Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

39. zk., 2019ko otsailaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
997

23/2018 DEKRETUA, otsailaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateentzako energia elektrikoaren horniduraren kontratazio zentralizatuaren adierazpena egiten duena.

Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legeak –horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB Zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora– administrazio publikoetako kontratazioa teknikoki arrazionalizatzeko sistemak arautzen ditu bigarren liburuko I. tituluaren II. kapituluan, eta 218. artikuluan dio ezen, kontratuen esleipena arrazionalizatu eta antolatzeko, administrazioek esparru-akordioak egin ahal izango dituztela, bai eta sistema dinamiko publikoak artikulatu edo obren, zerbitzuen eta horniduren kontratazioa zerbitzu espezializatuetan zentralizatu ere.

Gure autonomia-esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren Araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren «Kontratazio zentralizatua» 20.1 artikulua daukagu. Horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek, orokorrean eta funtsean ezaugarri homogeneoak dituzten hornidurak, obrak eta zerbitzuak kontratatzen dituztenean, kontratazio zentralizatuko izaeraren adierazpena lor dezakete Gobernu Kontseiluaren dekretu baten bidez, kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularrak proposatuta.

Dekretu beraren 21. artikuluak arautzen du zer hiru modalitatetan gauza daitekeen hornidura, obra edo zerbitzu baten kontratazio zentralizatuaren aurretiko adierazpena: horiek zuzenean eskuratzeko kontratuak burutzea; esparru-akordioak egitea enpresaburu batekin edo batzuekin, eta kontratazio-sistema dinamikoak artikulatzea.

Bere aldetik, Gobernu Kontseiluak, 2017ko uztailaren 26an, erabaki zuen beharrezko izapideak hastea besteak beste energia elektrikoaren hornidura kontratazio zentralizatukoa dela adierazteko, Autonomia Erkidegoak darabiltzan eraikin administratiboetarako hornidurak direnean edo Autonomia Erkidegoaren sektore publikoko erakundeek, organismo autonomoek eta zerbitzu publikoak ematen dituzten erakunde publikoek darabiltzaten eraikinetarako hornidurak direnean.

Ondorioz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak otsailaren 19an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta eremu subjektiboa.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek beren eraikin, higiezin eta instalazioetarako behar duten energia elektrikoaren horniduraren kontratazio zentralizatuaren adierazpena egitea.

2. artikulua.– Kontratazio zentralizatuaren modalitateak.

Energia elektrikoaren horniduraren kontratazio zentralizatua gauzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kontratazioaren araubidean aurreikusitako edozein kontratazio-modalitate erabiliko da.

3. artikulua.– Kontratuen finantza-araubidea eta ekonomia- zein aurrekontu-kudeaketarena.

1.– Kontratatutako energia elektrikoaren horniduraren kostu ekonomikoa banan-banan fakturatuko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sail bakoitzari eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeetako bakoitzari.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailek eta eremu bereko sektore publikoko gainerako erakundeek kreditu nahikoa dagoela adierazten duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emandakoa, kontratazio-espedientea onartu baino lehen.

4. artikulua.– Kontratazioa kudeatzeko eta betearazteko araubidea.

Hainbat sailetarako diren zerbitzuen arloan eskuduna den sailburuordetzak hartuko du egiteko hauen ardura:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikokoak ez diren erakundeek kontratuarekin bat egiteko aurkezten dituzten eskaerak jasotzea, komunikatzea eta izapidetzea, baldin eta beren eraikin, higiezin eta instalazioetarako beharrezkoa badute hornidura, baita eraikin, higiezin eta instalazio horiek erakundeok edo beste administrazio publiko batzuek partekatzen badituzte ere.

2.– Atxikitako erakundeak koordinatzea, beharrezkoa den informazioa biltzeko: zenbatetsitako kontsumoei buruzko informazioa; gastua onartzeko nahitaezkoa den kontabilitate-dokumentazioa, eta kontratua behar bezala gara dadin behar den gainerako dokumentazioa.

3.– Kontratuak betetzeari dagokionez atxikitako erakundeek jakinarazten dituzten gorabeherak jasotzea, eta, hala badagokio, horien berri ematea enpresa adjudikaziodunei, konpon ditzaten.

4.– Kontratuen ez-betetzerik egonez gero, horien berri ematea kontratazio-organoari.

5. artikulua.– Preskripzio teknikoen agiriak egiteko eta kontratazio-espedientea kudeatzeko ardura duen egitura-unitatea.

Hainbat sailetarako diren zerbitzuen arloan eskuduna den sailburuordetzak egingo ditu energia elektrikoaren horniduraren kontratazio zentralizatua gauzatzeko preskripzio teknikoen agiriak, eta kontratazio-espedientea kudeatzeaz arduratuko da.

AZKEN XEDAPENA.– Eraginkortasuna.

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko otsailaren 19an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala