Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

12. zk., 1999ko urtarrilaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

INDARGABETUTAKO XEDAPENA

Xedapen Orokorrak

Herrizaingo Saila
232

388/1998, abenduaren 22koa, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuen Hornidurari buruzko Araudia onesten duena.

Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legea indarrean jarri zenean, Euskal Herriko Polizian dauden kidegoen (Ertzaintza eta tokian tokiko udaltzaingoak) berariazko arau-multzoa hasi zen gorpuzten. Lege hura garatzeko asmoarekin, aldian-aldian arau gehiago eman dira legezko aurreikuspenak osatzeko. Hala, ondokoak onetsi dira, besteak beste: Euskal Herriko Poliziak Aukeratu eta Prestatzeari buruzko Araudia, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Disziplina Araubideko Araudia, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Kategorien arteko Baliokidetasunak ezarri dituen Dekretua, eta, oraintsu, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioak ezgaitasun fisiko edo psikikoaren zioz bigarren jarduerako administrazio-egoerara pasatzea araupetu duen Dekretua.

Aurrerakin horiekin, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuen Hornidurari buruzko Araudia funtsezko tresna da Euskal Herriko Poliziaren berariazko estatutu-araubidea osatzeko. Lanpostuak hornitzeko prozeduretan nahitaez bete beharreko arau orokorrak eta lanpostuok hornitzeko sistema bakoitzaren ezaugarri bereizgarriak argiro definitzea oso garrantzitsua da bi alderditatik begiratuta: batetik, arauek horniduraren eremua mugatuko dute eta, ondorioz, funtzionario guztien bermeak eta eskubideak zehaztuko dituzte; bestetik, poliziaren herri zerbitzuaren arduradunei bidea emango die jendearen askatasuna bermatzea xede duen pertsona-erakunde hierarkizatu baten jarduna eraginkortasunarekin antolatzeko, legez egin behar duen bezala.

Horregatik guztiagatik, nahiz eta asmoa Poliziari buruzko Legean diseinatutako araubide juridikoa euskal funtzio publikoarenetik ahalik hurbilen egotea izan, polizia kidegoek dituzten antolakuntza-premiek, beraien zeregin berezien ondorio direnek, arau bereziak eragin dituzte, hain zuzen ere Legeak sortu behar izan dituenak. Araudi honetan Poliziari buruzko Legearen lanpostuen hornidurari buruzko atalak garatu eta osatu ditu, batez ere III. Idazpuruko II. Atalburua.

Araudiko I. Atalburuan Euskal Herriko Poliziako funtzionarioen lanpostuen horniduran eraentzaile diren xedapen erkide orokor eta nahitaez bete beharrekoak ageri dira. II. Atalburuan merezimendu-lehiaketako prozeduraren erregelak aztertuko dira eta III. Atalburuan izeneztapen askeari dagozkionak. Azkenik, IV. Atalburuan lanpostuak hornitzeko bestelako erak ageri dira, hornidurako aparteko sistemak, alegia; sistema horiek antolakuntzak dakartzan beharrizanak asetzeko sortu dira, herri administrazioek beren burua antolatzeko duten ahalgoaren bidez. Horietakoak dira: lanpostu batetik beste batera lekualdatu beharra, atxikipenaren aldaketa dela bide; aldi baterako premiak asetzea edo zeregin jakinetan jardutea xede duten zerbitzugintzak; poliziako funtzionarioak bigarren jarduerako administrazio-egoeran adieraztea.

Ondorioz, Herrizaingo sailburuaren proposamenez, Ertzaintzaren Kontseiluak eta Euskal Herriko Udaltzaingoen Koordinaziorako Batzordeak txosten bana emanik, Estatu Kontseiluarekin bat etorriz eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1998ko abenduaren 22an egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Atal bakarra.– Araudia onestea.

Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuen Hornidurari buruzko Araudia onestea.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Euskal Herriko Polizia Autonomoari buruzko Araudia, Segurtasun Batzak 1982ko ekainaren 15ean onetsia, indargabetu da, eta harekin batera baita dekretu honetan xedaturikoaren aurkako lerrun bereko edo beheragoko lerruneko arauak ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Herrizaingo sailburuari ahalmena eman zaio dekretu honetan ezarritakoa betearazi eta garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gazteizen, 1998ko abenduaren 22an.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.

Herrizaingo sailburua,

JOSÉ MANUEL MARTIARENA LIZARAZU.

ERANSKINA

EUSKAL HERRIKO POLIZIA KIDEGOETAKO FUNTZIONARIOEN LANPOSTUEN HORNIDURARI BURUZKO ARAUDIA

I. ATALBURUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. atala.– Aplikazio-eremua.

Araudi hau Euskal Herriko polizia kidegoetako funtzionarioen lanpostuen hornidura-prozeduretan aplikatuko da.

2. atala.– Hornidura-sistemak.

1.– Euskal Herriko polizia kidegoetako funtzionarioen lanpostuak merezimendu-lehiaketa arrunt edo zehatzaren eta izeneztapen askearen bidez hornituko dira, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legean, araudi honetan eta lanpostuen zerrendan ezarritakoarekin bat etorriz.

2.– Zerbitzurako hala behar denean, lanpostuak langileen atxikipenak aldatuz hornitu ahal izango dira. Halaber, behin-behineko atxikipenaren bidez eta zerbitzugintzen bidez ere hornitu ahal izango dira aldi baterako, araudi honetan ezarritako balizko kasuetan.

3. atala.– Deialdiak.

1.– Euskal Herriko polizia kidegoetako funtzionarioek lan egingo duten lanpostuak hornitzeko lehiaketak eta izeneztapen askea erabiliko dira, eta prozedura horietan araudi honetan, lanpostuen zerrendan eta aplikatu ahal diren gainerako arau zehatzetan ezarritakoa beteko da beti.

2.– Ertzaintzako lanpostuak hornitzeko egiten diren deialdiak, dela lehiaketa bidez, dela izeneztapen askearen bidez, Ertzaintzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Euskal Herriko polizia kidegoetako lanpostuetarako deialdiak kasuan kasuko lurralde historikoko aldizkarian argitaratuko dira. Hori gora-behera, deialdietan deialdia egin duena ez beste herri administrazioren bateko funtzionarioek hornitu ahal dituzten lanpostuak egonez gero, deialdiaren laburpena argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaritzaren Aldizkarian.

3.– Deialdietan ondokoak agertu beharko dira hornitu beharreko lanpostuez:

a) Lanpostuaren izendazioa, kokaera, maila eta osakin zehatza.

b) Hartan jarduteko eskatzen diren beharkizunak, batez ere hizkuntz eskakizuna eta, hala denean, haren manuzko data.

c) Eskabideak aurkezteko epea; epe hori inolaz ere ezin izan daiteke hamabost egunekoa baino laburragoa, deialdia kasuan kasuko aldizkari ofizialean azkenengoz argitaratzen denetik zenbaturik.

d) Baloratu beharreko merezimenduak eta puntuak emateko baliatuko den baremoa, bai eta, hala behar bada, egin beharreko saio bereziak ere, lanpostua eskuratzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa eta aukeraketa batzordeko kideen izenak.

4.– Hornidurako prozedurez ematen diren ebazpenak atal honetako 2. idazatian ezarri den bezala argitaratuko dira; hala ere, salbuespenak egingo dira lanpostu batzuekin, haietan egin beharreko lana babestekoa edo isilpekoa delako, eta halakoetan salbuespenaren berri emango da deialdian bertan. Dena den, interesatuei banaka jakinaraziko zaie ebazpena. Nolanahi ere, prozeduren ebazpenak sistema kodetuan argitaratu ahal izango dira, ukituriko funtzionarioen nortasuna isilpean mantentzeko.

4. atala.– Organo eskuduna.

Ertzaintzako funtzionarioen lanpostua hornitzeko deialdiak Segurtasun sailburuordearen eskumenekoak dira, eta udaltzaingoetako funtzionarioen lanpostua hornitzekoak kasuan kasuko toki erakundearen eremuan iratxikita duen organoarena.

5. atala.– Parte hartzeko beharkizunak eta baldintzak.

1.– Baldin eta eskatzen diren baldintza orokorrak eta deialdiko beharkizunak betetzen badira deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, hizpide ditugun deialdietan parte hartu ahal izango dute zerbitzu aktiboan dauden funtzionarioek, zerbitzu berezietan ari direnek, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 82. atalean haurrak zaintzeko ezarritako eszedentzian daudenek, eta lege horren 89.2. atalean ezarri bezala berriz ere zerbitzu aktiboan hasten direnek.

Halaber, deialdian parte hartu ahal izango dute derrigorrezko eszendentzian edo beste herri administrazioren baten zerbitzuan egon ondoren berriz ere zerbitzu aktiboan hasten direnek, bai eta Poliziari buruzko 63. atalean xedatutakoarekin bat etorriz birgaitzen direnek ere; orobat, parte hartu ahal izango dute sei hilabete baino luzeago etenduran egonikoek eta beren borondatez eszendentzian egonikoek, baldin eta halako egoeretarako ezarritako aldia amaitu bada.

2.– Halaber, lanpostuen zerrendetan bigarren jarduerako egoeran dauden langileek egiteko moduko legez ageri diren lanpostuak hornitu ahal izango dituzte kidegoko karrerako funtzionarioetatik egoera horretan daudenek, baldin eta deialdiko baldintzak betetzen badituzte eta ezaugarri bereko beste lanpostu batez behin betiko jabetu zirenetik gutxienez bi urte igaro badira. Prozedura horren bitartez berriz ere bigarren jarduerako egoeran sartzen direnek ere parte hartu ahal izango dute.

Deitzen diren hornidura-prozeduretan plazarik eskuratzen ez duten funtzionarioek Araudiko 27. atalko 1. idazatian adierazitako organoaren eskuko segituko dute, eta Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 88.3. atalean ezarritako ordainsariak izango dituzte. Bigarren jarduerako langileek jarduteko moduko plaza hornitu gabeak deialdikoei gehituko zaizkie, 1. atalean xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Deialdietan ezin hartu izango dute parte zeregin-etenduran dauden funtzionarioek hala dauden artean, ez eta, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Disziplina Araubideari buruzko Araudiaren 15. atalean ezarri bezala, zehapen bidez lekualdatuta daudenek ere.

Lanean gutxieneko aldia egon beharra ezarrita duen lanpostuari atxikita dauden funtzionarioek ezin hartu izango dute parte ezarritako lanaldian (lanpostuen zerrendan ageri dena) egiten diren hornidura-deialdietan; hala ere, horrek salbuespena izango du, eta hain zuzen ere organo eskudunak lanpostu hari uko egitea onartzen duenean, edo funtzionarioak lotura eta xede bereko lanpostua eskuratu nahi duenean, edo barruko sustapenaren bidez lanpostua galtzea dakarren kategoriara heltzen denean. Hori gora-behera, kategoria berrian deialdiko lanpostuaren lotura eta xede bereko lanpostutsik badago, haietako bati atxikiko zaio, eta bertan egon behar dute gutxieneko lanaldia amaitu arte.

6. atala.– Parte hartzeko eskabideak aurkeztea.

1.– Honidurako deialdietan parte hartzeko eskabidea deialdiko oinarrietan onetsitako agiri normalizatuan formulatu beharko da, eta deialdia egin duen organoari bidaliko zaio. Eskabidean, eskaturiko destinoa adieraziko da; bat baino gehiago adieraziz gero, lehentasun-hurrenkeran jarri beharko dira.

2.– Eskabideak aurkezteko epea ez da inoiz ere hamabost egunekoa baino laburragoa izango, deialdia kasuan kasuko aldizkari ofizialean azkenengoz argitaratzen denetik zenbaturik.

7. atala.– Langileen erregistroan idaztoharrak egitea.

Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen administrazio-bizitzan araudi honetan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz gertatzen diren gorabeherak langileen erregistroan agertaraziko dira. Hala ere, haiek ageri diren administrazio-agiriak interesatuen espediente pertsonaletan egongo dira, eta espedienteok kasuan kasuko langileen kudeaketarako organoak edukiko ditu.

II. ATALBURUA

LANPOSTUAK MEREZIMENDU-LEHIAKETA BIDEZ HORNITZEA

8. atala.– Deialdiak.

Lanpostuak hornitzeko lehiaketak lanpostu bakarrerako zein eskala edo kategoria bat baino gehiagoko lanpostu batzuetarako deitu ahal izango dira. Eskala edo kategoria bat baino gehiagoko lanpostutsak badaude, deialdian bertan adierazitako eskala edo kategorietako lanpostutsak soilik agertu ahal izango dira.

Halaber, deialdi batzuetan egin beharreko zereginak direla eta hornitzeko beharkizun zehatzak dituzten lanpostuak soilik ager daitezke, hots, lanpostuen zerrendan hala ezarrita daudenak.

9. atala.– Merezimenduak eta haiek frogatzeko moduak.

1.– Lehiaketetan eskainitako lanpostuen ezaugarriei dagozkien merezimenduak baloratu beharko dira, eta haiek nola baloratu deialdian bertan adieraziko da. Ondoren, baloratuko diren merezimendu nagusiak azalduko ditugu: antzinatasuna, gradu pertsonal jakina izatea, egindako lana, gainditutako prestakuntza eta hobekuntzako ikastaroak, tituluak eta gradu akademikoak, eta, kasuan-kasuan, euskararen ezagutza eta lanbide- zorionak eta eskerronak. Balorazioan ondoko irizpideak erabiliko dira:

a) Antzinatasuna baloratzeko Ertzaintzan edo udaltzaingoetan igarotako urteak hartuko dira kontuan; alegatzen den zerbitzu baten aldi berean beste bat ere egin dela alegatuz gero, bat konputatuko da soilik. Baremoetan puntuazioa zerbitzuak egin diren eskala edo kategorien arabera bereiziko dira.

b) Gradu pertsonal sendotua kategoriaren arabera baloratuko da. Hala ere, Euskal Herriko polizia kidegoetako lanpostuak hornitzeko lehiaketak deitzen direnean, gradu pertsonala eskaintzen diren lanpostuen arabera baloratu ahal izango da, deialdian hala ezarriz gero.

c) Egindako lana deitutako lanpostuen arabera baloratuko da, deialdian ezarritakoari lotuz, eta balorazioa egitea edo kategoria bakoitzeko lanpostuetan lanean egindako denbora zenbatuko da, edo kontuan izango dira deitutako lanpostuaren arlo bereko lanpostuetan eskuratutako esperientzia eta lanpostugaiak ari diren lanpostuen eta deialdian eskaintzen den lanpostuaren eduki teknikoaren eta espezializazioaren arteko antzekotasuna. Halaber, lanpostugaiek izan diren lanpostuetan ageri izan dituzten gaitasunak eta haien etekinak ere baloratu ahal izango dira.

d) Prestakuntza eta hobekuntzako ikastaroei dagokienez, deialdian berariaz ageri direnak soilik baloratuko dira, eta batez ere Euskal Herriko Poliziaren Ikastegian emanak edo hark baliozkotuak. Horrez gainera, ikastaroen edukiak zerikusia izan behar du deitutako lanpostuen berezko zereginekin. Deialdian parte hartzeko ezinbesteko beharkizun legez eskatzen diren ikastaroak ez dira inolaz ere baloratuko, ez eta kasuan kasuko kategoria edo eskalan sartzeko behar izan direnak ere.

e) Titulu akademiko ofizialak kasuan kasuko lanposturako esanguratsuak direnean baloratuko dira. Inolaz ere ez dira baloratuko deialdian parte hartzeko edota kasuan kasuko kategoria edo eskalan sartzeko ezinbestean eskatzen diren tituluak.

f) Euskal Herriko Polizia kidegoetako langileei ematen zaizkien zorionak eta eskerronak horretaz ezartzen den arautegiaren arabera baloratuko da.

2.– 1. idazatian adierazi diren merezimenduak ondoko portzentaia hauen arabera baloratuko dira:

a) a) letrako merezimenduaren balorazioa ezin daiteke izan guztirako puntuazioaren %40 baino gehiago, ezta %10 baino gutxiago ere.

b) b) eta c) letretako merezimenduen puntuazioen batura ezin izan daiteke izan guztirako puntuazioaren %40 baino gehiago, ezta %10 baino gutxiago ere.

c) d), e) eta f) letretako merezimenduen puntuazioen batura ezin izan daiteke izan guztirako puntuazioaren %40 baino gehiago.

Lanpostugai batzuk puntuetan hainbana suertatuz gero, 1. idazatiko merezimenduetako puntuazioak hartuko dira aintzat. Hala eta guztiz ere hainbanaketa hausten ez bada, lehiatzaileak orain dauden kategoriako karrerako funtzionario noiz egin ziren hartuko da kontuan, eta hala ere ezer argitzen ez bada, funtzionario izateko aukeraketa-prozesuko lehentasun-hurrenkera.

3.– Merezimenduak eskabideak aurkezteko epearen mugaegunean baloratuko dira. Deialdian berariaz adierazten denean, alegaturiko merezimenduak parte hartzeko eskabidea aurkezten den une berean frogatuko dira. Balorazioari ekiten zaionean, lanpostugaiei alegaturiko, edo frogaturiko, merezimenduak egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen diren argibideak emateko edo agiriak ekartzeko eskatu ahal izango zaie.

4.– Euskara jakitea beharkizuna ez denean, merezimendu gisa baloratuko da, kasuan kasuko lanpostuari ezarritako hizkuntz eskakizunaren arabera. Merezimendu horrek gehieneko puntuazioan izango duen portzentaia arautegi aplikagarrian ezarrita dago.

5.– Deialdietan gutxieneko puntuazioa ezarri ahal izango da destinoa adjudikatzeko, baldin eta hornitu beharreko lanpostuetarako beharrezkoa bada.

10. atala.– Lehiaketa zehatzak.

1.– Bete beharreko lanpostuen ezaugarriak aintzat hartuta, deialdian lehiaketak bi fase izango dituela ezarri ahal izango da. Lehenbiziko fasean aurreko atalean adierazitako merezimenduak baloratuko dira, bertan azaldu diren irizpideen arabera. Bigarren fasean lanpostugaiak lanpostuaren ezaugarri jakinetarako egokiak ote direnez ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen diren saio teorikoak edota praktikoak, saio psikoteknikoak edota nortasunari buruzkoak, eta memoriak edota elkarrikuskaketak egingo dira. Deialdian saio horiek guztiok nolakoak izango diren xehekatu beharko da, bai eta haiek baloratzeko erabiliko diren irizpideak eta arauak ere. Saio horiek nahitaez gainditu beharko dira, deialdian bertan ezarriko den bezala, lanpostua hornituko bada.

2.– Deialdietan fase bakoitzean lor daitekeen gehieneko puntuazioa finkatuko da, eta horrez gainera destinoa adjudikatzeko gutxienez lortu beharrekoa ere finkatu ahal izango da.

3.– Merezimenduen balorazioa puntuazioa izango da, eta puntuazioa zenbatekoa den jakiteko aukeraketa batzordeko kideek emaniko puntuazio guztien batez besteko aritmetikoa kalkulatuko da. Ematen diren puntuazioak eta azken balorazioa aktan agertaraziko dira.

4.– Ebazpenean, bi faseetan puntuaziorik handiena lortzen duen lanpostugaia proposatuko da lanposturako.

5.– Era berean, lanpostuen zerrendan adierazitakoaren arabera lanposturen bat atzemateko prestakuntzako jardueraren bat behar bada, deialdian hura egin beharra ezarriko da, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 39.5. atalean ezarrita dagoen bezala. Ebazpenean, behar den prestakuntzako jarduera gainditu eta denetara, lehiaketako merezimenduetan eta lanpostugaiak lanpostuaren ezaugarrietarako egokiak ote direnez ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen diren saio guztietan, puntuaziorik handiena lortzen duen lanpostugaia proposatuko da lanposturako.

11. atala.– Aukeraketa Batzordeak.

1.– Aukeraketa batzordeetako kideen kopurua bakoitia izango da. Gutxienez bost kide izango dira, prozedura deitzen duen organoak izeneztatuak; batek batzordeburu jardungo du eta beste batek idazkari. Kide horiekin batera beraien ordezkoak ere izeneztatuko dira. Gainera, batzorde horietan Ertzaintzaren Kontseiluan ordezkaritza duten sindikatu-erakundeek izeneztatutako langileen ordezkari bat ere egongo da.

Langileen ordezkaria, Ertzaintzari dagokionez, Ertzaintzaren Kontseiluan ordezkaritza duten sindikatu-erakundeen artean txandakatuko da. Txandak nola ezarri beraiek adostuko dute. Nolanahi ere, sindikatu-erakundeek Ertzaintzaren Kontseiluan dituzten ordezkariak beste langile-ordezkari izango dituzte aukeraketa batzordeetan.

2.– Aukeraketa batzordeetako kideek deitutako lanpostuak hornitzeko eskatzen den tituluaren mailako bereko titulua eduki beharko dute, edo hura baino goragokoa.

Aukeraketa batzordeek adituak izenezta ditzala eskatu ahal izango dio hornidura-prozedura deitu duen agintaritzari; adituak hizpidearekin baina hautespiderik gabe arituko dira.

3.– Batzordeek puntuaziorik handiena lortzen duen lanpostugaia proposatuko dute. Lanpostugaien puntuazioak, ebaluatu beharreko kontzeptu guzti-guztiak xehekaturik, aktan agertarazi beharko dira, bai eta azken balorazioa ere.

12. atala.– Ebazpena.

1.– Lehiaketak ebazteko epea bi hilekoa izango da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunaren biharamunetik aurrera zenbaturik, deialdian besterik ezarri ezean.

2.– Lehiaketaren ebazpenean zioak azalduko dira eta arauzko arauak eta deialdiko oinarriak bete direla aipatuko da. Nolanahi ere, prozedura behar bezala egin dela eta lanpostugaien merezimenduen azken balorazioa ongi egin dela frogatu beharko da, ebazpenaren funts izango baitira.

13. atala.– Lanpostuaz jabetzea.

1.– Lanpostuaz jabetzeko epea bi egun baliodunekoa izango da, baldin eta herri batetik bestera joan behar ez bada, edo hamar astegunekoa bestela, herri batetik bestera joan behar bada edo zerbitzu aktiboan berriz hasi behar bada. Hala ere, epe horiek laburtzea egongo da zerbitzuaren premiek hartara behartuz gero, baldin eta prozedura amaitzen duen ebazpenean hala ezartzen bada.

Lanpostuaz jabetzeko epea utzarazpenaren egunaren biharamunetik aurrera hasiko da zenbatzen, eta utzarazpenaren eguna berari buruzko ebazpena kasuan kasuko aldizkarian argitaratzen denekoa izango da. Ebazpenak zerbitzu aktiboan hasi beharra badakar berekin, lanpostuaz jabetzeko epea ebazpena argitaratzen den egunetik konputatu beharko da.

2.– Aurreko idazatian xedatutakoa gora-behera, Segurtasun sailburuordeak edo kasuan kasuko toki erakundearen organo eskudunak utzarazpena zerbitzu-premien zioz geroratu ahal izango dute, eta geroratu ere hamar egun gehienez. Hala gertatzen bada, funtzionarioa destinaturik dagoen antolakuntza-unitatearen arduradunari jakinaraziko zaio.

3.– Lanpostuaz jabetzeko epealdiko denbora zerbitzu aktiboan egintzat joko da ondore guztietarako; honetatik salbu daude lanpostua gordetzen ez den administrazio-egoera utzita zerbitzu aktiboari berriro lotzen zaizkionak.

14. atala.– Destinoak.

1.– Merezimendu-lehiaketetan eskuratzen diren destinoei ezin zaie uko egin; salbuespen bat dago, alegia, lanpostuaz jabetzeko epea amaitu baino lehen deialdi publiko batez beste bat eskuratzea. Lanpostu batez jabetu ondoko bi urteetan ezin har daiteke parte beste ezein lehiaketatan.

2.– Denbora-muga hori ez zaie aplikatuko behin-behinean atxikita daudenei, salbu eta atxikipena lanpostuari uko egitetik badator, ez eta izeneztapen askeko lanpostu baterako izendatu direnei, Poliziari buruzko Legearen 39.5. atalean adierazi bezala lanpostutsak hornitzeko lehenbiziko deialdian parte hartu behar dutenei, edo barruko sustapenez kidegoko beste kategoria batera igo direnei ere.

3.– Adjudikaturiko destinoak borondatezkotzat joko dira eta, ondorioz, ez dute sortuko inolako kalteordainik jasotzeko eskubidea.

15. atala.– Lanpostuaren enkaitzea.

1.– Lanpostua lehiaketa bidez eskuratzen duten funtzionarioak eroritako kariengatik enkaitu ahal izango dira, dela lanpostuaren edukia aldatu delako lanpostuen zerrendaren bidez, dela deialdiaren oinarri izan diren balizkoak aldatu direlako, dela etekin eskasek lanpostuan jarduteko ez dela gai eta hari iratxikitako zereginak behar bezala ezin egin dituela erakusten dutelako. Enkaitzea, kontraesan-espedientea egin ondoren, izendapena egin duen organoaren ebazpenaren bidez burutuko da.

2.– Enkaitzeko proposamen zioztatua funtzionarioa lanean ari den antolakuntza-unitatearen titularrak egingo du, eta ondoren interesatuari jakinaraziko zaio, hark, hamar asteguneko epean, egokitzat jotzen dituen alegazioak eta agiriak egin eta aurkez ditzan. Ebazpena hamar asteguneko epean jakinaraziko zaio interesatuari; beharbada, lanpostua utzi beharra ekarriko du.

3.– Lanpostutik enkaitzen diren funtzionarioak eskala eta kategoria berean hutsik dagoen beste lanpostu bati atxikiko zaizkio behin-behinean, baldin eta hartan aritzeko eskatzen diren beharkizunak betetzen badituzte; atxikipenak utzarazpenaren egunaren biharamunean izango ditu ondoreak.

4.– Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 70.5. atalean xedaturik dagoenarekin bat etorriz, lanpostutik enkaitu ahal izango dira, halaber, bigarren jarduerako langileak aritzeko moduko lanpostuetan ari diren funtzionarioak, baldin eta dena delako polizia kidegoaren premia organiko eta funtzionaletarako beharrezkoa bada eta lanpostua behin betiko hornitu zenean bigarren jarduera gisara aritzeko modukotzat azaldu bazen.

16. atala.– Gehieneko iraunaldia amaitzea.

Lanpostu bati gehieneko iraunaldia amaitzeagatik uzten dioten funtzionarioak eskala eta kategoria berean hutsik dagoen beste lanpostu bati atxikiko zaizkio behin-behinean, baldin eta hartan aritzeko eskatzen diren beharkizunak betetzen badituzte; atxikipenak utzarazpenaren egunaren biharamunean izango ditu ondoreak.

III. ATALBURUA

LANPOSTUAK IZENEZTAPEN ASKEZ HORNITZEA

17. atala.– Izeneztapen askez hornitzeko gordetako lanpostuak.

1.– Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 65.3. atalean xedaturik dagoenarekin bat etorriz, izeneztapen askez hornituko dira lanpostu zerrendetan halakotzat jotzen diren lanpostuak; horretarako arrazoia lanpostuak burutzakoak edota erantzukizun handikoak izatea da.

Nolanahi ere, lanpostu zerrendetan, eta aurreko lerrokadako arrazoiak direla bide, ondoko lanpostuak gordeko dira izeneztapen askez hornitzeko: Ertzaintzaren egiturako sail, atal eta eragiketa taldeetako buruak eta udaltzaingo kideetako buruak.

2.– Lanpostu zerrendetan inolaz ere ezin gorde izango da izeneztapen askez hornitzeko lanpostu guztien %8 baino gehiago.

18. atala.– Deialdiak.

Izeneztapen deialdi publikoaren ondoren egingo da; deialdian, lanpostuaren izendazioa, kokaera, maila eta osakin zehatza eta hartan jarduteko bete behar diren beharkizunak ez ezik, bertan egin beharreko zereginei dagozkien zehaztapenak ere agertuko dira.

19. atala.– Txostenak.

Norbait izeneztatzeko, aurretik hornituko den lanpostua atxikita dagoen administrazio-unitatearen edo organoaren titularrak txostena eman beharko du. Txostenean, lanpostugaietatik bere ustez egokiena dena proposatuko du, edo bestela deialdia hutsik geratu dela adieraziko du. Txostena hamabost asteguneko epean emango da; hala ere, aipatu organoak epea luzatzea erabaki ahal izango du, zioak azaldurik.

20. atala.– Izendapenak.

1.– Izendapenak gehienez hilabeteko epean egingo dira, eskabideak aurkezteko epea bukatu denetik zenbatuko dena, eta hori horrela izango da deialdia egin duen organoak, arrazoiak direla medio, horren luzapena erabakitzen duenean izan ezik.

2.– Izendapenaren ebazpenaren arrazoiak hautatu den hautagaiak deialdian eskatu diren beharkizun eta zehaztapenak betetzea izango dira eta horri ekiteko gaitasuna izan dezala.

Hori guztia gorabehera, hartu den ebazpenaren oinarri moduan bidezko prozedura bete dela bidezkotuko da.

21. atala.– Lanpostuaz jabetzea.

Destino berria jabetzan hartzeari dagokion araubidea araudi honen 13. atalean ezarri dena izango da.

22. atala.– Utzarazpena.

1.– Izendapen askeko lanpostuetarako izendatu diren funtzionarioen kasuan zuhurtziarakotasunez erabaki daiteke hori utzaraztea. Ebazpen horren arrazoiak, dena dela, erabakia hartzeko ahalmenean baino ez daude.

2.– Izendapen askeko lanpostua utzi behar izan duten funtzionarioek behin-behinean eskala eta kategoria bereko beste lanpostu bat jasoko dute, baldin eta hori betetzeko beharkizunak badituzte; eragiketa horrek utzaraztea gertatu den egunaren biharamunaren ondoreak izango ditu.

IV. ATALBURUA

HORNIKUNTZA EGITEKO BESTE ERA BATZUK

23. atala.– Lanpostuen atxikipena aldarazteagatiko mugikortasuna.

1.– Herrizaingo sailburuak edo bidezko toki izakian eskumena duen organoak, zerbitzuaren beharrizanek horrela egitea aholkatzen badute, lanpostuen zerrenda aldaraz dezakete eta, horrela, bidezko kidegoaren lanpostuen atxikipena eta horiei atxikita dauden funtzionarioak kidego bereko beste artolakuntza-unitate batzuetara aldarazi.

2.– Lanpostuetako atxikipen berriek titular berrien atxikipenak ekarriko dituzte. Baldin eta atxikipen berriak destinoko udalerria aldatzea eragiten badu, atxikipen horrekin batera kalteordainak jasoko dira, hala denean, araudi aplikagarriak aurreikusi dituenak.

24. atala.– Behin-behineko atxikipena.

1.– Segurtasun sailburuordeak edo bidezko toki izakian eskumenak dituen organoak behin-behinean atxikiko dituzte administrazio horietako funtzionarioak, baldin eta horien eskalako eta kategoriako lanpostua hutsik badago eta lanpostu hori betetzeko beharkizunak betetzen badituzte, beti ere ondoko egoera hauetariko batean badaude:

a) lanpostua lanpostuen zerrendatik kenduta.

b) uko eginda, baldin eta eskumenak dituen organoak Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 70.3. atalean ezarri diren terminoetan onetsi badu.

c) gehieneko iraupenaldia amaituta.

d) hurrenez hurren, lehiaketaren edo izendapen askearen bidez eskuratu den lanpostutik lekuz aldatuta edo hari utzita.

2.– Halaber sarrera berriko, txanda askeko edo barne sustapeneko funtzionarioak behin-behinean gera daitezke hutsik dauden lanpostuetara atxikita, aukeraketa prozesuaren behin betiko sailkapenaren ordenaren lehentasunaren arabera.

3.– Halaber, behin-behinean atxikita gera daitezke zerbitzu aktibora itzultzen diren funtzionarioak, baldin eta lanpostuaren erreserbarik ez badute; eragiketa horretan araudi honen 30. atalean ezarri dena beteko da.

4.– Aurrez atzematen zutenetik lekuz aldatzeagatik edo hori utzarazteagatik, lanpostu hori ezabatzeagatik edo gehieneko iraupenaldia betetzeagatik lanpostu bati behin-behinean atxikita dauden funtzionarioek, eskainiko den lehenengo lehiaketan eta behin baino ez, lehenetasun eskubidea izango dute kategoria horretan udalerrian dauden lanpostu hutsak hornitzerakoan eta toki poliziaren kidegoetan amortizatu den lanpostuaren edo aurrez atzeman denaren destinoagatiko osagarri bera edo txikiagoa dutenak atzematerakoan. Lehiaketako merezimenduen balorazioan puntuazio handiagoa eskuratzeak zehaztuko du lehentasunaren eskubidearen erabilera.

5.– Lanpostua ezabatzeagatik, gehieneko iraupenaldia betetzeagatik edo lekuz aldatzeagatik, kasu horretan lanpostuaren edukina aldarazi delako, edo izendapen askeko lanpostua utzarazteagatik euren lanpostuak utzi behar izan dituzten funtzionarioek izendapenak egiteko eskumenak dituen organoaren esanetara geratuko dira harik eta euren eskala eta kategoriako horien behin-behineko atxikipena edo zerbitzugintza esleitu arte, baldin eta lanpostu hori betetzeko beharkizunak betetzen badituzte.

Gehienez hiru hileko epean, gehieneko egonaldia betez gero sei hilebetera arte luza daitekeena, aurreko lerrokadan ezarri den organoaren eskura dauden funtzionarioek kargua uzteko unean egiten izan duten lanpostuari dagozkion ordainsari finkoak eta aldirokoak jasoko dituzte.

6.– Lanpostua deuseztu delako behin betiko atxikipena hausten bada, lanpostuaren edukia aldarazi delako lekualdaketarik badago, gehieneko iraupenaldia bete bada edo izendapen askea utzaraztea bada, udalerri berean egon dauden kategoria bereko lanpostu hutsen artekoren bat esleituko zaio behin-behinean funtzionarioari. Horrelakorik ezean, atxikipena Kidegoan egon dauden postu hutsen artekoren bati egingo zaio, baldin eta zerbitzuaren beharrizanek horretarako biderik ematen badute; eragiketa hori funtzionarioek adieraziko dituzten asmoen arabera egingo da, kategorian dagoen antzinatasuna betez edo, baldintzak berberak direnean, bidezko kategorian sartzeko aukeraketa prozesuan izan den lehentasun ordenaren puntuazioaren arabera.

7.– Behin-behineko atxikipen egoeran dauden funtzionarioek, horretan dauden artean, nahitaez hartuko dute parte kategoriako berariazko lanpostuen hornikuntzarako deituko diren lehiaketetan, horni daitezkeen lanpostu huts guztiak eskatuz. Horrela egin ezean horietariko edozeini derrigorrez atxikita gera daitezke.

8.– Lanpostua deusezten baldin bada, destino berriei behin-behinean atxikitzeko eragiketa ondoko era honetan egingo da:

a) Ezabatu den lanpostu hori behin-behinean betetzen egon diren funtzionarioak behin-behinean atxikiko zaizkio beste lanpostu huts bati, nahiz eta horrek destinoko udalerriaren aldaketarik ez ekarri.

b) Ezabatu den lanpostu horrean zerbitzugintza egoeran egon diren funtzionarioak eta jatorrizko lanpostua erreserbatuta dutenak, azken horretara joango dira.

c) Ezabatu den lanpostu hori behin betiko betetzen egon diren funtzionarioak behin-behinean atxikiko zaizkio beste lanpostu huts bati eta eragiketa hori 5. idazatian ezarri diren terminoetan egingo da. Lanpostu batetik zuzkidura batzuk kenduz gero ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan, esango diren ordenean alegia: lanpostuan antzinatasun gutxien izatea edo, horren ezean, ezabatu den lanpostuaren hornikuntzaren prozeduraren lehentasunean puntuaziorik gutxien izatea.

9.– Lanpostu baten behin-behinean dauden artean funtzionarioek horri esleitu zaizkion ordainsari osagarriak jasoko dituzte eta, beti, Ertzaintzan, kategoria horri dagokion destinoagatiko osagarria jasoko dute eta, toki poliziaren kidegoetan, lanpostuaren sailkapenaren mailari dagokiona.

Honen aurreko lerrokadan ezarri dena gora-behera, behin-behineko atxikipenaren arrazoia aurrez bete den lanpostuaren ezabaketa bada eta berriari esleitu zaizkion ordainsariak amortizatu denaren ordainsariak baino baxuagoak badira, funtzionarioak diferentziagatiko osagarri iragankorra jasoko du. Osagarri hori mantendu egingo da harik eta interesatuak eskuhartuko duen edo eskuhartzeko aukera izan duen lehenengo lehiaketaren ebazpena egon arte.

25. atala.– Lanpostuak aldi baterako hornitzeko zerbitzugintzak.

1.– Aparteko kasuetan funtzionarioak zerbitzugintzan ari daitezke euren kategoriakoak edo eurena ez den beste kategoria batekoak diren postuak betetzeko, baldin eta eskala berekoak edo hurrenez hurreneko goikoak badira eta lanpostuen zerrendan horiek betzeko ezarri diren beharkizunak betetzen badituzte. Arestian aipatu diren zerbitzugintza horiek Segurtasun sailburuak edota dagokion toki izakian eskumenak dituen organoak erabaki ditzake.

2.– Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 39.5. atalean ezarri diren prestakuntzako jarduerak gainditzeak funtzionarioa zerbitzugintzari atxikitzea ekar dezake lotuta, nora-eta hornikuntzaren fasean beharkizuntzat hori gainditzea izan duten lanpostuetara eta baldin eta bidezko deialdian hori berariaz aurreikusi denean. Esleipen hori bertan aurreikusi diren terminoetan egingo da edo, horrela ez bada, bidezko programazioa bukatu denean eskuratu den behin betiko sailkapenean ezarri den ordenaren lehentasunarekin bat. Baldin eta behin betiko kalifikazio hori gai edo ez-gai balitzateke, bidezko kategorian sartzeko aukeraketa prozesuan eskuratu den behin betiko sailkapenaren ordena hartuko da kontuan.

Aurreko lerrokadan aurreikusi den egoeran dauden funtzionarioek nahitaez eskatu beharko dituzte, gertatuko den lehenengo deialdian eta lehentasunarekin, hornitzeko eskuratu dituzten prestakuntza eta ezagutzak eskatzen dituzten plaza hutsak; horrela egiten ez badute horietariko edozeini derrigorrez atxikita gera daitezke.

3.– Zerbitzurako presazkoa eta geroratu ezina denean lanpostu bat hornitzea eta araudi honetan ezarri diren borondatezko bide arrunten eta apartekoen bidez ezinezkoa izan denean hori hornitzea, nahitaezko zerbitzugintzak ezar daitezke. Esleipena, aurretiaz interesatuak adierazi behar duena entzun ondoren, dibisio edo antolakuntzako unitate berean, hurbilen dagoen udalerrian edo lekuz aldatzeko erraztasun gehien duen eta zerbitzuak burutzen dituen bidezko kategoriako funtzionarioari egingo zaio, eta, egoera berdinetan, kategorian antzinatasun gutxien duenari edo gazteenari.

Arestian aipatu diren zerbitzugintza horiek, gehienez, urtebeteko iraupena izango dute, beste batean luza daitekeena baldin eta lanpostua behin betiko estali ez bada.

4.– Zerbitzugintza horiek gehienez hiru urteko iraupena izango dute, salbu eta titularra zerbitzu berezien egoeran egoteagatik lanpostu hori betetzeko eman direnak. Hori gora-behera, zerbitzugintzak eman dituen organoak zuhurtziarakotasunez ezeztatu ditzake eta horrela hornitu diren lanpostu hutsak egingo den lehenengo deialdian araudian ezarri dena betez estaltzeko eskainiko dira.

5.– Baldin eta zerbitzugintzak ez badu destinoko udalerria aldarazten, lanpostua uztea eta berriaz jabetzearen eragiketa zerbitzugintzaren erabakia jakinarazi denetik zenbatuko den egutegiko bi egunetan egin daiteke; baldin eta udalerriz aldaraztea eragiten badu, epe hori egutegiko bost egunekoa izango da borondatezko zerbitzugintzen kasuan eta egutegiko hamar egunekoa nahitaezkoak direnean. Dena dela, epe horiek murriztu egin daitezke zerbitzuaren beharrizanek horrela jardutea eskatzen dutenean eta prozedurari amaiera emango dion ebazpenean horrela ezarri denean.

6.– Zerbitzugintzan dauden funtzionarioei gorde egingo zaie behin betiko esleituta duten jatorrizko lanpostua eta dagozkien ordainsariak osorik jasoko dituzte, benetan burutzen duten lanpostuan zuzkituta azaltzen diren egitarauetan sartuta dauden kredituen pentzutan alegia.

Zerbitzugintza egoeran dauden funtzionarioek euren titulazio taldeari dagozkien oinarrizko ordainsariak, Ertzaintzan eta Udaltzainen Kidegoetan dagozkien kategoriaren araberako destinoagatiko osagarria eta lanpostuaren sailkapenaren maila jasoko dituzte, baita burutuko duten lanpostuari dagokion osagarri zehatza ere.

7.– Borondatezko zerbitzugintzak ez du kalteordainik jasotzeko eskubiderik sortarazten. Derrigorrezko zerbitzugintzak badira aplikagarria den arautegian ezarriko diren kalteordainak jasotzeko eskubidea egongo da.

26. atala.– Funtzioak aldi baterako atxikitzeagatiko zerbitzugintzak.

1.– Aparteko kasuetan baino ez, gerta daiteke funtzionarioak zerbitzugintza bati atxikitzea eta hor burutu beharko dituzten funtzioak atxikita dauden lanpostuko zehatzak ez izatea; horrelakoak gerta daitezke funtzio horiek era iraunkorrean bete behar dituzten funtzionarioek edota funtzio bereziak bete behar dituztenek aldi batean bolumena handiagoa izateagatik edo abagunezko beste arrazoi batzuengatik, ezin dituztenean era egokian bete edo berariaz lanpostuen zerrendan sartuta dauden lanpostuei esleituta ez dauden funtzio bereziak egiteko denean.

2.– Baldin eta zerbitzugintza berariaz lanpostuen zerrendan esleituta ez dauden funtzio bereziak egiteko denean edota atxikita dauden lanpostuen titularrek abagune arazoak direla medio bete ezin dituzten funtzioak direnean, funtzionarioak lanpostu propiorako ezarrita dauden ordainsariak jasoko ditu, baina Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 74.1.b) atalaren bigarren lerrokadan ezarri dena gora-behera. Halaber, hala denean, eskubideen arabera zerbitzuagatik dagozkion kalteordainak jaso ditzake.

27. atala.– Euskal Herriko Poliziari buruzko 4/1992 Legearen 85.b) atalean ezarri diren zioengatik bigarren jarduera duten funtzionarioak.

1.– Euskal Herriko Polizia Kidegoen funtzionarioak administrazioko bigarren jarduerara igarotzeari buruzko alderdi batzuk garatu dituen urtarrilaren 27ko 7/1998 Dekretuan ezarri denaren arabera bigarren jarduerako administrazio egoeran dauden funtzionarioek Segurtasun sailburuordearen edo bidezko toki izakiaren organo eskumendunaren esanetara egongo dira, salbu eta honen hurrengo lerrokadan ezarriko diren kasuetan.

2.– Zerbitzuaren arrazoiak hori egitea eskatzen dutenean, bigarren jarduera adierazteko eskumenak dituen organoak funtzionarioaren kategioriaren arabera poliziaren funtzio arruntak betetzea eslei dezake; funtzio horiek aurrez adierazi den ezgaitasunarekin bateragarriak izango dira.

3.– Halaber, berariaz lanpostuen zerrendan bigarren jarduerako egoeran dagoen langileriak betetzeko modukoak adierazi diren lanpostuak bete ditzakete baldin eta hutsik badaude.

Kidegoaren beharrizan organikoek eta funtzionalek, era egokian bidezkotuta egongo direnak, horrela jardutea eskatzen dutenean, bigarren jarduerako egoeran dauden langileek betetzeko moduko lanpostuak atzematen dituzten funtzionarioak lekuz aldatzera behartuta egon daitezke baldin eta lanpostua hornitu den unean bigarren jarduerako langileak burutzeko moduan taxututa egon bada.

4.– Bigarren jarduerako administrazio egoerara igarotzen diren funtzionarioek, beti ere zerbitzu aktibotik badatoz, lehentasuna izango dute zerbitzua burutzen zuten udalerri horretan egoera horretara igaro ziren unean bigarren jarduerako egoeran dauden langileek betetzeko moduko euren mailako kategoriako lanpostu hutsak hornitzerakoan, eskainiko diren lehen lehiaketan eta behin baino ez. Lehentasunezko eskubidean lehiaketako merezimenduen balorazioan puntu gehien eskuratzeak ezarriko du ordena.

28. atala.– Zerbitzu aktibora itzultzea.

1.– Plaza eta destino erreserbarik ez duten funtzionarioak zerbitzu aktibora itzultzea, konprometiturik ez dagoen lanpostu hutsa baldin badago, sarrera edo hornikuntzarako jendaurreko deialdian egingo da eta aurrekontuan zuzkidura izango du; lehentasunen ordena hau izango da:

a) nahitaezko eszedentziak

b) etendurak

c) borondatezko eszedentziak

d) zerbitzuan beste herri administrazio batzuetan egotea

e) birgaituak, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 63. atalean ezarri dena betez

2.– Itzulketa lehiaketa sistema edo esleipen askearen bidez lanpostuak hornitzeko deialdietan parte hartuz egingo da.

3.– Halaber, euren eskala eta kategoriakoa den lanpostu huts batera behin-behinean atxikita itzul daitezke, baldin eta horniketan ezarri diren beharkizunak betetzen badituzte eta egoera horretan harik eta lehiaketaren edo esleipen askearen bidez behin betiko destinoa eskuratu arte badaude.

29. atala.– Bigarren jarduerako egoerara itzultzea.

Plaza eta destinoaren erreserbarik ez duten funtzionarioak bigarren jarduerako egoerara itzultzeko aurrekontuan zuzkidura izango duen lanpostu hutsa beharko da eta lanpostuen zerrendan berariaz agertu beharko du bigarren jarduerako langileek betetzeko modukoa dela; horniketa hori aurreko atalaren 2. eta 3. idazatietan ezarri den eran egingo da, horren 1. idazatian ezarri den lehentasun ordenaren erabera alegia.

GEHIGARRIZKO XEDAPENAK

Lehenengoa.– Herrizaingo sailburuari ahalmena ematen zaio Euskal Herriko Polizia Kidegoen lanpostuak hornitzeko aplikagarriak izango diren merezimenduen baremoa onesteko.

Bigarrena.– 1.– Ertzaintzako funtzionarioentzat, norberaren gradua Kidegoak dituen zortzi kategorietarikoren batekoa izatearekin eskuratzen da. Gradu sendotua, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 74.1.a) atalean ezarri denarekin bat, funtzionarioaren kategoriako sailkapenaren mailaren araberakoa izango da.

2.– Toki Polizien Kidegoetako funtzionarioentzat, norberaren gradua bidezko mailako lanpostua bat edo gehiago bi urte jarraian edo hiru urte aldizka betez eskuratuko da, kasu honetan Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 43. atalean ezarri denaren arabera.

Hirugarrena.– Ertzaintzaren unitateen jarduteko lurralde esparruari dagokion nahitaezko betetze indizea %50 baino gehiagokoa bada 2. hizkuntz eskakizuna aplikatuko zaio Ikuskatzailetza Eskalako ofizialordeen kategoriako ikerkuntza lanari. Lanpostu horien horniketaren ondoreetarako 1. hizkuntz eskakizuna baino euskara maila altuagoen ezagutza maila zenbatetsiko da, gehienez lanpostuta heltzeko eskura daitekeen gehieneko puntuazioarekiko 100eko 20koa.

Laugarrena.– Administrazioko berregituraketaren ondorioz, behin betiko hornitu diren lanpostuen izena aldatzen denean ez da nahitaezkoa izango atxikipen organikoan edo funtzioetan berriz deialdia egitea lanpostu horiek hornitzeko, baldin eta lanpostu berriari dagozkion funtzioak, funtsean, lanpostu zaharrarenak badira.

Horrelako kasuetan eta kasuan kasuko lanpostuaren arabera, beharrezkoa izango da izendapena egiteko eskumenak dituen organoak bidezko eragiketaren bidez aurrekoa egoera berriari egokitzea; eragiketa horretan berariaz adieraziko da burutu behar diren funtzio berri horiek, funtsean, aldarazi den lanpostuan daudela edo izaera berekoak direla eta horiek garatzeko ahalmen eta gaitasun bera behar dela.

Bosgarrena.– Aldaraziko den hornikuntza sistemako lanpostuan dauden Euskal Herriko polizia kidegoetako funtzionarioek lanpostu horietan jarraituko dute eta, kargua uztearen ondoreetarako, izendatu diren sistemako arauen bidez eraenduko da.

Seigarrena.– Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioek, lanpostua behin betiko esleituta dutenean eta, lanpostuen zerrendako bidezko aldarazpenaren bidez, sartzeko beharkizunak aldarazten direnean, lanpostu horiek betetzen jarrai dezakete baldin eta berariaz hori ezarri bada. Hori guztia gora-behera, lanpostu horietan jarraitzeko horiek betetzeko eskatu diren beharkizunak betetzeari lotuta egongo dira. Bidezko lanpostuen zerrendan ezarri den epean eta eran ez benetakotzeak, Araudian ezarri den eran, funtzionarioa lekuz aldatzea edo kargua utzaraztea ekarriko du.

Zazpigarrena.– 1.– Garatu behar dituzten funtzioen ezaugarriengatik eta gaitasun fisiko edota oreka psikikoaren arloko baldintzengatik gehieneko iraupenaldia duten Ertzaintzako Ekintzetarako Bitartekoen Dibisioko lanpostuen jarduteko eremua Euskal Herriko Erkidego osora hedatu da. Dena dela, Ertzaintzaren lanpostuen zerrendan lanpostu horien lurralde-kokapena langileria prestatzeko instalazioak egon dauden udalerri edo lurralde-ezarketaren bidez identifikatuz egiten da.

2.– Horregatik guztiagatik, honako araudi honen 25.4. atalean ezarri denaren ondoreetarako, gehieneko iraupenaldi hori betetzeagatik Ertzaintzako Ekintzetarako Bitartekoen Dibisioan postua uzten duten funtzionarioek lehentasun eskubidea izango dute, egingo den lehenengo lehiaketan eta behin bakarrik, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren esparruan egongo diren lanpostu hutsak eskuratzeko, baldin eta horiek betetzeko eskatu diren beharkizunak betetzen badituzte.

Zortzigarrena.– Ertzaintzako lanpostuak zerbitzugintzan hornitzeko burutuko den prozedura Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 103.2. atalean ezarri den eran negoziatuko da ertzaintzan eskuordetza sindikala duten erakundeekin.

Administrazioko eta aurreko lerrokadan adierazi diren erakunde sindikaletako eskuordeek Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 104.3. atalean ezarri diren eran itundu ditzakete prozedura horren terminoak.

Bederatzigarrena.– Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 10. atalean ezarri diren Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zerbitzugintzak gehienez lau urterako atxiki daitezke eta gehienez iraupen bereko beste aldi baterako luza daitezke; horiek egiten dituzten funtzionarioek jatorrizko lanpostuan ezarrita dituzten ordainsariak jasoko dituzte. Hori guztia gorabehera, baldin eta ordainsari horiek lanpostuetakoak baino baxuagoak badira edo ez badatoz bat betetzen dituzten bidezko funtzioekin, interesatuek diferentzia estaliko duen osagarria jasoko dute.

Hamargarrena.– Miñoien, Mikeleteen eta Foralen sekzioan zerbitzugintzak egiteko bidezko Foru Aginduak ditu eskumenak, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 110. atalean ezarri denaren arabera.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Egun gertutzen ari diren lanpostuen horniketa prozesuak bidezko deialdia argitaratu den unean indarrean zegoen araudiaren bidez eraenduko dira.

Bigarrena.– Araudi hau indarrean jarriko denetik zenbatuko den bi urteko epean, Ertzaintzan deituko diren horniketa prozesuetan, antzinatasunaren bidez eskura daitekeena gehieneko puntuazioaren 100eko 60ra arte baloratu ahal izango da.

Hirugarrena.– Euskal Herriko Polizia Kidegoak integratzen dituzten funtzionarioek duten egoitzazko betebeharra, Ertzaintzari dagokionean, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldeko segurtasunaren erantzukizuna duen polizia integral izaerari lotuta dago. Beraz, horregatik, uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 76. atalean Herrizaingo Sailari funtzioak era egokian betetzeko horiek bizi behar duten lurralde eremua edo mugabarrua zehazteko agintzen zaio.

Harik eta arauen bidezko manu hori garatu arte eta honako araudi honetan ezarri denaren ondoreetarako, ez da udal destinoko udal edo egoitza ofizialaren aldaketatzat joko baldin eta horniketarako bideetatik edozeinetan funtzionarioari esleitu zaion lanpostu berria lehen atzematen izan duen postutik 30 kilometro baino gutxiagora badago.

Halaber, denborazko aldi iragankor horretan honako araudi honen 24.4. eta 27.4. ataletan ezarri den lehentasuna aurreko lerrokadan aurreikusi den lurralde eremuari dagokiola ulertuko da.

Laugarrena.– 1.– Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 88.2. atalean ezarri denarekin bat, bigarren jardueran dauden funtzionarioek, hala denean, lanpostuen zerrendetan langileria horrek egiteko modukoak diren lanpostuen adierazpena dutenak atzeman ditzakete.

Harik eta zehaztapen hori egin arte, uste izango da Ertzaintzaren funtzionarioak bigarren jardueran betetzeko moduko lanpostuak direla, Ertzaintzako lanpostuen zerrenda onetsi duen Herrizaingo sailburuaren 1997ko abenduaren 31ko Aginduan ezarri direnak, beti ere horien ezaugarriak kontuan hartuta.

2.– Baldin eta zuzkidura anitzeko lanpostuak badira, egoera horretan dagoen langileriak bete ditzakeen plazak identifikatzea, harik eta bidezko lanpostuen zerrendan ezarri den gehieneko kopurua jo arte, ondoko irizpide hauek kontuan hartuta egingo da:

a) lehenengo eta behin, bigarren jardueran dauden langileek egiteko modukoak izango dira hutsik dauden zuzkidurak.

b) baldin eta ez badago zuzkidura hutsik, edo horiek ez badira nahikoak, bigarren jardueran dauden langileek egiteko modukoak izango dira horien titularrek egoera horretan egotea adierazita dutenak.

Bosgarrena.– Ertzaintzaren Eskala Exekutiboan barneko sustapenaren bidezko sarrera hautakorren prozesuak bukatu arte, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen xedapen iragankorretatik seigarrenean ezarri diren terminoetan, euren kategorian lanpostu hutsik ez egoteagatik edo horiek burutzeko beharkizunak ez betetzeagatik euren eskalako eta kategoriako lanpostuetara behin-behineko atxiki arte edo zerbitzuguintza bati esleitu arte Segurtasun sailburuordearen aginduaren pentzutan dauden Ertzaintzako agenteak Hiritarren Segurtasunerako Dibisioaren unitateetan zerbitzugintza egoeran egongo dira euren kategoriako funtzioak aldi baterako egitearen ondoreetarako.

Unitate horiei atxikitzea, zerbitzuaren beharrizanek horretarako aukerak ematen dituztenean, funtzionarioaren egoitza ofiziala dagoen Lurralde Historikoa zainduta eta kategorian sartzeko aukeraketa prozesuaren behin betiko sailkapenaren ordenaren lehentasuna kontuan hartuta egingo da.


Azterketa dokumentala