Egoitza elektronikoa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

94. zk., 1995eko maiatzaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Kultura
2037

260/1995 DEKRETUA, maiatzaren 2koa, Euskadiko «Gazte–Txartela/Carnet joven» eratu eta arautzeko dena.

Autonomi Elkarteko Estatutuaren 10.39. atalaren bidez, erantzukizun eta ardura osoa ematen zaio Euskal Autonomi Elkarteari honako arlootan: Komunitate Garapena, Emakumezkoen Babesa, Haur eta Gazteentzako Politika eta Hirugarren Adina.

1981eko martxoaren 23ko Dekretuaren bidez, berriz, Transferentzietarako Batzorde Mistoaren erabakia onartu zen Estatuak zenbait esparrutan, besteak beste, Gazterian eta Suspertze Soziokulturalean zerbitzuak Euskal Autonomi Elkartearen esku utz zitzan irailaren 26ko 3069/1980 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

Gazteri arloko zereginak, ardurak eta eginkizunak Kultura Sailari dagozkio urtarrilaren 3an onartutako 1/1995 Dekretuaren arabera, Dekretu horren bitartez ezarri baitziren Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioaren Sailak eratu, kendu eta aldatzeko moduak baita bakoitzari zegozkion zereginak eta iharduera esparruak ere.

Beste alde batetik, gazteriaren arlo horretan eskuratutako eginkizunak eta ahalmenak garatu eta burutzeko ardura Kultura Sailaren Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritzak du bere esku, halaxe adierazita baitago ekainaren 11n Kultura Sailaren egitura organikoa arautuz onartutako 367/1991 Dekretuaren 14. atalean.

Gaur egun gauza jakina da gehinetan gazteek ahalbide ekonomiko handiegirik ez dutela izaten eta, horrek, zaildu, eragotzi, oztopatu eta, zenbaitetan, erabat galerazi egiten die gazteei gizartean integratzeko posibilitatea eta, beraz, kultura munduan sartzeko bidea ere bai. Egoera hori areagotu egiten da, gainera, krisialdietan eta langabezia handia dagoen garaietan.

Eusko Jaurlaritzaren helburuetako bat Euskadiko hiritarren bizimodua eta bizitza kalitatea hobetzea da.

Hori lortzeko, behar-beharrezkotzat jotzen da Herri Administrazioaren maila guztietan eta gizartea osatzen duten talde, elkarte eta erakundeetan batera ihardutea eta elkarlanean aritzea.

Horrenbestez, Kultura Sailak Gazte-Txartelaren erabilera suspertu nahi du, gazte guztiek diru aldetik abantailak izan ditzaten bai ondasun kultural eta materialetan, bai zerbitzuetan, bai euren bizimodua hobetu ditzaketen gainerako gaietan ere.

Ekimen hau eta Europan, inguruko Herrialdeetan zein Estatuko beste batzuetan egiten direnak ere berdinak dira eta, horrenbestez, ezinbestekoa da haiekin hitzarmenak egitea, gazteek txartela leku gehiagotan erabiltzeko aukera izan dezaten eta eskaintzen zaizkien abantailak eta onurak ere ugariagoak eta zabalagoak izan daitezen.

Dekretu honen bitartez, Euskal Autonomi Elkarteko Gazte-Txartelaren zerbitzuaren funtzionamendua arautzen da, txartel horren bitartez eta gazteen benetako ahalmen ekonomikoa aintzat izanik, kultura, kirol, kontsumo eta aisialdirako ondasun eta zerbitzuak gazteentzako eskuragarriago izan daitezen.

Horrenbestez, Kultura sailburuak proposaturik eta Gobernu Batzordeak 1995eko maiatzaren 2an egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren

XEDATU DUT:

1. atala.- Dekretu honen xedea, Euskadiko «Gazte-Txartela/Carnet joven» eratu eta arautzea da. Eusko Jaurlaritzak Kultura Sailaren Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritzaren bitartez eskainiko die zerbitzu hori Euskadin bizi diren gazteei, era horretara, hainbat abantaila ekonomiko emanez, gazteek zerbitzu eta ondasunak errazago eskuratzeko modua izan dezaten.

2. atala.- Gazte-Txartela agiri pertsonala da eta, beraz, gazte bakoitzak berea erabili beharko du beti. Eusko Jaurlaritzak emango die agiri hori horretarako eskabidea egiten duten gazteei, bete beharreko baldintzak bi hauek izanik: 15 urtetik 25era bitarteko gazteak izatea eta Euskal Autonomi Elkartean bizi izatea.

3. atala.- Gazte-Txartelak bi urteko balioa izango du eta epea, beti, dagokion ihardunaldia abenduaren 31n bukatuko da. Europako Gazte-Txartelen Elkarteak ezarritako epeei egokitzearren edo beste era bateko arrazoiak direla eta, Txartela erabiltzeko epean aldaketarik izanez gero, Kultura sailburuaren agindu baten bidez ezarriko dira epe berriak.

4 atala.- Gazte-Txartela eskuratzeko ordaindu beharko prezioa erraz ordaindu ahal izateko modukoa da. Ordaindu beharreko diru-kopuru hori, abenduaren 28ko 337/1990 Dekretuan ezarrita egoteaz batera, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioaren Tasak eta Prezio Publikoak finkatuz maiatzaren 31n onartutako 3/1990 Legean ezarritako arauetan oinarriturik dago.

5. atala.- Gazte-Txartela eskuratu edo, bestela, berritu nahi izanez gero, bi gauza besterik ez da egin behar: Txartela banatzen duten erakundeei eskatu eta horretarako ezarriko den diru-kopurua ordaindu. Era horretara, besterik gabe, eskuratu edo berrituko da Txartela.

6. atala.- Gazte-Txartela zerbitzuari lotuta abantailak eskaini nahi dituzten erakunde publiko zein pribatuek, Euskal Autonomi Elkartean iharduteaz gainera, laguntza agiri bat sinatu beharko dute Kultura Sailarekin. Agiri horretan adieraziko da zehatz-mehatz txartelaren bidez zein ondasun eta zerbitzu izango diren merkeagoak eta gazteei eskainitako deskontuetan zein baldintza jartzen diren. Programa honetan parte hartu nahi duten erakunde eta dendetan Kultura Sailak banatuko duen ezaugarri edo bereizgarriren bat izango dute denek ondo ikusteko moduan.

7. atala.- Eusko Jaurlaritzak egin beharreko tramite guztiak egingo ditu Gazte-Txartela Europako Gazte-Txartelen Elkarteko kide izateko. Modu horretara, Gazte-Txarteldunek elkarte horretako gainerako kideek dituzten eskubide berberak izango dituzte.

8. atala.- Gainerakoetako eta Lisboan 1987ko uztailaren 1ean egindako Nazioarteko Protokoloari atxikitako Herrialdeetako Txartelek ere izango dute balioa Euskal Autonomi Elkartean.

Dena den, aipatutako bailo hori, beti ere, Dekretu honi jarraituz emandako Gazte-Txartelarekin gainerakoek erakusten duten elkarrekikotasunaren araberakoa izango da.

GEHIGARRIZKO XEDAPEN BAKARRA

Dekretu hau garatu eta gauzatu ahal izateko hartu beharreko erabaki guztiak hartzeko ahalmena izango du Kultura sailburuak.

ALDI BATERAKO XEDAPEN BAKARRA

Dekretu hau indarrean jartzen denetik hasita ematen diren Gazte-Txartelek, 1996ko abenduaren 31ra arteko balioa izango dute.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Honako Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 1995eko maiatzak 2.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.

Kultura sailburua,

M.Ş CARMEN GARMENDIA LASA.


Azterketa dokumentala