Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 1996ko abenduaren 3a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
5859

8/1996 LEGEA, azaroaren 8koa, Euskal Autonomi Elkarteko Finantzena.

Eusko Legebiltzarrak azaroaren 8ko 8/1996 Legea, Euskal Autonomi Elkarteko Finantzena, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

AZAROAREN 8KO 8/1996 LEGEA, EUSKAL AUTONOMI ELKARTEKO FINANTZENA

Zioen adierazpena

1.– Legearen aurkezpena

Euskal Autonomi Elkartearen Estatutuak berezko ogasuna izateko bide ematen zuen, baina ogasun horrek, benetan indarra izateko, beharrezkoa zuen lege sektorialen bitartez garatzea Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko ekainaren 22ko 12/1983 Legea oinarritzat harturik. Lege honen testua maiatzaren 17ko 1/1988 Legegintza-Dekretuaz bateratu zen, eta, bertan, Euskal Herriko Ogasun Nagusiari dagozkion gaiak jaso dira eta oinarrizko printzipioen legezko arauketa aurreikusi.

Lehenengo eta behin, honako hauek arautzen zituzten legeak egin ziren: ondareari buruzko errejimena, aurrekontua egiteko eta kudeatzeko ihardunbidea, kontrol eta kontabilitaterako sistema eta tasa eta herri-prezioak. Hainbat arlo, beraz, arauketa orokorraren zain geratzen ziren. Arlo horiek ohiko kudeaketarako unitate organikoak lotzen zituen elkarren artean, politika finantzarioaren gaiak diren aldetik: Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren errejimena, zorpetze-errejimena eta bermeak emateko errejimena. Arlo bakoitzak behar dituen arauen kopurua mugatua denez, testu bakar batean jasotzea erabaki da.

Beraz, lege honen bidez Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren legegintza-garapena burutzen da. Onartutako legeen multzoak, antolamendu juridikoaren esparru berezi hau egituratzen du, bidezko izan daitezkeen aldaketa partzialen edo alderdi partikularren arauketaren kaltetan gabe.

2.– Euskal Herriko Diruzaintza Nagusia

I. tituluan, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren errejimenaz gain, bestelako gaiak ere arautzen dira. Gai horiek, Diruzaintza Nagusiaren parte edo eragiketak ez badira ere, lotuta daude zuzenean Diruzaintzarekin eta antolamenduak ez ditu beste inon arautzen.

Diruzaintza, hertsiki ikusita, Ogasun Nagusiaren helburuetarako finantza-baliabideen multzoa da eta orain arte erregelamenduz araututa zegoen. Izan ere, erregelamendu horietatik hartu dira oinarrizko antolarauak, behar bezala eguneratuz eta aurretik hartutako esperientzia ahaztu gabe. Funtsezko asmoa arauketa eta zuzendaritza bakarra ezartzea da, biak sail beraren barruan sartuz, baina jokaera eta kudeaketa autonomiaduna ahalbidetuz, beharrezkoa eta eginkorra denean.

Diruzaintza-eragiketen hatsapenak ezartzen dira. Alderdi aktiboaren aldetik, Administrazio instituzionalaren zenbait erakunde finantzatzea jasotzen da. Gainera, eragiketa horiek finantza-etxeen bidez burutu daitezke, beren funtzioen menpe. Alderdi pasiboaren aldetik, epe laburreko kreditura jotzeko aukera jasotzen da, aldi baterako beharrak sortzen diren uneetan.

Berme eta gordailuei dagokienez, kudeatzaile bakoitzari dagokio fondoaren erantzukizuna, eta Diruzaintza Nagusiaren ardura duen sailaren eginkizuna instrumentala baino ez da.

Aurrekontu-errejimenari buruzko araudian zehaztutakoaren arabera, diru-gerakinak erabiltzeko prozedura arautzen da lehen aldiz, aurrekontua kitatzean geratzen diren emaitzak alegia. Kontuan izanda erabilera hori oso garrantzitsua dela, aurrekontuan zuzenean aurreikusita ez dagoen moduan ekitaldiko emaitzari eragiten baitiote, azkeneko erabakia Gobernu-Kontseiluaren esku uzten da.

Era berean, lehen aldiz arautzen dira Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorraren menpe ez dauden erakundeei egitekoak diren transferentzia eta ekarpenak, erakundearteko finantza-fluxuei egonkortasuna eta segurtasuna eman nahian.

3.– Zorpetzea

Legearen II. tituluaren helburua zorpetzea arautzea da. Izan ere, zorpetzeak gero eta garrantzi handiagoa hartu du eta funtsezkoa da politika ekonomikoan.

Legeak ohiko irizpideei eutsi die zorpetzea bereganatzerakoan, hau da, merkatuaren egoeraren araberako malgutasuna, eta hartzekodunentzako gehienezko segurtasuna, beren eskubide ekonomikoak bermatuz.

Zorraren arrisku edo kostua bermatzea, gutxitzea edo dibersifikatzea helburu duten eragiketak mugarik gabe onartzen dira, Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren interesen babesean. Aukera onena ahalbidetu nahi da, irizpide ekonomiko eta finantzarioen arabera. Hori aurrera eramateko, produktu deribatuak edo beste edozein kontratu-mota erabiliko da, hainbat zorpetze- eragiketari erantzunez.

4.– Bermeak ematea

Bermeak ematea banaka hartuz eta guztizko heinean arautzen da. Ekintza honek Administrazioak sustapen edo interes publikorako dituenak baino askoz finantza-baliabide gehiago mobilizatzeko bide ematen du, eta garrantzi handia lortu du azken urteotan, bai kopuruaren aldetik eta bai produkzio-sistemari, batez ere industri arloari, eragin dion neurrian.

Oraingoan egiten den arauketak bermeak ematean, formalizatzean, kudeatzean eta gauzatzean izandako praktika hartzen du kontuan, eta beharrezko segurtasun juridikoa ematen die bai hartzekodunei bai eta Administrazioari ere.

Lehenengo azken xedapenean aurrekontuaren luzapen-errejimena aldatzen da. Izan ere, indarrean zegoen arauak ez zuen bermeak emateko biderik ematen luzatutako ekitaldian muga agortuta zegoenean. Egoera hori salbuespena zen luzapen-errejimen osoan eta ez zen arrazoizkoa. Bermeak ematea, Ogasun publikoaren beste edozein arlo bezala, ezin da geratzeko arriskuan egon.

5.– Legearen azken zatia

Legea hainbat xedapenek osatzen dute. Besteak beste, honako hauek dira aipagarrienak:

Osakidetza, salbuespenez, garatzen ari den iharduketei buruzko xedapen gehigarri bat sartzen da. Izan ere, zerbitzuaren ezaugarriak direla eta, autonomia berezia dauka, bai eta finantza-arloan ere.

Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko indarreango legezko xedapenen bateratutako testuaren 40. atala aldatzen da, eskubideei buruzkoa, Diruzaintza Nagusiarekin zuzenean zerikusia daukan arloa, alegia. Diru-bilketarako hitzarmen-sistema mantentzen da, garatu beharreko kudeaketa txikiagoa baita Euskal Autonomi Elkarteko erakunde orokorren finantzaketa bereziaren ondorioz. Dena den, Elkartetik kanpoko lurralderako zabaltzen da eta egungo araudia eguneratu eta osatzen da.

1. atala.– Legearen helburua

Lege honen xedea honako gaiok arautzea da:

a) Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren errejimena eta, horri dagokionez, Administrazioaren aldeko berme eta gordailuen kudeaketa, diru-gerakinak eta Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorraren menpekoak ez diren erakundeentzako transferentziak eta diru-laguntzak.

b) Euskal Autonomi Elkarteko zorpetze-errejimena.

c) Euskal Autonomi Elkarteak bermeak emateko errejimena.

I. TITULUA

EUSKAL HERRIKO DIRUZAINTZA NAGUSIAREN ERREJIMENA

I. ATALBURUA

EUSKAL HERRIKO DIRUZAINTZA NAGUSIA

2. atala.– Edukia

Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioaren eta erakunde autonomiadunen finantza-baliabide guztiek (dirua, baloreak edo kredituak) osatzen dute Euskal Herriko Diruzaintza Nagusia. Finantza-baliabide horiek aurrekontu-eragiketatik nahiz aurrekontuz kanpoko eragiketatik etor daitezke.

3. atala.– Funtzioak

Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren funtzioak honakoak dira: eskubideak sartzea eta Autonomi Elkarteko Administrazioaren eta erakunde autonomiadunen erantzunbeharrak eta indarreango antolamenduan zehaztutakoak edo aurrekoekin lotutakoak ordaintzea.

4. atala.– Printzipioak

Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren iharduera honako printzipio hauen menpe dago:

a) Puntualitatea, erantzunbeharrei aurre egiterakoan.

b) Segurtasun handiena bai fondo eta baloreen egoeran eta bai eragiketetan.

c) Zuzendaritzaren zentralizazioa, kudeaketa deszentralizatuaren kaltetan gabe.

5. atala.– Fondoen egoera

1.– Eskudirutan izan beharreko dirua baino ez da gordeko Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren kutxetan.

2.– Kutxetan ez dauden fondoak Espainiako Bankuan irekitako kontuetan, banketxeetan, aurrezki-kutxetan, kreditu-kooperatibetan edo atzerriko kreditu-erakundeetan gordeko dira.

6. atala.– Kutxen eta kontuen kudeaketa

1.– Autonomi Elkarteko Administrazioaren edo erakunde autonomiadunen dirua edo baloreak dauzkaten kutxa eta kontu guztiak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiarenak izango dira.

2.– Diruzaintza-arloan aginpidea daukan sailari honakoak dagozkio:

a) kutxa eta kontu guztien iharduerari buruzko jarraibideak ematea,

b) kutxak sortzea eta kentzea baimentzea, bai eta kontuak irekitzea eta ixtea ere,

c) kutxa eta kontuen kudeatzaile guztien iharduera ikuskatzea eta

d) diru-sarrerak eta ordainketak egiteko bide ematen duten kontuak kudeatzea, beste inoren laguntzarik gabe.

3.– Diruzaintza-arloan aginpidea daukan sailak, kontuen baldintza eta kudeaketari buruzko hitzarmenak izenpetu ditzake kreditu-etxeekin.

4.– Autonomi Elkarteko Administrazioko sailek eta erakunde autonomiadunek dirua sartzeko edo ordainketak egiteko kontuak eta kutxak kudea ditzakete, erregelamenduz ezarritakoaren arabera.

7. atala.– Diru-sarrerak

Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren aldeko zorrak eskudirutan ordainduko dira, erregelamenduz ezarritako modalitate eta prozeduren bitartez, legeetan eta hirugarren xedapen gehigarrian ezartzen diren kasuetan izan ezik.

8. atala.– Ordainketak

1.– Gobernuak, diruzaintza-arloan aginpidea daukan sailak proposatuta, aurrekontu-kontzeptuetatik edo aurrekontuz kanpoko kontzeptuetatik datozen fondoak erabiltzeko finantza-plan bat onartzea izango du.

2.– Autonomi Elkarteko Administrazioko sailek eta erakunde autonomiadunek, diruzaintza-arloko aginpidea duen sailari emango diote sail horrek egin beharreko ordainketei buruz eskatutako datu, aurreikuspen eta dokumentazioa.

3.– Ordainketak egin ahal izateko, beharrezkoa izango da aurretik horretarako agindua ematea erregelamenduz zehaztutakoaren arabera. Ordainketa-aginduak erabakitzeko aginpidearen barruan Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren aldeko zorrak konpentsatzeko erabakia sartzen da, erantzunbeharrak Ogasunaren kontura direla.

4.– Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren kontura egin beharreko ordainketak zuzenbideak onartzen duen edozein modalitatez egin daitezke, kasu bakoitzerako zehaztutakoaren arabera eta lege honen garapenean hartutako erabakiekin bat etorriz. Ordainketa administrazio-ahalmen bat erabiltzearen ondorioz sortzen bada, ordainketa zein modalitatez egin behar den eta praktikan jartzeko beharrezko diren datuak edo dokumentazioa zehaztu ahal izango dira.

9. atala.– Kreditu-etxeen bitartekotza

Euskal aurrezki-kutxa eta kreditu-kooperatibek eta gainerako kreditu-etxeek bitartekotza-zerbitzuak eman ahal izango dituzte Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren diru-sarrera eta ordainketetan.

II. ATALBURUA

DIRUZAINTZA-ERAGIKETAK

1. SEKZIOA

AKTIBO-ERAGIKETAK

10. atala.– Administrazio instituzionala osatzen duten erakundeak finantzatzea

1.– Gobernu-Kontseiluak, diruzaintza-arloko aginpidea daukan sailak proposatuta, Autonomi Elkarteko Administrazio instituzionala osatzen duten erakundeei kreditu eta aurrerakinak ematea onar dezake, urtebeteko epea gainditu gabe.

2.– Kreditu eta aurrerakinak emateko prozedura eta horien baldintza orokorrak erregelamenduz ezarriko dira, eta diruzaintza-arloko aginpidea duen sailaren ardura izango da kasuan kasuko baldintza bereziak erabakitzea eta formalizatzea.

11. atala.– Aktibo-eskurapena eta gordailu- edo kreditu-eragiketak

Diruzaintza-arloko aginpidea duen sailak finantza-etxeekin baloreak eskuratzea eta gordailu edo kreditu-eragiketak formalizatzea erabaki ahal izango du, 4. ataleko a) eta b) azpiataletan ezarritako printzipioak betez.

2. SEKZIOA

PASIBO-ERAGIKETAK

12. atala.– Urtebetetik beherako epeko kredituak

1.– Gobernu-Kontseiluak kreditu-eragiketak egiteko baimena eman ahal izango du, urtebetetik gorako epea ez bada gainditzen, diruzaintzaren aldi baterako beharrei aurre egiteko.

2.– Eragiketa horiek, diruzaintza-arloko aginpidea duen sailak hitzartuko ditu. Era berean, eta beti ere Gobernu-Kontseiluak onartutakoa betez, kudeatuko ditu eta baldintzak zehaztu ahal izango ditu, aldez aurretiko berreskurapena onartuz eragiketaren baldintzekin bat badator eta finantza-kargan ekonomiak produzitzen direnean edo arriskua murriztu edo dibersifikatzen denean.

III. ATALBURUA

ADMINISTRAZIOAREN ALDEKO BERMEAK ETA GORDAILUAK

13. atala.– Jasotako bermeak

1.– Diruzaintza-arloko aginpidea duen sailari dagokio Autonomi Elkarteko Administrazioaren aldeko bermeak gordetzea, kudeatzea, ematea eta itzultzea, horiek egitera behartzen duen araudiak besterik agindu ezean. Berme horiek hainbat modutan eratu daitezke: abaletan, fidantzetan, kauzio-aseguru polizetan, balore-gordailuetan eta kontu-oharren bidez edo beste antzekoren baten bidez errejistratutako balore-inmobilizatuetan.

2.– Besteen gauzekiko eskubideetan dauden bermeei dagokienez, Euskadiko Ondarearen Legean zehaztutakoa hartu beharko da kontuan.

14. atala.– Gordailuak

Autonomi Elkartearen edo erakunde autonomiadunen alde berme gisa egindako eskudiru-gordailuak, eta horien zerbitzuren batean egin beharreko gainontzeko gordailuak, 5. atalean aurreikusitako kutxa eta kontuetan gordeko dira.

15. atala.– Jasotako bermeen eta gordailuan kudeaketa

Autonomi Elkarteko Administrazioko sailei eta espediente bakoitzaren kudeatzaile diren edo aginpidea duten erakunde autonomiadunei dagokie:

a) bermeari edo gordailuari dagozkion ondorioak aitortzea eta

b) 13.1 atalean adierazten den sailari bermeak gauzatzeko eskatzea, eta berme eta gordailuen baliogabetzea edo itzultzea bidezkoa den erabakitzea.

16. atala.– Agiri-ereduak

Berme eta gordailuen agiri-ereduak erregelamenduz ezarriko dira.

IV. ATALBURUA

DIRUZAINTZAKO DIRU-GERAKINAK

17. atala.– Nola sortzen diren

Aurrekontuen kitapenetatik datozen eskubide aitortu eta kitatuen eta hartutako erantzunbeharren arteko aldeek osatzen dituzte Autonomi Elkarteko Administrazioaren eta administrazio-erakunde autonomiadunen diru-gerakinak.

18. atala.– Funtzioak

1.– Autonomi Elkarteko Administrazioaren eta administrazio-erakunde autonomiadunen aurrekontuak finantzatzeko baliabide izan ahalko dira diru-gerakinak.

2.– Aurrekontu-errejimenari buruzko araudiaz indarrean dauden xedapenen testu berrituaren 20. atalean adierazten diren eta Autonomi Elkarteko Aurrekontu Orokorraren legeetan aurreikusten diren ordainketa-kredituei gehikuntzak egin ahal izango zaizkie diruzaintzako diru-gerakinen kontura.

19. atala.– Diru-gerakinak erabiltzeko ihardunbidea

1.– Gobernu-Kontseiluak emango du baimena diruzaintzako diru-gerakinak erabiltzeko, Autonomi Elkarteko Aurrekontuaren jarraipenerako eta kontrolerako aginpidea duen sailaren proposamena kontuan hartuta.

2.– Kontabilitate-informazioa ikusita eta Autonomi Elkarteko Aurrekontuaren jarraipenerako eta kontrolerako aginpidea duen sailak ezarritako arauen arabera koantifikatuko dira diru-gerakinak. Nolanahi ere, aurrekontuen finantza-ketarako erabil daitezkeen diruzaintzako diru-gerakinen koantifikazioa egiterakoan kontuan hartu beharko da benetako egiterapena ekitaldian bertan gauzatzea, eta baita ordainketa zalantzazkoa duten eskubideak ere.

20. atala.– Bestelako egoerak

1.– Ekitaldia amaitzean diruzaintzako diru-gerakina negatiboa baldin bada, egokitu egin beharko da hurrengo urteko aurrekontua kopuru berberean murriztuz.

Gastuak murriztea ezinezkoa baldin bada eta baliabideen bilakaerak diru-gerakin negatiboa ekitaldi horretan zurgatzeko aukerarik ematen ez badu, hurrengo ekitaldiko aurrekontuak hasieratik superabita eduki beharko du, zurgaketa egin ahal izateko.

2.– Ekitaldia bukatzean diruzaintzako diru-gerakina hurrengo ekitaldirako onartutako aurrekontuan begiz jotzen dena baino txikiagoa baldin bada, atal honetako 1. lerroaldian ezarritakoaren arabera jokatu beharko da, dagoen aldea kontuan hartuta.

3.– Autonomi Elkarteko Aurrekontuaren jarraipenerako eta kontrolerako aginpidea duen sailak ezarriko ditu atal honetako 1. eta 2. lerroaldietan xedatutakoa gauzatu ahal izateko beharrezko arauak.

V. ATALBURUA

AUTONOMI ELKARTEKO ADMINISTRAZIOTIK KANPOKO ERAKUNDEENTZAKO TRANSFERENTZIAK ETA DIRU-LAGUNTZAK

21. atala.– Administrazio instituzionalaren aldeko transferentziak eta diru-laguntzak

Autonomi Elkarteko Administrazioaren Aurrekontuan erakunde autonomiadun, zuzenbide pribatuko erakunde publiko eta baltzu publikoen alde azaltzen diren dotazioak honela gauzatuko dira:

a) gastu arruntetarako aurreikusitakoak, aldez aurretik zehaztutako aldietarako eta aldi horiei eta guztizko dotazioari proportzionalki dagozkien zenbatekoz, erregelamenduz ezarritakoaren arabera, momentu horretara arte onartutako aurrekontu-aldaketak barne.

b) kapital-eragiketetarako aurreikusitakoak, doakion erakundean mota horretako ordainketei aurre egin beharra sortzen denean, erregelamenduak eskatzen dituen baldintzak bete ondoren.

22. atala.– Beste erakundeentzako transferentziak eta diru-laguntzak

Euskal Herriko Unibertsitatearentzako edo erakunde publikoentzako guztizko diru-laguntzari dagozkion fondoen ekarpenak, Autonomi Elkarteko Aurrekontu Orokorrean sekzio burujabea daukatenak, Eusko Legebiltzarra izan ezik, aldez aurretikako aldietan gauzatuko dira eta aldi horiei eta guztizko dotazioari proportzionalki dagozkien zenbatekoz, ordura arte onartutako aurrekontu-aldaketak barne.

II. TITULUA

EUSKAL AUTONOMI ELKARTEKO ZORPETZE-ERREJIMENA

I. ATALBURUA

AUTONOMI ELKARTEKO ADMINISTRAZIOAREN ETA ERAKUNDE AUTONOMIADUNEN ZORPETZEA

1. SEKZIOA

ZORPETZEA, OROKORREAN

23. atala.– Gaitasuna

Autonomi Elkarteko Administrazioak eta erakunde autonomiadunek zorpetze-eragiketak hitzartu ahal izango dituzte. Eragiketa horien produktua baliabide arrunta da, zuzenbide publikopeko diru-sarrera.

24. atala.– Muga

Ekitaldi bakoitzean Autonomi Elkarteko Administrazioan eta erakunde autonomiadunetan egin daitezkeen zorpetze-eragiketen gehienezko zenbatekoa Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorrean ezarritakoa izango da, edo, luzapenaren kasuan, Euskadiko aurrekontu-errejimenari buruzko araudian zehaztutakoa.

25. atala.– Urtebetetik gorako zorpetzea

Urtebetetik gorako zorpetze-eragiketetan, kredituaren guztizko zenbatekoa inbertsio-gastuetarako erabiliko da. Kapitala kitatzeko eta interesengatikako urte-ordainketen gehikinak, eragiketa guzti horietan, ez du gaindituko eragiketa arruntengatik sortutako ekitaldiko diru-sarreren %25a, ez eta Autonomia-Elkarte Osorako Erakundeen eta bertako Kondaira-Lurraldeetako Foruzko Ihardutze-Erakundeen Arteko Harremanen Legean ezarritako muga ere.

26. atala.– Ezaugarriak

Zorpetzea legezko eskudiruz edo atzerriko diruz izendatu ahal izango da, Estatuan nahiz atzerrian burutu ahal izango da, eta eragiketa eta zorrak beren baitan duten kostuak eta arriskuak mugatuko dituzte zorpetzearen epe, interes-tasa, ordezkaritza eta gainontzekoen ezaugarriak.

27. atala.– Zorpetze-eragiketa osagarriak

1.– Zorpetze-arloan aginpidea duen sailak finantza-eragiketak hitzartu ahal izango ditu zorpetzearen arriskua edo kostua bermatzeko, murrizteko edo dibersifikatzeko, zorpetzea ezartzen laguntzeko edo merkatuan horren kokapena babesteko.

2.– Aurreko lerroaldian aipatutako eragiketak honako hauek izan daitezke: kolokazio-aseguramenduak, finantza-trukeak, aukerak, gerokoak, kontrapartida- edo kitapen-konpromisoak eta beste edozein kontratu, kontratu normatiboa edo erakunde publiko edo pribatuekiko berrespena, jaulkipen- edo kotizazio-prezioen edo interes- edo truke-tasen arabera.

28. atala.– Modalitateak

Zorpetzea zor publikoaren jaulkipenen edo kreditu- edo mailegu-eragiketen bidez egin daiteke.

2. SEKZIOA

ZOR PUBLIKOA

29. atala.– Izen ofiziala

Balore negoziagarrien jaulkipenaren izena «Euskadiko Zor Publikoa» edo «Euskal Herriko Zor Publikoa» da.

30. atala.– Jaulkipena

1.– Zor publikoaren jaulkipena Gobernu-Kontseiluak onartuko du dekretu bidez, zorpetze-arloan aginpidea duen sailak proposatuta.

2.– Jaulkipen-dekretuak zenbateko eta burutze-aldiaren gehienezko mugak ezarriko ditu, eta eragiketaren beste ezaugarri batzuk zehaztu ditzake.

3.– Zorpetze-arloan aginpidea duen saileko sailburuari dagokio dekretuan adierazi ez diren jaulkipenaren ezaugarriak zehaztea, bere aurreikuspenen barruan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian dagokion agindua argitaratuz.

31. atala.– Instrumentazioa

1.– Zorpetze-arloan aginpidea duen sailari dagokio zor publikoaren jaulkipenak formalizatzea eta, hala badagokio, egoki iritzitako balore-merkatuetan kotizazio-onarpena sustatzea eta kudeatzea.

2.– Euskadiko Autonomi Elkarteko zor publikoa, kontuko anotazioetan edo eraz aitortutako beste edozein bidez egon daiteke errepresentatuta.

32. atala.– Kudeaketa eta iharduketa materiala eta teknikoa

1.– Arlo horretan aginpidea duen sailari dagokio zor publikoa kudeatzea.

2.– Merkatuan kokatzea edo hedatzea, interesak eta amortizazioa ordaintzea, bai eta iharduketa material edo teknikoak burutzea ere, balore-merkatuei buruzko araudian araututako erakunde eta prozeduren bidez egin daitezke.

33. atala.– Bernegoziazioa

1.– Jaulkipenen baldintzetan aldaketak sar daitezke administrazioa hobetzeko, eta, beti ere, edukitzaileen eskubide ekonomikoen kaltetan gabe.

2.– Gobernu-Kontseiluak baimena emango du, eta zorpetze-arloan aginpidea duen sailak (borondatez hartzekodunentzat) aldez aurretiko amortizazio-eragiketak, ordezkapena, trukea, bihurketa, luzapena, finantza-elkartrukea edo antzekoak hitzartuko ditu, baldin eta, merkatu-baldintzen aldaketengatik, bidezkoa bada finantza-kargan ekonomiak lortzea, aldiak berregituratzea edo arriskua murriztea edo dibersifikatzea.

3.– Autonomi Elkarteko zor publikoaren baloreak berehala amortizatzeko baino ezin izango dira eskuratu, eta, beti ere, Gobernu-Kontseiluak aurretik baimena eman eta gero, 30.2 atalean zehaztutakoekin bat etorriz.

4.– Zorpetze-arloan aginpidea duen sailari dagokio, behar izanez gero, aurreratutako diru-itzulketa onartzea eta kudeatzea, jaulkipen-baldintzek jaulkitzaileari horretarako gaitasuna ematen diotenean.

3. SEKZIOA

KREDITU- EDO MAILEGU-ERAGIKETAK

34. atala.– Onarpena eta kudeaketa

1.– Gobernu-Kontseiluak finantza-etxeekin kreditu- edo mailegu-eragiketak egiteko baimena eman ahal izango du, bete beharko dituzten ezaugarri orokorrak adieraziz.

2.– Zorpetze-arloan aginpidea duen sailak kreditu- eta mailegu-eragiketak hitzartu eta kudeatuko ditu, eta kontratuan alderdi mailegariari dagozkion ahalmenak erabiliko ditu.

II. ATALBURUA

AUTONOMI ELKARTEKO ZUZENBIDE PRIBATUKO ERAKUNDE INSTITUZIONALEN ZORPETZEA

35. atala.– Zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta baltzu publikoak

1.– Zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta baltzu publikoek zorpetze-eragiketak egin ahal izateko, zorpetzearen ezaugarriak, epea eta formalizazio-errejimena edozein direlarik, beharrezkoa da eragiketa horiek dagozkien aurrekontuetan edo indarreango legediaren arabera onartutako aldaketetan jasota izatea.

2.– Eragiketa horiek egiteko, muga bat izango da, erakundeak dituen finantza-beharrak, alegia, ekitaldian sortutako kapital-aurrekontuko eragiketei aurre egiteko. Nolanahi ere, eragiketok ezin izango dira hitzartu, erakundeak kapital-transferentziak jaso eta aurreikusitako kapital-handitzeak burutu arte.

3.– Atal honetan aipatutako zorpetze-eragiketa guztiek, formalizatu baino lehen, zorpetze-arloan aginpidea duen sailaren baimena beharko dute.

4.– Aurreko ekitaldian irekitako eta guztiz erabili gabeko kreditu-bideek ere zorpetze-arloan aginpidea duen sailaren baimena beharko dute eta aurreikusitako eragiketak finantzatzeko bakarrik erabili ahal izango dira.

III. TITULUA

EUSKAL AUTONOMI ELKARTEAK BERMEAK EMATEKO ERREJIMENA

I. ATALBURUA

EUSKAL AUTONOMI ELKARTEKO ADMINISTRAZIOAK ETA ERAKUNDE AUTONOMIADUNEK BERMEAK EMATEA

1. SEKZIOA

BERMEAK EMATEA

36. atala.– Bermeak emateko gaitasuna

Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioak eta erakunde autonomiadunek, sustapen edo interes publikodun xedearekin, beste baten ordez ordaintzeko beharra berma dezakete, beste horrek ez badu ordaintzen.

37. atala.– Muga

1.– Ekitaldi bakoitzean emandako bermeen zenbatekoak ezin izango du Autonomi Elkarteko Aurrekontu Orokorrean zehaztutakoa gainditu, ez eta Euskadiko aurrekontu-errejimenari buruzko araudian luzapen-kasurako aurrikusitakoa ere.

2.– Aurreko mugaren ondorioetarako, formalizatzeko unean balorean bermatutako erantzunbeharraren printzipala hartuko da kontuan, baina ez interesak, gastuak edo trukaneurrien aldaketatik etorritako zenbatekoa.

3.– Aipatutako mugaren ondorioetarako, ez da kontuan hartuko aurretik formalizatutako beste berme batzuen liberazioa ekartzen duen berme-ematea.

4.– Berme-emakida deuseztatu, ezeztatu edo aldatzen denean, berme-emakida onartutako ekitaldiaren barruan, baimena kendu zaion zenbatekoa ez da kontuan hartuko mugari dagokionez.

38. atala.– Prozedura

1.– Gobernu-Kontseiluak, hala dagokionean, berme-emakida onartu eta aldatuko du, interesa duen sailak proposatuta.

2.– Bermea emateko eta aldatzeko, beharrezkoa izango da berme-emakidaren arloan aginpidea duen sailaren aldeko txostena. Txosten horretan, aurreko atalean aipatutako muga ez dela agortuko jasoko da, bai eta bermearen ezaugarri ekonomiko eta finantzarioak ere.

39. atala.– Onuradunak

1.– Edozein pertsona juridikoren alde, dela publikoa edo pribatua, eman ahal izango dira bermeak.

2.– Bermeen onuradunek indarreango araudiak eskatutako baldintza orokorrak eta erregelamenduz ezarritako gainontzeko baldintzak bete beharko dituzte diru-laguntzak lortzeko. Abala betetzen ez den kasuetarako berme-eskubidea sortzea ez da beharrezkoa izango emakida-akordioak zehazten ez badu.

3.– Zuzenbide publikopeko erakundeak edo Autonomi Elkarteko Administrazio instituzionala osatzen duten erakundeak bermeen onuradun izan daitezke, eta ez zaie ezarriko aurreko lerroaldian esandakoa.

4.– Ezin izango zaio bermerik eman Autonomi Elkarteko Administrazioak edo erakunde autonomiadun batek bermatutako erantzunbehar bat bete ez duenari, bermatzaileari kalteak ordaintzeko beharra amaitzen ez den bitartean.

5.– Bermeen onuradunek eskatu zaien informazio eta dokumentazioa emango diote Autonomi Elkarteko Administrazioari, esaterako, urteko kontuak, kudeaketa-txostena, kontu-ikuskaritzari buruzko txostena, diruzaintza-aurreikuspenak, kontabilitate-datuak, bai eta ekonomi, finantza eta ondarearen egoera aztertzeko eta ebaluatzeko edo aurretik aipatutakoa egiaztatzeko beharrezko irizten den beste edozein ere. Aipatu administrazioak bere baliabideekin edo beste batzuenekin egin ahal izango ditu azterlan edo eskabide horiek.

40. atala.– Hartzekodun nagusiak

Autonomi Elkarteko Administrazioak edo erakunde autonomiadunek bermatutako erantzunbeharretako hartzekodun nagusiek eskatzen zaien bermeei buruzko informazio eta dokumentazioa eman beharko diete erakunde horiei. Lankidetza hori 49. atalean aipatutako hitzarmenetan garatu ahal izango da.

2. SEKZIOA

BERMEAK EMATEA

41. atala.– Formalizazioa

1.– Bermeak ematearen arloan aginpidea duen sailari dagokio, ezargarri diren araudiak eta hitzarmenak adierazitakoaren arabera eta emakida-akordioarekin bat etorriz, honakoak egitea:

a) bermearen hasierako formalizazioa,

b) emandako bermeen aldaketen formalizazioa, aldaketa horiek ezin izango dutelarik hartzekodun nagusia kaltetu hartzekodunaren baimenik gabe, eta

c) bermea berrestea edo aldatzea, erantzunbehar bermatuaren baldintzak aldatzen direnean.

2.– Bermea ez bada formalizatzen emakida-akordioa egin eta urtebeteko epean edo emakida-akordioan zehaztutako epean, emakida ezeztatutzat joko da. Gobernu-Kontseiluak epe hori luzatu dezake, epea bera amaitu baino lehen, baina horrek ez dio eragingo 37. atalean aipatutako mugari.

3.– Bermeek honako forma hauek har ditzakete: fidantza, abal, fidantzamendu, birfinkapen edo beste antzekoren bat.

4.– Bermea administrazio-agiri publiko bidez edo fede-emaile publikoaren aurrean gauzatu daiteke.

42. atala.– Edukia

1.– Zordun nagusiaren exkusio-onurari uko egitea bidezkoa da, emakida-akordioak besterik ezarri ezean.

2.– Bermea gainontzeko fidatzaileekiko baino ezin da solidario gisa formalizatu, orden- eta zatiketa-onurari uko eginez, emakida-akordioak horrela aurreikusten badu. Kasu honetan, 37. atalean zehaztutako mugari dagokionez, fidantza-emaile solidario guztiek bermatutako zenbateko osoa hartuko da kontuan.

3.– Interes, gastu eta erantzunbehar nagusiari ezargarri zaizkion trukaneurriei eragin diezaieke bermeak, eta beharrezkoa izango da, kasu honetan, bermearen hasierako formalizazio-unean aldaketen araberako estaldura ezartzea aldaketei dagokienez, trukaneurri- edo interes-tasetan hasierakoei dagokienez.

3. SEKZIOA

EMANDAKO BERMEEN KUDEAKETA ETA JARRAIPENA

43. atala.– Aginpidea

1.– Bermeak ematearen aginpidea duen sailak, emandako bermeen eta bereganatutako arrisku osoaren jarraipena kudeatu eta burutuko du.

2.– Emandako bermea proposatzen duen sailak laguntza emango du jarraipen-lanetan, berak edo bere menpeko erakundeek onuradunari buruz duten informazioa emanez.

3.– Bermeak ematearen aginpidea duen sailak Legebiltzarra informatuko du atal honen lehenengo lerroaldian ezarritakoaz.

44. atala.– Komisioak

Bermeak emateak Administrazioaren aldeko komisio-debengoa ekarriko du, emakida-akordioak horrela aurreikusten duenean.

4. SEKZIOA

EMANDAKO BERMEAK GAUZATZEA, ERANTZUNBEHARREI AURRE EGINEZ ZORDUN NAGUSIEN ORDEZ

45. atala.– Gauzatzea ebaztea

Bermeak ematearen aginpidea duen sailak bermeak emateari ekitea ebatziko du, beharrezko baldintzak betetzen direla egiaztatu eta instrumentazioan ezarritakoak burutu eta gero.

46. atala.– Hartzekodun nagusiaren eskubidearen aitorpena

1.– Aurreko atalean aipatutako ebazpena egin eta gero, edo ebazpenean bertan, bermeak ematearen aginpidea duen sailari dagokio hartzekodun nagusi bakoitzak abaldunak ordaindu ez dituen diru-kopuruak (berme formalizatuak bere gain hartuta) jasotzeko duen eskubidea aitortzea, hartzekodun horrek aurretik eskatuta.

2.– Bermeak interesei erantzuten badie, aurreko lerroaldian aipatutako diru-kopuruaren barruan, zordun nagusiaren ordaindugabekoak aitortu ahal izango dira, eta ez da ezarriko, ordura arte, Ogasun publikoaren erantzunbeharren interesetarako ezarritako errejimena.

47. atala.– Erantzunbehar nagusiaren mugaegunik gabeko subrogazioa

Emandako fidantzak horretarako bide ematen badu, Administrazioak zordun nagusiaren ordezkotza har dezake, eta ez da iritsiko bermatutako erantzunbeharraren mugaeguna. Horretan, lege honen II. tituluko I. atalburuko lehen eta hirugarren sekzioa ezarriko da.

48. atala.– Ordaindutako diru-kopuruak berreskuratzea

Erantzunbehar bermatuei aurre egin zaienean, dirua biltzeko prozedurari eta egoki diren beste batzuei ekingo zaie, eta, hala badagokio, bermatzaileak erabilgarri dituen berme-eskubideak gauzatuko dira.

5. SEKZIOA

HITZARMENAK

49. atala.– Onarpena

Gobernu-Kontseiluak, erantzunbehar bermatuetan hartzekodun nagusiak diren edo izan daitezkeenekin hitzarmenak izenpetzeko baimena eman ahal izango du, bermeak ematearen aginpidea duen sailak eskatuta. Sail honi dagokio, era berean, hitzarmen horiek formalizatzea eta kudeatzea.

50. atala.– Edukia

1.– Hitzarmenek hartzekodun nagusien eta administrazio berme-emailearen arteko harremanak arautuko dituzte. Bermea emateko akordioa ezargarri diren hitzarmenetara igorri ahal izango da, eta hitzarmen horiek akordio horren osagaitzat joko dira bermea eman, kudeatu eta gauzatzeari dagokionez.

2.– Hitzarmenak, finantza-etxeekin izenpetzen denean, emandako bermearen ezaugarriak zehaztu ahal izango ditu oraingo edo geroko eragiketa-multzo baten arabera, gehienezko zenbateko bat jarriz. Kasu horretan, hitzarmenak emakida-akordioa eta bermea formalizatzeko eta gauzatzeko egintzak ordezkatuko ahal izango ditu, hitzarmenean bertan araututako prozeduren bitartez. Hitzarmenak 39. atalaren 2. eta 4. lerroaldia betetzeko baliabideak jarriko ditu.

II. ATALBURUA

AUTONOMI ELKARTEKO ZUZENBIDE PRIBATUKO ERAKUNDE INSTITUZIONALEK BERMEAK EMATEA

51. atala.– Zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta baltzu publikoak

Autonomi Elkarteko Administrazio instituzionala osatzen duten zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta baltzu publikoek bermeak emateko, beharrezkoa izango da arlo horretan aginpidea duen sailak horretarako baimena ematea.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Osakidetza erakunde autonomiaduna

Osakidetzak diru-sarrerak eta ordainketak egiteko kontuak kudeatu, ordaintzeko aginduak eman eta 13. atalak diruzaintza-arloan aginpidea duen sailari ematen dizkion aginpideak erabili ahal izango ditu.

Bigarrena.– Ikastetxeen autonomia finantzarioa

6.2.d) atalean zehaztutakoa ikastetxeen alde ezarritako autonomia finantzarioa gauzatzeko behar diren kontuen kaltetan gabe ulertzen da.

Hirugarrena.– Zorrak ondasunen edo eskubideen bitartez ordaintzea

1.– Euskal Herriko Ogasun Nagusiari zorrak ordaindu ahal izango zaizkio Euskal Kultur Ondareari buruzko Legearen arabera sailkatutako edo inbentariatutako ondasunak emanez. Zorraren jatorria Administrazioak emandako bermeen gauzatzean edo Administrazioak emandako maileguetan dagoenean, zorraren ordainketa bestelako ondasunak eta eskubideak emanez ere egin ahal izango da. Horretarako, Gobernu-Kontseiluko baimena beharko da aurretik eta baimen hori aparteko izaerarekin emango da, zordunak haren enpresa-iharduerari kalte handiak eginda ez bada ordainketa dirutan ezin duela egin jotzen denean; kontuan hartuko da, halaber, zordunak garatzen duen enpresa-ihardueraren interes publikoa edo euskal sektore publikoak sustatutako planetan edo programetan nola sartzen den, eta baita enpresaren bideragarritasuna ere. Nolanahi ere, ordainketak zorra, interesak eta gainordainak bete beharko ditu.

2.– Ordaintzeko era hori erabili nahi duen zordunak Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzari egingo dio eskaera; eskaerarekin batera, ondasunen edo eskubideen azalpena eta balorazioa aurkeztuko dira eta aurreko lerroaldian azaltzen diren ezaugarriak egiaztatzen dituen dokumentazioa. Dokumentu edo datu zehatzak arauz zehaztu ahal izango dira eta baita eskabidearekin batera gutxienez aurkeztu beharreko baldintzak ere.

3.– Dagozkion txostenak ikusi eta interesatuari entzun ondoren Ondare eta Kontratazio zuzendaria interesatuaren nahiekin ados ez baldin badago, ondarearen alorrean aginpidea duen sailburuari aurkeztuko dio proposamena, sailburuak Gobernu-Kontseiluan aurkez dezan eta onartua izan dadin. Espedientea erabakitzeko beharrezko txostenak, eta, hala egokituz gero, behartze-indarrekoak, arauz ezarri ahal izango dira.

4.– Bost hilabeteko epean hartu beharko da erabakia, eskabidea dokumentazioarekin batera aurkeztu denetik kontatzen hasita. Epe hori pasa ondoren erabakirik hartzen ez bada, zordunak eskabidea gaitzetsi egin dela ulertu behar du. Eskabideak onespena izanez gero epe bat ipiniko da onartutako ondasunen edo eskubideen erosketa burutzeko. Onespeneko erabakiak zorren ordainketaren ondorioak eragingo ditu, eta ondasunen alta inbentario orokorrean, ondasunak eta eskubideak ematen diren egun beretik.

5.– Xedapen honetan adierazten diren ordainketari buruzko eskabideak eta erabakiak eragin berberak izango ditu diru-bilketako ihardunbidean eta derrigorrezko ordainketaren ondoriozko konpentsaziorako. Ondasunaren edo eskubidearen eskualdaketa ez bada emandako epean burutzen, diru-bilketako ihardunbideko edo kasuan ezargarria izan daitekeen ihardunbideko ekintzekin jarraituko da, ez baldin bada eskabidea borondatezko epean aurkeztu eta epe horretan zorra ordaindu ordura arteko berandutze-interesekin batera.

ALDIBATERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa.– Zor publikoaren indarreango jaulkipenak

Lege hau, berau indarrean sartu eta gero zor publikoaren jaulkipenei dagokienez burutzen diren egintzei ezar dakieke, jaulkipenak noizkoak diren kontutan hartu gabe.

Bigarrena.– Dagoeneko emandako bermeak

1.– Lege hau, berau indarrean sartu eta gero burututako egintzei ezar dakieke, dagozkien bermeak noiz eman ziren kontutan hartu gabe.

2.– Lege hau indarrean sartu baino lehen emandako bermeen kasuan, 41.2 atalean ezarritako epea legea indarrean sartzen denetik kontatuko da, emakida-akordioak berariaz besterik aurreikusi ezean.

Hirugarrena.– Berme-prestazioaren arloko hitzarmenak

Dagoeneko birfinkapenerako izenpetutako hitzarmenek mantendu egingo dute hitzartutako indarra. Hitzarmen horiek berriro negoziatzeko edo aldatzeko ezinbestekoa izango da negoziazioa edo aldaketa horren eduki osoa lege honi egokitzea.

Laugarrena.– Erregelamendu-mailako arauen indarraldia

Lege hau garatzeko xedapenak erabaki arte eta xedapen horien bidez berariaz indargabetuak izan arte, indarrean egongo dira ondorengo dekretuak, lege honen aurkakoak ez diren neurrian:

a) Apirilaren 19ko 99/1982 Dekretua, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari eta horren aldaketei buruzkoa.

b) Urtarrilaren 24ko 13/1983 Dekretua, diru-bilketaren arloko baliabideen errejimen organikoari buruzkoa.

c) Otsailaren 2ko 17/1993 Dekretua, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioan eta erakunde autonomiadunetan fondo arrunt aurreratuen errejimena ezarri eta arautzen duena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Bermeak emateko baimenaren luzapen-errejimena

Irailaren 27ko 1/1994 Legegintza-Dekretuaz onartutako Euskadiko Aurrekontu-Errejimenari buruz indarrean dauden legezko xedapenen testu bateratuaren 128.g) atalaren erredakzioa honela geratu da:

«g) Bermeak ematea. Luzapen-aldian bermeak eman daitezke luzatutako Aurrekontu Orokorrean onartutako baldintzetan. Halaber, berme horien zenbatekoak ezin izango du gainditu Aurrekontu Orokorrean onartutakoa».

Bigarrena.– Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren eskubideak gauzatzea

Maiatzaren 17ko 1/1988 Legegintza-Dekretuaz onartutako Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko indarreango legezko xedapenen testu bateratuaren 40. atalaren erredakzioa honela geratu da:

«40. atala.– Gauzatzea

1.– 32. atalaren a) , d) , e) eta f) idazatietan aurreikusitako diru-sarrerak salbu, Ogasun Nagusiaren eskubide publikoak bilketarako administrazio-prozeduraz gauzatuko dira, Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Diru-Bilketarako Erregelamenduak ezartzen duenarekin bat etorriz, edo kasu bakoitzean ezargarri den zuzenbidez onartutako beste edozein prozeduraz.

2.– Borondatezko ordainketa-aldiaren barruan dirubilketa kudeatzea Autonomi Elkarteko Administrazioaren sailetako organoei eta erakunde autonomiadunei dagokie, beren administrazio-aginpideen arabera, kontrako xedapenik ez badago, arau organikoak ezarri dituen sailaren zuzendaritza eta ikuskaritzapean. Bete beharreko epean diruzaintzaren alorrean aginpidea duen sailari dagokio diru-bilketaren kudeaketa.

3.– Foru-aldundien zerbitzuek 1. lerroaldian aipatutako diru-sarreren bilketa kudeatu ahal izango dute aldundiekin izenpetutako hitzarmenen arabera eta hitzarmenetan zehaztuta bezala. Zerbitzu horiek, era berean, indarreango araudiaren arabera Autonomi Elkarteko Administrazioko sailen edo erakunde autonomiadunenak diren aginpideak burutu ahal izango dituzte. Hitzarmen horiek Gobernu-Kontseiluak onartuko ditu eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

4.– Erakunde publiko edo pribatuekin ere hitzarmenak izenpetu daitezke diru-bilketaren kudeaketa burutzeko. Hitzarmen horiek, aurreko lerroaldian aipatutako izapide berberak bete beharko dituzte eta, herri-erakundeen kasuan, aginpide-eremu berdina izango dute.

5.– 1. lerroaldian aipatutako eskubideen ordainketaren beharra geroratu edo zatikatu daiteke, erregelamenduz ezarritakoaren arabera. Diruzaintza-arloan aginpidea duen sailak ezarritako zenbatekotik gorako zorren ordainketaren gerorapena edo zatikapena gauzatzeko, beharrezkoa izango da bermea jartzea, arauz salbuespena aurreikusten denean edo zorduna herri-administrazioren bat edo zuzenbide publikoaren menpeko erakunderen bat denean izan ezik. Gerorapena edo zatikapena onartzea diruzaintza-arloan aginpidea duen sailari dagokio.

6.– Eskubide pribatuak antolamendu juridiko pribatuaren arabera gauzatuko dira».

Hirugarrena.– Garapena

Gobernuak lege hau garatzeko eta ezartzeko xedapenak emango ditu.

Laugarrena.– Indarrean sartzea

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hileko lehen egunean sartuko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko azaroak hamazortzi.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.


Azterketa dokumentala