Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

39. zk., 1996ko otsailaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Kultura
1014

34/1996 DEKRETUA, otsailaren 13koa, HABEren arau organikoak onartzen dituena.

Azaroaren 25eko 29/1983 Legeak, Helduak Berreuskalduntzeko eta Alfabetatzeko eta Euskaltegiak Arautzekoak ezarri zituen Erakundearen oinarrizko ihardun-egitura eta euskaltegietan gutxienez izan behar zuten gobernu-organoak. Orobat, bere hamaikagarren atalean aginduta dauka HABEren arau organikoek, Zuzendaritza-Batzordeak, bertako batzordeburuaren bitartez proposatuta Dekretuz onartuek erabakiko dituztela, Lege hartan ezarritakoaren arabera, Erakundearen eta honen baitako Helduen euskalduntze eta alfabetatzeko ikastegi edo euskaltegien atal organikoen eraketa eta iharduna.

Era horretan, 1984an aurkeztu zitzaion Jaurlaritza Kontseiluari eta honek onartu zuen HABEren eraketa-garapenaren lehen araua, ekainaren 12ko 188/1984 Dekretuan gauzatua, eta gero irailak 3ko 270/1985 Dekretuko atal batean aldatu zena.

Eraketa organiko horrek bere hartan iraun zuen harik eta martxoaren 29ko 155/1994 Dekretuaren bitartez aldatu zen arte, gero HABEren Zuzendaritza Batzordeko batzordeburuaren 1994ko urriaren 7ko Erabakiak garatu baitzuen. Egitura organiko berri horren ondorioz, nahiz eta asmoa beste bat zen, Erakundeko arloak gehiegi zatikatzea etorri da, eta hori lanaren eragozle gertatu da. Bestalde, Dekretu hark egindako arduren banaketa bera ez dator bat Erakundeari, honek sorreratik dituen helburuak lor ditzan, eman nahi zaion norabide berriarekin. Beraz, HABE Erakunde Autonomoaren arau organiko eta ihardunak berregituratzeko, bidezko da beste Dekretu baten bitartez Erakundean eraketa administratibo berri bat ezartzea, bere egitekoen eremuan Admnistrazioak eta Gizarteak eskatzen dizkioten beharrizanei erantzun diezaien.

Azaldutakoaren ondorioz, HABEko Zuzendaritza Batzordeak hasi eta Kultura sailburuaren proposamenez Lehendakariak onartu ondoren, eta Jaurlaritza Kontseiluak 1996ko otsailaren 13an egindako bilkuran onartu eta aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. atala.- Dekretu honen helburua da, azaroaren 25eko 29/1983 Legean agindutakoaren arabera, honen bigarren atalean azaldutako helburuak lortzeko sortu zuen Helduak Berreuskalduntzeko eta Alfabetatzeko Erakundearen (HABE) eraketa organiko eta funtzionala ezartzea, beste edozein lege-arauk agindu diezaizkiokeenen kalterik gabe.

2. atala.- Erakundea sortzeko Legeak agindu bezala, HABEren gobernu-sailak hauek dira:

a) Zuzendaritza Batzordea

b) Batzorde Akademikoa

c) Zuzendaritza batzordeburua

d) Zuzendari nagusia

3. atala.-

1.- HABEren Zuzendaritza Batzordeak azaroaren 25eko 29/1983 Legearen laugarren atalak ezarritako eraketa izango du eta Lege hartako bertako bosgarren atalak ezarritako egitekoak izango ditu.

2.- Hizkuntza Politikarako sailburuordea izango da Zuzendaritzako buruordea.

3.- Zuzendaritza Batzordea osatzen duten Erakunde eta Instituzioetako ordezkariek, eta hauen ordezkoek, erakunde horiek izendatuak beharko dute izan HABEren helburuekin lotutako egitekoak dituztenen artetik.

4.- Sorrerako Legeak bere 4.6 atalean agindutako ordezkariak HABEren zuzendari nagusiak proposatu eta batzordeburuak izendatuak izango dira gehienez bi urterako.

5.- Zuzendaritza Batzordeko kideek beren batzordekidetza galdu egingo dute izendatuak izatera eraman zituen kargua edo ardura galdu bezain laster.

4. atala.-

1.- Batzorde Akademikoa sorrerako Legeak ezarri bezala egongo da eratua, HABEren zuzendari nagusiaren burutzapean.

2.- Batzorde Akademikoko kide izango dira Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuko arduraduna eta Erakundeko bi teknikari gehienez, zuzenean egiteko akademiko edo pedagogikoak dituztenak eta HABEren Zuzendaritza batzordeburuak proposatu eta Zuzendaritza Batzordeak izendatuko ditu.

3.- Euskaltegietako zuzendarien ordezkaritza HABEren Euskaltegien Errejistroan bildutako Euskaltegi Publiko eta Pribatuen sei ordezkarikoa izango da gehienez.

HABEren zuzendari nagusiari dagokio euskaltegi-mota bakoitzari zenbat ordezkari dagozkion erabakitzea, Euskaltegien Errejistroan bildutakoen artean banatuz. Behin zenbateko hori erabakiz gero, eskari bat zuzenduko die zuzendari nagusiak dagokienei, Batzorde Akademikoan ordezkatuko dituztenak aukera ditzaten. Dagokien taldeek bat har ez badezate, edo ordezkariak izendatzeko eskaria jaso ondoren hilabete bateko epean ordezkarien berri emango ez balute, zuzendari nagusiak berak egingo dio Zuzendaritza Batzordeari proposamen arrazoitu bat, Errejistroan bildutakoetan ikaslerik gehien duten euskaltegien artean ordezkariak aukeratuz, ahalik eta ordezkari posible gehienekin, eta Batzordeak erabakiko du bi talde horietako ordezkariak izendatzea.

4.- Legez ezarrita dauzkan egitekoez gain, beste hauek ere izango ditu Batzorde Akademikoak:

a) HABEren norabide akademiko eta pedagogikoak analizatu eta Zuzendaritza Batzordeari proposatzea.

b) HABEren aginte-organoek arlo akademikoan nahiz pedagogikoan hartutako Erabakiei buruz irizpenak ematea.

c) Euskaltegi pribatu eta publikoen jarraipen eta ebaluaziorako irizpide oinarrizkoak Zuzendaritza Batzordeari proposatzea eta Euskaltegietako irakaskuntzaren arloan irizpenak ematea iritzia eska dakion gai guztietan.

d) HABErengandik edozelako diru-laguntzarik jaso dezaten helduen euskalduntzeko eta alfabetatzeko Ikastetxeen ihardun akademikoa eta irakaskuntza ebaluatzea.

e) Zuzendari nagusiak landuko duen urteko Txostenari buruz iritzi ematea Zuzendaritza Batzordearen eskuetan jarri baino lehen.

f) HABEren ikastaroak gainditzen dituzten ikasleei eman beharreko agiri edo diplomak Zuzendaritza Batzorderari proposatzea, hala behar izanez gero.

g) Aurreikusi gabeko beste edozein, era orokorrean edo berezian Zuzendaritza Batzordeak aginduz gero.

5. atala.- Zuzendaritza batzordeburuari dagokionez, sorrera-legeko 9. atalean ezarritakoa beteko da, eta legeak aurreikusigabeko gauza guztietan, HABEren Zuzendaritza Batzordeak har ditzan erabakiak.

Kargu hori hutsik balego edo karguduna ausente edo gaixorik, HABEren Zuzendaritza Batzordeko buruordeak ordezkatuko du, eta, orobat, honen esku utz ditzake batzordeburuak bere ihardun­alorrean egoki deritzon eginkizun guztiak.

6. atala.-

1.- HABEren zuzendari nagusia da Erakundearen kudeaketa-arduradun ohikoa, eta azaroaren 25eko 29/1983 Legeak ezarri zizkion egitekoez gain, beste hauek ere badagozkio:

a) HABEko langile administratiboen eta Erakundearen goi aginte-sailen arteko ohiko bitarteko izatea eta, era berean, Erakundea atxikita dagoen Administrazio Orokorreko Sailarekiko harremanetarako organo izatea.

b) Erakundeko zerbitzuek burutu beharreko lanaren diseinua eta banaketa eta zerbitzu horien arteko koordinaziorako egoki deritzon neurri guztiak hartzea.

c) Arlo bakoitzeko arauek Erakunde Autonomoetako zuzendariei langile-gaietan ematen dizkieten egitekoak burutzea.

d) Erakundearen diru-sarrera eta gastuen aurrekontuen egikaritzan legeak beste ezein organori esleitu ez dizkion erabakiak hartzea.

e) Kontratazio organo gisa ihardutea.

f) Erakundea sortzeko Legeak aipatzen duen Euskaltegien Errejistroko buru izatea eta bidezko diren inskribapenak egin eta eskatutako ziurtagiriak ematea.

g) Zuzendaritza Batzordeak edo/eta batzordeburuak agindu diezaiokeen beste zeinahi.

2.- HABEren zuzendari nagusiaren kargua hutsik dagoenean edo bera ausente edo gaixorik, HABEren Zuzendaritza batzordeburuak izenda dezan Zerbitzuko buruak ordezkatu ahal izango du.

7. atala.– HABE, bere helburuak betetzeko, honako zerbitzu administratibo hauetan eratuta egongo da zuzendari nagusiaren menpekotasun zuzenean:

a) Hizkuntzaren didaktika Zerbitzua

b) Kudeaketa Zerbitzua

Zerbitzu horiei espreski ezarritako egitekoez gain, zuzendari nagusiak zerbitzu arteko lan-taldeak sortu ahal izango ditu xederen batek hala eska dezanean. Zuzendari nagusiak ezarriko ditu, hala baderitzo, lan-talde horien ihardunerako arauak.

8. atala.- Azaroaren 25eko 29/1983 Legearen hamabigarren atalak ezartzen duen guztirako, Glotodidaktika Aplikatuaren Zerbitzuak Hizkuntzaren didaktika Zerbitzua izena hartuko du, eta, azaroaren 25eko 29/1983 Legearen hamabigarren atal horretan ezarritako eginkizunez gain, beste hauek ere burutuko ditu:

a) Helduen euskalduntze eta alfabetatzeko ikasketa-planak eta curriculumak prestatu, eta orobat HABEren Errejistroan bildutako edo bilduko diren euskaltegietako irakasleak eguneratu eta etenik gabe hezitzeko egitasmoak.

b) Helduen euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren erakunde edo lan-taldeekin elkarlana, heziketa-proiektuak proposatuz eta bere iritzipean jarritako gaiei buruzko txostenak eginez.

c) Euskara hobeto irakatsi eta zabaltzeko behar diren baliabide pedagogiko-didaktikoak programatzea.

d) Euskara hobeto ikasi eta erabiltzeko behar diren baliabideak prestatu eta horiei buruz aholku ematea.

e) Euskara ikasi eta zabaltzeko materialak argitaratzearekin eta banatzearekin zerikusia duten jarduerak.

f) HABEk euskararen ikaskuntza eta erabilerarako ezarritako egitasmo eta norabideen aplikazioan euskaltegi bakoitza aholkatu, jarraitu eta ebaluatzea.

g) HABEk eskuratu beharreko bibliografiari buruz iritzi ematea eta ikuskatzea.

h) HABEren batzordeburuak edo zuzendariak eman diezaion beste edozein.

9. atala.-

1.- Kudeaketa Zerbitzuari dagozkio Erakundeko beste sailei laguntzeko eginkizunak, HABEren egitekoak zuzen bete ditzaten, legearen, ekonomiaren eta orohar prozedura edo/eta administrazioarloan egoki den guztian. Eginkizun horien barnean sartzen da Administrazio Orokorraren zerbitzu bateratuek edo Erakundea atxikita dagoen Sailak bideratu beharreko espedienteen zuzentasuna egiaztatzea ere.

2.- Dena den, Kudeaketa Zerbitzuak honako egiteko hauek burutuko ditu:

a) Erakundearen kontratazio-espedienteen tramitazio administratiboa, dagokien Zerbitzuekin batean. Era berean, Euskadiko Ondarearen Legeak agindutakoaz gain, HABEren jabetzako edo honen esku dauden ondasun demanialen eta patrimonialen inbentarioa edukiko du.

b) Zuzendari nagusiari laguntzea eta Aurrekontuen Anteproiektuen prestakuntzan Zerbitzuak koordinatzea.

c) Zuzendari nagusiari laguntzea aurrekontuen kudeaketa, kontrol eta segimenduan.

d) Langileen lansariak, ordainketak eta beste administrazio-alderdiak kudeatzea.

e) Erakundearen lege-aholkularitza, HABEk, egoki izanda, hartzen dituen xedapen eta burutzen dituen egintza administratiboei buruz, alderdi juridikotik eta lege-arauen ikuspegitik iritzia emanez.

f) HABEren Liburutegia kudeatzea eta bertarako materiala liburutan edo Erakundearen sailetan izan dadin beste edozein euskarritan biltzea, material horien eskuratzea koordinatuz eta horiei buruzko informazioa Zerbitzuei eta kanpoko jendeari emanez.

g) HABEren idazki eta agiriak itzuli edo/eta zuzentzea.

h) Jendeari zuzeneko atentzioa ematea eta Erakundeko Errejistroa eramatea.

i) Azaroaren 25eko 19/1983 Legearen 14. atalak dioen Euskaltegien Errejistroa eramatea, eta Erakundearen helburuek eskatzen dituzten datu-bankuak sortu eta egunean edukitzea.

k) HABEren aginte-organoek agindutako beste edozein.

GEHIGARRIZKO XEDAPENA

Bakarra.- HABEko organo kolegiatuek, beren ezaugarri berezi eta beren burua arautzeko izan dezaketen gaitasunaren kalterik gabe, beren iharduera eta akordioak azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Administrazio Publikoen Errejimen juridikoaren eta Prozedura Admnistratiboarenak, ezarritakoari doituko dizkiote.

Euskaltegi pribatu edo publikoen ordezkaritza duten Zuzendaritza Batzordeak edo Batzorde Akademikoak, Dekretu hau indarrean jarri ondorengo sei hilabeteetan bilerak egin ditzakete ordezkari horiek gabe, artean organo horietako ordezkariak izendatuta ez badaude.

INDARGABETZE XEDAPENA

Dekretu honek martxoaren 29ko 155/1994 Dekretua eta dekretu honetan bertan ezarritakoaren aurkako maila bereko edo beheragoko xedapenak oro indargabetzen ditu.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Kultura sailburuari baimena ematen zaio Dekretu honetan agindutakoa gara eta ezar dezan.

Bigarrena.- Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 1996ko otsailaren 13an.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.

Kultura sailburua,

M.ª CARMEN GARMENDIA LASA.


Azterketa dokumentala