Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

164. zk., 1998ko abuztuaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
3912

AGINDUA, 1998ko uztailaren 30ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, beharrizan bereziak dituzten ikasleak eskolatzeko irizpideak ezartzeko, eta ikasle horiek behar dituzten baliabideak hezkuntza-sistemako maila guztietara helarazteko.

Ikasle mota guztiak onartzen dituen eskola sortzearren, Beharrizan Bereziak Dituzten Ikasleen Heziketa arautzen duen ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuak bi hastapen orokor ezarri ditu: bata, euskal sistemako ikasle bereziak unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-maila eta -ziklo guztietan sar daitezen lortzea, jatorrizko heziketa-hutsuneak betez; bestea, ikasle bereziak diru publikoa jasotzen duten ikastetxeetan sartzeko aukerak bermatzea, haien beharrizanei erantzun egokiak emanez, ahalik eta inguru irekienean eta haien etxeetatik ahalik eta hurbilen dauden ikastetxeetan.

Ikastetxerik egokiena ohikoa izaten da. Izan ere, baliabide egokiez hornitzekotan, horixe da ikasle bereziarentzako ingururik irekiena eta integratzeko modurik onena. Beraz, bertan eskolatuko da, beste ikasle guztiak bezala. Ikastetxe eta gela bereziak benetan ezinbestekoak direnean baino ez dira erabiliko.

Aipatutako dekretuaren 7. atalak ikasle bereziak eskolatzeko irizpide nagusiak ezarri ditu. Ikasle bereziak dirulaguntza publikoak dituzten ikastetxeetan sartzeko aukerak bermatzeaz gain, beharrizan bereziak betetzeko baliabideak dituzten ikastetxeetan sartzeko lehentasuna ikasle horiek dutela dio eta, beraz, ikastetxeek halako ikasleak onartu behar dituzte, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emandako arauei jarraituz.

Beharrizan mota bakoitzari erantzuteko, 118/1998 Dekretuak egokiena ohiko ikastetxe eta geletan eskolatzea dela dio, aurreko hastapen nagusiei jarraituz. Ikastetxe horietako heziketa bereziko gelak edo gela egonkorrak behar-beharrezkoak direnean baino ez dira erabiliko. Azkenik, beste aukerarik ez dagoenean, ikaslea ikastetxe berezi batean eskolatuko da.

Hori guztia dela eta, ikasleak maila guztietan eskolatzearren eta beharrizan bereziei erantzutearren, bai ohiko ikastetxeetako ohiko geletan eta gela berezietan, bai ikastetxe berezietan, honakoa

ERABAKI DUT:

I. ATALBURUA

ARAU OROKORRAK

1. atala.– Asmoa eta eremua.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, beharrizan bereziak dituzten ikasleak eskolatzeko arauak ematen ditu agindu honek, eta diru publikoa jasotzen duten ikastetxeei ikasle horiek behar dituzten baliabideak emateko, hezkuntza-sistemako maila guztiak barne.

2. atala.– Beharrizan bereziak dituzten ikasleak eskolatzeko irizpide nagusiak.

1.– Ikasle berezi horiek onartzerakoan, diru publikoa jasotzen duten ikastetxeek dagozkien prozedurari, egutegiari eta baldintzei jarraituko diete, agindu honetako salbuespenekin.

2.– Ikasle mota guztiak onartzen dituen eskola sortzearren Beharrizan Bereziak Dituzten Ikasleen Heziketa arautzen duen 1998ko ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuari jarraituz, beharrizan bereziak dituzten ikasleek lehentasuna izango dute berentzako baliabide egokiak dituzten ikastetxeetan sartzeko, dagokien talde multiprofesionalaren eskolatze-proposamenaren arabera.

3.– Agindu honek malgutasuna ezartzen duenez gero, hezkuntza-sistemako mailetan hasteko adinak eta maila horien iraupena aldatu ahal izango dira.

4.– Ikasle horiek ohiko ikastetxeetan eskolatuko dira, bertako pertsona-baliabideak eta baliabide materialak ondo irakasteko nahikoak baldin badira, agindu honetako 5. eta 6. atalak kaltetu gabe.

5.– Ikasle bereziak eskolatzerakoan erabakitzen den guztia berraztertu ahal izango da beti, baita aldatu, irakasleen etengabeko ebaluazio sistematikoari jarraituz eta talde multiprofesionalaren aldiroko txosten psikopedagogikoak ikusita. Edozein aldaketa egin aurretik, ikaslearen legezko ordezkariei jakinarazi beharko zaie, eta horien iritzia kontuan hartu beharko da, edo ikaslearena, iritzia emateko behar den adina badu.

II. ATALBURUA

IKASLE BEREZIAK OHIKO IKASTETXEETAN ESKOLATZEA

HAUR HEZKUNTZA

3. atala.– Beharrizan bereziak dituzten ikasleak haur hezkuntzan.

1.– Haur bereziek hazi eta garatzeko dituzten oztopoak ahal den neurrian deuseztea da haur hezkuntzaren helburua. Bertan familiak parte hartuko du, ahalik eta modurik eraginkorrenean eta haurra inguru normalizatuetan egongo da, bere etxea barne.

2.– Haurra ohiko ikastetxe batean eskolatuko da, bertako pertsona-baliabideak eta baliabide materialak ondo irakasteko nahikoak baldin badira. Salbuespenez, eta ezinbestekoa denean baino ez, ikastetxe berezi batean eskolatu ahal izango da, talde multiprofesionalek kasuaren txostena egin eta gero.

3.– Hezkuntza Saileko lurralde ordezkaritzek beharrizan bereziak dituzten ikasle batzuk haur hezkuntzako ikastetxe bakar batean eskolatzea proposatu ahal izango dute, guztiek ekipamendu berezia behar badute, edo irakasle gutxik duen espezializazioa beharrezkoa bazaie.

4. atala.– Beharrizan bereziak dituzten ikasleak eskolatzea.

1.– Haur hezkuntzako helburuak betetzeko, etapa honetan eskolatzeko lehentasuna ikasle bereziek izango dute. Kasu bakoitzak eskatutako baliabide guztiak eskuratzea egongo da, bai maila pertsonalean bai materialean, eskolatzea beti posible izan dadin, adin horietako haurrentzako ohiko baliabideak nahikoak baldin ez badira.

2.– Beharrizan bereziak ahalik eta txikiagotan aurkitu eta horrelakoak dituzten ikasleak behar bezala eskolatzeko, Pedagogia Berrikuntzarako Lurralde Burutzak koordinatuko ditu horrelako ikasleez arduratzen diren foru-erakunde edo beste lurralde-erakundeekiko harremanak.

3.– Izenemate-prozesuan, talde multiprofesional egokiek ikasle bereziak eskolatzeko proposamena egingo dute. Proposamena ebaluazio psikopedagogikoan oinarrituko da, baita ikastetxeek beharrizan mota bakoitza tratatzeko duten gaitasunean, beren baliabide pertsonal, material eta teknikoak ikusita.

4.– Beharrizan bereziak dituzten haurrak haur hezkuntzako lehen mailan eskolatzen dituzten ikastetxeek aholkularitza behar badute, talde multiprofesionalaren Lehen Hezkuntzako Programako teknikariari eskatu ahal izango diote (ikus agindu honetako 47. atala).

5. atala.– Haur hezkuntzan ohi baino urtebete gehiago geratzea.

1.– Ebaluazioaren arabera gomendagarria bada, ikastetxeko zuzendaritzak eskatu ahal izango du ikaslea haur hezkuntzako bigarren zikloan beste urte batez geratzea. Ikasle horren lehen mailako hezkuntza urtebete geroago hasiko da, beraz.

2.– Ikasturte gehigarri hori eskatzeko bidea hau da: ikastetxeko zuzendariak egingo du eskabidea, ikaslearen legezko ordezkariak harekin ados baldin badaude. Eskabidea Pedagogia Berrikuntzarako Lurralde Burutzak jasoko du eta dagokion talde multiprofesionalak bere txostena egin eta adieraziko du, eta ikasturte berrian landu beharko diren eremuak zehaztuko ditu. Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoaren oniritzia beharrezkoa izango da. Lurralde Burutzak Pedagogia Berrikuntzako Zuzendaritzara bidaliko du eskabidea, esandako txostenarekin batera, eta azken horrek dagokion erabakia hartuko du, eta gero ikastetxeari jakinaraziko dio.

DERRIGORREZKO LEHEN ETA BIGARREN HEZKUNTZAK

6. atala.– Derrigorrezko hezkuntzako etapen hasiera.

Derrigorrezko hezkuntzako etapa bietan, beharrizan berezi eta aldaezinak dituzten ikasleak legeak orokorki esandako adinetan hasiko dira eskolan, aurreko atala eta ondorengo malgutze-irizpideak kaltetu gabe.

7. atala.– Beharrizan bereziak dituzten ikasleak Lehen Hezkuntzan ohi baino denbora luzeagoan geratzea.

1.– Ebaluazioa ikusita, beharrizan bereziak dituzten ikasleak gehienez ohi baino bi urte gehiagotan geratu ahal izango dira Lehen Hezkuntzan. Haur hezkuntzan ere urte gehigarri batez geratu bada, bi urte horien barruan kontatuko da. Nolanahi ere, ikasleak lehen hezkuntzan eskolatzerakoan, horien adina, garapena eta gizarteratze-maila kontuan izango dira.

2.– Lehen Hezkuntzan jarraitzeko eskabidea egiteko prozedura hau izango da: ikastetxeko zuzendariak egingo du eskabidea, ikaslearen legezko ordezkariak harekin ados baldin badaude. Eskabidea Pedagogia Berrikuntzarako Lurralde Burutzak jasoko du eta dagokion talde multiprofesionalak bere txostena egin eta adieraziko du, eta ikasturte berrian landu beharko diren eremuak zehaztuko ditu. Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoaren oniritzia beharrezkoa izango da. Lurralde Burutzak Pedagogia Berrikuntzako Zuzendaritzara bidaliko du eskabidea, esandako txostenarekin batera, eta azken horrek dagokion erabakia hartuko du, eta gero ikastetxeari jakinaraziko dio.

8. atala.– Beharrizan bereziak dituzten ikasleak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan hastea.

1.– Elbarritasun bat dela eta beharrizan bereziak dituzten ikasleei ez zaie aplikatuko ekainaren 21eko 213/1994 Dekretuaren 17.2 ataleko xedapena, lehen zikloaren bukaeran urtebete gehiagoz geratzeari buruzkoa. Bi ikasturteetatik edozeinetan geratu ahal izango dira.

2.– Oro har, beharrizan bereziak dituen ikaslea derrigorrezko denboran zehar ohiko geletan egongo da, behar dituen baliabideekin. Baina behar aldaezinek hala eskatzen badute, ikasketa batzuk unitate berezi batean egingo ditu, bere hezkuntza behar bezala izateko. Nolanahi ere, ikasle horiek ahalik eta gauza gehienak beren ohiko taldearekin egingo dituzte.

3.– Ikasleak laguntza-gelan ematen duen denboraren arabera, ikastetxeko zuzendariak aukeratu beharko du haren tutorea, ohiko taldearena ala laguntza-gelako irakaslea izango dena.

9. atala.– Lanean hasteko prestakuntza egokitua norentzakoa den.

Elbarritasun bat dela eta beharrizan bereziak dituen ikasle batek 16 urte bete baditu eta, irakasleen ustez, ezin badu Bigarren Hezkuntzako Graduatuaren tituloa eskuratu, agindu honetako epe-malgutasun eta curriculum-egokitzapenak aplikatuta ere, ikasle horrentzat posiblea izango da agindu honetako hirugarren ataleko prestakuntza egokituan hastea, lan-munduan sartzeko prestatzeko.

DERRIGORREZKOAREN ONDOKO BIGARREN HEZKUNTZA ETA LANBIDE HEZIKETA

10. atala.– Beharrizan bereziak dituzten ikasleek Derrigorrezkoaren Ondoko Bigarren Hezkuntzan izena ematea.

1.– Beharrizan bereziak izanda derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatu eta dagokien tituloa eskuratu duten ikasleek derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzan izena emango dute, berezitasunik gabe. Beharrezkoa bada, beren beharrizan bereziak adieraziko dituzte, ikasteko baliabide bereziak eskuratzeko.

2.– Ikasle horiek besteak bezala eskolatuko dira, bakoitzaren curriculuma egokitzeko, azterketak egiteko laguntzak eta eskolako lanak egiteko arauak errespetatuz. Ohiko klase batean ikasiko dute, baina ikastetxeko laguntza-baliabideak eskuratu ahal izango ditu, bai aurretik bertan zeudenak, bai ikasle horrentzat berarentzat sortu direnak.

11. atala.– Derrigorrezkoaren Ondoko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako eskolatze-epea luzatzea.

1.– Batxilergoa osatzen duten bi ikasturteak ikasle eskolatu moduan egiteko, horien curriculumeko gaiak blokeetan banatu ahal izango dira. Hori eginez gero, etapan geratzeko epea bi urte gehiagotan luzatu ahal izango da. Luzatzeko aukera derrigorrezkoaren ondoko etaparen hasieran eskatu ahal izango da, baita hori osatzen duten edozein ikasturteren hasieran.

2.– Erdi edo goi mailako berariazko lanbide heziketari dagokionez, elbarritasunen bat dela eta beharrizan bereziak dituzten ikasleen kasuan, ziklo bateko moduloak egiteko eta dagozkien azterketak egiteko epea ohi baino bi aldiz luzeagoa izan ahal izango da.

3.– Era berean, posible izango da ikaslea ohiko erdi edo goi mailako berariazko lanbide heziketan eskolatzea, bere prestakuntzarako egokitzat jotzen diren moduloak egin ditzan. Aprobetxamenduaren arabera eta norbanako curriculuma egokitzeko agirietako ebaluazio-irizpideei jarraituz neurtuko dira emaitzak.

4.– Ikasleak lanbide heziketa ikasten badu, ikastetxeko zuzendariak egingo du eskolatze-denbora luzatzeko edo eskolatze partziala egiteko eskabidea eta Pedagogia Berrikuntzarako Lurralde Burutzara bidaliko du. Horrek, kasuari dagozkion txosten guztiak jasoz gero, Pedagogia Berrikuntzarako Zuzendaritzara bidaliko du, ikaslea batxilergoa egiten ari bada. Prestakuntza-zikloak egiten ari bada, Lanbide Heziketako Zuzendaritzara. Eskabidearekin batera plan bat joango da, ikastetxeak sortua, honako edukiekin: ikaslearen curriculuma mailaz maila antolatzeko proposamena, talde multiprofesionalaren txostena, eskabidearen aldeko arrazoi psikopedagogikoak azaltzen dituena; hezkuntza-ikuskariaren oniritzia eta ikaslearen legezko ordezkarien onespena, edota ikaslearena berarena, adinez nagusia izatekotan.

Luzapena pedagogia berrikuntzako edo lanbide heziketako zuzendaritzek onartuko dute.

HELDUEN HEZKUNTZA

12. atala.– Helduentzako Hezkuntza Ikastetxeetan eskolatzea.

1.– Beharrizan bereziak dituzten helduek HHIko zentroetan ikasi ahal izango dute, prestakuntza-etapak egin eta horien helburuak lortu ahal izateko. Helduen hezkuntzan curriculumaren egokitzapenak egin ahal izango dira.

2.– Aipatutako zentroetan beharrizan bereziak dituzten helduek ikasten badute, beren esku izango dituzte araututako laguntza eta arreta bereziko baliabideak.

III. ATALBURUA

LAN MUNDUAN SARTZEKO PRESTAKUNTZA EGOKITUA

13. atala.– Lan munduan sartzeko prestakuntza egokitua nori zuzentzen zaion:

Ekainaren 21eko 213/1994 Dekretuaren 19. ataleko 4. puntuari jarraituz, prestakuntza egokitu hori beharrizan bereziak dituzten ikasleei zuzentzen zaie, Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua eskuratu ezin izan duten kasuetan, eta ondoko moduetan gauzatu ahal izango da:

a) Zereginen ikaskuntzako geletan.

b) Lanbide Hastapeneko ohiko programen bidez, behin curriculumak egokituz gero.

c) Lanbide Hastapeneko programa berezien bidez.

14. atala.– Zereginen ikaskuntzako gelen helburua.

Buru-atzeratuak izateagatik beharrizan bereziak dituzten ikasleak lan egiteko eta bizitza heldurako prestatzea da gela horien helburua. Beren ezaugarri nagusia ikasketetatik helduen bizitzara eta lan mundura pasatzeko zubia izatea da.

15. atala.– Zereginen ikaskuntzako gelak non ipini.

Gela horiek bigarren hezkuntzako institutoetan eta hezkuntza bereziko ikastetxeetan ipiniko dira.

16. atala.– Eskolatzeko adinak. Eskolatzeko modua.

1.– Izenemate-urtean 16 urte bete dituzten ikasleak sartuko dira zereginen ikaskuntzako geletan, eta hortik gorako adinetakoak ere, baina 20 urteak gainditu gabe. Ikasketek gehienez lau urte iraungo dute.

2.– Gela horietako izenemate-epeak eta -moduak bigarren hezkuntzako ohiko ikasleenak izango dira, salbuespen arrazoituak izan ezik.

17. atala.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak taldekatzea, eskola-eginkizunetan hasiaraztea eta haien ordutegia antolatzea.

1.– Zereginen ikaskuntzako talde bakoitzean ikasle-kopuru txikia sartuko da, ahal bada, hamar baino gehiago ez, eta beti haien beharrizanak ikusita.

2.– Gela horietako ordutegia 30 irakastordukoa izango da, DBHko ikastetxeko gainontzeko ikasleena bezalakoa.

3.– Gela horietako ikasleek aukera izango dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako arlo batzuetan parte hartzeko, curriculum egokituaren barruan. Esaterako, gorputz-hezkuntzan, plastikan eta ikus-hezkuntzan musikan, teknologian eta hautazko beste irakasgai batzuetan, batez ere lan-bizitzan hasteko lagungarriak izan daitezkeenetan.

18. atala.– Zereginen ikaskuntzako curriculumaren egitura.

1.– Zereginen ikaskuntzako curriculuma bi ziklotan banatu daiteke:

a) Lehenengo zikloa, oinarrizko ikasketena, 16 eta 18 urte bitarteko ikasleek egiten dute, baina iraupena horien ezaugarrien arabera aldatu daiteke. Zikloan lau arlo daude: komunikazioa, norbanakoaren autonomia, gizarte-trebetasuna eta gizarteratzea eta, azkenik, lan-orientabidea.

b) Bigarren zikloa, berariazko ikasketena, 18 eta 20 urte bitarteko ikasleentzakoa da. Honako arloak hartzen ditu: oinarrizko prestakuntza, lan-orientabidea eta tutoretza, lanbideko berariazko ikasketak eta jarduera osagarriak.

2.– Zereginen ikaskuntzako gelez gain, lanbide hastapeneko programak, ohikoak zein bereziak, egokiak dira bigarren zikloan ikasteko. Programa horiei dagokienez, aukera egongo da elbarrituei lanean hasten laguntzen dieten erakundeekin lankidetza-hitzarmenak sinatzeko.

3.– Berariazko ikasketen zikloan sartuko da, ahal bada, lan-zentroaren barruko prestakuntza-aldia (lan bereziko zentro, zentro okupazional edo ohiko lan-zentroetan). Zentroa ikasleen gaitasunei egokituko zaie eta lanbide hastapeneko programen lan-zentroetako prestakuntza-arauak beteko dira.

4.– Lan-zentroetako prestakuntza-tutorea, ahal bada, Lanbide Heziketako irakasle teknikoa izango da, edota lanbide hastapeneko programen lan-zentroetan aritzen diren prestakuntza-irakasleak. Azken hori, gainera, prestakuntza koordinatzeaz arduratuko da.

19. atala.– Zereginen ikaskuntzako geletako curriculum-egitasmoa.

1.– Zereginen ikaskuntzako gelak bere curriculum-egitasmoa izango du, ikastetxearen curriculum-egitasmo orokorraren barnekoa eta gela berezi horretako irakasleek egindakoa. Egiteko, horiek ikastetxeko orientabide-zerbitzuen laguntza izango dute, baita talde multiprofesionalarena.

2.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak curriculum-proposamena egingo du, zereginen ikaskuntzako geletako curriculum-egitasmoak garatzeko lagungarria izango dena.

20. atala.– Zereginen ikaskuntzako gelako ikasleen banakako planak.

Zereginen ikaskuntzako gelako hezkuntza-taldeak ikasle bakoitzaren lan-plana sortuko du. Bertan sartuko dira, gutxienez, honako osagaiak: eskolatzeko proposamena, ikasi behar diren gauzak eta proposatu den heziketa-bidea (lehentasuna duten ikasketa-eremuak). Osagai bakoitzaren helburuak, edukiak, baloratze-irizpideak eta jarraibideak adieraziko dira. Banakako plan hori, ahal den heinean, bizitza heldura pasatzeko proposamen zabalago baten pean egongo da. Ikastetxeko orientabide-zerbitzuek eta talde multiprofesionalaren bizitza helduko teknikariak lagunduko dute proposamen hori egiten. Guneko gizarte-, lan- eta kultura-zerbitzuek parte hartuko dute, ahal bada, eta ikasleak berak eta bere familiak egin dezaketena egingo dute.

21. atala.– Zereginen ikaskuntzako geletako langileak.

Zereginen ikaskuntzako gela bakoitzeko langileak bi izango dira: pedagogia terapeutikoko irakasle bat eta teknikari espezialista edo lanbide heziketako goi mailako teknikaria den beste irakasle bat. Hori LHko irakasle teknikoen kidegokoa izango da, eta sare publikokoa. Salbuespen gisa, lehen hezkuntzako irakasleek horien eginkizunak beren gain hartu ahal izango dituzte, behar den prestakuntza badute. Zereginen ikaskuntzako gelako irakasleen artean, ikastetxeko zuzendariak tutorea aukeratuko du. Irakasle horiek plantilakoak izango dira eta gainontzeko irakasleek dituzten eskubide eta betebeharrak izango dituzte.

22. atala.– Zereginen ikaskuntzako gelen baliabideak.

1.– Gela horietako irakasleek ikastetxeko orientatzailearen laguntza izango dute, behar izatekotan. Lanbide-orientazioko zentroetako talde multiprofesionaletan «bizitza heldura pasatzeko programaz» arduratzen den teknikariaren aholkuak eta kontrola ere irakasleen esku egongo dira.

2.– Ikasleek curriculuma egiteko baliabide pertsonal edo materialak behar badituzte, beren eskabideek 1988ko uztailaren 24ko Aginduaren prozedura jarraituko dute.

3.– Zereginen ikaskuntzako geletako ikasleek jantoki eta garraio zerbitzuak haien esku izango dituzte.

4.– Halako ikasgelak martxan jartzeko behar diren oinarrizko materialak eskuratzeko diru-baliabide bereziak egongo dira. Ekipamenduak ikasleen adina, gizarte-ingurua eta egoera fisikoa kontuan izango ditu, eta curriculumak garatzeko elementuak izango ditu.

5.– Zereginen ikaskuntzako gela ikastetxeko esparru fisiko normalizatuetan sartzekoa da, ikastetxeko hainbat gune gainontzeko ikasleekin batera erabili ahal izateko, hala nola amankomuneko lekuak, oinarrizko teknologiako ekipamenduak, lantegiak, kirol-instalazioak, laborategiak etab.

23. atala.– Ikasketak ebaluatu eta dagokien egiaztagiria ematea.

1.– Zereginen ikaskuntzako geletako ikasleek hiru hilabetero ebaluazioko txostena jasoko dute, bertan haien banakako lan-planaren emaitzak agertuko direlarik. Txostenak tutoreak egingo ditu, gelako irakasle guztiek emandako argibideetan oinarrituta.

2.– Ikasturtea amaitzean, tutoreak helburuen txosten zehatza egingo du, ikaslearen heziketa norantz eraman behar den ere esanez.

3.– Zereginen ikaskuntzako gelako ikasketak burutu ondoren, ikasleek egiaztagiri bana jasoko dute. Horretan agertuko dira haien datu pertsonalak, eskolatze berezi hori hasi eta bukatu zen eguna eta ikasitako espezialitatea, horrelakorik egotekotan, eta lortutako gaitasuna. Egiaztagiri hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emango du, ikasleak egon diren ikastetxeko zuzendariak proposatuta, arauetan agertzen den eredua erabiliz.

4.– Era berean, tutoreak zereginen ikaskuntzako gelako hezitzaile-taldearen laguntzarekin ikasleari beste txosten bat emango dio, beste ezaugarri batzuk adierazteko, hala nola lan egiteko gaitasuna eta lanpostu batera egokitzeko aukerak, gizarteratze-maila, gizarteko zerbitzuak erabiltzeko gaitasuna eta adierazpen-tekniketan eta teknika instrumentaletan lortutako maila.

24. atala.– Beharrizan bereziak izanda zereginen ikaskuntzako geletan ez dauden ikasleak.

1.– Beharrizan bereziak izanda zereginen ikaskuntzako geletan ez dauden ikasleek derrigorrezko eskolatzea amaitzean Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua eskuratu ez badute, lanbide hastapeneko programetan sartu ahal izango dira, bai banakako egokitzapenaren bidez bai talde zehatz baten berariazko programen bidez.

2.– Nolanahi ere, eskolatze-epeak ikasketa-erritmoari egokituko zaizkio, baina gehienez ikasleek 20 urte bete arte.

3.– Ikasle horien curriculuma lanbide hastapeneko programei egokitzeko, lanbide-orientazioko zentroetako talde multiprofesionaletan «bizitza heldura pasatzeko programaz» arduratzen den teknikariaren iritzia entzun beharko da.

IV. ATALBURUA

GELA EGONKORRETAN ESKOLATZEA

25. atala.– Gela egonkorrak norentzakoak diren.

Ikasle mota guztiak onartzen dituen eskola sortzearren Beharrizan Bereziak Dituzten Ikasleen Heziketa arautzen duen ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuaren 7.1 eta 18.2 atalek diotenez, ohiko ikastetxeetako hezkuntza bereziko gela ohiz kanpoko baliabide bat da beharrizan berezi eta konponduezinak dituzten ikasleek erabiltzeko, banakako arreta eta curriculum berezia behar dituztenean, hala nola autismoa, buru-atzerapen handia eta beste garapen-arazo larri batzuk.

26. atala.– Eskolatzeko proposamena eta baliabideak.

Ikaslea gela egonkor batean eskolatzeko proposamena dagokion talde multiprofesionalak egin behar du, ikaslea bere inguruan ebaluatu ondoren. Proposamenarekin batera, txosten bat aurkeztu behar da, heziketa-beharrizan bereziekin, eskolatzeko baliabideekin, banakako lan-plana prestatzeko argibideekin eta plan hori aldiro-aldiro berraztertzeko egun zehatzekin.

27. atala.– Gela egonkorrak derrigorrezko hezkuntzan.

1.– Beharrezkoak badira, gela egonkorrak derrigorrezko hezkuntzako bi etapetan sortu ahal izango dira, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, alegia. Salbuespen moduan, Haur Hezkuntzan sortu ahal izango dira.

2.– Hamasei urteetatik aurrera, zereginen ikaskuntzako gelak sortu ahal izango dira, eta horiek ere egonkorrak izango dira. Orduan, bai curriculuma bai gelako langileak, laguntzaileak barne, ikasleen ezaugarriei egokituko zaizkie.

3.– Hamasei urtetik gorako ikasleak zereginen ikaskuntzako gela bat osatzeko nahikoak ez badira, zereginen ikaskuntzako ohiko gela batean ikasiko dute, curriculum egokituekin eta, beharrezkoa bada, hezkuntza bereziko irakasle edo laguntzaileak jarriko zaizkie, eta ikasleen kopurua murriztu egingo da.

28. atala.– Gelako langileak.

1.– Ohiko ikastetxeetako hezkuntza bereziko gelak bere esparru fisikoa izango du. Bere tutorea pedagogia terapeutikoan aditua izango da, eta hezkuntza bereziko laguntzaile bat ere egongo da. curriculuma hasteko eta garatzeko berariazko baliabideak izango ditu. Irakasle bakoitzeko bost ikasle egongo dira, gehienez.

2.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, pedagogia terapeutikoko bi irakasle egongo dira gelan; horietatik bat tutorea izango da. Gainera, hezkuntza bereziko laguntzaile bat egongo da.

29. atala.– Gela egonkorraren curriculum-egitasmoa.

1.– Ohiko ikastetxeetako hezkuntza bereziko gelak curriculum-egitasmo berezia izango du, ikasleen ezaugarriak kontuan izango dituena, baina beti ikastetxeko curriculum-egitasmoaren barruan. Gelako lana egitasmoaren arabera antolatuko da, ikasle-mota anitzak tratatzeko neurrien artean.

2.– Gela egonkorraren curriculum-egitasmoa Pedagogia Berrikuntzarako Lurralde Burutzak onartuko du, dagozkion talde multiprofesionalak eta ikuskaritza teknikoak beren txostenak aurkeztu ondoren.

3.– Gela egonkorraren curriculum-egitasmoa onartzean, curriculum-egokitzapena ere onartu egiten da. Beraz, banakako curriculum-egokitzapenak onartzea ez da beharrezkoa izango.

30. atala.– Banakako lan-plana.

Gela egonkorreko ikasle bakoitzak dagokion banakako lan-plana izango du, gelako curriculum-egitasmoari begira sortuko dena. Plan hori idatziz adieraziko da, curriculum-egokitzapenak egiteko baimenak arautzen dituen 1998ko uztailaren 24ko Aginduaren lehenengo eta bostgarrenaren bitarteko eranskinak erabiliz. Gainera, aldiro-aldiro berraztertuko da eta ikaslearen eskola-espedientearen zatia izango da. Eskolaketa-liburuan banakako curriculum-egokitzapena denez agertuko da eta ondorioz dagokion eskolatze-eginbidea gauzatuko da.

V. ATALBURUA

OSPITALE ETA ETXEKO IRAKASKUNTZA

31. atala.– Ospitale eta etxeko irakaskuntzaren helburuak.

1.– Ospitale eta etxeko irakaskuntzaren helburu nagusia derrigorrezko hezkuntzako hainbat ikasle baztertuta ez uztea da. Hau da, medikuaren aginduz eskolara joan ezin diren ikasleak edo ospitalean daudenak (inoiz atera gabe edo gauetan ateratzen) eskolatzeko asmoa dago.

2.– Helburu zehatzagoak honakoak dira: isolamendua saihestea; gaixotasunaren ondorioz eskolara ez joateagatik agertzen den ikas-atzerapena txikiagotu eta, beraz, ikaslea geroago eskolaratzen laguntzea; alde guztien garapen osoa lortzea, ikasle gaixoen ikasteko beharra eta beharrizan afektiboak eta psikologikoak betez; ikasleak berak sendatzeko prozesuan parte eraginkorra hartzea.

32. atala.– Ospitale eta etxeetako irakasle-zentroa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde bakoitzean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ospitale eta etxeetako irakasle-zentroa sortuko du, agindu honetako 31. ataleko helburuak lortzeko.

2.– Zentro horren pean irakasle ibiltariak egongo dira, bai ospitale bai etxeetan arituko direnak.

3.– Ikasleen egoera kontuan hartuta, zentro horretako irakasleek goiz eta arratsaldeko ordutegiak egokituko dituzte.

4.– Ospitale eta etxeetako irakasle-zentroa ikaslearen ohiko zentroarekin lotuta egongo da, eta azken horretako talde multiprofesionalari ikaslearen berri emango dio, ikasleaz arduratzen den lehen unetik azkenengora arte.

33. atala.– Ospitale eta etxeetako irakasle-zentroaren hezkuntza- eta curriculum-egitasmoa.

Zentro bakoitzak hezkuntza-egitasmo bat eta curriculum-egitasmo bat egingo ditu. Horretarako, ikasle-mota bakoitzaren ezaugarriak kontuan izango ditu, hala nola ikasketa-mailak, adinak, interesak, egoera fisikoa eta gaixotasunaren iraupena (kronikoa edo luzea den).

34. atala.– Banakako lan-plana.

Gaixotasun luze edo kronikoa izateagatik ospitaleko ikasgelara doan edo ikasketak etxean egiten dituen ikasle bakoitzarentzat banakako lan-plana egingo da, dagokion ikastetxeko tutorearekin batera eta inguru bi horietako lanak lotuz.

35. atala.– Etxeko ikaskuntzaren prozedura.

1.– Tutorearen laguntzarekin, ikaslearen legezko ordezkariek etxeko ikaskuntza eskatuko dute, ikasleari dagokion ikastetxean. Ezarritako ordutegia errespetatuko dute, irakasleak bere lana behar bezala egin dezan.

2.– Eskabidearekin batera, medikuaren egiaztagiria edo txostena aurkeztuko dute, osasun-egoeragatik (eta ez beste ezergatik) etxean ikastea komenigarriena dela adierazten duena.

3.– Ikaslearen ikastetxeko zuzendariak txosten bat egingo du, bertako irakasleek ikaslearen etxera joateko aukerarik duten esateko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren irizpideei jarraituz. Txosten hori hezkuntzako ikuskaritzaren oniritziarekin egingo da.

4.– Agiri horiek guztiak ospitale eta etxeetako irakasle-zentrora bidaliko dira. Haietan oinarrituta, behinbehineko espedienteari hasiera emango zaio, eta hori ikaslearen banakako lan-plana sortzeko erabiliko da.

5.– Ospitale eta etxeetako irakasle-zentroak behar diren irakasleak ez baditu, Baliabideetako Lurralde Burutzari eskatuko dizkio, ohiko ikastetxearen eskabidearen kopia eta txostena bidaliz. Irakasle ibiltari bat izendatuko du horrek, eta irakasteko baldintzak ezarriko ditu.

VI. ATALBURUA

HEZKUNTZA BEREZIKO IKASTETXEETAN ESKOLATZEA

36. atala.– Hezkuntza bereziko ikastetxeak.

1.– Hezkuntza bereziko zentroen helburua ikasle batzuk modu egokituan heztea da, ikasle horien beharrizan bereziak ikusita eta horien izaera larria eta aldaezinaren arabera, giza-baliabide eta baliabide tekniko berezien laguntzaz baliatuz.

2.– Hezkuntza bereziko ikastetxeetako ikasleak ez dira ohiko ikasleentzako arauen pean egongo. Agindu hau haientzako erreferentzia izango da eta beren curriculuma Lehen Hezkuntzako helburuetan oinarrituko da.

3.– Hezkuntza bereziko ikastetxeetako ikasleak diren gorputz- edo zentzumen-urrituek Bigarren Hezkuntzako Graduatu tituloa lortzeko gaitasuna badute, bertan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza burutu ahal izango dute, eskolatze-epe malguarekin eta curriculum-egokitzapenekin, ikastetxeak horretarako ekipamendu egokia badu eta irakasleek etapa horretan aritzeko behar den tituloa badute. Ikasle-motak eskatutako espezialitatea ere izan beharko dute, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako arau orokorrei jarraitu beharko diete eta, horrez gain, agindu honetako II. atalburuari, baita hezkuntza bereziko ikastetxeetako hezkuntza- eta curriculum-egitasmoa eta banakako lan-planak sortzeko xedapenei.

4.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, kasuan kasuko eta heziketa-beharrizanak ikusita, irakasle/ikasle ratioa eta irakasle eta instalazioen ezaugarriak erabakiko ditu.

5.– Hezkuntza bereziko ikastetxeek 16 urtetik gorako ikasleak zereginen ikaskuntzako geletan eskolatu ahal izango dituzte, edo, beharrezkoa bada, lanbide hastapeneko berariazko programetan.

6.– Hezkuntza bereziko ikastetxeetako ikasleek eta ohikoek eskolatze-epea luzatzeko aukera berberak izango dituzte, automatikoki. Nolanahi ere, hezkuntza bereziko ikastetxeetan jarraitzeko adin-muga 20 urteak izango dira.

37. atala.– Hezkuntza bereziko ikastetxeetan izena ematea eta ikasleak onartzea.

1.– Hezkuntza bereziko ikastetxeetan izena emateko eta onartua izateko, maila horretako ikastetxeen prozedura eta egutegia errespetatuko dira.

2.– Beharrizan bereziak dituen ikasleak hezkuntza bereziko ikastetxe batean izena emateko, aldez aurretik bere beharrizan horiek ebaluatu behar dira, eta curriculum berezia, baliabide berezien beharra eta eskolatze-proposamena oinarritzeko txosten psikopedagogikoa egin behar da. Hezkuntza bereziko ikastetxeko ikasleen egoera aldiro-aldiro aztertuko da, bertan dauden bitartean, haien ingurua ahalik eta normalena izan dadin.

3.– Hezkuntzako beharrizan berezien ebaluazio-txostena eta txosten psikopedagogikoa hezkuntza bereziko ikastetxean gordeko dira, bertan eskolatutako ikaslea behar bezala ikuskatzeko.

4.– Ikaslea diru publikoa jasotzen duten hezkuntza bereziko ikastetxe batean sartzea proposatu ahal izango dute talde multiprofesionalek, ikaslearen beharrizan bereziak oso larriak eta aldaezinak badira eta ohiko ingurua berarentzat egokiena ez bada, eta gainera berariazko giza-baliabide eta baliabide materialak modu intentsiboan behar baditu.

5.– Hezkuntzako lurralde ordezkaritzek urtero-urtero hezkuntza bereziko ikastetxeekin koordinatzeko neurriak hartuko dituzte, ikasleak aurrera doazen ikuskatzearren.

38. atala.– Hezkuntza bereziko ikastetxeetako ikasleen eskola-egoera.

1.– Ebaluazio psikopedagogikoaren emaitzei jarraituta hezkuntza bereziko ikastetxeetako ikasle batzuek Bigarren Hezkuntzako Graduatu tituloa lortzeko aukerak badituzte, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ohiko curriculuma izango dute erreferentzia moduan egokitzapenekin. Bere ikasketa-egoera Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ohiko ikasleena bezalakoa izango da, agindu honetako salbuespenekin.

2.– Agindu honetako 36.2 ataleko ikasleek beren ikasketa-egoera berezia izango dute, atalburu honen arabera. Egoera hori ikaslearen espedientean eta eskolatze-liburuan agertuko da, dagozkion xedapenei jarraituz.

39. atala.– Hezkuntza bereziko ikastetxearen curriculum-egitasmoa.

1.– Hezkuntza bereziko ikastetxeek beren curriculum-egitasmoa egingo dute, ikasleen beharrizan bereziak kontuan hartuta. Hezkuntza bereziko ikastetxeetako curriculum-egitasmoek ohiko curriculuma sakonki egokitzen dute eta ikasleen oinarrizko hezkuntza-erreferentzia dira.

2.– Hezkuntza bereziko ikastetxearen curriculum-egitasmoa Pedagogia Berrikuntzarako Zuzendaritzak onartu behar du. Horretarako, ikastetxeetako ohiko curriculum-egitasmoak onartzeko bidea jarraitu behar da, eta gainera talde multiprofesionalaren txosten orokorra bidali behar da, ikastetxeko ikasleen hezkuntza-beharrizanei buruzkoa, eta, azkenik, Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoaren txostena ere.

3.– Hezkuntza bereziko ikastetxearen curriculum-egitasmoa onartzeak ikasleen curriculum-egokitzapena ere ontzat eman dela esan nahi du. Beraz, ez da beharrezkoa banakako curriculum-egokitzapenak onartzea.

40. atala.– Curriculum-egitasmoa egiteko irizpideak.

1.– Hezkuntza bereziko ikastetxeen curriculum-egitasmoak ikasleen adinak eta beharrizanak kontuan izango ditu eta, horietan oinarrituta, zikloak ezarriko ditu, ikasketak planifikatzeko unitateak, alegia.

2.– Curriculum-egitasmoa egiteko irizpideak: ikasle urrituaren independentzia handitzea, ikasketak eta adin kronologikoa adostea, ikasleak bere ingurua hobeto ulertzeko gaitasuna lantzea eta ikasleak eguneroko egoeretan ahalik eta hoberen moldatzen laguntzea.

3.– Hezkuntza bereziko ikastetxeen curriculum-egitasmoa ohiko ikastetxeena bezalakoa izango da, baina egokitua, ikasleen beharrizan berezi larriak kontuan hartuta. Beharrizan horiek dituzten ikasle horiek zeintzuk diren zehaztuko du, eta ikasleek ohiko ikastetxe batean integratzeko irizpideak ezarriko dituzte.

4.– Hezkuntza bereziko ikastetxeen curriculum-egitasmoa egiteko, hezkuntza-etapen curriculumak erreferentzia gisa erabiliko dira, eta egokituko dira, baina gaitasun berberak garatzeko helburua mantenduko da. Ikasketak oso funtzionalak izango dira eta adin kronologikoarekin lotuko dira.

41. atala.– Ikasleen banakako lan-plana.

1.– Banakako lan-plana sortuko da ikasle bakoitzarentzat, hiru agiritan oinarrituta: hezkuntza bereziko ikastetxeen curriculum-egitasmoan, beharrizan bereziak dituen ikaslearen curriculum-ebaluazioan eta gaurkotutako txosten psikopedagogikoan, alegia.

2.– Ikastetxeko curriculum-egitasmoaren ziklo bakoitza amaitzean banakako lan-egitasmoa berraztertu egingo da eta ikaslearen espedientean sartuko da, curriculum-egokitzapenak egiteko baimenak arautzen dituen 1998ko uztailaren 24ko Aginduaren lehenengo eta bostgarrenaren bitarteko eranskinak erabiliz.

3.– Banakako lan-egitasmoarekin batera, ikasleen eskola-egoera eta eskolatzeko modua berraztertuko dira. Ikastetxeko irakasleak berak arduratuko dira horretaz, eta, eskatzekotan, guneko talde multiprofesionalaren laguntza izango dute. Berrazterketa ikaslearen espedientean sartuko da.

4.– Banakako lan-egitasmoa banakako curriculum-egokitzapenen ordez egin daiteke. Behin Pedagogia Berrikuntzarako Zuzendaritzak ikastetxeko curriculum-egitasmoa onartuz gero, lan-egitasmoa onartutzat joko da.

42. atala.– Eskolatze-liburuak.

Hezkuntza bereziko ikastetxeetako ikasle bakoitzak bere derrigorrezko eskolatze-liburua izango du. Hori ematekoak diren aginduen arabera beteko da eta bere ohar-orrietan adieraziko da ikaslea hezkuntza bereziko ikastetxeko curriculum-egitasmoa egiten ari dela.

43. atala.– Egun-zatizko eskolatzea.

1.– Ikasle batzuentzat egun-zatizko eskolatzea egokia bada, berdin ohiko ikastetxe batean edo hezkuntza bereziko batean, ikaslearen espedientean adieraziko da. Nolanahi ere, ikaslearen matrikula bere jatorrizko ikastetxean geratuko da eta bertako espedientea irekita egongo da.

2.– Ikasleak beharrizan bereziak baditu, egun-zatizko eskolatze-programa Pedagogia Berrikuntzarako Lurralde Burutzak onartu beharko du, aldez aurretik ikaslea dagoen ikastetxea eskatuta. Eskabidearekin batera, ikaslearen txosten psikopedagogikoa aurkeztuko da, baita bigarren ikastetxearen txostena, bertan eskolatzeko modu eta baldintzei buruzkoa.

3.– Ohiko ikastetxeko talde multiprofesionala eta hezkuntza bereziko ikastetxeko talde teknikoa adostu egingo dira, hezkuntzako neurri egokiak hartu eta kontrolatzeko.

44. atala.– Hezkuntza bereziko ikastetxeen baliabideak.

1.– Beharrizan bereziak izateagatik hezkuntza bereziko ikastetxe batean dauden ikasle batzuk Bigarren Hezkuntzako Graduatu tituloa eskuratzeko gauza badira, beti ere egokitzapenekin eta curriculum malguarekin, haien irakasleek etapa horretan irakasteko tituloa izan beharko dute eta, horrez gain, ikasle horiekin lan egiteko prestakuntza osagarria.

2.– Hezkuntza bereziko ikastetxeetan giza-baliabide bereziak egongo dira, beharrizan bereziak dituzten ikasleei laguntzeko; esaterako, kasu bakoitzeko irakasle adituak eta behar diren teknikariak.

3.– Egoerak eskatzekotan eta hezkuntza-administrazioak agintzen duen moduan, ikastetxeek beste baliabide berezi batzuk eta laguntzaileak izango dituzte beren esku.

45. atala.– Hezkuntza bereziko ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua.

Antolaketa eta funtzionamenduari dagokienez, hezkuntza bereziko ikastetxeak sare publikoko (edo sare itunduko) beste ikastetxeen arauen pean egongo dira, beti ikasleen ezaugarriak kontuan hartuta.

VII. ATALBURUA

BEHARRIZAN BEREZIAK DITUZTEN IKASLEENTZAKO KANPO-ZERBITZUAK

46. atala.– Beharrizan bereziak dituzten ikasleak eskolatzen laguntzeko talde multiprofesionalak.

1.– Talde multiprofesionalak laguntza-zerbitzuetan kokatzen dira eta diagnostiko psikopedagogikoa egiten dute, beharrizan bereziak dituzten ikasleak eskolatzeko proposamena egiten dute eta ikasle berezi horien aurrerapenak kontrolatzen dituzte. Gainera, horien irakasleei aholkuak eta laguntza eskaintzen dizkiete. Taldeen eginkizuna bikoitza da: orokorra eta espezialista. Aholkulari, orientatzaile, tutore eta laguntza-langileen bidez, ikastetxeetan parte hartzen dute, curriculum-egokitzapenak egin eta garatzeko.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako talde multiprofesionalak, haien eginkizun orokorraren barruan, hauetaz arduratzen dira: hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleak aurkitu, diagnostiko psikopedagogikoa egin eta irakasle eta laguntzaileei aholkuak emateaz.

3.– Eginkizun espezialistaren barruan taldeetako teknikarien lana dago, prestakuntza berezia eskatzen duena. Hezkuntza-beharrizan zehatzak ikusita, informazio, diagnostiko eta aholkularitzaz arduratzen dira, gero talde osoko profesionalek modu eraginkorragoan lan egin dezaten, haien artean osagarriak izanda.

4.– Programa jarduera multzo bat da, informazio, diagnostiko espezializatu eta aholkularitzari lotua, hezkuntza-beharrizan berezi bati buruzkoa, talde multiprofesionalari elkarmenpekotasunean eta modu koordinatu eta espezializatuan aritzen laguntzeko helburua duena. Hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleak behar bezala eskolatzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren planen menpean egongo da programa.

5.– Talde multiprofesionalak PATeko beste aholkulariekin lotuko dira eta horren zuzendariaren menpean egongo dira. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emandako aginduei jarraituko diete.

47. atala.– Programen jarduera-eremua.

1.– Ikasteko gaitasunak garatzeko programa:

Ikasteko zailtasun handiak dituzten ikasleak. Buru-atzeratuak. Oso gaitasun handiko ikasleak. Mugimen-urritasuna dela eta curriculuma garatzeko baliabide teknikoak behar dituztenak ere.

2.– Garapeneko arazo orokorrak dituzten ikasleentzako programa:

Autismoa eta garapeneko arazo orokorrak dituzten ikasleak. Buru-atzerapen handia eta sakona dutenak eta nortasun-arazo larriak dituztenak.

3.– Gizarteratzen laguntzeko programa:

Eskola eta gizartera moldatzen ez diren ikasleak. Portaera-arazo larriak dituztenak. Kultura eta etnia baztertuetako gutxiengoak (oro har, jakintza aberasteko eta inguru apalak sortutako desberdintasunak deusezteko ekintza aurrera eramango da). Programa horretan, ospitale eta etxeko eskolatzea sartzen da, gaixotasun luzea dela eta beharrizan bereziak dituzten ikasleentzat.

4.– Entzumena eta mintzamena lantzeko programa:

Mintzamena menperatzeko zailtasun handiak dituzten ikasleak. Komunikatzeko arazoak dituztenak. Gortasuna eta entzumen-arazoak dituztenak. Ikusmen-arazoak dituztenak.

5.– Oso haur txikien hezkuntza-programa:

Haur hezkuntzako lehen zikloko ikasleen beharrizan bereziak ahalik eta goizen aurkitzeko, aldiro ikuskatzeko eta haur horiek eskolatzeko modua erabakitzeko, komunitatearen gizarte-zerbitzuekin koordinatzea da asmoa. Horrez gain, ikasle horiek eskolatzeko aholkuak jasoko dituzte familiek eta haur-eskoletako langileek.

6.– Helduen bizitzan hasteko programa:

Hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleak integratzea, bai Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloan, bai derrigorrezkoaren ondoko ikaskuntzan, bai lan munduan sartzeko prestakuntza egokituan, bai lan-munduan eta helduen bizitzan sartzeko prozesuetan. Programa horretan helduen hezkuntzari buruzko aholkularitza sartzen da.

48. atala.– Programen arduradunak.

1.– Ahal den heinean, programa bakoitzean teknikari bat egongo da, psikologian, pedagogian edo psikopedagogian lizentziatua, programa horren arduraduna izango dena. PATeko zuzendariak talde multiprofesionaleko teknikarietatik bat aukeratuko du, programaren barruan tekniko espezializaturik ez duten funtzioetarako.

2.– Talde multiprofesionalaren barruan, hezkuntza-beharrizan bereziak bere gain dituzten taldeskek beren egitura aldatu ahal izango dute, gune bateko ezaugarriak ikusita. Taldeska bakoitzak taldeko teknikari espezialistak izango ditu bere esku, horien beharra izatekotan.

3.– Egoeraren arabera, PAT baten programa batez arduratzen den teknikari batek bere gain hartu ahal izango ditu beste PAT baten aholkularitza, hori hurbil badago. Era berean, gunea oso zabala bada edo egoera berezia bada, posible da programa bakar batean teknikari bat baino gehiago egotea.

49. atala.– Talde multiprofesionalen eginkizunak.

Talde multiprofesionalak hezkuntzako zerbitzu laguntzaileetarako lan egingo du eta, horrez gain, eginkizun hauek beteko ditu:

1.– Irakasleei laguntzea, ikastetxean bertan hezkuntza-beharrizan bereziak modu egokian baloratzeko eta curriculumak errazago egokitzeko eta, ondorioz, ikasleei ahalik eta aurrerapen handienak egiten laguntzeko.

2.– Beharrizan bereziak dituzten ikasleen diagnostikoa, ebaluazio psikopedagogikoa eta eskolatze-proposamena egitea. Ikasle horientzako ezohiko baliabideak eskatzeko proposatzea, ikastetxeko tutore, aholkulari edo orientatzaile eta pedagogia terapeutikoko edo entzumen eta mintzameneko irakasleen laguntzaz.

3.– Disziplina anitz kontuan izanda, ikasleen hezkuntza-beharrizan desberdinak aztertzea, talde multiprofesionalaren beste programekin harremanetan, lehentasunak non dauden jakiteko, giza-baliabideak eta baliabide materialak antolatzeko eta beharrizan bereziak dituen ikaslea modurik egokienean orientatu eta horren emaitzak ikuskatzeko.

4.– Beharrizan bereziak dituzten ikasleen irakasleei argibideak ematea, hezkuntza-programa eta gelako antolaketa ikasleei egokitzeko.

5.– Ikastetxeko zuzendaritzari eta irakasle-taldeari aholkuak ematea, beharrizan bereziak dituzten ikasleen aldeko egokitzapenak egiten dituztenean. Gelako irakasleei aholkuak ematea, batez ere aholkulariari, orientatzaileari eta tutoreari, beharrizan bereziak dituzten ikasleentzako baliabideak nola erabili jakin dezaten.

6.– Beharrizan bereziak dituzten ikasleen familiei eskolatze-proposamenari buruzko argibideak ematea.

7.– Osasun, gizarte eta laneko eragile nagusiekin koordinazioa eta lankidetza sendotzea, hainbat pertsona, talde edo guneren hezkuntza-beharrizan bereziei erantzuna ematerakoan, horrela helburuak, lehentasunak eta prozedurak modu bateratuan aurkitzeko.

8.– Programaren barruan, talde multiprofesionaleko kide bakoitzari dagokion eginkizuna garatzea, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren aholku eta lehentasunen arabera. Irakasle eta laguntzaileei beharrizan bereziak dituzten ikasleei buruzko argibide zehatzak ematea, ekintza espezializatuagoa eskatzen duten aldeei buruzkoak.

9.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak agindutako beste eginkizun guztiak betetzea, hezkuntza-beharrizan berezien erantzunari buruzkoak.

50. atala.– Hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleak behar bezala eskolatzeko langile ibiltariak.

1.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak langile espezializatu ibiltarien talde bat izango du bere esku, beharrizan bereziak dituzten ikasleei laguntzeko: logopedak, entzumen eta mintzameneko irakasleak, fisioterapeutak, okupazio-terapeutak, ikusmen-urrituak eskolan integratzeko irakasle-laguntzaileak eta beste, guneko beharrizanen arabera.

2.– Aurrekoez gain, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hezkuntza bereziko laguntzaileak izan ahal izango ditu.

51. atala.– Ikastetxean parte hartzen duten kanpoko zerbitzuak koordinatzea.

Beharrizan bereziak dituzten ikasleak dauden ikastetxeko zuzendaritzak, edo horrek izendatutako pertsona batek, hezkuntzan parte hartzen duten langile guztiak koordinatuko ditu, eta familiei argibideak emango dizkie, tutoreen bidez.

VIII. ATALBURUA

HEZKUNTZA-BEHARRIZAN BEREZIAK DITUZTEN IKASLEEZ ARDURATZEN DIREN LAGUNTZA-LANGILEAK, IKASTETXE PUBLIKOETAN

52. atala..– Hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleez arduratzen diren laguntzaileak.

1.– Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren baldintzen pean, langile espezializatuak arituko dira: irakasle aholkulariak, pedagogia terapeutikoko irakasleak eta entzumen eta mintzamenekoak.

2.– Bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren baldintzen pean, langile espezializatuak arituko dira: irakasle orientatzaileak, pedagogia terapeutikoko irakasleak eta entzumen eta mintzamenekoak.

3.– Bigarren hezkuntzan, arlo bakoitzeko curriculum-egokitzapenak finkatzeko, posible izango da arlo zehatzeko irakasleak egotea.

53.– atala.– Irakasle aholkularien eginkizuna.

1.– Irakasle aholkularia maisu-maistren kidegoko irakasle bat da, ikastetxeko klaustrokoa, beharrezko espezializazioa duena.

2.– Irakasle aholkulariaren eginkizun nagusia tutore eta gainontzeko irakasleei aholkuak ematea da, hezkuntza-beharrizan bereziei erantzun egokia emateko. Bere eginkizun horrek lehentasunezko ekintza positiboko hastapenari jarraituko dio, beti laguntzaren beharrik handiena dutenen alde.

3.– Irakasle aholkulariaren eginkizunak:

a) Tutoreari arazo zehatzak aurkitzen laguntzea, eta konpontzeko biderik onenak proposatzea.

b) Irakasleei aholkuak ematea, eta tutoreari banakako curriculum-egokitzapenak gauzatzen laguntzea.

c) Gelan parte hartzea, tutorearekin batera eta biak koordinatuta, talde-lana eginez, edo, behar den unean, beste irakasle bat balitz bezala arituz, talde malguen egitura baten barruan.

d) Ikastetxeko irakasleei aholkuak ematea, eta tutoreari etengabeko ebaluazioan laguntzea, bai ikaslea bai horren ingurua baloratuz.

e) Beharrizan bereziak dituzten ikasleekin lan egitea, horiek banan-banan hartuta, ohiko inguruetan edo inguru berezietan.

f) Berrikuntza eta prestakuntzako programak bultzatu eta koordinatzea, tutoreen ekintzari, ikasle desberdinak tratatzeko moduari eta hezkuntza-beharrizan bereziei buruzkoak.

4.– Aipatutakoa egiteko, irakasle aholkulariak hiru ekintza-motatan parte hartuko du: ikastetxeko irakasleen aholkularitzan; lankidetzan, ohiko gelako ikasle bati edo batzuei lagunduz, edo lankidetza bereziago batean, ikasle zehatz bati lagunduz.

54. atala.– Bigarren hezkuntzako ikastetxeetako irakasle orientatzaileak.

1.– Irakasle orientatzailea bigarren hezkuntzako irakasle bat da, ikastetxeko klaustrokoa, beharrezko espezializazioa duena.

2.– Irakasle orientatzaileak ikastetxeko beste irakasleak –batez ere tutoreak–, koordinatzea, eustea eta beren galderak erantzutea du eginkizun nagusi, eskola-, pertsona- eta lanbide-aholkularitzaren eremuan eta ikasteko zailtasun eta ikasleen nortasunaren esparruan. Ekintza ugaritan agertuko da: ikasle desberdinak nola tratatu erabaki behar denean, edo hezkuntza-errefortzu gisan, edo curriculumak egokitzen direnean edota, azkenik, orientatzeko aholkuak beharrezkoak direnean.

3.– Hezkuntza-laguntzailea denez, orientatzaileak lan hauek hartuko ditu bere gain:

a) Ikasle desberdinei buruzko jarduerak koordinatu eta aholkulari aritzea; batez ere, curriculum-aniztasunari eta beharrizan bereziak dituzten ikasleen curriculum-egokitzapenei dagokienez.

b) Aholkulari aritzea: ikasteko arazoak saihestu eta aurkitzeko, hezkuntza-errefortzuko ekintzak aurrera eramateko, metodologia eta antolaketa gaiak erabakitzeko eta ebaluazioa egiteko.

c) Ikastetxeko ikasleen beharrizanak neurtzeko ebaluazio psikopedagogikoan lagundu eta parte hartzea, curriculum-aniztasun eta -egokitzapenen prozesuaren barruan.

d) Ikasle desberdinei irakasteko moduari buruzko aholkuak ematea.

e) Bigarren hezkuntzako ikastetxeko talde multiprofesionalaren ekintzak eta kanpoko laguntzaileenak koordinatzea.

55. atala.– Pedagogia terapeutikoko irakasleak.

1.– Pedagogia terapeutikoko irakaslea maisu-maistren kidegokoa izango da, klaustrokoa, eta beharrezko espezializazioa izango du.

2.– Pedagogia terapeutikoko irakaslearen eginkizunak:

a) Beharrizan bereziak dituzten ikasleei laguntzea, banan-banan edo talde txikietan, ohiko ikasgelan edo laguntzakoan, curriculum egokituetako edo banakako lan-planetako gaiak lantzeko.

b) Tutore, aholkulari, orientatzaile eta talde multiprofesionalarekin batera lan egitea, eskatzen zaion bakoitzean, beharrizan bereziak dituzten ikasleen curriculum-balorazioa egiteko.

c) Behar balitz, aholkulari edo orientatzaile eta tutorearekin batera beharrizan bereziak dituzten ikasleen banakako curriculum-egokitzapenak egin eta garatzea, eta horien ikasmaterialak sortzea.

d) Beharrizan bereziak dituzten ikasleen familien eta tutorearen arteko harremanetan laguntzea.

e) Tutore eta aholkulari edo orientatzailearekin batera, ikasle desberdinak elkarrekin egoteagatik sortzen diren arazoei erantzuna ematea, beharrizan bereziak dituzten ikasleen lehentasuna errespetatuz.

56. atala.– Entzumen eta mintzamen irakaslea.

1.– Entzumen eta mintzamen irakaslea maisu-maistren kidegokoa da, klaustrokoa, eta beharrezko espezializazioa dauka.

2.– Entzumen eta mintzamen irakaslearen eginkizuna:

a) Tutore eta aholkulari edo orientatzailearekin batera, ikasleen mintzameneko arazoak aurkitzea.

b) Talde multiprofesionalarekin lan egitea, entzun eta mintzatzeko zailtasunak dituzten ikasleen diagnostiko psikopedagogiko bereizia egiteko.

c) Irakasle, logopeda eta talde multiprofesionalarekin ados jartzea, entzun eta mintzatzeko zailtasunak dituzten ikasleen ebaluazioa egiteko eta dagokien hezkuntza-plana sortu eta ikuskatzeko.

d) Talde multiprofesionalarekin batera, curriculuma egokitzeko irizpideak erabakitzea.

e) Irizpide horien arabera, mintzamena zuzentzeko programa sortu, landu eta martxan jartzea, egoerarik larriena duten ikasleei lehentasuna emanez.

GEHIGARRIZKO XEDAPENA

Bakarra.– Hezkuntza bereziko unitateak ikastetxe itunduetan zabaltzeko baimena.

1.– Hezkuntza bereziko unitateak ikastetxe itunduetan zabaltzeko baimena emateko, horien titularrek dagokien hezkuntza lurralde ordezkarian eskatuko dute baimena, baldintza hauek beteta:

a) Elbarritasunak direla eta, gutxienez beharrizan bereziak dituzten hiru ikasle egotea. Horien banakako curriculum-egokitzapena behar bezala baimenduta egongo da.

b) Unitate horretako pedagogia-egitasmoa egitea, haren helburuak eta antolaketa adierazteko.

c) Beharrizan berezi horiek direla eta behar diren pedagogia terapeutikoko irakasleak egotea.

2.– Ikastetxeen Lurralde Burutzak erakunde hauei txostenak eskatuko dizkie:

a) Eraikuntzen Unitate Teknikoari, proposaturiko gela egokia den esango duena, horren azalera (12 metro karratu gutxienez) eta egoera ikusita.

b) Hezkuntza Ikuskaritzari, proposaturiko irakasleak egokiak diren eta unitatea martxan jartzeko aukerarik dagoen esango duena, ikastetxeko ezaugarriak, ratioak, esparruak etab. ikusita.

c) Pedagogi Berrikuntzarako Lurralde Burutzari, aurkeztutako egitasmoa egokia den esango duena.

3.– Hiru horien txostenak jasota, Ikastetxeen Lurralde Burutzak bere proposamena Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzari helaraziko dio.

4.– Hezkuntzako lurralde ordezkariak, Ikastetxeen Lurralde Burutzaren proposamenari jarraituz, Ikastetxeen Lurralde Zuzendaritzara bidaliko du eskabidea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Hezkuntza Sailburuordetzak baimena du agindu hau bere irizpideei jarraituz aplikatu, interpretatu eta garatzeko.

Bigarrena.– Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik indarrean egongo da.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko uztailaren 30a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

INAXIO OLIVERI ALBISU.


Azterketa dokumentala