Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

59. zk., 1998ko martxoaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura
1360

AGINDUA, 1998ko martxoaren 10ekoa, Kultura sailburuarena, Enpresak Sortzeko Gazteentzako XIII. Ideia Lehiaketarako deia egiten duena.

Gazteriarengan eragina duten arazoak eta beharrak direla eta, Ideia Lehiaketa eratu zen 1986an, Lehen Graduko Elkarlanerako Kooperatiba Baltzuen eraketa proiektuak aurkeztea zela xedea. Modu horretan, lan egiteko era berri baten aukera eman dezakeen erantzun posible bat eskaini zitekeela pentsatuz, elkarrekin lan egingo luketen eta irabaziak banatuko lituzketen lagunak izango liratekeelako enpresako kide guztiak eta, ondorioz, gazteek jasaten duten langabeziari irtenbidea eman ahal izateko.

II. lehiaketa deialdia egin zenetik hasita, proiektuak burutzea Kooperatiba Baltzu moduari mugatzeak zenbait proiekturentzat oztopoak ekar zitzakeela ikusita, Ekonomia Sozialeko Baltzuak sortzeko proiektuak aurkezteko aukera eskaini zen, I. Lehiaketan ezartzen ziren mugaketak alde batera utziz.

Seigarren edizioak eta hurrengokoak ekarri duen esperientzia ikusirik, egokitzat jo da enpresak bestelako Baltzu modutara eratzea aurreikusten duten proiektuak aurkeztu ahal izatea; hala ere, proiektuak hautatzerakoan lehentasuna izango dute, nortasun juridikoa Ekonomia Sozialeko moduren bati egokitzen dioten enpresek, bazterturik geratzeko arriskuan edo gizarteratzeko fasean dauden kolektibo eta emakume gazteak lanean jartzeko bideak zabaltzen dituztenek eta baita, sortuko diren enpresetan, euskara lan munduan hedatzeko modua ematen dutenek ere.

Ondorioz, hauxe,

XEDATU DUT:

1. atala.- Enpresak Sortzeko Gazteentzako XIII. Ideia Lehiaketarako deia egiten da Agindu honen bitartez, lanpostuak sortzeko bidezko perspektibak izan ditzaten eta aurrera eraman daitezkeen baltzuak bideratzea xede izan dezaten enpresak sortu ahal izateko.

2. atala.- Deialdi honetara aurkezten diren ideiek, enpresa eratzeko proiektua zehaztu beharko dute. Proiektu horiek honako atal hauek izan beharko dituzte gutxienez:

a) Proiektuaren gai den ideiari buruzko txostena.

b) Enpresak hartu behar duen nortasun juridikoaren azalpena, egin den hautaketa egoki arrazoituz.

c) Elkarlanean aritu eta helburuak zorrotz betetzeko enpresa osatuko dutenen curriculum vitae-ari buruzko argibideak.

d) Proiektuaren bideragarritasun ekonomiko eta teknikoari eta inbertsio-planari buruzko azterketa. Atal horretan honako puntu hauek adieraziko dira: egin edo eskaini asmo den produktu/zerbitzuaren azalpen eta analisia eta berorren gauzatze-prozesua, baltzuaren xede izango den zerbitzu edo produktuaren eraginpeko merkatuaren analisia, agiango eroslegoa eta horien banaketa geografikoa, proiektuak izango dituen kostuen egitura giza-kostuen azterketa sakona eginez, erabiltzekoak diren finantza formulak eta horietara heltzeko baliabideak.

3. atala.- 1.- Agindu honetan ezarritakoaren arabera, honako sariok emango dira:

a) Proiektuetarako sariak:

1. Saria: 1.100.000 PTA

2. Saria: 800.000 PTA

3. Saria: 700.000 PTA

4. Saria: 600.000 PTA

Akzesitak.- Horien kopurua Epaimahaiak proposatuko du eta zenbatekoa ez da 400.000 PTA baino gehiagokoa izango bakoitzeko.

b) Aukeraturiko proiektuetatik lauri sari bana, martxan jarri eta Euskal Autonomia Erkidegoan burutu daitezen. Sari horien zenbatekoa ez da 500.000 pezeta baino txikiagoa izango, ezta 2.500.000 pezeta baino handiagoa ere, kasu bakoitzean. Epaimahaiak zehaztuko du diru-zenbatekoa.

2.- Nolanahi ere, sarien eta eman daitezkeen akzesiten zenbatekoa, guztira, ez da inoiz izango Autonomia Erkidegoak aurtengo Aurrekontu Orokorretan horretarako jarria dagoen 13.600.000 pezetako diru-atala bera baino handiagoa.

3.- Atal honen lehen idazatian aipatutako diru-kopuru horiei, zerga-gaietan indarrean dauden erabakiak aintzat hartuta, dagokien kenketak egingo zaizkie eta, beraz, saridun bakoitzak sariari dagokion diru-kopuru gordina jasoko du.

4.- Atal honetan adierazitako sari eta akzesitak bateragarriak izango dira enpresak sortu eta martxan jartzeko ematen diren beste edozein eratako laguntzekin, baina ezingo da inolaz ere gainerako finantzaketarik egon.

4. atala.- 1.- Eskabideak aurkezteko epea zabaltzen denerako 18 urtetik gora eta 1998ko abenduaren 31rako 30 urte baino gutxiago dituzten pertsona fisiko guztiek parte hartu ahal izango dute Lehiaketa honetan.

2.- Pertsona onuraduna honako egoeran aurkitzen bada, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunez ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk emana izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuaren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, diru laguntza ematea, eta ala badagokio, honen ordainketa egoera hori konponduarte baldintzatua egongo da.

5. atala.- Agindu honen 2. atalean ezarritakoaren arabera, proiektu bat baino gehiago aurkeztu ahal izango dituzte parte hartzaileek.

6. atala.- 1.- Eskabideak aurkezteko epea Agindu honek eraginak sortzen dituen egunaren biharamunean hasiko da eta 1998ko irailaren 30ean bukatuko.

2.- Eskabideak, Kultura Lurralde Unitateetan eskuratu ahal izango direnak, Agindu honen I Eranskina eredutzat hartuta egingo dira eta leku horietan aurkeztu beharko dira, hurrengo atalean adierazitako gainerako dokumentazioarekin batera, bai zuzenean bai azaroaren 26ko 30/1992 Legean eskainitako bideetarik edozein erabiliz.

7. atala.- Eskabideaz batera, parte hartzaileek honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko dute:

a) Proiektuaren izenpetzaile guztien N.A.N.aren fotokopia.

b) Proiektuaren sustatzaile guztien curriculum vitae-a ondorengo argibideekin: datu pertsonalak, lan esperientzia eta egindako prestakuntza-ikastaroak.

c) Agindu honen 3. atalean ezarritakoaren arabera, Enpresa eratzeko proiektuaren aurkezpena, proiektuaren izena barne eta, horrekin batera, izaera juridikoaren berri ematen uten hitzak jarri beharko dira.

d) Sarituak izango balira, proiektuen argitarapen eskubideak dohainik utziko lituzkeen dokumentazioa aurkezteko hitz ematea.

e) Ordainketa burutu ahal izateko dokumentazioa:

«Datuen Alta/Hirugarren Interesatua» inoiz egin ez duten proiektuaren arduradunek aurkeztu beharreko dokumentazioa: «Datuen Alta/Hirugarren Interesatua» fitxa, Agindu honen II Eranskineko ereduari jarraituz.

8. atala.- Kultura Sailak proiektu sustatzaileek aurkeztutako dokumentazioa osatu gabea dela edo akatsak dituela ikusiz gero, interesatuei emango die horren berri. Jakinarazpena jasotzen den egunetik hasita, hamar egun balioduneko epea emango da dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko eta, epe hori bukatuta, eskatutako dokumentazioa ez bada era egokian zuzentzen, bestelako tramiterik gabe, eskabidea artxibatu eta gainerako dokumentazioa interesatuei igorriko zaie.

9. atala.- 1.- Epaimahaiari dagokio aurkeztutako eskabideak ebaluatzea, baita Erabaki Proposamena osatzea eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari igortzea ere.

2.- Epaimahaia modu honetara osatuko da:

- Gazteria eta Gizarte Ekintzarako zuzendaria edo berak esku ematen dion pertsona, epaimahaiburu eta gerta daitezkeen berdinketetan azken hitza emateko kalitate-botua duena.

- Enplegu eta Prestakuntza zuzendaria edo berak esku ematen dion pertsona.

- Ekonomia Sozialeko zuzendaria edo berak esku ematen diona.

- Industri Politikarako zuzendaria edo berak esku ematen diona.

- Kultura Saileko Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritzako teknikari bi, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak izendatuak. Horietako batek idazkari lanak egingo ditu.

Epaimahaiak, proiektuetan proposaturiko gaietan aditu diren aholkularien laguntza ere eska dezake, egoki iritziz gero.

3.- Epaimahaikideak ezetsiak izan daitezke, baita gaitasun gabe geratu ere, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28 eta 29. ataletan ezarritako kasuetan.

10. atala.- 1.- Ondoko ezaugarriak dituzten ala ez begiratu beharko du Epaimahaiak proiektuak aukeratzerakoan:

a) Proiektuaren gai den ideiaren orijinaltasuna.

b) Proiektuaren bideragarritasun ekonomiko eta teknikoa.

c) Proiektua aurrera eramanez gero, orotara sortuko lukeen lanpostu kopuruen ikuspuntu arrazoitua.

d) Elkarlanean aritu eta helburuak zorrotz betetzeko enpresa osatuko dutenen curriculum vitae-ari buruzko argibideak.

2.- Hautatutako proiektuak sailkatzeko garaian lehentasuna izango dute nortasun juridikoa Ekonomia Sozialeko moduren bati egokitzen dioten enpresek, bazterturik geratzeko arriskuan edo gizarteratzeko fasean dauden kolektibo eta emakume gazteak lanean jartzeko bideak zabaltzen dituztenek eta baita euskara lan munduan hedatzeko modua ematen dutenek ere.

3.- Aginduaren 3,1,b) atalean aipatutako diru-kopuruak finkatzeko proposamena osatzerakoan, Epaimahaiak proiektuaren konplexutasuna eta proiektu horrek burutzeko behar duen inbertsio-bolumena hartuko ditu kontuan; proiektua zenbat eta garestiago eta konplexuagoa izan, orduan eta kopuru handiagoa.

11. atala.- 1.- Epaimahaiak sariak emateko aurkezten duen proposamenean aukeraturiko proiektuen zerrenda jasoko da, proiektu horiek behar bezala sailkatuta jarriko direla. Aipaturiko zerrendako lehen lau proiektuei, Agindu honetako 3,1,a) atalean adierazitako sariak emango zaizkie. Epaimahaiak, halaber, eta hala badagokio, akzesita merezi izango duten proiektuak eta akzesit horren kopurua zehaztuko ditu proposamen horretan.

2.- Era berean, Epaimahaiak 3,1,b) atalean aipatutako proiektuak zeintzuk diren eta zein diru-kopuru dagokien proposatuko du proiektu horiek burutu daitezen.

3.- Proiektuak ebaluatu eta dagokion Erabaki Proposamena osatzeko, Epaimahaiak bi hilabeteko epea izango du eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita, Agindu honen 12,2 atalaren bigarren lerroaldian jasotakoa salbuespen izanik.

4.- Epaimahaiak, Agindu honetan aipatutako sari guztiak edo bat bakarra ere ez emateko proposamena egin ahal izango du.

12. atala.- 1.- Epaimahaiak aurkeztutako Erabaki Proposamena ikusirik, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak, sarietako batzuk zein sari guztiak eman gabe ere utzi ditzakeela aintzat hartuta, aurkeztutako proiektuen hautaketa eta sailkapen Erabakia hartuko du. Erabaki horretan, lehenengo lau irabazleen izenak eta, hala badagokio, akzesitak merezi izan dituztenenak eta hauei dagozkien kopuruak jakinaraziko dira. Era berean, proiektuak burutzeko saria nortzuk hartuko duten eta sari hori zenbatekoa izango den ere adieraziko da. Azkenik, sail honi dagozkion sarietarako ordezkoak ere izendatuko dira, sarituetakoren batek proiektua burutzeko modurik izan ezean, aukeratutako ordezkoetarik lehenak aukera hori izan dezan.

2.- Erabakia hiru hilabeteko epean hartuko da eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Aurreko lerroaldian esanak esanda ere, Agindu honen 8. atalean adierazitakoa gertatuz gero, ebazpena emateko epea etenda geratuko da tramiteak behar duen beste denboraz, jakinarazpena jasotzen den eguna eta erantzuteko epea kontuan hartuta.

13. atala.- Erabakia argitaratzen denetik hasita 15 egun igaro baino lehenago, 3,1,b) atalean aipatutako sarietakoren batekin sarituriko proiektuen arduradunek Kultura, Gazteria eta Kirol Sailordetzaren aurrean baieztatu beharko dute, idatziz, beren proiektuaren gai den enpresa eratu asmo dutenentz, sarituetako proiekturen baten aurkezleak berau burutu behar ez balu, ardura hori hurrengo ordezko hautatuari eman ahal izateko.

14. atala.- 1.- Agindu honen 3,1,a) atalean adierazten diren sari eta akzesiten ordainketa bi hilabeteko epean egingo da, laguntza emateko Erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.- Agindu honetako 3,1,b) atalean adierazten diren sarien ordainketa zatika egingo da ondoko era honetara:

- %20 bi hilabeteko epean, aurreko atalean adierazitakoari jarraituz, interesdunek enpresa eratzeko asmoaren berri emateko jakinarazpena jasotzen den egunetik hasita.

- Gainerako %80a, dagokion eskritura aurkeztuz enpresa eratuta dagoela egiaztatutakoan. Enpresa eraketa, gehienez jota, urte bateko epean burutu beharko da, aipaturiko Erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

15. atala.- 1.- Saritutako proiekturen bat, edozein arrazoirengatik, aurreko atalean ezarritako epe barruan eraketa egiaztagirik aurkeztu gabe geratuz gero, sariaren lehen zatia jaso duen/duten onuradunak/ek Kultura, Gazteria eta Kirol Sailordetzari eman beharko dio/te horren berri eta, era berean, jasotako dirua itzuli beharko du/te kide guztien artean Euskal Herriko Diruzaintza Nagusian, hilabeteko epean, enpresa eraketa egiaztatzeko denbora-tartea bukatzen den egunetik hasita.

2.- Enpresa eratu dela egiaztatzen den egunetik hasi eta bi urteko epean enpresa bertan behera utziz gero, onuradunak/ek Kultura, Gazteria eta Kirol Sailordetzari eman beharko dio/te horren berri eta, era berean, jasotako dirua itzuli beharko du/te kide guztien artean Euskal Herriko Diruzaintza Nagusian, hilabeteko epean, kitaketa erabakia hartzen den egunetik hasita.

3.- Onuradunek proiektuetan aldaketak planteatzen badituzte, eta horiek ez badute saritutako ideia funtsean aldatzen, Epaimahai Kalifikatzaileak aurkeztutako aldaketak aztertuko ditu eta, egoki iritziz gero sariak emateko Erabaki proposamena aldatuko du, beti ere, deialdi honetan ezarritako gutxieneko baldintzak errespetatuz.

16. atala.- Aukeratzen ez diren proiektuak sustatzaileen esku izango dira Kultura Saileko Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritzan, hamabost egunetan, Agindu honen 12. atalean adierazitako Erabakia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota, proiektuok Administrazioaren esku geratuko dira erabat.

17. atala.- 1.- Deialdi honetan parte hartzeak, bertan adierazten diren arauak eta betebeharrak berariaz onartu beharra dakar.

2.- Onuradun pertsonak, Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren zeregin ihardueran, deialdi honen kontura jasotako sariari buruzko eskatutako informazioa emango die.

3.- Kultura Sailak beretzat gordetzen du saritutako proiektuak, osorik edo horien atalen bat, lehen aldiz argitaratzeko eskubidea bi urteko epean, Agindu honen 12. atalean adierazitako Erabakia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

18. atala.- Agindu honetan ezarritako betebeharrak ez errespetatzekotan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta, ala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan adierazitako prozedurari jarraituz, sariak jasotzeko eskubidea bertan behera geratuko da eta Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dio dagokion diru-kopurua baita horri dagozkion interes legalak ere.

19. atala.- Agindu honen bidez sortutako Programaren kudeaketa lanak Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritzari dagozkio.

AZKEN XEDAPENAK

1.- Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak 12. atalean ezarritako epea pasa eta Erabakirik hartu ez badu, sari eta akzesit maila guztiak eman gabe gelditu direla ulertuko da.

2.- Erakunde interesatuek deialdi honen aurka egiterik izango dute, Justizi Auzitegi nagusian administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarriz. Horretarako bi hilabeteko epea izango dute, eta aldez aurretik errekurtsoa jartzeko asmoa dutela jakinarazi beharko diote Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari, hala egin dadila agintzen baitu Herri Administrazioen Araubidearen eta Guztientzako Administrazio Jardunbidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 110.3 atalak.

3.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean eraginak sortuko ditu.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko martxoaren 10a.

Kultura sailburua,

M.ª CARMEN GARMENDIA LASA.

I. ERANSKINA

ENPRESAK SORTZEKO GAZTEENTZAKO XIII. IDEIA LEHIAKETAN PARTE HARTU ETA IZENA EMATEKO ESKABIDEA (1998 URTEA)

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA / ANEXO II

DATUEN ALTA/HIRUGARREN INTERESATUA

ALTA DE DATOS/TERCERO INTERESADO

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana