Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 1998ko urriaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

INDARGABETUTAKO XEDAPENA

Xedapen Orokorrak

Ogasuna eta Herri Administrazioa
4380

212/1998 DEKRETUA, abuztuaren 31koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamendua onartzen duena.

Administrazioari eusten dioten diru baliabideak lortzeko behar–beharrezkoa da Administrazio horren izaera publikoko eskubideak eraginkorrak izan daitezen. Beharrezkoa den moduan ekonomia gaietan Administrazioaren aldeko adierazpenak dakartzaten ekintza administratiboak era efikazean betetzeko, batez ere zehapenen, dirulaguntzak itzultzearen eta dirulaguntza publikoen alorretan. Ordenamendu juridikoak, administrazio prozedura berezien bidez, autotutelatzeko aukera ematen dio Administrazio publikoari, berariazko administrazio prozedurak erabiliz horretarako. Autotutela horrek, hain zuzen, efikazia hori du helburu, batez ere bere aspektu exekutiboan, hor egozten baitzaio Administrazioari premiamenduzko administrazio prozedura erabiltzeko ahalmena.

Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratuko 40. atalean daude jasota eskubideen eraginkortasunerako oinarrizkoak diren antolarauak. Euskal Autonomi Elkarteko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legean atal horretaz egindako erredakzio berrian, bestalde, EAEko Ogasun Nagusiaren Diru-Bilketarako Erregelamendua aurrikusten da.

Diru-bilketaren alorrean Euskal Autonomia Erkidegoak duen araudia barreiaturik dago, izan ere, diruzaintzari dagokionarekin batera jasotzen baita gehienbat. Diruzaintzari buruzkoak, ordea, bereizturik erregulatzen dira orain; eta hori, bi alorrok izan dezaten lotura organikoaren eta dirusarreretan biek izan behar duten koordinazioaren kaltetan gabe. Orain ordezkatzen diren arauek duten izaera partzialak, halaber, EAEko Ogasun Nagusiaren Diru-Bilketarako Erregelamendua ohiz aplikatzea dakar, arau haiek ez baitzituzten arautzen dirubilketaren aspekturik gehienak.

Onartzen den Erregelamenduaren ondorioz ez da EAEkoez besteko arauetara jo beharrik egongo finantzei buruzko jarduera publikoan. EAEk, izan ere, eskubide historikoek ematen dioten indarrez, nahiko autonomia sakona du finantza jardueran. Eta horrelaxe aitortzen du, aitortu ere, Dirubilketarako Araudi Orokorrak, EAEn duen aplikazio-maila apala dela esanaz. Araudi orokor horrek duen kalitate teknikoari begira, eta aintzat hartuz berorren edukiak kontutan hartzen duela batzutan Estatuak emandako lege xedapenek duten oinarrizko izaera edo zuzeneko aplikabilitatea, Dirubilketarako Araudi Orokor horixe hartzen da abiapuntu lez. Ildo horretatik, orain onartzen den Erregelamenduko eta araudi horretako zenbait manuren erredakzioa bat datoz, honen ondorengo lerroaldeetan aipatzen diren eta funtsezkotzat hartzen diren aldeen kaltetan gabe. Lurralde historikoek dirubilketarako dituzten araudiak ere aintzat hartu dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusirako dirubilketarako erregelamendua jarri nahiak kontutan izan behar behar du eskubideek zergarik ez ordaintzeko duten izaera, hain zuzen ere, zergaren gai diren eskubideen zenbatekoaren eta kualifikazioaren hainbatekoa edo handiagoa. Kontutan izan behar da Ogasun Nagusiaren finantziazio sistema berezia. Abiapuntu lez erabili diren dirubilketa-araudien edukiak duen zerga-izaera nabarmena gainditu nahi izan da. Zenbait zerga biltzerakoan baino aplikatzen ez diren alorrei buruzko erregulazioa baztertu egin da, ez baitute zerikusirik, alorrok, erregelamendu honen gai den Administrazioaren errealitatearekin.

Araudi horren aurrean, noski, ez dira ahaztu EAEk dituen berezitasun organikoak, izan ere, aplikazio orokorrekoa izan arren, araudi horrek erregulatzen dituen harremanetako subjektu aktiboak Estatuko Ogasun Publikotik ezberdinak baitira; eta horrexegatik gelditzen da urri samar. Euskal Autonomia Erkidegoak Ogasun gaietan duen egitura zentralizatuak erraztu egiten ditu, bestalde, araudi horretan erregulazio zehatzik ez duten prozedurak eta izapideak.

Onartutako erregelamenduak kontutan hartzen du EAEko Administrazioaz besteko entitateekin dirubilketaren kudeaketan egindako hitzarmena, jaso egiten dituelarik hitzarmen horrek atalen hainbat alorretan izango duen eragina.

Hitzarmen horren ondorioz kendu egin dira xehetasunak premiamenduzko administrazio prozeduraren garapena arautzerakoan. Hori dela-eta, errazago konpatibilizatuko dira, alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Ogasun Nagusiaren eremuan aplikagarria diren arauak eta, bestetik, prozedura horren bidez dirubilketaren ia kudeaketa guztia garatzen duten hainbat entitateren praktika administratiboa.

Horren ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 1998ko abuztuaren 31n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Atal bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamendua onartzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamendua onartzen da, horren testua ondoren doala.

ALDIBATERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa.– Izapideetan dauden espedienteak.

Honen bidez onartuko den erregelamenduak indarra hartzerakoan izapideetan dauden espedienteak, geroakarrenean egin daitezen jarduerei dagokienez, erregelamenduan xedatutakotik arautuko dira.

Bigarrena.– Aldez aurretiko likidazioak eta erabakiak.

Onartzen den erregelamenduak indarra hartu baino lehenagoko likidazioei eta zergaren gai ez diren zorrei buruzko erabakiei darien ordainketa, likidazio eta erabaki horiexetan ezarritakoaren arabera egingo da.

INDARGABETZE XEDAPENA

Dekretu honen kontrakoak izan daitezen xedapenak indargabetu egiten dira; honako hauek batez ere:

a) Euskal Herriko Diruzaingo Nagusiaren erakuntzari buruzko apirilaren 19ko 99/1982 Dekretuaren III. atalburuko 17. ataletik 24. atalera arte.

b) Aurreko idazatian adierazitako Dekretua aldatzen duen otsailaren 15eko 90/1994 Dekretua.

c) Biltze-ihardunaren alorrean, goradeien ihardutze-araupideei buruzko urtarrilaren 24ko 13/1983 Dekretua.

d) Aurreko idazatian adierazitakoa aldatzen duen otsailaren 15eko 91/1994 Dekretua.

e) Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 5.2 atala.

f) Bilketarako betearazte-epealdian erabiliko diren ereduei buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 1996ko ekainaren 20ko Agindua.

AZKEN XEDAPENAK

Indarra hartzea.

1.– Dekretuak eta beronek onartzen duen Erregelamenduak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara daitezen hilabetearen hurrengo hilabeteko lehenengo egunean hartuko dute indarra.

2.– Ogasun eta Herri Administrazio Sailak, aurrean esandakoaren kaltetan gabe, argitaratze egun horren biharamunetik aurrera dekretua garatuko duten xedapenak eman ditzake. Xedapenok ez dute indarrik hartuko aurreko lerroaldean adierazitako eguna baino lehenago.

Donostia-San Sebastiánen, 1998ko abuztuaren 31n.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO OGASUN NAGUSIAREN DIRUBILKETA ERREGELAMENDUA

I. IDAZPURUA

XEDAPEN OROKORRAK

I. ATALBURUA

DIRUBILKETAREN KUDEAKETA

1. atala.– Kontzeptua.

Zuzenbide publikoko dirusarrerak egitea helburu duen funtzio administratiboan oinarritzen da dirubilketaren kudeaketa. , Zergagarriak zein ez–zergagarriak izan daitezke dirusarrerok. Euskak Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratuko 40. atalean jasotzen da hori.

2. atala.– Arauen erregimena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren dirubilketaren kudeaketarako araubideak:

a) Euskak Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratua.

b) Dirubilketa kudeaketaren gai diren zergak eta gainerako baliabideak erregulatzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoaren arauak.

c) Estatuaren arauak, bere eskumenekoak diren gaietan, eta batik bat Aurrekontuei buruzko Lege Nagusia eta Zergei buruzko Lege Nagusia, hain zuzen ere, oinarrizkoak izan edo Euskal Autonomia Erkidegoan zuzeneko aplikazioa duten puntuetan.

d) Hitzarmenak, akordioak, itunak eta nazioarte mailako gainerako arauak edo alor horretan nazioarteko edo nazioez gaindiko entitateek emandakoak.

e) Erregelamendu hau eta berori osatzeko eta garatzeko arauak.

f) Alor horretan Estatuak dituen arauak, aurreko c) letran sartu gabekoak. Eta batik bat, EAEko arauetan erregulatuta dagoenez, Dirubilketarako Erregelamendu Nagusia.

3. atala.– Dirubilketarako epaldiak.

Dirubilketaren kudeaketa, Erregelamendu honetako III. eta IV. idazpuruetan jasotakoaren arabera, epealdi bitan gauzatuko da: borondatezkoa eta exekutiboa.

4. atala.– Dirubilketa kudeaketaren zuzendaritza.

Honako hauek zuzendu eta gainbegiratuko dute dirubilketaren kudeaketa:

a) Borondatezko aldian zerga administrazioko gaietan eskumena duen Sailak, zergei buruzko baliabideak edo prezio publikoak direnean.

b) Gainerakoetan, diruzaintzako gaietan eskumena duen Sailak.

5. atala.– Dirubilketarako organoak.

1.– Euskal Autonomia Erkideogko Ogasun Nagusiaren dirubilketa kudeaketa, honako honi dagokio:

a) Zergagarriak ez diren zuzenbide publikoko tasei eta dirusarrerei buruzkoa: EAEko Administrazioaren eta beronen erakunde autonomoen sailetako organoei, eurei dagozkien eskumen administratiboei dagokienez; eta hori, baldin eta ez bazaio beren–beregi organo jakin bati egotzi.

b) Borondatezko epealdiko gainerako zerga-dirusarrerei buruzkoa: zerga-administrazioko alorrean eskumena duen Sailari.

c) Epealdi exekutiboan: diruzaintzako alorrean eskumena duen sailari.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren dirubilketa organoak, honako hauek dira: aurreko lerroaldearen a) idazatian aipatzen direnak; eta, lerroalde bereko b) eta c) idazatiei dagokienez, arau organikoen bidez eskumena egotzirik euki dezatenak.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaz besteko entitateekin izenpetutako itunearen bidez egin daiteke dirubilketaren kudeaketa, eta hori, Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratuko 40. atalaren 3. eta 4. lerroaldeen arabera.

6. atala.– Dirubilketaren kudeaketan laguntza eskainiko dutenak.

1.– Diruzaintzako alorrean eskumena duen sailak horiekin hitzarmena egin dueneko kreditu entitateek kutxako zerbitzua egin diezaiekete dirubilketako organoei.

2.– Diruzaintzaren alorrean eskumena duen sailburuaren Aginduz baimendutako kreditu entitateek laguntza eska dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren dirubilketa kudeaketan, hain zuzen ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitartutako den Agindu horretan adierazitako moduan.

3.– Entitate laguntzaile lez jarduteko baimena hainbat kontzepturi buruzkoa izan daiteke, hots, alorra, zorraren sorrera, ordainketa epealdia. Baimen hori, entitate laguntzailearen bulego guztientzat edo hainbatentzat izan daiteke.

II. ATALBURUA

ERREKURTSOAK ETA ERREKLAMAZIOAK

7. atala.– Errekurtso administratiboak eta erreklamazio ekonomiko administratiboak.

1.– Berraztertze errekurtsoa, borondatezkoa eta ekonomiko administratiboaren aurrekoa izango dena, aurkez daiteke dirubilketa kudeaketaren ekintzen aurka, baita erreklamazioa ere bide ekonomiko administratiboan, euren arau erregulatzaileen arabera.

2.– Jazarritako ekintza eman zuen organo bera da berraztertze errekurtsoa ebazteko eskumena duena. Dirubilketa kudeaketa beste entitate batekin hitzartu bada, berorri dagokio berak emandako ekintzen aurkako errekurtsoa ebaztea, baldin eta horrela badago itunduta. Itunik ez badago, jazarritako ekintza emateko eskumena duen organoak ebatzi beharko du.

3.– Euskadiko Ekonomia-Arduralaritzako Epaitegia-Tribunal Económico-Administrativo de Euskadi delakoak funtzionamendurako beren-beregiko arau organikoak izango ditu. Dirubilketaren kudeaketa beste administrazio publiko batekin hitzartu bada, bide horretan eskumena duten bere organoei egotzi dakieke administrazio horrek emandako ekintzen aurkako erreklamazio ekonomiko administratiboak ezagutzea. Horrela ez bada, aipatutako Epaitegiari dagokio horren berri izatea.

4.– Errekurtsoen eta erreklamazio ekonomiko administratiboen berri izateko eskumena duten organoek dirubilketa oraganoei jakinaraziko dizkiete berauek garatzen duten dirubilketa kudeaketari daragioten ebazpenak.

II. IDAZPURUA

OBLIGAZIOEN IRAUNGIPENA

I. ATALBURUA

ORDAINKETARI BURUZKOAK, ORO HAR

8. atala.– Ordaintzeko legitimazioa.

1.– Kasu bakoitzean aplika daitezkeen arauen indarrez obligaturik daudenez gain, edozein pertsonak ordaindu dezake, berdin diolarik obligazioa betetzean interesik duenentz, ezagutzen edo onartzen duen, edo berdin diolarik ordainketarako obligazioa duenak dakienentz.

2.– Modu judizialean edo administratiboan interbenitutako ondasunei edo negozioei dagozkien zorrak ordaintzeko legitimazioa, horretarako izendatutako administratzaileek dute.

3.– Zorra ordaintzen duen hirugarrengo hori, ordea, ez dago, inolaz ere legitimaturik, ordaintzeko obligazioa duenari dagozkion eskubideez Administrazioaren aurrean baliatzeko.

9. atala.– Ordainketa eskuratzeko legitimazioa eta ordainketarako lekua.

1.– Euskal Herriko Diruzaintza Nagusian dirubilketa organoari asignatutako kutxan edo kontuan ordaindu beharko dira zorrak; edo, bestala, erregelamendu honetan edo arau berezietan ordainketa eskuratzeko baimena ematen zaien organoen edo pertsonen kutxetan edo kontuetan.

2.– Ordainketak eskuratzeko eskumenik ez duten organoei edo horretarako baimenik ez duten pertsonei egindako ordainketek ez diote ordaintzeko obligazioa kenduko zordunari, okerreko jasotzaile horrek egin ditzakeen era guztietako erantzukizunen kaltetan gabe.

10. atala.– Ordainketarako epealdia.

1.– Borondatezko aldirako Erregelamendu honetako 44. atalean adierazitako epean ordaindu beharko dira zorrak.

2.– Borondatezko aldian ordaindu gabeko zorrak premiamenduzko bidean exigituko dira; epez kanpo ordain daitezen diruzenbatekoak konturako ordainketa lez konputatuko dira. Aldez aurretiko errekerimendurik gabe epez kanpo egindako deklarazio-likidazioei edo zerga-autolikidazioei dagozkien ordainketek, kasu horietarako zerga-legedi orokorrean ezar daitezen errekarguak izango dituzte.

3.– Ordainketa geroratzeko edo zatitzeko eskatu bada, idazpuru honetako II. atalburuan xedatutakoa beteko da.

4.– Modu automatikoan gertatutako etenaldiak edo organo administratiboren batek, eskumena duen ekonomiko administratiboa zein judiziala izan, erabakitako etenaldiak, hots, borondatezko aldiko zorrei dagozkienak, geldiarazi egingo dituzte horretarako jarritako epeak. Geldiarazketa ekarri zuen errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko administratiboa ebatzi ostean, baldin eta akordioak ez badu baliogatzen edo aldatzen jazarritako likidazioa, erregelamendu honetako 44. atalaren 1. lerroaldeko a) eta b) idazatietan jasotako epeetan ordaindu beharko da, hartutako erabakiaren jakinarazpen-egunaren arabera. Ekintza aldatzea badakar erabakiak edo prozeduraren atzera-egitea badakar, akordio horren exekuzioan eman dadin ekintzatik ondorioztatzen den zorra epe berberetan ingresatu beharko da. Errekurtsoari edo erreklamazioari buruzko erabakia edo ekintza berria jakinaraztean beren-beregi adieraziko da ordainketarako epea.

5.– Aurreko lerroaldeetan adierazitakoa dena dela, ekintzaren exekuzioa etenda egon bada, dirubilketarako organoek, bide ekonomiko administratiboa amaitu ondoren eta errekurtso ekonomiko administratiboa aurkezteko epea amaitu ez dadin bitartean, ez die berrekingo premiamenduzko prozeduraren jarduerei; horretarako, hasiera batetan aurkeztutako bermearen indarraldiak eta eraginkortasunak bere horretan iraun beharko dute. Epe horretan interesatuak organo horri jakinarazten badio errekurtsoa aurkeztu duela, eta etetzeko eskabidea egin badu eta zorra ordainduko duenaren bermea eskaini badu, prozeduraren geldialdiari eutsi egingo zaio, bide administratiboan jarritako bermeak indarrean iraun dezan bitartean eta eraginkorra izan dadin bitartean. Etetezko piezan organo judizialak har dezan ebatziaren arabera berrekingo edo etengo da prozedura.

11. atala.– Osotasunean ordaintzea.

1.– Ohiko ondorioak euki ditzan ordainketak, zor guztia ordaindu beharko da borondatezko aldian. Erregelamendu honetako 64. ataleko 2. lerroaldean jasotakoari jarraituko zaio aldi exekutiboan.

2.– Ordainketa zatika egitea onartu bada, idazpuru honetako II. atalburuan xedatutakoa beteko da.

12. atala.– Ordainketarako eskakizun formalak.

1.– Ordainketa zenbait agiri oinarritzat hartuz egitea exigitu dezatenean errekurtsoaren arau propioek, behar-beharrezkoa izango da, errekurtsoa onar dadin, eskatutako agiriak aurkeztea.

2.– Diruzaintzako edo zerga-administrazioko gaietan eskumena duen Sailak, ordainketa egiteko beharrezkoa den agiri-eredua onartu badu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako Aginduaren bidez, eredu hori erabili beharko da dena delako eremuan.

13. atala.– Ordainketarako modalitateak.

1.– Zor zergagarriak eta ez-zergagarriak dirutan ordaindu beharko dira.

2.– Lege mailako xedapenean aurrikusitakoetan, espezietan egin daiteke ordainketa.

3.– Ordainketa dirutan egiteko eskakizunak eta baldintzak errekurtso bakoitzaren arau erregulatzaileetan eta ondorengo ataletan zehazten dira, baita modalitateak ere:

a) Legezko erabilpena duen dirua.

b) Txekea.

c) Diruzaintzako gaietan eskumena duen sailburuaren aginduz baimena izan dezaten beste modu batzuk, agindu horretan ezarritako eran. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da Agindu hori.

14. atala.– Lege balioko dirua.

Lege balio duen diruz ordaindu ahal izango dira zor guztiak, berdin diolarik zein den ordainketa jasoko duen dirubilketa organoa, dirubilketa egiteko epealdia zein den eta zorraren kopurua zein den.

15. atala.– Txekea.

1.– Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiko kutxetan eta kontuetan egingo dira ordainketak, besterik agintzen ez den bitartean. Merkataritzako legeek exigitutako eskakizunak betetzen dituzten txekeak erabiliko dira ordainketa egiteko. Txekeok ezingo dira luzatu entregatu aurreko bigarren eguna baino lehenago. Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren izenean luzatuko dira, eta libratzailearen izena eta abizenak edo sozietatearen helbidea adierazi beharko ditu argi eta garbi izenpearen azpian.

2.– Txekea entregatzeak, eta efektibo egiten bada, liberatu egingo du zorduna ordaindutako kopurutik. Horrelakoetan, kutxan edo kontuan sartzen denetik aurrera izango ditu ondorioak.

3.– Txekea ez bada efektiboa egin kopuru osoan edo zati batetan, borondatezko aldia igaro ondoren, aldi exekutiboari ekingo zaio ordaindu gabeko zatiari dagokionez. Txekea baliotasunez adostuta edo ziurtatuta badago, adostu edo ziurtatu zuen entitateari exigituko zaio; bestela, zordunari exigituko zaio.

16. atala.– Ordaindutzat ematea.

1.– Zorra efektiboan ordaindutzat emango da, zor-kopurua ordainketa jasotzeko baimena duten organo eskumendunen edo norbanakoen kutxetan sartzen denean.

2.– Kreditu entitateen bidez egin dadinean ordainketa, dirusarreraren justifikagiria entregatzen bazaio zordunari, liberatu egingo du hau justifikagirian kontsignatu dadin egunetik eta berton adierazten den dirukopurutik. Une horretatik gehiago entitatea eta bitartekaria beharturik daude Administrazioaren aurrean.

3.– Zordunak kreditu entitateari eman diezazkion ordainketa aginduak ez dute, berez eta besterik gabe, eraginik Administrazioaren aurrean; eta hori, agindu-emaileari entitatearen aurrean, honek zerbait bete ez duelako, legozkiokeen ekintzen kaltetan gabe.

17. atala.– Ordainagiriak.

1.– Erregelamendu honetan xedatutakoaren arabera ordaintzen duenak zorra, eskubidea eukiko du ordainagiri bat eskurtzeko.

2.– Honako hauek dira, kasuen arabera, ordainagiriak:

a) Erreziboak.

b) Eskumena duten organoek edo ordainketa eskuratzeko baimena duten entitateek suskribatutako edo balidatutako ordainketa–gutunak.

c) Egindako dirusarreraren egiaztagiriak, alegia, zordunak Administrazioari eska diezazkiokeenak; eta honek, dirusarrerari buruzko ohartarazpen kontablea erreferentziatzat hartuz, luzatu beharko ditu.

d) Diruzaintzako alorrean eskumena duen sailburuaren aginduz ordainagiriaren izaera beren-beregi eman dakien agiriak, alegia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko direnak.

3.– Ordainagiri guztietan honako zernolako hauek jaso beharko dira:

a) Izena eta abizenak, sozietatearen egoitza edo izena, identifikazio fiskalerako zenbakia -baldin badauka-, herria eta zordunaren egoitza.

b) kontzeptua, zorraren zenbatekoa eta hartzen duen epealdia.

c) Kobratzeko eguna.

d) Luzatzen duen organoa, norbanakoa edo entitatea.

4.– Baliabide mekanikoen edo informatikoen bidez betetzen badira ordainagiriak, honen aurretik aipatu diren zernolakoak, zorduna eta ordaindutako zorra behar bestean identifikatuko dituen gakoz edo laburduraz adieraz daitezke.

18. atala.– Ordainketaren ondorioak.

1.– Erregelamendu honetan exigitutako eskakizunak betez egindako ordainketak iraungi egiten du zorra eta liberatu egiten ditu zorduna eta gainerako erantzukizundunak.

2.– Mugaeguna gerora izango duen zordunketa bat ordaintzeak ez du iraungitzen EAEko Administrazioak edo horren erakunde autonomoek duten eskubidea zorpekoan daudenak eskuratzeko, preskripzioaren ondorioen kaltetan gabe.

19. atala.– Ordainketen egozketa.

1.– Zorrak autonomotzat hartzen dira.

2.– Hainbat zor dituen zordunak, bere nahitako zorrari edo zorrei egotzi aha izango die ordainketa.

3.– Ordaintzeko obligazioa duenaren hainbat zor, jarraipen exekutiboa izan dutenak, pilatu badira eta ezinezkoa bada guztiok ordaintzea, zordunaren borondatea aintzat hartzeke lortutako ordainketa zorrei aplikatuko zaie, aintzinatasun gehien duenetik gutxien duenerako hurrenkera erabiliz; eta hori, zenbait kredituren hurrenkera ezartzen duten arauen kaltetan gabe. Aintzinatasuna, bestalde, zor bakoitza ordaintzeko jarritako borondatezko aldiaren mugaegunak finkatzen du.

20. atala.– Ez ordaintzearen ondorioak.

1.– Erregelamendu honetan exigitutako epeetan eta baldintzetan ez ordaintzeak premiamendu bidezko prozedura ekar dezake, salbuetsi egingo dela Erregelamendu honetako 48. ataleko 2. lerroaldean jasotakoa. Horrek, ordenamendu juridikoan xedatutako ondorioak izango ditu; ordainketarako obligazioa dutenen aurka erabiliko ditu Administrazioak ondoriook.

2.– Premiamenduzko prozedura amaitu eta ordainketa ez bada egin, zordun behinenekiko kobraezin-delkarazioa dakar horrek eta bai, egonez gero, erantzule solidarioekiko eta, hala gertatuz gero, administrazioaren ekintza erantzule subsidiarioekiko.

21. atala.– Kontsignazioa.

1.– Ordaintzeko obligazioa dutenek dirutan kontsignatu dezakete zorraren eta, hala behar izanez gero, kostuen zenbatekoa, honako ere honetan:

a) Bidezkotzat jotzen diren errekurtsoak edo erreklamazioak aurkez daitezenean, jazarritako ekintzaren exekuzioak indargabetze ondorioak izanik; eta hori, bere arau erregulatzaileen arabera.

b) Dirubilketarako eskumena duen organoak edo ordainketa eskuratzeko baimena duen entitateak ez badu behar den eran onartu, edo ezin badu onartu gainditu ezinezko arrazoiengatik. Kontsignazioak zor guztia hartzen badu eta dirubilketarako organoari jakinarazten bazaio, ordainketaren ondorio askatzaileak izango ditu kontsignazioa egin denetik aurrera.

2.– Diruzaintzako gaietan eskumena duen Sailean egin behar da kontsignazioa, irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 26. eta 29. ataletan xedatutakoaren arabera. Dirubilketarako kudeaketa hitzartu egin bada, eskumena duen zerbitzuan egin beharko da kontsignazioa entitate horren alde egindakoentzat.

II. ATALBURUA

ORDAINKETA GERORATZEA ETA ZATITZEA

22. atala.– Xedapen orokorrak.

1.– Borondatezko aldian eta bai aldi exekutiboan ere geroratu edo zatitu daiteke zorraren ordainketa, obligazioak hala eskatzen badu aldez aurretik eta obligatutakoaren egoera ekonomiko finantzieroak, hots, Administrazioak modu diskrezionalean antzemandakoak, bere zordunketak egitea aldibaterako eragozten badio.

2.– Geroratze modalitate lez hartzen den ordainketaren zatiketa, berariaz arautu gabekoetan geroratze horri aplikagarriak zaizkion arauez eraenduko da.

3.– Horien ordainketa geroratu egiten deneko zenbatekoek, erregelamendu honetako 30. atalaren arabera, legez ezarritako berandutza-interesak sortu dituzte. Premiamenduzko errekargua, hala behar izanez gero, kendu egingo da zenbateko horietatik.

4.– Epemuga gainditu eta geroratutako edo zatitutako diruzenbatekoak ez ordaindu izanaren ondorioak, erregelamendu honetako 32. atalekoak izango dira.

23. atala.– Eskumena.

1.– Zorren geroratze eskabideak izapidetzea eta ebaztea, diruzaintzako gaietan eskumena duen Sailari dagokio.

2.– Dirubilketaren kudeaketa beste entitate batekin hitzartu bada, azkenengo honi dagokio eskabideak izapidatu eta ebaztea, horrela badago itunduta.

24. atala.– Eskabidea.

1.– Bahitutako ondasunak besterentzeko erabaki baino lehen edozein unetan aurkeztu daiteke geroratzeko eskabidea premiamenduzko prozeduraren barruan. Premiamenduzko prozeduraz besteko hipotekazko exekuzio-prozedura eginbideetan badago, enkanterako deialdia baino lehen aurkeztu ahal izango da.

2.– Geroratze eskabideak honako xehetasun hauek jaso beharko ditu halabeharrez:

a) Izen-abizenak, sozietatearen helbidea edo izena, identifikazio fiskalerako zenbakia, eskegilearen egoitza fiskala eta jakinarazpen ondorioetarako adierazitako lekua.

b) Geroratzea eskatzen den zorra identifikatzea, adierazi egin beharko direla, behintzat, zorraren zenbatekoa, kontzeptua eta zorra likidatu duen organoa edo zorra deklaratzen duen erabakia eman duen organoa.

c) Geroratze eskabidea egiteko arrazoi diren kausak.

d) Eskatzen den gerorapenerako epeak eta gainerako baldintzak.

e) Hurrengo atalean xedatutakoaren arabera eskaintzen den bermea, eta erregelamendu honetako 27. atalean xedatutakoaren kaltetan gabe.

f) Eskabidearen lekua eta eguna eta eskegilearen izenpea.

3.– Geroratzeko eskabidearekin batera, eskegileak bidezkotzat jotzen dituen agiriez gain, honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Zorra eragiten duen administrazio-erabakiaren edo –jakinarazpenaren kopia, edo autolikidaziorako edo deklarazio–likidaziorako eredu ofiziala, behar bezala betetakoa, horien arau erregulatzaileak horrela eskatzen dueneko zorrak izan daitezenean.

b) Abal solidarioa formalizatzeko finantza entitateak hartutako konpromisu ezeztaezina, 26. atalaren arabera. Salbuetsi egingo da atal horretan eta erregelamendu honetako 27. atalean jasotakoa. Abal irmo batez ordezka daiteke konpromisu hori, honen zenbatekoak mugatu egingo dituela gerorapenaren terminoak.

c) Hala behar izanez gero, ordezkaritzaren egiaztagiriak.

4.– Kreditu entitate batek edo bermedun elkarrenganako sozietateak emandako abala izan ez dadin bermea onartzeko eska dadinean, aurreko lerroaldeko b) idazatian adierazitakoaren ordez, geroratze eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Berme lez eskainitako ondasunen balorazioa, hots, enpresa edo profesional espezializatuek eta independienteek egindakoa.

b) Itxitako azken ekonomia ekitaldiaren balantzea eta emaitzen kontua, eta, baldin badago, auditoriaren txostena.

5.– Bermea osorik edo zati batetan kentzeko eska dadinean, atal honetako 3. lerroaldeko b) idazatian adierazitakoaren ordez, geroratze eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Aitorpen erantzulea, ondasunik ez duela adieraziz edo berme lez emandakoak baino ez dituela adieraziz.

b) Azken hiru urteetako balantzea eta emaitzen kontua, eta, baldin badago, auditoriako txostena.

c) Bideragarritasun egitasmoa eta ekonomiaren, finantzen eta ondasunaren alorretan garrantzia duen informazioa, hain zuzen ere, eskatutako gerorapenari betetzeko ahalmena justifika dezana.

25. atala.– Eskabidea aurkezteak dakartzan ondorioak.

1.– Eskabidea borondatezko aldian aurkez dadinean, epe hori amaitu eta ebazteke balego, ez da ezelango ekintzarik gauzatuko premiamenduzko prozedurarekin hasteko.

2.– Aldi exekutiboan aurkez dadinean, geroratze erabakira arte bahitutako ondasunen besterentze ekintzak geldiaraz daitezke, prozedura ez etetearen kaltetan gabe.

3.– Aurreko atalean adierazitako eskakizunak betetzen ez baditu edo ez baditu aurkezten atal horretan esandako agiriak, guztientzako prozedura administratiboari buruzko arauetan zuzenketarako ezarritako izapideak beteko dira. Zorraren dirua sartzeko, borondatezko aldian aurkeztu bada eskabidea, aditzera emango zaio, zuzenketak egiteko jarritako epea amaitu ostean igarota badago dirusarrerarako arauzko epea, eta ordainketarik egin ez bada ez eta zuzenketa ere, premiamenduzko bidetik exigituko dela zor hori, berorri dagozkion errekarguak eta interesak izango dituela.

26. atala.– Bermeak.

1.– Diruzaintzako alorrean eskumena duen sailburuaren aginduz ezarritako zenbatekoaren gainetiko zorrak geroratzearen eraginkortasuna Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Baldintzaturik ere badago, alegia, kreditu entitatearen edo bermedun elkarrenganako sozietatearen abal solidarioaren bermea osatu beharko dela; salbuetsi egiten dira zorduna Administrazio Publikoa edo zuzenbide publikoko entea izatea, eta hurrengo atalean eta atal honetako hurrengo lerroaldeetan xedatutakoa.

2.– Geroratzearen ebazpena diruzaintzaren alorrean eskumena duen Sailari badagokio, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 28. atalaren bidez onartutako ereduari egokitu beharko zaio abala, beharrezkoak diren doiketak egingo dizkiola erregelamendu honetako edukiari. Eredu horri egokitzen ez zaizkion abalak, zuzenketa izapideetan doitutakoez ordezkatu ahal izango dira; aurreko ataleko hirugarren lerroaldean aipatzen den zuzenketaz ari gara, hain zuzen ere.

3.– Abal hori lortzea ezinezkoa dela edo horrekin enpresa baten bideragarritasunari konpromisu larria sortzen zaiola justifikatu bada, honako hauek ere onar daitezke: mugiezinen hipoteka, mugikorren hipoteka, lekualdaketadun edo lekualdaketarik gabeko bahia, fidantza pertsonala eta solidarioa edo bidezkotzat jotzen den beste edozein. Abalaz besteko bermerako aurkeztutako justifikazioa ez bada nahikotzat hartzen, gerorapenaren izapideak egiteko eskumena duen organoak eskegileari emango dio horren berri. Eskegileak, halaber, aurreko ataleko hirugarren lerroaldean agertzen den izapideaz ere baliatu ahal izango da, abal solidarioaren konprimisu ukaezina edo abal irmoa aurkez dezan; jakinaraziz, horrela egiten ez badu, ez zaiola eskabidea onartuko.

4.– Gerorapenak sor ditzan berandutza interesen eta tronkoaren zenbatekoa hartuko du bermeak; eta horretaz gain, bi partidon batuketaren 100eko 10. Premiamenduzko probidentzia jakinarazi ondoren eskatzen bada gerorapena, 100eko 25ekoa izango da portzentaia hori. Zatiketetan berme partzialak jarri ahal izango dira epe bakarrerako edo hainbaterako; bermeok, dagokion zatiketari egingo diote aurre; eta bai, horrek sor ditzan berandutza interesak gehi tronkoaren eta interesen batuketaren 100eko 10 edo 100eko 25, eskabidea premiamenduzko probidentzia jakinarazi aurretik edo geroztik aurkeztu denaren arabera.

5.– Abal bidez eratutako bermeak epemugarik gabekoa izan beharko du; edo gerorapenerako ezarritako epearen hainbatekoa, gehi sei hilabete.

6.– Esleitze erabakiaren berri ematen den egunaren hurrengo hogeita hamar egunetan aurkeztu beharko da bermea. Gerorapena ebazteko eskumena duen organoak handitu egin dezake epe hori, baldin eta berorren formalizazioa sano eragozpentsua dela antzematen bada.

7.– Epea igarota bermea ez bada formalizatu, ez du ezelango ondoriorik izango esleipen erabakiak. Orduan, zorra premiamenduzko prozeduraz exigitu ahal izango da, sortu dituen interes eta errekarguarekin, baldin eta amaiturik badago dirusarrerako borondatezko aldia. Gerorapena aldi exekutiboan eskatu bada, ekin egingo zaio premiamenduzko prozedurari.

8.– Bermearen askitasun ekonomikoa eta juridikoa, gerorapena ebazteko eskumena duen organoak neurtuko du, bidezkotzat jotzen dituen txosten teknikoak ere eskatu ahal izango dituela. Aurreko lerroaldean jasotakoa salbuetsita geldituko da.

9.– Horiek ebaztea diruzaintzako alorrean eskumena duen Sailari dagokioneko gerorapenetan, inoren gauzen gaineko eskubide errealetan oinarritutako bermeen askitasun ekonomikoa eta juridikoa neurtzea, baita onartzea ere, ondare gaietan eskumena duen organoari dagokio. Horrek, fede-emaile publikoaren aurrean gauzatuko du, edo agiri administratiboaren bidez. Agiri hau, erregistro publikoetako arduradunei bidal dakieke, erregistro horietan erasota gera dadin horren edukia.

10.– Bermatutako zor guztia ordaindu dela egiaztatu ondoren, liberatu egingo dira bermeak. Berme partzial bakoitza liberatzeko ordaindu egin beharko da berorrek bermatutako zorraren zatia.

27. atala.– Bermeak barkatzea.

1.– Gerorapena ebazteko eskumena duen organoak, zorra bermatzeko nahiko baliabiderik ez duenean zordunak eta bere ondarearen exekuzioak gaitasun produktiboari eta jarduera ekonomikoaren enplegu mailari eragin badiezaioke edo Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren zein beste ogasun publikoaren interesei kalte handiak ekar badiezazkieke, exigigarriak diren bermeak jartzetik liberatu dezake guztiz edo neurri batetan. Bermeetatik liberatzearen aurkako erabakia hartuko balitz, 25. ataleko 3. lerroaldean aipatzen den izapideaz balia daiteke eskegilea, abal solidariorako edo abal irmorako konpromisu ezestaezina aurkeztu dezan; ohartarazten zaio eskegileari, horrela jarduten ez badu, ukatu egingo dela eskabidea.

2.– Egokitzat jotzen diren baldintzak ezar daitezke erabakian; eta hori, ahalik eta eperik laburrenean ordainketa ziurtatzeko eta geroratutako zorraren lehentasuna eta eskegilearen gainerako zor–obligazioak behar-bezala betetzea bermatzeko.

3.– Onuradunak, bermeetatik liberatuta gerorapena lortu ondoren, eta gerorapen horrek hartzen duen epealdian zehar, horretaz erabakia hartu zuen organoari, zorra bermatzea ekar dezakeen edozien aldaketa ekonomiko edo patrimonialaren berri emango dio. Jakinarazpen horren bidez edo beste bideren batez, zernolako horiek era horretan aldatu direnaren berri izan dezanean administrazioak, exigitu egingo da bermea eratzea. Edozein modutan aldaketatzat hartuko da, baldin eta gerorapenaren iraupenaldian zordunak onurak banatzen baditu.

4.– Gerorapena ebazteko eskumena duen organoak, auditoretzako edo helburu horretarako egokitutako prozeduretan ezarritako obligazioak eta baldintzak bete direnentz kontrolatuko du.

5.– Gerorapena ebazteko eskumena duen organoak, zorra kobratzea gerorapenaren epealdi guztirako bermaturik egon dadinean, bermea jartzetik liberatu egin dezake.

28. atala.– Ebazpena.

1.– Ordainketen gerorapenari buruzko ebazpenetan gerorapenon epeak eta baldintzak zehaztuko dira, eskatutakoez bestekoak izan daitezkeelarik.

2.– Gerorapenak hainbat zor hartzen dituenean, horietariko bakoitzari daragioten epea eta zenbatekoak banaka adieraziko dira.

3.– Ebazpena onartzezkoa bada, eskegileari, egin dakion jakinarazpenaren bidez, bermea ez eratzeak eta ez ordaintzeak ekar ditzakeen ondorioez ohartaraziko zaio. Ohartaraziko zaio, halaber, kalkulatutako berandutza interesen zenbatekoak, aplikagarria den tipoa agian aldatzeari lotuta daudenaz.

4.– Ebazpena ukatzezkoa bada eta gerorapena eskatu bada borondatezko aldian, zorra, dirua sartzeko arauzko epealdia amaitu baino lehen ordaindu beharko dela ohartaraziko zaio eskegileari; eta hori, epealdi hori amaitu ez bada edo, bestela, erregelamendu honetako 44. ataleko 1. lerroaldean ezarritako epeetan. Zor–ordainketarekin batera, borondatezko aldiaren epemugatik ukatzezko erabaki egunera arte sortutako interesak ere ordaindu beharko dira.

5.– Erabakia ukatzezkoa izan eta gerorapena aldi exekutiboan eskatu bada, premiamenduzko prozedura hasten dela eta ekin egiten zaiola ohartaraziko zaio eskegileari.

6.– Eskabidea aurkezten den egunetik aurrera zazpi hilabeteko epean hartuko da ebazpena. Epe hori igaro eta ez bada ebazpenik hartu, eskabidea ukatutzat emango da formaren aldetik, administrazio prozedura komunari buruzko arauetan jasotako ondorioak izango dituela.

29. atala.– Gerorapena aldatzea.

1.– Esleitutako gerorapenaren baldintzak aldatzeko eskatu arren zordunak, hasierakoak bete behar ditu, horiek aldatzezko erabakirik eman ez dadin bitartean.

2.– Norbere kasako eskabideok izapidatu eta ebaztea hasierako ebazpenerako eskumena duen organoari dagokio, aurreko 23. atalaren arabera.

3.– Gerorapena ematen duen Erabakian jasotako epeak eta interesak, lehenengo epearen epemuga baino lehenago jakinarazi ez bada, ofizioz aldatuko dira.

30. atala.– Interesen kalkulua.

1.– Berandutza interesak, gerorapena emanez gero, geroratutako zorra aintzat hartuz kalkulatuko dira, borondatezko aldiaren epemugatik hasi eta emandako epea amaitzen denera arte.

2.– Zatiketa ematen bada, zatitutako zor bakoitzaren berandutza interesak kalkulatuko dira. Zor zati bakoitzeko, borondatezko aldiaren epemugatik, emandako epea amaitu arte sortutako interesak konputatuko dira. Zati bakoitzagatik sortutako interesak, zati horrekin batera, dagokion epean exigituko dira, edo denak batera, baina zatiei dagozkienak baino lehen.

3.– Gerorapena aldi exekutiboan eskatu bada, interesak kalkulatzeko oinarrian ez da sartuko premiamenduzko errekargua.

4.– Zerga-zorrak geroratu edo zatituz gero, ematezko erabakian egindako interes likidazioa, adierazitako epeen epemuga baino lehenagoko aldaketaren ondorioen kaltetan gabe ulertuko da. Likidazio berria gerorapen eskabideak ebazteko organo eskumendunak emandako erabakiz onartuko da, eta betetzeko dagoen epealdiko zati bati buruzkoa izan daiteke.

31. atala.– Gerorapenaren jarraipena.

1.– Geroratutako zorraren dirubilketarako eskumena duen organoak, gerorapena eskatu zen unea aintzat hartuz, esleipenean adierazitako ordainketa baldintzak bete direnentz egiaztatu beharko du.

2.– Bermea jarri deneko diruzaintza alorrean eskumena duen Sailak emandako gerorapenak ez badira betetzen, organo esleitzaileari emango zaio zernolako horren berri.

32. atala.– Prozedura, ordaintzen ez denerako.

1.– Gerorapenetan, emandako epearen epemuga iritsi eta ez bada ordaindu, honako era honetan jokatuko da:

a) Borondatezko aldian eskatutakoa bada, geroratutako zorra eta horri dagozkion interesak eta errekargua exigituko dira premiamendu bidezko prozeduraz.

b) Aldi exekutbioan eskatutakoa bada gerorapena, ekin egingo zaio premiamenduzko prozedurari, lehenengo eta behin, egon dagoen bermea exekutatuz.

2.– Ordainketaren zatiketetan, edozein eperen epemuga iritsiz gero, ordainketa egingo ez balitz, honela jokatuko litzateke:

a) Zatiketa borondatezko aldian eskatu bada, premiamenduzko prozedurari ekiteko jarduerak burutuko dira, ordaindu ez den zatiari dagokionez, kontutan hartuko direla sortutako interesak eta horiei dagozkien errekarguak. Bigarren zati bat ordaindu gabe geldituko balitz, ordaintzeke dauden zatiek aldez aurretik izango lukete epemuga. Bigarrenengoz ere ez dela bete jakiten bada eta ordaindu gabeko lehenengo zatiagatiko premiamenduzko prozedurari ekiteko jarduerarik ez bada gauzatu, jarduerok batera egin daitezke.

b) Zatiketa hori aldi exekutiboan eskatutakoa bada, ordaintzeke dagoen zor guztia hartzen duen premiamenduzko prozedurari ekingo zaio; lehenengo eta behin, egon dagoen bermea exekutatuko dela.

c) Aurreko lerroaldean esandakoaren ondorioz ordaintzeke dauden zatiek aurreratutako mugaeguna badute, horiei dagozkien interesak, alegia, emandako epeak aintzat hartuz aldez aurretik kalkulatutakoak, indargabetu egingo dira eta 30. atalean ezarritako kasuetan eta moduetan likidatuko dira.

3.– Epe bakoitzagatik berme partzialak eta lokabeak eratu direneko ordainketa zatiketetan, honela jardungo da:

a) Zatiketa borondatezko aldian eskatu bada, zati bat ez ordaintzeak premiamenduzko prozedurarekin hastea dakar, baina zati horri eta berorren berandutza interesei eta errekarguei dagokienez bakarrik.

b) Aldi exekutiboan eskatu bada zatitzea, berehalaxe exekutatuko da ordaindu gabeko zatiari gehi berorren berandutza interesei eta errekarguei dagozkien bermeak.

c) Bai kasu batean zein bestean iraun egingo du zatiketaren gainerakoak, eta gainera, ematerakoan jarritako terminoetan.

II. ATALBURUA

KONPENTSAZIOA

33. atala.– Zor konpentsagarriak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazioaren edo horren erakunde autonomoen aldeko zorrak, atalburu honetan ezarritako baldintzekin, guztiz edo zati batetan indargabetu daitezke konpentsazio bidez. Berdin dio zorrok borondatezko aldian edo aldi exekutiboan dauden. Indargabetu egingo dira, baita ere, zordunaren alde entitate hartzekodunak aitortutako kredituak.

2.– Likidazioa edo zenbatekoa ingresatu deneko zordunaren obligazioa deklaratzen duen erabaki bat indargabetu edo beste batez ordezkatzen bada, aldez aurretik ingresatutako zenbatekoan murriztu daiteke zorra.

34. atala.– Eskumena.

Zorraren konpentsazioari buruzko erabakia, zordunaren aldeko kredituari darion ordainketa-agindua emateko eskumena duen organoak hartuko du, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari buruzko Dekretuan eta arau organikoetan ezarritakoaren arabera.

35. atala.– Entitate publikoen zorrak ofizioz konpentsatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren edo beronen erakunde autonomoen aldeko zorrak, ordainketarako borondatezko epea igaro ostean, ofizioz izango dira konpentsagarriak, baldin eta zorduna Estatuko Administrazio Orokorra, lurralde ente bat, erakunde autonomo bat, entitate kudeatzailea edo gizarte segurantzako zerbitzu amankomuna edo bere jarduera ordenamendu pribatupekoa ez den zuzenbide publikoko entitatea bada.

36. atala.– Beste hartzekodun batzuen ofiziozko konpentsazioak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo horren erakunde autonomoen zordun bat, alegia, aurreko atalean jaso gabekoa, aitortutako beste kreditu baten hartzekoduna bada, zorra ofizioz konpentsatuko da borondatezko aldia igaro ondoren; berorretan sartuko dira, baita ere, errekargua eta berandutza interesak.

37. atala.– Ordainketarako obligatutakoak eskatutako konpentsazioa.

1.– Bere aldeko kreditua aitorturik duen zordunak zorraren konpentsazioa eska dezake. Horretarako idazkia bidaliko dio ebazteko eskumena duen organoari, honako xehetasun hauek jasoko dituela:

a) Izen eta abizenak, sozietatearen helbidea edo izena, egoitza fiskala eta ordainketarako obligatuta dagoenaren identifikazio fiskalerako zenbakia eta jakinarazpenerako adierazitako lekua.

b) Horren konpentsazioa eskatzen deneko zorraren identifikazioa. Adierazi beharko dira, behintzat, zenbatekoa, kontzeptua eta zorra deklaratzeari buruzko erabakia edo horren likidazioa eman duen organoa.

c) Eskegilearen alde aitortutako kreditua identifikatzea, horren aldeko konpentsazioa eskaintzen baita. Zenbatekoa, kontzeptua eta deklaratzeari buruzko erabakia eman duen organoa, behintzat, adierazi beharko dira.

d) Kreditua eskualdatu edo lagatu ez denaren aitormen espresoa.

e) Eskabidearen lekua eta eguna eta eskegilearen izenpea.

2.– Horren konpentsazioa eskatzen deneko zerga-zorra autolikidazio bidez finkatu bada, konpentsazio eskabidearekin batera deklarazio-likidazioaren edo autolikidazioaren eredu ofiziala aurkeztuko da; hori bai, zerga erregulatzeari buruzko araudian xedatutakoaren arabera aurkeztu beharko ditu subjektu pasiboak edo atxekitzaileak, behar-bezala beteta.

3.– Konpentsazioa eskatu ondoren, eta erabakia hartu arte, eten egingo dira kreditua ordaintzeko izapieak.

4.– Konpentsazio eskabidea borondatezko aldian aurkezten bada, eta epe hori amaitu ondoren oraindino ere ebazteke badago, ez zaio premiamenduzko bideari ekingo. Aldi exekutiboan aurkezten bada, bahitutako ondasunak besterentzeko ekintzak gelditu egin daitezke eskabidea ebatzi arte, prozedura etetearen kaltetan gabe.

5.– Eskabideak ez baditu baldintzak betetzen, edo eskabidearekin batera ez badira aurkezten atal honetan adierazitako agiriak, administrazio prozedura amankomuneko arauetan ezarritako izapideei jarraituko zaie. Zorra ingresatzeko borondatezko epealdian aurkeztu bada eskabidea, ohartarazten da, ingresatzeko arauzko epea zuzenketarako epea amaitu ondoren igarota balego eta ez balitz ordaindu ez eta agiriak aurkeztu ere, zor hori premiamenduzko bidetik exigituko litzateke, dagozkion errekarguak eta interesak barne direla.

6.– Ebazpena hartzeko eskumena duen organoak, zerga-arauetan eta arau zibilean edo berariazko izaeraz aplikagarria den legedian orokortasunez ezarritako baldintzak betetzen badira, konpentsazioa erabaki dezake.

7.– Borondatezko aldian eskatutako konpentsazioa ukatzen bada, zorra, ebazpenaren egunera arte sortutako interesekin batera, erregelamendu honetako 44. ataleko 1. lerroaldean finkatutako epean ordaindu behar dela jakinaraziko zaio eskegileari arrazoitutako erabakiaren jakinarazpenean. Epe hori igaro eta ez bada dirua ingresatu, premiamenduzko bidetik exigituko da ordaintzeke dagoen zorra. Konpentsazioa aldi exekutiboan eskatu eta ukatu egiten bada, ekin egingo zaio premiamenduzko bideari.

8.– Sei hilabeteko epean hartu beharko da erabakia, eskabidea aurkezten denetik hasita. Epe hori igaro, eta ez bada erabakirik hartu, formaren aldetik ukatutzat joko da eskabidea administrazio prozedura komuneko arauetan jasotako ondorioetarako.

38. atala.– Konpentsazioaren ondorioak.

1.– Konpentsazioaren ebazpenean iraungitakotzat joko dira, behar besteko zenbatekoan, zorrak eta kredituak.

2.-Kreditua zorra baino txikiagoa bada, hasi egingo da edo ekin egingo zaio premiamenduzko prozedurari, kredituaren zenbatekoa gainditzen duen zorrari dagokionez, aurreko 35. atalean aipatzen diren entitateetariko zorduna den entitatea salbuetsiz; eta hori, konpentsazio gehiago gauzatu daitezkeenaren kaltetan gabe.

3.– Kredituak gainditu egiten badu zorra, alde hori interesatuak ordainduko du.

IV. ATALBURUA

OBLIGAZIOAK IRAUNGITZKEO ERA GEHIAGO

39. atala.– Preskripzioa.

1.– Kasu bakoitzean aplikagarriak diren legeetan aurrikusita daude zorrqak preskribitzeko epea, horiek geldiaraztea eta ondorioak. Lege horien ezean, Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratuko 44 atalean xedatutakoa izango da baliagarri.

2.– Dirubilketarako kudeaketa garatzeko eskumena duen organoak deklaratuko du, ofizioz, preskripzioa.

3.– Halako epealdi batean preskribitutako zorrentzat espediente kolektiboak instruitu daitezke; eta hori, era horretako deklarazioa banaka ez badute hartu.

40. atala.– Kaudimen gabezia.

Zorrak, hots, ordaintzeko obligatuak eta erantzuleak hutsegindako lez deklaratu daitezenak, behin-behinekoz iraungitakotzat deklaratuko dira, premiamenduzko prozedura erregulatzen duten arauekin bat etorriz. Preskripzio epea igaro eta zorra ez bada birjarri, behin betikoz iraungitakotzat joko da.

41. atala.– Kondonazioa.

Legez baino ezingo dira kondonatu zorrak, berorretan ezarritako zenbatekoan eta terminoetan.

42. atala.– Nahaspila.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioa edo horren erakunde autonomoren bat hartzekoduna eta zorduna bada aldiberean, horrek ez du esan nahi kontaduritzari buruzko arauak aplikatu behar ez direnik. Hortaz, obligazioa sortzen dela ulertu behar da, eta ez da iraungiko aldiberekotasun horregatik.

IV. IDAZPURUA

BORONDATEZKO ALDIKO DIRUBILKETA

43. atala.– Hasiera.

1.– Borondatezko aldian zerga-zorrak biltzen noiz hasi:

a) Likidazioaren berri banaka edo taldeka emateko egunean.

b) Taldekako edo aldizkako jakinarazpenaren gai diren errekurtsoak, dirubilketarako epea irekitzen denean.

c) Deklarazio-likidazioak edo autolikidazioak, aurkezpenerako arauz adierazitako epearen hasiera egunean.

2.– Zergagarriak ez diren zorrak borondatezko aldiko dirubilketa, obligatuari erabaki exekutiboa jakinarazten zaion egunean hasiko da, obligazioa deklara dezan administrazio prozedurari buruzko arauen arabera. Honako alor hauek hartuko ditu erabakiak:

a) Zehapen alorrean, administrazio bidea amaitzeagatik edo garaiz eta formaz jazarri ez delako, zehapen exekutiboa ezartzen duena; edo zehapena sendetsi egiten duen errekurtso-erabakia. Aplikagarria den zigor prozeduraren arabera, zigor erabakiaren aurretik, ordainketa salaketaren ondorioz egin dadinean ere hasiko da dirubilketa.

b) Emandako mailegu eta bermeen alorrean, Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratuko 32.1) atalean aipatzen diren zenbatekoak ordaintzeko eskatuz emandakoa.

c) Dirulaguntzen alorrean, konplimendu ezaren ondorioz aldez aurretik eskuratutako zenbatekoak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko obligazioa deklaratzen duena.

44. atala.– Ordainketarako epea.

1.– Administrazioak egindako likidazioen ondoriozko zerga–zorrak, honela ordainduko dira:

a) Hilabete bakoitzeko 1etik 15era bitartean jakinarazitakoak, jakinarazpen egunean hasi eta hurrengo hilabeteko 5era arte edo, balioduna ez bada, hurrengo lehenengo egun baliodunera arte.

b) Hilabete bakoitzeko 16tik azken egunera arte jakinarazitakoak, jakinarazpen egunean hasi eta hurrengo hilabeteko 20ra arte edo, balioduna ez bada, hurrengo lehenengo egun baliodunera arte.

2.– Taldeka eta aldizka jakinaraztekoak diren edo deklarazio–likidazioaren edo autolikidazioaren bidez ordaindu behar diren zerga-zorrak, zerga bakoitzaren arau erregulatzaileetan adierazitako epe edo egunetan ordaindu behar dira.

3.– Zergagarriak ez diren zorrak atal honetako 1. lerroaldean ezarritako epeetan ordaindu beharko dira, horien arabera exigitu egiten direneko arauek beste epe batzuk finkatu ezean.

4.– Administrazio bidea amaitzen ez duten zigor-erabakietan, Administrazioari errekurtso arrunta aurkezteko epea, orokortasunez ezarritako ordainketa epearen ondoren amaitzen bada, errekurtsoa aurkezteko epea amaitu ondorengo egun baliodunera arte luzatuko da ordainketarako epea, baldin eta ez bada errekurtsorik aurkezten.

5.– Zehapena zatitu, indargabetu, murriztu edo ordezkatu bada, zehapen araudiaren arabera, horien ezarpenerako terminoak hartuko dira aintzat.

45. atala.– Borondatezko aldiko dirusarrerak.

1.– Borondatezko aldian honako leku hauetan sartuko da zorren zenbatekoa:

a) Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiko kutxan, helburu horretarako dagoen dirubilketa organoaren eskura.

b) Diruzaintzaren alorrean eskumena duen Sailak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusian helburu horretarako baimendu duen kontuan.

c) Entitate laguntzailearen bidez, erregelamendu honetako 6. atalean ezarritakoaren arabera.

2.– Zerga likidazioen eta 43. ataleko 2. lerroaldean aipatzen diren erabakien jakinarazpenean, lehendik adierazitako bidea, obligatuak erabili behar duena, adieraziko da, aplikagarriak diren xedapenen arabera.

3.– Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiak dirua kontuan sartzea, transferentzia bidez, beste kontu batetik egindako intsuldaketaz edo bankuen taktikan onartutako beste edozein prozedura bidez egin daiteke, 16. atalean jasotako ondorioen kaltetan gabe.

46. atala.– Hitzartutako dirubilketa.

Dirubilketa hitzartu egin bada, dirusarrerak baliabide berberak erabiliz egin beharko dira eta, hala behar bada, entitate laguntzaileetan, izan ere, kudeaketa garatu zuen entitatearen aldeko zorrei aplikagarriak baitzaizkie.

47. atala.– Amaiera.

1.– Borondatezko aldiko dirubilketa, aurreko 44. atalean adierazitako dirusartze epeen epemugan amaituko da.

2.– Borondatezko aldian dirubiltzeko eskumenak, aldi horretan garatu beharreko jarduerez gain, honako hauek ere hartuko ditu:

a) Preskripzio deklarazioa, premiamenduzko prozedura hasteko jarduerak gauzatu ez direnean.

b) Borondatezko aldian dirubilketarekin hasteko beharrezkoak diren jarduerak.

c) Egindako dirusarrerei arauzko destinoa emateko beharrezkoak diren jarduerak, berori amaitu ondoren, epealdi horretan eskumenak dituzten organoen eskura.

d) Behar ez bezala eskuratutako zenbatekoak itzultzeari buruzko erabakia, borondatezko aldian emandako ekintzen eraginkortasunik ezaren ondorio diren neurrian.

V. IDAZPURUA

BORONDATEZKO ALDIKO DIRUBILKETA

I. ATALBURUA

PREMIAMENDUZKO PROZEDURAREN ERREGIMEN JURIDIKOA

48. atala.– Premiamenduzko prozedura erabiltzeko ahalmena.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta horren erakunde autonomoek, Euskak Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratuko 40. atalaren arabera, zuzenbide publikoko zorren dirubilketa exekutiboan premiamenduzko prozeduraz baliatzeko ahalmena dute.

2.– Kontzeptu honengatik ez zaie zuzenduko premiamenduzko prozedurarik eta ez zaie sortuko errekargu edo berandutza interesik, aukera hori lege mailako arauan kendu egiten zaie zordunekiko, izan ere, euren jardueretan zuzenbide publikoari atxikitako entitateak baitira.

49. atala.– Premiamenduzko prozeduraren izaera.

1.– Premiamenduzko prozedura administrazio mailakoa da erabat; horren berri izateko eta gorabehera guztiak ebazteko eskumena, Administrazioari baino ez dagokio.

2.– Premiamenduzko prozedura ez da pilatuko judizialekin eta beste exekuzio prozedura batzuekin. Horri hasiera ematea edo horri ekitea ofizioz bultzatuko da izapide guztietan, eta ez da etengo horietarikoren bat hasteagatik, salbu gatazka jurisdikzionalei buruzko arauekin edo hurrengo atalean xedatutakoarekin bat etorriz jarduten bada.

50. atala.– Zenbait prozedura batera ematea.

Duen izaera aintzat hartuz, kredituak kobratzeko, legean ezarritako lehentasun hurrenkerari zor zaion begirunearen kaltetan gabe, premiamenduzko prozedurarekin batera exekuzioko beste prozedura batzuk ematen badira, bai singularrak, unibertsalak, judizialeak edo ez-judizialak izan, prozeduran trabaturik gelditu diren ondasunak exekutatzeko lehentasuna, honako arau hauekin bat etorriz finkatuko da:

a) Premiamenduzko prozedura, beste exekuzio prozedura edo berariazko prozesuekin batera emanez gero, prozeduran zehar aintzinekoena den bahiketak izango du lehentasuna.

b) Premiamenduzko prozedura beste exekuzio prozedura edo prozesu konkurtsalekin edo unibertsalarekin batera ematen denean, lehenengo prozedura horri lehentasuna emango zaio berorretan zehar bahituak izan diren ondasunak eta eskubideak exekutatzeko, baldin eta bahiketa hori lehiaketa prozesua hasi baino lehenago burutu bada.

51. atala.– Jarduerei eustea.

1.– Baliogabetasun deklarazioan edo jardueren deuseztapenean, eutsi egingo zaie beti ekintzei eta izapideei, baldin eta, hauspenik gertatu ezean, horien edukiak bere horretan irauten badu.

2.– Zehapenak, errekarguak edo zor zergagarrian kuotaz besteko edo ez-zergagarrietan zorraren tronkoaz besteko beste zor-osagarri batzuk deuseztatzeak ez dakar kuotaren, zorraren tronkoaren eta deuseztapenaren kausak eragin ez dien gainerako osagaien deuseztapena, ez eta deuseztatu gabeko elementuei dagozkien errekarguen, interesen eta kostuen deuseztapena ere.

52. atala.– Egiazkotzat jotzea.

Premiamenduzko prozeduran suskribatutako eginbideak, hots, dirubilketako organoak edo agenteak euren eskumenen barruan ikusitako ekintzak kontsigna ditzatenak, egiazkotzat jotzen dira ekintzei, egunari eta agerliarren adierazpenei dagokienez.

53. atala.– Jakinarazpenak.

1.– Premiamenduzko prozeduran egindako jakinarazpenei, zergei buruzko legedi orokorra eta administrazio prozedura komuneko legedia aplikatuko zaie.

2.– Aurreko idazatian aipatzen den araudian aldizkari ofizialean argitaratu behar dela jasotzen bada, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian egingo da hori. Dirubilketaren kudeaketa hitzartutakoa bada, nahiko izango da entitatearen ekintzak argitara daitezen aldizkari ofizialean argitaratzea.

54. atala.– Premiamenduzko bidearen jazarpena.

1.– Premiamenduzko bidearen zilegitasunaren aurka, ondoren adierazten diren oposizio-arrazoiak baino ez dira onargarriak:

a) Zorra ordaintzea edo iraungitzea borondatezko aldian.

b) Preskripzioa.

c) Geroratzea edo zatitzea borondatezko aldian.

d) Zorra ez-zergagarria dela edo zor horren deuseztapena, indargabetasuna edo exekutibitaterik eza deklaraltzen duen erabakiaren en le, dela deklaratzen duen erabakiaren, edo likidazioaren berririk ez ematea.

2.– Zehapen alorreko preskripzio arrazoiak eta erabakia ez jakinarazteko arrazoiak zehapenari buruzkoak izango dira eta, sekula ere ez, infrakzioari, salaketari edo zehapen-erabaki exekutiboaren aurretikoak diren izapideei buruzkoak, horrela xedatzen baita administrazio prozedurari buruzko araudian, eta eskumena duen organoaren aurrean ezarritako unean eta moduan baliagarriak izan daitezkeenaren kaltetan gabe.

3.– Premiamenduzko probidentzia ez jakinarazteak premiamenduzko prozeduran zehar sor daitezen ekintzen jazarpena ekar dezake.

55. atala.– Premiamenduzko prozedura etetea.

1.– Errekurtso eta erreklamazio ekonomiko administratiboak arautzen dituzten xedapenetan jasotako moduan eta baldintzetan etengo da premiamenduzko prozedura.

2.– Premiamenduzko prozedura, interesatuak frogatzen badu zorra finkatzerakoan bere kalterako huts materiala, aritmetikoa edo egitaztekoa gertatu dela, berehalaxe etengo da, bermea jarri beharrik gabe. Baita zor hori ordaindua, barkatua, konpentsatua, atzeratua edo bertan behera utzia izan denean ere.

3.– Zor ez-zergagarriak biltzeari dagokionez, 43. ataleko 2. lerroaldean aipatzen diren erabakiak hartzeko eskumena duen organoari edo erabakiok berrikuskatzeko eskumena duen organoari dagokio zorrotan hutsik egon den begiratzea, administrazio prozedurarari buruzko arauekin bat etorriz.

56. atala.– Ondorioak.

1.– Aldi exekutiboarekin hasteak, hurrengo atalean aipatzen den errekargua berehalaxe sortzea dakar, legean hala aginduta dagoelako, eta berandutza interesak sortzen hastea.

2.– Zorra ez bada ordaintzen, zordunaren ondarea exekutatzea dakar premiamenduzko probidentziak.

3.– Premiamenduzko prozeduran sor daitezen gastuak premiamendupean dagoenaren kargura izango dira, kostuen kontzeptuari erantzungo diotela.

57. atala.– Errekargua.

1.– Aldi exekutiboari hasiera emateak errekargua sortzea dakar, alegia, borondatezko aldian ingresatu gabeko zorraren zenbatekoaren 100eko 20koa. Premiamenduzko probidentzian likidatuko da.

2.– Borondatezko aldian ingresatu gabeko zorraren zenbatekoaren 100eko 10ekoa izango da errekargua, baldintza hauekin:

a) Zorra, premiamenduzko probidentzia zordunari jakinarazi aurretik, ordaindu edo ofizioz konpentsatzen bada.

b) Premiamenduzko probidentzia zordunari jakinarazi baino lehen konpentsazioa eskatzen bada alde batek egindako eskariz, edo zorraren ordainketa geroratu edo zatitu egiten bada, beti ere, eskabideak aldeko ebazpena hartu beharko duela.

c) Bermean aurrikusitako epean edo horretarako jarritako epean egiten badio aurre bermatzaileak zorrari, erregelamendu honetako 62. atalaren 2. lerroaldearen arabera.

58. atala.– Berandutza interesa.

1.– Zordundutako zenbatekoek, errekargua salbuetsita, borondatezko aldiko zorraren epemugaren hurrengo egunean hasi eta dirua sartzen den egunera arte sortuko dituzte berandutza interesak.

2.– Zorra, jarritako epean eta aurreko ataleko 2. lerroaldean ezarritakoaren arabera, paguz edo konpentsazioz ordaintzen bada, ez da berandutza interesik sortuko.

3.– Aplikagarriak diren legeekin bat etorriz egingo da likidazioa, zorrak zerga-izera duenentz aintzat hartuz.

4.– Berandutza interesaren likidaziorik ez da egingo, baldin eta kontzeptu horregatiko zenbatekoa diruzaintzako alorrean eskumena duen sailburuaren aginduz gutxienekotzat ezar dadin zenbatekoa baino txikiagoa bada.

II. ATALBURUA

PROZEDURA EXEKUTIBOEN IZAPIDEAK

59. atala.– Hasiera.

1.– Aldi exekutiboa hasteko eguna:

a) Aldez aurretik jakinarazitako zorretarako, borondatezko aldian dirua sartzeko jarritako epemugaren hurrengo egunean, dirusartze hori egin ez bada edo ordainketa geroratzeko edo zatitzeko edo zorra konpentsatzeko eskabiderik egon ez bada.

b) Deklarazio-likidazioz edo autolikidazioz ingresatu beharreko zorrei dagokienez, hauek epearen barruan aurkeztu baina erabateko edo zati bateko dirusarrera egin ez bada, eta ordainketa geroratzeko edo zatitzeko edo zorra konpentsatzeko eskabiderik egin ez bada, dirusarrera hori egiteko ezarritako arauzko epea amaitzen denean.

c) Dirusarrerarik gabe edo ordainketa geroratu edo zatitzeko edo zorra konpentsatzeko eskabiderik gabe garaiz kanpo egindako deklarazio-likidazioetarako, aipatutako hori aurkezten denean.

2.– Deklarazio-likidazio bidez edo autolikidazio bidez epez kanpo egindako erabateko edo zatikako dirusarrerei erregelamendu honetako 10. ataleko 2. lerroaldean xedatutakoa aplika dakieke beti.

60. atala.– Prozedura exekutiboekin hasteko jarduerak.

1.– Borondatezko aldiko dirubilketa organoek horien dirubilketarako aldi exekutiboa hasi deneko zorren zerrenda kolektiboak gertatu eta bidaliko dizkiote aldi exekutiboan dirubilketaren zuzendaritza gauzatzeko eskumena duen organoari. Aldi exekutiboko dirubilketa kudeaketarako beharrezkoak eta osagarriak diren xehetasunak jasoko dira zerrendotan, hain zuzen ere, zuzendaritza organo horrek onar dezan formatoan.

2.– Zerrendon edukia Ekonomi Kontrolerako Bulegoari jakinaraziko zaio. Eta honek, ezarritako kontrol kontablea eta ekonomikoa egin ondoren, beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu Erregelamendu honetako 35. eta 36. ataletan araututako konpentsazioa gauzatu ahal izateko; eta hori, zordunaren aldeko obligazioa aitor dadinean.

3.– Aldi exekutiboko dirubilketa zuzendaritzarako eskumena duen organoak eta Ekonomi Kontrolerako Bulegoak borondatezko aldiko kudeatzaileei bidaliko dizkiete legezko eta arauzko baldintzak bete ez ditzaten zerrendak.

61. atala.– Premiamenduzko probidentzia.

1.– Aldi exekutiboan dirubilketarako eskumena duen organoak, aurreko ataleko 1. lerroaldean aipatzen diren zerrendak, hots, erregelamendu honetako 48.2 atalaren arabera premiamenduzko prozeduratik kanpo gelditu direnei buruzkoak, eskuratu eta erregelamendu honetan jasotakoari egokitzen zaizkion egiaztatu ondoren, premiamenduzko probidentzia kolektiboa eta aldizkakoa emango du. Probidentzia horrek, nahikoa izanik, premiamenduzko prozedurari hasiera ematen dio, eta epai judizialak duen indar berbera du ordainketarako obligatuen ondasun eta eskubideen aurka jarduteko.

2.– Aurreko lerroaldean aipatzen den aldizkotasuna dirubilketa exekutiboan suskribatutako hitzarmenei egokituko zaie.

3.– Ondoren aipatzen diren zorrak ez dira izango premiamenduzko probidentziaren gai:

a) Erregelamendu honetako 48. ataleko 2. lerroaldearen arabera, premiamenduzko prozeduratik kanpo dauden zordunaren kargurakoak direnak. Horrelakoetan, aurreko ataleko 4. lerroaldean jasotakoaren ondorioetarako, Ekonomi Kontrolerako Bulegoari emango zaio horren berri.

b) Likidazioaren exekuzioa edo ordainketarako obligazioa deklaratzen zuen erabakia eteten duen edo, ordenamendu juridikoaren arabera, ordainketarako borondatezko aldian amaiturik egotea galarazten duen zernolakoren baten berri izaten denean.

c) Ordaindu egin direnean, errekargu eta guzti gainera; legez iraungi egin direnean edo ordainketarako obligatuak eta erreferentziz hutsegin dutenekotzat deklaratu behar diren gainerako erantzuleak, erregelamendu honetako 67. atalean jasotakoaren arabera.

d) Premiamenduzko probidentzia jakinarazi aurretik preskribiturik egon daitezkeenean, preskripzioa etengo duen administrazio ekintzak egotea salbuetsiz.

e) Premiamenduzko prozedurarekin jarraitzea legez galaraz dezaten egoeretan daudenean.

4.– Premiamenduzko probidentziak derrigorrez jaso beharko dituenak:

a) Izena eta abizenak, baltzuaren helbidea edo izena eta, azalduz gero, zordunaren egoitza eta identifikazio fiskalerako zenbakia.

b) Zorraren kontzeptua, administrazio espedientea, hala behar izanez gero, eta zenbatekoa, eta zorrari dagokion likidatutako epealdia. Zor ez-zergagarriei dagokienez, zor horiek sortu edo ebatzi zituen epearekin edo epealdiarekin bat datorren likidatutako epealdi lez kontsignatuko da.

62. atala.– Berme pertsonalak exekutatzea eta eskudiruzko gordailuak.

1.– Abal bidez, kauzio asegururako polizaren bidez edo beste edozein berme pertsonalaren bidez bermaturik badago zorra, premiamenduzko probidentzia eman eta justu segidan zertu egingo du bermea, aldi exekutiboan, dirubilketarako eskumena duen organoak.

2.– Aurreko lerroaldean aipatzen denari dagokionez, bermatutako zenbateko guztia hartzen duen dirua sartzeko errekerimendua helaraziko zaio bermatzaileari. Erregelamendu honetako 44. ataleko 1. lerroaldean ezarritako epean egin beharko da dirusarrera hori, bermearen idazkian bestelakorik ezarri ezean.

3.– Aurreko lerroaldean adierazitako epean ez bada egiten dirusarrera, zordun nagusiaren aurka dagoen premiamenduzko probidentzia beraren arabera, premiamenduzko prozedura erabiliko da bermatzailearen ondasunen kontra.

4.– Bermatzailearen kaudimen gabeziaren berri izan ondoren, atal honetan ezarritako izapideen ordez hurrengo atalean aurrikusitakoak jarriko dira.

5.– Bermeak zorraren zati bat baino hartzen ez badu, hurrengo atalean aditzera ematen diren izapideei hasiera eman dakieke.

6.– Dirutan egindako gordailurik balego, gordailuzainaren izenean bidaliko litzateke 2. lerroaldean ezarritako errekerimendua. Gordailuzaina Administrazioa bera bada, zorra kentzeko erabiliko da.

63. atala.– Premiamenduzko probidentziaren ondorengo izapideak.

1.– Aurreko atalean aipatzen den bermerik edo gordailurik egon ez edo aplikagarriak badira atal horretako 4. ata 5. lerroaldeak, baina, hala ere, hipotekazko, bahiazko edo ondasun bermeak, hots, zordunaren edo beste pertsona baten eskubideez edo ondasunez osatutakoak, exekutatu egingo dira hauek premiamenduzko prozeduraren bidez. Zorduna ez den beste norbanako batenak badira ondasun edo eskubideok, errekerimendua egingo zaio Erregelamendu honetako 44. ataleko 1. lerroaldean ezarritako epean, ondasun edo eskubideok dirubilketa organoaren eskura jar ditzan, zorra ordaintzea gertatu ezik. Ondasun bermerik ez dagoenean, zordunaren ondasunak bahitzeko jarduerak hasiko dira.

2.– Dirubilketa, aldi exekutiboan, EAEko Administrazioaz eta bere erakunde autonomoez besteko entitateekin hitzartu bada, aurreko lerroaldean adierazten diren kudeaketak, suskribatutako halango edo holango hitzarmenean aurrikusitakoarekin bat etorriz, entitateko organoek burutuko dituzte. Ondorio horretarako, hitarmen horretan aurrikusitako agiriak bidaliko zaizkio.

3.– Hipoteken, bahien edo ondasun bermeen exekuzioa hasi bada, ez zaie hasierarik emango atal honetako 1. lerroaldean aipatutako kudeaketei, eta ez zaizkio bidaliko dena delako hitzarmenean aurrikusitako agiriak dirubilketaren kudeaketa hitzartu deneko entitateari, ez bada premiamenduzko administrazio prozeduraz; edo, bestela, Euskal Autonomi Elkarteko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legeko gehigarrizko xedapenetatik hirugarrenean araututako prozedura hasi bada. Hasiera emango zaie, horrelakoetan, kudeaketa horiei, edo aipatutako agiri horiek entitateari bidaliko zaizkio, dirubilketarako ez den prozedura amaitu eta zorra erabat iraungi ez bada.

64. atala.– Zorren sarrera.

1.– Premiamenduzko prozedura bidezko dirusarrerak, borondatezko aldian burututakoentzat, erregelamendu honetako 45. eta 46. ataletan aurrikusitakoaren arabera egingo dira.

2.– Premiamenduzko prozedurako edozein unetan onartuko da ordainketa. Prozedura horrek, zorraren tronkoa, errekargua eta, hala bada, berandutza interesak eta sortutako kostuak hartzen ez dituenean, aurrera iraungo du ordaindu gabeko gainerakorako.

65. atala.– Bahiketak eta bahitutako ondasunak besterentzea edo esleitzea.

1.– Legez ezarritako izapideak eta epeak bete ondoren, bahitu egingo dira ondasunak. Zergei buruzko lege orokorretan ezarritako hurrenkerari jarraituko zaio behiketetan. Bahiketetan, halaber, bahitutako ondasunak gordailatzean, besterentzean eta kentzean, bahiketaren gai izan daitezkeen ondasun tipo bakoitzarentzat ordenamendu juridikoan aurrikusitako xedapenak hartuko dira kontutan.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaz besteko entitate batekin hitzarmendu bada, aldi exekutiboan, dirubilketaren kudeaketa, berorrek izenda dezan organoari eskainiko zaio, hala behar izanez gero, ondasunak Administrazio horri esleitzea. Adierazi egin beharko da, halaber, bere eskubidearen aurretikoak diren karga edo grabamenik dagoen, eta ondasunok esleitu behar direneko zenbatekoa eta balioa. Besterentzeaz arduratzen den organoari eman beharko dio, organoak, hartutako erabakiaren berri, dena delako hitzarmenean ezarritako epean. Epe hori igaro eta erabakiaren bidez ez bada modu espresoan esleipenarekiko ezelango interesik adierazi, ukatutzat emango da eleipen hori.

66. atala.– Hirugarrenak.

1.– Administrazio bidean egindako erreklamazioa behar–beharrezko baldintza da epaitegietan eta auzitegi zibiletan hirugarrenek jarduteko.

2.– Zordunari bahitutako eremura edo hirugarrenak bere kreditua itzultzeko duen eskubidera mugatuko da hirugarrengotza, premiamenduzko espedientean jazarritakoaren aurrean lehentasuna izango duela.

3.– Hirugarrengotzak ebazteko eskumena, aldi exekutiborako eskumena duen organoari dagokio. Euskal Autononomia Erkidegoko Administrazioaz besteko entitateekin hitzartu bada aldi exekutiboko dirubilketa kudeaketa, organo horri edo entitateari dagokio hirugarrengotzen gaia ebaztea, dena delako hitzarmenean ezarritakoaren arabera.

4.– Hirugarrengotza ebatzi baino lehen legez ezarritako izapideak beteko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari badagokio ebazpena hartzeko eskumena, bidezkotzat jotzen diren txosten juridikoak edo teknikoak eska daitezke.

5.– Gertatzen bada ondasunak bahitzera joan eta horiek bahituta daudela beste prozedura exekutibo, judizial edo administratibo baten ondorioz, eta haren lehentasuna aintzat hartu behar bada, horren berri dirubilketa exekutiboko zuzendaritza organoari emango zaio, eta honek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren organo eskumendunari, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren eskubiderik onenaren aldeko ekintzak gauzatu ditzan.

67. atala.– Kreditu kobraezinak.

1.– Dirubilketa prozeduran efektiboak egin ezin direnak jotzen dira kobraezineko kreditutzat, izan ere, ordainketarako obligatuak eta gainerako erantzuleak, egon baleude, hutsegintzat jotzen direlako.

2.– Zordun nagusien eta erantzule solidarioen kaudimen gabezia premiamenduzko prozeduran frogatu ostean, dirubilketa organoak hutsegintzat joko ditu. Ondorio horietarako, honako hauek joko dira kaudimen gabezikotzat: zordunak izanda, bahitu dakizkien ondasunik edo eskubiderik baduten jakiterik ez dagoenean. Zordunaren ondasunak edo eskubideak, erregelamendu honetako 65. ataleko 2. lerroaldean aurrikusitakoaren arabera, Administrazioari ezin bazaizkio esleitu, horiek joko dira bahigarritzat.

3.– Zordun nagusiak eta erantzule solidarioak hutsegintzat joz gero, erantzule subsidiariorik dagoen edo ez begiratuko da. Erantzule subsidiariorik ez badago edo, egonda ere, hutseginak badira, aldi exekutiboko dirubilketan eskumena duen organoak kobraezintzat joko du kreditua; salbuetsi egingo da, dirubilketa harekin hitzartzen deneko enteari eskumena egoztea, dena delako hitzarmena kontutan hartuz.

4.– Bide exekutiboan dirubilketarako eskumena duen organoak, atxikitako zorren zenbatekoa, nondikakoa, izaera eta aintzinatasuna aintzat hartuz, kreditua kobratu ezinezkotzat jo dezake. Deklarazio hori modu kolektiboan egin daiteke, kasuari aplika dakiokeen araudi kontablearen kaltetan gabe.

5.– Kreditua kobratu ezinezkotzat jotzeak, kreditua kontabilitatetik kendu egingo dela esan nahi du. Horrek ez dakar berarekin, legeak kontutan hartuz gauzatu daitezkeen ekintzak burutu ez daitezkeenik, kobratzeko ekintza administratiboa iraungitzen ez den bitartean.

6.– Kobratu ezinezkotzat jotako kredituak, hots, Merkaritza Erregistroan inskribatutako pertsona fisikoei edo juridikoei dagozkienak alegia, erregistro horretan idatziko dira, dirubilketarako organoak horretarako emandako aginduaren arabera. Inskribatzeko euki dezan edozien ekintzaren berri emango dio Merkataritza Erregistroak organo horri, pertsona horiei buruzkoa izan dadinean.

7.– Zordun bat hutsegintzat deklaratzen denean, beroren kontrako kredituak, hots, epemuga deklarazioaren ondoren dutenak, amaitutzat joko dira eta indargabetu lez hartuko dira deklarazio horrekiko erreferentzia aintzat hartuta. Deklaratu gabeko beste obligatu edo erantzule batzuk badaude, hutseginak edo horiei aurre egingo dien berme errealak, salbuespen lez hartuko dira.

8.– Preskripzio epearen barruan obligatu baten edo hutseginda deklaratutako erantzule baten kaudimena gertatzen bada, kobratu gabeko kredituak errehabilitatu egingo dira. Errehabilitazioaren ondoren berriro irekiko da premiamenduzko bidea, eta premiamenduzko beste probidentzia bat emango da hutsegin–deklarazioaren unean kredituak zeukon egoera berberari eutsiz.

68. atala.– Prozeduraren amaiera.

1.– Premiamenduzko prozeduraren amaiera:

a) Zorra ordaindu bada.

b) Zordun nagusien eta erantzule solidarioen erabateko edo zati bateko hutseginagatik kreditu bat kobraezinezkotzat jotzen bada.

c) Beste arrazoi legalen bategatik zordunketa iraungi egin dela deklaratzen bada.

2.– Kreditua kobraezinezkotzat jotzen bada, premiamenduzko prozedurari preskripzio epearen barruan ekingo zaio berriro, baldin eta ikusten bada zorduna edo erantzulea kaudimendunak direla. Epe horrek dirauen bitartean, prozedura amaitzeak ez du galaraziko zordunaren edo erantzulearen berri izateko diren kudeaketak garatzea.


Azterketa dokumentala