Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

142. zk., 1994ko uztailaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
2695

16/1994 LEGEA, ekainaren 30ekoa, Euskal Herriko Natura Babestekoa.

Eusko Legebiltzarrak ekainaren honako Legea onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

16/1994 LEGEA, EKAINAREN 30EKOA, EUSKAL HERRIKO NATURA BABESTEKOA

ATARIKOA

Gaur egungo gizartean, natura gordetzea herritar eta herri-agintaritzaren kezka bilakatu da. Bai norbere ingurutik bai ikuspegi orokorrago batetik begiratuta, natura-baliabideen ustiapen ekonomikoa kontrolik gabe egiten delako, landaredi eta faunako espezieak galtzen ari direlako eta oso egoera onean zeuden naturaguneak hondatuz joan direlako sortu da ardura hori.

Behar-beharrezkoa da gure lurraldeko natura-baliabideak, oinarrizko prozesu ekologikoak eta ingurugiroaren edertasuna gordeko dituen sistema egokia sortzea. Horrexek bermatuko baitu, gure ondorengo belaunaldien ongizatea arriskuan jarri gabe, garapen bateratua izatea.

Lege honen bidez, narriadura dakarten eragileei aurre egiteko asmoz, natura eta bere baliabideak babestuko dituen lege-araubidea ezarri nahi da, arlo desberdinetako politikek osatu eta antolatutako ekonomi eta giza garapenaren prozesuarekin bateragarria izango dena. Horretarako, Euskal Autonomi Elkarteko lurralde osoan behar bezala zaindutako natura-ingurua bermatzera zuzendurik, ezinbestekotzat jotzen da herri-agintaritzaren partehartze eraginkorra.

Araupetze honen helburu diren gaien esparruaren arabera, honako lege honek lege-babesa du Autonomia Estatutuko 11.1 a) atalean ezarritako aginpidean (ingurugiro eta ekologia arloan legegintzaren garapenerako eta Estatuaren oinarrizko legeriaren egiterapiderakoa), lotuta dagoelarik, bestalde, nekazaritza eta abeltzantzari, barne aldeko uretako arrantzari, itsaskiketa eta arrain-hazkuntzari, ehizari eta ibai eta aintzirako arrantzari buruz 10.9 eta 10.10 atalean oharteman diren bakarreango aginpideekin. Aipatu ditugun aginpideen esparruaren barruan, lege hau, Naturaguneak eta Basa Landaredi eta Fauna Gordetzeari buruzko martxoaren 27ko 4/1989 Legearen garapen da. Hain zuzen ere, ingurugiroaren alorrean oinarrizkotzat jotzen diren alderdiak garatzen dira bertan.

Gorago azaldutako aginpideen ondorioz, natura-baliabideak babestu eta gordetzeko geure araudi propioa, objetiboa, gaurkotua, etorkizuneko ikuspegia duena eta gure lurraldearen errealitatera egokituko dena lortu nahi dugu.

Legearen I. idazpuruak helburu nagusi natura gordetzea duten oinarrizko printzipio eta bideak jasotzen ditu, naturatzat oinarrizko prozesu ekologikoak zein bizitzako oinarrizko sistemak gertatzen direneko gunea hartuta. Horrekin, natura-baliabideak behar bezala erabiltzen direla eta dagokien herri-administrazioek ondo kudeatzen dituztela bermatzen da: hain zuzen ere, geroko behar eta helburuei erantzuteko ahalmena galdu gabe, ahalik eta etekin handienak lor daitezen.

II. idazpurua natura-baliabideak antolatzeaz ari da bereziki, Natura Baliabideen Antolamendu Planen bitartez. Legeak, lurralde-antolamendu edo antolamendu fisikorako diren beste edozein bideren aurrean, lehentasuna ematen die plan horiei. Lehentasun-emate hori, izan ere, bat dator gizonak naturan gero eta neurri handiagoan egindako narriadura gelditzeko helburu nagusiarekin; eta, hala, natura babestea eta egoera onera ekartzea errazten dugu.

III. idazpuruak naturaguneak babesteko araubide berezia ezartzen du. Euskal Autonomi Elkarteko lurraldeak, bere pareko diren gizarteekin batera, oso azkar eta inolako antolakuntza egokirik gabe hazi zen ekonomia eta industria izan du, eta haren ondorioak pairatu ditu. Ez baitzen egin naturaguneen egoera tamalgarri hau ekidingo zukeen eta egungo gizarteak aldarrikatzen duen behar bezalako aurrikuspena. Hala eta guztiz ere, geratzen dira guneak, erabat ez bada ere, natura eta ikusmira aldetik balio handiko elementuak gordetzen dituztenak. Lege honek, aurretik egin den beste edozein legeren gainetik legokeen lege-araudia eskaini nahi die direlako guneei; beraz, lege horiek esparru berri honen pean jarri beharko dira. Dena den, lege honek jakin badaki, babesa eman behar zaien lekuen ezaugarri sozioekonomikoak direla eta, babesa hala nola emanez gero, eskuratu nahi diren ondorioen ordez bestelakoak lor ditzakeela. Gune hauetarik asko eta asko, maila sozioekonomiko eskasa duten eta sarritan populaziorik gabe geratzen ari diren tokietan baitaude. Jendegabetze-prozesu hori aldatu beharrekoa da gainera, lurraldeko egitura ekologikoari gizakiaren presentziak eusten dionez. Horretarako, beharrezko da ekonomi eta gizarteko arloek parte hartzea, horrela, natura-baliabideei behar bezalako probetxua ateratzea, naturaguneetako biztanleen onerako izan dadin; azken finean, Autonomi Elkarteko biztanleen onerako. Horrekin gizartearen bidegabekeria bat konpondu nahi da, hiri- eta industria-gune handiei azpiegitura eta zerbitzu gehiago eskaintzeak, gure gizartean, nekazaritza-mundua baztertuena egotea ekarri du eta.

Arlo horretan gure Autonomi Elkartean orain arte jarraitutako politika goian azaldutakoa izan da. Horren adibide ditugu Urkiola eta Valderejo natura-parke izendatzea eta Natura Baliabideen Antolamendu Planak.

Hiru babes-araubide mota ezarri dira bereziki: natura-parkeak, biotopoak eta zuhaitz apartekoak. Horiekin, gure Autonomi Elkarteko naturaguneetan dauden beharrei erantzuten zaie.

Gai horri dagokionez, legeak aginpideak ematen dizkio, batetik, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, babestutako naturaguneak izendatzeko arauak proposatu eta Natura Baliabideen Antolamendu Planak zein Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planak onar ditzan, eta bestetik, foru-organoei, guzti horiek kudea ditzaten. Horrela, bada, azaroaren 25eko 27/1983 Legeari eutsiz, lurralde historikoetako foru-organoen aginpideekiko begirunea bermatzen da.

Natura-parkeen antolakuntzari dagokionez, Natura Baliabideen Antolamendu Planak Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planekin osatuko dira.

Lege honek Euskal Autonomi Elkarteko Babestutako Naturaguneen Sarea sortzen du. Sare horretan, lege honen bidez hala izendatu diren babestutako guneak jasoko dira. Sarearen xedea, Euskal Autonomi Elkarteko ekosistema eta naturako erakuntza nagusienen erakusgarri izatea eta kudeaketarako sistema orokorrak koordinatzea izango da.

IV. idazpuruak basa landaredi eta faunako espezieak gordetzea bermatzeko behar diren neurriak ezartzen ditu, galtzeko arriskuan dauden espezieei arreta berezia eskainita. Hori dela eta, Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda sortzen da, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendean.

Ehiza- eta arrantza-baliabideak arautzen dira. Horrela, zerrendatutako espezieak harrapatzea debekatzen da; eta ehizako lizentziaren jabe izateko arautuko diren gaitasuna eta ezagupena aldez aurretik egiaztatzea beharrezkoa izango da. Lizentzia eman duen foru-organoa bat edo beste delarik ere, Euskal Autonomi Elkarte osoan iharduera horiek burutu ahal izateko bidea emango duen ehiza eta arrantzarako lizentzia eratuko da.

Foru-organo bakoitzak, bere lurraldean, ehiza- eta arrantza-baliabideetatik ateratako aprobetxamenduen arautegia egingo du. Beti ere, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantzu Sailak egingo duen koordinazioaren mendean.

Bestalde, ehiza- eta arrantza-eremuetan ehiza- eta arrantza-baliabideetatik aprobetxamendua atera baino lehen, egin daitezkeen harrapaketa-motak eta -kantitateak zeintzuk izango diren zehaztuko dituen Antolamendu Plan Teknikoa egotea behar-beharrezkoa izango da.

V. idazpuruak, azkenik, lege honetan ohartemandakoari dagokion hauste eta zigorren araubide ezinbestekoa ezartzen du. Bertan, arau-hauste mota bereziak aurrikusten dira, eta ehiza, arrantza eta basogintzarako arlokako legedia ezar daitekeela gaineratzen du.

I. IDAZPURUA

ERABAKI OROKORRAK

1. atala.-

1.- Lege honen helburua Euskal Autonomi Elkarteko natura babestea eta gordetzea da, horretarako oinarrizko printzipioak eta beharrezko bitartekoak jarririk, eta ondokoak ziurtatzeko asmoz:

a) Herritarrek natura-baliabideak modu egokian erabiltzea; hots, espezieen eta ekosistemen aprobetxamendua jarraia izatea, eta haiek berroneratzea eta hobetzea bermatzea.

b) Ikusmiraren eta natura-ekosistemen aniztasuna eta berezitasuna gordetzea, eta interes geologikoa duten eremuen babesa.

c) Funtsezko prozesu ekologikoak eta basa fauna eta landarediko espezieen habita tak zaintzea, aniztasun genetikoa bermatu ahal izateko.

d) Natura-ondareak, berez, ekoizteko duen gaitasuna, bere horretan mantentzea.

2.- Aurreko idazatikoak bete ahal izateko, lege hau Euskal Autonomi Elkarte osoan jarriko da indarrean, bere aginpideko diren lurraldean eta itsasaldeetan.

2. atala.-

Aurreko atalean ezarritako arauak burutu ahal izateko, Euskadiko herri-administrazioak arduratuko dira aginpidea duten alorretan dauden baliabideen kudeaketa ondorengo printzipioak kontuan izanik eginarazteaz, edozein delarik ere berorien titularitatea eta lege-araubidea:

a) Natura-baliabideak modu egokian kudeatzea, gaur egungo belaunaldientzat ekonomian, gizartean eta ingurugiroan ahalik eta etekin handienak ekoizteko. Beti ere, hurrengo belaunaldien asmoak eta beharrak bete ahal izateko adina egoteko moduan.

b) Lurra gorde eta babestuz erabiltzea, emankortasuna gutxitu eta kaltetu gabe.

c) Horretarako baliagarri diren lurren nekazaritzako erabilera bermatzea. Ahalmen biologikoari eta ekoizpen ahalmenari eusteko moduko nekazaritza-teknikak (nekazaritzakoak, abelzaintzakoak eta basogintzakoak) erabiliko dira, inguruko ekosistemekiko begirunez eta jabegoaren funtzio soziala aintzat hartuz.

d) Ur-baliabideak isurketetatik babestu egin beharko dira. Berez garbitzeko duten ahalmena gorde eta hobetu behar da, eta fauna eta landaredia babestu.

e) Landaredia gorde egin behar da. Basoak, landare-multzoak, palaxuak eta ibai ertzetako landaredia batik-bat; mendiko baso-aprobetxamendua modu antolatuan egin beharko da, beharrizan sozioekonomikoen arabera, eta gutxieneko inpaktu ekologikoa sor dezakeen inguruneetan bultzatu.

Landaredi barik utzi diren eraikuntza gabeko lur-sailetan ahalbait lasterren aldatu beharko dira landareak, beti ere inguruari dagozkion ezaugarriak aintzat hartuta.

f) Basa fauna eta landaredia arretaz zainduko dira, natura-ondarearen zatitzat. Arriskuan dauden espezieak gordetzen eta berreskuratzen ahalegin berariazkoak egin beharko dira.

g) Itsas baliabideak denon aberasgarri dira eta Euskal Autonomi Elkartearen zerbitzuan egon beharko dute. Hortaz, baliabideon erabilera, ekonomi ustiaketa bidezko eta eraginkorraz, etekinik handiena lortzearren bideratuko da. Ustiaketa, bada, espezieak gordetzea eta herriaren ongizatearen hazkundea bat etortzeko moduan egin beharko da.

h) Azpiegitura-lanek, eta eraikuntzek oro har, horien inpaktua onartzeko modukoa bada, natura eta ikusmirari egokituak behar dute izan.

i) Natura aztertzea bultzatuko da eskola-umeengan, baita hezkuntza- eta zientzia-egitasmoak burutzea ere, natura bera hobeto ezagutu eta gordetzeko.

j) Natura-inguruneaz kultura eta aisialdirako gune bezala baliatzea eta gozatzea bermatuko da.

k) Lege hau ezartzean gertatutako irabazi-murrizketen kalte-ordainak bermatuko dira.

3. atala.-

Honako lege honen printzipioak eta helburuak aurrera eraman ahal izateko ondoko berariazko tresnak ditugu:

a. Natura Baliabideen Antolamendu Plana.

b. Babestutako naturaguneen izendatzea.

c. Arriskuan dauden Espezieen Zerrenda.

II. IDAZPURUA

NATURA BALIABIDEEN ANTOLAMENDUAZ

4. atala.-

1.- Herri-administrazio aginpidedunek planifikatuko dute natura-baliabideen erabilera, horien kudeaketa lege honen I. idazpuruan adierazitako printzipio eta helburuetara egokitzeko asmoz.

2.- Planifikazio horren tresna dira Natura Baliabideen Antolamendu Planak. Plan horiek ondorengo zehaztapenak izango dituzte:

a) Antolatu behar den lur-esparruaren mugak eta bertako ezaugarri fisiko eta biologikoen deskripzioa eta interpretazioa.

b) Lur-esparru horretako natura-baliabideak, ekosistemak eta ikusmirak zein egoeratan gorde diren. Egoera horren diagnostikoa egin eta etorkizunerako aurrikusitakoa zehaztu beharko da.

c) Gorde beharreko diren gune eta espezie babestuen arabera, eta lurraldeko zatiketaren arabera, erabilera eta ihardueretarako ezarri behar diren muga orokor eta bereziak.

d) Lege honetan jarritako zein babes-araubide ezarri behar den, hala badagokio. Kasuan kasuko lurralde-mugak zehaztu behar dira.

e) Arlokako politikak bideratu eta iharduera ekonomiko eta sozialak, publikoak nahiz pribatuak, antolatzeko erreferentzia-irizpideak zein diren.

f) Inpaktu ekologikoaren balioespeneko araubideari lotuta dauden iharduerak, lanak edota instalazio publiko nahiz pribatuak zein diren.

g) Antolamendu Plana ezartzeak ematen duen emaitzaren Jarraipena egiteko Plana.

5. atala.-

1.- Natura Baliabideen Antolamendu Plan bakoitzak hura onartzeko arauan berariaz zehaztutako iraupena izango du.

2.- Natura Baliabideen Antolamendu Planak beren onarpenerako jarraitutako prozeduraren bidez aldatu eta/edo gaurkotu daitezke, baldin idaztekoan nagusi izan ziren irizpide eta helburuak aldatzen badira, edota baldin antolatzekoak ziren lurralde-esparruen egoera ekonomiko, sozial edo naturalek hartara behartzen badute, eta baita Jarraipen Planak aholkatzen badu ere.

6. atala.-

1.- Natura Baliabideen Antolamendu Planen efektuak norainokoak izango diren, euren onarpen-arauek ezarriko dute.

2.- Natura Baliabideen Antolamendu Planak derrigorrezko eta bete beharrekoak izango dira lege honetan araututa dauden gaietan, eta bere erabakiek lurralde-antolamenduko zein antolamendu fisikorako diren beste edozein bide mugatzen dute. Era berean, azken horien erabakiek ezin izango dituzte lege honetakoak aldatu. Dauden lurralde-antolamenduko edota antolamendu fisikorako bideak, Natura Baliabideen Antolamendu Planekin bat ez badatoz, berauetara egokitu beharko dira behin-betiko onartzen direnetik urtebete baino lehenago.

Egokitzapena bete bitartean, plan hauen erabakiak ezarriko dira; beti ere, dauden lurralde-antolamendu edota antolamendu fisikorako bideen gainetik egongo direlarik.

3.- Orobat, aipaturiko planok erakusle izango dira arlokako beste edozein ihardueratan, planetan edo egitarauetan, eta beren erabakiak besterik ezean ezarriko dira, aurreko idazatian jasotakoa salbu.

7. atala.-

Natura Baliabideen Antolamendu Planak onartu eta eratzeko prozedura ondoko arauetan zehazturikora egokituko da:

a) Natura Baliabideen Antolamendu Planak onartu eta eratzea Eusko Jaurlaritzari dagokio.

Behin prozedura hasita, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, bere ekimenez edota doakionak eskatuta, planaren aurreko agiria idatziko du. Bertan, dagokion lur-esparruko natura-baliabideak antolatzeko helburuak eta egiterapideak zehaztuko dira.

Esandako prozedura bultzatzeko norbanakoen ekinbideak, edota publikoak, sail horrek bideratu beharko ditu. Ekinbide horietan, gutxienez, dagokion lurralde geografikoa zein den zehaztuta agertuko da; bai eta, proposatzailearen ustez, plana eratzeko dauden arrazoiak azaltzen dituen txostena ere.

b) Agiri honi buruz, dagokien foru-aldundiek txostena egin beharko dute aldez aurretik. Ondoren, interesdun guztiei (dela leku horretako interes sozialen titularrei, dela 2. Idazatiko printzipioak bete nahi dituzten elkarteei, dela antolatzekoa den lurraldeko udal eta toki-erakunde txikiagoei) entzuteko izapidea bete beharko da.

c) Aurreko izapidea bete ondoren, eta hilabete baino lehenago Consejo Asesor de Conservación de la Naturaleza del País Vasco-Naturzaintzaren txostena jasotakoan, agiri horrek lehenengo onarpena izango du, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren aginduz.

d) Natura Baliabideen Antolamendu Plana lehenengoz onartu ondoren, jendaurrean jarriko da hirurogei egunetan.

Idatzi duen sailak, jendaurrean jartzearen emaitzak ikusirik, behin-behineko onespena erabakiko du, legozkiokeen aldaketak kontuan hartuta. Aldaketok aurretiaz aprobatutako planean irizpideen eta irtenbideen funtsezko aldaketa ekarriko balute, berriro bete beharko litzateke jendaurrean jartzeko izapidea, behin-behineko onespena eman aurretik, ordura arteko baldintza berberetan.

e) Behin-behineko onespena emanda, Natura Baliabideen Antolamendu Planak Euskal Autonomi Elkarteko Lurraldearen Antolamendurako Batzordearen txostena jaso beharko du. Espedientea jaso eta handik hiru hilabetera emango da aditzera aipatu txostena.

Natura Baliabideen Antolamendu Plana, Babestutako Naturguneen Sarean bildu ez den baina Lurraldearen Antolamendurako Egiterapideetan sarturik dagoen gune bati badagokio, Batzordearen txostena lotaraztekoa izango da proposaturiko mugaketari doakionez.

f) Nekazaritza eta Arrantza Sailaren proposamenari jarraituz, Eusko Jaurlaritzari dagokio Natura Baliabideen Antolamendu Plana behin-betiko onestea. Onespena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den dekretuaren bidez egingo da.

g) Natura Baliabideen Antolamendu Planaren onespenak Lurraldearen Antolamendurako Egiterapideak aldatuko balitu, berauek egokitu beharko lirateke aipatu antolamendu-planean ezarritakora, Euskadiko Lurraldearen Antolamendurako Legean ezarritako prozeduraren arabera.

8. atala.-

Litekeena da, Natura Baliabideen Antolamendu Planak, Lurraldearen Antolamendurako Egiterapideetan zehaztuta dagoen Babestutako Naturaguneen Sarean jasota ez dagoen gune bati eragitea. Halakoetan, aurreko atalean ezarritako prozedura egiteko, beharrezko litzateke, aldez aurretik, Jaurlaritzako Kontseiluak Lurraldearen Antolamendurako Egiterapideen aldaketa egokia onartzea, bi tresna edo bide horiek bat datozela ziurtatzeko.

Jaurlaritzako Kontseiluari egin beharreko proposamenak batera egin beharko dituzte Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak.

9. atala.-

1.- Natura Baliabideen Antolamendu Plan bat onartzeko bideei ekin ondoren, ezin izango dira egin planaren helburuak betetzeko oztopo txiki nahiz handi izan daitezkeen ekintzak, baldin eta horiek aldaketa nabarmena eskatzen badute errealitate fisiko eta biologikoan.

2.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Nekazaritza eta Arrantzu sailburuaren aginduz ihardunbideari ekiteko erabakia hartu ondoren, errealitate fisikoa eta biologikoa aldatzeko ekintzak ahalbidera litzakeen inolako baimen, lizentzia edota kontzesiorik ezin izango da eman, plana kudeatzeko aginpidea duen foru-organoaren onespen-txostena ez badu, behinik-behin. Txosten hau ezezkoa izango da, baldin eta hartara bideratutako espedientean ziurtatzen bada aipatu ekintzek ezinezko edo nabarmenki zail bilakatuko luketela planaren helburuak lortzea.

3.- Baimena eman duen administrazioak, bere ekimenez edo aurreko idazatian aipatutako foru-organo aginpidedunaren eskariz, foru-organo horri berari eskatuko dio hilabete baino lehenago txosten hori egitea eta izapidetutako espedientearen kopia bidaltzea.

4.- Baimen, lizentzia edo kontzesioa emateko prozedura aurrera jarraitzea eragozten duen aipatu espedienteko erabakiaren aurka, indarrean dagoen legediak aurrikusten dituen errekurtsoak jarri ahal izango dira.

5.- Foru-organo aginpidedunak ekintza materialak edota izatezkoak geldiaraziko ditu, baldin euren berri badu eta baldin lehenengo idazatiko egoerak suertatzen badira.

III. IDAZPURUA

BABESTUTAKO NATURAGUNEEZ

I. ATALBURUA

ERABAKI OROKORRAK

10. atala.-

Babestutako naturagune izenda daitezke ondoko baldintzetako bat edo batzuk betetzen dituzten inguruak:

a) Elkarteko ekosistemen, ikusmiren edo eraketa geologiko zein geomorfologikoen erakusgarri izatea.

b) Ekosistemen egungo egoera gordetzekoan eragin nabaria izatea: hots, prozesu ebolutiboen jarraipena, espezieen migrazioak eta natura-inguruaren eginkizun ezberdinen orekaren jarraipena ziurtatzea.

c) Oinarrizko prozesu ekologikoei eusteko garrantzi handiko egitekoa betetzea.

d) Leku horrek landare- eta animalia-komunitateak gordetzeko aukera eskaintzea, horrela edozein espezie galtzea eragotziz edo material genetikoaren lagin bereziei eutsiz.

e) Toki horrek galtzeko arriskuan dauden edo nazioarteko hitzarmen edo berariazko erabakien bidez babes berezia eman zaien naturako habitat-en laginak egoera onean gordetzea.

f) Arriskuan dauden espezietzat zerrendatutako animalia- edo landare-populazioak, edo nazioarteko hitzarmenen berariazko erabakien arabera babes berezia behar dutenak, izatea bertan.

g) Bitxi edo aparteko diren elementu naturalak edukitzea.

h) Aukera ematea ikerketa zientifikorako, natura-inguruaren interpretaziorako edo ingurugiroko parametroen kontrol eta azterketarako.

i) Ezaugarri ekologiko egokien jabe eta inguruko garapen antolatuaren elementu suspertzaile direla eta, inguruko komunitateen eta herrien aurrerapenean lagundu ahal izatea.

j) Naturaguneko balio kultural, historiko, arkeologiko eta paleontologikoak oinordetza kulturalaren balio handiko erakusgarri izatea.

k) Balio kultural handiko edo edertasun bereziko landa-ikusmira osatzea, edota ikusmira orokorraren barnean elementu apartekoak eta erakusgarriak izatea.

II. ATALBURUA

BABESTUTAKO NATURAGUNEEN SAREA

11. atala.-

1.- Lege honen arabera ezarritako naturagune babestuek osatuko dute Euskal Autonomi Elkarteko Babestutako Naturaguneen Sarea, eta ondoko helburuok izango ditu:

a) Babestutako naturaguneen kudeaketarako sistema orokorrak koordinatzea.

b) Babestutako naturaguneak kanpoan ezagutaraztea, era homogeneo eta bateratuz.

c) Naturaguneak eta basa bizitza gordetzeari buruzko Estatuko eta nazioarteko egitarauetan esku hartzea.

d) Informazioa trukatzea beste sare- edo babes-sistemekin; halaber, natura babestu eta gordetzeko sortutako nazio zein nazioarte mailako erakundeekin.

2.- Aurreko idazatian jarritako helburuak betetzeko eginbeharrak Eusko Jaurlaritzari dagozkio, babestutako naturaguneak kudeatzeko ardura duten foru-organoekin batera.

12. atala.-

1.- Euskal Autonomi Elkarteko Babestutako Naturaguneen Sarearen Errolda sortzen da. Bertan, Autonomi Elkartekoak diren gune guztiak sartuko dira.

2.- Orobat, lurralde historiko bakoitzean Babestutako Naturaguneen Errolda sortuko da. Bertan, kudeatzea dagokien babestutako naturagune guztiak sartuko dira.

3.- Erroldak publikoak izango dira, izaera administratibodunak, eta betekizuna informatzea izango dute.

4.- Sareko naturaguneak erroldan idaztea Administrazioak bere kabuz egingo du, eta ondoren zehazten den gutxieneko informazioa jaso beharko da:

a) Izendatzeko lege-araua.

b) Lurralde-esparruaren zehaztapen hitzez hitzeko eta kartografiko zehatza.

c) Lurraldearen informazio administratibo eta legezkoa.

d) Dagokion planifikazio-, antolamendu-, erabilera- eta kudeaketa-bidea.

III. ATALBURUA

BABESTUTAKO NATURAGUNE MOTAK

13. atala.-

Babestutako naturaguneek honako maila hauetako bat izango dute:

a. Natura-parkea.

b. Biotopo babestua.

c. Zuhaitz apartekoa.

14. atala.-

Natura-parkeak gizakiaren ustiaketa eta presentziak asko aldatu ez dituen tokiak dira. Ikusmiren edertasunak eta ekosistemen izaera erakusgarriak, edota landaredi, fauna nahiz eraketa geomorfologiko apartekoak bereizten ditu. Hala bada, herri-agintaritzaren aldetik lehentasuneko ekintza-bideak behar dituzte, bi helburu bateratu ahal izateko: batetik, natura-baliabideen aprobetxamendu antolatua eta erabilera publikoa; eta bestetik, balio ekologiko, estetiko edo heziketakoak gorde edo berriz oneratzea.

15. atala.-

Biotopo babestuak, lege honen ondorioetarako, oinarrizko legeetan natura-erreserba, natura-monumentu eta babestutako ikusmira izena ematen zaien naturaguneak dira. Bakan, hauskor, garrantzitsu edo aparteko izateagatik berebiziko balioespena merezi duten ekosistemak, komunitateak, elementu biologikoak, interes geologikoa duten guneak eta natura-inguruneko toki jakinak eta eraketa apartekoak, bakanak, bereziki ederrak edo interes zientifiko nabarikoak babesteko sortuak dira biotopo babestu horiek.

Biotopoetan mugatu egingo da baliabideen ustiaketa, salbu eta batera lor badaitezke babestu nahi diren balioak gordetzea eta ustiaketa bera.

16. atala.-

Zuhaitz aparteko, ezaugarri ez-ohizko edo nabarmenengatik (tamaina, adina, historia, edertasuna, kokapena eta abarra dela eta) babes berezia merezi duten zuhaitz-aleei deritzegu.

IV. ATALBURUA

BABESTUTAKO NATURAGUNEEN IZENDATZEA

17. atala.-

1.- Babestutako naturaguneak Eusko Jaurlaritzaren dekretuz izendatuko dira, Consejo Asesor de Conservación de la Naturaleza del País Vasco-Naturzaintzak aldez aurretiko txostena burutu ondoren.

2.- Babestutako naturaguneetan babeserako inguru periferikoak jarriko dira, kanpoko eragin ekologiko eta ikusmirakoak saihestearren. Orobat, inguruotan, helburuak bete ahal izateko beharrezko mugapenak ezar daitezke.

3.- Naturagune babestuaren izendatzeak lege honetan bertan ohartemanda dauden motetako bat hartuko du. Hala eta guztiz ere, naturagune babestu izendatze horrek ez du galarazten bertako zenbait lekutan ohartemandako beste mota batekin bat letozkeen babesguneak sortzea.

18. atala.-

Natura-parkea izendatzeak inguru horretako Natura Baliabideen Antolamendu Plana aldez aurretik eratzea eta onartzea eskatzen du. Halaber, biotopo babestuak izendatzeko ere baldintza hori berori eskatuko da. Biotopo babestuak ekosistemak, komunitateak edo elementu biologikoak babestearren sortuak dira. Babesgai horiek, beti ere, beren bitxitasuna, hauskortasuna, garrantzia edo apartekotasuna dela eta, balioespen berezia merezi beharko dute, aldez aurretik egindako txostenaren arabera.

19. atala.-

Biotopo babestu edo zuhaitz aparteko izendatzeak horiek era egokian babesteko beharrezkotzat jo dadin lur-eremua eta horietan eragina izan dezaten erabilera eta aribideak araupetzeko araudia izango ditu. Izendatze-dekretua egiteko prozeduraren barruan, interesdunei entzun beharko zaie; eta, halaber, kontsultatu egin beharko zaie eragindako gizarte- eta erakunde-interesen titularrei, eta horien lankidetza lortzen saiatu.

20. atala.-

1.- Gune bat babestu izendatzeak bere erabilera publikoa dakar berekin, bai doakien ondasun eta eskubideak jabegabetzeari dagokionez, bai, babesturiko lurretako zatiek pertsona bizidunen arteko eskualdatze onerosoak izatean, administrazio kudeatzaileak tanteo- eta erretrakto-eskubideak gauzatzeari dagokionez.

2.- Aurreko idazatian ohartemandako tanteo- eta erretrakto-eskubideez baliatzea araudi bidez arautuko da.

21. atala.-

Nahitaezko jabegabetzearen legedian jaso bezala, jabetza pribatuaren edo eskubide eta interes patrimonial bidezkoen banakako gabetzeak, edozein delarik ere burutzeko modua, berekin dakar, titularrentzat, dagokien kalte-ordaina lortzeko eskubidea.

22. atala.-

1.- Babestutako naturaguneei eusten lagundu eta eraginik jasan duten herriei ordaina emateko, eragin sozioekonomikoko esparruak ezarriko dira. Esparruok naturagunea dagoen udalerrietan kokatuko lirateke, bai eta babeserako inguru periferikoetan ere, egon baleude.

2.- Herri-administrazio aginpidedunek 36. atalak aipatutako ekinbide-egitarauak egingo dituzte eragin sozioekonomikoko esparruetarako.

3.- Babestutako naturaguneek osotara edo zati batez beren barruan hartzen dituzten toki-erakundeei besteei baino lehenago emango zaie eremu horiek kudeatzeko eman beharreko zerbitzuen kontsezioa.

V. ATALBURUA

MUGAKETA ETA ALDAKETAK

23. atala.-

1.- Babestutako inguruen mugaketa Administrazioaren beraren ekimenez edo zuzenean doakielako baldintza egiaztatzen duten herritar edo erakundeen eskari arrazoituz, hitzartu eta gauzatuko da.

2.- Lurren mugaketa baino lehen, gutxienez hamabost egun aurretik, administrazio esku-hartzaileak mugaketa hori iragarriko du (doakion lurralde historikoko agintaritza-aldizkarian argitaratu eta doakien udal eta toki-erakundeetan manu-agiria jarriz), legez doakienak mugaketara aurkeztu ahal daitezen.

3.- Babestutako inguruetan mugarriak jartzea, beharrezko balitz, behin-behinekotasunez burutuko da muga-lerroari jarraituz.

4.- Babestutako guneen mugak herri-basoekin, herriaren itsas nahiz lur-jabetzekin edo udal-lurren mugekin berariaz bat etorrarazi direnean, kasu bakoitzerako dagoen mugaketa-araudi zehatza ezarriko da.

24. atala.-

1.- Babestutako naturaguneetako muga barruetan dauden lurrek derrigorrezko zorra izango dute ezagutaraziko dituzten seinaleak jartzeko.

2.- Seinaleak jartzeko zorrak zorraren mende diren lur-sailei, batetik, igarobidea uzteko beharra dakarkie; eta bestetik, seinaleok ezarri, mantendu eta erabiltzeko lanak egiten uzteko beharra.

3.- Zorra izendatu eta ezartzeko, nahikoa titulu izango da dagokion espedientea izapidetu eta erabakitzea. Espedientean, doakienei entzunda, zorra ezartzeko komenientzia eta behar teknikoaren arrazoiak emango dira.

4.- Nahitaezko jabegabetzearen legedian jaso bezala, seinaleak jartzeko zorra inposatzeak berekin dakar dagokion kalte-ordaina.

VI. ATALBURUA

KUDEAKETA

25. atala.-

1.- Foru-organo aginpidedunek kudeatu beharko dituzte babestutako naturaguneak. Kudeaketa hori lege honek ematen dituen irizpide eta bere oinarrizko aurrikuspenen araberakoa izango da, foru-administrazio aginpidedunak, orokor eta zehazki, erabakitako era eta administrazio-bideak erabiliz.

2.- Babestutako naturagune bat lurralde historiko bi edo gehiagotan hedaturik egonez gero, kudeaketa foru-administrazio aginpidedunek erabakitako moduan gauzatuko da.

26. atala.-

Naturaguneak kudeatzeko organoek honako eginkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Urtero kudeaketaren egitarau eta aurrekontua eratzea. Natura-Parkeen kasuan, horien onarpena Zaingo Batzordeak eman beharko du, 34. atalean ezarrita dagoenaren arabera. Agiri horietan, leudekeen Natura Baliabideen Antolamendu Planen erabakiak aurrera eramatea aurrikusi beharko da.

b) Bertako zerbitzuetatik jasotako dirutzak eta kanpotik jaso ditzaketen baliabideak administratzea.

c) Babestutako naturaguneen babeserako arauak gune horien barruan bete daitezen zaintzea. Babeserako arau horiek Natura Baliabideen Antolamendu Planean edo, hala badagokio, babestutako naturagunearen izendatze-arauan aurrikusita daudenak dira. Orobat, naturagunea kudeatzeko organoak bidezko diren txosten eta baimenak egin beharko ditu.

d) VI. idazpuruan aurrikusitako zigortze-ahalmena egiteratzea.

e) Indarrean dagoen legedian, Natura Baliabideen Antolamendu Planetan eta Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planetan aurrikusita dagoen beste edozein eginkizun.

27. atala.-

Behin gune bat natura-parke izendatuta, eta dagokion Natura-Baliabideen Antolamendu Plana onartu eta urtebetera, haren egiterapideekin bat etorriz, Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana eratuko da. Zuzentzeko plan horrek, gutxienez, honako edukia izango du:

a) Dagokion naturagunea kudeatzeko arau, egiterapide eta irizpide orokorrak.

b) Naturagunean burutuko diren ekonomi eta aisialdi-iharduerak antolatzeko arauak.

c) Inguru horretako babesa, gordetzea, ikerkuntza, naturaren fenomenoen interpretazioa, ingurugiro-heziketa, erabilera publikoa, bisitariek gozatzea, parkeko bertako edo haren eraginpeko inguruko komunitateen aurrerapen sozioekonomikoa kontuan hartuz, eremuari dagozkion helburu zehatzak garatuko dituzten egitarauak eratzeko egiterapideak.

d) Parkearen sorreraren arrazoi izan ziren gordetze-helburuekin bat etorriz, beharrezkotzat jotzen den beste edozein puntu.

28. atala.-

Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planek bost urteko indarraldia izango dute. Behin epe hau bukatuz gero, lege honetan aurrikusitako onartze-izapideei jarraiki berraztertuko dira derrigorrez.

29. atala.-

Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planak eta haien aldaketak eratzeko eta onartzeko prozedura honako hau izango da:

a) Hasierako agiria kudeaketaren arduradun den foru-organoak eratuko du.

Agiri hori udal eta toki-erakunde txikoagoen, lekuko gizarte-interesak ordezkatzen dituzten elkarteen eta Consejo Asesor de Conservación de la Naturaleza del País Vasco-Naturzaintzaren txostenen mende jarriko da. Gehienez bi hilabeteko epean egin beharko dira txosten horiek.

b) Aurreko izapidea burutu ondoren, plana egin duen foru-organoak natura-parkearen Zaingo Batzordearen esku jarriko du plana onartzea.

c) Zaingo Batzordeak behin egitasmoa onartu ondoren, edo bi hilabeteko epean plan osoaren edo zatiren baten aurka agertu ez bada, foru-organoak onartu egingo du Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana. Hasierako onarpena izango da.

d) Behin hasierako onarpena eman ondoren, Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana hirigintza alorrean aginpidea duten Eusko Jaurlaritzako organoen eta eragindako foru-aldundietakoen derrigorrezko txostenen mende jarriko da. Txosten horiek hilabeteko epean egin beharko dira.

e) Foru-organo aginpidedunak parkearen helburu zehatzak garatu ditzaten egitarauak egiteko arteztarauak eta parkearen kudeaketarako egiterapide, irizpide eta jokamolde orokorrak behin-betiko onartuko ditu eta Nekazaritza eta Arrantza Sailari aurkeztuko dio plana. Sail horrek Eusko Jaurlaritzari aurkeztuko dio, araupidezko atala dekretuz onar dezan.

f) Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren araupidezko atala onartzen duen dekretuak foru-organo aginpidedunak onartutako arteztarau, irizpide eta jokamoldeak plan horren eraskin gisa argitaratzeko agindua emango du.

VII. ATALBURUA

EL CONSEJO ASESOR DE CONSERVACIÓN DE LA NATURALEZA DEL PAÍS VASCO-NATURZAINTZA

30. atala.-

1.- Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikirik, Consejo Asesor de Conservación de la Naturaleza del País Vasco-Naturzaintza sortuko da, alor honetan aholku emateko baltzuango lankidetza-organo delarik.

2.- Honako hauek dira Naturzaintzaren eginkizunak:

a) Babestutako naturaguneen kudeaketaren emaitza eta estrategiari buruz, urtero txostena egitea.

b) Naturzaintzari dagozkion alorretako proposamenak aurkeztea eta txosten eta ebazpenak egitea, bai berezko ekimenez, bai Legebiltzarrak, Eusko Jaurlaritzak edo foru-aldundiek hala eskatuta.

c) Lege honen aginduekin bat etorriz, babestutako gune berriak izendatzeko egitasmoei buruzko txostenak egitea.

d) Eusko Jaurlaritzaren ustez natura babestearen alorrean garrantzi nabarmena duten lege-aurreegitasmoei buruzko txostenak egitea.

e) Autonomi Elkarteko babestutako naturaguneak hobeto kudeatzea eta babestea ekarriko duten ekintzak proposatzea.

f) Lurraldearen kudeaketan ardura duten administrazioen arteko koordinazioa sustatu eta laguntzea, baliabideek babes handiagoa izan dezaten.

g) Natura gordetzeko, ikerketa zientifikorako eta naturaren zabalkunde eta hedapenerako heziketa sustatzea.

3.- Txostenak ematea eta gomendioak eta proposamenak egitea ez dira lotaraztekoak izango.

4.- Naturzaintza, erakundeetako ordezkariek zein naturaren kudeaketa, babes, ikerketa edo ezagutzaren alor desberdinetan izen handiko aditu direnek osatuko dute.

Honela osatuko da:

a) Babestutako naturaguneek eragina izan duten udal edo toki-erakundeetako lurralde historikoko ordezkari bana.

b) Nekazaritza eta Arrantza Saileko ordezkari bat.

c) Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko ordezkari bat.

d) Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkari bat.

e) Foru-aldundietako ordezkari bana.

f) Autonomi Elkartean natura gordetzea eta ikertzea helburu duten elkarteen ordezkari bat.

g) Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburuak hautatuko dituen izen handiko hiru aditu.

h) Euskal Autonomi Elkarteko nekazaritza-sindikatuen ordezkari bat.

i) Euskal Autonomi Elkarteko baso-zaleen elkarteetako ordezkari bat.

5.- Nekazaritza eta Arrantza sailburua edo hark izendatutako ordezkaria izango da Naturzaintzko buru.

6.- Naturzaintzak bere barne-iharduerarako araudia eratuko du.

VIII. ATALBURUA

ZAINGO BATZORDEAK

31. atala.-

1.- Natura-parkeetan Zaingo Batzorde izeneko aholkua emateko eta laguntzeko organoa egongo da, natura-parkeko kudeaketa-organoaren barruan egongo dena.

2.- Zaingo Batzordeek osoko bilkuraz eta batzorde iraunkorraz ihardun ahal izango dute.

32. atala.-

Honako hauek dira Zaingo Batzordearen eginkizunak:

a) Babestutako naturagunearen alde beharrezko jotzen dituen adina kudeaketa sustatu eta egitea.

b) Naturagunean ezarritako arauak betearazteaz arduratzea.

c) Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planen egitasmoak eta horien gainean egindako zuzenketak onartzea.

d) Urteroko kudeaketa-egitarauak onartzea.

e) Inbertsio eta ihardueren urteko egitaraua eta aurrekontua onartzea.

f) Zuzendari-gordetzaileak eratutako iharduera eta emaitzen urteroko txostena onartzea, disfuntzioak zuzendu edo kudeaketa hobetzeko beharrezko jotzen dituen neurriak proposatuz.

g) Natura-parkeek eragin sozioekonomikoa izan duten inguruei ordaina emateko egin behar diren ekintzen egitasmoei buruzko txostenak egitea.

h) Natura-parkeak gorde, hobetu eta ezagutzeko zein inguruko ekonomia eta gizartea garatzeko beharrezko jotzen dituen neurriak proposatzea.

i) Natura-parkeko balioen ikerketa, zabalkunde eta gozamenerako ekinbideak sustatu eta bultzatzea.

j) Zuzendari-gordetzailearen urteroko txostenak oinarri dituela, Consejo Asesor de Conservación de la Naturaleza del País Vasco-Naturzaintzarentzat urteroko txosten-laburpena eratzea, babestutako naturaguneko emaitza eta estrategien kudeaketari buruz.

k) Barne-araudia onartu eta aldatzea.

l) Batzorde iraunkorraren esku uztea beharrezko jotzen dituen eginkizunak.

m) Dagokien erakundeei lege honen helburuetarako izenpetu behar diren lankidetza-hitzarmenak egitea proposatzea.

33. atala.-

Natura-parkeen izendatze-dekretuan garatuko da Zaingo Batzordea nola osatuko den, eta bertan zehaztuko dira batzorde iraunkorra nola osatu eta zein eginkizun izango dituen.

Zaingo Batzordeak, gutxienez, ondoko ordezkariez osaturik egongo dira: Eusko Jaurlaritzakoez, eraginik izan duten foru-aldundietako natura-parkeen kudeaketarako sailetakoez, eraginik izan duten udal eta toki-erakundeetakoez, eragindako eskubideen titularrez, ingurugiroaren babes eta ikerketan eraginkorki aritu diren elkarteetakoez, nekazari-sindikatuetakoez eta basojabeen elkarteetakoez.

IX. ATALBURUA

ZUZENDARI GORDETZAILEA

34. atala.-

Administrazio kudeatzaileak babestutako naturaguneen kudeaketaz arduratuko den zuzendari-gordetzailea izendatuko du.

Zuzendari-gordetzaileak babestutako zenbait naturaguneren ardura eduki ahal izango du.

Honako hauek dira zuzendari-gordetzailearen eginkizun:

a) Babestutako naturagunearen antolamendu-bideak sustatu eta ezartzea, horretarako beharrezko liratekeen iharduerak eginez.

b) Administrazioek ingurune fisikoan burutzen dituzten eta babestutako naturagune bateko natura-baliabideei eragin liezaieketen iharduerei doakienez, laguntzea eta derrigorrez txostenak egitea.

c) Inbertsio eta ihardueren urteroko aurrekontu eta egitaraua eratzea eta behin onartuta, egiteratzeari ekitea.

d) Parkearen onurarako izango diren iharduerak sustatzea.

e) Iharduera eta emaitzen urteroko txostena egitea.

f) Parkeko kudeaketa-organoak jartzen dizkion eginkizun guztiak.

X. ATALBURUA

FINANTZABIDEA ETA GARAPEN SOZIOEKONOMIKOA

35. atala.-

1.- Honako hauek izango dira, besteak beste, babestutako naturaguneen planifikazioa, antolamendua, babesa, erabilera eta kudeaketa betetzea bermatuko duten finantzabideak:

a) Euskal Autonomi Elkartearen aurrekontu orokorretan zehaztuta dauden diru-kopuruen artetik, naturaguneen sarearen ikerketa, koordinazio eta zabalkundea eta naturaren ezagutza sustatzeko finantzabidera zuzenduta dauden diru-kopuruak.

b) Foru-organo aginpidedunek zehazten dituzten diru-kopuruak babestutako naturaguneen kudeaketarako.

c) Beste herri-administrazioetatik datozen baliabideak.

d) Europako fondoetatik natura gordetzeko egitarauetarako etor daitezen baliabideak.

e) Pertsona fisiko edo juridikoen ekarpen edo emariak.

2.- Lege hau betearazteko xedez, herri-administrazioek, aginpidedun diren esparruan, lankidetza-hitzarmenak burutu ahal izango dituzte.

36. atala.-

1.- Herri-administrazioek (aginpidedun diren esparruaren barruan eta aldez aurretik Consejo Asesor de Conservación de la Naturaleza del País Vasco-Naturzaintzak txostena eginda, eta aurrekontuetan erabili ahal dutenaren arabera) garapen sozioekonomikorako egitarauak ezarriko dituzte babestutako guneetako lurretan zein babeseko inguru periferikoetan dauden biztanleentzat, horretarako beharrezko liratekeen diru-laguntza eta sariak aurrikusiz.

2.- Egitarauok honako helburu hauek izango dituzte:

a) Azpiegiturak sortu eta egoki diren zerbitzu- eta hornidura-mailak lortzea.

b) Iharduera tradizionalak hobetu eta, beharrezko diren ordainen bidez, natura-baliabideak gordetzeko eskakizunekin bat datozen iharduerak sustatzea.

c) Bertako biztanleak naturagunearen babes eta kudeaketak sortutako ihardueretan integratzea.

d) Landako bizitetxea berregokitu eta ondare arkitektonikoa gordetzea.

e) Kultura, zientzia, pedagogia eta aisialdiko ekimenak suspertzea.

IV. IDAZPURUA

FAUNA ETA LANDAREDIAZ

I. ATALBURUA

ERABAKI OROKORRAK

37. atala.-

Idazpuru honetan ezarritakoak araupetuko du Euskal Autonomi Elkarteko lurraldean basa fauna eta landaredia gordetzea, babestea eta, hala egokituz gero, berriz oneratzea (1.2 atalean ezarritakoarekin bat etorriz), eta beren habitat-ak zaintzea. Beti ere, nazioarteko hitzarmen eta itunetako erabakien mendean, bai eta Europako Elkarteko eta Estatuko erabakienean ere.

38. atala.-

Euskadiko herri-administrazioek natura-ondarearen aniztasun genetikoa zaintzeko egingo duten ihardunak ondorengo irizpideak izango ditu oinarri nagusi:

a) Espezie bakoitzaren berezko habitat-a gordetzeko eta zaintzeko neurriei lehentasuna ematea, toki horretatik kanpo neurri osagarriak ezartzeko aukera ere kontuan hartuz.

b) Autoktonoak ez diren espezie, azpiespezie edo arraza geografikoen sartzea eta ugaltzea modu orekatuan egitea. Eta ekintza horiek ekiditea, autoktonoekiko lehia sor dezaketen neurrian edota horien garbitasun genetikoa zein oreka ekologikoak aldatu ahal dituzten neurrian.

c) Endemikoak diren espezie eta azpiespezieei, hedapen-esparrua oso mugatua edo dentsitate txikia dutenei edota migratzaileak direnei ematea lehentasuna.

39. atala.-

Aurreko ataleko lege-oinarriak betearazteko fauna eta landarediarentzat erabateko garrantzia duten ikusmiraren elementuen kudeaketa zuzena sustatuko da. Bereziki, egitura jarraia eta lerrozkoa izanik, migrazioa eta espezieen arteko trukaketa genetikoa errazten duten elementuena: ibaiak, zelai-mugetako sistemak, palaxuak eta beste. Edo baita elkargune izanik ekosistemen aniztasuna areagotu eta elkartrukaketa genetikoa errazten dutenena ere: urmaelak, toki hezeak, basotxoak eta beste.

40. atala.-

1.- Euskadiko herri-administrazio aginpidedunak, Euskal Autonomi Elkarteko natura-ingurunean bizi diren basa landare eta animaliek berentzako habitatak izan ditzaten, horretara zuzendutako lurralde zabal eta anitzak gorde, mantendu eta, hala badagokie, berriz oneratzeaz arduratuko dira.

Era berean, agintari horien ardura izango da itsas landaredi eta faunako espezieen itsas gordeleku naturala izateko behar besteko aniztasuna eta aberastasuna duten itsas guneak gorde, mantendu eta, hala badagokie, berriz oneratzea. Ondorio guztietarako, fauna eta landaredia berriz oneratzeko baliko duten geben-lekuak ezarri ahal izango dira.

2.- Lurraldean burutuko diren azpiegituren diseinua espezieen mugikortasun geografikoa behar adina erraztuz egingo da. Sakabanaketa eta elkartrukaketa genetikoa zailduko duten hesiak ekidingo dira, eta basa faunaren istripu-arriskuak ekiditeko ahal diren neurriak hartu.

3.- Zerrendatutako basa faunak nekazaritza-uzta eta abereei egindako kalteen ordainetarako plan bat gertatuko da, eta dagokien erakundeena izango da hori betearazteko ardura.

41. atala.-

Euskadiko herri-administrazioen ardura izango da basa landaredi eta floraren -lehorrekoen zein itsasokoen- populazioak mantendu eta egokitzea, ekologia, zientzia eta kultura aldetik dauden eskakizunei behar bezala erantzunez.

42. atala.-

Euskal Autonomi Elkarteko lurraldea zeharkatzen duten espezieen migrazioari lagunduko zaio. Batetik, itsas edo lurguneetan pasoko lekuak, biltzekoak, atseden hartzekoak, luma-berritzekoak eta elikatzekoak zainduz; eta bestetik, ekintza horiek eragotziko dituzten iharduera guztiak mugatuz.

43. atala.-

1.- Itsas baliabideen ustiaketa guztiak kontrolpean burutuko dira. Beraz, ezin izango da behar bezala baimenduta ez dagoen inolako iharduerarik aurrera eraman.

2.- Euskal Autonomi Elkartearen esku dagoen itsasaldean egindako arrantza, itsaski-hartzea eta itsas akuikultura araupetu eta antolatzerakoan, lege honetan ezarritakoa bete beharko da. Beti ere, berariazko legedian edo, hala badagokio, ezartzekoak diren nazioarteko hitzarmenen mende.

44. atala.-

1.- Basa fauna eta landarediko espezie autoktonotzat hartzen dira Euskal Autonomi Elkartekoak bertakoak direnak edo bertan berez basa egoeran bizi direnak. Horien artean sartzen dira bertan pasoan izan, negua iragan edo noizbehinka egoten direnak ere. Berriz oneratzea sustatzeko amoz, araudi bidez ezarririk, talde honen barruan sartuko dira Euskal Autonomi Elkartearen historiako azken aldi honetan galdu direnak.

2.- Autoktono ez den basa fauna eta landareditzat hartuko dira arestian aipaturiko taldean egon gabe naturan integratu eta basa egoeran dauden espezieak.

45. atala.-

1.- Itsas fauna eta landarediko espezie edo itsas baliabidetzat jotzen dira itsasoan erabat edo hein batean bizi diren animalia eta landareak.

2.- Itsas fauna eta landarediko espezie autoktonotzat jotzen dira natura- eta zientzia-ondarearen arabera jatorriz euskal itsasaldekoak direnak, edo, antzina gizonak ekarritakoak izanik (nahita edo nahi gabe), txarrerako inongo ondoriorik gabe euskal itsasaldeko oreka ekologikora egokitu direnak.

3.- Itsas gordeleku naturala deritzo edozein animalia- eta landare-espeziek, daudeneko hazkuntza-fasea edozein delarik ere, talde batean edo gehiagotan era naturalez eta berez bereziki biltzen diren tokiari.

46. atala.-

1.- Aginpidedun organoaren erabakiz, arauak ezar daitezke natura-ingurunean egin eta landaredi eta faunako espezieen populazioen ohizko garapenari eragin diezaioketen edo horien habitat-ak aldarz ditzaketen aisialdiko iharduerak arautzeko. Arau horiek orotarako izan daitezke, edota Euskal Autonomi Elkarte barruan kalteberaentzat hartzen diren lurralde nahiz itsasaldeentzako bakarrik.

2.- Hala bada, aurreko idazatian aipatutako helburuetarako, populazio horien eta beren habitat-aren ohizko garapenari eragin diezaioketen ihardueratzat hartuko dira honako hauek:

a) Motorezko iharduerak.

b) Inguru librean kanpatzea.

c) Haitz-inguruetan egindako iharduerak. Esaterako, eskalada, delta hegala, parapentea nahiz mendi-txirrindua edo antzekoak.

d) Inguru hezetsuetan egindako iharduerak. Esaterako, egonaldia, bainualdia nahiz nabigazioa edo antzekoak.

e) Oro har, hotsa ateratzen duten tresnez edo basoetako bideez baliatuz egindako iharduerak.

3.- Debekatuta egongo dira landan zehar egiten diren motorezko iharduerak, horretarako bereziki prestatuta dauden eta foru-aldundietako nekazaritza-sailen baimena duten ibilbideetan salbu.

Debekatuta egongo da, orobat, edozein ibilgailurekin pista, bide eta errepideetatik kanpo ibiltzea, basoetatik egurra ateratzeko lanetarako salbu.

II. ATALBURUA

ARRISKUAN DIREN ESPEZIEAK

47. atala.-

Eusko Jaurlaritzako Nekazarita eta Arrantza Sailaren menpe, eta Euskal Autonomi Elkarteko lurralde-eremuan, Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda sortzen da administrazio-izaerako errolda publiko gisa.

48. atala.-

Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan jasoko dira babes-neurri bereziak behar dituzten espezie, azpiespezie edo populazioak. Eta ondorio horietarako, honako kategoria hauetakoren bat dutela sailkaturik egon beharko dute:

a) "Galtzeko arriskuan daudenak". Oraingo egoeraren faktore eragileek jarraituz gero iraupen nekeza dutenei mugatuta.

b) "Kalteberak". Berei edo beren habitat-ei eragiten dieten aurkako faktoreak berehala zuzenduak ez badira, aurreko kategoriakoak bihurtzeko arriskua dutenentzat.

c) "Bakanak". Neurri txikiko populazioa duten espezie edo azpiespezieak izango dira kategoria honetan, eremu geografiko murriztuetan edo lurralde zabaletan sakabanaturik egonik gaur egun "galtzeko arriskuan" ez dauden edo "kalteberak" ez direnak.

d) "Interes berezikoak". Aurreko kategorietan ez badaude ere, duten balio zientifiko, ekologiko edo kulturalagatik edota bere apartekotasunagatik arreta berezia zor zaienak har ditzakeena.

49. atala.-

1.- Espezie edo azpiespezie bat zein kategoriatan zerrendatu behar den erabakitzeko orduan, aintzat hartuko da zein arrisku-egoeratan dagoen berezko duen lurralde osoan, tokian tokiko egoera oker edo hobe dezaketen gorabeherak alde batera utzita.

2.- Toki zehatz batean arriskuan dauden populazioak zerrendatu ahal izango dira.

50. atala.-

1.- Fauna edo landarediko populazioaren espezie edo azpiespezie bat Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan sartzeak honako orotariko debekuak izango ditu:

a) Animaliei dagokienez, akabatu, harrapatu, jarraitu edo zirikatzeko asmoz baimenik gabeko edozein ekintza burutzea. Debeku horretan sartzen dira animalia horien kumeki, kume edo arraultzeak, bai eta habitat-en suntsipena ere, bereziki kabiena, biziguena zein ugalketa, negualdi, atseden edo elikadurarako guneena.

b) Landareei dagokienez, suntsitu, atalen bat moztu, osorik moztu edo errotik atera eta habitat-aren suntsipenera daraman baimenik gabeko edozein ekintza burutzea.

c) Animalia zein landereei dagokienez, "galtzeko arriskuan" edo "kaltebera" zerrendatuta badaude, bizirik edo hilda eduki, naturalizatu, garraiatu, saldu, erakutsi, inportatu edo esportatzea, eta baita propagulo edo landare-atal eta hazien, polen eta esporen bilketa ere, araudiak ezarritako kasuetan salbu.

2.- Nekazaritza eta Arrantza Sailak izango du zerrendan espezie, azpiespezie eta populazioak sartzeko ardura. Horretarako, aintzat hartuko du Consejo Asesor de Conservación de la Naturaleza del País Vasco-Naturzaintzak aurretik egingo duen txostena. Hilabete baino lehenago egin beharko da txosten hori.

3.- Behin zerrendatuta, kudeaketa-plana idatzi eta onartuko da (Nekazaritza eta Arrantza Sailak bere kasa, itsas fauna eta landarediei dagokienez; eta aginpidea duten foru-organoekin elkar hartuta, basa fauna eta landarediko espezieei dagokienez). Plan horrek espezie horiei erasaten dieten mehatxuak hastantzeko beharrezko neurriak eta egiterapideak izango ditu. Espezie horien populazioak berriz oneratzea, gordetzea eta egoki erabiltzea zein horien habitat-ak babestu eta iraunaraztea sustatuko du.

Kudeaketa-plan horien erabakietako bat izango da, hala badagokio, zerrendatutako espezieen lur edo itsas eremu den bizitokia babestutako naturagune izendatzea.

51. atala.-

Ohiz kanpoko egoeretan, aginpidea duten foru-organoek (basa fauna eta landarediaren kasuetarako) eta Nekazaritza eta Arrantza Sailak (itsas fauna eta landarediaren kasuetarako) zerrendatuta dauden espezieak harrapatzeko baimena eman ahal izango dute. Beti ere, helburu zientifiko nahiz kulturaletarako, edota espezie horiek beste leku batean birsartzeko nahiz horien birpopulazioa egiteko helburuz baldin bada. Helburu horietarako ere baimendu ahal izango da, era berean, arraultze, kume, hazi edo propaguloak biltzea. Iharduera hauek guztiak dagokien Arriskuan dauden Espezieen Kudeaketa Planekin (baldin baleude) bat etorriz egingo dira.

52. atala.-

Debekatuta dago, aginpidea duen foru-organoak baimendu ezik, "galtzeko arriskuan" edo "kaltebera" zerrendaturik dauden basa faunako espezieei irudi edo soinu bidezko grabazioak egitea eta begiratzea, gutxienez 250 metroko tartea utzi gabe; bai eta horretarako postu finkoak ezartzea ere.

53. atala.-

1.- Nekazaritza eta Arrantza Sailak bere kasa (itsas fauna eta landarediko espezieen kasuan), edo dagokien foru-organoekin batera (basa fauna eta landarediko espezieen kasuan), Euskadiko naturako habitat-ak berriro betetzeko gai diren eta historiako azken aldi honetan galdu diren espezie edo azpiespezieak berriro sartzeko planak egingo ditu. Plangintza horretarako, beharrezko neurriak hartuko dira berriro sartze hori eta Euskadiko ekonomia-, kultura-, gizarte- eta ekologia-baldintzak bateragarri egiteko, edo berriro sartze hori ahalbideratzeko baldintza horiek aldatzeko.

2.- Berriro Sartzeko Planen gai diren espezie edo azpiespezieek "galtzeko arriskuan" zerrendaturik dauden espezieentzako ezarritako babes-neurriak edukiko dituzte dagokion plana gauzatzen ari den bitartean, behintzat.

54. atala.-

Hirigintza- eta lurralde-plangintzarako tresnek, zerrendatuta dauden espezieen habitat-ak zaindu, gorde edo berriz oneratzea ziurtatuko dute. Habitat-ak mugatzea beharrezko den kasuetan, horretarako arrazoiak eman beharko dira.

III. ATALBURUA

BASA FAUNA

55. atala.-

Debekatua dago:

a) Basa faunako espezietako aleak itxita edukitzea beharrezko elikadura gabe edo dituzten behar etologikoekin bat datozen instalazio egokirik gabe.

b) Basa-faunako espezieetako aleak, hilik edo bizirik, ikuskizun, herri-jai eta beste ekintza batzuetan erabiltzea, baldin eta horrek sufrimendu edo gutxiespenik sortzen badie.

c) Basa faunako edozein espezietako animalien arteko borrokak antolatu eta egitea.

56. atala.-

1.- Orobat, basa faunako espezieen babesteko asmoz, debekatua dago:

a) Erabiltzen den bidea edozein delarik ere, berariaz akabatu edo harrapatzea.

b) Suntsitu, kaltetu, bildu edo berariaz gordetzea beren kabi eta biziguak, arraultze, kumeki eta kumeak.

c) Espezie horiei berariaz asaldura eragitea, batik-bat birsorkuntza, hazkuntza, hibernazio eta migrazio garaietan.

d) Animalia bizi edo hilak zein beren hilondokoak edukitzea, salerostea edo horien trafikoa.

e) Heldu gabeko animalien aprobetxamendua, heldutasun eza nabaritzeko modukoa bada.

2.- Aurreko idazatian aurrikusitako debekuak ezin ezarriko dira mendien, ehizaren eta arrantza kontinentalaren legedian zehazki araututa dauden kasuetan.

57. atala.-

Espezieen populazioek berezko banaketa-eremu duten horretan, egoera onean gordetzeari kalte egin gabe, aginpidedun foru-organoek salbuespenak ezarri ahal izango dizkiote 50. eta 56. ataletan ezarritakoari, baldin honako gorabehera hauetakoren bat gertatzen bada:

a) Basa fauna eta landaredia babesteko asmoz. Bereziki, Arriskuan dauden Espezieen Zerrendan daudenak.

b) Landaketetan, abeltzantzan, basoetan, ehizean, arrantzan nahiz uretan kalte larriak eragozteko.

c) Atal hori ezartzean gizakien osasun eta segurtasunerako ondorio kaltegarririk baletor.

d) Aire-segurtasuna dela eta egon daitezkeen istripuak ekiditeko.

e) Ikerketa, hezkuntza, birpopulatze edo birsartzetik eratorritako arrazoiengatik beharrezko denean, edo itxialdiko hazkuntzarako beharra dagoenean.

58. atala.-

Araudi bidez arautuko da taxidermia egitea. Edozein modutan ere, basa faunako espezieen disekazioak baimen berezia beharko du, aginpidedun foru-organoak emana. Eta zerrendaturik baina bertakoak ez izanda nazioarteko hitzarmen ezargarrien edo Europako Batasuneko araudiaren bidez babestuak daudenen disekazioa hezkuntza- edo ikerkuntza-erakundeei baino ez zaie utziko egiten, aldez aurretik ekintza hau arrazoituko duen txostena aurkeztu ondoren.

Dena dela, aginpidedun foru-organoek berez hildako edo zauritu ondoren akabatu behar diren animalien disekazioa baimendu ahal izango du. Beti ere, bidezko diren bestelako administrazio-ekintzak edo ekintza penalak izan daitezkeelarik; eta, bidezko balitz, hil-ondokoak bahitu ditzaketelarik.

59. atala.-

1.- Espezieak sartu, berriro sartu edo naturan populazioak indartzeko, aginpidedun foru-organoaren administrazio-baimena beharko da, zein eman ala ukatuko baita honako lege hau garatzeko Eusko Jaurlaritzak emango dituen arautegien aplikazioaren ondorioz.

2.- Herri-ekimenez edo norbanakoen ekimenez zerrendatu gabeko edo ehizatzeko edo arrantzatzeko animaliak naturan sartu, berriro sartu edo populazioak berrindartzeko, jaregiteak honako hauek betetzen dituela egiaztatu beharko du sustatzaileak:

a) Egingo den tokiko aniztasun genetikoari ez diola eragingo.

b) Zerrendatutako espezieentzako planekin bateragarria dela.

c) Egingo den tokian ehiza eta arrantzarako aldez aurretik dauden Antolamendu Planei egokitzen zaiela. Plan horiek beharrezko diren kontrolbideak aurrikusi beharko dituzte, sortzen den populazioa ez dadin ekosistemak har dezakeena edo lurraldeko sistema ekoizleek har dezaketena baino handiagoa izan.

3.- Autoktonoak ez diren azpiespezie edo arraza geografikoen kasuan, bakarrik eman ahal izango da baimena animalia hauek heda ez daitezen kontrolatuko delako bermea nahikoa denean, eta gainera ziurtatu egin beharko da bertako azpiespezie eta arraza geografikoekiko lehiarik ez dagoela, azken horiek gorde direneko egoerarentzat edo beren aprobetxamenduarentzat arazorik egoteko arriskurik badago.

60. atala.-

Euskal Autonomi Elkartean, dagokien foru-organoen agindupean, basa animaliak sendatu eta naturan berriro sartzeko zentruak egongo dira. Horien helburua, berezko tokian irauteko ezindurik dauden animaliak zaintzea, mantentzea eta sendatzea izango da, horrela naturara itzuli ahal daitezen. Helburu honen mendean, animaliak eta zentruak ikerkuntzarako eta jendea sentsibilizatzeko erabili ahal izango dira.

61. atala.-

Araudi zehatzik egon ezik, ez da baimenik beharko ornogabeak norbere kontsumorako biltzeko. Foru-administrazioak norbere kontsumorako jotzen diren zenbatekoak zehaztu ahal izango ditu, aprobetxamendu bakoitzerako.

62. atala.-

1.- Eusko Jaurlaritzako organo aginpidedunek Erradikazio edo Kontrol Planak eratu ahal izango dituzte, historiako azken aldi honetan sartu eta EAEko natura-ekosistemetan desoreka larriak sortzen ari diren fauna eta landaredi aloktonoko espezie, azpiespezie eta populazioentzat.

2.- Erradikazio-planak onartu ahal izateko beharrezko izango da,gutxienez, jokabide hori gomendatzen duten hiru zientzia-erakundek txosten bana era dezaten.

IV. ATALBURUA

BASA LANDAREDIA

63. atala.-

Euskadiko basa landarediko espezieak babesteak berekin dakar:

a) Basa landareak deuseztu nahiz hondatzea debekatzea. Beti ere, berariazko arauek eta hurrengo atalak ezarritako kasuak salbu.

b) Administrazioaren baimen egokia izan gabe zuhaitzak botatzea debekatzea. Beti ere, baso-aprobetxamenduei buruz mendi-legedian ezarritakoaren mende.

c) Zerrendatutako landareen eta haien habitat-ei kalte egin diezaiekeen edozein ekintza debekatzea.

64. atala.-

1.- Hondo, basa fruitu, egur, goroldio, liken eta landare sendagarri nahiz usaintsuak merkataritza-helburuetarako erabiltzea aginpidea duten foru-organoek arautu beharreko aprobetxamendua da.

2.- Hondo, basa fruitu, egur, goroldio, liken eta landare sendagarri nahiz usaintsuak norbere kontsumorako erabiltzeak ez du Administrazioaren baimenik behar. Foru-administrazioaren baitan dago, hala ere, norbere kontsumorako joko diren zenbatekoak ezartzea.

3.- Lege honetako III. idazpuruari jarraiki babestutako naturaguneetan, aprobetxamendu horiek han ezartzea egoki den araudiko erabakien mende izango dira.

65. atala.-

Aginpidedun foru-organoek, basa landarediko espezie zerrendatuei dagokienez, ondorengoa baimentzea daukate:

a) Landare horiek eskatzen dituzten basogintzako eta landare-osasuneko lanak egitea. Lan horiek, dagokien planaren arabera egingo dira, planik baldin bada.

b) Landareak edo landare-atalak zientziazko, teknikazko nahiz irakaskuntzazko helburuetarako bildu eta erabiltzea. Lortu nahi diren helburuak eta erabili nahi diren landareen zenbatekoak eta lekua azaldu behar dira, arrazoiturik.

V. ATALBURUA

EHIZAZ ETA UR KONTINENTALETAN EGINIKO ARRANTZAZ

66. atala.-

1.- Araudi bidez ehizagai edota arrantzagai izendatutako espezieak, eta ez besterik, ehizatu edota ur kontinentaletan arrantzatu ahal izango dira. Ezin izango da zerrendatutako espezierik ehizagai nahiz arrantzagai izendatu.

2.- Espezie horiek gordetzea eta ugalaraztea bermatzeko, aginpidedun foru-organoek -Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailarekin elkar hartuta-, bakoitzak bere lurralderako, ehiza- eta arrantza-aprobetxamenduen araudia onartuko dute urtero. Iharduera horiek egin daitezkeeneko lurrak eta urak ezarriko dituzte, bai eta ezpezie bakoitzarentzako ehiza nahiz arrantza garaia, eta ehizatzeko nahiz ur kontinentaletan arrantzatzeko modu eta metodoak.

67. atala.-

Galarazita daude, beti ere, animaliak andanaka edota bereizketarik egin gabe harrapatu nahiz akabatzeko prozedurak (zehazki esanda, pozoinak, tranpak nahiz erakarleak). Beti ere galaraziak daude, orobat, espezie bat leku batean galtzea edo hari enbarazu larria egitea eragin dezaketen halako prozedurak. Arau honi egin dakizkiokeen salbuespen bakarrak 57. atalean azaldutakoak dira.

68. atala.-

Hilda nahiz bizirik, merkataritza-gai izan daitezkeen espezieak Eusko Jaurlaritzaren dekretuaz zehaztuko dira.

69. atala.-

Ehizan aritzeko, beharrezko baldintza izango da iharduera horrekin zerikusia duten gaietan nahikoa gaitasun eta ezagutza erakustea. Horretarako, azterketa egokia egin beharko da, araudi bidez erabakitzen denarekin bat etorriz.

70. atala.-

1.- Euskal Autonomi Elkarteko ehiza eta arrantzako erroldari sorrera ematen zaio, baimendutako espezieen kopuruari, harrapaketei eta eboluzio genetikoari buruzko informazioa biltzeko.

Errolda dagokien foru-organoek egin eta kudeatuko dute, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak errolda garatzeko ematen dituen arauekin bat.

Erroldako informazioa oinarri hartuta, biologia-alorreko arrazoiek hala aholkatzen badute, aldi baterako babesaldiak edota debeku bereziak ezar daitezke.

2.- Ehiza- eta arrantza-eskubideen titularrek eta, oro har, ehiztari eta arrantzaleek, dagokienean, foru-organo horiei informazio egokia eman beharko diete derrigor. Horretarako, denboraldi bakoitzean lortutako harrapaketen kontua eramango dute.

71. atala.-

Foru-organo bakoitzean, ehiza eta arrantzako hausteak egin dituztenen errolda bat izango da. Hango datuak Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari eman beharko zaizkio urtero, bai eta indarrean dagoen legediaren arabera jakinarazi behar zaien guztiei ere.

72. atala.-

Foru-organoek ehizan eta arrantzan iharduteko emandako lizentziak baliagarri izango dira Euskal Autonomi Elkarte osoan.

73. atala.-

1.- Ehiza- eta arrantza-baliabideen aprobetxamendua, hartarako eremuetan, eskubidearen titular denak egingo du. Aprobetxamendu hori egin daitezkeen harrapaketen zenbatekoa eta moduak arautuko dituen Antolamendu Plan Tekniko bati jarraituz egin beharko du.

2.- Ehiza eta Arrantzako Antolamendu Plan Teknikoen edukia, indarraldia eta beste eskakizun guztiak arautuko dituzte foru-aldundiek, araudi bidez.

3.- Foru-administrazioek berezko batasuna duten ehiza- nahiz arrantza-eremuetan Antolamendu Plan Teknikoak elkarrekin egitea bultzatuko dute. Orobat, elkarrekin aprobetxatzeko lurretan jarraitu beharreko plangintza-arauak ezarriko dituzte.

4.- Hartarako eremuetan ere, ehiza nahiz arrantzarik egiterik izango ez den babesguneak izango dira. Babesgune horien mugak Antolamendu Plan Teknikoek ezarriko dituzte. Araudi bidez, babesguneek izan behar duten gutxieneko lur-azalera eta beste hainbat ezaugarri zehaztuko dira.

5.- Ehiza-lurretako hesi eta itxiturak basa faunaren edo ehiza-faunaren ibilera ez oztopatzeko moduan egin beharko dira.

74. atala.-

Lurralde historiko bakoitzaren baitan, Lurraldeko Ehiza Batzorde eta Lurraldeko Arrantza Batzorde bana izango dira. Batzorde horiek nola osatu, eta zein aginpide izango dituzten, araudi bidez zehaztuko da.

V. IDAZPURUA

HAUSTE ETA ZIGORREZ

75. atala.-

1.- Lege honetan ezarritakoa hausten duten ekintza nahiz ezegiteek administrazio-erantzukizuna sortuko dute. Horrek ez du kentzen bide penal, zibil edota beste alorren batean egindako hauesteez eska daitekeen erantzukizuna.

2.- Herri-administrazioen Lege-jaurbideari eta Guztientzako Administrazio-ihardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako arauen, hatsapenen eta prozeduraren arabera eskatu ahal izango da administrazio-erantzukizuna.

76. atala.-

1.- Arin, larri samar, larri edota oso larritzat joko dira hausteak.

2.- Hauste arintzat joko dira:

a) Motorezko edozein ibilgailu-mota, edo mugitzeko halakoen beharra dutenak, babestutako naturagune batean, baimendutako lekuetatik kanpora, aparkatzea.

b) Babestutako naturagune batean, baimendutako bideetatik kanpo eta baimendutako kasuetatik kanpo txirrinduz nahiz antzeko ibilgailuz ibiltzea.

c) Babestutako naturagune bateko erabileren araudiari kasu egin gabe nekazaritza, abeltzantza edota basogintzako iharduerak egitea. Beti ere, idazpuru honetan ezarritako hauste larriagoren bat ez badakarte.

d) Galarazitako lekuetan kanpatzea.

e) Baimendu gabeko lekuetan zaratak egitea, argi egitea nahiz argi-zirtakak egitea, eta edozein energi mota jaulkitzea: termikoa, dardarazkoa, elektromagnetikoa, infrasonikoa eta ultrasonikoa.

f) Babestutako naturagune bateko antolamendu-araudiari kasu egin gabe edonolako iharduerak egitea. Beti ere, horrek idazpuru honetan ezarritako hauste larriagoren bat ez badakar.

g) Ornogabeak, hondoak, basa fruituak, egurrak, goroldioa, likenak edota landare sendagarri eta usaintsuak iharduera horretarako araudia bete gabe biltzea.

3.- Hauste larri samartzat joko dira:

a) Babestutako naturaguneetan gai kimikoak edo biologikoak baimenik gabe erabiltzea, eta hondakinak bota edo isurtzea. Beti ere, atal honetako 5 a) zenbakian ezarritako kasuko baldintzak betetzen ez badira.

b) Babestutako naturagune bateko elementuetan idatzi, seinale, zeinu edota marrazkiak egitea.

c) Babestutako naturagune batean, baimendutako bideetatik kanpo eta baimendutako kasuetatik kanpo motorezko ibilgailuz ibiltzea.

d) Babestutako naturagune batean, berariaz baimendutako kasu eta lekuetatik kanpo sua egitea.

e) Babestutako naturaguneak zaintzeko ardura dutenen iharduerari aurre egitea.

f) Babestutako naturagune batean bertako basa animaliei eta abeltzantzari enbarazu egiteko moduan zaratak egitea, argi egitea nahiz argi-zirtakak egitea.

g) Babestutako naturagune batean zaborra, txatarra edota beste edozein hondakin gordetzea.

h) Lege honetan aipatutako administrazio-kontzesio eta -baimenetan jarritako baldintzak ez betetzea. Horrek ez du kentzen kontzesio nahiz baimen hori iraungi, kendu edota eten ahal izatea.

i) Lege honetako 46. atalean aipatzen diren aisialdiko iharduerak, horiek nola egin agintzen duten arauak bete gabe egiten badira.

j) Ornogabeak salerosketarako biltzea.

k) Administrazio-baimenik gabe natura-ingurunean espezie berriak sartu, bertan galdutakoak berriz sartu edota bertan daudenen kopurua handitzea.

l) Deslai dabiltzan txakurrek kalteak egitea.

4.- Hauste larritzat joko dira:

a) Babestutako naturagune batean, lurrak hartuz nahiz zotalduz, landareak moztu nahiz erauziz, edota bestalako iharduerez, bertako baldintzak zein produktuak aldaraztea.

b) Aurreko zenbakiko g) letran ezarritako kasua, baldin ikusmiraren armonia hautsi eta ikuspegiaren perspektiba aldarazten bada.

c) Babestutako naturagune bateko erabileren antolamendu-araudiari jarraitu gabe azpiegiturak jartzeko lanak egitea.

d) Beren zertarakoa edo erabilera, legez, nola edo hala mugatua duten inguruetan, pertsonen nahiz ondasunen segurtasunari eragiten dioten iharduerak egitea, baldin debekatutako iharduerak badira edota administrazio-baimenik gabe egiten badira.

e) Babestutako naturagune batean baimenik gabe berotegia jartzea.

f) Espezie bakan edo interes berezikotzat zerrendatutako animalia eta landareak -edo beren propagulo nahiz hil-ondokoak- baimenik gabe deuseztu, akabatu, hondatu, bildu, salerosi, harrapatu edota salerosketarako erakustea nahiz naturalizatzea.

g) Espezie bakanen eta interes berezikoen habitat-ak deuseztea, bereziki horien ugalketako, hibernazioko, negualdiko, atsedeneko, landako nahiz elikadurako lekuak, bai eta basa fauna eta landarediaren babes bereziko inguruneak ere.

h) Mendiaren, ehizaren eta arrantza kontinentalaren berariazko araudien arabera administrazio-baimena beharrezko denean, halakorik gabe basa animaliak harrapatu nahiz haiei jarraitzea, eta landareak erauzi nahiz moztea.

i) Idazati honetako q) letran ezarritako kasua, baldin basa landare eta animalien ohizko garapenari eragiten badio edo haien habitat-ak aldarazten baditu.

j) Administrazio-baimenik gabe taxidermia egitea.

k) Lege honetako 60. atalean aipatutako kasuetatik at basa animaliak disekatzea.

l) Aurreko zenbakiko k) letran ezarritako kasua, baldin inguruneko aniztasun genetikoari eragiten badio, zerrendatutako espezieei buruzko planekin bateraezina bada edota dauden ehiza eta arrantzako Antolamendu Planekin bat ez badator.

ll) Basa faunako espezieak itxita edukitzea beharrezko elikadura gabe, edo -higiene nahiz osasunaren aldetik- dituzten behar etologikoekin bat datorren instalazio egokirik gabe.

m) Ikuskizunetan, festa herrikoietan eta bestelako ihardueretan basa animaliak erabiltzea, baldin animalia horiei sufriarazten bazaie.

n) Bertako ez diren animaliak edota haien arraultze nahiz kumeak beharrezko baimenik gabe saldu, eduki, salerosi edota jendaurrean erakustea, baldin Espainia Estatuan indarrean dauden nazioarteko itun eta hitzarmenek nahiz Europako Batasunaren erabakiek babestutako espezieak badira eta eskatutako agiriak ez badituzte.

o) Basa animalien arteko borrokak antolatzea.

p) Babestutako naturagune bateko antolamendu-araudiari kasu egin gabe edonolako eraikuntza, instalazio, eraikin edota lanak egitea.

q) Babestutako naturagune batean bertako landaredi eta faunakoak ez diren landare- nahiz animalia-espezieak sartzea.

5.- Hauste oso larritzat joko dira:

a) 2. zenbakiko a) letran ezarritako kasua, baldin babestutako naturaguneetako bizi-baldintzak aldarazi eta bertako balioei kalte egiten bazaie.

b) Babestutako naturagune batean, baimendu gabeko erauzketa- nahiz industria-iharduerak egitea.

c) Babestutako naturagune batean edozein motatako zabortegiak jartzea.

d) Babestutako naturagune batean natura-inguruneko baldintzak, produktuak nahiz elementuak deuseztu edota aldarazteko sua erabiltzea.

e) Galbidean dauden zein kaltebera diren espezietzat zerrendatutako animalia eta landareak -edo beren propagulo nahiz hil-ondokoak- baimenik gabe deuseztu, akabatu, hondatu, bildu, salerosi, harrapatu edota salerosketarako erakustea nahiz naturalizatzea.

f) Galbidean dauden zein kaltebera diren espezieen habitat-a deuseztea. Bereziki, ugalketako, hibernazioko, negualdiko, atsedeneko, larrerako nahiz elikatzeko darabiltzaten lekuak deuseztea.

g) Lege honetako 9. atalean aipatzen den baimen, lizentzia edo kontzesiorik gabe, natura-inguruneko errealitate fisiko nahiz biologikoa eraldatzeko ekintzak egitea.

77. atala.-

1.- Aurrez azaldu ditugun hauste horiek isun hauekin zigortuko dira:

* Hauste arinak, 10.000 eta 100.000 pezeta bitarteko isunarekin.

* Hauste larri samarrak, 100.001 eta 1.000.000 pezeta bitarteko isunarekin.

* Hauste larriak, 1.000.001 eta 10.000.000 pezeta bitarteko isunarekin.

* Hauste oso larriak, 10.000.001 eta 50.000.000 pezeta bitarteko isunarekin.

2.- Hauste larri eta oso larriek gehinenez hamar urtez ehizean nahiz arrantzan aritzeko debekua ekarriko dute berekin; eta hauste larri samarrek, urtebetez gehienez ere.

3.- Isun hertsatzaileak jarri ahal izango dira, herri-administrazioetako Lege-jaurbideari eta Guztientzako Administrazio-ihardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 99. atalean ezarritako kasuetan. Isun horiek, batetik bestera, agindutakoa betetzeko nahikoa denbora utzita errepikatuko dira.

4.- Eusko Jaurlaritzak, dekretu bidez, atal honetako 1 zenbakian ezarritako isunen zenbatekoa eguneratu ahal izango du, kontsumorako prezioen indizeek izandako gora-beherak kontuan hartuta.

78. atala.-

Babestutako naturaguneak izendatzeko arauek aurreko atalean ezarritako hauste edo zigorren taulan zehaztapenak nahiz mailaketak sartu ahal izango dituzte. Beti ere, 30/1992 Legeko 129.3 atalean ezarritako mugen baitan.

79. atala.-

Apirilaren 13ko 1/1989 Legean eta mendien legedian hainbat administrazio-hauste daude ezarriak. Baldin hauste horiek babestutako naturagune baten barruan egiten badira, legedi horietan jasotakoaren arabera egokitzen den isuna %100 handiago izango da.

80. atala.-

Aurreko atalean azaldutako isunen zenbatekoa mailakatzeko, kontuan hartu behar dira arduradunaren gora-beherak, bere asmoa, parte hartzea eta lortutako onura, egindako hausteak gizarteari zenbateraino eragin dion eta zer kalte sortu duen, hausteak errepikatu izatea, bai eta natura-ingurunean egindako kalte edo hondamena oneratu ote daitekeen ere.

81. atala.-

Egintza bat berariazko legedi batean baino gehiagotan jasota badago, kopuru handieneko zigor-erabakia ezarriko da.

82. atala.-

Zigorra ezartzea bateragarri izango da haustaileari berak aldarazitako egoera berriz ere bere onera ekartzeko eskatzearekin, bai eta sortutako kalte eta hondamenak ordainaraztearekin.

83. atala.-

Aginpidedun foru-organoei dagokie zigor-prozedurak hasi, izapidetu eta erabakitzea.

84. atala.-

Hausteak oker edo delitu izan daitezkeenean, Administrazioak aginpidea duen epai-organoari pasako dio halakoen heineko ardura, eta epai-agintaritzak bere erabakia eman arte ez dio zigor-prozedurari jarraituko. Epai-agintaritzaren zigorrak administrazio-isunik ez izatea ekarriko du. Oker edo deliturik izan denik ikusi ez bada, Administrazioak zigor-izapideari jarraitu ahal izango dio, oinarri gisa -hala egokitzen denean- aginpidedun jurisdikzioak frogatutzat hartu dituen gertaerak hartuta.

85. atala.-

Lege honetan ezarritakoaren aurka eginiko administrazio-hausteen iraungitze-epea hau izango da: lau urtekoa, oso larriena; urtebetekoa, larriena; sei hilabetekoa, larri samarrena, eta bi hilabetekoa, arinena.

ERABAKI GEHIGARRIAK

Lehendabizikoa.-

Urkiola, Valderejo, Gorbea eta Aralarreko natura-parkeak lege honetako 11. atalean aipatutako naturagunesarean sartuta daude aurrerantzean.

Bigarrena.-

Nazioarteko itun eta hitzarmenak betetzeko, Eusko Jaurlaritzak, Lege honetan araututako iharduerei doakienean, aldi baterako mugaketak jarri ahal izango ditu.

Hirugarrena.-

Babestutako naturaguneen izenak lege honetan ezarritako ondorioetarako erabiliko dira bakar-bakarrik.

Laugarrena.-

Babestutako naturagune bat izendatzeak berekin dakar haien izena -eta, izanez gero, anagrama- inolako pertsonak (publiko nahiz pribatu izan), Administrazioaren baimenik ezean, erabiltzeko debekua. Beti ere, kasuan kasuko errolda publikoetako eskubide eskuratuen kaltetan gabe.

Bosgarrena.-

1986. eta 1990. urteen bitartean ehiza-lizentzia izan duten pertsonek, lizentzia edozein motatakoa zela ere, eta horrela ziurtatzen badute, 69. atalean ohartemandako gaitasun-probak egin beharrik gabe lortu ahal izango dute Euskal Herriko ehiza-lizentzia.

Seigarrena.-

Ehizaren eta ibaietako arrantzaren alorrean zenbait administrazio-hausteren kalifikazioa aldatu eta zigorren zenbatekoa igotzeko apirilaren 13ko 1/1989 Legeko 1. atalari honako zati hau gehitu zaio:

1.1.18.- "Espezieekin, bizirik daudela, edukitzeko, salerosteko eta horien trafikorako araudia bete gabe, salerosketa egitea".

Zazpigarrena.-

Baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari, Nekazaritza eta Arrantza Sailak proposaturik, lege hau betetzeko behar diren araudi-mailako erabaki guztiak har ditzan.

Zortzigarrena.-

Lege hau indarrean jarri eta bost urtetara Eusko Jaurlaritzak legeko alderdi batzuen eta besteen balioespena egin eta Eusko Legebiltzarrera bidaliko du, honek azter eta baliozta dezan.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Ajuria-Eneako Jauregia, 1994ko uztailak 13.

Lehendakaria,

JOSE ANTONIO ARDANZA GARRO.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana