EKONOMIAZ, 101.ZENBAKIA. Hazkunde Inklusiboa eta Gizarte Ongizatea

Ekonomiaz, COVID-etik ateratzen ari garen urtean, herritarren ongizatean jartzen du arreta gobernuen helburu gisa. Herritarren “ongizatea” hobetzea da politika publiko jakin batzuei ekiteko arrazoi nagusia. Monografiko honetan, hazkunde inklusiboari buruzko hamaika lanek gizabanakoaren eta gizartearen “ongizatea” neurtzeko moduari buruz eta horrek hazkunde ekonomikoarekin eta familiaren diru-sarreren eta aberastasunaren desberdintasunarekin duen loturari buruz erakusten digute.

Nola baloratzen da gizarte-ongizatea?

Antonio Villarren “La valoración del bienestar social” artikuluak, gizarte-ongizatearen balioespena eta horrek norbanakoaren baliagarritasunarekin duen lotura lantzen ditu, prozeduraren ikuspegitik, gaian espezializatuta ez dagoen irakurleak eskuragarri izan dezan.

Egileak balorazio indibidualetan oinarrituta eraikitzeko garaian agertzen diren zailtasunak aletzen ditu, eta kontuan hartzen du, orobat, zer aukera sorta zabaltzen den gizarte-ebaluazioko funtzio bat zuzenean alternatiba sozialen multzo baten gainean zehazten denean. Bi kontzeptu horietan bermatua, lau aplikazio enpiriko interesgarri aurkezten ditu, aukera ematen dutenak banaketaren azterketan (desberdintasuna eta pobrezia) eta langabeziaren balorazio sozialean edo giza garapenaren indizeetan sakontzeko.

Hazkunde ekonomikoa al da gizarte-ongizate handiagoa lortzeko elementu nagusia?

Éloi Laurentek, “Going beyond growth to improve social-ecological well-being” artikuluan, argudiatzen du hazkunde ekonomikoa, egiatan, ezin dela izan gizarte-politikaren ardatza, eta krisi ekologikoak gizateria eta planetako baliabideak mehatxatzen dituzten arrisku sozial bat direnez, gizatalde ahulenentzat nagusiki, babes-politika kolektiboak beharrezkoak direla.

Egileak ingurumen-jasangarritasuna giza garapenaren neurketan sartzea proposatzen du, eta hiru politika sozioekologiko gako aipatzen ditu garatzeko: ingurumen-zerga progresiboak, aberastasunaren eta karbono-aztarnaren arabera; trantsizioa finantzatzea, gastu soziala murriztuta eta asmo handiko ingurumen-politikekin; eta, azkenik, babes sozioekologiko sendoa eraikitzea, eta hori finantzatzeko, hasiera batean , erregai fosiletarako dirulaguntza gehiagorik ez ematea.

Zure udalerriko gizarte-ongizatea neurtzea eta gainerakoekin alderatzea ahalbidetzen duen indize bat ezagutu nahi duzu?

Jon Olaskoaga, Ana Fernández eta Auxkin Galarragaren “Hacia una medida de bienestar social en los municipios de la Comunidad Autónoma del País Vasco” izeneko artikuluak, indize konposatu bat proposatzen du, Udal Ongizatearen Indizea, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako gizarte-ongizatea neurtzen duena.

Erabilitako metrikagatik, zeharkako konparazioak egin daitezke udalerrien artean, baita konparazioak denboran zehar ere. Proposamen horrekin, egileek EAEko herritarrak bizi diren udalerriko ongizate-mailaren arabera sailkatzen dituzte, eta ondorioztatzen dute, krisiaren eraginak gorabehera, EAEko ongizate-mailak gora egin duela 2001 eta 2020 urteen artean, eta modu bertsuan EAEko udalerrietan.

Udal Ongizatearen Indizea eraikitzeko lanak erakusten du posible dela tokiko eremuan gizarte-ongizatea neurtzeko tresnak izatea, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan behintzat, oso estatistika-sistema garatua baitu.

Zein izan da Euskadiko gizarte-inklusioko politiken emaitza?

Joseba Zalakainen “Crecimiento económico y políticas para la inclusión social en Euskadi” artikuluak, diru-sarrerak bermatzeko eta gizarte-inklusioko EAEko sistemaren ezaugarri nagusiak deskribatzen ditu, irismenari eta emaitzei erreparatuta, eta hazkunde ekonomikoaren, ekoizpen-ereduaren eta desparekotasunaren arteko harremana aztertzen du.

Emaitzetan azpimarratzen duenaren arabera, diru-sarrerak bermatzeko EAEko eredua gai izan da pobreziaren eta desparekotasunaren hazkundea moteltzeko, EAEko ekonomiaren lehiakortasuna eta enplegua sortzeko gaitasuna kolokan jarri gabe eta beharrean dagoen jendean dei-efekturik eragin gabe.

Zer eragin dituzte ekonomia-hazkundeari eta desparekotasunari buruzko teoria ekonomiko ezberdinak politika publikoetan?

Lídia Brun eta Ignacio Gonzálezen “Crecimiento económico y desigualdad: viejas y nuevas teorías, e implicaciones políticas” artikuluak, hazkunde ekonomikoa eta desparekotasuna lotzen dituzten teoriak eta horien ondorio politikoak aztertzen ditu.

Desparekotasunaren gorakadaren arrazoiei buruzko eztabaida akademiko garrantzitsua dagoela nabarmentzen da eta narratiba alternatiboek inplikazio garrantzitsuak dituztela. Narratiba batzuek izaera teknologikoko mekanismoetan egin dute azpimarra, desparekotasunak azaltzeko; beste batzuek, aldiz, faktore instituzionalak aipatzen dituzte, esaterako, merkatu-erregulazioa edo zergak, desparekotasunaren azterketaren izaera politikoa nabarmenduz. Egileek horiek guztiak aztertzen dituzte hazkundearen eta desparekotasunaren arteko harremanari buruzko teoriaren esparruan, pentsamendu ekonomikoaren historian, eta errenta-banaketa errotik berregituratzeko bideari irmo heltzea premiazkoa dela ohartarazten dute.

Zein da per capita errentaren, soldata-desparekotasunaren eta ongizatearen arteko harremana?

Raquel Sebastiánen “The labour market, income per capita and welfare in Europe: An overview of the last two decades” artikuluak per capita errentaren, soldata-desparekotasunaren eta ongizatearen arteko harremana aztertu du Europako 30 herrialdetan 2004-2019 aldian. Emaitzen arabera, per capita errenta altueneko Europako herrialdeetan handitu da gehien ongizatea aldi horretan, eta horietako produktibitate-mailak lotura oso handia dute batez besteko soldata-mailarekin.

Zehazki, Espainiak izan du soldata-desparekotasunaren hazkunderik handienetako bat azken bi hamarkadetan. Egileak behatutakoaren arabera, Espainiaren eta inguruko herrialdeen artean produktibitatean dauden aldeak iraunkorrak dira. Horren arrazoia da, aldi horretan, batez besteko soldataren igoera soldata-desparekotasun handiagoarekin konpentsatu dela, eta, ondorioz, inguruko herrialde garatuagoen laneko produktibitatetik oso urrun dagoela Espainiakoa.

Nolako bilakaera izan du Espainiako familien ongizatearen banaketak, Espainiako hazkunde ekonomikoarekin batera, azken 50 urteetan?

Luis Ayalaren eta Olga Cantoren “Crecimiento económico y distribución del bienestar en España en el último medio siglo” artikuluak, hazkunde ekonomikoaren eta Espainiako familien errenta erabilgarriaren banaketaren arteko harremana aztertu du azken mende erdiari erreparatuta, eta, bereziki, 2008ko krisiak klase sozialaren araberako banaketa-egituran eragindako aldaketa handiei.

Gizarte-egoera ahuleko taldeak ere sakon aztertu dituzte egileek, eta egiaztatu dute pobrezia ekonomikoaren kronikotasuna handitu egin dela, eta hori izango dela etorkizuneko aukera-desparekotasunaren baldintzatzaile nagusienetariko bat.

Nolako bilakaera izan du diru-sarreren eta aberastasunaren banaketak munduan?

Marc Morganek, “Growth, income and wealth accumulation in rich countries” artikuluan ,World Inequality Labek 2022ko World Inequality Reporten aztertu du diru-sarreren eta aberastasunaren banaketaren bilakaera, eta horren emaitza nagusiak laburbildu dizkigu. Analisi-metodologian diru-sarreren gaineko datu mikroekonomikoak (inkestak, zerga-datuak) eta datu makroekonomikoak (estatu-kontuak) uztartu dira, eta ondorioztatu du herrialde aberatsetan hazkundea geldotu den arren, aberastasun pribatuaren pilaketak nabarmen egin duela gora, aberastasun publikoaren kaltetan.

Egileak banaketa aurreko politiken garrantzia azpimarratu du, eta aberastasun-banaketa hobetzeko premia ere bai, desparekotasuna murriztuko bada, finantza-krisiaren eta pandemiaren ondorioz are handiagoa izango da eta. Gainera, dioenez, funtsezkoa da herrialdeen informazio-iturriak harmonizatzea, hazkunde makroekonomikoarekin koherenteak diren banaketa-zenbatespen ofizialak eskain ditzaten.

Zabaltzen ari al da belaunaldien arteko arrakala gizarte-ongizatean eta aberastasunean?

Miguel Artolaren “Economic growth, wealth, and wellbeing: is there an intergenerational divide?” artikuluak adin-tarteen arteko ongizate ekonomikoko arrakala gero eta handiagoa azaltzen duten mekanismo nagusiak aztertzen ditu. Emaitzen arabera, lan-merkatuaren aldaketek agerian uzten dute langile gazteak posizio gero eta okerragoan daudela, kualifikazio handieneko taldeen ordainsari-mailak jaitsi direlako, kontratazio mota berriak sortu direlako (aldi baterako kontratuak eta norbere konturako lana) eta langabeziagatik.

Belaunaldiarteko aberastasun-desparekotasunak ere handitu egin direla azpimarratzen du egileak, ez soilik transmisio-kanal agerikoenaren bidez (aurrezkia), baizik baita kapital-irabaziek gehiegizko onura ekarri dietelako belaunaldi urtetsuenei ere.

Enpresa partaidetua hazkunde inklusiboa lortzeko eredu gisa. Bere garapena Debagoieneko eskualdean

José Luis Jiménez Break idatzitako “Empresa participada y crecimiento inclusivo. Preparando el futuro” artikuluak, mende honetan beharrezkoak diren trantsizioen erronken esparruan enpresan balioa sortzea eta banatzea binomioari heltzen dio. Eredu horretan, lehiakortasunak eta enpresa-balioa sortzeak pertsonen ezagutza eta sormena aplikatu behar dute, eta kudeaketan eta kapitalean parte hartzen duen proiektu partekatu baten emaitza izan behar dute. Horrek esan nahi du kontrolean eta kalitatean oinarritutako enpresa kudeatzeko eredu batetik, sormenean eta parte-hartzean oinarritutako beste eredu batera aldatu behar dela.

Adibide gisa, Debagoiena eskualdearen kasua aurkezten da Gipuzkoan, enpresa kooperatiboen presentzia handiarekin, non balio gehiago sortzea eta errenta banaketa bidezkoagoa lortzen den.

Enpresaren Eredu Inklusibo Parte-hartzailea (MIPE). Bere bilakaera eta etorkizunera begirako praktika berriak

Juan Manuel Sinde, Carlos García de Andoin, Javier Retegui eta Jon Emaldiren “El Modelo Inclusivo Participativo de Empresa en el marco de una Economía de Cooperación” artikuluak, Enpresaren Eredu Inklusibo Parte-hartzailearen (MIPE) aurrekariak, esperientzia, edukia eta garapena kontatu eta proposamenari buruzko gogoeta batzuk aurkezten ditu.

Hezkuntza- eta enpresa-lankidetzarako tradizio sozioekonomikoaren proposamen horren abiapuntua da lankidetzak gaitasuna eta ibilbidea duela ekonomia-, hezkuntza- eta enpresa-praktika berriak piztu ahal izateko, kooperatiben sozietate-formulatik haratago doazenak.