Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

164. zk., 1998ko abuztuaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
3911

AGINDUA, 1998ko uztailaren 30ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, hezkuntzaren arloko hainbat ekintza eta neurri arautzen dituena, gizarte edo kulturaren ikuspegitik besteak baino egoera txarragoan diren ikasleentzat eta eskolara egokitzeko zailtasun handiak dauzkaten ikasleentzat.

Hezkuntzarako eskubidea dela-eta, aginte publikoek -betebeharra dute- kalitatezko hezkuntza eskaini behar dute, hezkuntzaren helburuei erantzuteko modukoa eta herritar batzuek eta besteek dauzkaten premien araberakoa.

Gure gizartean hainbat berdintasun-hutsune dago bai ekonomiaren aldetik eta bai bestelako premien aldetik ere, eta, ondorioz, gizarteko talde batzuek besteek baino aukera gutxiago dituzte, hau da, besteak baino okerrago daude, ez dute-eta besteek daukaten ez erraztasunik eta ez baliabiderik derrigorrezko hezkuntza, pertsona guztioi omen dagokigun hori, lortzeko. Beste alde batetik, demografia-mugimendu jakin batzuek egoera-aldaketak eragiten dituzte, eta egoera berri horietako zenbaitetan, talde batzuk zokoratuta geratzen dira kultura edo etnia berezia dutelako; besteena, hau da, gehiengoarena ez bezalakoa dutelako, alegia. Hezkuntza halako taldeei ere erantzunak ematen saiatzen da. Gure elkarteetara hainbat inmigrante etortzen da, bakarka nahiz taldeka eta hainbeste arrazoik bultzata (ekonomia, gizartea, politika...), eta berariazko neurriak behar dituzte, bestelako gizarte baterako sarbidea aurki dezaten (bestelako hizkuntza, harremanak, kultura...).

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Lege Organikoak atalburu oso bat dauka, bosgarrena, hezkuntzan berdintasun-hutsune horiek nola bete azaltzeko. Hainbat ekintzabide zehazten ditu, osabidezko neurriena besteak beste. Neurri horiek aukera gutxiagoko pertsona, talde edo lurraldeei begira hartu behar dira, berdintasun-gabeziak konpontzeko, gizarteak berak eragindakoak izan, edo ekonomiak, kulturak, geografiak, etniak edo beste arrazoiren batek eragindakoak izan; eta, beti ere, horretarako behar hainbat baliabide jarrita. Hara zer jartzen duen 65.3. atalean: «ikastetxeren bateko ikasleei bereziki zaila gertatzen bazaie, baldintza sozialak direla-eta, oinarrizko hezkuntzako helburu orokorretara iristea, hezkuntzako administrazioek behar hainbat baliabide (langile nahiz materialak) eman beharko diote, egoera hori berdintzeko. Ikastetxe horietako antolaketa eta eskola-programaketa ikasleen premia berezietara egokitu beharko dira».

Euskal Eskola Publikoaren Legeak honela zehazturik dauzka bere ezaugarriak: «plurala, elebiduna, demokratikoa, euskal gizartearen zerbitzurako egina, inguruko gizarte eta kulturaren erroetatik edaten duena, parte hartzailea, berdintasun-hutsuneak bete zalea eta dibertsitatea integratzeko balio duena; halakoxea da, izatez, euskal eskola publikoa, eta halakoxeak dira bere barruko ikastetxe guzti-guztiak». Eta hona hemen, berriz, bere helburuetako bat: «ikasleen artean jatorriz nabari diren berdintasun-aldeak leuntzeko lan egitea, maila, etapa, ziklo eta gradu guztietan.»

Beste alde batetik, Ikastetxeen Partaidetza, Ebaluazio eta Gobernuari buruzko 9/1995 Lege Organikoan (azaroaren 20koan) honela banatuta ageri dira hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak: alde batetik, ezintasunen bat duten ikasleak; eta, beste alde batetik, oso jokaera moldagaitza dutenak eta aukera gutxiagoko gizarte-maila edo kulturak eragindako premiak dituztenak.

Heziketa-premia bereziak dituzten ikasleei hezkuntzaren aldetik eman beharreko erantzuna antolatzeko 1998ko ekainaren 23ko 118/1998 dekretuan, aukera gutxiagoko gizarte-maila edo kulturak erangindako aldi baterako premia bereziak dituzten ikasleak ere ageri dira, eta horiekin batera, oso jokaera moldagaitza dutela-eta ikasle-garaiko denbora-tarteren batean laguntza osagarri berezi edo berariazko arreta-motaren bat behar dutenak ere bai, jokaera moldagaitz hori benetako oztopo baita gizartean edo eskolan ondo moldatzeko. Eta hori bada agindu honen kokalekua, helburua, berriz, egoera horietarako erantzun egokia antolatzea da.

Ikuspuntu horretatik abiatuta, Aginduak halako irizpide argigarri batzuk dakartza, bai batzuei nola besteei eskolaren aldetik zein erantzun eman jakiteko, hau da, bai eskolara egokitzeko zailtasun pertsonal bereziak dituzten ikasleei, eta bai gizartearen edo kulturaren aldetik aukera gutxiago dituztenei ere. Lehenengo taldekoei dagokienean, eskolara behar bezala egokitzen uzten ez dieten gorabehera pertsonal horiek gainditzen laguntzeko neurriak aipatu behar ditugu, eskolan hartu beharko direnak; eta, bigarrenak direla-eta, berriz, heziketan lehentasuna eman beharra da aipatu beharrekoa, horrela lortuko dugulako, benetan, bai aukera-berdintasuna eta bai heziketarako eskubidea behar bezala gauzatzeko hainbat neurri hartu ahal izatea ere: egitura, antolaketa, pedagogia eta baita curriculumen aldetik ere. Horregatik, honako hau

XEDATU DUT:

I. ATALBURUA

HELBURUA, KONTZEPTUA ETA HATSAPEN OROKORRAK

1. atala.– Helburua, norabidea eta non aplikatuko den.

1.– Hona hemen agindu honen helburuak:

a) Gizartearen edo kulturaren aldetik aukera gutxiago dituzten ikasleei erantzunen bat ematea heziketaren aldetik.

b) Eskolan ondo egokitzeko arazo larriak dituzten ikasleen heziketa-premia bereziak betetzeko heziketa-neurriak arautzea.

2.– Proposatutako neurrien bidez, hezkuntzari norabide jakin bat eman nahi zaio: neurriak hartzeko orduan, ingurunerik normalizatuenak eta betiko baliabideak erabiltzea; eta neurri bereziak egoera bereziagoetarako edo erantzun konplexuagoa behar dutenetarako uztea.

3.– Aplikatu, berriz, hona hemen non aplikatuko den agindu hau: derrigorrezko hezkuntzako etapetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko diru publikoarekin lan egiten duten ikastetxeetan (unibertsitatekoak ez direnetan).

2. atala.– Norentzat den.

1.– Heziketa-neurri hauek laguntza osagarriren bat edo agindu honetan jasotako heziketa-neurri jakinen bat behar duten ikasleentzat dira. Batzuetan, behar horiek ikasle bakar batek izango ditu, eta, beste batzuetan, ikasle-talde batek; batzuetan, beharrak denbora-tarte baterako izango dira, eta, beste batzuetan, eskola-garai osorako.

2.– Hona hemen baldintza txar horiek zein gorabeheragatik sortzen diren (ikasle bakar batek edo ikasle-talde batek jasan behar izaten ditu -talde jakin batek batzuetan, eta ikastetxe osoak beste batzuetan-):

– Ikasleak dituen gaitasunen eta ikasten ari den ikasturteko curriculumaren artean oso alde handia dago, aukera gutxiagoko gizarte-talde edo kultura-talde batekoa delako.

– Eskolara ondo egokitu ezinik dabil, aukera gutxiagoko gizarte-ingurune edo kultura-ingurune batekoa delako. Ondorioak: piperrak eta ikastetxeko besteekin harremanak izateko arazoak.

– Berandu hasi zen eskolan, gizarte-talde edo kultura-talde zokoraturen batetik datorrelako.

– Ikasketetan ez du jarraipenik izan, batetik bestera ibili behar izan duelako, gurasoek aldi baterako lanak zeuzkatela-eta.

– Beste leku batzuetatik etorri da (etorkina), eta hizkuntzaren beharretara egokitu beharra dauka, eskolak aprobetxatuko baditu.

3.– Eskolara ondo egokitzen ez diren beste ikasle batzuentzat ere izan daiteke: ikasten oso atzera ibiltzen dira askotan; sarri askotan jarrera moldagaitza izaten dute, bai irakasleekin eta bai beste ikasle batzuekin ere; piper egiten dute behin eta berriz; eta ikastetxean elkar bizitzarako ezarritako arauak ere behin eta berriz hausten dituzte.

3. atala.– Helburuak eta erantzuna emateko printzipioak.

1.– Hezkuntzaren esparruko berdintasun-hutsune horiek gainditu nahi badira, lehentasunezko ekintza batzuk garatu beharko ditugu, honako helburu hauekin:

a) Ikasle guztiek derrigorrezko hezkuntzara heltzeko aukera berberak izan behar dituzte, edozein izanik ere haien baldintza pertsonalak, gizarte-taldea, ekonomia, jatorria nahiz kultura. Horretarako, aukera gutxiagoko gizarte-talde edo kultura-inguruneren batetik datozenen aldeko diskriminazioa bultzatu beharko dugu, txikitatik has daitezen eskolara joaten.

b) Ikasle guztiei gizartean eta hezkuntza-sisteman integratzen laguntzea eta aukera-berdintasuna indartzen saiatzea. Horretarako, sistemara sartu eta bertan geratzeko bide bereziak eskaini behar dizkiegu gizarte, kultura edo hizkuntzarengatik besteek baino aukera gutxiago dituzten ikasleei, eta bestea onartzeko eta errespetatzeko jarrerak ernarazi behar ditugu ikasle guztien artean. Era berean, kultura batzuetako eta besteetako baloreak ikastetxera ekartzeko ahaleginak egin behar ditugu eta ikasle nahiz etxekoen partaidetza ere bultzatu beharra dago, ikastetxeko erabakiak hartu behar direnerako.

c) Gizartean besteek baino aukera gutxiago dituzten ikasleei erantzun egokia eta kalitatezkoa eskaintzea heziketaren aldetik. Kontua derrigorrezko hezkuntzako helburuak ohiko ikastetxeetan lortzea denez -hala baita-, ikastetxeak eta eskola-inguruneak egin beharko dituzte egin beharreko aldaketak, ikaslearen premia eta ezaugarrietara egokitzeko. Horrela, pertsona prestuak bilakatuko dira, gizarte konplexu honetan integratzen jakin eta hartarako gai izango direnak.

d) Eskolan ondo egokitu gabe dauden ikasleei berriro saiatzeko prozesuak eskaintzea, eskolaren funtzionamenduarekin uztartu ezin diren jarrerak gainditzen laguntzeko, eta beren beharretarako erantzun egokia aurki dezaten hezkuntza-sisteman.

2.– Helburu horiek lortze aldera hezkuntzaren aldetik lehenengo zer egin zehazteko orduan, jarduteko honako printzipio hauek hartu beharko ditugu kontuan, egoera bakoitzerako estrategiarik egokiena zehazteko jokaleku orokor modura ere balio dute-eta:

a) Hartu beharreko neurriak ikastetxe-mailako egitasmotan egituratu behar dira, eta egitasmo horiek irakasleek sortu behar dituzte. Egitasmo horietan zehaztu beharko da neurriak nola antolatu, garatu, jarraipena nola egin eta ebaluaketa ere nola egin. Egitasmo horiek zehatzak izan behar dute; oso gogoan izan behar dute kulturak, interesak, gaitasunak eta egoerak askotarikoak direla; eta irakasleak lanera eta beren buruak prestatzera bultzatu behar dituzte. Horrelako egitasmoetan erabili behar dira baliabideak.

b) Gaitzari erantzuna eman ez baino, aurrea hartu behar zaio; elkar urrunketa ez baino, integrazioa bultzatu behar da; curriculuma murriztu edo sinpletu ez baino, aberastu egin behar da. Eta, horretarako, hartu beharreko neurrietan, alde batetik, diferentziari zor zaion errespetua zaindu, eta, bestetik, eskubide eta aukera berberak eman beharra ere begiratu beharko da, biak uztarri berean lotuta.

c) Ikasleak nolako behar, interes, ezaugarri, esperientzia eta kultura-maila dituen, hartara egokitu beharko dugu heziketaren aldetik eman beharreko erantzuna. Hau da, erantzun malguak eman eta eperientziak arrakastaz burutu, espero ziren emaitzetako asko lortzeaz bat.

d) Familiak eta komunitateko beste batzuk ere parte hartzera bultzatzea, bai erabakiak hartu behar direnerako, bai interbentzio-egitasmoak garatu behar direnerako ere.

II. ATALBURUA

XEDAPEN OROKORRAK

4. atala.– Ekintza orokorrak.

Haur Hezkuntzan eta derrigorrezko hezkuntzaren gainerako etapetan, hezkuntzaren aldetik eman beharreko erantzunak, ahal dela, premia bereziak dituzten ikasleen beharretara egokitu behar du -bai behar horiek gizarte-baldintza edo kultura-baldintza eskasak eragindakoak izan, bai norberaren egokitzapen-arazoak eragindakoak izanik ere-, eta hezkuntzako administrazioak egokitzapen hori lortzeko ahaleginak egin behar ditu. Horretarako, ekintza orokor bat edo bat baino gehiago edukiko du, aukeran, egiteko:

a) Ikasle horiek txiki-txikitatik eskolaratzen saiatzea beste administrazio, erakunde eta eragile batzuekin batera. Horretarako, Lehen Hezkuntzako eta, batez ere, lehen zikloko plazak, lehenengo, gizarte-baldintzen edo kulturaren aldetik okerren bizi diren ikasleak dauden ikastetxe edo eskualdeetan eskaini behar ditu, eta halaxe kontuan hartu planifikazioa egiteko orduan.

b) Udal-administrazioekin, edo foru-administrazioekin bestela, lan-programa batzuk egitea piperren aurka egiteko, osasuna zaintzen irakasteko, garbitasuna erakusteko, jendearekin harremanak nola izan, lana nola aurkitu, heldutasunerako igarobidea, baloreen garrantzia eta abar; ikasle horien ezaugarri eta beharren arabera, beti ere. Era berean, ikasle horien ikastetxeetan jantokiak jartzea eta, ikasle horien motibagarri eta osagarri, eskolaz kanpoko jarduerak antolatzea.

c) Ikasle etorri berriei hizkuntza berria ikasten laguntzeko programak sortzea, bestela gizartetik kanpora geratzeko arriskua daukatenez; eta gutxiengoen hizkuntzak eta kultura mantentzen eta zabaltzen saiatzeko ekinaldiak egitea.

d) Umeen eskolaratzearekin zerikusia daukaten erabakiak hartu behar direnean eta eskolaratze horren jarraipena egin behar denean, beren etxekoek eta talde eta kultura zokoratu horietako ordezkariek ere parte hartu behar dute. Horixe da bultzatu behar dena.

e) Ikasle eta irakasleen artean hobeto komunikatzen irakastea, eskolara egokitzeko lagungarri, gaitzari aurrea harturik. Ikasleei atzera hezkuntza-bidera itzultzen laguntzeko balioko duten trebezia sozialak, baloreak eta jarrerak indartzea.

f) Irakasleek, ere, egonkortasuna behar dute eta egokiak izan behar dute. Horretarako, lan-talde egonkorrak sortu behar dira, ahal dela; lehentasuneko heziketa-ekintzetarako egitasmoetan beren kasa parte hartzen duten irakasleen lana sustatu behar da; eta irakasleak, zuzendaritza-taldeak eta laguntza-zerbitzuak ondo prestatzeko programak antolatu behar dira.

5. atala.– Ikastetxea, lehentasuneko heziketa-ekintzen kokaleku.

Egoera horri erantzuteko eta erantzuna ikastetxeetatik bertatik antolatu eta egituratzeko, bi egitasmo-mota dauzkagu:

– Aukera gutxiagoko inguruetako ikastetxeetan osotasunean esku hartzeko egitasmoak.

– Heziketa-ekintza zehatzetarako egitasmoak.

6. atala.– Aukera gutxiagoko inguruetako ikastetxeetan osotasunean esku hartzeko egitasmoak.

1.– Ikasleen %50 baino gehiago honako egoera batean duten ikastetxeak izango dira, agindu honen ondorioetarako, aukera gutxiagoko inguruetako ikastetxeak:

– Etxeko errenta ikasketa-beka jasotzeko gehienezkoa baino txikiagoa dute.

– Talde etniko txikiren batekoa da eta gizarteak baztertu egiten du.

– Familia kanpotik etorri berria da edo, aldian behin, hiru hilabete baino gehiago kanpoan pasatzen dituzte.

2.– Egitasmoak aukera gutxiko inguruetako ikastetxeetan osotasunean esku hartzeko izango badira, ikastetxeak edo ikastetxe barruko etapa batek, egitasmo horren bidez, ikasleen premiei heziketaren aldetik nola erantzun adierazi behar du, ikastetxean osotasunean esku hartzearen bidez beti ere; eta, gainera, irakasle guztiek edo gehienek parte hartu behar dute.

Egitasmo horien bidez hainbat ekintza-mota eramango da aurrera: antolaketaren ingurukoak, curriculumaren ingurukoak edo tutoretzen ingurukoak (9.3 eta 10.2 ataletan proposatutakoak, esate baterako). Egitasmo horiek, azkenean, ikastetxeko oinarrizko dokumentuetan erabiltzeko balio behar dute: IHP, IIP eta AJA; baina hori bai, behar diren saiakera guztiak egin ondoren eta errealitatera doitu eta gero.

Aukera gutxiagoko inguruetako ikastetxeetan osotasunean esku hartzeko egitasmoak egiteko, bi aukera daude: ikastetxeek beren kasa ekitea lanari; edo hezkuntzako administrazioak proposatzea ikastetxe jakin bati. Baina, bide bat zein bestea erabili, behin halako egoeraren bat antzemanez gero, kontua izango da ikastetxeak hartzea planifikazioaren eta interbentzioaren ardura nagusia, beti ere, inguruko laguntza-zerbitzuen aholku-lana ere erabiliz; gizarte-egokitzapeneko teknikariena batez ere.

3.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztuko du egitasmo horiek nolakoak izan behar duten eta nola garatu behar diren, horretarako deialdi berezi batzuen bidez. Osotasunean esku hartzeko egitasmo bat onartzearekin batera, egitasmo hori aurrera eraman behar duten langileak ere zehaztu beharko ditu, eta plazetako batzuk edo denak postu berezi joko ditu.

4.– Ikastetxean osotasunean esku hartzeko egitasmoek lau urterako balioko dute, nahiz eta epe hori berriro luzatu ere egin daitekeen. Onartu, berriz, irakasleen klaustroak (boto guztien bi heren beharko ditu gutxienez) eta Ordezkaritza Organo Gorenak edo Ikastetxeko Eskola Kontseiluak onartu beharko ditu.

7. atala.– Heziketa Ekintza Zehatzetarako Egitasmoak.

1.– Ikasle batzuek hezkuntza-premia bereziak izaten dituzte, aukera gutxiagoko gizarte-inguru edo kultura-talde batekoak direlako edo eskolara egokitzeko arazo larriak dituztelako. Ikastetxeak, ordea, behar bada ez ditu 6.1 ataleko baldintzak beteko, edo ez du osotasunean esku hartzeko egitasmorik izango. Egoera horretan diren ikasleentzat dira, bada, Heziketa Ekintza Zehatzetarako Egitasmoak.

Heziketa-ekintza zehatzetarako egitasmo horietan, 9.3 eta 10.2 ataletan jasotako neurrien modukoak erabiliko ditugu premia horiei erantzuna emateko. Neurri horiek aplikatzeak, era berean, IIPen orokorrean zehaztutako gauza batzuk aldatzea dakar, batzuetan curriculumaren eta beste batzuetan antolaketaren eta/edo funtzionamenduaren aldetik. Berez, osotasunean esku hartzeko egitasmoak baino puntualagoak dira, ikastxeak ez du-eta halako inplikazio orokorrik erakutsi behar; eta beste alde batetik, igerritako beharrei eman beharreko erantzuna antolatzeko orduan malgutasun handiarekin jokatzeko tokia uzten dute.

2.– Egitasmo horiek bi urterako balioko dute, nahiz eta epe hori berriro ere luza daitekeen. Tartean diren irakasleek proposatu beharko dituzte; Irakasleen Klaustroari ere jakinarazi beharko zaizkio; eta Ordezkaritza Organo Gorenak edo Ikastetxeko Eskola Kontseiluak onartu beharko ditu. Ikastetxe osoari eragiten dioten neurriak -antolakuntzakoak nahiz funtzionamendukoak- bi erakunde horiek onartu beharko dituzte.

8. atala.– Esku hartzeko egitasmoak nola diseinatu.

Ikastetxean Osotasunean Esku Hartzeko Egitasmoetan nahiz Ekintza Zehatzetarako Egitasmoetan, honako puntu hauek jaso beharko dira:

a) Egitasmoa egin beharra dakarten arazoen eta ikastetxeak egitasmo hori aurrera eramateko duen gaitasunaren azterketa.

b) Esku hartzeko proposamenaren barruan honako puntu hauek zehaztu beharko dira:

– Egitasmoa zein ikaslerentzat den.

– Curriculum-planteamendu orokorra, eta egoera bakoitzerako zehatza.

– Tutoretzaren aldetik eta/edo banakako hezkuntza-orientazioaren aldetik tutoreek eta ikastetxeko orientatzaileak zer egin behar duten.

– Aurrera eramateko balaibideak (bai dirua, bai langileak nahiz materiala) eta kanpoko aholku-laguntza jasotzeko plana (halakorik balego). Antolakuntzako eta funtzionamendu-mailako neurriak. Ikastetxeak prozesu guztian parte hartu beharra.

– Gizarte-zerbitzuekin eta zerbitzu soziokomunitarioekin lankidetzan aritzeko plana, ikasle nahiz etxekoen artean eragina daukaten ekintzak koordinatzeko.

c) Jarraipena eta barruko ebaluaketa egiteko prozedura diseinatzea eta egitasmoa ebaluatzeko irizpideak.

III. ATALBURUA

HEZIKETAREN ALDETIK ZER EGIN BEHAR LEHENENGO

9. atala.– Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, heziketaren aldetik zer egin lehenengo.

1.– Hezkuntzak ikasleen premien araberakoa eta ikastetxearen inguruan nabari diren premien araberakoa izan behar du, eta horretara zuzenduta egon behar dute lehenengo hartu beharreko neurriek. Azken xedea, ordea, ikaslea matrikulatuta dagoen etapak agintzen dituen helburuak behar bezain ondo betetzea izango da.

2.– Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, ikastetxea eta gela izango dira oinarrizko erreferentziak, besteek baino aukera gutxiago dituzten ikasleei erantzunen bat emateko orduan. Horrela, dena delako erantzunak, orokorrean behinik behin, dagoenik eta inguru hezitzailerik normalizatzaileenean kokatuko ditugu, eta oso-oso ondo mugatu beharko dugu -eta orduan bakarrik zabaldu hartarako bidea- erantzun hori noiz eman betiko gelatik kanpora eta taldekoaz bestelako irakasleekin.

Beste irakasle batzuek ere parte hartu behar baldin badute, denei batera lan eginarazten saiatu beharko dugu, partaidetza hori koherentziaz eta koordinatuta egingo bada.

Lehentasunezko heziketa-ekintza horiek edo heziketa-ekintza zehatzak garatzen dituzten ikastetxeek lehentasuna izango dute hezkuntza-sistemako laguntza-zerbitzuentzat. Lehentasunezko heziketa-ekintzak ikastetxeko egitasmo orokor batean jaso beharko dira.

3.– Lehentasunezko heziketa-ekintza horien artean, honako hauek daude:

– Curriculum-mailakoak: curriculuma ikaslearen benetako premietara egokitzea; oinarrizko gaitasunak garatzen lagunduko duten -mailak maila, beti ere- eta elkarri laguntzeko eta zuzenean parte hartzeko metodologiak bultzatuko dituzten aktibitateak sortzea; ikastetxean nabari diren kultura eta gizarte-talde bateko eta besteko elementuak jasotzea; komunikatzeko gaitasunak garatzea; ikasleen ezaugarrien araberako materialak egitea.

– Antolakuntza-mailakoak: lan-orduak ikasleen beharretara egokitzea; bai eskola-orduetan eta bai kanpoan, gure buruak aberasteko neurriak; aktibitate batzuetan bi irakasle taldean bertan egotea, eta, beste batzuetan, taldea bitan banatzea; taldeak egiterakoan malgu jokatzea; gelaz kanpoko lanetan beste irakasle batek ere parte hartzea, kasu puntualetan edo sistema jakin bati jarraituta; aldi baterako unitateak sortzea, eskolara denbora-tarte baterako baino joango ez diren ikasleekin lan egiteko.

– Tutoretzak: tutoretza-lanean, ikasleen jarraipena banan-banan egitea; senitartekoak ikastetxera hurbilarazteko programak; familia eta eskola arteko programak garatzea; ikasleak hartu eta ondo egokitzen laguntzeko atalak sortzea.

10. atala.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, heziketaren aldetik zer egin lehenengo.

1.– DBHko ikastetxeetan lehenengo egin beharreko heziketa-ekintzek, irizpide modura, ahalik eta integratzaileenak izan behar dute. Etapak ulergarria izan behar du aurrerantzean ere, nahiz eta ondo jakin etapa honetan agertuko zaizkigun egoerak konplexuagoak direla, eta erantzunek, ere, hortaz, halakoxeak izan behar dutela.

Ikastetxeetan osotasunean esku hartzeko egitasmoetan edo heziketa-ekintza zehatzetarako egitasmoetan zehaztutako ekintza guztiek zentzu bera izan behar dute: besteek baino aukera gutxiago dituzten ikasleen premiei erantzun bat ematea. Eta horretarako egitasmo, estrategia eta lehentasuneko heziketa-ekintzak zehazteko orduan, erantzun kalitatezkoa eta egokia eman behar dugula izan behar dugu gogoan, lehen irizpide modura.

Lehentasunezko heziketa-ekintza horiek edo heziketa-ekintza zehatzak garatzen dituzten ikastetxeek lehentasuna izango dute hezkuntza-sistemako laguntza-zerbitzuentzat. Lehentasunezko ekintza horiek egitasmo orokor batean jaso beharko dira.

2.– Lehentasuneko heziketa-ekintzen artean, honako hauek ere badauzkagu, lehen aipatu ditugunez gainera:

– Curriculum-mailakoak: curriculumeko arlo batzuk eremutan sartzea; kultura gutxituekin zerikusia duten aukerakoak jartzea denentzat, eta gutxiengoen hizkuntzak garatzeko aukerakoak; piperrei kontra egiteko programak; jendarteko ohiturak garatzeko programak; halako ikasleak ikastetxeetan hartzeko programak.

– Antolakuntzakoak: talde edo ikasle baten irakasleen artean koordinatzeko denbora-tartea, baldin eta boladaren batean Hezkuntza Premia Bereziren bat badauka talde edo ikasle horrek; gela batetik irakasle gutxiago pasatzea; tailerreko aktibitateen bidez motibazioa lortzeko eta oinarrizko gauzak ikasteko atalak; hizkuntza lantzeko talde bereziak.

11. atala.– Baliabide bereziak: langile eta material lagungarriak.

1.– Aukera gutxiagoko gizarte-ingurune edo kultura-taldeen artean lehenengo egin beharreko heziketa-ekintzetarako zehazten diren baliabideak lotuta egongo dira, alde batetik, ikastetxeek egindako aktuazio-egitasmoetara; eta, beste alde batetik, Ikuskaritza Teknikoak erabilera dela-eta egindako ebaluaketara.

2.– Hona hemen, zehaztutako premien arabera eta egindako egitasmoak kontuan, zer-nolako baliabideak izan ditzakegun:

a) Lehendik dauzkagun langileak ahalik eta ondoen erabiltzea da aukeretako bat, eta, horretarako: langileak zentzuz antolatzea, hau da, irakasleak lanean inplikatzea, lan-taldetan banaturik edo ikasle-talde jakinekin; prestakuntza-prozesuak egitasmoan zehaztutako interbentzio-ereduaren arabera; aholkuak emateko eta erabakiak hartzen parte hartzeko erakunde egokiak, kanpokoak ez baino barrukoak izango direnak.

b) Langile gehiago hartzea: arlo edo eremuko irakasleak; gutxiengoen hizkuntzak eta kulturak ezagutzen dituzten irakasleak; justu DBHrako orientatzailea.

c) Laguntza, prestakuntza eta aholkuak: PATetako zerbitzuen aholkuak (noizik eta behin edota sistematikoki) edo beste zerbitzu edo erakunde batzuenak (unibertsitatea, lan-taldeak); laguntza-talde soziokomunitarioek ikastetxeko lanean parte hartzea; ikastetxeko prestakuntza-egitasmoak; eskolaz kanpoko jarduera osagarriak; familiekin lan egiteko planak; langileak nola erabili jakiteko, irizpide malguak erabiltzea.

d) Ikastetxeek dirua ere eska dezakete, bai programa aurrera eramateko behar dituen materialak lortzeko, bai Hezkunzako administrazioak ez dituen zerbitzuak kontratatzeko.

IV. ATALBURUA

EGITASMOAK ONARTZEA ETA JARRAIPENA ETA EBALUAKETA EGITEA

12. atala.– Egitasmoen deialdia, aurkezpena eta onarpena.

1.– Deialdiak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak egingo ditu, bai aukera gutxiagoko inguruetako ikastetxeetan osotasunean esku hartzeko egitasmoak aurkezteko deialdiak (agindu honetako 6. atalean aipatutakoak), bai heziketa-ekintza zehatzetarako egitasmoak aurkezteko deialdiak ere (7. atalean aipatutakoak).

2.– Ikastetxeko zuzendaritzak eskaria Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan aurkeztu beharko du, dena delako epean (zehaztuko da). Eskariarekin batera, egitasmoaren diseinua (8. atalaren arabera) eta 6.4 eta 7.2 ataletan egitasmo-mota bakoitzerako agindutakoa azaltzeko aktak ere aurkeztu beharko ditu.

3.– Pedagogi Berrikuntzarako lurralde-buruak honako txosten hauek bildu beharko ditu, gero eskariari eransteko:

a) Talde multiprofesionalaren txostena: proposamena ikasleen premietara ondo egokituta dagoen baloratuko du, eta proposatutako neurriek ahalik eta bazterketarik txikiena ekarriko dutela kontu hartuko du.

b) Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoaren txostena: egitasmoa agindu honetan eta deialdian zehaztutako baldintzetara eta ikastetxeko ezaugarrietara ondo egokituta dagoen azalduko du, eta baliabide-eskariak aztertzeko ere balioko du.

4.– Batzorde bat osatuko da, propio, balorazioa egin eta ikastetxeak aurkeztutako egitasmoak onartzeko. Batzorde horrek egokiak iruditzen zaizkion aldaketa guztiak egin ahal izango ditu. Onarpen horretan, Sailak kasuan kasu emango dituen baliabide bereziak ere zehaztu beharko ditu, egitasmo bakoitza zein epetarako onartu duten azaltzearekin batera. Batzordeak txostena Hezkuntzako sailburuordearen eskuetan utzi beharko du, eta horrek erabakiko du, azkenean, egitasmoak onartzen diren ala ez.

13. atala.– Egitasmoen jarraipena eta ebaluaketa, betetzen diren jakiteko.

1.– Osotasunean esku hartzeko egitasmoetan edo heziketa-ekintza zehatzetarako egitasmoetan lan egiten duten ikastetxeek egitasmo horien ebaluaketa bat egin, eta urteroko txostenari erantsi beharko diote, hobetzeko proposamenekin batera.

2.– Egitasmoa martxan jartzen den jakiteko ebaluaketa (kanpokoa) Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoak egin beharko du ikasturtean zehar, eta, horretarako, ebaluaketa-txostena ere egin beharko du. PATak, ikasturte amaieran, beste txosten bat egin beharko du, egindako jarraipena azaltzeko.

3.– Ikastetxean osotasunean esku hartzeko edo ekintza zehatzak egiteko egitasmoren bat onartuta daukaten ikastetxe guztiek baloraketa-saio bateratu bat izango dute, Ikuskaritza Teknikoak deiturik. Saio horretan, ikastetxearen hobekuntza-proposamenak, PATeko txostena eta Ikuskaritza Teknikoaren ebaluaketa-txostena aztertuko dituzte. Ikuskaritza Teknikoak, era berean, ebaluaketa-txosten bat egin beharko du, bere eskualdean agindu honetako egitasmoren bat lantzen ari den ikastetxe bakoitzeko. Txosten hori, gero, Pedagogi Berrikuntzarako lurralde-burutzara bidali beharko du.

4.– Jarraipen eta ebaluaketa-prozesu horretatik sortutako txostenak kontuan hartuko dira, jakina, osotasuneko egitasmoak nahiz heziketa-ekintza zehatzetarako egitasmoak berritu behar direnean, hau da, indarrean egoteari uzten diotenean, balio-epea amaiturik.

V. ATALBURUA

ESKOLARATZEKO PROGRAMA OSAGARRIAK

14. atala.– Definizioa.

1.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, ikasle jakin batzuen premiei erantzuna emateko bide arrunt eta berezi guztiak agortu ondoren, eta gizarte-baldintza txarretan diren edo eskolara egokitzeko arazo larriak dituzten ikasleei -berdin bakar bati nahiz talde oso bati- erantzunak emateko, salbuespen modura, berariazko erantzunak antolatu ahal izango dira, Eskolaratzeko Programa Osagarrien bidez eta hamasei urte baino gutxiagoko ikasleentzat, beti ere.

2.– Eskolaratzeko Programa Osagarriek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikasteko aukera emango dute, asteko eskola-orduetatik tarte bat hartuta batzuetan, eta bolada batean denbora guztia hartarako erabiliz beste batzuetan. Kanpoko unitate berariazkoak erabiliko ditugu, eta garrantzirik handiena ohiko sistemara itzultzeko edo heldutasunera eta bizimodu aktibora heltzeko faltan dituzten edukiei emango diegu. Curriculuma ikasleen beharretara egokitu beharko da, baina Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak garatu behar dituen oinarrizko gaitasunak bazterrean utzi gabe. Edonola ere, programa horietan parte hartzen duten ikasleak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeren batean egongo dira matrikulatuta eta ikastetxe horretako ikasleak izango dira, ondorio guztietarako.

15. atala.– Eskolaratzeko Programa Osagarriak ematen dituzten ikastetxeak.

1.– Eskolaratzeko Programa Osagarriak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren ikastetxeetan edo harekin homologatutakoetan eraman beharko dira aurrera. Irakasle-talde espezializatua eduki beharko dute eta halako programei ekiteko beharrezko instalazio eta ekipamenduak ere bai. Ikastetxe horiek Ikastetxeko Egitasmo Sozioedukatibo bat ere eduki beharko dute, ikasleen premietara egokiturik.

2.– Eskolaratzeko programa osagarriak ematen dituzten ikastetxeak homologatu egingo ditu Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak; eta lehenengo, aukeran, Lanbide Hastapeneko programak eta osabidezko hezkuntzako programak ere garatzen dituzten ikastetxeak -bete beharreko baladintzak ere zehaztuko ditu-. Progama horiek egiteko, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuekin hitzarmenak izenpetzeko aukera ere badu. Eta baita beste aukera bat ere: talde nahasiak sortzea, Saileko eta erakunde laguntzaileko langileekin.

16. atala.– Ikasleak nola sartuko diren eskolaratzeko programa osagarrietan.

1.– Ikasleak banan-banan sartuko dira eskolaratzeko programa osagarrietan, eta, lehenago, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ohiko arauetan jasotako neurriak agortu ondoren.

2.– Horretarako, honako izapide hau bete beharko dugu:

a) Ikastetxeak txosten bat egin beharko du, azaltzeko zergatik komeni zaion, ikasleari, Eskolaratzeko Programa Osagarrietan parte hartzea.

b) Banan banako curriculum-proposamena, ohiko ikastetxean eta programa osagarrian garatzeko. Zehaztu beharrekoak: helburuak, edukiak, ebaluaketarako irizpideak, zenbat denbora programa osagarri barruan, eta proposamenak zenbat iraungo duen hasiera batean behintzat.

c) Ikasleen legezko ordezkariek eta ikasleak berak zer deritzoten neurri hau garatzeari.

d) DBHko ikastetxea eta programa osagarria koordinatzeko plana. Erreferentziako pertsona bat jartzea ikastetxerako eta programa osagarria eman behar duen ikastetxerako.

e) Pedagogi Aholkutegiko talde multiprofesionalaren txostena, Eskolaratzeko Programa Osagarri batean parte hartzea komeni den ala ez eta arrakasta izango badu zein baldintza bete behar dituen azaltzeko.

f) Ikuskaritza Teknikoaren txostena, neurri hori hartzeko aholkatzeko, eta programetan parte hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela ziurtatzeko.

g) Pedagogi Berrikuntzarako lurralde-burutzaren onarpena.

17. atala.– Ikasleen egoera akademikoa.

1.– Ikasleak DBHko institutuan edo ikastetxean matrikulaturik egongo dira, eta hor izango dute espedientea zabalduta. Eskola-ziurtagiriak matrikulaturik dauden DBHko institutuek egin beharko dituzte.

2.– Etengabeko ebaluazio prozesuan, ikaslea zein egoeratan den azaldu beharko da. Arlo jakin batzuetan -zehaztuko dira zeinetan- heziketa osatu edo curriculuma egokitze aldera zer egin den azaldu beharko da, ebaluaketaz ebaluaketa.

Gurasoei eman beharreko informazioa DBHko institutuak eta Eskolaratzeko Programa Osagarriko arduradunek egingo dute, elkarrekin.

«Curriculuma Egokitzeko Neurri» modura agertuko dira jasota ikastaroko azken ebaluaketan, agiri akademikoetan, eskolaketa-liburuan eta dagozkion arloetan.

3.– Ikasle horiek tituluak lortu ahal izateko, Ikastetxeko Curriculum Egitasmoan zehaztutako ebaluaketa-irizpideak erabili beharko dira. Edonola ere, ondo bermaturik geratu beharko du etapako gaitasunak behar bezain ondo eskuratu dituztela.

4.– 16 urte betetzen dituztenean, Curriculuma Zabaltzeko Programetan parte hartzeko aukera izango dute -matrikulaturik dauden bigarren hezkuntzako ikastetxean-, eta baita Lanbide Hastapeneko Programetan ere.

18. atala.– Eskolaratzeko Programa Osagarriak nola betetzen diren jakiteko, jarraipena eta ebaluaketa.

1.– Hiru hiletik behin, gutxienez, programa horietan dabilen ikasle bakoitzarekin halako jarraipen bat egin beharko da. Ofizialki matrikulaturik dagoen ikastetxeko ikasketa-buruak egingo du deia, honako hauek biltzeko: ikaslearen tutorea edo erreferentzi ikasturteko irakasleren bat, ikastetxean Eskolaratzeko Programa Osagarria ematen duen pertsona bat, eta erreferentziako ikastetxea dagoen eskualdeko talde multiprofesionaleko beste pertsona bat.

Ikasleak zenbat ikasi duen eta bestelako baldintzek ere komenigarria dela erakusten badute, batzorde horrek ikaslea DBHko dagokion ikasturtean sartzea erabakitzeko ahalmena izango du.

2.– Ikasturtean behin, gutxienez, Eskolaratzeko Programa Osagarriak ematen dituzten ikastetxe bakoitzean zer egin den baloratzeko saio bat egin beharko da. Saio horietako burua Pedagogi Berrikuntzarako lurralde-burua edo ordezko izendatzen duena izango da, eta honako hauek parte hartuko dute, ikastetxeko arduradunarekin batera: Osabidezko Hezkuntzako Zerbitzuetako burua, ikastetxea dagoen lurraldeko Osabidezko Hezkuntzako Unitateko teknikaria, eta dagozkion ikuskaritza teknikoko eta PATeko kide bat. Ebaluaketa-saio horietatik, txosten bat sortu beharko da, ikastetxeko egitasmo sozioedukatiboa eta funtzionamendua hobetzeko aholku batzuekin.

GEHIGARRIZKO XEDAPENA

Aukera gutxiagoko gizarte-inguru edo kultura-talde batekoa dela-eta hezkuntzaren aldetik premia bereziak dituen ikasleari zein erantzun ematen ari zaion jakiteko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak erantzun horren jarraipena egingo du, horretarako osatuko den batzorde baten bidez. Agindu honetako 13 eta 18. ataletan aipatutako batzordeek zer-nolako txostenak egiten dituzten ikusita, egokiak iruditzen zaizkion hobekuntza-proposamenak aztertu, eta Hezkuntza sailburuordearen eskuetan utzi beharko ditu, kontuan har ditzan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Hezkuntza Sailburuordetzak baimena du agindu hau bere irizpideei jarraituz aplikatu, interpretatu eta garatzeko.

Bigarrena.– Honako agindu hau indarrean egongo da EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko uztailaren 30a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

INAXIO OLIVERI ALBISU.


Azterketa dokumentala