikuluko 2. idatz-zatiko a) letrako abere bakoitzeko:

– 27 euro 2000. urterako

– 53 euro 2001. urterako

– 80 euro 2002. urterako eta hurrengoetarako

b) aurreko artikuluko 2. idatz-zatiko b) letrako abere bakoitzeko:

– 17 euro 2000. urterako

– 33 euro 2001. urterako

– 50 euro 2002. urterako eta hurrengoetarako.

31. artikulua.– Prima-sisteman parte hartu nahia adieraztea eta eskariak.

1.– Kapitulu honetan arauturiko sari edo prima horietako bat eskuratu nahi badute, ekoizleek laguntza-sistema horietan parte hartu nahi dutela esan beharko dute adierazpen baten bidez. Adierazpen hori urteko lehen eskaria egin aurretik edo eskariarekin batera aurkeztu beharko dute, lur-azaleraren araberako laguntzak eskatzeko epea amaitu baino lehen, edonola ere.

Adierazpen horietan, nahi badute, aukeran daukate beste pertsona fisiko edo juridiko batzuei ematea (abereak hiltzen dizkieten hiltegi baimenduak ditugu gogoan) beren abereengatik laguntzak eskatzeko baimena.

Aukera hori erabiliz gero, eta baldin eta 820/97 zk.dun erregelamenduko 3. artikulukoaren moduko datu baserik baldin bada, eta gauza jakina bada, nahiko seguru, datu horiek zehatzak direla, hildako abereen gainean hiltegiek foru-organoetara bidaltzen dituzten datuek ekoizlearen izenean egindako prima-eskari baten balio bera izango dute.

2.– Laguntza eskariak aberea hil eta gero edo, kanpora saldu behar bada, Europako Erkidegoko mugetatik kanpora atera den egunetik aurrera aurkeztu beharko dira. Egun horietatik aurrera, hiru hilabeteko epea dago laguntza eskatzeko. Edonola ere, honako epe hauetakoren baten barruan eskatu beharko da:

– martxoaren 1etik 31ra arte

– ekainaren 1etik 30era arte

– irailaren 1etik 30era arte

– abenduaren 1etik hurrengo urteko urtarrilaren 31ra arte

3.– Eskarian honako datu hauek denak jaso beharko dira:

a) Aberea hiltzen denean egiten bada eskaria, hiltegiaren egiaztagiri bat beharko da, abereak benetan hil dituztela ziurtatzeko. Egiaztagiri horiek abereak banan-banan har ditzake, edo taldeka, hau da, egun batean hil diren ekoizle eta jatorri bereko abere guztiak. Egiaztagiri horrek honako gauza hauek denak zehaztu beharko ditu:

– Hiltegia zein den, hau da, izena, helbidea eta osasun-erregistroko zenbakia eta/edo identifikazio-kodea.

– Aberea nork eraman duen hiltzera.

– Aberea noiz jaio zen, belarriko identifikazio-zenbakia, eta, halakorik baldin bada, abereak berekin daraman osasuneko dokumentazioaren erreferentzia bat.

– Noiz hil duten.

– Hil dutenean zein zenbaki jarri zaion (aurrekoarekin lotuta dago).

– 5 eta 7 hilabete bitarteko behi-azienda bada, kanaleko pisua.

– Egiaztagiria nork egin duen eta eskaria zein ekoizlek egin duen.

– Egiaztagiriaren eguna, eta egin duenaren izenpea.

b) Aberea beste herrialderen batera esportatu behar badute:

– Esportatzailearen izena eta helbidea.

– Abereen identifikazio-zenbakia.

– Esportazio-deklarazioa, eta deklarazio horretan: adina, eta zekorrak badira esportatu beharrekoak (5 hilabete baino gutxiago baldin badituzte ez), bizirik zenbat pisatzen duten. Ezingo dute 290 kilogramo baino gehiago pisatu.

c) Europako Erkidego barruan saldu edo erosteko badago aberea, erretentzio-epea bete ondoren, hiltegiak deklarazio bat bete beharko du, artikulu honetako 3 idatz-zatiko a) letran jasota dagoen moduan.

32. artikulua.– Hiltegien partaidetza-deklarazioa.

1.– Prima-sistema honetan parte hartu nahi badute, abereak hiltzen dituzten (prima hau eskatzeko erabili diren abereez ari gara) hiltegi baimenduek hala adierazi beharko diote dena delako foru-organoari.

2.– Horretarako, hiltegiak partaidetza-deklarazio bat aurkeztu beharko du, eta deklarazio horretan, honako datu hauek eman beharko ditu gutxienez:

a) Hiltegiaren identifikazioa, eta, identifikazio horren barruan, osasuneko erregistro-zenbakia eta esplotazioko erregistro-zenbakia, 1980/1998 Errege Dekretuaren arabera edukiko duena emanda (dekretu horretan, behi-aziendak identifikatzeko eta erregistratzeko sistema bat zehaztu zen).

b) Hiltzen dituzten abereen artetik, prima hau jasotzeko baldintzak betetzen dituztenak erregistro batean jasota edukitzeko konpromisoa hartu behar dute. Erregistro horretan honako datu hauek denak jaso beharko dituzte gutxienez:

– Noiz hil duten.

– Abereen identifikazio-zenbakia.

– Kanaletako identifikazio-zenbakia (abereen zenbakiekin dauka zerikusia).

– 5 eta 7 hilabete arteko behi-aziendak zein pisu eman duen kanalean, banan-banan.

c) Hiltegiak hilabete eta 7 hilabete arteko behi-azienda kanalera nola eramaten duen eta kanaleko lan hori nola egiten duen, eta konpromiso bat, hau da: kanaleko pisua legean jartzen duen moduan neurtuko dutela.

d) Nork duen abereak hil izana egiaztatzeko agiriak egiteko baimena, haren izenpearen erreprodukzioa eta guzti.

e) Foru-organoek kontrolik agintzen badute, bete egin beharko dituzte, eta gainera lagundu egin beharko diete kontrol horiek egiten. Konpromiso hori hartu beharko dute.

3.– Deklarazioan onarturiko konpromiso horietakoren bat betetzen ez badu, baliteke dena delako hiltegia prima-sistema honetatik kanpora uztea urtebetez, beste erantzukizunak –halakorik baldin badago- ahaztu gabe.

VI. ATALA
ORDAINKETA OSAGARRIAK

33. artikulua.– Norentzako diren eta baldintzak.

1.– Behi ume-hazleetarako prima jasotzen duten ekoizleek beste ordainketa osagarri bat ere jaso dezakete, baldin eta hurrengo idatz-zatiko baldintzak betetzen badituzte. Horretarako, behi ume-hazleetarako prima jasotzeko eskarian, ordainketa osagarri hauek ere jaso nahi dituztela adierazi beharko dute.

2.– Ordainketa osagarririk jaso ahal izateko, ekoizleek honako baldintza hauek denak bete beharko dituzte, banan-banan:

a) Nagusiki nekazariak izan beharko dute, 19/1995 Legean eta 168/1997 Dekretuan jasotako definizioaren arabera. Lege hori, hain zuzen ere, baserriak modernizatzeko onartu zen; eta dekretuan, berriz, nekazaritzako esplotazioen artetik, Euskal Autonomia Erkidegoan lehentasuna zein duten arautu zen.

b) Ustiakuntzak kudeaketa tekniko-ekonomikoko programa baten barruan egon behar du.

c) Elikagaietako Euskal Labelean izenemanda egon behar dute.

34. artikulua.– Ordainketa osagarri hori zenbatekoa izango den.

Abere bakoitzari zenbat dagokion jakiteko, zatiketa bat egin behar da: Euskal Autonomia Erkidegoari, guztira, urte betean dagokion kopurua hartu, eta urte horretan ordainketa jasotzeko eskubidea duen abere-kopuruaren artean zatitu.

VII. ATALA
ARDI ETA AHUNTZETARAKO PRIMA

35. artikulua.– Norentzako diren.

1.– Ardiak eta ahuntzak hazten dituztenek jaso dezakete prima hau, eta baita haien elkarteek ere, baldin eta, banan-banan harturik, primarako eskubidea baldin badaukate.

2.– Dekretu honek balio duenerako, hauek dira ardi- eta/edo ahuntz-ekoizleak: abeltzaina -banaka harturik- pertsona fisikoa edo juridikoa izan daiteke, eta, gutxienez, hamar ardi hazteko arriskua eta/edo antolaketa-lana hartu behar du beregain. Eta, esplotazioa mendialderen batean baldin badago (75/268/EEE direktibako 3. artikuluko 3. idatz-zatian dago zehazturik zein diren mendialdeak), hamar ardi eta/edo ahuntz hazteko arriskua eta/edo antolaketa-lana hartu beharko du bere gain.

Abereen jabea izango da ekoizlea, honako kasu hauetan izan ezik:

a) Esplotazio batean abereak pertsona fisiko edo juridiko bat baino gehiagoren artean banaturik baldin badaude (jabetzaz ari gara noski), eta jabe horiek ez badute ekoizle-elkarte bat osatu, abereak hazte horrek ematen dituen produkturik gehienak nork saltzen dituen, huraxe izango da ekoizlea.

42. artikuluan jasotako mugak artalde edo ahuntz-talde osoak bete beharko ditu.

b) Ardi- edo ahuntz-jabe batek abere horietako batzuk beste inori "pentsio-erregimenean" uzten badizkio, ekoizlea, hala ere, jabea izango da.

Hara zer den ardiak "pentsioan" uztea: ekoizleak hainbat abere besteren bati uzten dizkio, gizendu arte zaindu eta jaten ematekotan, hainbesteko baten truke.

c) Azienda guztia edo zati bat ameterian utziz gero beste inori (hau da, azienda beste inor horrek haziko du, produktuak saltzetik ateratzen duenaren truke), inor hori izango da abere horien ekoizlea.

42. artikuluan zehazturiko mugak, alde batetik, abereak beste inori laga dizkion horren eskuetan den talde osoari ezarriko zaizkio, eta, beste alde batetik, lagata hartu dituenaren eskuetan den talde osoari.

d) Ekoizle horietakoren batek artzainen bat baldin badauka kontrataturik artaldea edo ahuntzak zaintzeko, eta artzain hori, bere aldetik, abereetako batzuen ekoizlea ere baldin bada, 42. artikuluko mugak abere guztiei ezarriko zaizkie, jabea nor den begiratu gabe.

Halakoetan, inori zigorrik jarri behar bazaio baina artaldeak edo ahuntz-taldeak ez baldin badaude zatika identifikaturik, ekoizle guztiak izango dira erantzuleak.

3.– Behar bezala dokumentaturik baldin badago, eta argi baldin badago abereak hazteko arriskua eta antolaketa-lanak kideek berek daukatela beren gain harturik, behin kideek elkarren artean batere obligazio eta eskubiderik banatuz gero, halako elkarte, asoziazio edo korporazio oro izango da ekoizle-elkarte bat.

42. artikuluan jasotako mugak betetzeko orduan, honako hauek ezin dira ekoizle-elkarte bateko kidetzat hartu:

a) beste abere-ekoizle baten soldatapean diren abere-ekoizleak eta

b) enpresako kapitalari ezer erantsi ez dioten, enpresan lan egiten ez duten eta, dagokien heinean, irabazirik ere jasotzen ez duten ekoizleak.

36. artikulua.– Kategoriak.

Ardi-okela ekoizten dutenen artean, bi talde bereizi behar ditugu:

a) Arkume-ekoizle arinak-edo: ardiak hazten dituzte eta ardi-esnea edo ardi-esnekiak saltzen.

b) Arkume-ekoizle larriak-edo: ardiak hazten dituzten beste guztiak.

37. artikulua.– Aberearen baldintzak.

1.– Prima hau jasotzeko eskubidea ardi eta ahuntz guztiek dute (ez ahari eta akerrek), baldin eta behin behintzat erdituak badira, edo erretentzio-epeko azken egunean urtebete baldin badaukate gutxienez.

2.– Prima hau eskatzeko erabiltzen diren abere guztiek 1988ko urriaren 3ko aginduan eta otsailaren 9ko 205/1996 Errege Dekretuan xedaturikoaren arabera identifikaturik egon behar dute (agindu hori Arrantza eta Nekazaritza Sailarena da), eta aziendak txukun edukitzeko derrigorrezko kanpainetako eskakizun guztiak behar dituzte bete (eskakizun horiek 1988ko urriaren 3ko Agindu horretan daude arauturik).

38. artikulua.– Aurkeztu beharreko datuak eta agiriak.

Ardi eta ahuntzetarako prima jasotzeko, esplotazioko jabeak eskarian honako datu hauek eman beharko ditu, orokorrez gainera:

a) 35. artikuluko 2. paragrafoko c) letran jasota dagoen kasuan, abereak hartu dizkion horren esplotazioa zein den.

Ekoizleak erretentzio-epea dirauen garai bererako utzi badizkio inori abereak "pentsio-erregimenean" (berdin dio abere guztiak ala batzuk utzi dizkion), abere horiei marka bat jarri beharko die, nondik datozen jakiteko, erretentzio-epe horrek dirauen bitartean behintzat. bitartean.

b) 35. artikuluko 2. paragrafoko c) letran jasota dagoen kasurako, abereak utzi dituen horren esplotazioa zein den, eta zenbat ardi utzi dituen.

c) 35. artikuluko 2. paragrafoko d) letran jasotako kasurako, soldatapeko lotura zein den, eta gainerako ekoizleak zein diren.

d) Ekoizle-elkarteek (35. artikuluko 3. paragrafoan daude definiturik): ekoizle bakoitzak zenbat abere hartu dituen. Eskaria ekoizle guztiek izenpetu beharko dute (elkarteko kideak direnez ari gara).

Era berean, elkarteko estatutu edo barruko araudian –gogoan izan agiri horiek eskariarekin batera aurkeztu behar direla-, azienda ekoizleen artean nola banaturik dagoen ere zehaztu beharko da. Elkartea banatuz gero aktiboak kideen artean nola banatuko liratekeen hartu beharko da kontuan aktibo-banaketa hori zehazteko orduan, eta elkartea osatzen dutenen artean aldaketa handiegirik ez baldin badago, banaketa hori ezingo da datozen urteetan aldatu. Halako aldaketarik gertatu bada, dena delako aginteari jakinarazi beharko zaio, prima-eskaria aurkezteko orduan.

39. artikulua.– Beste eskakizun batzuk.

1.– Eskariak aurkezteko epeko azken egunetik aurrera, laguntzak eskatzeko erabili dituzten ardi eta ahuntz horiek 100 egunez esplotazioan eduki beharko dituzte abeltzainek.

Baina, ekoizleren batek prima hainbeste aberetarako eskatu, eta dena delako aginteak, gero, jakinarazten badio prima hori abere gutxiagotarako eman diotela, prima zenbat aberetarako eman, hainbeste buru izan beharko ditu esplotazioan 100 egunez, ez gehiago. Prima, berriz, ardi- eta ahuntz-talde nahasi baterako eskatzen badute, zenbat ardi eta zenbat ahuntz dagoen ikusi, eta kenketa hein berean egin beharko da.

2.– Epe horretan ardiak nahiz ahuntzak gutxiagotu egiten baditu, prima eskatu zion foru-organoari jakinarazi beharko dio ekoizleak, gutxiagotze hori gertatu eta hamar egun balioduneko epean. Zergatik gertatu den ere azaldu beharko du, eta agirietan nola adierazita dagoen ere bai.

40. artikulua.– Abereak batetik bestera eramatea.

Urtaro batetik bestera abereak larrez aldatu behar badira, eta, orokorrean, prima-eskubidea duten abereak beste leku batera eraman behar badira, eskabidean jasota ez dagoen beste leku batera alegia, hori egin baino lehen eskaria aurkeztu zion foru-organoari jakinarazi beharko dio ekoizleak, idazki baten bidez. Idazki horretan, honako datu hauek denak azaldu beharko ditu: arrazoiak, zein egunetan eramango dituzten batetik bestera, zenbat abere mugitu behar dituzten, eta zein terrenotan egongo diren, derrigorrezko inspekzioak egin ahal izateko.

41. artikulua.– Aukera gutxiagoko eskualdeetako ekoizleentzako prima berezia.

1.– Hartarako aginpidea daukan aginteak zehaztuko du, Kontseiluaren 75/268/EEE direktibak dioenaren arabera (apirilaren 28koa da), zein diren aukera gutxiagoko eskualdeak. Esplotazioa hor daukatenak dira aukera gutxiagoko eskualdeetako ekoizleak.

Ardi eta ahuntzetarako erabiltzen duen lur guztiaren %50 aukera gutxiagoko eskualde batean badago, orduan ere aukera gutxiagoko eskualdeko ekoizlea izango da.

2.– Prima berezi hau jaso nahi duten ardi- eta ahuntz-ekoizleek hala adierazi beharko dute prima-eskarian, eta udalerri bakoitzean arditarako eta ahuntzetarako zenbat lur darabilten ere adierazi beharko dute.

"Lur-azaleraren araberako" laguntza lortzeko deklaraziorik eginez gero, ardi eta ahuntzetarako darabiltzaten nekazaritzako lur-sailak ere zehaztu beharko dituzte deklarazio horretan.

42. artikulua.– Prima zenbatekoa izango den.

1.– Europako Batzordeak erabakiko du zenbat ordaindu behar den ardi eta ahuntz bakoitzeko.

2.– Bai arkume-ekoizle arin baten ardiengatik bai ahuntzengatik, guztira, arkume-ekoizle larrien ardiei dagozkien primen %80 ordainduko da.

3.– 1323/90 zk.dun erregelamenduko 1. artikuluak (EEE) aukera gutxiagoko eskualdeetako ekoizleei begira dioenaren arabera, kopuru orokor horien osagarri, beste laguntza berezi bat ere egongo da. Europako arauetan zehaztuko da zenbatekoa izango den laguntza berezi hori.

Ardi- eta ahuntz-ekoizleentzako primak ordaintzeko orduan kontuan hartzen diren murriztapen, muga ekoizlekakoak, zigor eta halako beste gauzak berberak izango dira kontuan laguntza hau ordaintzeko orduan ere.

43. artikulua.– Kategoria astuneko laguntzak beste batzuek ere jaso ditzakete.

1.– Dekretu honetako 36. artikuluan jartzen duena egia bada ere, ardi-esnea edo ardi-esnekiak saltzen ibiltzen direnek kategoria larriko prima ere jaso dezakete, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Kategoria arineko eskarian adierazi behar dute ardi horiek (laguntza ardi batzuetarako eskatu baitute) ematen dituzten arkumeen gutxienez 100eko 40 gizentzeko eta haragitarako erabiltzeko asmoa daukatela.

b) Laguntza jaso behar duenaren esplotaziotik kanpora gizendu behar badituzte, gizendegi bakar batean egin beharko dute, eta 45 egunez gutxienez.

2.– Horretaz gainera, beranduen jota ere lote bakoitza gizentzen hasi baino 15 egun lehenago, ekoizleek adierazpen berezi bat aurkeztu beharko dute prima-eskaria aurkeztu zuten foru-organoan, honako datu hauek emateko:

a) abereak gizendu behar dituen gizendegiko helbidea.

b) zein egunetan hasiko diren abere horiek gizentzen.

c) loteak zenbat arkume dituen, eta

Deklarazio horrekin batera, gizendegiko jabeak honako konpromiso hau hartu beharko du: ardietatik apartatzen dituztenetik, arkumeak gutxienez 45 egunez edukiko ditu gizentzen, 25 kilogramo hartu arte behinik behin (pisu hori loteak eman beharko du batez beste); gertu dagoela beharrezko kontrolak pasatzeko; eta erregistro-liburu bat ere edukiko duela honako datu hauek jasotzeko:

d) Gizendegian sartzen den lote bakoitzerako:

– Lote-zenbakia, zenbat arkume dituen, eta zein egunetan hasi den haiek gizentzen,

– Arkumeen identifikazio-marka, eta

– Nondik datozen (ustiakuntza)

e) Gizendegitik ateratzen den lote bakoitzeko:

– Zein egunetan ateratzen den

– Loteko arkumeek batez beste zein pisu duten, eta

– Nola osaturik dagoen, hau da, kanpora doan lote horretako arkumeak zein lotetan sartu ziren (kopuruak: halako lotetan hainbeste...).

Gizendegiko jabeak ez badu konpromiso hori betetzen, 48. artikuluan jasota dauden ondorioak etorriko zaizkio.

Abereak gizentzeko instalazioetarako baimenak hartarako aginpidea daukan aginteak emango ditu, 2814/90 (EEE) zk.dun erregelamenduaren arabera.

3.– Ekoizleak berak gizentzen baditu, berak hartu beharko du konpromiso hori. Artikulu honetako 1. paragrafoan aipaturiko deklarazioarekin batera bidali beharko du.

4.– Baldintza horietan zenbat arkume gizentzen den, hainbat ardiri emango zaio kategoria larriko prima, baina, hori bai, laguntza eskatzeko erabili diren ardi guztien gutxienez %40 izan behar du kopuru horrek.

5.– Gizentzeko diren kategoria arineko arkumeak markatu egin beharko dira. Edozein sistema erabil daiteke markaketa horretan, baina aberea nondik datorren eta zein lotetakoa den jakiteko aukera eman behar du, gizentzen ari den bitartean bai behintzat.

IV. KAPITULUA
KONTROLAK

44. artikulua.– Kontrol-planak.

Laguntzak jasotzeko baldintza horiek denak benetan beteko direla seguru izateko, Nekazaritzako Zuzendaritzak kontrol-plan bat egingo du foru-aldundiek lagunduta. Plan horiek xedapen honetan jartzen duen guztia bete beharko dute.

45. artikulua.– Nola egingo duten.

1.– Hartarako aginpidea daukan foru-organoak behar hainbat kontrol egingo ditu –administratiboak batzuk, eta joan beharreko tokira joanda beste batzuk-, laguntzak jasotzeko baldintzak benetan betetzen direla seguru izateko. Beharrezkoa bada, teledetekzio-sistemarik eta satelite bidezko irudirik ere erabil daiteke zer edo zer konprobatzeko.

2.– Kontrol administratibo hori sistema informatiko batean egongo da oinarriturik. Sistema horretan, konprobazio gurutzatu sail bat egongo da: batzuk, lur-sailenak, eta beste batzuk, deklaraturiko abereenak. Azkenean, kontua inori laguntza bikoitzik ez ematea da.

46. artikulua.– Irizpideak eta ezaugarriak.

1.– Hara bertara joanik egin beharreko kontrol horietan, "lur-azaleraren araberako laguntzetarako" eskarien %5 eta abeltzantzarako prima-eskarietako espedienteen %10 aztertuko dira gutxienez, lagin modura.

Eta kontrol horietan ikusten bada badela zer edo zer –ez edonolako zer bat gainera- ondo egin ez denik, urte horretan zehar kontrol gehiago egin ahal izango dira, eta hurrengo urtean, berriz, eskari gehiago kontrolatuko dira.

2.– Hartarako aginpidea daukan foru-organoak erabakiko du justu zein eskari kontrolatu behar den hara bertara (joan beharreko tokira) joanik. Horretarako, bi gauza hartuko ditu kontuan: eskari bakoitzean ezer gaizki egiteko zenbaterainoko arriskua dagoen, eta laguntza-eskari horietako bakoitza zenbateraino den beste guztien adierazgarria. Hori guztia, gainera, 3887/92 zk.dun (EEE) erregelamenduko 6. artikuluko 4. idatz-zatian xedaturik dagoenaren arabera.

3.– Hara bertara joanik egindako kontrol horiek aurretik batere pentsatu gabe egingo dira. Nahi izanez gero, esplotazioetako jabeei bai abisa dakieke lehenxeago, baina, oro har, ez 48 ordu baino lehenago.

4.– Abeltzantzako prima-eskariak kontrolatzea denean kontua, 1. idatz-zatiko gutxieneko muestra edo lagin horretako eskarien %50 erretentzio-epean kontrolatu beharko dira.

5.– Tartean ezinbesteko kasurik ez badago behintzat benetan, ezinezkoa bada hara bertara joan eta dena delako kontrola egitea eta errua eskari-egilearena bada, eskariari ezezkoa erantzungo zaio.

47. artikulua.– Behi-aziendarako primak nola kontrolatu.

Behi-aziendarako prima berezia eta behi ume-hazle bakoitzeko prima kontrolatzea denean kontua, kontrol administratiboaren barruan, prima jasotzeko baldintzak abere guztiek betetzen ote dituzten ere kontrolatuko da. Identifikazio-kodeak erabiliko dira horretarako (prima eskatzeko erabili diren abereez ari gara noski).

48. artikulua.– Arkume gizenduetarako primak nola kontrolatu.

Hartarako aginpidea duten foru-organoek gizendegiak ere ikuskatuko dituzte. Dekretu honetako 43. artikuluan xedaturiko horretan parte hartu nahi duten ekoizleen arkumeak gizentzeko erabiltzen diren instalazioen %10 ikuskatuko dute.

49. artikulua.– "Lur-azaleraren araberako laguntzen" kontrolen ondorioak.

1.– Larretarako lur-azalera, benetan, deklaraturikoa baino handiagoa bada, laguntza moduan zenbat diru eman erabakitzeko, deklaraturiko hori hartuko da kontuan.

2.– Eta kontroletan ikusten bada deklaraturiko lur-azalera benetan dagoena baino handiagoa dela, benetan zenbat dagoen hartuko da kontuan laguntzak zehazteko orduan. Baina ez hori bakarrik: aldea %3koa (edo bi hektareatakoa) eta %20koa bitartekoa bada, benetako lur-azalera horri puska bat kenduko zaio, hau da, dena delako alde horren bikoitza; eta alde hori %20koa baino handiagoa bada, ez da laguntzarik emango.

3.– Erabili beharreko haziak egiaztatua behar badu izan (gari gogorra eta olio-landareak), eta benetan ez baldin bada gutxienez erabili behar zen beste erabili, laguntzak zein azaleratarako eman zehazteko, zatiketa bat egin beharko da: benetan zenbat hazi egiaztatu erabili diren zati zenbat erabili behar zen, gutxienez, hektareako (gutxieneko kopuru hori dekretu honetako 10. artikuluan dago zehazturik).

4.– Bertan behera utzitako lurrak kontrolatzea denean kontua, baldintza guztiak betetzen dituen bezain besteko azalera hartuko da aintzakotzat. Halako azalera bat utzi behar dutela deklaratu badute baina benetan utzitakoa ez bada tamaina horretakoa, benetan zenbat utzi den ikusiko da laguntza-ordainketak kalkulatzeko (zereal, olio-landare, proteaginosa eta ehungintzarako ez den lihotarako erabili diren lurrez ari gara).

Eta 9. artikuluan xedaturik dagoenaren kontra eusten bazaio lur-sailen bati, halako sail batengatik ez zaio inori laguntza-ordainketarik egingo. Hala ere, benetan bertan behera zenbat lur uzten den bai hartuko da kontuan beste landareen ordainketetarako.

50. artikulua.– Abeltzantzako primak kontrolatzeak dakartzan ondorioak.

1.– Eskarian deklaraturikoak baino abere gutxiago badago benetan, egiatan zenbat dauden hartuko da kontuan primak kalkulatzeko. Baina ez hori bakarrik: tartean ezinbesteko kasurik ez badago, guztira laguntza txikiagoa emango da. Hara nola murriztuko den:

a) Gehienez ere hogei aberetarako bada eskaria:

– Aldea bi aberetakoa edo txikiagoa bada, alde hori ehunekotara pasa, eta horixe gutxiago jasoko du laguntza modura,

– Alde hori bi aberetakoa baino handiagoa eta 4koa baino txikiagoa edo 4koa bada, alde hori ehunekotara pasa, eta horren bikoitza kenduko zaio hasierako laguntzari,

– Lau aberetakoa baino handiagoa bada diferentzia, ezingo da laguntzari batere eman.

b) 20 baino abere gehiagotarako bada eskaria:

– Diferentzia ehunekotara pasa eta horixe, baldin eta %5koa edo txikiagoa bada,

– %5 baino handiagoa baina %20 baino txikiagoa edo %20koa bada, dena delako ehuneko horren bikoitza, eta

– aldea %20koa baino handiagoa bada, ez da laguntzarik izango.

2.– Aldea ehunekotara pasatzeko orduan, aurreko paragrafoko a) letrako eskarietan, eskatutako kopuruarekiko pasako da ehunekotara.

Eta b) letrako eskarietan, berriz, kontrolean agertu den abere-kopuruarekiko pasako da ehunekotara diferentzia.

Zigorra kalkulatzeko, kontrolean agertu den abere-kopuruaz gainera, hil direnak edo ezinbestean kendu behar izan dituenak ere hartuko dira kontuan, halakoren baten berri eman badu abeltzainak. Baina prima ordaintzeko, ordea, kontrolean agertu direnak eta kendu behar izan dituenak bakarrik hartuko dira kontuan.

3.– Ekoizleak ezin izan badu –derrigorrez egin behar baitu- erretentzio-obligazioa bete, baina arrazoia ezinbestekoa bada, arrazoi hori agertu den momentuan laguntzak jasotzeko moduan dituen abere guztiek izango dute, ez gutxiagok, prima jasotzeko eskubidea. Baina arrazoi hori jakinarazi egin behar du, behar den bezala, agertzen denean.

4.– Artaldeak halaxe ibili beharra dakarrela-eta, abeltzainak ezin badu prima eskatzeko erabili zituen abereak erretenitzeko hitza bete, behar beste erretenitu dituen horiei dagokien laguntza bai ordainduko zaio (laguntza jasotzeko modukoak badira, jakina). Baina, hori horrela izan dadin, ekoizleak abere-gutxitze hori dena delako foru-organoari jakinarazi beharko dio, idatziz, hamar egun balioduneko epean, jakiten duenetik hasita.

5.– Ezinbesteko kasuak eta froga (frogatu egin behar baitira) idatziz azaldu behar dira, dena delako foru-organoak nahi duen bezalaxe. Egiteko moduan denetik aurrera, ekoizleak hamar egun baliodun izango ditu azalpen horiek emateko.

6.– Bazkatarako lur-azalera benetan dagoena baino gehiago deklaratu bada, eta alde hori benetan dagoen azaleraren %20 baino handiagoa bada, azalera horren arabera, behintzat, ez da behi-aziendatarako primarik emango.

51. artikulua.– Ardi- eta ahuntz-aziendarako primak kontrolatzeak dakartzan ondorioak.

Ardi- eta ahuntz-ekoizleak aukera gutxiagoko eskualdeetan aritzen badira, baina darabilten lur-azaleraren %50 baino gutxiago badago, benetan, aukera gutxiagoko eskualde batean, ez dute 41. artikuluan arauturiko laguntza berezia jasoko. Baina ez hori bakarrik: ardi bakoitzeko prima ere murriztu egingo da, diferentzia horren (%50era iristeko falta zaion tartearen alegia) ehuneko berean.

52. artikulua.– Arkume gizenduetarako primak kontrolatzeak dakartzan ondorioak.

43. artikuluan jasotako kasurako, deklaratutakoak baino arkume gutxiago gizendu dituela ikusiko balitz, ekoizleak ezingo luke kategoria larriko primarik jaso. Baina hau ere kontuan hartu behar da:

a) Baina arrazoi naturalengatik gertatu bada arkume-gutxiagotze hori, bai ordainduko zaio kategoria astuneko prima, laguntza jasotzeko moduan den arkume-kopuruaren arabera. Prima hori jasotzekotan, hala ere, gutxiagotze hori 43. artikuluko "gizentze-erregistroan" zehaztu beharko du, arrazoiekin batera, eta, gainera, lotea gizentzeko epea amaitzen denean, dena delako foru-organoari jakinarazi beharko dio gutxiagotze hori.

b) Gutxiagotze hori ezinbesteko kasuren batek eragin badu, kasu hori agertzen denean laguntzak jasotzeko moduan diren arkumeen zenbatekoaren arabera ordainduko da kategoria astuneko prima. Aurreko a) idatz-zatian bezala, gutxiagotze hori –eta baita arrazoiak ere- gizentze-erregistroan zehaztu beharko da, eta lotea gizentzeko epea amaitzean, dena delako foru-organoari jakinarazi beharko zaio. Ezinbesteko kasu horiek banan-banan aztertuko dira hala ote diren edo ez, azaldu dituzten gorabeherei eta eman dituzten arrazoien argitara.

c) Komeni den kasuetan a) eta b) idatz-zatietan aipatzen direnak kendu, eta, hori eginda, laguntza jaso dezakeen arkume kopuruaren eta deklaratutako kopuruaren arteko aldea %20koa edo txikiagoa baldin bada, kategoria larriari dagokion prima ordainduko da, baina %15ean murriztuko da kopuru hori, laguntza jasotzeko moduan den arkume-kopuruaren arabera. Dena den, kontuan eduki beharko da foru-aldundian eskumena duen organoak esaten duena, hau da, diferentziak ezin izango du egon nahita edo utzikeria larriagatik egindako deklarazio faltsuan oinarrituta.

53. artikulua.– Deklarazio faltsua.

Izan daitekeen erantzukizun penal edo administratiboak bere horretan jarraituta ere:

a) utzikeria larriagatik deklarazio faltsua egiten baldin bada, eragiten dion ekoizleak ez du mota horretako laguntzarik jasoko eskatu duen urte horretan, eta

b) deklarazio faltsua nahita egindakoa baldin bada, eragiten dion ekoizleak ez du mota horretako laguntzarik jasoko ez urte horretan eta ezta hurrengoan ere.

54. artikulua.– Ezinbesteko kasuak, eta akatsak konpontzea.

1.– Kasu bakoitzean kontuan hartzekoak izan daitezkeen gorabeherak direnak izanda ere, foru-erakundean eskumena duen organoak ondorengo egoerak onartu ahal izango ditu ezinbesteko kasutzat:

a) Ekoizlea hiltzea.

b) Ekoizleak lanbideak eragindako eta luze iraungo duen ezintasun bat izatea.

c) Ekoizleari ustiakuntzan erabiltzen duen azaleraren zati handi bat kentzea, baina baldin eta egoera hori ez bazen aurreikusteko modukoa eskaera aurkeztu zen unean.

d) Naturako hondamendi larria gertatzea eta horrek ustiakuntzako lurrei neurri handian kalte egitea.

e) Abelazkuntzarako diren eraikinak hondatzea, istripuren baten bidez.

f) Ekoizlearen buru guztiek edo zati batek epizootia bat jasatea.

2.– 49, 50, 51, 52 eta 53. artikuluekin bat ezartzekoak diren zigorrak ez dira jarriko, ekoizleak berak aurkeztu duen eskarian akatsak daudela ikusi (ez nahita egindako akatsak edo utzikeria larriaren ondoriozkoak direnak) eta akats horiengatik zigorren bat izan dezakeela jakinda, laguntza kudeatzen duen organoari akats horien berri idatziz ematen baldin badio, akatsez ohartu eta 10 egun igaro baino lehen; horrela jarduteak ez dio onurarik ekarriko organo kudeatzaileak lekuan bertan kontrolatu nahi duela jakinarazi badio ekozleari, edo ekoizleak beste bide batzuetatik kontrol hori egingo dela jakin badu, edo organo kudeatzaileak berak jakinarazi baldin badio eskarian irregulartasunak daudela.

V. KAPITULUA
EBATZI ETA ORDAINTZEA

55. artikulua.– Arau orokorrak.

1.– Dekretu honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzea foru-aldundietako nekazaritzako departamentuen egitekoa izango da; aldundi bakoitzak bere lurraldean dauden ustiakuntzei buruzko edo lur gehienak bere lurraldean dituen ustiakuntzei buruzko kudeaketa-lanak burutuko ditu, beti ere nekazaritzako zuzendaritzarekin elkarlanean, hain zuzen ere irailaren 26ko 425/1996 Dekretuan erabakitakoaz bat; dekretu horretan Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzako politika bateratuaren laguntzak ordainduko dituen erakundea sortu zen, eta nola jardungo duen eta erakunde horretako aldaketak nola egin behar diren ere zehaztu zuen.

2.– Dekretu honetako II eta III. kapituluetan aipatzen diren laguntzak 425/1995 Dekretuan esaten denaren arabera ordainduko dira, aldez aurretik nekazaritzako zuzendariak kasuan kasuko ebazpenak idatzi eta gero; epeak, berriz, kapitulu honetan zehaztutakoak izango dira.

3.– Laguntzaren bat eskatu eta horren zenbatekoa 50 eurotakoa edo txikiagoa baldin bada, laguntza hori ukatzeko aukera egongo da.

56. artikulua.– Lur-azaleraren araberako laguntzak ordaintzea.

Lur-azaleraren araberako laguntzak ondorengo epeetan ordainduko dira:

a) Zereal, proteaginosa, ehungintzarako ez den liho eta, hala dagokionean, gari gogorrarentzako lurren azaleraren araberako laguntzaren osagarria eta lurrak bertan behera uzteagatik emandako laguntzak denak aldi batean ordainduko dira, uzta jaso ondorengo azaroaren 16tik urtarrilaren 31ra bitartean.

b) Elikagaiak ekoizteko erabiltzen ez diren lurrak bertan behera uzteagatik emandako laguntzak, hain zuzen ere 9. artikuluan aipatzen direnak, uzta jaso ondorengo azaroaren 16tik martxoaren 31ra bitartean ordainduko dira.

c) Behin-betiko laguntzak zenbatekoak diren argitaratzen denetik 60 egun igaro baino lehen emango dira alea duten zenbait lekadunengatik ematen diren laguntzak.

57. artikulua.– Behi-okela ekoizten dutenentzako primak ordaintzea.

1.– Behi-okela ekoizten dutenentzako zuzeneko laguntzak laguntzak eskatu eta hurrengo urteko ekainaren 30a baino lehen ordaindu beharko dira, beranduenez ere.

2.– Laguntzak eskatu diren urteko urriaren 16tik aurrera, eta administrazio-kontrolek eta ustiapen-lekuan bertan egindako kontrolek diotenaren arabera, ekoizleari aurrerakin bat ordainduko zaio (%40koa izango da zekorrengatik jasotzen den prima bereziaren kasuan eta abereak hiltzeagatik jasotzen den laguntzaren kasuan, eta %60koa gainontzeko kasuetan), laguntza jasotzeko moduko abere kopuruaren arabera.

3.– Behin-betiko prima jasotzerakoan, eskuratuko den kopurua ekoizleari dagokiona ken aldez aurretik eskuratutakoa izango da.

58. artikulua.– Ardi- eta ahuntz-okela ekoizten dutenentzako prima ordaintzea.

Ardi eta ahuntzei dagozkien primak honela ordainduko dira:

a) Foru-aldundietan eskumena duten organoek nekazaritzako zuzendaritzara onuradunei buruzko datuak bidali eta gero (euskarri magnetikoan bidali beharko dituzte datu horiek) seihileroko aurrerakinak ordainduko dira, eta kopuru hori ustez eman beharreko prima osoaren %30ekoa izango da.

b) Primaren kopuru osoa eskabideari dagokion urteko ez hurrengoko urriaren 15a baino lehen ordaindu beharko da, aldez aurretik ordaindutako kopuruak kenduta.

59. artikulua.– Ebazpenik eza.

56, 57, 58 eta 59. artikuluetan aipatzen diren epeak igaro eta berariaz ebazpenik idatzi eta jakinarazi ez baldin bada, eskaerak ez direla kontuan hartu pentsatu beharko da, hain zuzen ere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 44. artikuluan (4/1999 Legean jasotzen den eran) esandako moduan.

60. artikulua.– Ez dagokienei ordaindutakoak.

1.– Ekoizleek ez dagokien kopururen bat eskuratu baldin badute, kopuru horiek itzuli egin beharko dituzte, EEEko 3887/92 zenbakidun erregelamenduko 14. artikuluan xedatutakoaz bat, eskuratu zituztenetik berriz ere itzuli arte igarotako denboran legez interesek emango luketena ordaintzeaz gainera. Ez dagokienei ordaintzeko arrazoia ordaitzearen ardura zuen organoaren akats bat izan baldin bada, ez da interesik ordaindu beharko.

2.– Hala ere, ordaintzen duen erakundeko zuzendariak, ebazpen baten bidez beste bide hau hartzea ere ebatzi ahal izango du: dirua berreskuratu ordez, ekoizle horri hurrengo beste kopururen bat ematea erabakitzen baldin bada, harentzako lehen aurrerakinetik lehen gaizki eskuratutakoa deskontatuko da, dirua itzuli behar duela erabaki eta hurrengo laguntza eskuratzen duenean. Kasu horretan, ez da interesik sorraraziko, ebazpen hori hartzen den unetik aurrera. Dena den, kendu beharrekoa kendu aurretik jaso ahal izango du dirua ekoizleak.

3.– Dirua itzultzeko 1. idatz-zatian ezarritako obligazioa ez da bete beharko ordaintzearen arrazoia eskumena duen administrazioak berak edo beste administrazioren batek egindako akatsaren ondorioa bada eta ekoizleak akatsaren berri izateko aukerarik eduki gabe borondate onez jardun eta indarrean dauden xedapen guztiak errespetatu baldin baditu.

Hala ere, zenbat ordainduko den zehazteko garrantzia duten datuekin zerikusia dutenak baldin badira akatsak, aurreko parragrafoan esaten dena ezartzeko, berreskuratzeko erabakia dirua ordaindu eta hurrengo 12 hilabeteetan komunikatu gabe egondakoa izan beharko da.

Edozein modutan, idatz-zati honetako aurreko paragrafoetan xedatutakoa ezarri ahal izateko, ez da dirua berreskuratzea eskatuko dekretu honetako 49, 50, 51, 52 eta 53. artikuluetan edo Batasuneko, autonomia erkidegoko edo estatuko beste erabakiren batean ezarritako zigorretakoren bat betetzea dela eta.

3.– Ez dagokiona eskuratu dela eta itzuli beharreko kopurua, ekoizle eta urte bakoitzeko, 100 eurotatik beherakoa baldin bada, gerta liteke halakorik ez eskatzea.

XEDAPEN GEHIGARRIA

1985eko azaroaren 12ko aginduan esaten denaz bat (agindu horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura egingo diren gastuen espedienteak aldez aurretik nola izapidetu zehazten da), dekretu honetan kasuan kasuko ekitaldietarako arautzen diren laguntzak eman ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrean horretarako kreditu egokia eta behar bestekoa eduki beharko da zehaztuta.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2000. urtean, 2000ko urtarrilaren 2tik dekretu hau indarrean sartu arte aurkeztutako eskariak baliozkotzat hartuko dira, Europako erregelamenduak zuzenean aplikatzekoak direla kontuan izan behar baita.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Nekazaritza eta arrantza sailburuak, bere eskumenen baitan, aukera izango du Europako araudian edo estatuko oinarrizko legedian aldaketaren bat sortzen baldin bada, agindu bidez dekretu honetan esaten dena aldatu ahal izateko.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2000ko urtarrilaren 18an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

IÑAKI GERENABARRENA MARTINEZ DE LAHIDALGA.


Azterketa dokumentala