Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 1998ko martxoaren 3a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Herrizaingoa
970

24/1998 DEKRETUA, otsailaren 17koa, Euskal Herriko Herri Babeseko Batzordearen osaketa, egitekoak eta antolamendua arautzen dituena.

Konstituzioan ezartzen denez, botere publikoen ardura da herritarren bizitza eta segurtasuna begiratzea eta ondasunak zaintzea.

Horretarako, Herri Babesaren zerbitzua sortu zen; hain zuzen, bertako antolamenduan, funtzionamenduan eta exekuzioan administrazio publikoek parte hartuz, larrialdietan, hondamendietan eta ezbehar publikoetan gertatzen diren kalteei aurre egiteko.

Herri Babesaren funtsa hau da: egoera horietan administrazioen arteko baliabideak eta bitartekoak koordinatzea eta hornitzea, beti ere aintzat hartuta eraginkortasun teknikoa, erantzun azkarra eta proportzionala emateko gaitasuna, integrazioa eta elkartasunaren printzipioak. Euskal Autonomi Elkartean, Herri Babesean inplikaturik dauden administrazioen artean elkarlanerako erakunde iraunkorra sortzeko komenigarritasunak akuilatuta, Euskal Herriko Herri Babeseko Batzordea sortu zen. Eta horretarako, Euskal Autonomi Estatutuaren 10.2 atalean xedatutakoari eutsi zion Eusko Jaurlaritzak, bertan, Batzordea sortzeko eskumen osoa aitortzen baizaio.

Ekainaren 11ko 365/1991 Dekretuaren bidez, Euskal Herriko Herri Babeseko Batzordea sortu zen, eta bere antolamendua eta funtzionamendua arautu.

Urriaren 7ko 279/1993 Dekretuaren bidez, hainbat pertsona aldatu ziren Euskal Herriko Herri Babeseko Batzordearen osakeran, Herrizango Sailaren egituran eta atal-banaketan gertaturiko aldaketen ondorioz.

Harrezkero, Larrialdiak Kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996 Legea onartu zuen Legebiltzarrak; eta bertako 8. atalean xedatzen denez, Euskal Herriko Herri Babeseko Batzordearen osakera, funtzionamendua eta antolamendua berariazko araudi baten bitartez arautuko dira.

Lege hau dela eta, ekainaren 11ko 365/1991 Dekretua berrikusi beharra zegoen. Egokitzapenak, errotiko eraberritzea ez bazekarren ere, funtsezko ikutu batzuk ekarri zituen, eta baita bertako hainbat puntu lege berri horretara moldatzea ere.

Ondorioz, Herrizaingo sailburuaren proposamenez, Lehendakaritzak onartu ondoren eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1998ko otsailaren 17an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu eta gero, hau

XEDATU DUT:

1. atala.– Euskal Herriko Herri Babeseko Batzordea sortzea, herri babesaren alorrean organo aholkulari, erabakitzaile, koordinatzaile eta homologatzaile gisa. Herrizaingo Sailari atxikita egongo da.

2. atala.– Hauek izango dira, bere jardunaren esparruan, Euskal Herriko Herri Babeseko Batzordearen egitekoak:

a) Aldez aurretik eta nahitaez Euskadiko Herri Babeseko Planaren berri ematea eta, halaber, bertan integratzen diren plan bereziena.

b) Autonomi Elkartearena baino maila apalagoko herri babeserako planak eta, halaber, arlokako plan eta programak homologatzea.

c) Herri babesari buruzko araudi-proiektuen berri ematea.

d) Autonomi Elkartean baliabide mugikorren katalogoa egiteko irizpideak ezartzea.

e) Herri babesaren alorrean administrazio publiko guztiek bateratsu jardun dezaten, bidezko neurriak proposatzea.

f) Herri babesaren alorrean erabil daitezkeen teknika, baliabide eta bitartekoak ikertzea eta haien normalizazioa edo homologazioa, dagokien erakundeei proposatzea.

g) Su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko araudi-proiektuak eta, halaber, funtzionarioen estatutupeko araubideari buruzkoak ezagutzea.

h) Batzordearen antolamendu eta funtzionamendurako barne–araudia egitea.

i) Beharrezkoa denean, segurtasunaren gainean indarrean dauden lege-xedapenak (enpresetan, jarduketetan, eraikinetan, industrietan, garraio-bide kolektiboetan, ikuskizunetan, lokal eta zerbitzu publikoetan) aldatzeko proposamena egitea organo eskudunei.

j) Esleitzen zaizkion zereginetako bat burutzeko behar duen informazioa jasotzea erakunde edo pertsona fisiko edo juridikoetatik.

k) Legezko xedapen bidez edo araudi bidez esleitzen zaizkion gainerako egitekoak.

3. atala.– 1.– Euskal Herriko Herri Babeseko Batzordeak osoko bilkuraren eta batzorde iraunkorraren bitartez jardungo du.

2.– Gorabehera zehatzak aztertzeko, batzorde teknikoak edo lan-taldeak sortu ahalko dira.

4. atala.– Batzordearen Osokoaren kideak.

a) Lehendakaria: Herrizaingo sailburuordea edo, horren ordez, Batzordearen lehendakariordea.

b) Lehendakariordea: Larrialdiei Aurregiteko zuzendaria.

c) Bokalak:

– Ekintzak Koordinatzeko Zentroen Zerbitzuko arduraduna.

– Gutxienez zuzendari maila duten Autonomi Elkarteko sei ordezkari, pertsonak eta ondasunak babestearekin lotura daukatenak. Herrizaingo sailburuak izendatuko ditu eta hauek izango dira: bat, Herrizango Sailaren goi-karguduna; beste bat, Jaurlaritzaren lehendakariordeak proposatuta; eta gainerako lauak, ondoko sailetako sailburuek proposatuta: Industri, Nekazaritza eta Arrantza Saila, Osasun Saila, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila eta Garraio eta Herrilan Saila.

– Estatuko Administrazioaren hiru ordezkari. Estatuko Administrazioak proposatuko ditu eta Herrizango sailburuak izendatuko.

– Lurralde historikoetako ordezkari bana. Lurraldean lurraldeko aldundiaren organo eskudunak proposatuko ditu eta Herrizaingo sailburuak izendatuko ditu.

– Hiru alkate, Euskal Autonomi Elkarteko udalen ordezkari gisa. Herrizango sailburuak izendatuko ditu, Autonomi Elkartean garrantzi handiena duen udal-elkartearen proposamenez.

d) Idazkaria: Herrizaingo sailburuak izendatutako teknikari bat. Bilera guztietan parte hartuko du; hitzarekin baina botorik gabe.

5. atala.– 1.– Batzorde Iraunkorraren zeregina da bilkura batetik bestera jarduketak ez etetea. Horretarako, irizpideak eta proposamenak, eta batzorde teknikoen eta lan-taldeen jarduketen programak eta segimendua landuko ditu, Osokoaren bilkurak prestatuko ditu, eta Osokoak esleitzen dizkion gainerako funtzioak beteko ditu.

2.– Batzorde Iraunkorraren kideak.

a) Lehendakaria: Larrialdiei Aurregiteko zuzendaria.

b) Ekintzak Koordinatzeko Zentroen Zerbitzuko arduraduna.

c) Autonomi Elkartearen hiru ordezkari, Osokoan ordezkaritza hori duten pertsonek euren artean aukeratutakoak.

d) Bokal bat, Estatuko Administrazioaren ordezkari gisa, Osokoan ordezkaritza hori duten pertsonek euren artean aukeratutakoak.

e) Bokal bat, lurralde historikoetako agintaritza-organoen ordezkari gisa, Osokoan ordezkaritza hori duten pertsonek euren artean aukeratutakoak.

f) Bokal bat, Autonomi Elkarteko udalen ordezkari gisa, Osokoan ordezkaritza hori duten pertsonek euren artean aukeratutakoak.

g) Idazkaria: Batzordearen Osokoaren idazkaria bera.

6. atala.– Batzordearen Osokoan ordezkaturik dauden administrazioek beren ordezkariak izendatuko dituzte, eta titular horiek joaterik ez daukatenerako (ausentzia, gaixotasun edo justifikatutako arrazoiak direla eta), ordezko bokalak eta idazkaria ere aukeratuko dituzte.

Ordezkotzak edo bokalen baliogabetzeak gertatuz gero, dagokion organo eskudunak Batzordearen idazkariari jakinarazi beharko dizkio. Horien izendapena egitea Herrizango sailburuari sagokio.

Lehendakariaren ordez Herri Babeseko Batzordearen lehendakariordeak jardungo du.

7. atala.– Euskal Herriko Herri Babeseko Batzordea, ohiko bilkurak egiteko, urtean behin eta sei hilabetean behin bilduko da, hurrenez hurren, osoko bilkurak eta batzorde iraunkorrarenak egiteko. Ohiz kanpokoak, berriz, kasuan kasuko lehendakariak egoki deritzonean egingo dira, lehendakariak bere kabuz deituta edo batzordeko kideen heren batek eskatuta.

8. atala.– Euskal Herriko Herri Babeseko Batzordearen bileretan beste pertsona batzuk ere parte har dezakete, aztergaien gaineko aholkulari moduan, hitzarekin baina botorik gabe.

GEHIGARRIZKO XEDAPENA

Dekretu honetan eta Dekretua bera garatuz Herri Babeseko Batzordeak ematen dituen antolamendurako eta funtzionamendurako araudietan jasotzen ez den guztietan Herri-Administrazioen Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak kide anitzeko organoentzat ezarritakoa hartuko da aintzat Euskal Herriko Herri Babeseko Batzordearen funtzionamendua arautzeko.

INDARGABETZE XEDAPENA

Indargabetu egiten dira dekretu honetan ezarritakoaren aurka dauden dekretu honen maila bereko edo apalagoko xedapen oro; bereziki honako hauek:

a) Ekainaren 11ko 365/1991 Dekretua, Euskal Herriko Herri Babeseko Batzordearen osaketa, egitekoak eta antolamendua arautzen dituena.

b) Urriaren 7ko 279/1993 Dekretua, Euskal Herriko Herri Babeseko Batzordearen osaketa aldatzeko dena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ahalmena ematen zaio Herrizaingo sailburuari, dekretu hau garatzeko behar diren arau eta xedapenak eman ditzan. Bigarrena.– Euskal Herriaren Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 1998ko otsailaren 17an.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.

Herrizaingo sailburua,

JUAN MARÍA ATUTXA MENDIOLA.


Azterketa dokumentala