Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2018ko maiatzaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2719

72/2018 DEKRETUA maiatzaren 15ekoa, Valderejo Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren arau-zatia onartzen duena, eta Natura 2000 sareko Valderejo-Sobrón-Árcena Mendilerroa (ES2110024) KEBA/HBBE natura gunearen kudeaketa gidalerro eta neurrien agiria eta Valderejoko Natura Parkearen Erabilera eta Kudeaketa Arautzeko III. Planaren Dokumentua osorik argitaratzea agintzen duena.

Valderejo-Sobrón-Sierra de Árcena eremuari balio natural handia aitortu zaio eta apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bategineko (hemendik aurrera, NKLTB) naturagune babestutzat jo da. Gainera, tipologia bikoitza biltzen du: batetik, urtarrilaren 14ko 4/1992 Dekretuaren bidez eskuratu zuen Parke Naturalaren deklarazioa; eta, bestetik, Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua (HBBE) ere izendatu da, martxoaren 15ko 47/2016 Dekretuarekin bat.

Parke naturalari dagokionez, NKLTBaren 20. artikuluak ezarritakoari jarraikiz, Natura Baliabideak Antolatzeko Plana (NBAP) izan behar du, urtarrilaren 14ko 3/1992 Dekretuak onartutakoa, alegia. Gainera, horrekin batera, 27. artikuluarekin bat, Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana (EKZP) ere izan beharko du; horretan, dagokion naturagunea kudeatzeko arau, jarraibide eta irizpide orokorrak, naturagunearen barruan garatzen diren ekonomia- eta aisialdi-jarduerak antolatzeko arauak, eta espazioaren helburu zehatzak garatzen dituzten programak lantzeko jarraibideak jasoko dira.

Bere aldetik, Natura 2000 Sarearen tipologia kontuan hartuta, eremuak beharrezko kontserbazio-neurriak izan behar ditu; ildo horretatik, NKLTBaren 22.5 artikuluak Eusko Jaurlaritzari kontserbazio-arauak ezartzeko agintzen dio eta hori matxoaren 15eko 47/2016 Dekretuaren bidez gauzatu zen. Bestalde, foru-organoei espazioaren kudeaketa-jarraibideak onartzeko eskatzen zaie.

Gainera, NKLTBaren 18. artikuluarekin bat, naturagune babestuetako zenbait figura leku berean gainezarriko balira, Valderejo eremuan bezala, horien arauak zein plangintza-mekanismoak dokumentu bakar batean koordinatu beharko dira, eremuaren kudeaketa-planean, kategoria bakoitzaren arabera aplikatu daitezkeen araubideek osotasun koherente bat osatzeko helburuarekin.

Hori guztia betetzeko, EKZP honek izaera bikoitza biltzen du; batetik, Valderejo Parke Naturalerako NKLTBaren 27. artikuluak aurreikusitako tresna da; eta, bestetik, NKLTBaren 22.5 artikuluaren bigarren paragrafoarekin bat, Natura 2000 Sareko gunea kudeatzeko jarraibideak onartzeko tresna da. Hori guztia NKLTBaren 18. artikuluan aurreikusitako dokumentu bakarrean jasotzen da.

Dokumentuaren tramitazioak NKLTBaren 29. artikuluak ezarritako pausoei jarraitu die. Azpimarratzeko da bide horretan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Arabako Foru Aldundiaren artean izan den koordinazioa, hori idatzi eta bultzatzean. Horrela, uztailaren 22ko 186/2016 Foru Aginduarekin bat, Naturagune Babestuaren Foru-organo Kudeatzaileak Valderejo eremuaren EKZPa onartzeko prozedurari eman zion hasiera, bi helburuetarako balio zezan, hau da, bai Parke Naturalari dagokionez bai KBE-HBBEa kudeatzeko jarraibide eta jarduketei dagokienez. Aldi berean, dokumentua entzunaldiko izapidean jarri zen bi hilabetez eragindako administrazioentzat eta gizarte, ekonomia eta ingurumen interesen ordezkari ziren elkarteentzat, eta jendaurrean ezarri zen interesdun ororentzat. Gainera, aginduzko txostenak eskatu zitzaizkien kide anitzeko organoei. Parke Naturalaren Patronatuak 2016ko abenduaren 16an eman zuen bere txostena. Horren ondoren, 2017ko otsailaren 7an, Arabako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak aipatutako dokumentuaren hasierako onespena adostu zuen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta foru-aldundian hirigintza arloaren eskumena dutenei bidali zitzaien.

Horren guztiaren ondoren, Arabako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak 2017ko otsailaren 7an izandako bilkuran, EKZPa behin betiko onartu zuen. Horrek, batetik, parkearen kudeaketarako jarribide, irizpide eta gidalerroak ezartzen ditu, NKLTBaren 29.e artikuluarekin bat; eta, bestetik, NKLTBaren 22.5 artikuluarekin bat, Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremurako kudeaketarako jarraibideak ezartzen ditu. Horiek kontserbazio-helburuetan oinarritzen dira, eta honako hau jasotzen dute: espazioak kontserbazio egoera onean mantentzeko neurri egokiak eta habitat naturalen eta espezieen habitaten narriadura eta eremu hauen izendapenak arrazoitu duten espezieengan eragina duten aldaketak saihesteko neurri egokiak.

Foru-organoak Parke Naturala eraentzen duen arau-zatia Eusko Jaurlaritzak dekretuz onartzeko eta Valderejo Parke Naturala eta 2000 Natura Sareko Valderejo-Sobrón-Árcena Mendilerroa KEBA/HBBEa eraenduko dituen dokumentua argitaratzeko aurkeztu du. Dekretu honek bi gaiak gauzatzen ditu.

Gainera, adierazi beharra dago eremuak 3/1992 Dekretuak onartutako NBAPa duela, Parke Naturalerako NKLTBaren 4. artikuluak ezarritako helburu zehatzak betetzeko eta 47/2016 Dekretuaren II eranskinean jasotako Natura 2000 Sareko gunerako arauak betetzeko. Bi dokumentuak, 47/2016 Dekretuaren Azken Xedapenetatik Hirugarrenaren zehaztapenei jarraikiz, beste dokumentu bakar batean bateratzen ari dira. Hori Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa da. Horretarako, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak 2016ko abenduaren 1ean Valderejo Parke Naturaleko eta 2000 Natura Sareko Valderejo-Sobrón-Árcena Mendilerroa (ES2110024) KEBA/ HBBEko Natura Baliabideak Antolatzeko Plana (NBAP) landu eta prestatzeko prozedurari hasiera emateko eman zuen Aginduak hasitako prozedura baliatzen ari da. EKZPak bi dokumentu horiekin egiten du bat.

Ondorioz, Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren proposamenez, NKLTBaren 22.5 eta 29. artikuluekin bat, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko maiatzaren 15ean eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua. – Arau-zatiaren onarpena.

Valderejo Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren arau-zatia behin betiko onartzea. Hori planaren Hirugarren Zatiko bigarren ataleko A letran dago jasota.

2. artikulua.– Argitalpena.

Dekretu honen eranskin gisa, Natura 2000 sareko Valderejo-Sobrón-Árcena Mendilerroa (ES2110024) KEBA/HBBE natura gunearen kudeaketa gidalerro eta neurrien agiria eta Valderejoko Natura Parkearen Erabilera eta Kudeaketa Arautzeko III. Planaren Dokumentua osorik argitaratzea.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 15a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala