Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

172. zk., 2019ko irailaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4156

AGINDUA, 2019ko uztailaren 23koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita 2019-2020 ikasturteko Lanbide-Heziketako ikasleen artean kultura ekintzailea sustatzeko laguntzak emateko.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartuak– 16. artikuluan ezartzen duenez, «Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa betetze aldera, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta bera gara dezaten lege organikoei kalterik egin gabe, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenei kalterik egin gabe eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezko den goi-ikuskaritzari kalterik egin gabe».

Beste alde batetik, bizialdi osoko ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legeak II. kapituluan jasotzen du Lanbide-heziketako Sistema Integratua. Lege horren 21.1.a) artikuluan jasotako helburuen artean, honako hau dago: jarduera profesionalak garatzeko gaitasuna ematea; batetik, sustapen profesionaleko itxaropen pertsonalak ase ahal izateko eta, bestetik, produkzio-sistemaren prestakuntza-beharrizanei erantzuteko.

Horretarako, 21. artikuluaren 2.e) apartatuan, adierazten da Eusko Jaurlaritzak dagozkion neurriak hartuko dituela ekintzailetza-gaitasuna garatuko duten programak sartzeko prestakuntza-eskaintzan.

Beste alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 3. artikuluaren 2.c) apartatuan ezartzen denez, honako hauek izango dira, besteak beste, lanbide heziketako euskal sistemaren helburuak: berrikuntza, sormena, ekintzailetza-gaitasuna eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) erabilera sustatzea, bai hasierako lanbide heziketan, bai enplegurako lanbide heziketan.

Era berean, aipatutako 4/2018 Legearen 8. artikulua ekintzailetza-ikaskuntzaren esparrukoa da, eta, artikulu horren 2. apartatuak adierazten duenez, ekintzailetzaren ikaskuntza-proiektuetan, konpetentzia berriak (sormenezkoak zein kontzeptualak) garatzeko ahalegina egingo da ikasleen artean, ekintzailetzaren kultura sustatzeko asmoz eta jarduera errealen araberako esperientzia praktikoetan oinarrituta.

Ildo berean, 4/2018 Legearen 9. artikuluaren 2. apartatuak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide heziketaren arloan eskumena duen sailak berariaz bultzatuko du berrikuntzaren eta ekintzailetzaren eremuko ikaskuntza- eta sustatze-ekintzak sartzea, arlo horiek garatzeko beharrezkoa den prestakuntza ematea, eta bi eremu horiei lotutako proiektuak martxan jartzea.

Era berean, Lanbide Heziketako V. Euskal Planaren helburu eta ekintza-ildoetako batzuetan, ekintzailetzaren kultura sustatzea dago jasota. Hala, 1. esparru estrategikoa aipatu behar da: «Ikaskuntza 4.0 testuinguruan», 1. helburua: «Errendimendu Handiko Heziketa Zikloak finkatu eta hedatzea Euskadiko Lanbide Heziketan», 1.9 ekintza-ildoa, zeinaren helburua baita «Ekintzailetzaren kultura sustatzea, jarrerak aldatzeko eta, horrela, gaur egungo eta etorkizuneko gizartearen errealitatearekiko fidelagoak izango diren konpetentziak garatu ahal izateko».

Testuinguru horretan, zenbait ekimen egin dira ekintzailetzaren kultura sustatzeko, eta ikasleek enpresa-arloko simulazio-proiektuak egitea da esparru horretako funtsezko jardueretako bat. Ikasketa-tresna horren bitartez, ikasleek zenbait konpetentzia garatzeko aukera dute, eta, modu horretan, profesional onak, enplegagarriak, pertsona aktibo eta ekintzaileak, edo intraekintzaileak izango dira, eta lan-merkatu aldakor eta ezegonkorrari egin ahal izango diote aurre. Era berean, sentsibilizazioa piztu dakieke, autoenplegua ere aukeretako bat izan dadin.

Horregatik, kontuan hartuta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua –Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko dirulaguntzak erregulatzeari buruzkoa–, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena, abenduaren 17ko, 698/1991 Dekretua, EAEko aurrekontu orokorren kargura diren dirulaguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak zehazten dituena, eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenak,

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
DEIALDIAREN XEDEA ETA BALDINTZAK

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Agindu honen xedea da ikastetxe pribatu itunduei zuzendutako laguntzak deitzea, 2019-2020ko ikasturtean ekintzailetzaren kultura sustatzeko ikastetxe horietako Erdi Mailako eta Goi Mailako Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloren bateko 2. mailan dauden ikasleen artean.

2.– Laguntza horiek dirulaguntza ez-itzulgarriak dira. Agindu honetan araubide juridikoari buruz xedatzen ez diren alderdietan, lege honek ezarritakoa aplikatuko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartua –bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioak emandako laguntzen eta dirulaguntzen araubideari eta arau-hausteen eta zigorren erregimenari buruzko xedapenak– betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

Helburu horretarako, 200.000,00 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019ko Aurrekontu Orokorretan horretarako finkatutako aurrekontu-partidaren kontura.

3. artikulua.– Ikastetxe onuradunak.

1.– Deialdian parte hartu ahal izango dute EAEko Erdi Mailako edo Goi Mailako Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak emateko baimen ofiziala duten ikastetxe pribatu itunduek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutakoa betetzen badute.

2.– Ikastetxe onuradunek egunean egon beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin dituztenak betetzeari dagokionez, eta dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrei dagokienez.

Modu automatikoan eta behar beste aldiz egiaztatuko du organo kudeatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak egunean dauden, horretarako ikastetxe eskatzaileen baimenik behar izan gabe, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).

Ikastetxe onuradunak berariaz egin ahalko dio uko baimenari, eskabide-inprimakian horixe adierazita. Kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritako baldintzen arabera. Errege Dekretu horren bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartu zen.

3.– Ezingo dira deialdira aurkeztu laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzearekin zigortuta daudenak, edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren bat dutenak, ez eta sexu-bazterkeriagatik zigortuta daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrena betez.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta jarduerak.

1.– Diruz lagundu ahalko den jarduera eskaera egin duen ikastetxearen proiektu baten garapena da, ekintzailetzaren kultura sustatzeko asmoa duena, eta 2019-2020ko ikasturtean ikastetxe horretako erdi mailako eta goi mailako prestakuntza-ziklo bateko 2. mailan dauden ikasleei zuzenduta dagoena.

2.– Helburu hori lortzeko, ikastetxearen proiektuak enpresa-arloko simulazio-proiektuak jaso beharko ditu garatu beharreko jardueren artean. Proiektu horiek, hain zuzen ere, ikastetxearen proiektuan parte hartzen ari diren ikasleek egindakoak izango dira.

3.– Enpresa-arloko simulazio-proiektuak modu indibidualean egin ahal izango dituzte ikasleek, edo zenbait ikasleren artean lankidetzan.

Edonola ere, enpresa-arloko simulazio-proiektuak garatzeko orduan, ikasleek ikastetxeko irakasleen laguntza eta aholkuak jasoko dituzte, eta ikasleek objektibotasunean, gardentasunean eta aukera-berdintasunean oinarrituta hartuko dute parte.

4.– Enpresa-arloko simulazio-proiektuez gain, ikastetxearen proiektuak curriculumekoak ez diren prestakuntza-jarduerak ere jaso ditzake, ikasleen ekintzailetza-gaitasuna areagotzeko asmoz: ekimena, sormena, inteligentzia emozionala, erresilientzia, lidergoa, lorpenetarako orientazioa, komunikazioa... landuko dira jarduera horietan, ikastetxetik kanpoko profesionalen eskutik.

5.– Era berean, ikastetxeko ikasleen artean ekintzailetzaren kultura hedatzen lagunduko duten ekitaldiak egin ahal izango dira, deialdi honen bitartez garatutako enpresa-arloko simulazio-proiektuen zabalkundea egiteko beste ikastetxe batzuetan edo zuzkidura ekonomikoa jaso duen ikastetxearen udalerrian.

6.– Ikastetxearen proiektua osatzen duten jarduera guztiak ikasleen eskola-orduetatik kanpora egingo dira. Irakasleek zuzeneko irakaskuntza-ordutegitik kanpora hartuko dute parte ekintzetan.

7.– Honakoak baino ez dira hartuko gastu diruz laguntzeko modukotzat: zalantzarik gabe, ikastetxearen onartutako proiektuan jasota dauden jardueren garapenari dagozkion gastuak; betiere, jarduera horiek 2019ko abenduaren 20ra arte egiten badira. Gastu horien artean sartu ahal izango da enpresa-arloko simulazio-proiektuaren oinarrian dagoen produktuaren prototipoa garatzeko edo zerbitzua diseinatzeko erosketak egitea (material suntsikorra, tresna txikiak, lanabesak edo software zehatzak), hori ikastetxearentzako inbertsioa ez bada. Artikulu honen 4. apartatuan jasota dauden eta curriculumekoak ez diren prestakuntza-jarduerak ere sartu ahal izango dira, bai eta, hala badagokio, zabalkunde-ekitaldiei dagozkien gastuak ere: azpiegiturak alokatzea (espazioak, standak...), ekitaldiaren zabalkunderako eta komunikaziorako kanpaina, liburuxkak edo diptikoak, besteak beste.

Edonola ere, gastu horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 30/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

8.– Ezin izango da inbertsio-gasturik egin emandako laguntzaren kargura.

5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Ikastetxe bakoitzeko esleitu ahal izango den zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da, gehienez ere. Horretarako, ikastetxeak aurkeztutako proiektua eta jarduera bakoitzerako xehatutako aurrekontua hartuko dira kontuan.

2.– Gehienez ere, emandako laguntzaren zenbatekoaren % 40 eman ahal izango da 4. artikuluko 4. eta 5. puntuetan jasotako jardueretarako. Beraz, emandako laguntzaren % 60, gutxienez, ikasleek enpresa-arloko simulazio-proiektuak egitera bideratu beharko da.

3.– Prestakuntza-jarduerek finantziazio hau jaso ahal izango dute: emandako prestakuntza-ordu bakoitzeko, gehienez ere, 100 euro.

6. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honetan araututako laguntzak bateraezinak dira xede bera duten erakunde publikoen edo pribatuen dirulaguntzekin edo laguntzekin.

II. KAPITULUA
ESKAERAK, AUKERAKETA ETA PROZEDURA

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Ikastetxe itunduek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetako izapideak eskatu, kontsultatu eta egiteko.

Izapidetze elektronikoa araututa dago, batetik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan, eta, bestetik, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean.

2.– Deialdi honetako eskabideen aurkezpenari, justifikazioari eta gainerako izapideei buruzko argibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/fomento_emprendimiento/web01-tramite/eu/

Eskaria egin ondoko izapideak, bide elektronikoaren bitartez, honako helbide honetan egingo dira:

https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira Euskadi.net-en egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/fomento_emprendimiento/web01-tramite/eu/).

3.– Ikastetxeko legezko ordezkariari dagokio eskaera egitea, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariari zuzenduta.

4.– Eskabideak eta haiei gehitutako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira, ikastetxeak aukeratutakoaren arabera. Era berean, eskaera egin duen ikastetxeak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea).

9. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Ikastetxe eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

1.– Behar bezala betetako eskabide-inprimakia, Agindu honen I. eranskina erabilita.

2.– Ikastetxeak ekintzailetzaren kultura sustatzeko garatu nahi duen proiektua, Agindu honen II. eranskinean adierazitako edukiekin bat etorriz.

3.– Ikasleek egingo duten eta ikastetxearen proiektuan jasota dagoen enpresa-arloko simulazio-proiektu bakoitzeko, fitxa bat beteko da III. eranskineko eredua erabilita. Era berean, ikastetxearen proiektuan jasotako prestakuntza-ekintza bakoitzeko, fitxa bat beteko da IV. eranskineko eredua erabilita.

10. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Laguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, edo eskabidearekin batera aurreko artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkezten ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, esango zaio aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.

11. artikulua.– Organo instruktorea eta kudeatzailea.

Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen instrukzioa eta kudeaketa egitea.

12 artikulua.– Hautaketa egiteko eta puntuazioa emateko irizpideak.

1.– Deialdiko laguntzak eskuratu ahalko dituzte ikastetxe pribatu itunduek, baldin eta, eskabidea garaiz eta forman aurkeztuta, Agindu honen 3. artikuluko eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzen badute.

2.– Deialdi honen barruko laguntzak lehia-prozedura bidez emango dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen EAEko administrazio publikoaren laguntzen eta dirulaguntzen araubidea arautzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49, artikuluan xedatutakoa betez.

Horrenbestez, artikulu honen 3. apartatuko hautaketa-irizpideak aplikatuta, eskabideen arteko hurrenkera finkatuko da, eta Agindu honen 2. artikuluan ezarritako kreditu erabilgarriaren eta 5. artikuluan finkatutako mugen arabera, balorazio onena eskuratu duten eskabideei emango zaie laguntza, kreditu erabilgarria agortu arte.

3.– Hautaketa-irizpideak honako hauek izango dira:

1) Ikastetxearen proiektuan sartutako enpresa-arloko simulazio-proiektuen balorazioa.

Puntuazio jakin bat emango zaio ikastetxearen proiektuan sartutako enpresa-arloko simulazio-proiektu bakoitzari, ondorengo apartatuen arabera. Kontzeptu honengatik lortutako azken puntuazio osoa modu honetan aterako da: enpresa-arloko simulazio-proiektu bakoitzari emandako puntuazio indibiduala, zati ikastetxearen proiektuan sartutako enpresa-arloko simulazio-proiektu guztien kopurua.

a) Definitutako negozio-ideia eta balio-proposamena: (9 puntu, gehienez).

– Negozio-ideia eta balio-proposamena definitzea (5 puntu).

– CANVAS negozio-ereduak jasotzen duen dokumentua eranstea (2 puntu).

– CANVASen apartatuak arrazoitzea (2 puntu).

b) Enpresa-arloko simulazio-proiektua: (gehienez 11 puntu).

– Horretan ari diren edo esparru horretan aurretiazko esperientzia duten ikasleen prestakuntza-zikloarekin dago erlazionatuta: 1 puntu.

– Industriaren arlokoa da (elektrizitatea eta elektronika, energia eta ura, fabrikazio mekanikoa, instalazioa eta mantentze-lanak, garraioa eta ibilgailuen mantentze-lanak): 2 puntu.

– Ekonomia sozialaren printzipioen eta balioen arabera aritzen da: 2 puntu.

– Esparru berritzaileekin dago erlazionatuta (bioteknologia, nanoteknologia, ikerketa aplikatua, zerbitzu aurreratuak): 2 puntu.

– Dibertsitatea duten eta bazterketa-arriskuan dauden kolektiboak gizarteratzen laguntzen du, edo pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko osagai soziala dauka: 2 puntu.

– Simulazio-proiektuak erlazioa dauka Garapen Jasangarrirako Helburuekin (biodibertsitatea, kontsumo arduratsua, ingurumena hobetzea, ekonomia zirkularra): 2 puntu.

c) Enpresa-arloko simulazio-proiektuan planteatutako forma juridikoa: (gehienez 3 puntu).

– Autonomoa edo ondasun-erkidegoa: 1 puntu.

– SM, SA: 2 puntu.

– Koop. S., Lan S.: 3 puntu.

d) Bideragarritasun ekonomiko-finantzarioa: (gehienez 3 puntu).

– Diruzaintza-planaren aurreikuspena: 2 puntu.

– Beharrizanen justifikazio ekonomikoa: 1 puntu.

2) Aurkeztutako proiektuaren inpaktua (10 puntu, gehienez):

a) Ikastetxeak emandako prestakuntza-zikloen kopurua, ikastetxearen proiektuari dagozkionak:

– Zikloen % 100 inplikatzen badu: 5 puntu.

– Zikloen % 50 inplikatzen badu: 2 puntu.

– Zikloen % 30 inplikatzen badu: 1 puntu.

b) Prestakuntza-ziklo bateko 2. mailan dauden eta enpresa-arloko simulazio-proiektuak egingo dituzten ikasleak:

– Kopurua ikastetxeko 2. mailan dauden ikasleen % 70 baino gehiago bada: 5 puntu.

– Kopurua baldin bada ikastetxeko 2. mailan dauden ikasleen % 70 edo gutxiago, eta % 40 baino gehiago: 2 puntu.

– Kopurua baldin bada zikloetako 2. mailan dauden ikasleen % 40 edo gutxiago, eta % 25 baino gehiago: 1 puntu.

13. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Balorazio-batzorde bakar bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu, ebaluatu eta hautatzeko; kide anitzeko organo gisa jardungo du, eta hauek izango dira kideak:

a) Batzordeburua: Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria.

b) Bokalak:

– TKNIKA, EAEko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko Ekintzailetza eta Kudeaketa Arloko zuzendaria.

– TKNIKAko Ekintzailetza eta Aldaketaren Kudeaketa Arloko arduradun bat.

– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikari bat; idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza izango du, baina botorik ez.

14. artikulua.– Ebazteko, jakinarazteko eta publikotasuna emateko prozedura.

1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio, Balorazio Batzordeak hala proposatuta.

2.– Ebazpenak erabakiko du eskatutako laguntzak emango diren ala, hala badagokie, ukatu egingo diren; lehenengo egoeran, adierazi behar da zein den ikastetxe onuraduna, emandako laguntzaren zenbatekoa, eta diruz lagundutako proiektuaren izena. Ukatutako eskabideei dagokienez, ikastetxearen izena, proiektuaren titulua, eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

3.– Ebazpena banan-banan jakinarazi beharko zaie pertsona interesdunei; hala ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratu ahal izango dira emandako laguntzak, jendearen ezagupen orokorrerako.

4.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta interesdunek, horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.

5.– Prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da, agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, laguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutako ondorioetarako.

15. artikulua.– Laguntzen ordainketa.

1.– Emandako laguntzak bi zatitan ordainduko dira: lehena, emandako laguntza osoaren % 40, laguntza onartu ondoren ordainduko da, 18.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Gainerakoa (% 60), berriz, justifikazioa 19. artikuluan adierazitako epean eta baldintzetan aurkeztu ondoren.

2.– Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da ikastetxe onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

16. artikulua.– Dirulaguntzak emateko baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzeak, eta, hala egokituz gero, helburu bererako edozein diru-sarrera edo baliabide lortzeak, berekin ekarri ahal izango du ebazpena aldatzea, betiere haren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.– Ondorio horietarako, Lanbide Heziketako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako dirulaguntzaren kopurua doitu egingo da, edo, hala egokituz gero, jasotako gehiegizko diru-kopurua itzultzeko aginduko da.

17 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat joko da eta, hala egokituz gero, jasotako zenbatekoa gehi dagokion interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio hauetako bat gertatuz gero:

a) Ikastetxe onuradunak aurkeztutako azken memoriatik ondorioztatzea jarduerak ez dituela lortu diruz lagundutako proiektuan proposatutako gutxieneko helburuak.

b) Agindu honetan eta hura garatzen duten ebazpenetan xedatutako edozein betebehar edo baldintza ez betetzea.

c) Ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen konturako dirulaguntzen onuradunen edozein betebehar. Betebehar horiek azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasota daude edo azaroaren 17ko dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorreko 37. artikuluan.

d) Aldi berean erakunde publiko edo pribatuen beste edozein dirulaguntza jaso izana.

2.– Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta berandutze-interesa eskatzeko, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Errege Dekretu Legegileak onartutako testu bategina), abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

III. KAPITULUA
IKASTETXE ONURADUNEN BETEBEHARRAK, JUSTIFIKAZIOA, JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA

18. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan deitutako laguntzen onuradun diren ikastetxeek betebehar izango dituzte:

1.– Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, esleitzeko erabakia jakinarazi eta hurrengo hamar egun naturaleko epean berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

2.– Ikastetxeko Urteko Planean sartzea diruz lagundutako jarduerak.

3.– Emandako dirulaguntza justifikatzea 19. artikuluan jasotakoaren arabera.

4.– Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.

5.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribaturengandik agindu honetako helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

6.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

7.– Jasotako dirulaguntzen berri emateko neurriak hartzea. Neurri horien euskarrietan –informatikoetan zein bestelakoetan– adierazpen hau sartuko dute: «Eusko Jaurlaritzak finantzatutako jarduera».

8.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

9.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluko gainerako betebehar guztiak betetzea; zehazki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea haiek eskatzen duten edozein informazio, laguntzen xedea fiskalizatu ahal izan dezaten.

10.– Ikastetxe onuraduna ez badago alta emanda Ogasun eta Finantzetako Sailaren Hirugarrenen Erregistroan, izapide hori bide elektronikoa erabiliz egin beharko du:

https://www.euskadi.eus/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/index.shtml

Gune elektroniko horretan, bertan dauden datuak aldatu ere egin ahal izango ditu. Ofizioz aztertuko da erakunde eskatzailea alta emanda dagoen erregistroan.

19. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

1.– 2020ko urtarrilaren 6a baino lehen, https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/ atariaren bitartez, egindako gastuen justifikazioa aurkeztuko dute ikastetxe onuradunek:

a) Diruz lagundu den proiektuaren memoria ekonomikoa (V. eranskina).

b) Gastuen zerrenda sailkatua, eta bertan alderdi hauek zehaztuta: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, zer datatan eman den, eta, hala badagokio, ordainketa-data. Hartu-agirien, fakturen eta, legez onartuta egonda, emandako dirulaguntzari egotz dakiokeen beste edozein gastu-frogagiriren kopiak, gastuen zerrenda sailkatuaren barne badago.

c) Amaierako ebaluazio-memoria. Bilakaera eta emaitzak adieraziko ditu, aurreikusitako helburuekin alderatuta (VI. eranskina).

20. artikulua.– Jarraipena.

1.– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak diruz lagundutako jardueren segimendua egingo du, jarduera horiek benetan egin direla bermatzeko. TKNIKA – Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroko Ekintzailetza eta Aldaketaren Kudeaketa Arloaren bitartez egingo da segimendua.

2.– Baldin eta, ikasturtean zehar, gorabeheraren bat gertatzen bada diruz lagundutako prestakuntza-jardueren garapenean, TKNIKAko Ekintzailetza eta Aldaketaren Kudeaketa Arloak, komeni bada, egoki irizten dion txostena bidaliko dio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari, Agindu hau betearazteko neurriak har ditzan.

21. artikulua.– Ebaluazioa.

TKNIKAko Ekintzailetza eta Aldaketaren Kudeaketa Arloak, ikastetxeek igorritako amaierako memorian eta kontuan hartzekoa dela uste duen beste edozein datu edo txostenetan oinarrituta, lortutako emaitzen ebaluazio-memoria bidaliko dio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari, laguntzak justifikatzeko epea amaitu eta 3 hilabeteko epean. Ebaluazio-memoria horretan, datu hauek egongo dira jasota: parte hartu duten ikastetxeen zerrenda, bakoitzak egindako jarduerak, eta onartutako jardueretan aurreikusitako helburuen betearazpen-maila. Era berean, proposatutako helburuen gutxienekoa bete ez denean, berariaz emango da egoera horren berri.

22. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, dirulaguntzen arloan eskumena duen zuzendaritzak tratatuko ditu eskabideetako eta Agindu honek aipatzen dituen prozeduretan aurkeztutako dokumentazioko datu pertsonalak, hura baita datuen tratamenduaren «arduraduna». Datu pertsonalen tratamendu horren xedea da deialdi hau kudeatzea eta ebaztea, datu horien interes publikoan eta horietan parte hartzeko eskabidean oinarritutako xedea.

Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta transferitzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuak tratatuak izateko mugak ezartzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, idazki bat igorri behar dute Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzara (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek jasotzen ez dituen alderdiak arautzeko, aplikatzekoak izango dira Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta laguntza eta dirulaguntza publikoei buruzko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, bi hilabeteko epean. Bi epeok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 23a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala