Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

59. zk., 1998ko martxoaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura
1359

AGINDUA, 1998ko otsailaren 12koa, Kultura sailburuarena, Zestoako Hirigune Historikoaren Esparru Arkeologikoa Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean, Monumentu Multzo izendapenaz Kultura Ondare gisa sartzen duena.

Zestoako Esparru Arkeologikoaren balio historikoa eta kultura aldetik duen interesa ikusita eta arlo honetan erabilgarri den lege-arautegian ezarritakoa kontutan hartuz, hots, Konstituzioaren 149.1.28. atala, Autonomia Estatutuaren 10.19. atala eta uztailaren 3ko 7/1990 Legea bera aintzat hartuta, ondasun hori Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera ematea erabaki zuen Kultura sailburuordeak 1997ko azaroaren 12ko dataz.

Espediente hori administrazio-bidetik izapidatu ahal izateko, aipatutako 7/1990 Legearen 17 eta 11.3. atalean, eta honekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraituz, guztiek espedientearen berri izan zezaten, jendaurrean ikusgai jarri zen, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Zestoako Udalari entzuteko izapidetza ere burutuz.

Horrenbestez, legez ezarritako izapidetza guztiak behar bezala beterik, ez da inolako alegaziorik aurkeztu.

Orain arte adierazitako guztia kontuan hartuta; aipatutako Legearen 17. atalak ezarritakoari jarraituta; Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak proposatuta eta Euskal Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoen txostena ikusirik, hau,

ERABAKI DUT:

Lehenengoa.- Zestoako Hirigune Historikoaren Esparru Arkeologiko Monumentu Multzo izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean, Kultura Ondare gisa sartzea.

Bigarrena.- Aipatutako Esparru Arkeologikoa mugatzea I. eranskinean ezarritakoaren arabera eta II.ean agertzen den deskribapenean oinarrituz.

Hirugarrena.- Zestoako Hirigune Historikoaren Esparru Arkeologikoa Euskal Kultura Ondareari atxikitako Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko eskaria egitea.

Laugarrena.- Zestoako Udalari, Esparru Arkeologiko hori babesteko bere udal hirigintzako planeamendu tresnan kontutan hartzea eskatzea, Euskal Kultura Ondarearen, uztailaren 3ko, 7/1990 Legearen 44.2 atalean ezarritakoa betetzeko.

Bosgarrena.- Zestoako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari zera jakinaraztea: esparru arkeologiko horretan egitekoak diren iharduera eta lan guztietarako, Foru Aldundiaren baimena beharko dela eta baimen hori lortzeko aurretiaz dagokion proiektu arkeologikoa aurkeztu beharko dela.

Seigarrena.- Zestoako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Departamentuei eta Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolaketa, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailari agindu honen berri ematea.

Zazpigarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Egunkari Ofizialean argitaratzea.

Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Herriko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko otsailaren 12a.

Kultura sailburua,

M.ª CARMEN GARMENDIA LASA.

I. ERANSKINA / ANEXO I

(IKus .PDF)

II. ERANSKINA

DESKRIBAPENA

Zestoako hiribildua 1383. urtean fundatu zen, eta Gipuzkoan fundatutako azkenetako bat da. Honen ondotik Urretxuko hirigunea fundatu zen eta, horrela, Gipuzkoako bizitokiak birrantolatzeko prozesua itxi zen.

Orube lau batean dago kokatua, ibarraren hondoan, 72 metroko altitudean eta Urola ibaiaren eskuinaldetik hurbil.

Hiribilduaren planoan ongi bereizten dira oraindik Erdi Aroko plangintzaren etapak, oso itxia baita. Planta obalatua dauka, eta bi muturretan hiribildua ixten eta borobiltzen duten etxadiak daude.

Erdi Aroko hiribilduaren mugak hauek dira: mendebaldetik, Oker kalera eta Portale kalera ematen duten etxeen atzeko aldeak, eta ekialdean, Erdi kale eta Eliz kale (zenbaki bakoitiak).

Eremu horren barruko aldea bi kaleren inguruan egituratzen da. Kale horiek zuzenak dira eta bertan bi plaza eratzen dira: Pio Barojarena, iparraldean, eta Portale, hegoaldean.

Kaleen izenak hauek dira: Jesusen Bihotza, ekialdean (gaur egun Erdi Kale eta Eliz Kale direnak) eta San Jose kalea, mendebaldean (gaur egun Oker kale eta Portale kale). Kale horien erdi aldean kantoi bat dago, kaleak elkarzutik mozten dituenak (Cesáreo Díaz kalea), eta horren bi muturretan oraindik ere bi portale daude.

Eraikitako espazioa mehelindun etxeen bidez egituratzen da. Etxadi laukizuzen eta erregularrak eratzen dira, bakunak muturretan eta bikoitzak barruko aldean. Azken horien fatxadak kale paralelotara ematen dute, atzeko aldea aurrez aurre dutela. Bertan, oraindik ere, gandola gordetzen da.

Aipatutako plazez gain, beste plaza batzuk ere badaude: Foruen plaza, elizaren ondoan, eta Laranjadi plaza, hiribilduaren barruan. Beranduago ireki eta definitutako espazioak dira, jatorrian etxeak zeuden lekuan askoz ere beranduago sortuak.

Hiribildu honetan aipatzea merezi duen eraikin garrantzitsu bakarra Andre Mariaren jaiotzaren eliza da. Hiribilduaren mutur batean dago kokatua, hego-ekialdean, gotikoko aztarnak ditu eta XVI. mendean aldaketa eta eraberrikuntza ugari egin zitzaizkion.

Aipatu beharreko beste elementu batzuk, Erdi Aroko plangintzaren lekuko, Inmakulada eta San Jose atariak dira. Kantoiaren bi muturretan daude (ekialdean eta mendebaldean hurrenez hurren). Lehenenegoa Iraeta jauregiarekin dago lerrotua eta bigarrena, berriz, «Torrea» izeneko etxearekin (Oker kaleko 5. zk.). Hegoaldera bide zegoen eta «Portale» etxeari atxikita egongo zen atariaren arrastoak ere badira, gotiko-errenazentistak.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana