Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 1997ko otsailaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ogasuna eta Herri Administrazioa
1078

35/1997 DEKRETUA, otsailaren 18koa, informazio eta telekomunikazio sistemen egitekoak eta kudeaketa-modalitateen planifikazioa, eraketa eta banaketa arautzen dituena.

Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko zerbitzuak informatizatu beharrak, ondasun eta zerbitzu informatikoak erosteari buruzko prozedura amankomun bat arautu beharra ekarri zuen 1983. urtean. Apirilaren 11ko 77/1983 Dekretuaz finkatu zen prozedura hori eta, horren eraginez, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorrerako eta Instituzionalerako ondasun eta zerbitzu informatikoak erosteko prozedura ezarri zen. Ondasun horien espezialitateak eta edukin teknikoak, emankortasun eta ekonomi-administrazio mailako arrazoiek eta horiek ahal den ondoen probetxatzea lortu nahiak, berariazko kontratazio-mahai bat sortu beharra eta kontratazioak organu bakar batean zentralizatzeko premia ekarri zituzten. Aldi berean beste aurrera-pauso bat ere egin zen Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Publikoan, arlo hau planifikatzeko prozesu bat finkatu zenean hain zuzen.

Hala ere, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioak azken aldi honetan zehar informazio-sistemei dagokienetan burutu dituen urratsek, arlo hau planifikatu beharra dagoela ekarri zuten. Ondorio hau, hainbat iniziatiba berriri ekin izanaren emaitza izan da, adibidez, egitekoen banaketa egin da, organu kolegiatuak sortu dira, kudeaketa eta kontratazio modalitateak eratu dira eta beste hainbat egintza antolatu dira.

Herri Administrazioa Arrazoizkotu eta Hobetzeko Batzordeak 1994. urtean landu zuen txostenean sendetsi egiten zen datu hau eta Jaurlaritzaren eta Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioaren antolaera-egitura berritzeko ematen zituen neurrien artean hauxe jasotzen zen: «informazio sistemen planifikazioa eta erregulazio estrategikoa indartu egin behar zirela alegia.» Horretarako, sailen partaidetza-dinamika hartu behar zen oinarritzat eta, organu horizontalak, beharren analisiaren koordinakuntza eta katalizatzaile lana bete beharko zuen. Partaidetza-modu horrek sailak gaitu beharra eskatzen zuen, informazio arloan dituzten beharrak definitzeari dagokionetan bereziki. Aurrekari horien eraginez eta gabezia hori konpondu ahal izateko, Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordeak, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Plana eratzeko metodologia, edukia eta onartzeko prozesua eta bai Informazio Sistemen Batzorde Teknikoa sor zedila ere onartu zituen 1995eko uztailaren 10ean egindako bileran. Ordezko batzorde horrek, sailek beren ekarpenak egiteko marko egokitzat jotzen zuen batzorde tekniko hori. Geroago, 1995eko urriaren 19an, ordezko batzorde horrek aldatu egin zizkion Informazio Sistemen Batzorde Teknikoari bai kideak eta bai egitekoak ere eta Telekomunikazio Plana lantzean partaide izateko eskumena eman zion. Honako hauek izan ziren erabaki hori hartzeko zergatiak, hau da, informatika eta telekomunikazio zerbitzuen artean ematen den integrazioa geroz eta handiagoa dela eta horrek sortzen dituen sinergiak koordinatu eta probetxatu egin beharko direla alegia.

Izan ere, telekomunikazio eta informazio sistemei buruzko gaien mugak desagertzen ari dira poliki-poliki eta bata bestearekin batzen ari dira; ondorioz, telefoniak hartzen duen eremuaren mugak eta telekomunikazioen egintzek hartzen duten arloa bereiztu nahi izatea, alfer-elferrikako lana da, administrazio ezberdinek jarduteko behar dituzten tresnak direnez behintzat. Horietaz aparte, informazio eta telekomunikazio sistemak, administrazio ezberdinen barne-kudeaketa eta eskaintzen dituzten zerbitzuen kalitatea hobetzeko funtsezko tresnatzat jotzeak, sistema hauek batera kudeatzea eskatzen du. Informazio eta telekomunikazio sistemak geroz eta ugariago instalatzeak eta informazioa elkarren artean banatzeko eta trukatzeko elektronika, informatika eta telematika mailako teknikak eta medioak geroz eta gehiago eskatzeak, beharrezkoa bilakatzen dute, eskuartean ditugun baliabide horiek ahal den gehien errentabilizatzea; horretarako, teknologia horien arloan ekin beharreko iniziatiba eta jardunen planifikazioa, koordinazioa, normalizazioa eta superbisioa hobetzea xedetzat duten egintzak landu behar dira.

Informatika eta komunikazio arloek bateratze prozesuak, teknologiak eta produktu informatikoak arin baino arinago aurrera egiteak eta Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Publikoaren barruan telekomunikazioen arauketaren joera argi eta garbi ez ikusteak definitzen dute gaur egun ematen den kontestua; ondorioz, informatika eta telekomunikazio zerbitzuen kudeaketari buruzkoa izan, guztien artean onartutako eta epe ertain eta luzerako ikuspegi estrategikoari eman behar zaio lehentasuna, ondoren aipatzen diren egintzak burutuz: egiturak bateratu eta koordinatu, zerbitzu hauen eskabideak ase ahal izateko; eskumenak definitu; egiteko hauek garatzeko behar diren giza eta material mailako errekurtsoak hoberendu; eta arlo hauei buruzko proiektuak planifikatzeko, horien zaintza egiteko eta kontrolatzeko antolaketa-eredu berri bat ezarri.

Horiek horrela, beharrezkoa da, informazio eta telekomunikazioen sistemen arloa koordinatuko duen politika bat izatea. Honako alde hauek jaso beharko lituzke politika horrek: planifikaziorako baliabideak hobeto aztertzea, «agintze-jarduna burutzen duten sektoreen artean ematen diren informatizazio mailako interdependentziak ikertuz eta sektore horien artean somatzen diren eskala mailako sinergia eta ekonomien ikerketa eginez», Herri Administrazioa Arrazoizkotu eta Hobetzeko Batzordearen txostenean esaten denaren arabera; kudeaketaren arrazionalizazioa, partaide guztiek ekimenak ezagutzeko bideak erraztuko dituen edo geroz eta autonomi handiagoa lortzeko bideak eskainiko dituen eredu arrazional bat ezarriz; politika hori exekutatzen Sailek eta Erakunde Autonomoek izan dezaten erantzukizuna areagotu, eskumenak deskontzentratuz eta instituzio horiek aipatutako eskumenak gauzatzeko behar dituzten baliabideak emanez.

Zuzendaritza-zentru batek dituen beharrak asetzeko baliabideak eta jardunak planifikatzearen, gainbegiratzearen, koordinatzearen eta horiei buruzko aholkuak ematearen gaineko egiteko guztiak eman behar zaizkio zentru horri, arlo honi buruzko antolaera-egitura koherente batek eskatzen dituen baldintzei jarraituz eta egintza horiek elkarren artean duten lotura kontutan hartuta. Horiek horrela burutzeak, eskumen politiko-administratiboek bateratasuna izan dezaten ekarriko du eta Administrazioaren emankortasuna ugarituko du eta egintza-ekonomia ezarriko du.

Proposatzen den antolaketa-ereduak, eskema funtzional bat darama bere baitan eta, ondorioz, koherentea izango da. Hori horrela, informazio eta telekomunikazio sistemen eskumena duen titularraren eta Sailen eta Erakunde Autonomoen artean egitekoak banatzeak, irizpide zehatzetan hartu behar du oinarri eta, irizpide horien bitartez, objetiboki elkarren arteko koordinazioaren edo kudeaketaren benetako beharrak izan ditzaten kasuak indibidualizatu ahal izango dira. Zerbitzu eta/edo egiteko horizontalen, komunen edo guztiek erabiltzekoen arteko banaketa hartu behar du kontutan oinarrizko bereizketak, eta, zerbitzu horiek, estandarrak aplikatu izanaren ondorio izan behar dute eta konpatibilitatea eta komunikabilitatea bermatuko dituzten mekanismo edo euskarrien sailetan betetzen diren zerbitzuen eta/edo egitekoen premia izan behar dute. Eta horietaz aparte, sail edo erakunde autonomo batek edo batzuek erabateko erantzukizuna izan dezateneko egitekoak betetzearekin lotutako zerbitzuak edo egitekoak izan behar dute. Laburbilduz esateko: informazio eta telekomunikazio mailako sistemen arloko eskumenen banaketa egin behar da, baina, aurretik, eskumen sustantiboen banaketa egin behar da gai bakoitzari dagokionetan eta, hori, espezialitate-irizpide bakarraren arabera. Sistemaren kongruentzia orokorrak dituen beharrek bakarrik zehaztuko lukete irizpide hori.

Ondorio hauetarako, estandar iraunkorrak jartzea, kudeatzea, normalizatzea, garatzea, ustiatzea eta mententzea, eragin handi-handia duen pieza bat da eta horren gain eratu behar da arlo honen banaketa organiko-funtzionalaren sistema koherente bat eta horrek justifikatzen du gai hau Ogasun eta Herri Administrazio Sailean, gutxi bada ere, zentralizatzea eta sailen eta erakunde autonomoen artean bere iritzia tartejarri ahal izatea, halako kasu kualifikatu batzuetan behintzat. Horiek horrela eta esandakoaren osagarri gisa, beharrezkoa izango da, honako hau zehaztea, hots, zein mekanismoez baliatuz eta zein modu erabiliz egingo duen gainbegiraketa eta kontrola, aginte zentrala duen organuak, nahiz estandarrak betetzen diren ala ez zainduz, nahiz arta eramanez, nahiz segimendua burutuz.

Koalizio Akordioan jasota dauden eta kudeaketa-egitekoak sail bakoitzari eman dakizkionaren aldeko orientazioak betetzeko eta Herri Administrazioa Arrazoizkotu eta Hobetzeko Batzordearen txosteneko 37. neurrian aipatzen diren aholkuak betetzeko bideak eskaintzen dituzte aurreko xedapen horiek. Batzordearen aholkuen xedea zera da, hau da, informatika zerbitzuak deskontzentratzea eta, ondorioz, sail bakoitza izan dadila horien erantzukizun zuzena duen organua.

Bukatzeko, aurreko idazatietan aipatu denaren arabeldekora eskumenak eta egitekoak mugatzeaz aparte, banaketa horri egokitu beharko zaizkio horiek gauzatzeko egokienak diren kudeaketa-moduak. Hori esateak honako hauek dakartza, alde batetik, sailak eta erakunde autonomoak kudeaketarako autonomia zabalagoaz hornitu behar direla, erakunde hauek dituzten eskumenen pean sartzen diren kontratazioak egin ditzatenaren aukera egin beharko da horretarako eta Ogasun eta Herri Administrazio Saileko bidezko organuak kudeatu ditzala guztien erabilpenerako diren proiektuen kontratazioak; eta bigarren, arlo honetan parte hartzen duten agenteei esku eman behar zaiela beren eskumenak garatzeko egokienak izan daitezkeen kudeaketa-moduen aukera egin dezaten, nahiz artez - eskuartean dituzten giza eta materiale mailako errekurtsoez baliatuz -, nahiz zeharka - administrazio instituzionalaren bidez eta bidezkoak izan daitezen kontratazio eta erlazio mailako arauak aplikatuz-.

Informatika mailako ondasunen eta zerbitzuen kontratazioari dagokionetan, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioaren kontratazio-erregimenari buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuan aipatzen den behin-behingo aldiari amaiera ematen zaio dekretu honen bidez. Kontratazio organuei buruzko erregimen orokorrean sartzen dira zerbitzu horiek, hirugarren atalburuan ezartzen diren berezitasunak kontuan hartuta.

Horiek oinarritzat hartuta, informazio eta telekomunikazio sistemei buruzko marko juridiko-administratiboa, plangintza eta antolaketa-egiturako instrumentuei egokitzea da dekretu honen xedea, eta bai egitekoak, eskumenak eta instrumentu horiek sortutako kudeaketa-moduak mugatzea ere. Lau atalburuetan egituratzen da dekretua: xedapen orokorrak, eraketa eta egitekoak, kudeaketak egiteko moduak eta kontratazio erregimena dira edukinak.

Gaiari buruzko arauak osatu egiten dira azken partean, horretarako, indarrean dauden hainbat xedapen teknikoki egokitu edo aldatu egiten dira, gehienbat egitura organikoari buruzko arauak. Dekretu honen eraginez sortzen diren egitekoen eraketari eta egitekoei xedapen horiek egokitu ahal izateko egiten da hori eta, bereziki, gure ordenamendu juridikoan informazio sistemen arloari buruzko kontratazio zentralizatutakoetan, salbuespen bitxi gisa, sortu diren erregimen bereziak ezabatzea da helburua.

Osakidetzako Ospitale Zentruentzako eta beste Instituzio Sanitario batzuentzako diren informatikako ondasun eta zerbitzuen kontratazioa arautzen duen maiatzaren 8ko 129/1990 Dekretuan; Euskal Autonomi Elkartearen segurtasunerako jardunak garatzeko ondasun eta zerbitzu informatikoak kontratatzeko bereriazko arauak finkatzen dituen maiatzaren 18ko 144/1993 Dekretuan; Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionalari buruzko otsailaren 7ko 141/1995 Dekretuko 14. atalean (ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuko azken xedapenetatik lehenengoko 2. idazatiaren eraginez aldatu zena, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioaren kontratazioetarako erregimenari buruzkoa) informatika-arloari buruzko berariazko hainbat xedapen bateratu egiten dira. Berariazko erregimen horietako funtsezkoenak jaso ere bai. Horiek horrela, xedapen horiek indargabetu egiten dira, baina Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legeko gehigarrizko xedapenetatik hamalaugarreneko 2. lerroaldean finkatzen den erregimen bereziari eutsi egiten zaio, hau da, segurtasun-jardunetarako diren informatizazio plan eta programei eta komunikazio sistemei hain zuzen. Justizi Administrazioak dituen berezitasunei buruzko arauetan finkatzen direnei ere eutsi egiten zaie.

Horiek horrela, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren proposamenez Jaurlaritzaren Kontseiluak 1997ko otsailaren 18an egin zuen bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

LEHENENGO ATALBURUA: XEDAPEN OROKORRAK

1. atala.– Xedea.

Informazio eta telekomunikazio sistemen arloko eskumenen, egitekoen eta kudeaketa moduen planifikazioa, antolaera eta banaketa arautzea da dekretu honen xedea. Eta hori Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Publikoaren barruan.

2. atala.– Jardunerako printzipioak eta irizpideak.

Administrazioak informazio eta telekomunikazio arloan burutu behar dituen egintzak honako printzipio edo irizpide hauei atxikiko zaizkie:

1.– Komunikabilitatea eta konpatibilitatea: irizpide hauen arabera, unitate organiko batek sor dezan informazioak, trukagarria, egituragarria eta eransgarria izan behar du, era honetan, guztientzako erabilgarria izatea lortu ahal izateko eta beste unitate batzuentzako onuragarria izan dadin, baina, beti ere, gehigarrizko xedapenetatik lehenengoan xedatzen dena kontutan hartu beharko da horretarako.

2.– Deskontzentrazioa eta koordinazioa: irizpide hauen arabera, informazio eta telekomunikazio sistemetan agintea duten unitate organiko ezberdinen jarduna, guztientzako indarra duten artezbideei atxikiko zaie. Atxikipen horrek, sail eta erakunde autonomo ezberdinen koordinazioa ekarriko du, baina hori, eskumenen deskontzentrazioa errespetatuz noski. Informatika eta telekomunikazio zerbitzuen arteko integrazioa ere lortuko da atxikipen horren bidez.

3.– Segurtasuna: irizpide honen arabera, sareen eta sistemen jarduera, informazioen integritatea, fidabilitatea eta isilpekotasuna babestu egin behar dira egon daitezkeen arriskuetatik, hauek, nahiz gizakiak eragindakoak izan, nahiz medio fisiko edo naturalak sortutakoak izan.

4.– Planifikatutako hazkundea: irizpide honen arabera, irtenbide teknologiko berriak jartzeak, egituratua eta planifikatua izan behar du, horren eraginez, informazio sistemen iraupenari eutsi ahal izango zaio, informatizazioa, deskoordinatua eta alferrikakoa izan ez dadin.

5.– Justifikazio eta emankortasun ekonomikoa: irizpide hauen arabera, onuren kuantifikazioa eta onurak eta kostuak elkarren artean konparatzea izango dira giza eta material mailako errekurtso erabilgarrien optimizazioa eta erabilkera arrazionala gidatuko duten printzipioak, inbertsioak eta ahaleginak ez daitezen bikoiztu lortu ahal izateko.

3. atala.– Planifikazio estrategikoa.

1.– Informazio eta telekomunikazio sistemen planifikazio estrategikoak hauxe du helburutzat: arlo honen garapen koherente eta koordinatua Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Publikoan eman dadin bermatzea hain zuzen. Informatika eta Telekomunikazio Planean eta Urteko Programetan jasoko dira planifikazio estrategiko horri buruzko zehaztasunak. Horietan sartu beharko dira sailen plan eta programak eta hauek beren baitan hartu beharko dituzte beroiei atxikita dauden erakunde autonomoenak, zuzenbide pribatupeko entitate publikoenak eta bai sozietate publikoenak ere.

2.– Planifikazio horri buruzko zehaztasunak jasotzen dituen Informatika eta Telekomunikazio Plan horretan hauetxek jaso behar dira: alde batetik, epealdi ertainerako linea estrategikoak eta oinarrizko helburuak, zehazki esateko, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Publikoaren informazio eta telekomunikazio sistemak arautzen dituzten teknologia, organizazio, jarduera eta kudeaketa mailako aldeak; eta bestetik, helburu horiek betetzea xedetzat duten ekintza edo proiektuak, erabil daitezkeen medioak, sistema jartzeko gutxi gora-beherako aurrekontua eta hau zaintzeko eta ebaluatzeko metodoak.

3.– Informatika eta Telekomunikazio Plana garatzeko eta exekutatzeko bideak dira Urteko Programak, plan horrek indarra izan dezan bitartean noski. Urteko programa bakoitzean, garatu behar diren proiektuen eta egintzen zerrenda jaso beharko da: horiek gauzatzearen erantzukizuna izango duen organua, egintzen aldiak eta egutegia, erabili beharreko giza eta material mailako baliabideak eta programaren kostu ekonomiko zehatza.

BIGARREN ATALBURUA: ANTOLAERA ETA

EGITEKOAK

4. atala.– Egitekoen antolaera eta banaketa.

Euskal Herriko Autonomi Estatutuan emandako aginteen arabera eta telekomunikazioak antolatzeari buruzko legeetan xedatzen denari jarraituz, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Publikoarenak diren informazio eta telekomunikazio sistemen mailako egintzak eta Euskal Autonomi Elkarteari, informazio, telefonia, sareen eta zerbitzuen edo telekomunikazioen azpiegitura eta komunikabide sozialen arloko euskarri teknikoen arloetan, nahiz legez, nahiz hitzarmen bidez eman zaizkion eskumenen erabilpena, honako era honetan egingo da: hurrengo ataletan, Eusko Jaurlaritzari, Ogasun eta Herri Administrazio Sailari, Sailei eta erakunde autonomoei ematen zaizkien egitekoen banaketari jarraituz hain zuzen.

5. atala.– Eusko Jaurlaritza.

Honako hauek dagozkio Eusko Jaurlaritzari:

1.– Jaurlaritzaren informatika eta telekomunikazio politika planifikatzea eta horren gidaritza egitea. Bereziki, Informatika eta Telekomunikazio Plana, hori garatzeko Urteko Programak, horien gaineko ikuskaketak eta horietako aldaketak onartzea dagokio.

2.– Informatika eta telematika mailako baliabideak Euskal Autonomi Elkartean jartzeko eta erabiltzeko arau eta prozedura orokorrak ematea.

3.– Informazio eta Telekomunikazio Planean eta hori garatzeko diren Urteko Programetan identifikatu gabe dauden kasuetan, honako hauek ere finkatu eta definitu beharko ditu: kudeaketa arloak, guztientzako proiektu eta prozesu horizontalak; sailen arteko eta Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren arteko estekabideak; sailetan eta administrazio instituzionaleko entitateetan garatu daitezen informazio sistemen iraunkortasuna eta segurtasuna, aplikazioen eta komunikazio-sareen konpatibilitatea eta komunikabilitatea bermatzeko beharrezkoak izan daitezen mekanismoak.

6. atala.– Ogasun eta Herri Administrazio Saila.

Sail ezberdinei eta Erakunde Autonomoei dekretu honetan oro har ematen zaizkien egitekoez aparte eta, Ekonomi Gaietarako Ordezko Batzordeak, batzorde hori sortu eta arautzen duen apirilaren 25eko 249/1995 Dekretuko 3.e) atalean ematen zaizkion egitekoak beteaz, gai honi buruz eman ditzan xedapenen barruan eta Jaurlaritzako Lehendakariordetzari dagozkion koordinazio-ahalmenen kaltetan gabe, honako hauek dagozkio Ogasun eta Herri Administrazio Sailari bereziki:

1.– Informatika eta telekomunikazio arloko politika definitzeko proposamena egitea eta Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Publikoak informatika eta telekomunikazio arloan dituen beharrei erantzuna eman ahal izateko medioen eta jardunen programazioa eratzea. Bereziki, Informatika eta Telekomunikazio Planaren eta hori garatzeko Urteko Programen proiektua lantzearen erantzukizuna izango du eta bai horiek zaintzekoa eta ebaluatzekoa ere. Sail ezberdinek landu eta aurkeztu dituzten proposamenetan hartuko du oinarri lan horrek.

2.– Informatika eta telekomunikazio mailako medioak Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Publikoan erabiltzeko arau eta prozedura orokorren proposamena egitea.

3.– Telekomunikazio sareen azpiegituren planifikazioa, definizioa eta jartzeko eredua lantzea, 7. ataleko 1. lerroaldeko c) idazatian aipatzen direnak izan ezik. Horien kudeaketa, Administrazio Instituzionalarenak diren entitateen bidez egin dadinaren kaltetan gabe.

4.– Informatika eta telekomunikazio arloko tekniken aplikazioaren ardura duten unitate administratibo ezberdinen koordinazioa, horiei aholkuak ematea, laguntza teknikoa eskaintzea eta ebaluazioa burutzea. Ondorio hauetarako, honako hauek dagozkio:

a) Informatika, telematika, dokumentazio sistema, metodologia eta prozeduren definizioak finkatzea eta normalizatzea; estandarrak, gainbegiraketa egiteko mekanismoak eta moduak jartzea, kudeatzea, normalizatzea, garatzea, ustiatzea eta mantentzea; egiteko horiek betetzen diren ala ez kontrolatzea eta lizentzi korporatiboak administratzea.

b) Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Publikoaren informatika edo telematikako gailuren batean jasotako datuen pribatizitatea administratu, segurtatu eta bermatzeari buruzko artezpideak lantzea eta horiek bete daitezen zaintzea.

c) Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren informazio eta telematikako sistemetan auditoriak egitea.

d) Beste Administrazio batzuekin, entitateekin, instituzio edo enpresa publiko edo pribatuekin lan egiteko akordioak, hitzarmenak eta neurriak koordinatzea eta horiei buruzko proposamenak egitea. Eta hori, arlo hauetako zerbitzu edo ikerketa berriak sartu, garatu edo trukatu ahal izateko. 5.– Guztientzako proiektu eta prozesu horizontalen erabateko kudeaketa eramatea, adibidez, korreo elektronikoarena, oinarrizko telefoniarena, EDIrena, datu dokumentalen baseen kudeaketa eta ofimatikarena eta honako hauen kudeaketa oro har, hau da, sail edo erakunde autonomo bati sektorialki atxiki ezin dakizkiokeen zerbitzuena eta proiektuena.

6.– Informatika eta Telematika Errekurtsoen Zentsua sartzea eta mantentzea.

7.– Euskal Herriko Autonomi Estatutuan eta telekomunikazioak eratzeari buruzko legeetan edo beste arau batzuetan finkatzen denaren arabera Euskal Autonomi Elkarteari emandako beste edozein eskumen. Eskumen horiek, lege indarrez edo hitzarmenen baten eraginez izendatuak izan daitezke honako arlo hauetan: informazio, telefonia, sare edo telekomunikazioen azpiegitura eta zerbitzuetan alegia; baina egiteko horiek ez dute egon behar Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Publikoko beste organu edo ente bati espreski izendatuta. Halaber, arloa kontutan hartuta, horren eskumena sail baten titularitatepekoa deneko egitekoen kaltetan gabe, komunikabide sozial arloan Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioari emanda egon eta teknika mailakoak diren eskuduntzen erabilpena, sail horren ardurapekoa izango da.

7. atala.– Sailak eta Erakunde Autonomoak.

1.– Informazio eta telekomunikazio arloko sistemei dagokienetan, honako hauek dagozkie Sailei eta Erakunde Autonomoei oro har:

a) Informatika eta telematika beharren identifikazioa egitea, horiek ikertzea eta lehentasunak finkatzea.

b) Informatika eta Telekomunikazio Planean eta hori garatzeko Urteko Programetan eragina izango duten informatika eta telematika beharrak antolatzea xedetzat duten barne mailako planak eta programak lantzea.

c) Sail edo sektore mailako izakera duten informatika eta telematika proiektuei eta prozesuei dagozkien aplikazio informatikoen eta telekomunikazio zerbitzuen kudeaketa, zuzendaritza, exekuzioa eta mantenimendua. Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren laguntza teknikoa izango dute horretarako. Informatika eta Telekomunikazio Planean eta hau garatzeko diren Urteko Programetan gisa horretako zerbitzu eta proiektutzat aipatuta daudenen kudeaketa ere burutu beharko dute. Ondorio hauetarako, honako proiektu hauek hartuko dira saileko edo sektorial mailako informatika eta telematika izakera duten proiektutzat: Sailen baten edo Erakunderen baten eskumenpekoak eta erantzukizunpekoak diren egitekoak betetzeari lotuta dauden proiektuak hain zuzen eta bai kudeaketa zentralizatua duten eraikin administratiboetako toki mailako sareen azpiegiturak ere.

d) Sailaren edo Erakunde Autonomoaren titularitate publikopekoak diren eta automatizatuta dauden fitxeroak sortze, aldatze edo kentzeari buruzko xedapen proiektuak informatzea, horien inbentarioa mantentzea eta Datuak Babesteko Agentzian inskribatzea, urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoan xedatzen denaren arabera.

e) Sailean edo Erakunde Autonomoan lan egiten duten langileak, informazio eta telekomunikazio sistemetan trebatzeko eta beroien ezagutzak areagotzeko planak eta programak gertatzea. Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen laguntza izango dute horretarako.

f) Sailetakoak bakar-bakarrik diren informatika eta telematika sistemetako zerbitzu berriak eta ikerketak sartzeko, garatzeko eta trukatzeko, akordio, hitzarmen eta lankidetza-neurriak beste administrazio eta entitateekin, instituzioekin edo enpresa publiko edo pribatuekin egiteko proposamenak aurkeztea, Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren lankidetza-laguntzaz.

2.– Aurreko lerroaldean ematen diren eskumenek, kontratazio-organuak bere egitekoak betetzean burutu behar dituen kontratazio administratiboak bideratzeko, organu horri legozkiokeen ahalmenen erabilketa hartzen dute. Erabilketa horrek, kudeaketa zentralizatutakotzat deklaratutako higiezinak kontratatzeko erregimenaren gain eragina izan dezanean, ez da lehen esandakoaren barruan sartzen. Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioaren kontratazio-erregimenari buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuko V. atalburuan ematen dira erregimen horri buruzko zehaztasunak.

3.– Lege maila duten berariazko arauetan xedatzen direnen kaltetan gabe, Sail eta Erakunde Autonomo ezberdinei dekretu honen bidez ematen zaizkien eskumenak eta egitekoak erabiltzea dagokion organu bat egongo da Sail eta Erakunde Autonomo bakoitzean. Sailen eta Erakunde Autonomoen egitura organikoei buruzko dekretuak ematerakoan organu hori ez sortzea gertatuz gero, Zerbitzu Zuzendaritzak edo horren baliokidekoa den organuak beteko ditu egiteko horiek.

HIRUGARREN ATALBURUA: KUDEAKETA

MODALITATEAK ETA KONTRATAZIO ERREGIMENA

8. atala.– Kudeaketa modalitateak.

Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Publikoaren informazio eta telekomunikazio sistemen kudeaketa, Sail eta izaiki instituzional ezberdinek burutuko dute bakoitzak dituen ahalemen eremuaren barruan. Horretarako, dituzten giza eta material mailako errekurtsoak jarri ahal izango dituzte, lege ordenamenduan aurrikusita dauden modalitateez baliatu ahal izango dira eta beste izaiki publiko eta pribatu batzuekin kontratuak edo hitzarmenak izenpetu ahal izango dituzte, Administrazio Publikoen kontratuei buruzko legeetan agintzen denari jarraituz. Horietaz aparte, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioak, Administrazio Instituzionaleko entitateekin kontratu-programak izenpetu ahal izango ditu, dekretu honetan ematen diren arauekin bat etorriz. 9. atala.– Kontratazioei buruzko erregimena.

Informatika eta telematika arloko ondasunen eta zerbitzuen kontratazioak ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuan xedatzen denaren arabera egingo dira, ondoren aditzera ematen diren zehaztasunak kontutan hartuta. Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioaren kontratazioei buruzko erregimena finkatzen da dekretu horretan:

a) Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioak eta beronen izaiki instituzionalek erabili beharreko dispositibo fisikoei eta informazio eta komunikazio arloko errekurtso logikoei eskatu dakizkiekeen ezaugarri teknikoak eta sarearekin behar den bezala estekatzeko bezeroen terminalek bete beharreko baldintza teknikoak ezarri ahal izango ditu Ogasun eta Herri Administrazio Sailak, derrigortze indar eta guzti.

b) Ogasun eta Herri Administrazio Sailak, derrigorrez informatu beharko ditu kontratazioak egiteko oinarri teknikoen pleguak, horretan agintea duen organuak bere onarpena eman baino lehen. Informatika eta telekomunikazio mailako estandarrei eta arauei oinarri horiek egokitzen zaizkien ala ezari buruzkoa izango da informazio hori. Txostenak derrigortze indarra izango du estandarrak eta arauak betetzeari dagokionetan eta eskabidea egin dadin egunetik hasi eta hamabost egun naturaleko epearen barruan eman beharko da. Epe horrek iraun dezan bitartean ematen ez baldin bada, aldekoa dela ulertuko da.

LAUGARREN ATALBURUA: BESTE XEDAPEN BATZUK

10. atala.– Informatika eta Telematika Errekurtsoen Zentsua.

1.– Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorraren eta honen Erakunde Autonomoen titularitatepekoak diren informatika eta telematika mailako errekurtso guztiak erregistratu egin behar dira eta horien egoera zehaztu behar da Informatika eta Telematika Errekurtsoen Zentsuan. Errekurtso horiek izan daitezke fisikoak edo inmaterialak, edozein titulupean erositakoak edo eskuragarriak; izen edo identifikazio teknikoari, adskripzioari eta operatibitate-baldintzei buruzko behar hainbateko erreferentzia egin beharko da bertan.

2.– Ogasun eta Herri Administrazio Sailak erabakiko du zeintzuk izango diren errekurtsoen arduradunek erabili beharreko medioak eta prozedurak, errekurtsoak erasota gelditu daitezen. Sailek eta Erakunde Autonomoek, beren ondasunen inbentarioa eta erregistroa antolatuta izan beharko dituzte.

3.– Euskal Autonomi Elkartearen ondarea osatzen duten Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorra arautzen duten xedapenetan agintzen denaren arabera, Informatika eta Telematika Errekurtsoen Zentsuaren organu arduradunak, inbentario horretan erasota egon behar duten datuak bidali beharko dizkio Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzari.

11. atala.– Lan taldeak.

Lan taldeak osatu ahal izango dira, informatika eta telekomunikazio arloaren gaineko eskumenak bere gain izan ditzan Ogasun eta Herri Administrazio Saileko organuaren gidaritzapean. Honako hauek izango dira lan-talde horien egitekoak: informazio eta telematika mailako teknologien arloari buruzkoak izan eta sailen artekoak diren proiektuak bultzatzea eta sustatzea; Informatika eta Telekomunikazio Planaren eta Urteko Programen garapena sailen artean indartzea; Sail bakoitzak edo Erakunde bakoitzak dituen plan direktoreak eta urteko programak ezagutzea; eta arlo hauei buruzko esperientziak Sailen eta Erakunde Autonomoen artean truka daitezen sustatzea. Gaiak edo arazo zehatzak behar den bezala ikertzea ere izan dezakete xedetzat elkarren arteko truke horiek.

GEHIGARRIZKO XEDAPENAK

Lehenengoa.– Informatizazioa eta komunikazio-sistemak, justiziako segurtasun-jardunetarakoak eta administrazirakoak

1.– Segurtasuna bermatzeko diren informatizazio eta komunikazio-sistemetarako planak eta programak Herrizaingo Sailak landu eta onartuko ditu, uztailaren 17ko 4/1992 Legeko gehigarrizko xedapenetatik hamalaugarrean agintzen denari jarraituz. Eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailera bidaliko ditu, horien exekuzioari buruzko urteko memoriarekin batera.

Justiziako Administraziorako diren informatizazio eta komunikazio-sistemen planak eta programak, Justiziako Administrazioa medio materialez hornitzeari dagokionetan agintea duen Sailak landuko ditu, urriaren 4ko 383/1994 Dekretuaz sortutako Batzorde Mistoak informatuko ditu eta Eusko Jaurlaritzak emango die onarpena. Jaurlaritzaren Kontseiluak onarpena eman baino lehen, Ogasun eta Herri Administrazio Sailari eman beharko zaio horren berri.

2.– Justiziako segurtasuna lortzeko eta administrazio-jardunak burutzeko diren informatizazioari eta komunikazio-sistemei ez zaizkie aplikatuko dekretu honetako 5. ataleko 1. lerroaldean eta 6. atalean xedatzen direnak. Horretaz aparte, jardun horiek burutzeko diren informatika eta telematika mailako ondasun eta zerbitzuen kontratazioari, ez zaizkio aplikatuko dekretu honetako 9. ataleko a) eta b) idazatietan aipatzen diren ekintzen derrigortze-izakera eta ez ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuko 9. ataleko 2. lerroaldean xedatzen dena ere. Dekretu honetan, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioaren kontratazio-erregimena finkatzen da.

Bigarrena.– Administrazio Instituzionaleko beste entitate batzuekiko harremanak.

1.– Eusko Jaurlaritzaren Informazio Elkartea, A.B./Sociedad Informática del Gobierno Vasco, S.A. (EJIE) erakunde publikoak izango du Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Publikoari zerbitzu informatikoak egitearen ardura, otsailaren 1eko 60/1982 Dekretuan eta dekretu honetan agintzen denaren arabera noski. Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioaren zerbitzu, programa eta aplikazioen sistemen ustiaketaren eta ingenieritzako alde teknikoen ardura, EJIE-ek izango du beti ere.

2.– Dekretu honetan, Sail ezberdinei eta Erakunde Autonomoei informazio-arloan ematen zaizkien egitekoen ardura izan lezake EJIE-ek, instituzio horiek ematen badizkiote. Ondorio hauetarako, bidezkoak diren hitzarmenak izenpetu beharko ditu EJIE-ek beroiekin, burutu beharko dituen jardunen zahaztasunak jaso beharko direla hitzarmenetan eta bai instituzio horiek zerbitzuegatik ordaindu beharrekoak ere.

3.– Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioak kontratu-programa bat izenpetuko du EJIE, SA enpresarekin. Sozietate Publiko horrekiko ekonomi, finantza, kudeaketa, helburuak eta emaitzak lortze mailako harremanak finkatuko dira berorretan. Honako arlo hauek utzi beharko dira erasota bertan besteak beste:

a) Akordioaren oinarri izango diren ekonomi eta sektore mailako hipotesiak.

b) Sozietate publikoaren langile-politikaren, errentabilitatearen, produktibitatearen edo birregituraketa teknikoaren helburuak. Horiek ebaluatzeko metodoak ere jaso beharko dira bertan.

c) Dekretu honetako 6. ataleko 4. eta 5. lerroaldeetan aipatzen diren egintzak deszentralizazio-erregimenpean egiteagatik, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Publikoak agiango kontraprestazio gisa egin beharreko ekarpenak, ustiaketan edo kapitalean egon daitezkeen deficitak ordaindu ahal izateko. Sailei eta Erakunde Autonomoei egindako sorospen tekniko-profesionalak erasota utzi behar dira bertan. Gehigarrizko xedapeneko lehenengo lerroaldean aipatzen diren ustiaketari eta sistemen ingenieritzako alde teknikoei dagozkien fakturak ere aipatu beharko dira.

d) Kontratu-programa zenbateraino burutu denari buruz Ogasun eta Herri Administrazio Sailak egindako arta.

4.– Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioaren telekomunikazio-zerbitzuen kudeaketaren ardura Euskalnet, S.A. Sozietate Publikoak izango du, abenduaren 15eko 335/1992 Dekretuan eta dekretu honetan xedatzen denaren arabera. Ondorio horietarako, aurreko lerroaldean aipatu denaren edukin berdinak izango dituen kontratu-programa bat izenpetu ahal izango da.

ALDIBATERAKO XEDAPEN BAKARRA

Izapideetan dauden kontratazio-espedienteak.

Dekretu hau indarrean jarri baino lehen hasiera eman zitzaien kontratazio-espedienteak, horiei hasiera eman dieten kontrazio organuek eta mahiek izapidatuko dituzte eta bai ebazpena eman ere.

INDARGABETZE XEDAPENA

Dekretu honetan xedatzen denaren aurka egon eta maila berdina edo beheragokoa duten xedapen guztiak indargabetuta gelditzen dira dekretu hau indarrean jartzerakoan eta bereziki honako hauek:

– Apirilaren 11ko 77/1983 Dekretua: Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorrarentzako eta Instituzionalarentzako ondasun eta zerbitzu informatikoak erosteko prozedura finkatzen da bertan.

– Maiatzaren 8ko 129/1990 Dekretua: Osakidetzaren Ospitaletarako eta beste Instituzio Sanitario batzuetarako ondasun eta zerbitzu informatikoak kontratatzeko moduak arautzen dira bertan.

– Maiatzaren 18ko 144/1993 Dekretua: Euskal Autonomi Elkartean segurtasun-jardunak garatzeko ondasun eta zerbitzu informatikoak kontratatzeko berariazko arauak finkatzen dira bertan.

– Urtarrilaren 3ko 1/1995 Dekretuko 10. ataleko f) idazatia eta Euskalnet sozietateari buruz egiten den aipamena: Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioko sailak sortu, kendu eta aldatu egiten dira dekretu horretan eta sail horien egitekoak eta jardute-eremuak ere finkatzen dira bertan.

– Urtarrilaren 31ko 81/1995 Dekretuko 2. ataleko D) letrako 3. idazatia, 8. ataleko 1. lerroaldeko f) idazatia eta 10. ataleko f) eta g) idazatiak: Industri, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta fun–tzionala finkatzen dira bertan.

– 14. atala, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioaren kontratazioetarako erregimenari buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuko azken xedapenetatik lehenengoko 2. idazatian ematen zaion idazkeraren araberakoa. Eta Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionalari buruzko otsailaren 7ko 141/1995 Dekretuko gehigarrizko xedapenetatik bigarrena ere bai.

– Otsailaren 28ko 173/1995 Dekretuko 8. ataleko 1. lerroaldeko b) letra eta 2. lerroaldea eta 10. ataleko 3. lerroaldea: Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren egitura eta egitekoak finkatzen dira dekretu horretan.

– Apirilaren 25eko 251/1995 Dekretua: Zerbitzu Nagusien Kontratazio eta Homologazio Mahaiaren eta Informazio mailako Ondasunen eta Zerbitzuen Kontratazio-Mahaiaren antolaeran hainbat aldaketa sartzen dira dekretu horren bidez.

– Ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuko gehigarrizko xedapenetatik lehenengoko 2. lerroaldea: Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioaren kontratazioetarako erregimena finkatzen da dekretu horretan. AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Indarrean dauden hainbat xedapenen aldaketa.

1.– Otsailaren 28ko 173/1995 Dekretuko 2. ataleko 1. lerroaldeko a) letra aldatzen da: Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren egitura eta egitekoak finkatzen dira bertan. Honako era honetan gelditzen da:

«a) Administrazio eta Zerbitzu Sailordetza.

1) Informnatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza.

2) Ondare eta Kontratazio Zuzendaritza.

– Administrazio Kontratazioko Aholku Batzordea.

– Euskal Autonomi Elkarteko Herri Administrazioaren Kontratazio Batzorde Nagusia.

3) Baliabide Orokorren Zuzendaritza.

4) Zerbitzu Zuzendaritza.

2.– Otsailaren 28ko 173/1995 Dekretuko 2. ataleko 3. lerroaldeari, c) idazati berria gehitzen zaio. Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren egitura eta egitekoak finkatzen dira dekretu horretan. Hona hemen idazkera berria:

«c) Euskalnet, S.A., Baltzu Publiko Anonimoa

3.– Otsailaren 28ko 173/1995 Dekretuko 6. ataleko 1. lerroaldeari, d) idazati berria gehitzen zaio. Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren egitura eta egitekoak finkatzen dira dekretu horretan. Hona hemen idazkera berria:

«d) Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioaren kontratatzioetarako erregimenari buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuko V. atalburuan Ogasun eta Herri Administrazio Sailari berariaz ematen zaizkion eskumenetatik etor daitezen kontratazio-espedienteetan, kontratazio-organu izatea. Informazio eta telekomunikazio sistemen arloan, egitekoak eta kudeaketa-moduen planifikazioa, eraketa eta banaketa arautzen duen otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuko 6. eta 9. ataletan ere ematen zaizkio eskumenak sail horri.»

4.– Otsailaren 28ko 173/1995 Dekretuko 6. ataleko 2. lerroaldea ere aldatu egiten da. Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren egitura eta egitekoak finkatzen dira dekretu horretan. Hona hemen idazkera berria:

«2.– Administrazio eta Zerbitzu Sailordetzaren menpe gelditzen dira artez eta hierarkikoki honako hauek: Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritza, Baliabide Orokorren Zuzendaritza eta Zerbitzu Zuzendaritza.»

5.– Otsailaren 28ko 173/1995 Dekretuari, 6 bis atal berria gehitzen zaio. Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren egitura eta egitekoak finkatzen dira dekretu horretan. Hona hemen idazkera berria:

« 6 bis atala.– Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza.

Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzak, dekretu honetako 5. atalean aipatzen diren egitekoak betetzeaz aparte, otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuko 6. eta 9. ataletan Ogasun eta Herri Administrazio Sailari berariaz ematen zaizkionak bete beharko ditu. Informazio eta telekomunikazio sistemen arloko egitekoak eta kudeaketa-moduen planifikazioa, eraketa eta banaketa arautzen dira dekretu horretan. Aurreko ataleko 1. lerroaldeko d) idazatian aipatzen den egitekoa ez da horretan sartzen.

6.– Ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuko 6. ataleko 3. eta 5. lerroaldeak aldatu egiten dira: Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioaren kontratazioetarako erregimena finkatzen da dekretu horretan. Hona hemen lerroalde horien idazkera berria:

«3.– Ondasun eta zerbitzu informatikoen eta telematikoen kontratazioa egin beharra gerta dadinean, Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzako ordezkari bat ere izango da Kontratazio Mahaiko Kide. Zuzendaritza horretako titularrak izendatuko du ordezkaria.

5.– Ekonomi Kontrolerako Bulegoko ordezkaria, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako ordezkaria eta Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzako ordezkaria mahaiko kide gisa bertan egotea, aipatutako orgnuetako titularrek erabakiko dute kasu bakoitzean, kontratazioen ezaugarriak eta izakera kontutan hartuta.»

Bigarrena.– Dekretuaren garapena eta aurrekontuetako aldaketak.

1.– Ogasun eta Herri Administrazio sailburuari esku ematen zaio, dekretu hau garatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

2.– Ogasun eta Herri Administrazio sailburuari esku ematen zaio, dekretu hau jardunean jartzeko eta exekutatzeko beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketak egin ditzan.

Hirugarrena.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 1997ko otsailaren 18an.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.


Azterketa dokumentala